Euskal itzulpengintzaren gaurko egoera
EIZIE

Ikus. oharra

80-88 arteko bilakaera eta ondoriozko premiak

Espainiako Estatuan eta ondorioz Euskal Herrian ere aldaketa politiko handiak bizi izan dira azken urte hauetan, bereziki hamarkadaren ateetan. 1978 urtean onartu zen Autonomi Estatutuak euskara hizkuntza ofizialtzat hartzen du euskara, eta euskararen nor-malkuntzarako prozesuaren pauso handitzat jo behar da hau.

Hala ere euskal itzulpengintzak, orohar, ez du bere prozesuan, eta beti itzultzaileen ikuspegitik, oso aldaketa nabaririk izan. Itzultzaileak oso ugaldu dira, hori bai, baina itzulpenaren hedaketak ez du maila gehienetan beharrezko sakontze eta indartzerik ekarri.

Esan daiteke aldaketa politikoak euskara gehiago erabiltzera eraman gaituela, eta ondorioz gehiago itzultzera. Ondoren aipatzen diren prozesuak izan dira itzulpengintza hedatu arazi dutenak.

  • Irakaskuntza.- Ikastolez gain irakaskuntza publikoak eta unibertsitateak euskarazko irakaskuntzan premia berriak sortzen dituzte, euskaraz irakatsi beharrak, testu liburuak euskaraz eskaini beharra dakar, eta testu liburu asko sortu egin badira ere, beste asko eta asko itzuli behar izan dira.

  • Administrazioa.- Euskal Herriko asministrazioek barne funtzionamendu eta herritarrekiko harremanetarako euskalduntze prozesuari ekin behar izan diote, eta honetarako administrazioan euskara idatzi mailan menderatzen zutenak oso gutxi zirenez, ez direnez askoz gehiago gaur egun, itzultzaileez baliatu behar izaten dute.

  • Komunikabideak.- Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak eta zenbait egunkarik beren jaiotzarekin itzultzaileen premia ekarri dute. Informazioa, filmeak, dokumentalak eta abar gaztelaniaz nahiz atzerriko beste erdara batzutan iristen dira langilearen eskuetara. Hemen ere beraz, itzulpenaz baliatu behar izaten da ikusle-irakurle-entzuleei eskaini nahi zain informazioa prestatzeko.

  • Interpretaritza.- Euskarak lekutxo bat hartua du dagoeneko, geroz eta gehiagora doana, hainbat mediotan izaten den komunikazio eleaniztunaren praktikan: Komunikabide, batzar, bilera, etab. Administrazioa izan da interpretaritzazko itzulpen-modu honez baliatzen hasi den lehena. Gaur egun ordea, administrazioaren mugak aspaldi eta neurri handian gainditurik, geroz eta sarriago egiten dute interpretaritza, iharduera horretan espezializatu diren itzultzaileek.

Literatur itzulpena ere aurreko atal horien artean sartzeko baldintzetan egotea komeniko litzateke, baina itzulpen literarioan hankamotz baldar eta esperantzaren hegalpean jarraitu beharra dugu, literatur itzulpena baldintzatzen duen merkatuzko dinamikak ez bait du uzten, gaur den egunean, bestelako animotarako betarik.

Beraz, urte gutxiren buruan, itzultzaile lanpostu ugari sortu da, eta ezer gutxi itzultzetik, asko itzultzera iritsi gara. Hala ere, garrantzia eta munta handiko gabeziak ditugu oraindik ere gure aldean: itzultzailearen prestakuntza motza, hizkuntzaren beraren ahulezia, itzulpenak gure herrian duen eginkizuna ulerturik behar lukeenaren aldetiko inbertsio politika urria, eta koordinazio laburra, hitz batean laburtuz itzulpen politika garaturik ez edukitzea.

Itzultzaileen iritziak. Bi inkesta eta Itzultzaileen Elkartearen datuak

Euskal itzulpenaren mendez mendeko ikuspegi orokorra ematerakoan aipatu da 1980an euskal itzultzaileen artean egin zen inkesta bat (Ikus Euskera - XXVI (2. aldia)). Handik sei urtera, 1986an beste inkesta bat egiten da euskal itzultzaileen artean (Ikus Senez, 3. urtea, I zkia.). 1988ko urtarrilean Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien elkartea sortu zen. Hiru datu iturri handion konparaketaz baliatuko gara euskal itzulpengintzaren eta itzultzaileen bilakaera aztertzeko.

Inkesten emaitza kontrastatuak

a) Itzultzaileen datu soziologikoetatik abiaturik lehenik eta adinari bagagozkio, gaztetasuna behar da azpimarratu. 1980an %75a 26-45 urte artean zegoen, 86an %50 22-32 artean eta gaur egun Itzultzaileen Elkarteko bazkideen gehiengoak 2830 urte ditu.

Bi ondorio atera litezke datu soil horietatik:

  1. Lehenik, Euskal itzulpengintzak ez du profesionalizatzeko betarik eta aukerarik eman orain arte. Ttzulpenean aritu izan direnak, itzulpengintza utzirik, beste lanetara bideratu dira adin batera iristean, eta gutxik jarraitu izan dute lanbide horretan.
  2. Oso denbora laburrean itzultzaile lanpostu berri asko sorturik, lanpostu horietan itzultzaile berri-berriak jarri dira, beren ofizioaren ikasketarik gabeak (ikasketa formalak, estudioz eginak, nahiz formalizatu gabeak, "eskarmentuak" ematen duen ikasketa modua). Honek, aldi berean, "ofizioaren" trasmisioa eragotzi du.

b) Jatorriari dagokionez ere ez da aldaketa nabaririk antzematen. Hirutik bi gipuzkoarrak dira, nahiz eta gaur egun bai Bizkaian eta bai Araban ere itzultzaile mordo bat egon. Nafarroan bereziki Irunean, Administrazio alorrean badira hamarren bat itzultzaile, eta Ipar Euskadin lehenagotik dauden hiruzpalau itzultzaileez gain beste sei-zazpiren bat bada lan honetan diharduena.

c) Itzultzaileen ikasketa maila igo egin da 80ko datuekin konparatzen baldin bada. Orain dela 8 urte %70ak zuen unibertsitate edo gisako titulua (Seminarioetakoa, normalean). Gaur egun berriz, %70-75 artean kokatu behar da portzentaia hori. Tituluei dagokienez, Euskal Filologia, Irakasle Ikasketak eta nagusiki Giza Zientzien alorretako ikasketak dituzte itzultzaileek. Euskal itzultzaile tipoaren dibertsifikazioa gehituz doa, ikusten den bezala, hasieran aski homogeneoa zena.

d) Hona hemen, eta sarreran ere esaten zena frogatuz, itzultzaileen lanbide banaketa:

Euskal itzul egoera_irudia.png

Hemen ez da ageri irakaskuntzaren alorra, irakaskuntzarako egiten diren itzulpen gehienak irakasle lanbidea dutenek edo UZEI, Elhuyar eta gisako zerbitzuek egiten dituztelako. Bestalde literatur itzulpenak ez du ematen horretatik bizimodua ateratzekorik, eta beste era askotako itzulpenak eginez edo beste lanbideren batez batera behar du itzultzaileak bere bizimodua.

e) Hizkuntz ezaguera mailan, berriz, Europako hizkuntza batzuren gorakada nabari da. Itzultzaile gehienek, guztiek ez esateagatik, itzultzen dute gazteleratik euskarara, eta euskaratik gaztelerara. Jarraian lehenago frantsesak zuen bigarren lekua, gaur egun ingelesak hartzen du, eta datozen urteetarako ere ingelesaren ikasketari ematen zaio lehentasuna itzultzaileen aldetik. Italiera eta alemaniera oso atzetik doaz, portugesarekin batera. Eta galegoa eta katalanera ere oso gutxik erabiltzen duten beren itzulpenaren sorburu hizkuntza bezala, %5ak bakarrik. Ikusten da beraz, ikuspegi hau ere ez dela planifikatu, lehentasunezko premia bezala finkatu direnetarako prestatu da jendea, baina literatur mundurako eta orohar etorkizunean sortuko diren itzulpen premiei erantzuteko, sorburu hizkuntzen aniztasunaren aldetik, behar-beharrezkoa da itzultzaileak, eta arazoa dagokion oro, beharrizan hauez kargutu eta itzultzaileak beste hizkuntza asko eta asko ikastera jarri eta bideratzea.

f) Orain itzulpengintzaren datu kualitatiboak isladatzen diren atalak aztertuko ditugu. Itzultzailearen prestakuntzari dagokionez, begi bistakoa da itzultzaile gehienak autodidaktak direla. 80an %86,6ak aitortzen zuen autodidakta zela. 86an %68ak aitortzen zuen gauza berbera. Eta gaur egun egun proportzio hori ez da aldatu. Euskal itzultzaileen artean itzulpen ikasketak burutu dituztenak Martuteneko Itzultzaile Eskolan egin dituzte, eta hauetako askok ez dute itzulpengintzan jarraitu, beste lanbide batzutan baizik (Euskadi Irratia, Euskal Telebista, Euskal Administrazioa). Martuteneko Itzultzaile Eskolak eta Herri Arduralaritzarako Euskal Erakundeaaren Itzultzaile Eskolak banatzen dituzten ikasketak ez dira ordea aski: 86ko inkestan %41ak lizentziatura bat eskatzen zuen, %30,35ak diplomatu izatea, eta %19,60ak Euskal Herriko titulu extraakademikoren bat.

g) Itzultzeko zailtasun edo eskasiak aipatzerakoan, lexikoak eta morfologia-sintaxiak jasotzen dituzte puntu gehien. Euskararen ahuleziak neke eta frustrazio ugari sortzen du oraindik itzultzailearengan, nahiz eta bestalde, itzultzaileek gaur egiten duten lanaren bidez ere finkatzen aritu. Honek alde ona badu, baina arriskua ere bai. Kontrol seriorik ez dagoenez, hizkuntz ohitura txarrak zabaltzen ari dira, eta gu honetaz ohartzen gara, eta baita euskal hiztun asko eta asko ere.

Guzti honen zergatia, maila handi batean, itzulpen politika definiturik ez izatean datza, besteren artean. Ez Eusko Jaurlaritzak, ez Euskal Administrazioaren beste mailek, ez argitaletxeek ez dute itzulpenaren arazoa serio planteatu, eta sortzen ari diren, eta sortuko diren premiei erantzuteko plangintza sakon pentsatu bat ezinbestekoa da. 86ko inkestan %96ak aitortzen zuen itzulpen politika bat diseinatzeko premia zegoela. Euskal Itzultzaileen Elkartea sortu zenetik hori aztertzen eta eztabaidatzen, eta behar eta ahal den lekuan alternatibak proposatzen ari da.

Itzulpena eta hizkuntz normalkuntza

Normalkuntza, egoera normalean ez dagoen eta egoera normalera eraman nahi den hizkuntza baten prozesua da, eta teorian prozesu horretan aurkitzen da euskara, eta bideraketa ahalegin horretan aurkitzen gara itzultzaileok ere.

Normalizazio egoeran itzulpenak komunikazio zeregina betetzen du batez ere, baina hizkuntz normalizatu gabe egon eta itzultzen denean, zein zeregin betetzen du itzulpenak? Euskal Herriaren egoera hau da, euskara normalizatu gabe dago, eta itzuli gurdika itzultzen da. Honen ondorioz oraindik ezin dira neurtu, historiak epaitu edo neurtu beharko ditu, baina hizkuntza normalizatuetan itzulpenak izaten dituen ondorioak ikusita, suma daiteke gurean zer gerta daitekeen.

Hizkuntza normalizatuetan eta itzulpenaren ondorioz, lexiko mailako kutsadura ugari izaten da, baina gramatika eta usadiozko egiturak asko aldatu gabe. Normalizatu gabe daudenetan, aldiz, euskarak duen egoera soziolinguistiko berezian daudenetan batez ere, kutsadurak larriagoak izan daitezke, eta horren susmoak daude euskal itzultzaile eta euskal hiztun ugariren baitan. Gaur egun, bestalde, itzulpenari, itzulpen txarrari, leporatzen zaio zenbaiten euskarari somatzen zaion trakestasuna, gogortasuna, elkortasuna, gozakaiztasuna eta gisako akatsak.

Euskal Herrian, ezinbestean, itzulpenaren aldeko apustua eginik dago. Bi zentzutan eginik:

I) Egoera normal batean dagoen hizkuntzen kasuan bezala, euskarara ere albo hizkuntzetan korritzen duen informazioa itzultzen da, neurritxo batean. Itzulpenak "euskaldunak munduan euskaraz eroso egoteko" balio behar badu, itzulpen modu honek betetzen du eginkizun hori, betetzen duen neurrian.

2) Euskal Herria, ordea, auto-itzultzailea da neurri handi batean. Euskal Herrian bertan gaztelaniaz (batez ere) sortzen den testua itzultzen da, euskaraz "ere" egon dadin. Itzulpenak, zentzu honetan Administrazioari (batez ere) euskaldun izateko balio dio, Administrazioaren maila guztietan. Administrazioa, zentzu honetan, Administrazioa bera eta bere eskupean dituen tresna guztietara zabaltzen da: telebistara batez ere. Esan liteke, beraz, euskarara egiten den itzulpenaren partidarik garrantzizkoen biak Administrazioa euskaldun agertzeko baliakizun bezala eginak direla. Alderantziz, egoera normalean dauden hizkuntzetan gehien egiten den itzulpen modua areagotzeko eta gehitzeko —izan behar duen lekua emateko— Administrazioak apenas batere ahaleginik egin duen, eta protagonismorik ez du batere izan.


(*)Dokumentu hau EIZIE Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Kultur Zuzendaritzari euskal itzulpengintzaren egoerari buruz bidalitako txostenaren zatia zen. Itzultzaileentzat gogoetagai izateko balio duela uste dugu. Z.O.