Euskal Itzulpenaren Berezitasunak (Zenbait gogoeta)
Artikulua PDFn
Sarrera
Ondoko lerrootan gogoeta bat egin nahi dut, itzultzaile naizen aldetik, neure lanaren egoeraz. Esperientziak erakutsi dit uste ez genuen bezalako trebezia dugula —euskal sintaxiak esaldi berbera hainbat ordena desberdinetan esateko ematen digun aukera horrek bidea errazten digulako edo— itzulpenari buruz ideia berberak, topiko bihurtu eta zahartuta ere, aurrera eta atzera, ezker-eskubi, errepikatzeko, geure esanaren oihartzunak majiaz edo erantzunen bat, aurrerabidea egiteko iritzi edo oinarri berriren bat, ekarri beharko baligu bezala.
Euskal itzulpenak dituen ezaugarri bereziak definitzen ez dugu, zinez, askorik aurreratu. Zenbait intuizio zuzen, aspalditik ari dira eta gara errepikatzen, baina errepikazio horrek ez ditu, horrenbestez, gezur egiten, topiko baizik: oinarrian egia bat dute topikoek, errepikazioaren errepikazioz indargetuak.
Bi ideia dira, zentzu horretan, fortuna eta arrakastarik handiena izan eta gehien errepikatu izan direnak: euskara eta itzulpenen sorburu hizkuntza bezala erabiltzen diren gainerakoen errotiko desberdintasun uka ezina; itzulpena biziki nekezten duena, ustez. Euskara ez da inguruan dituen hizkuntzen egitura bera ez antzekoa duena: haiek erromanikoak dira, edo indoeuropeoak, eta euskara ez. Antzekotasun-desberdintasun parametroak erabiltzen dira itzulpen nekearen iturburutzat. Alde horretatik, gramatikazko terminotan planteatzen dira gehienetan itzulpen-zailtasunak, eta zailtasun horiek susmarazten dizkiguten euskal itzulpenaren berezitasunak: euskarak duen adjetibo urritasuna edo gaztelaniazko testuetako erlatiboak itzultzaileari jartzen dizkion oztopoak dira, diskurtsu modu honetan, adibide tipiko eta topikoak. "Hikuntza erromanikoen arteko itzulpenak ez du euskararakoak duen nekerik erlatibozko esaldiak itzultzeko" , esaten da.
Harrigarria da, hala ere, aipatzen direnak baina desberdintasun handiagoa duten beste hizkuntz-alor batzuk (esalmoldeak balio badu), nola neke iturburu bezala itzultzaileen artean aipatzen ez diren: euskal eta gaztelaniazko aditza, esate baterako.
Beste alde batetik, euskararen normalizazio falta aipatzen da askotan, normalizaturik ez dagoen hizkuntza batera itzuli beharra, euskal itzulpenaren berezitasun bezala. Euskara lehen ez zituen hizkuntz-erabilerako alor berrietara zabalduz joan den ahala nabari izan da batez ere berezitasun hori, eta horrexegatik hain zuzen, J. Leizarragak Testament Berriaren sarreran Nafarroako Erreginari egiten dion aurkezpen gutunean jarri zituen hitz berberak "nacussanean hambatez ere entrepresa handiago, zembatez nic scribatu dudan lengoage mota baita, sterilenetaric eta diuersenetaric: eta oraino, traslationeta behintçat, vsatu gabea" parafraseatu dira hainbestetan, "traslationeta" ordez "cientieta", "administrationean" edo "televisionean" aldatuz.
Puntu honek bera, hainbestetan errepikatu eta mintzagai izanagatik ere, baditu toles ezkutuak, argia sartu ez denak, eta zentzu horretan ahaleginduko naiz horiek ere haizetaratzen.
Euskal itzulpenaren berezitasunak definitzeko orduan aipatu ditudan topiko horiek barrenean daramaten egia ez du ukatu nahi. Bistakoa bait da, gainera. Topikotasunak, ordea, egia bera ezkutatu gabe, ikustezin egiten du, topikoak berak ematen digun ulertu izanaren ziurtasunak galdera itotzen bait du, erantzuna barik.
Alde horretatik ondoko lerrootan doazen ideia hauek guztiak, erantzunak ez baina, galderak dira, askotan egiten ez diren galderak, tamalez, itzulpenari buruz idatzi direnetan, are euskararen egoera soziolinguistikoak idatzi direnetan ere, ez bait dira sobera ageri, eta alde horretatixe dira berriak ere.
Galdera direnez, hain zuzen, iristen dira gaiaren gunera alde askotatik, ikuspegi askotatik batera, elkarrekiko lotura soberarik gabe batzuetan, ikuspegi inpresionista samarra, zertzelada solteka egina, puska guztiak elkarrekin ongi bat egin gabez loka antzan dagoen egitura balitz bezala.
Galderak berea du solte izatea. Har bedi hau halakotzat, ez beza inor segurutu, eta balio beza euskal itzulpenari buruzko gogoetak oinarri zabalagoa har dezan.
Normaltasun/Eznormaltasun
Aurrera baino lehen, ordea, ustekabez bezala, baina ezinbestez nonbait, sartzen zaigun kontzeptu bat jarri behar dugu auzitan: hizkuntz-egoeraren normaltasuna. Euskal itzulpenaren egoera aztertzen dugun orotan, normaltasunezko egoeran dauden hizkuntzetako itzulpengintzarekin konparatu ohi dugu. Euskara normaltasunera iritsi ez delako, egoera normalean ez dagoelako, datozkio arazoak euskal itzulpenari —itzultzaileari eta itzulpengintzari orohar—. Gauza jakina da, baina, "normaltasuna" dela hain zuzen normalean aurkitzen gauzarik zailena. Eta "normaltasuna" da orobat, definitzen zailena.
Normaltasun kontzeptu hori, lehenik eta behin, ez da unibokoa, esanahi bakarrekoa; ordena eta maila bat baino gehiago ditu. Badu ikuspegi politiko bat: estatu edo gizarte batean ofizial izatea —ofizial ala ofiziala—. Ikuspegi honetatik beronetatik begiratuta ere ez da, baina, unibokoa kontzeptu hori. Territorialtasun premiaren eztabaida hortxe dago, erabaki gabe, gogoratzeko.
Aurrekoarekin lotuta, hizkuntz nomaltasunaren alderdi edo ikuspegi soziologikoa dago: hizkuntza jakin bat gizarte maila guztietan eta gizarteak bere antolamendurako dituen erakunde eta instituzio guztietan erabilia izatea.
Hirugarrenik, ikuspegi linguistiko dei litekeena ere bai, baina ikuspegi soziologikotik inola ere banandu ezin daitekeena: hizkuntza jakin bat gizarte jakin batek dituen komunikazio premiak betetzeko gai izatea esan nahi duena. Hizkuntza horrrek, ordea, soziologikoki konpartitua behar du izan, bere egoera normaltzat eman nahi bada; alegia hizkuntza horren erregistroak eta mailak ezagutuak eta onartuak behar dute izan, gizartean bete behar dituen komunikazio funtzioak bete ahal izan daitezen.
Hizkuntza, ordea, gertakari sozialetan sozialena denez, Comtek zioen bezala, historiak baldintzatzen du guztiz, eta alde horretatik begiratuta, hizkuntza bezala hizkuntz normaltasunaren kontzeptua bera ere historiaren fruitua da. Hala, gaur egun zabalduen dagoen normaltasun kontzeptuak, estatu modernoen sorreran estatuen batasuna indartzeko definitu eta eratu ziren hizkuntz-politiken islada dirudi. Hizkuntz-batasuna da (hizkuntzaren erabilera alor guztietan) estatuaren batasun-faktorerik eragileen eta oinarrizkoenetakoa, erlijiozko batasunaren gainetik, erlijioari hil ala biziko garrantzia ematen zitzaion garaietan bertan.
Normaltasuna egonkortasunaren edo iraunkortasunaren sinonimoa dateke, ikuspegi politikotik. Egoera iraunkorra egoera normaltzat jotzen da. Segurtasuna, ordea, gailentasunaren sinonimotzat hartzen da, tamalez politikan. Jakin badakigu, gaur egungo estatu antolamendua ez bezalako beste gizarte egitura batzutan normaltasun kontzeptua ere bestelakoa izan dela, eta egoera diglosikoak izan direla beharbada egoerarik egonkorrenak. Europako hirietan lehenagoko garaietan hizkuntza gehiago mintzatzen ziren aldi berean orain mintzatzen direnak baino (gaur bertan ere bai, komunikabideetako "ofizialtasunean" ageri direnak baino: galdetu beharko litzateke zenbat hizkuntzatan mintzatzen den Londresen, zenbat txino, vietnamiera, arabiera, portuges hitzegiten den Parisen, zenbat turko Hanburgon).
Normaltasunaren kontzeptua ezin da, beraz, kontzeptu absolutua balitz bezala hartu; kontzeptu fetitxea balitz bezala erabili.
Hizkuntz egoera jakin baten esperientzia —beste hizkuntzetan emandako mezuekin topo egitea, edo beste hizkuntzetan mintzatzen diren eta norberarenean ezin duten pertsonekin topo egin izanarena— momentuko ideologia jakin baten arabera interpretatzen da beti. Hizkuntzaren ideologia hori era askotakoa da gizarte desberdinetan eta gizarte berbereko gizarte maila desberdinetan.
Ideologia horren ondorioak zuzen-zuzenean sumatzen dira itzupengintzan. Geuk dakigu beste inork baino hobeto, zenbat itzulpen eragin ez duen hizkuntz ideologia jakin batek, eta geuk dakigu nolako itzulpenak eragin dituen ere.
Hala eta guztiz ere sarritan erabiliko dugu normaltasun kontzeptua, labur beharrez. "Hizkuntza normalizatu" kontzeptua, bere lausotasun guztian, territorialitate jakin baten barruan, gizarte baten komunikazio premia arrunt guztiak betetzeko gizarte horretako biztanle gehientsuenek darabilten hizkuntza normatibizatu eta ofizial dena hartuko dugu, beraz.
Sarritan, itzultzaile hitza esaten denean, mundu osoan berdina den figura bat datorkigu burura, mundu guztian itzultzailearen egoera eta eginkizuna berdina ez bada berdintsua behintzat badelakoan. Bere jarduera betetzen duen ingurunearen eta baldintzen abstrakzioa egiten da. Abstrakzio horrek izan, badu izateko arrazoia. Itzulpen-eginkizunaren berdintasun hori ezin uka bait daiteke neurri batean, itzultzaile figuraren unibertsaltasuna ere —denboran eta espazioan—uka ezin daitekeen bezala.
Hala ere, hizkuntza eta gizarte bakoitzaren egoerak arras baldintzatzen du itzultzailearen lana, erraztuz ala nekeztuz, estimatuz ala gutxietsiz, lanaren edukia bera, komunikazioaren zer komunikatua, baldintzatuz. Alde horretatik, euskal itzulpenerako dauden baldintzak, eta beste horrenbestez itzultzaile prestaketarako daudenak, ezin dira askorik konparatu beste hizkuntza normalizatu batzuetako itzultzaileek dituztenekin.
Arrazoi asko daude baieztapen hori egiteko. Hiru alorretan bana litezke arrazoiok: itzultzailearen joku edo eginkizun komunikatibo eta soziolinguistikoari berari dagozkionak dira batzuk; beste batzuk itzultzaileak berak bizi duen hizkuntz egoeran xede hizkuntza bezala erabili behar duen hizkuntzaren (euskara gehienetan) ezaguerari dagozkionak; eta bere itzulpen lanetan erabili behar dituen hizkuntz-bikoteen berezitasunari dagozkionak azkenik.
Atalka aztertuko ditugu.
Euskal itzultzailearen eginkizun komunikatibo eta soziolinguistikoa
Euskal itzultzailearen egoera nahikoa berezia da bere eginkizun komunikatiboari eta joku soziolinguistikoari dagokienean. Horrez ohartzeko aski litzateke hizkuntz egoera normalizatuetan itzultzaileak dituen eginkizunak —"normalizatu" hitza goian aipatu den eran hartuta— eta erabili ohi dituen itzulgaiak alde batetik, eta bestetik gure artean eskatzen zaizkion erantzukizunak eta ematen zaizkion itzulgaiak alderatzea.
Zenbat eta erantzukizun handiagoa eskatzen zaion itzultzaileari, are eta ikasketa berezi eta sakonagoa, axioma behar luke dagoeneko.
Baldintzak eta erantzukizunak, elkarrekin loturik doaz denak; hala ere banan banan aletzen saiatuko naiz:
Aspertzeraino errepikatu eta entzun izan dugun bezala, euskara ez dago normalizatuta oraindik (aitorpena). Euskarak goian aipatu diren hiru zentzuetan falta du normaltasuna, bai euskararen erabilera gure gizartean mintzagai diren alor guztietara zabalduta ez dagoen zentzuan, hizkuntzaren normatibizazioa burutua ez dagoen zentzuan, eta bai berorren erabilerak gizarte osoan zabaldua beharko lukeen eta ez dagoen zentzuan ere.
Eta itzultzailea ari da euskara normalizatzen neurri handi batean. Itzulpenez normalizatzen da euskara (aitortzen ez bada ere, egia, beste horrenbesteko neurrian) Goian aipatutako hiru zentzu horietako bitan batez ere euskararen normalizazioaren protagonistetako bat da itzulpena.
Ezin du bestetara izan, gainera. Lehenik eta behin, hain zuzen ere, euskal gizartearen baitan beste hizkuntza batean (gaztelaniaz batez ere, itzulpen ahaleginik handiena Bidasoaz honunztik ari bait da egiten, baina baita frantsesez ere) adierazten diren edukinak euskaraz adieraziz bait da normalizatzen euskararen egoera gizarte honetan. Euskal Herrian euskaraz besteko hizkuntzan adierazia euskarara itzuliz adierazten du herri honek bere izatea euskaraz, neurri handi batean. Diglosiazko egoeratik irten eta egoera minorizatuan dagoen hizkuntza goi mailatako komunikazio bideetara jaso nahi bada, auto-itzulpenezko saio handia egin beharra du, definizioz, egoera horretan dagoen gizarte orok; edo isildu bestela, ez pentsatu berea izatea nahi duen hizkuntza ikasi arte, eta gero derrepentetik hitzegiten hasi (absurdoa).
Hain zuzen, diglosiaren eredu paradigmatiko bat hartuko balitz, B hizkuntzan, bigarren mailako hizkuntzan, nolabait esateko, normalean itzultzeko ez diren mezuak ematen bait dira hain zuzen aditzera, banakako harremanean, edo harreman partikular eta domestikoetan sortzen diren mezuak, eta A hizkuntza, edo goi mailako hizkuntzan, hizkuntza ofizialean itzul daitezkeen mezuak, interes orokorra duten mezuak edo komunikabide formalez bideratzen direnak, ematen dira (bestelakoak ere bai, noski, gure artean bezala A hizkuntzak komunikazio funtzio guztiak bete ditzakeen lekuetan).
Egoera hori aldatzeko bidearen baliapide bat itzulpena da ezinbestean, B hizkuntzan bideratzen ez den mezua, itzulpenaren bidez A hizkuntzatik hartaratzea, eta horrenbestez, B hizkuntza A hizkuntzarentzat gordetzen diren eginkizunetarako baliatu eta haren mailara jasotzea.
Euskararen egoera ez da, honetan, diglosiaren eredu paradigmatiko honen islada zehatz doia. Bistan da. Baina ezin uka daiteke hala ere, euskararen erabileraren zenbait alorretan (pentsa administraritza) hizkuntzen erabileraren banakera aipatu denera oso hurbiltzen ez denik.
Horretan du lehenengo diferentzia handia euskal itzultzaileak beste hizkuntza normalizatu edo garatuetakoekin. Bi zentzutan:
a) Itzultzeko testua itzultzailea bera bizi den gizarte berean sortua izan ohi da askotan, esan den bezala. Zenbat eta hizkuntz errekuperazioari abiada handiagoa eman nahi zaion, gainera, orduan eta auto-itzulpenezko eskabide hori handiagoa. (Euskal itzultzaileetatik erdiak era horretako itzulpenean ari dira ia erabat, eta gainerakoek egiten duten itzulpenetik ere pu ska handi bat era horretakoa da: Administrazio publikoak euskaraz argitaratzen dituen testuak itzuliak dira ia guztiak, ia beste horrenbeste esan daiteke beste hainbat administrazio pribaturi eta bestelako enpresa eta erakunderi buruz (finantza munduan, irakaskutnza munduan, politika munduan, etab.).
Zentzu honetan euskal itzultzaileetako proportzio handi batek ez du betetzen egoera normalizatu batean legokeen itzultzaile standardaren eredua (itzulgaia duen informazioa hizkuntzaz ez ezik jatorriz ere arrotza izatea, eta ez gizarte berean sortua).
b) Bestetik, XHaren (gurean gehienetan euskara) hizkuntz erabilera zabaltzen ari den alor berrietako hizkuntz ereduak (teknolektoak, soziolektoak...) sortu edo asmatzeko erantzukizuna ere, gure artean, itzultzailearen gainera dago botata neurri handi batean; zenbait alorretan hala ere eginkizun horren zama eta erantzukizuna itzultzailearen bizkarrera botata dagoela erabat, esatea ez da batere esajerazioa.
Zergatik hala den ez da asmatzen zaila, eta egin berria dugun deskribapenetik bertatik ondorio zuzenez ateratzen da: B hizkuntza A mailara itzulpenaren bidez jasotzen baldin bada, B hizkuntza A hizkuntzaren erabilera eremu propio zirenetan erabilgarri izateko trebatzea ere itzulpenaren bidez egin beharko da, derrigor.
Honek ez du esan nahi, noski, normalizazio bide bakarra itzulpena denik, baina bai deskribatu duguna bezalako normalizazio prozesuetan, lehenengo urratsa itzulpen bidezkoa dela beti, ezinbestez, nahiz haren ondotik bestelakoak ere etor litezkeen.
Zentzu horretan itzultzaileari eskatzen zaion erantzukizuna ez da txantxetakoa, ondo egiazkoa baizik. Munduko herri guztietan esan izan dira hitz itsusiak itzultzaileez (zerbaitengatik du itzultzaile hitzak lehendabiziko dakarren gogorazioa, "traduttore, traditore"); herri gutxik hitzegingo zuen, hala ere, gureak bezainbeste eta gureak bezain gaizki bere itzultzaileez.
Puntu honek, zinez, arreta berezia merezi du: itzultzaileak, izan ere, egoera normalean, ez du itzultzen hizkuntza batetik beste hizkuntza batera soilik, hizkuntza batean mezu mota eta komunikazio egoera jakin bati dagokion hizkera motatik beste hizkuntzan egoera horrixe dagokion hizkerara baizik. Hala gertatzen ez diren kasuak trataera berezia dute traduktologian: klasikoen itzulpena (itzulpen diakronikoa), testu etnologikoen itzulpena, etab.
Bi hizkuntza normalizatu eta garaturen artean itzultzen ari den itzultzaileak, itzulpenean darabilen gaiari dagozkion hizkera horiek (terminologiaz, erredakzio estiloz, etab.) definiturik izan ohi ditu bai SH-n bai XH-n.
Euskarara egiten den itzulpenean oso maiz gertatzen den gauza izaten da SH-n terminologiaz, estiloz eta gainerako ezaugarri guztietan definiturik dagoen testuaren ordainez, XH-n itzultzaileak berak sortu behar izatea gaiari dagokion terminologia, estiloa, eta gainerako ezaugarriak. Euskarak pairatu izan duen diglosia erabat radikala izan da, izan ere, hizkuntzaren erabileraren zenbait alorri zegokionean batez ere. Alor horietan historiak utzi dituen hutsuneak betetzeko ahalegin luzea eta neke handiak beharko dira oraindik. Terminologia, fraseologia estiloak, ia berritik sortu beharko dira hainbat teknolektotarako. Alferrik itsutuko gara eta esango dugu gauzak horrela ez direnik; gure egoeran itzultzaileak terminologia sortzen ez badu, desterminologia bait du sortuko, estiloaren ordez dese sti loa, eta hal a segidan deskalabrora arte .
Egoera horrela dago orain, eta halaxe jarraituko du puska batean, erremediorik ematen ez bazaio. Ez bait da aski terminologiak definitzea, konpartitzen ez badira. Baina ez "konpartitu" akordio bat edo bilera biren bitartez, komunikazioz eta funtzionaltasun bidez baizik. Euskararen erabilera hedatzen ari den (itzulpenez hedatzen) alor berrietako hizkerak (tekno- eta soziolektoak) ez dira finkatuko finkatutzat pertzibitzen ez diren arte, alegia komunikazio eginkizuna betetzen duten testuak azaldu, eta denbora luzez komunikazio eginkizun hori betetzen den arte.
Euskal itzulpenaren komunikazio funtzioari dagozkion guztiak ere arreta bereziz beharko lirateke aztertu, susmoa bait dago, oinarri hartzeko estatistikarik ez badugu ere, itzulpena baliatzen den hizkuntz erabileraren alor askotan, beronen komunikazio baliapena oso urria dela. Era askotako, eta ez beti berdinetako, arrazoirengatik urri ere. Esaera da, dagoeneko, eta itzultzailearen sufrikario eta etsimenerako bide, administraritzako euskal testuak ez dituela inork irakurtzen, aginduta dagoelako itzultzen direla testu horiek. Zientzidibulgaziozko testuari dagokionean —eta agian literatur itzulpenean beste horrenbeste pasatzen denik seguru behintzat ezin daiteke erabat ukatu—, testu horiek erabilera pedagogikorako bideratuak direla bistakoa da, eta horrexegatik itzultzailea —eta itzultzailearen gizarte multzoa, adinez behintzat— oso gutxitan besterik ez da alor horretan itzulpenezko testuen kontsumitzaile. Itzultzaileak eta bere belaunaldiak ez dute ia testu itzulirik irakurtzen: susmoa besterik ez da —susmo gaiztoa—, ezin daiteke zehatz eta zinez frogatu, baina aztertu beharko litzatekeen hipotesia. Hipotesi hau hala bada —eta oso urrun ez dagoela hartzen da hipotesi bezala lan honetan—, horrek berak lagunduko du geroago "euskararen ezaguera eta egoera soziolinguistikoari" buruz esango dena ulertzen.
Berriro hizkeren eta ereduen gaira itzuliz, haien definizioa itzultzailea ari da burutzen, aitortzen dena baino askoz ere alor gehiagotan, eta garrantzia eta eragin sozial handia duten hizkuntz erabilera alorretan gainera.
Terminologia hitza aipatzen denean irakaskuntza, zientzia eta administrazioko itzulpena aipatzen direla ematen du. Terminologia hitzak berak itzulpena ekartzen du gogora, berez bezala, gure artean, hala zertan izanik ez badu ere. Esangura handiko sintoma da gure arteko terminologiak hiztegi elebidun sailtxo batetara eta ia ez bestetara mugatzea. Eta egia da, euskararen erabilera itzulpenezkoa da ia erabat administrazioan, oraingoz behintzat; zientziazko argitalpenak, are zientzi-dibulgaziozkoak ere —argitalpenak behintzat—, edo zuzenean itzuliak, edota handik eta hemendik jaso, zatika itzuli eta birmoldatuak dira ia guztiak. Testu horiek, jakina, ez dira itzulitzat azaltzen, eta ez dira halakotzat jasotzen argitalpenen estatistiketan. Irakaskuntzak testu horietan hartzen du oinarria.
Eta hala ere gaitzerdi.
Zeren ez da ahaztu behar beste zenbait erabilera alorretako hizkuntz eredua ere neurri on batean itzulpenaren bidez ari dela finkatzen: komunikabideetakoa batez ere (filmeak ez ezik albistegiak etabar ere bai). Nahiz —egiari zor bait zaio— alor horietan eginkizun horren erantzukizuna beste protagonista batzurekin banatua duen itzultzaileak: bikoizlari, ahots emaile, etab.
Euskararen ezaguera eta egoera soziolinguistikoa
Itzultzaileak, UNESCOk Nairobin sinatu zuen Gomendioaren arabera, ez du itzuli behar bere ama hizkuntzara baizik, edo "ama hizkuntza bezain ongi darabilen beste hizkuntza batera" (hamabi urtez bigarren hizkuntza hori lehen hizkuntza bezala erabili izana gomendatzen du erakunde horrek gutxienezko muga bezala).
Itzultzaileari bere ama hizkuntzaren ezaguera ona sekula ez zaio zalantzan jartzen, normalean. Itzulgaiaren sorburu hizkuntza eskatzen zaio itzultzaileari ondo ezagutzea. Euskal itzultzailea ordea, ez da bizi hizkuntz egoera normal batean, oso ezaugarri bereziak dituen hizkuntz egoera batean baizik. Bizi duen hizkuntzazko giro horrek, hizkuntzazko presio sozialak —esateko moduak balio badu— ez dio kontrastasunik sortzen bere hizkuntz eredua desbidera ez dakion.
Hiru aldetatik begiratuta batez ere:
- Presio sozial kuantitatiboa, batetik: Euskal itzultzailea bizi den lekuan euskalduna gutxiengoa da, eta euskaldun dena elebiduna da gainera ia guztia. Horrenbestez itzultzailearen hizkuntz erabilera komunikatiboa —komunikazioaren sujetu aktibo nahiz pasibo bezala—, bere lanbidez kanpo ere, ez da ele bakarra, elebiduna baizik, eta askotan eleaniztuna.
Hori, jakina, ez da gure artean bakarrik gertatzen dena, bestetan ere badira antzeko egoerak (pentsa bedi Europako instituzioetan ari diren itzultzaileengan adibidez). Gure artean, ordea, jenerala da egoera hori, euskal itzultzaile guztiak bizi dira Luxemburgoren batean.
- Bigarrena: Euskal itzultzaileak bere bizitzan bere hizkuntzan (euskaraz) darabilen informazio masaren puska handi bat zuzenean edo zeharbidez itzulia da aldi berean. Hizkuntz kontaktuzko egoeran eta hizkuntz interferentziak eragiten dituzten faktorez inguraturik bizi den populazio elebidun baten bizi da itzultzailea. Askotan, hizkuntz eredu fidagarri bezala harturik duen testua ere —erredakziorako eredu on baten premiaz— proportzio handian itzulia izaten da (euskal klasiko bezala hartzen direnen kontuak ateratzea aski).
- Hirugarrenik, lehentxcago aipatu dugun bezala, euskal itzultzaileek sortzen duten testuaren puska handi batek oso komunikazio baliapen urria izaten du, zentzu bakar bateko komunikazioa izaten da (itzultzailearena orohar ere bai, neurri handi batean). Honek ere, bestela ere urria zen kontrastasuna, areago urritzen du.
Itzulpenak, onenean ere, lehen ikusira behintzat, interferentzia eta kutsaduraren arriskua esan nahi du (nahiz eta luzera itzulpena bera den, agian, interferentziaren mamuari arreta eta lehiarik handienaz ihesi nahi eta ezinik dabilen hizkuntz jarduera: garbizalekeriak itzultzaileren bat izaten du iturri).
Hizkuntza normalizatu batera itzultzen ari den itzultzaileak, berriz, hizkuntzazko kontrastasun sozial bortitza du, bai kuantitatiboa, bai informazio masaren jatorriari dagokiona (eta hala ere interferentziak salatzen dituzte!). Horrelako egoera batean itzultzaile normal batentzat ez da batere gauza erraza, erredaktatu gutxienez, bere hizkuntzan gaizki erredaktatzea, oso itzultzaile txarra eta erredaktore oso nolabaitekoa ez bada behintzat.
Euskal itzultzaileari ez zaio horrelakorik gertatzen, edo oso gutxitan gertatzen zaio. Izultzaile izena aski du, kalitatea ez zaio eztabaidatuko: aitortu ala ukatu, eztabaidatu ez. Zergatik gertatzen den hala, aurreko paragrafoetan esan diren arrazoiak errepikatu beharko lirateke.
Eta hala ulertzen da, besteren artean, euskal itzulpenari buruz oso zabaldua dagoen aurriritzi edo ustekizun bat: Testu itzulia ulergaitzagoa izaten da jatorrizko testua baino. Beharbada "euskal itzulpenari buruz" esatea ez legoke ondo esanda agian, zeren oso zabalduta dagoen iritzi baten arabera, lehen esana egia da, "gure artean", "euskaraz" ari garenean; gaztelaniaz edo beste hizkuntza garatu bateko itzulpenez ari garenean, halakorik ez bait da aipatu ere egiten.
Euskararekin sortzen diren hizkuntz bikoteen berezitasuna
Euskal itzultzaile proportzio handi batek gaztelaniatik itzultzen du ia beti, beste talde handi batek ingelesetik eta ondoren, proportzio txikiagotan gainerako hizkuntzetatiko itzulpenak datoz. Euskaratik bestetara askoz ere gutxiago itzultzen da, konparaziorik gabe, haietatik baino.
Euskal itzulpenean gehienetan gertatzen den hizkuntz-bikoteari (gaztelania-euskara) dagokionez batez ere, ohar batzuk egin beharra dago, beste hizkuntz-bikoteetarako ere, egin behar diren aldaketak eginda, balio lezaketenak: euskal itzultzaileak txiki-txikitatik ezagutzen ditu normalean hizkuntza horiek, baina ezaguera errefleju laburra izan ohi du—ezaguera konparatiboa laburrago— bi hizkuntza horiena.
Itzulpenaren teoriko eta azterlari batek baino gehiagok ohartarazia du itzultzaileak sarritan ez duela ongien itzuli ohi eguneroko hizkuntza arrunt bezala erabili ohi duen hizkuntzatik berera. Gauza jakina da, adibidez, itzulpenak jatorrizko testuaren bigarren (edo gehiagogarren) irakurketa eragiten diola itzultzaileari, testuaren lehenengo irakurketa arinak informazio aski ematen ez diolako itzuli ahal izateko. Horrelakoxe zerbait gertatzen zaio SH bere ama hizkuntza bezalaxe erabiltzen duen itzultzaileari: SH-ko testuaren irakurketa sakona egin beharrik ez duela sentitzen. Badirudi SH-n nekea behar duela itzultzaileak, jatorrizko testua egoki interpretatu eta XHrekiko baliokidetasun sistema doia bilatzeko. Badirudi jatorrizko testuaren irakurketan SH hizkuntzaren ezaguera onak eragiten duen ebidentzia sentsazioa ezabatu eta zalantzan jarri beharra duela itzultzaileak, testuaren azterketa sakona egin ahal izateko. Laburtzeko: zenbat eta itzultzailea elebidun osatuagoa SH eta XH-n, orduan eta kontu handiagoa behar du itzultzaile eta ez egokitzaile izateko.
Horretarako, alde batetik testuaren oso irakurketa erreflejua behar du itzultzaileak, testuaren interpretatzaile trebea behar du izan; eta bestetik SH-XH baliokidetasun sistemaren ezaguera errefleju ona behar du.
Itzultzaileak bere lanean darabiltzan hizkuntzak zenbat eta elkarren desberdinagoak izan, gainera, are beharrago itzultzailearengan hizkuntza horien arteko baliokidetasun sistema zalantzan jarri eta aldi oro berri ro sortzeko trebakuntza, eta are beharrago errefleju hori bizkortu eta azkartzeko metodoak diseinatzea.
Euskal itzultzaileak trebakuntza berezia behar du alor honetan. Euskara-gaztelania (edo besteak) elkarren oso desberdinak direlako eta euskal itzultzaile gehienek hizkuntz bikote horren ezaguera, UNESCOk itzulpenerako A hizkuntza (lehen hizkuntza eta XH bezala definitzen duena) mailakoa dutelako.
Itzultzaileen artean uste izaten da zenbat eta SH eta XH egituraz elkarren desberdinagoak izan, orduan eta zailagoa dela itzulpenean hizkuntz intereferentziak izatea. Gure egoeran ongi ikasia dugu, euskara eta gaztelania edo frantsesaren arteko desberdintasunak ez dituela galerazten interferentzia horiek. Interferentzien jatorria ez da, ezin du izan, hizkuntza horien antzekotasunak, bistan da, frantsesa eta gaztelania, edo gaztelania eta ingelesaren artean, izan litekeen bezala—Frantzia eta Espainiako itzulpenari buruzko aldizkari eta liburuetan hainbeste ageri den kezka—, lehenago aipatu dugun bezala, populazioa gehienbat elebiduna izatea, eta goi mailako hizkuntz erregistroak deitzen direnak, gaur egun eta lehenago ere, proportzio handian itzulpenaren bidez gauzatu izana baizik (1876ra artean euskaraz argitaratu ziren 194 liburuetatik, 94 itzulpenak ziren, adibidez).
Bestelako berezitasun batzuk
Euskaratik bestetara eta bestetatik euskarara egiteko itzulpenaren merkatua, estua ez ezik, berezia ere bada bere egiturari dagokionean, eta konparatzekorik ez du beste merkatu batzurekin. Merkatuaren itzulpen eskaera ez da normalizatua euskaraz.
Merkatu estua den aldetik —euskal bezeria urria da—, ez du profesionari askori lanbidea emateko ahalbiderik (euskal itzultzailegoak hazkundea baino berziklaketa du beharrago, alde horretatik).
Bestetik, euskal itzultzailearen bezeria urri hori bera ere elebiduna da, eta jarrera diglosiko nabarmena ageri du. Horren ondorioz euskarazko itzulpen eskaeraren banakerak berak ere ez du antzik, hizkuntza normalizatuetan izaten denarekin. Pentsatu besterik ez dago, adibidez, "itzulpen komertziala" esan ohi dena (gutun, txosten, makinaria gida, etab.) %80-85 izan ohi dela horrelako hizkuntzetan, eta gainerakoa izan ohi da Administraziorako itzulpena, literatura, komunikabideak, etab. Gurean itzultzaileen erdiak Administraziorako ari dira; besteetatik puska bat komunikabideetarako (ETB); "itzulpen komertzialak" ia lekurik ez du.
Etorkizunerako ikuspegia ez da batere ziurra. Baliteke Administraziorako itzulpenean oraindik profesionari gehiago sartzeko lanpostu edo lan (soilik) berriak sortzea.
Komunikabideei buruz ezin daiteke beste horrenbeste esan. Komunikabideetan ETB da itzulpen kontsumitzailerik handiena, eta horrenbestez eskari handiena zabaltzen duena; itzultzaile asko eta askoren lan bakarra instituzio horretarako izan da. Instituzio publiko horrek bere etorkizunerako diseinatu duen politika berriaren ondorioz, eta ETB2-ren sorkuntzarekin batera ETB l-en aurrekontuak aldatu —urritu— zirenetik, azkeneko bi urte hauetan arras jaitsi da euskararako itzulpen eskaria (gaztelaniarakoa zertxobait igo da, baina ez euskararakoaren galera berdintzeko adina, ezta hurrik eman ere). Zenbait bikoizketa etxeren kasuan, batazbesteko, orain dela bi urte zenaren ehuneko hogeiraino gutxitu da itzulpen eskaria. Horrek, besterik gabe, esan nahi du, etxe horietarako ari ziren itzultzaileen bostetik lau lanik gabe geratu direla. Horrelako politikak ez du profesionaltasuna eta lanaren kalitatea askorik ziurtatzen.
Literatur itzulpenean eta liburu itzulpenean orohar, azkeneko urte honetan, Munduko Literaturaren Ondarea, eta Filosofiazko Obren itzulpen proiektuekin, etorkizunerako perspektiba zertxobait hobetu dela pentsa baliteke ere, iturburu horietatik sortzen den lan berriak ez du euskal itzulpenaren merkatua ez egituraz ez kopuruz, apenas hoberatzen . Horregatik , albo-lan eta merke-lan jarraitu beharko du hemendik aurrera ere, gauzak oso aldatzen ez badira.