Dena da funtsean translazioa: Joseba Sarrionandia eta itzulpena
Aiora Jaka Irizar (UPV/EHU)

Artikulu honetan, nire doktore-tesiaren[1] laburpen moduko bat eskainiko dut, tesian aztertutako gaiak aurkeztuz eta ateratako ondorio nagusien berri emanez.[2] Tesiaren helburua Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958- ) itzulpengintza aztertzea izan da. Izan ere, idazle bizkaitarraren obra aztertzeko egindako saioak ugariak izan arren, apenas egin da hark itzulitako lanak aztertzeko saiakerarik, edo hark garatutako itzulpengintzaren inguruko gogoetan sakontzeko ahaleginik. Badirudi jende gehienak idazle eta batez ere poeta gisa ezagutzen duela Sarrionandia, eta gutxi direla Sarrionandia itzultzailea ezagutzen dutenak. Hala ere, Sarrionandiaren bibliografia osatzen duten hogeita hamarren bat liburuen artetik, itzulpenak dira laurdena inguru. Eta itzulpengintzaren inguruko tratatu edo lan monografikorik idatzi ez duen arren, lan askotan dihardu Sarrionandiak itzulpengintzaren (eta literaturaren) inguruan.

Hori dela eta, Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertu eta ezagutarazteaz gain, itzulpenak idazle bizkaitar honen obran izandako eragina zenbaterainokoa den erakusten ahalegindu naiz nire tesian, baita haren obran itzulpena eta sorkuntza nola uztartzen diren azaltzen ere. Horretarako, tesia hiru kapitulutan banatu dut. Lehenengo kapitulua itzulpen-teoriari eskaini diot, beharrezkoa bainuen esparru teoriko bat Sarrionandiak itzulpena nola ulertzen duen aztertzeko eta itzulpena ulertzeko modu hori haren itzulpenetan nola gauzatzen den ikusteko. Bigarren kapituluan, berriz, Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileek zer itzuli duten eta itzulpenaren inguruan nolako gogoetak egin dituzten aztertu nahi izan dut, Sarrionandiak euskal itzulpengintzari egindako ekarpena zenbaterainokoa izan den erakusteko. Hirugarren kapituluan, bete-betean sartu naiz Sarrionandiaren itzulpengintzan, lehenik idazle honek itzulpengintzaren inguruan esandakoak aztertuz eta gero hark egindako itzulpenak xeheki ikertuz. Azkenik, tesiaren eranskinean, Sarrionandiak itzulitako testuen banako fitxak osatzen ahalegindu naiz, jatorrizko obrei eta Sarrionandiaren itzulpenei buruzko xehetasunak biltzeko.

Lehenengo kapitulua: Sarrionandiaren itzulpenak aztertzeko teoria egoki baten bila

Tesiaren lehenengo kapituluan, historian zehar itzulpenaren inguruan osatzen joan diren diskurtsoak aztertu nahi izan ditut, Sarrionandiak itzulpenaren inguruan egiten duen gogoeta zein diskurtso edo teoriarekin azaldu daitekeen ikusteko. Sarrionandia XX. eta XXI. mendeetako idazlea dela kontuan izanik, mende horietan nagusitu diren teoriak ikertu ditut batik bat, eta gain-gainetik baino ez ditut aztertu XIX. mendera arteko itzultzaileen hausnarketak. Horazio, Zizeron eta San Jeronimorengandik XIX. mendeko Schleiermacher eta Goetherenganainoko hainbat eta hainbat itzultzailek esandakoak irakurriz gero, argi ikus daiteke itzultzaile haien diskurtsoa nahiko enpirikoa zela, itzultzaile bakoitzak bere esperientzian oinarrituta egiten zituelako itzultze-jardueraren inguruko gogoetak, batzuek jatorrizkoaren hitza errespetatu beharra aldarrikatzen zutelarik eta beste batzuek ezinbestekotzat jotzen zutelarik itzulpena xede-hizkuntzara egokitzea. Nolanahi ere, gogoeta haiek ez zuten teoria edo eskola ongi egituraturik sorrarazi.

Itzulpengintzaren diskurtso enpiriko hori aztertu ondoren, lehenengo kapituluaren bigarren atalean itzulpengintzaren diskurtso modernoa aztertu nahi izan dut. Diskurtso modernoa XX. mendearen erdialdean hasi zen garatzen, hizkuntzalaritzaren eta literaturaren inguruko hainbat aditu itzulpengintzaren inguruan hausnartzen hasi zirenean. Diskurtso moderno horren aitzindarietako bat Estatu Batuetako "translation workshop" delakoa izan zen, eta Richards (1929, 1953) eta Zdanys (1987) ikertzaileen teoria linguistikoak izan ziren eskola haren ordezkari nagusiak. Itzulpena zientziaren mailara jasotzeko ahalegin hark Europan izan zuen segida 1960ko hamarkadatik aurrera, Vinay & Darbelnet (1960), Nida (1964), Catford (1965), Newmark (1981, 1988) eta Wilss (1977) ikertzaileen ekarpenei esker, besteak beste. Alemanian garatu ziren teoria funtzionalistek ere (Koller 1979; Kade 1968; Neubert 1973, 1986; Reiss 1971; Reiss & Vermeer 1984) ekarpen garrantzitsuak egin zizkioten itzulpengintzari. Aipatu ditugun ikertzaile horien teoriak askotarikoak izan arren, diskurtso horien guztien azpian itzulpenaren epistemologia moderno bat gordetzen dela ondorioztatu dut nire ikerketan. Epistemologia moderno horren arabera, itzultzailearen egitekoa jatorrizko testuaren berezko zentzua xede-hizkuntzara transmititzean datza, transmisio horretan originala ahalik eta gutxien ukituz, jatorrizkoaren zentzua ez dadin gehiegi aldatu.

Sarrionandiaren obra aztertzean, ordea, hasieratik susmatu nuen itzulpenaren epistemologia moderno horretan oinarritzen diren teoriek ez zutela balioko idazle bizkaitarraren itzulpengintza azaltzeko. Alde batetik, Sarrionandiak behin eta berriro gogorarazi izan duelako "itzultzea berriro idaztea d[el]a" (Sarrionandia 2002: 334), eta "translazioa [...] halabeharrez kreatiboa dela" (Sarrionandia 1995a). Bestetik, alderdi praktikoan ere horrela jokatzen duela dirudielako, jatorrizko testuak birsortuz eta nahierara aldatuz. Hori dela eta, itzulpengintzaren diskurtso modernoa baztertu eta diskurtso postmodernoa aztertzeari ekin nion, Sarrionandiaren itzulpen-gogoeta eta itzulpen-praktika azaltzeko egokiagoa izango zelakoan.

Itzulpengintzaren diskurtso postmodernoaren barruan aztertu ditudan teoria eta autore guztiak postmodernotzat jotzea eztabaidagarria suerta daitekeen arren[3], atal honetan sartu ditut itzulpengintzaren inguruko pentsamendu postmodernoa ondoen islatzen dutela iruditu zaidan teoriak: itzulpen-ikasketa deskribatzaileak (Holmes 1988; Even-Zohar 1990; Toury 1995...), manipulazioaren eskola (Hermans 1985; Lefevere 1992...), ikasketa kulturalak (Bassnett & Lefevere 1990, 1998; Simon 1994, 1999...) itzulpena eta boterea (Gentzler & Tymoczko 2002; Tymoczko 2007...) dekonstrukzioa (Derrida 1967, 1972a, 1972b, 1985; Foucault 1977; Barthes 1984; De Man 1986; Bloom 1973, 1975...), teoria postkolonialak (Bassnett & Trivedi 1999; Niranjana 1992; Spivak 1988, 2000; Cronin 1996; Tymoczko 1999...), teoria hermeneutikoak (Benjamin 1972; Gadamer 1960; Steiner 1975...) eta itzulpenaren poetikak (Meschonnic 1999; Berman 1984a, 1984b, 1985; Robinson 1991; Venuti 1992, 1995, 1998...). Teoria horiek agerian jartzen dituzte itzulpenaren epistemologia modernoaren hainbat kontraesan, eta itzulpengintza ulertzeko beste modu bat proposatzen dute. Diskurtso modernoak defendatzen zuen itzultzaile otzan, menpeko eta esanekoaren aldean, esate baterako, teoria postmodernoen bultzatzaileek itzultzailearen esku-hartze ahalmena azpimarratzen dute. Itzulpena erreprodukzio jarduera huts bat izan beharrean, idazketa bezain sortzailea dela iradokitzen dute, eta itzultzaileak testua manipulatzeko askatasuna ez ezik, erabakiak hartzeko ardura eta erantzukizuna ere badituela aldarrikatzen dute. Itzulpenaren epistemologia postmodernoan, jatorrizko testua ez da berezko zentzu objektiboa duen entitate itxi eta bukatutzat jotzen, milaka interpretaziotara irekita eta etengabe mugimenduan dagoen izatetzat baizik. Teoria modernoek testu baten zentzua objektiboki interpretatzea eta zentzu hori beste hizkuntza batean bere horretan ematea posible zela defendatzen zuten; teoria postmodernoek, aldiz, aldarrikatuko dute testuek ez dutela berezko zentzurik, eta zentzua irakurleak edota itzultzaileak ematen diela. Ondorioz, teoria modernoek a priorizko egiatzat jo izan duten "jakintza" ez da itzulpenean baizik gauzatzen: teoria postmodernoen arabera, itzulpenak ez du jatorrizkoan gordetzen den jakintza "transmititzen"; aitzitik, jakintza hori itzulpenean "sortzen" da, irekita dagoen testu bati itzultzaileak ematen dion interpretazioaren arabera.

Bigarren kapitulua: Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileak

Tesiaren bigarren kapituluan, itzulpenaren diskurtso enpiriko, moderno eta postmoderno horiek Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileen gogoetetan zenbaterainoko isla izan duten aztertu nahi izan dut. Lehen euskal itzultzailetzat jotzen den Joanes Leizarragarengandik hasi eta XX. mendeko itzultzaile garrantzitsuenenganaino joanez, euskal itzultzaileek beren itzulpenen hitzaurreetan esandakoak ikertu ditut, eta ohartu naiz ezen, nahiz eta euskal literaturaren historian itzulpenak pisu kuantitatibo handia izan duen, euskal itzultzaileek ez dutela inoiz itzulpenaren inguruko gogoeta sakonik egin, eta haien teorizazio-ahalegin urrietan itzulpenaren ulerkera modernoa edo are aurre-modernoa islatzen dela oro har. Esate baterako, Leizarragak eta Haranederrek Biblia euskaratzeko egindako ahaleginetan, behin eta berriz azpimarratzen da jatorrizko testuaren izaera sakratua: "Haur bay erranen dut, ecen bethi orhoitic nola Iaincoaren manu expressa den haren hitzari deus edequi eztaquion ez eratchequi: hala eguin ahal dudan fidelquiena eguin ukan dudala" (Leizarraga 1571: xv).

Izan ere, Bibliaren kasuan, euskal itzultzaile zaharrak beti ahalegindu izan dira Jainkoaren hitz aldaezin eta transzendentala ahalik eta fidelkien transmititzen, testuan inolako marka edo arrastorik utzi gabe. Jatorrizko perfektuaren lehen mailako estatusaren ondoan, itzulpena bigarren mailako jarduera gisa ulertu izan da, jatorrizkoa erreproduzitzeko ahalegin inperfektu gisa. Egia da testu ez sakratuak itzultzean euskal itzultzaileek askatasun handixeagoz jokatu izan dutela, baina, halere, jatorrizkoari zor zaion fideltasuna hartu izan dute oro har itzulpenerako irizpide nagusitzat, nahiz eta gero, praktikan, zenbait askatasun hartu euskararen egituraren berezitasunak direla-eta edota lehenetsitako helburuaren arabera.

Euskal itzultzaileek esandakoak aztertu ondoren, Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileek zer itzuli duten aztertu dut bigarren kapituluaren bigarren zatian, nire azterketa itzulpen literarioetara mugatuz. Literariotzat jo litezkeen lehen itzulpenak ez dira XIX. mendera arte agertzen, eta XX. mendean hasten dira ugaritzen. Dena den, itzulpen literario haiek, askotan, helburu funtzionala izaten zuten literarioa baino gehiago, besteak beste haurrentzako testu didaktikoak euskaraz ematea, moralari buruzko gomendioak zabaltzea, euskararen apologia egitea, euskara literarioa lantzea edota euskal literatura aberastea.

Itzulpenak motibazio literario hutsei erantzunez egiten hasi ziren lehen itzultzaileen artean Jon Mirande eta Gabriel Aresti nabarmendu ditut. Bi autore horietaz, beraz, sakonago jardun dut bigarren kapituluaren hirugarren zatian: Sarrionandiaren poesian eragin nabarmena izateaz gain, Mirandek eta Arestik itzulpena lantzeko modu berritzaile bat aurreratu zuten, Sarrionandiak ondoren era koherenteagoan gorpuztuko zuena.

Hirugarren kapitulua: Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan

Itzulpena azaltzeko historian zehar garatutako diskurtso desberdinak aztertu ondoren, eta euskal itzulpenaren historia eta euskal itzultzaileen gogoetak analizatu eta gero, tesiaren hirugarren kapituluan Joseba Sarrionandiaren itzulpengintzan murgildu naiz bete-betean. Alde batetik, Sarrionandiak itzulpenaren inguruan egiten duen gogoeta zein diskurtso eta teoriarekin uztartzen den ikusi nahi nuen. Bestetik, berriz, gogoeta hori haren itzulpen-praktikan ere islatzen ote zen aztertu nahi nuen, eta itzulpen-praktika hori Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileenekin alderatu.

1. Itzulpenaren inguruko gogoeta Sarrionandiaren lanetan

Itzulpenak Joseba Sarrionandiaren obran leku garrantzitsua betetzen duen arren, iurretar idazleak ez du oraingoz behintzat itzulpenaren inguruko teoria egituratu eta sistematikorik eskaini. Dena den, bere itzulpenen hitzaurreetan, zenbait aldizkariren orrialdeetan, literaturari buruzko saiakeretan nahiz han-hemenka emandako elkarrizketetan plazaratutako hausnarketa eta planteamenduek itzulpenaren inguruko gogoeta sakon samar bat osatzen dute, eta gogoeta hori tesiaren hasieran aztertutako teoria postmodernoekin bat datorrela dirudi.

Sarrionandiak Pott aldizkarian argitaratu zituen bere lehen lanetako batzuk. Izan ere, 1977an sortutako Pott bandako kideetako bat izan zen, eta literatura-talde hark 1978tik 1980ra bitartean atera zuen aldizkarian plazaratu zituen Sarrionandiak literaturari eta itzulpenari buruzko bere lehen ideiak. Pott aldizkariaren hirugarren zenbakian, esate baterako, bada itzulpenari buruzko gogoeta interesgarri bat, "Itzulpena eta traizioaren praktika" izenekoa, Sarrionandiak berak sinatzen ez duen arren -"Pottugalete" ezizeneko bat ageri da egile moduan- Pott bandako sei kideen garai hartako ikuspegia ondo baino hobeto islatzen duena. Artikulu horretan, lehenagoko euskal idazle eta itzultzaileen itxitasuna salatuz, Pott bandako kideek itzulpenaren beharra aldarrikatzen dute euskal literaturaren lur agorra emankortzeko. "Tradizioaren" izenean itzulpenekiko uzkur agertu direnen jarreraren aurka, itzulpenaren "traizioa" defendatzen dute; traizioa, ordea, modu positibo batean ulertzen dute, aurreko obra bat "traizionatuz" —eta hain zuzen ere "traizio" horri esker— itzulpenak zerbait berria sortzen duela gogoraraziz:

Eta tradikzioa tradizioa eta traizioa (traduttore, traditore) batera da. Tradizioa textoinguru historiko bat dugu, hau da, texto kate bat zeinean texto bakoitzak aurrekoa itzultzen eta traizionatzen du, zeren, nahiz eta texto orijinalaren mamiari irauterazi nahi izan, ezin baitezake zerbait berri baten agerketa eragotz (Pott 1978: 29).

Octavio Pazen (1971: 13-14) eta Juan Goytisoloren (1977: 77) hitzak aipatuz, azpimarratzen dute edozein literatura beste obra batzuen itzulpen, egokitzapen, erantzun edo "traizioei" esker garatzen dela, eta edozein itzulpen jatorrizkoaren transformazio edo birsorkuntza dela ezinbestean. Itzulpenaren ahalmen sortzaile hori azpimarratzen du berriro Sarrionandiak Gabriel Arestiren Dekameronearen itzulpenaren harira idatzitako artikulu batean. Walter Benjamin (1972) ahotan hartuz, gogorarazten du itzulpenek harreman dialogiko batean ezartzen dituztela sorburu-testua eta itzultzailearen hizkuntza eta kultura, eta, elkarreraginezko harreman horretatik, bestela sortuko ez liratekeen esanahi eta jakintza berriak sortzen direla:

Ez, itzulpena ez da komunikazio hutsa, mezuaren aldatze hutsa. Itzulpena jenero bat da, hizkuntza biak elkarrengana hurbildu eta itzultzen deneko hizkuntzaren posibilitateak zabaldu egiten ditu (Sarrionandia 1980: 37).

Sarrionandiak 1985ean argitaratutako Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak antologiaren hitzaurrean ere antzeko ideiak proposatzen ditu. Harold Bloom (1973, 1975) irakaslearen ideiak bere eginez, itzulpena edozein poemaren baitan aurkitzen dela erakusten du, edozein poema baita, berez, aurreko poema bati emandako erantzuna:

Harold Bloom kritikoak proposatu duen teorizazioaren arauera, edozein poema lehenago irakurritako beste poema bati dagokio, eta edozein poetak aurreko beste poeta bati erantzunez idazten du. Poetak, irakurriak dituen poemak tratatzen ditu bere poemetan. Bere irakurketa interesatua eta apropos okerra da eta, tradizioaren ber elaborazio zein ukazio gisa, bere kreazioa ezin da errebisio besterik izan, errebisio hitza bertsio edo, zentzu zabal batean, translazio gisa konpreniturik (Sarrionandia 1995a: 8-9).

Edozein poetaren edozein "kreazio" aurreko beste testu baten "translazioa" den era berean, edozein itzulpen ere jatorrizko deituriko beste testu baten "birkreazioa" edo birsorkuntza dela aldarrikatzen du Sarrionandiak; alegia, itzulpena "erredukzio, gehitze, kentze eta aldaketen gainean altzatzen den zeregina dela" (Sarrionandia 1995a: 8), eta ezinezkoa dela fidela izatea. Ideia hori bera azpimarratzen du berriro Hasier Etxeberriari eskainitako elkarrizketa bateko aipamen interesgarri batean. Honako hau dio idazten ari omen den Itzuli ezinak izeneko poema-liburu baten inguruan:[4]

Tituluan esanahi biren arteko jokoa egiten da, etxera itzuli ezin duen jendea da alde batetik eta beste hizkuntzara itzuli ezineko testuak dira bestetik (Sarrionandia 2002: 321).

Beste hizkuntzetara itzuli ezinekoak direla esatean, Sarrionandiak askotan errepikatu izan duen ideia iradokitzen du berriz ere, alegia, testu bat itzultzean beste testu berri bat sortzen dela:

[...] testu literarioa literala da. Testu literario bat beste hizkuntza batera itzultzen duzunean, gai berberari buruzko testu bi izango dituzu (Sarrionandia 2002: 321).

Azkenik, Euskadi sarietan irabazle ateratako Moroak gara behelaino artean? saiakera marduleko 29. atalean, Sarrionandiak luze dihardu itzulpenaren inguruan, literatura txikiak ere ordezkatuta egongo diren Munduko Literatura batean itzulpenak duen garrantzia azpimarratuz:

Munduko Literatura berplanteatu egin beharko da, askatasunaren eta berdintasunaren alde, ez eurozentrikoa ez nazionalista izango ez den beste artikulazio batekin, munduan gertatzen diren botere erlazioen imitazioan molda ez dadin (Sarrionandia 2010: 448).

David Damrosch (2003) irakaslearen ideietan oinarrituz, "Munduko Literatura «itzulpen eremu» bat d[el]a" gogorarazten du Sarrionandiak (2010: 449), edozein obra bere jatorrizko ingurutik atera eta itzulia den unetik beretik munduko literatura izatera igarotzen dela aldarrikatuz. Euskaldunei munduko literatura "ez eurozentriko" eta "ez nazionalista" bat eskaintzeko asmoz, beraz, munduko txoko ezezagunenetako testuak euskaratuko ditu Sarrionandiak, literatura ezagunagoetako testuak baztertu gabe.

2. Sarrionandiak itzulitako egileak eta obrak

Gainbegiratu azkar bat nahikoa da ikusteko Sarrionandiak garai, leku, tradizio eta ideologia guztiz desberdinetako hainbat eta hainbat egile euskaratu dituela. Hautapen zabal hori da, hain zuzen ere, Sarrionandia bere aurreko euskal itzultzaileengandik bereizten duen lehen ezaugarria. Lehenago aipatu bezala, Sarrionandiaren aurreko itzultzaileek helburu funtzional batekin hautatzen zituzten euskarara ekartzeko testu literario gehienak. Gainera, XX. mendeko euskal itzultzaile gehienek literatura "handi" eta "prestigiotsuetako" lanak itzuli ohi zituzten, eta batez ere literatura horietan "kanoniko" edo "klasikotzat" jotzen ziren obrak. Sarrionandiak eta Pott bandak, ordea, irizpide estu horiek euskal literatura itotzen zutela ikusita, literaturaren autonomia aldarrikatu zuten, eta tradizio guztiz desberdinetako lanak irakurri, euskaratu eta imitatzeari ekin zioten.

Zerrenda honetan ikus daitekeen bezala, Sarrionandiak zortzi itzulpen-liburu argitaratu ditu orain arte. Alde batetik, autore bakar baten lana biltzen duten itzulpenak genituzke:

  • Lur eremua (1983), T. S. Elioten The waste landen itzulpena.
  • Marinela (1985), Fernando Pessoaren O marinheiroren itzulpena.
  • Marinel zaharraren balada (1995), S. T. Coleridge-ren The rime of the ancient marineren itzulpena.
  • Manuel Bandeira. Antologia (1999), autore brasildar horren hainbat poema euskaratu biltzen dituen antologia.

Eta, bestetik, egile askoren lanen euskal itzulpenez osatutako antologiak:

  • Hamairu ate (1985), umore beltzaren antologia, ipuinez osatua eta Mitxel Sarasketarekin batera itzulia.
  • Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), hainbat autoreren poemak biltzen dituen antologia.
  • Hezurrezko xirulak (1991), hainbat autoreren poemak biltzen dituen antologia.
  • Poemas náufragos. Galegoz heldutako poemak (1991), zortzi poeta galiziarren poemak biltzen dituen liburua.

Kontuan hartzekoak dira, halaber, Sarrionandiak hainbat aldizkaritan argitaratutako itzulpenak:

  • Oh! Euzkadi 7 (1980): James Joyceren A portrait of the artist as a young man eleberriaren zati bat.
  • Oh! Euzkadi 11 (1981): T. S. Elioten The Waste Land poemaren zati bat.
  • Oh! Euzkadi 15 (1982): T. S. Elioten The Waste Land poemaren zati bat (Joxemari Iturralderekin batera itzulia). Idatz & Mintz 3-4 (1982): Li Po txinatarraren hainbat poema.
  • Maiatz 5 (1984): Miquel Martí i Pol katalanaren hainbat poema. Walter de la Mareren poema bat. Henry Michauxen bi poema. William Wordsworthen poema bat. Jacques Préverten poema bat.
  • Susa 14-15 (1985): Fernando Pessoaren hainbat poema. Bobby Sandsen lau poema (Ruper Ordorikarekin batera itzuliak).
  • Hegats 1 (1989): Stephen Vincent Benéten By the Waters of Babylon ipuina.

Zerrenda horretatik ondoriozta daitekeen bezala, poesia da Sarrionandiaren itzulpenetako genero nagusia; genero marginala, inondik ere, kontuan hartzen badugu gaur egun argitaratzen diren euskal itzulpen gehienak genero narratiboari dagozkiola. Bestalde, aipatzekoa da antologiak argitaratzeko joera, hau da, tradizio guztiz desberdinetako testuak euskaratu eta liburu berean biltzeko jaidura. Liburu horietan, K. a. XXV. mendearen eta K. o. XX.aren arteko testuak biltzen dira, munduko ia kontinente guztietakoak.

Lehenik eta behin, Mendebaldeko literaturetako testu asko euskaratu ditu Sarrionandiak. Hautaketa horretan, ordea, ez ditu beti Mendebaldeko tradizioko "klasikoenak" edo "kanonikoenak" aukeratzen; gehienetan, europar eta mendebaldar tradizioan hain ezagunak ez diren obrak hautatzen ditu. Hor ditugu, esaterako, Baudelaire, Pessoa, Yeats, Goethe, Kafka, Bukowski, Pushkin edo Kavafis, baina baita Ana Blandiana, Vladimir Holan, Attila József eta Arvo Turtiainen ere. Erdi Aroko mendebaldar literaturetako hainbat lan ere euskaratu ditu, hala nola "Beowulf" poema, Chrétien de Troyesen olerki bat, irlandar eta galestar poemak, khardja mozarabeak...

Ikuspegi europar batetik begiratuta "exotikotzat" jo izan diren literaturen artean, Tu Fu, Li Po eta Wang Wei poeta txinatarrak aipa litezke, edota Omar Kheyyam pertsiarra eta Ho Xuan Huong vietnamdarra, japoniar haikuak, sumeriar taula zaharrak, antigoaleko egiptoar izkribuak...

Bestalde, autore nolabait ospetsu horien poemez gain, herri zapalduetako literatura ez hain ezagunak ere itzuli ditu euskarara Sarrionandiak: palestinar borrokako poemak aipa litezke, edota Ipar Amerikako indioen hondamena salatzen duten poemak, edota Bobby Sands irlandar gose-grebalariak kartzelan idatzitako poemak, edota zenbait herri "primitiboren" ahozko tradizioan iraun duten poema anonimoak...

Gugandik gertuago dauden literatura minorizatuei dagokienez, Sarrionandiak idazle galiziar eta katalanen hainbat testu itzuli ditu, baita Paul von Ostaijen idazle flandestarraren poema bat ere.

Hautapen zabal horrek garbi erakusten du Sarrionandiaren hautaketa-irizpideen artean ez dagoela jatorrizkoak izan lezakeen prestigio edo errekonozimendua. Bere lehen itzulpen antologiaren izenburuak iradokitzen duen bezala (Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak), gustura irakurri eta bere sentitu dituen poemak euskaratzen ditu, izan ezagunak, ezezagunak, prestigiotsuak nahiz prestigio gabeak.

3. Sarrionandiaren itzulpen-estrategiak

Sarrionandiak zer itzuli duen aztertu ondoren, testuak itzuli edo "birsortzeko" zein estrategia erabiltzen dituen ikertu nahi izan dut. Sarrionandiak berak itzulpenaren ahalmen sortzaileaz esandakoak ikusita, eta testu bat itzultzean testu berri original bat sortzen dela aldarrikatu izan duela kontuan hartuta, nire hasierako susmoa zen Sarrionandiak itzulpen libre samarrak egiten dituela, jatorrizkotik dezente urruntzen direnak eta itzulpenak bainoago birsorkuntza gisa definitu beharko liratekeenak. Ikerketan aurrera egin ahala, ordea, konturatu naiz Sarrionandiak ez duela beti jatorrizko testutik itzultzen, eta gaztelania erabiltzen duela maiz itzulpenak egiteko zubi-hizkuntza gisa, berariaz oso gutxitan aitortu arren. Erabilitako zubi-testua identifikatu ahal izan dudan kasuetan, ohartu naiz Sarrionandiak nahiko hurbiletik jarraitu izan diola begi aurrean izan duen testuari, eta bere itzulpenak, beraz, ez direla hasiera batean ematen zuten bezain libreak. Horixe gertatu zait Sarrionandiak Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan aurkezten duen Horazioren "Carpe diem"[5] poema ezagunarekin. Itzulpen hori latinezko originalarekin lehen aldiz alderatu nuenean, ohartu nintzen Sarrionandiaren itzulpena dezente urruntzen zela jatorrizkotik. Hona hemen aipatutako itzulpena, Gidor Bilbaok egindako poema berberaren itzulpen gertukoaren ondoan jarrita; oso nabarmenak dira bi bertsioen arteko aldeak:

Ez zaitez saia, Leuconoe,
Jainkoek ezarri diguten etorkizuna
Asmatzen, debekaturik dago, ez itzazu
Babiloniar numeroak kontsulta.
Hobe da datorrena onartzea!
Nahiz eta Jupiterrek negu asko eman,
Nahiz eta hauxe izan azkena,
Tirreno itsasoa oraintxe arroketan
Haustera darabilena. Ez zaitez
Eroa izan. Edan ezazu zeure ardaua
Eta egoki ezazu esperantza luzea
Zure bizitzaren espazio laburrera.
Bizi ezazu gaurko eguna. Harrapa ezazu,
Eta ez zaitez balizko biharraz fida.

(Sarrionandia 1995a: 56)

Ez galdetu, Leukonoe, jakitea ez da zilegi,
zuri edo niri zein epe ezarri diguten jainkoek,
ez ikertu hartxintxar babiloniarrak.
Zenbat hobe datorrena datorrela onartzea!
Nahiz Jupiterrek negu ugari gorde,
nahiz azkenekoa izan
orain, haitz zulotsuak astinduz,
Tirreno itsasoa akitzen duen hau,
izan zaitez argia, iragazi zure ardoak,
eta aldia laburra denez
bilatu bide motzena itxaropen luzean.
Hizketan ari garen bitartean ihes egingo du, Mintzo garen artean, ihes doa denbora. bekaizti,
denborak. Harrapatu gaurkoa,
etorkizunean ahal den gutxien fidatuta.

(Bilbao 2002: 131)

Kontuan izanik Gidor Bilbaoren itzulpenak sorburu-testutik gertukoa izatea bilatu duela, Sarrionandiaren itzulpena jatorrizkoarekiko nahiko librea dela ikus daiteke, eta dezente urruntzen dela jatorrizkoak ematen dituen hainbat iruditatik. Itzulpena egiteko eskura izan zitzakeen zubi-testuen artean arakatuz, ordea, Sarrionandiaren bertsioaren oso antzekoa den gaztelaniazko bertsio bat aurkitu dut Luis Alberto de Cuenca y Pradoren eta Antonio Alvar Ezquerraren Antología de la poesía latina liburuan. Hona hemen berriro Sarrionandiaren itzulpena, aipatutako gaztelaniazko bertsioaren alboan oraingo honetan:

Ez zaitez saia, Leuconoe,
Jainkoek ezarri diguten etorkizuna
Asmatzen, debekaturik dago, ez itzazu
Babiloniar numeroak kontsulta.
Hobe da datorrena onartzea!
Nahiz eta Jupiterrek negu asko eman,
Nahiz eta hauxe izan azkena,
Tirreno itsasoa oraintxe arroketan
Haustera darabilena. Ez zaitez
Eroa izan. Edan ezazu zeure ardaua
Eta egoki ezazu esperantza luzea
Zure bizitzaren espazio laburrera.
Mintzo garen artean, ihes doa denbora.
Bizi ezazu gaurko eguna. Harrapa ezazu,
Eta ez zaitez balizko biharraz fida.

(Sarrionandia 1995a: 56)

No pretendas saber, pues no está permitido,
el fin que a mí y a ti, Leucónoe,
nos tienen asignados los dioses,
ni consultes los números Babilónicos
Mejor será aceptar lo que venga,
ya sean muchos los inviernos que Júpiter
te conceda, o sea éste el último,
el que ahora hace que el mar Tirreno
rompa contra los opuestos cantiles.
No seas loca, filtra tus vinos
y adapta al breve espacio de tu vida
una esperanza larga.
Mientras hablamos, huye el tiempo envidioso.
Vive el día de hoy. Captúralo.
No fíes del incierto mañana.

(De Cuenca y Prado & Alvar Ezquerra 1981: 56)

Bi bertsio horiek alderatuta, Sarrionandiaren itzulpenak De Cuenca y Prado eta Alvar Ezquerrarenari nahiko hurbiletik jarraitzen diola ikus daiteke. Antzeko beste zenbait alderaketa eginda, konturatu naiz Sarrionandiaren itzulpen asko ez direla irakurleari lehen begi-kolpean iruditu lekizkiokeen bezain libreak, eta Sarrionandiak ez dituela jatorrizko testuak neurrigabeki birsortu edo desitxuratu ohi, bere hitzaurre eta gogoetetan itzulpenaren birsortze-ahalmena eta itzultzailearen askatasuna hain ozen aldarrikatu izan baditu ere. Hala eta guztiz ere, itzulpena ardatz hartuta egin izan dituen birsorkuntza-jokoek eta itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko mugaren lausotasuna agerian jartzeko baliatu izan dituen bestelako amarru eta estrategiek itzulpenaren ulerkera postmoderno bat islatzen dutelakoan nago.

3.1. Apokrifoak

Estrategia deigarri eta urratzaileenetako bat, ziurrenik, apokrifoen edo sasi-itzulpenen erabilera da. Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak eta Hezurrezko xirulak liburuetan, autore ezagun eta ezezagunen poemen euskal itzulpenen artean, Sarrionandiak berak sortutako hainbat poema tartekatu ditu, egiletza fikziozko pertsonaia bati egotzita.

Esate baterako, zalantza handirik gabe esan liteke Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuko Mohammed Al-Kali (1995a: 81-85) eta Apollinaire Babiol (1995a: 155-160) autoreak apokrifoak direla, eta haienak balira bezala aurkezten dituen poemak, beraz, ez direla itzulpenak, Sarrionandiak berak sortutako testuak baizik. Interesgarria da Apollinaire Babiol apokrifoaren kasua, dirudienez Guillaume Apollinaire (1880-1918) idazle frantsesaren eta Apolinar Bilbao preso egondako lagun euskaldunaren izenak gurutzatzetik sorturiko izena baita.

Hezurrezko xirulak liburuan aurkezten duen Jeronymo Oliveira da Verdade (1991a: 117-122) ustezko idazle portugesa ere gezurrezko pertsonaia da, abizenaren azken zatiak aurkakoa sinetsarazi nahi badigu ere. Idazle faltsu hori deskribatzeko ematen dituen xehetasunak, ordea, egiazko autore eta liburuetatik hartuak dira, eta horrek are sinesgarritasun handiagoa ematen dio idazle apokrifoari. Existitu diren eta benetako testuak idatzi dituzten hainbat autoreren datuak nahastuz, fikziozko pertsonaia bat sortu du Sarrionandiak Hezurrezko xirulak liburuko orrialdeetan, eta haren ahotan jarri berak asmatutako poemak.

Antzeko beste hainbat adibide aurki daitezke Sarrionandiaren itzulpen-antologietan: Martin Murua (1991a: 73-75) eta Gudröd Haaleg ere (1991a: 63-68), esaterako, apokrifoak direla dirudi. Sasi-itzulpen horien bidez, Sarrionandiak errealitatea eta fikzioa nahasten ditu, eta zalantzan jartzen du sorkuntzaren eta itzulpenaren arteko bereizketa, bai eta testuaren eta autore bakar baten arteko lotura edota jatorrizkoaren originaltasunaren ideia ere.

3.2. Fikziozko itzultzaileak

Sarrionandiak asmatutako itzultzaile edo ikertzaile apokrifoak ere joko beraren barruan ulertu behar dira; izan ere, berak sortu edo itzuli dituen testuak asmatutako itzultzaileei egozten dizkienean, zabaldu egiten du nolabait testu horren eraketan parte hartu duten pertsonen -edo pertsonaien- taldea, testu bat autore bakar batekin lotzeko joera tradizionala salatuz eta literatura partaide ugariren arteko jolas interaktiboa dela gogoraraziz. Fikziozko itzultzaileen adibide politenetariko bat Kepa Zenikarena da: Hezurrezko xirulaken, "Kalevala" testu finlandiarraren zati baten euskal itzulpena ematen du Sarrionandiak (1991a: 155-158). Testua ez da apokrifoa; aski ezaguna da XIX. mendeko Elias Lönnrot filologo finlandiarrak Finlandiako ahozko folklorean eta mitologian oinarrituta idatzitako poema epikoa. Sarrionandiak itzultzaile gisa aurkezten digun pertsonaia, ordea, apokrifoa da argi eta garbi. "Euskal bertsioa, Helsinkin bizi den Kepa Zenikak egina da", dio Sarrionandiak poemaren hitzaurrean (1991a: 156). Kepa Zenika Joxemari Iturralderen Izua hemen (1989) eleberriko protagonista da, gerra zibilaren ondoren Errusiara bidaltzen dutena hara erbesteratutako haur euskaldunen egoera aztertzera. Errusiara sartzea lortzen ez duenez, Finlandiara joan eta han kokatzen da. Ez da harritzekoa, beraz, Sarrionandiak Kepa Zenika Helsinkin bizi dela esatea. Kalevalaren itzulpena Kepa Zenikari egotziz, Iturralderen istorioari jarraipena eman nahi izan dio Sarrionandiak, errealitatea eta fikzioa nahastuz beste behin ere, eta testuen, autoreen eta itzultzaileen arteko loturak are gehiago korapilatuz. Gogoraraz dezagun Joxemari Iturralde Pott bandako kideetako bat izan zela, eta bandako zenbait kideren arteko erreferentzia eta jolasak ohikoak direla haien testuetan.

Sarrionandiak benetako itzultzaile/ikertzaile gisa aurkezten dituen baina itxura guztien arabera apokrifoak diren beste pertsonaia batzuk Tomas Gomez eta Jose Ramon Negrete dira. Lehenengoari Gudröd Haaleg apokrifoaren itzulpenak egozten dizkio Sarrionandiak: "Tomas Gomez literatura nordikoen ikerlariak bi poema transladatu ditu euskarara" (1991a: 66). Bigarrena, berriz, Hezurrezko xirulakeko bi nahuatl testuen itzultzaile gisa aurkezten digu: "Nahuatl mintzairatik euskarara biak Jose Ramon Negretek transladatu ditu" (1991a: 78). Testuak ez dira apokrifoak, benetako nahuatl poemak baizik. Itzultzaileak, ordea, Sarrionandiaren asmazioa izatearen itxura guztia du. Ez da ezinezkoa Jose Ramon Negrete Sarrionandiaren adiskideren bat izatea, niretzat ezezaguna, poema horiek itzuli eta Sarrionandiari eman dizkiona. Halere, beste hainbat (sasi-)itzulpenekin egin dituenak ikusita, hau ere autoretzaren kontzeptua korapilatzeko egindako jolas gisa ulertu behar delakoan nago.

Sarrionandiaren alter ego edo heteronimotzat jotzen diren Martin Lezeta eta Ismael Larrea pertsonaiak ere pertsonaia apokrifo moduan ulertu behar lirateke (ikusi Azkorbebeita 1998: 25 eta 64). Testu eta itzultzaile apokrifoekin egin ohi duen bezala, bi pertsonaia hauekin ere errealitatea eta fikzioa nahasten ditu Sarrionandiak, identitateekin jolasten, eta irakurlea pertsonaien eta istorioen amaraun korapilatsuan sartzen. Adibiderik esanguratsuenetako bat erakustearren, aipa dezadan Ifar aldeko orduak (1990) narrazio-liburuko "Oroimena eta desira" ipuina. Martin Lezeta apokrifoaren epigrafe batek irekitzen du ipuina: "Ez diren gauzak dira ederrenak" (1990: 107); hitz horiekin, beste sasi-itzulpen askotan bezala, benetako gisa aurkezten den testuaren gezurrezkotasuna iradokitzen du Sarrionandiak. Narrazioaren hasieran Martin Lezeta apokrifoaren Oroimena eta desira liburu apokrifoaren berri ematen du, eta gero, Lezetaren biografia xehea eskaini ondoren, liburua osatzen duten hamar ipuinak deskribatzen ditu (Ifar aldeko orduak ere hamar ipuinez osatzen da, eta Martin Lezetaren liburuko azken narrazioa ere hamar ipuineko beste liburu baten komentarioa da...; amaigabeko jokoa proposatzen du horrela Sarrionandiak). Narrazio osoan zehar ematen dituen datu asko eta asko egiazkoak dira, aztertu ditudan sasi-itzulpenen hitzaurreetan gertatzen zen bezala, eta horrek egiantzekotasun handia ematen dio narrazioari.

Horrelako fikziozko pertsonaiak asmatuz, Sarrionandiak gogorarazten du edozein testuren osaeran egile batek baino gehiagok parte hartzen duela, eta, beraz, ezinezkoa dela guztiz originala izatea.

3.3. Zubi-hizkuntzak eta zubi-testuak

Gorago esan bezala, Sarrionandiak ez du beti jatorrizkotik zuzenean itzultzen; aitzitik, zubi-hizkuntzak eta zubi-testuak erabiltzen ditu maiz bere itzulpenak egiteko. Zubi-hizkuntzak erabiltzea oso normala da, kontuan hartzen badugu Sarrionandiak bost bat hizkuntza zekizkiela 2002an,[6] eta berak itzulitako testuen jatorrizko hizkuntzak berrogeita hamar inguru direla[7]. Dena dela, Sarrionandiak oso gutxitan aitortzen du itzulpenetarako erabili duen zubi-testua zein izan den. Halaxe egiten du, esate baterako, Izkiriaturiken ematen dituen Tu Fu txinatarraren poemekin: hitzaurrean jakinarazten du Octavio Paz mexikarraren itzulpenetatik itzuli dituela testuak: "Itzultzean, ohar hauetan bezala, Octavio Paz poetaren bertsioa jarraitu dut" (1995a: 67). Beste kasu batzuetan, testuak nondik itzuli dituen esplizituki esaten ez badu ere, iturriren bat aipatzen du autoreari buruzko informazioa nondik hartu duen adierazteko, eta pentsatzekoa da, halakoetan, liburu horretako itzulpenetatik euskaratu dituela testuak. Esate baterako, Hezurrezko xirulak liburuan sartu dituen lau greziar autoreen kasuan, Sarrionandiak ez du esaten haien testuak zein hizkuntzatatik itzuli dituen, baina, Agathias Eskolastikoa aurkeztean, Marguerite Yourcenar idazle frantsesaren La Couronne et la lyre (1979) liburutik hartutako aipu bat tartekatzen du (1991a: 42). Liburu horretara joz gero, hantxe aurkitzen dira Sarrionandiak euskaratutako greziar testuak, frantsesez; horiek dira, ziur aski, Sarrionandiak euskaraturikoak. Beste era bateko adibide bat ematearren, liburu bereko swahili poemaren hitzaurrean aipatzen duen Janheinz Jahnen Geschichte der neoafrikanischen Literatur (1966) aipa liteke: liburu horretan aurkitzen dira, Sarrionandiak ematen duen swahili poemaren (Sarrionandia 1991a: 130-133) jatorrizko bertsioa eta alemanezko itzulpena ez ezik, baita liburu berean jaso dituen beste poema batzuen alemanezko bertsioak ere: haussa poemenak (Sarrionandia 1991a: 138-141) eta Samuel Edward Krune Mqhayi xhosa hizkuntzako idazlearen poema batena (Sarrionandia 1991a: 191). Badirudi, baina, Sarrionandiak ez zituela poema horiek bertsio aleman horretatik itzuli, alemanezko antologiaren gaztelaniazko Daniel Romeroren itzulpenetik baizik (Jahn 1971). Nolanahi ere, kasu gehienetan Sarrionandiak ez du zubi-testuei buruzko inolako pistarik ematen, eta jatorrizkoaren hizkuntza aipatzera mugatzen da. Ipar Amerikako indioen poemen kasuan (Sarrionandia 1995a: 131-139), adibidez, ez du aipatzen zein testu baliatu dituen itzulpenak egiteko. Orobat gertatzen da palestinar idazleen poemekin (Sarrionandia 1991a: 299-307), anonimo txinoekin (1995a: 87-92), haikuekin (1995a: 121-126) edo Europako hizkuntzetan idatzitako hainbat testurekin. Hurrengo atalean erakutsiko dudan bezala, Sarrionandiak zubi-testuen inolako aipamenik egiten ez duen kasu gehienetan gaztelania erabili ohi du zubi-hizkuntza gisa, eta balirudike, beraz, jokabide horren atzean arrazoi ideologiko bat gordetzen dela, hain zuzen ere euskal irakurleen (eta Sarrionandiaren beraren) gaztelaniarekiko menpekotasuna ezkutatzeko nahia: gaztelaniazko zubi-testuak isilduz, gaztelaniaren presentzia "absorbente"[8] baina aldi berean ezinbesteko hori nolabait mugatu nahi duela dirudi. Esan liteke bestelako zubi-hizkuntzen erabilera aitortzeak ez diola erreparorik sorrarazten, eta, zubi-testuak isiltzen dituen kasuetan, hortaz, oso litekeena dela ezkutuan geratu den bitartekoa gaztelaniazkoa izatea.

3.4. Itzulpenen harrobiak

Susmo hori frogatu nahirik, beraz, Sarrionandiak zein zubi-testu erabili izan dituen ikertu nahi izan dut, eta, han-hemenka bilatuz eta arakatuz, Sarrionandiaren itzulpenen hainbat "harrobi" identifikatu ditut. Horietako gehienak itzulpen-antologiak dira; gehienak gaztelaniazkoak dira, baina badira frantsesezko eta ingelesezko batzuk ere. Badirudi Sarrionandiak horrelako liburuetatik hartzen dituela askotan bere euskal itzulpenetarako zubi-testu gisa erabiliko dituen testuak. Adibide garbienetako bat Jorge Zalamea kolonbiarraren Poesía ignorada y olvidada (1965) antologia litzateke. Bertan aurkitu ditut Sarrionandiak Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak eta Hezurrezko xirulak liburuetan tartekatu dituen bederatzi poemaren gaztelaniazko bertsioak. Hauek dira aurkitu ditudan beste harrobi batzuk: 45 cuentos siniestros (1975), Antología del humor negro (1972), La historia empieza en Sumer (1958), Antología de poesía primitiva (1987), Las literaturas neoafricanas (1971), Antología de la poesía latina (1981), Antología palatina (Epigramas helenísticos) I (1978), Versiones y diversiones (2000), Poesía palestina de combate (2003), Avanzando (1982), La couronne et la lyre. Poèmes traduits du grec (1979) eta A New Anthology of Modern Poetry (1946). Iturri edo harrobien bilaketa honetatik bi ondorio nagusi atera ditut. Lehenik eta behin, Sarrionandiak gaztelaniaz irakurri ohi zituela gero euskaratuko zituen testu gehienak, nahiz eta gaztelaniaren bitartekaritza hori isiltzen saiatu kasu gehienetan. Bigarren ondorioa litzateke Sarrionandiaren itzulpen gehienak zeharkako itzulpenak direla, itzulpenen itzulpenak, alegia; izan ere, zubi-testu gisa erabili dituen testu horiek ere itzulpenak izan ohi dira, edota itzulpenen itzulpenak. Oso interesgarria izan da poema batzuek Sarrionandiaren euskal bertsioraino iritsi arte egindako bidea aurkitzea. Sarrionandiak Hezurrezko xirulak liburuan argitaratutako "Palestinar burrukako" poemak, esate baterako, hiruzpalau hizkuntzatatik igaro dira Sarrionandiaren orrialdeetara iritsi baino lehen: poema horiek Abdellatif Laâbik itzuli zituen arabieratik frantsesera, eta La poésie palestinienne de combat (1970) antologian bildu zituen. Liburu hori gaztelaniara itzuli zuen Carmen Suárezek 1976an, eta badirudi gaztelaniazko bertsio horretatik euskaratu zituela Sarrionandiak gero Hezurrezko xirulaken argitaratuko zituen poemak. Testuek beren jatorritik abiatuta egiten dituzten ibilbide korapilatsu horiek azpimarratu egiten dute, beste behin ere, Sarrionandiak askotan aldarrikatu izan duena, alegia, "literatura oro literaturaren literatura d[el]a" (Sarrionandia 1981: 6), hau da, itzulpenen itzulpena.

3.5. Sorburu-testuen zatitze eta moldatzea

Aurreko ataletan erakutsi dudanez, beraz, jadanik itzulitako testuak baliatzen ditu Sarrionandiak, beste esku batzuetatik igarotako testu manipulatuak, behin eta berriz birsortuak. Birsorkuntza-prozesu horretan, Sarrionandiak ere bere marka inskribatzen du itzultzen duen testu bakoitzean, bere irakurketa pertsonala eskainiz eta testuak nahierara moldatuz eta manipulatuz.

Manipulazio hori, batetik, testuen zatikatzean gauzatzen da. Kasu askotan, jatorrizko testuak beren testuingurutik ateratzean, Sarrionandiak ez ditu beren osotasunean ateratzen, baizik eta interesatzen zaion zatia soilik hautatuz eta itzuliz. Horixe egiten du, esaterako, Francisco José Tenreiro idazle afrikarraren "Canção do mestiço" poemarekin: azken ahapalditik hartutako zati bat baizik ez digu eskaintzen (1991a: 240-241). Beste batzuetan, jatorrian poema gisa idatzi ez ziren testuak poema gisa aurkezten ditu Sarrionandiak, jatorrizkoaren lerro-banaketa aldatu edota manipulatuz. Adibiderik argiena, beharbada, Bartolomeo Vanzetti italiar jatorriko ekintzaile anarkista estatubatuarrak heriotzara kondenatu zuen epaimahaiaren aurrean emandako azken hitzaldia genuke, Sarrionandiak poema gisa itzuli baitzuen (1991a: 195-196). Prosatik poesiarako jauzia ez da, jakina, Sarrionandiarena, gutxienez Selden Rodmanek ere (Rodman 1946: 106-107) hala aurkeztu baitzuen, bertso-lerrotan, baina Sarrionandiak, hautatzeko izan zitzakeen bertsioetatik, hain zuzen bertso-lerrotan zegoena hartu zuen. Jatorrizko testuen izenburuak ere ez ditu beti errespetatzen. Batzuetan, jatorrizkoak izenbururik ez izan arren, itzulpena izenburu eta guzti aurkezten du Sarrionandiak. Horixe da Izkiriaturiken ematen duen Petronioren poemaren kasua: Satiricon nobelatik hartutako zati berez izenbururik gabeari "Adiskidetasuna" jarri dio goiburu (1995a: 46). Beste batzuetan alderantziz jokatzen du: jatorrizkoaren izenburua kendu edo aldatu egiten du. Esate baterako, John Donne poeta ingelesaren "The Good-morrow" izenburudun poema "Zer egin dugu" izendatu du Sarrionandiak, izenburua bere itzulpenaren lehen hitzekin osatuta eta jatorrizko goiburua baztertuta (1991a: 88). Testuen zatitze eta moldatze horiek zenbait kasutan zubi-testu gisa erabili dituen testuei zor bazaizkie ere, Sarrionandiak kontzientzia osoz erreproduzitzen ditu manipulazio horiek, jakitun baita jatorrizkoa "bere horretan" eta ahalik eta esku-hartze txikienaz transmititzea, itzulpen-teoria moderno gehienek gomendatzen zuten bezala, ilusio bat besterik ez dela. Sarrionandiarentzat, itzultzea berriro idaztea da, eta itzultzailearen esku-hartzea saihestezina ez ezik beharrezkoa ere badela aldarrikatzen du, esku-hartze edo manipulazio horri esker hartzen baititu jatorrizkoak esanahi berriak. Horretan datza, Sarrionandiaren iritziz, literaturaren eta itzulpengintzaren ahalmen sortzaile eta birsortzailea; eta itzultzailearen egitekoa, beraz, ahalmen sortzaile horretaz ahalik eta ondoen baliatu eta lan berri eta original bat eratzea da. Horrexegatik zatitzen eta manipulatzen ditu testuak Sarrionandiak, jatorrizkoa modu ausart batean bereganatuz, sorburu-testuaren gailentasun eta sakratutasuna zalantzan jarriz eta jatorrizkoa hauskorra, mugikorra eta aldakorra dela erakutsiz.

3.6. Itzulpenen eragina Sarrionandiaren lanetan

Azkenik, Sarrionandiak bere itzulpenetan erabili ohi dituen prozedura edo estrategiak aztertu ondoren, haren itzulpenen eta sorkuntzazko lanen arteko harremana ikertu nahi izan dut, eta ohartu naiz Sarrionandiak itzulpenetan sorkuntza- edo birsorkuntza-lan handi bat egiten duen bezala, "sorkuntzazko" deituriko lanen atzean ere itzulpen-lan handi bat ezkutatzen dela askotan. Oso ugariak dira Sarrionandiaren lanetan aitzindari izan dituen idazleen testuei emandako erantzunak, gustuko izan dituen poemen bariazioak, sorburu-testurik gabeko itzulpenak, testu mota jakin batzuen imitazioak eta abar. Horrelako testuek, beraz, Sarrionandiaren sormenaren fruitu izan arren, aurreko idazle eta testuen oihartzun garbiak jasotzen dituzte, eta, zentzu horretan, itzulpen edo birsorkuntzatzat ere jo litezke.

Sarrionandiaren obran behin eta berriz entzun daitekeen oihartzun nabarmenetako bat T. S. Eliotena da: The Waste Land euskaratzeaz gain (1983c), Sarrionandiak askotan tartekatu ditu autore anglo-estatubatuarrari buruzko erreferentziak bere sorkuntza-lanetan. Esate baterako, Hnuy illa nyha majah yahoo poesia-liburuaren sarreran Elioten aipu bat ageri da (1995b: 5). Ifar aldeko orduak liburuko "Oroimena eta desira" ipuinaren izenburua ere (1990: 107) The Waste Land poematik hartua da. Narrazioak liburuko "Itzalarekin solasa" ipuinean, berriz, Elioten The Hollow Men poemaren pasarteak errezitarazten dizkio Sarrionandiak itzalari, euskaraturik (1983a: 39).

Interesgarriak dira, halaber, Sarrionandiak Elioten The Waste Land poemaren hasiera baliatuz egiten dituen jokoak. Elioten poema apirila hilabeteetan krudelena dela esanez hasten da, jatorrizkoan nahiz Sarrionandiak egindako itzulpenean ikus daitekeenez:

April is the cruellest month, breeding
Lilacs out of the dead land, mixing
Memory and desire, stirring
Dull roots with spring rain.
[...]

(Eliot 1922: 2)

Apirila da hilarik krudelena, lur
Hileko lilak hazten, oroimena eta desira
Nahasten, sustrai uherrak
Udaberriko euriez eragiten.
[...]

(Sarrionandia 1983b: 127)

Sarrionandiak 1983an egindako itzulpenak nahiko gertutik jarraitzen dio Elioten testuari; ez da jatorrizkotik gehiegi desbideratzen. Sarrionandiak badu, ordea, poema horren "desbideratze"-tzat jo litekeen "itzulpen" edo "birsorkuntza" bat Izuen gordelekuetan barrena poesia-liburuan: "Apirilari gorazarrea" poeman, Sarrionandiak kontra egiten dio Elioten poemari, apirila hilabeterik atseginena ez izan arren krudelena ere ez dela gogoraraziz:

[...] Apirila ez da ilarik atseginena,
baina krudelena ere ez
Eta ez diot gorasarre gehiago eginen.
(Sarrionandia 1981: 21).

Adibide honetan ikus daitekeenez, sorkuntza eta itzulpena nahasirik ageri zaizkigu maiz Sarrionandiaren lanetan. Bi poema hauek, The Waste Land poemaren itzulpena den "Lur eremua" eta poema horren erantzuna litzatekeen "Apirilari gorazarrea", Elioten poema berberaren bi euskal bertsiotzat jo litezke, nahiz eta bietako bat, lehen begiratuan behintzat, jatorrizkotik gertuago egon. Horrelako jolasen bidez, Sarrionandiak zalantzan jartzen du itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko bereizketa, eta gogorarazten du poema bakoitzak, bizirik irauteko, beste idazle eta itzultzaile batzuen itzulpen, berridazketa, erantzun edo berrasmaketak behar dituela.

Ondorioak

Ondorio gisa, esango nuke Sarrionandiaren itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika postmodernoak direla modernoak baino gehiago, eta Sarrionandia izan dela euskal itzulpenaren historian praktika postmoderno horiei modu kontziente eta koherente batean ekin zien lehen itzultzailea. Haren itzulpen-estrategiak aztertuta, argi geratu da itzulpena birsorkuntza gisa ulertzen duela Sarrionandiak, eta ez dituela itzulpen-irizpide nagusien artean jartzen originalarekiko fideltasuna edota jatorrizko egilearen sakratutasuna. Dena den, aitortu behar dut Sarrionandiak testuak itzultzean hartzen duen birsortze-askatasun hori ez dela hasieran uste nuen bezain zabala: Sarrionandiaren itzulpen batzuk beren jatorrizko testuekin erkatzean aurkitu ditudan zenbait desberdintasun zubi-testu gisa erabilitako itzulpenari zor zaizkio askotan, bere itzulpen-praktika ausart eta esku-hartzaileari baino gehiago. Sarrionandiak nahiko hurbiletik jarraitu ohi dio, oro har, itzultzean begi aurrean izan duen bertsioari. Hala eta guztiz ere, zubi-testuari gertutik jarraituz itzultzeko joerak ez dio itzulpenaren epistemologia moderno bati erantzuten; alegia, Sarrionandiaren itzulpen-irizpide nagusia ez dut uste inoiz izan denik jatorrizkoa ahalik eta gutxien eraldatzea, hala balitz zubi-testuak saihesten ahaleginduko baitzatekeen, eta jatorrizko iturrietara jotzen, eta baita jatorrizkoaren izenburua, lerroen banaketa eta beste hainbat ezaugarri errespetatzen ere. Itzulpen batzuk egiteko zubi-testuetatik abiatu izanak argi erakusten du Sarrionandiak ez diola testu "originalari" testu horren bertsio edo itzulpen desberdinei baino balio handiagorik ematen, hain zuzen "original" deitutako testua ere, hein batean, beste testu batzuetan oinarritutako berridazketa edota "itzulpena" izaten baita ezinbestean. Sarrionandiak nahiago du literatura itzulpenen itzulpenen itzulpenez osatzen den sare erraldoi bezala ulertu, jatorririk eta helmugarik ez duen eta etengabe eraldatzen ari den harreman-joko bezala, non testu batek aurreko beste testu batzuei erantzuten dien eta aldi berean erantzun berriei irekita gelditzen den. Izan ere, "dena da funtsean translazioa" (Sarrionandia 1995a: 9).

BIBLIOGRAFIA

AZKORBEBEITIA, Aitzpea (1998). Joseba Sarrionandia: irakurketa proposamen bat, Bilbo: Labayru ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala.
BARTHES, Roland (1984). Le bruissement de la langue, Paris: Seuil.
BASSNETT, Susan & André LEFEVERE (arg.) (1990). Translation, History and Culture, Londres: Pinter.
BASSNETT, Susan & André LEFEVERE (arg.) (1998). Constructing Cultures: Essays on Literary Translation, Clevedon & Philadelphia: Multilingual Matters.
BASSNETT, Susan & Harish TRIVEDI (arg.) (1999). Post-Colonial Translation: Theory and Practice, Londres & New York: Pinter.
BENJAMIN, Walter (1972). "Die Aufgabe des Übersetzers" [1923], in Gesammelte Schriften IV-I, Frankfurt am Main: Suhrkamp Verlag, 9-21.
BERMAN, Antoine (1984a). L'épreuve de l'étranger : Culture et traduction dans l'Allemagne romantique, Paris: Gallimard.
BERMAN, Antoine (1984b). "Traduction ethnocentrique et traduction hypertextuelle", L'écrit du temps 7, 109-123.
BERMAN, Antoine (1985). "La traduction comme épreuve de l'étranger", Texte 4, 67‑81.
BILBAO, Gidor (2002). Latin literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.
BLOOM, Harold (1973). The Anxiety of Influence, Oxford: Oxford University Press.
BLOOM, Harold (1975). A Map of Misreading, Oxford: Oxford University Press.
BRETON, André (1972). Antología del humor negro [Joaquín Jordák itzulia], Bartzelona: Anagrama.
CARDENAL, Ernesto (1987) [1979]. Antología de poesía primitiva, Madril: Alianza.
CATFORD, John Cunnison (1965). A Linguistic Theory of Translation, Londres: Oxford University Press.
CRONIN, Michael (1996). Translating Ireland: Translation, Languages, Cultures, Cork: Cork University Press.
DAMROSCH, David (2003). What is World Literature?, Princeton: Princeton University Press.
DE CUENCA Y PRADO, Luis Alberto & Antonio ALVAR EZQUERRA (1981). Antología de la poesía latina, Madril: Alianza Editorial.
DE MAN, Paul (1986). The Resistance to Theory, Minneapolis: University of Minnesota Press.
DERRIDA, Jacques (1967). De la grammatologie, Paris: Éditions de Minuit.
DERRIDA, Jacques (1972a). Marges de la Philosophie, Paris: Éditions de Minuit.
DERRIDA, Jacques (1972b). Positions, Paris: Éditions de Minuit.
DERRIDA, Jacques (1985). "Des tours de Babel", in Joseph F. Graham (arg.) Difference in Translation, Ithaca: Cornell University Press, 209-248.
ELIOT, Thomas Stearns (1922). The Waste Land, New York: Boni and Liveright.
EVEN‑ZOHAR, Itamar (1990). "The Position of Translated Literature Within the Literary Polysystem" [1978], Poetics Today 11:1, 45-51.
FERNÁNDEZ-GALIANO, Manuel (1978). Antología palatina (Epigramas helenísticos) I, Madrid: Gredos.
FOUCAULT, Michel (1977). Language, Counter-Memory, Practice [Donald F. Bouchardek eta Sherry Simonek itzulia], Ithaca: Cornell University Press.
GADAMER, Hans‑Georg (1960). Wahrheit und Methode, Tübingen: Mohr.
GANDOLFO, Elvio & Samuel WOLPIN (1975). 45 cuentos siniestros, Buenos Aires: Ediciones de la Flor.
GENTZLER, Edwin & Maria TYMOCZKO (arg.) (2002). Translation and Power, Amherst: University of Massachusetts Press.
GOYTISOLO, Juan (1977). Disidencias, Bartzelona: Seix-Barral.
HERMANS, Theo (1985). "Translation studies and a new paradigm", in Theo Hermans (arg.) The Manipulation of Literature: Studies in Literary Translation, Beckenham: Croom Helm, 7‑15.
HOLAN, Vladimir (1982). Avanzando [Clara Janések itzulia], Madril: Editora Nacional.
HOLMES, James (1988). "The Name and Nature of Translation Studies" [1972], in Translated! Papers on Literary Translation and Translation Studies, Amsterdam: Rodopi, 67‑80.
JAHN, Janheinz (1966). Geschichte der neoafrikanischen Literatur. Eine Einführung, Düsseldorf-Köln: Eugen Diederichs.
JAHN, Janheinz (1971). Las literaturas neoafricanas [Daniel Romerok itzulia], Madril: Guadarrama.
KADE, Otto (1968). Zufall und Gesetzmässigkeit in der Übersetzung, Leipzig: Enzyklopädie.
KOLLER, Werner (1979). Einführung in die Übersetzungswissenschaft, Heidelberg‑Wiesbaden: Quelle und Meyer.
KRAMER, Samuel Noah (1958). La historia empieza en Sumer [Jaime Elíasek itzulia], Bartzelona: Aymá.
LAÂBI, Abdellatif (1970). La poésie palestinienne de combat, Paris: Pierre Jean Oswald.
LAÂBI, Abdellatif (2003) [1976]. Poesía palestina de combate [Carmen Suárezek itzulia], Buenos Aires: Nuestra América.
LEFEVERE, André (1992). Translation, Rewriting and the Manipulation of Literary Fame, Londres: Routledge.
LEIZARRAGA, Joanes (itz.) (1571). Iesvs Christ Gvre Iavnaren Testamentv Berria, Arroxela: Pierre Hautin.
MESCHONNIC, Henri (1999). Poétique du traduire, Paris: Verdier.
NEUBERT, Albrecht (1973). "Invarianz und Pragmatik", in Walter Graul, Otto Kade, Karl Kokoschko & Hans Zikmund (arg.) Neue Beiträge zu Grundfragen der Übersetzungswissenschaft, (Beihefte zur Zeitschrift Fremdsprachen, V-VI), Leipzig: Enzyklopädie, 13-25.
NEUBERT, Albrecht (1986). "Translatorische Relativität", in Mary Snell-Hornby (arg.) Übersetzungswissenschaft - eine Neurorientierung: Zur Integrierung von Theorie und Praxis, Tübingen: Franke Verlag, 85-105.
NEWMARK, Peter (1981). Approaches to Translation, Oxford & New York: Pergamon.
NEWMARK, Peter (1988). A Textbook of Translation, New York & Londres: Prentice‑Hall.
NIDA, Eugene A. (1964). Toward a science of translating, Leiden: EJ Brill.
NIRANJANA, Tejaswini (1992). Siting Translation: History, Post‑Structuralism, and the Colonial Context, Berkeley: University of California Press.
PAZ, Octavio (1971). Traducción: literatura y literalidad, Bartzelona: Tusquets.
PAZ, Octavio (2000) [1973]. Versiones y diversiones, Bartzelona: Galaxia Gutenberg & Círculo de Lectores.
POTT (1978). "Itzulpena eta traizioaren praktika", Pott 3 (Pott bandaren blaga), 27-29.
REISS, Katharina (1971). Möglichkeiten und Grenzen der Übersetzungskritik, München: Max Hueber Verlag.
REISS, Katharina & Hans J. VERMEER (1984). Grundlegung einer allgemeinen Translationstheorie, Tübingen: Niemeyer.
RICHARDS, Ivor Armstrong (1929). Practical Criticism, New York: Harcourt Brace.
RICHARDS, Ivor Armstrong (1953). "Toward a Theory of Translating", in Arthur F. Wright (arg.) Studies in Chinese Thought, Chicago: University of Chicago Press, 247-262.
ROBINSON, Douglas (1991). The Translator's Turn, Baltimore & Londres: The Johns Hopkins University Press.
RODMAN, Selden (1946) [1938]. A New Anthology of Modern Poetry, New York: Random House.
SARASKETA, Mitxel & Joseba SARRIONANDIA (1985). Hamairu ate, Donostia: Elkar.
SARRIONANDIA, Joseba (1980). "Giovanni Boccaccio eta Gabriel Aresti Dekamerone tipi batetan", Anaitasuna 1980.02.15, 36-37.
SARRIONANDIA, Joseba (1981). Izuen gordelekuetan barrena, Bilbo: Bilboko Aurrezki Kutxa.
SARRIONANDIA, Joseba (1983a). Narrazioak, Donostia: Elkar.
SARRIONANDIA, Joseba (itz.) (1983b). "T. S. Eliot. Lur eremua", in Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia & Jon Juaristi (itz.) T. S. Eliot Euskaraz, Donostia: Hordago, 123-167.
SARRIONANDIA, Joseba (itz.) (1985). Fernando Pessoa. Marinela (Kuadro bakarreko drama estatikoa), Donostia: Susa.
SARRIONANDIA, Joseba (1990). Ifar aldeko orduak, Donostia: Elkar.
SARRIONANDIA, Joseba (1991a). Hezurrezko xirulak, Donostia: Elkar.
SARRIONANDIA, Joseba (1991b). Poemas náufragos (galegoz heldutako poemak), Donostia: Susa.
SARRIONANDIA, Joseba (1995a) [1985]. Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, Iruñea: Pamiela.
SARRIONANDIA, Joseba (1995b). Hnuy illa nyha majah yahoo, Donostia: Elkar.
SARRIONANDIA, Joseba (itz.) (1995c). S. T. Coleridge. Marinel zaharraren balada, Iruñea: Pamiela.
SARRIONANDIA, Joseba (itz.) (1999). Manuel Bandeira. Antologia, Iruñea: Pamiela.
SARRIONANDIA, Joseba (2002). "Joseba Sarrionandia" [elkarrizketa], in Hasier Etxeberria, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan, Irun: Alberdania, 277-346.
SARRIONANDIA, Joseba (2005). "Espainolek gutaz esaten dituzten gezur batzuk asumitu ditugu" [elkarrizketa], Argia 2005.07.08.
SARRIONANDIA, Joseba (2010). Moroak gara behelaino artean?, Iruñea: Pamiela.
SIMON, Sherry (1994). Le trafic des langues, Montréal: Boréal.
SIMON, Sherry (1999). Hybridité culturelle, Montréal: Île de la tortue.
SPIVAK, Gayatri Chakravorty (1988). "Can the Subaltern Speak?", in Cary Nelson & Lawrence Grossberg (arg.) Marxism and the Interpretation of Culture, Urbana: University of Illinois Press, 271-313.
SPIVAK, Gayatri Chakravorty (2000). "The Politics of Translation" [1992], in Lawrence Venuti (arg.) The Translation Studies Reader, Londres & New York: Routledge, 397-416.
STEINER, George (1975). After Babel: Aspects of Language and Translation, Londres & New York: Oxford University Press.
TOURY, Gideon (1995). Descriptive Translation Studies - And Beyond, Amsterdam: John Benjamins.
TYMOCZKO, Maria (1999). Translation in a Postcolonial Context, Early Irish Literature in English, Manchester: St. Jerome Publishing.
TYMOCZKO, Maria (2007). Enlarging Translation, Empowering Translators, Manchester (UK) & Kinderhook (NY, USA): St. Jerome Publishing.
VENUTI, Lawrence (arg.) (1992). Rethinking Translation: Discourse, Subjectivity, Ideology, Londres & New York: Routledge.
VENUTI, Lawrence (1995). The Translator's Invisibility: A History of Translation. Londres: Routledge.
VENUTI, Lawrence (1998). The Scandals of Translation, Londres & New York: Routledge.
VINAY, Jean Paul & Jean DARBELNET (1960) [1958]. Stylistique comparée du français et de l'anglais: Méthode de Traduction, Paris: Didier.
WILSS, Wolfram (1977). Übersetzungswissenschaft. Probleme und Methoden, Stuttgart: Ernst Klett Verlag.
YOURCENAR, Marguerite (1979). La couronne et la lyre. Poèmes traduits du grec, Paris: Gallimard.
ZALAMEA, Jorge (1965). Poesía ignorada y olvidada, Habana: Casa de las Américas.
ZDANYS, Jonas (1987). "Teaching Translation: Some Notes Toward a course Structure", Translation Review 23, 9-11.


Oharrak

1. 2011ko azaroaren 4an defendatu nuen, UPV/EHUko Letren Fakultatean, Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan izeneko doktore-tesia, Gidor Bilbao irakaslearen zuzendaritzapean idatzia. Idurre Alonso (Mondragon Unibertsitatea), Aurelia Arkotxa (Université Michel de Montaigne - Bordeaux-3), Amelia Barquín (Mondragon Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi (UPV/EHU) eta Ibon Uribarri (UPV/EHU) izan ziren epaimahaian tesiaren defentsa-egunean. Sherry Simon (Concordia University) eta Helena Buffery (University College Cork) irakasleek ere tesiari buruzko txostenak egin zituzten.

2. Ikerketa-lan hau Joseba A. Lakarrak zuzenduriko eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak finantzaturiko «Monumenta linguae Vasconum (III): crítica textual, lexicografía histórica e historia de la lengua vasca» (FFI2008-04516) ikerketa-proiektuaren barruan egin da, eta Eusko Jaurlaritzak finantzaturiko «Historia de la lengua vasca y lingüística histórico-comparada» (GIC 07/89-IT-473-07) ikerketa-talde kontsolidatuaren eta UFI11/14 erreferentziadun UPV/EHUko Prestakuntza eta Ikerketa Unitatearen («Hizkuntzalaritza Teorikoa eta Diakronikoa: Gramatika Unibertsala, Hizkuntza Indoeuroparrak eta Euskara») lanen artean kokatzen da.

3. Ezinezkoa da postmodernismoa modu erraz, argi eta labur batean definitzea. Gizarteko eta kulturako arlo bakoitzean agerpen oso desberdinak izan ditu, eta, beraz, ezinezkoa da arlo horietarako guztietarako balioko luketen ezaugarri postmodernoak zerrendatzea. Nire tesian, epistemologia postmodernoa itzulpenaren diskurtsoan nola gauzatzen den aztertu dut, batez ere azken hamarkadotako itzulpen-teoriek aurreko teoria modernoekiko agertzen dituzten desberdintasunak nabarmenduz.

4. Argia aldizkarian 2005ean emandako elkarrizketa batean ere gauza bera aitortzen duen arren ("Eta orain Itzuli ezinak deitzen den liburu bat ari naiz amaitzen", Sarrionandia 2005), orain artean ez du Sarrionandiak izenburu horrekin poema-libururik argitaratu.

5. Hona hemen jatorrizkoa: "Tu ne quaesieris, scire nefas, quem mihi, quem tibi / finem di dederint, Leuconoe, nec Babylonios / temptaris numeros. Ut melius, quicquid erit, pati, / seu pluris hiemes seu tribuit Iuppiter ultimam, / quae nunc oppositis debilitat pumicibus mare / Tyrrhenum: sapias, vina liques et spatio brevi / spem longam reseces. dum loquimur, fugerit invida / aetas: carpe diem, quam minimum credula postero" (Horazio, Carmina ('Odak'), I, XI).

6. Hasier Etxeberriak 2002an egin zion elkarrizketan zenbat hizkuntza zekizkien galdetuta, honela erantzun zuen Sarrionandiak: "Ba euskaraz, espainolez, portugesez, ingelesez eta frantsesez irakurtzen dut apur bat behintzat" (Sarrionandia 2002: 305).

7. Hauek dira Sarrionandiaren itzulpenetan identifikatu ditudan jatorrizko hizkuntzak: greziera klasikoa, latina, mozarabiera, ingeles zaharra, aleman zaharra, frantses zaharra, irlandera, galesa, galiziera, katalana, flandesera, ingelesa, alemana, frantsesa, portugesa, espainola, greziera, italiera, errumaniera, txekiera, finlandiera, errusiera, hungariera, poloniera, sumeriera, sanskritoa, arabiera, pertsiera, vietnamera, txinera, japoniera, egiptoera zaharra, tuarega, haussa, kabiliera, swahilia, xhosa, eskimala, araukanoa, arapahoa, miskitoa, chippewa, seminola, komantxea, lakota, nez-percé-a, nahuatl-a, kokonukoa, ketxuera eta kiliwa.

8. "Absorbente" izenondoa erabiltzen du Sarrionandiak Hasier Etxeberriak hizkuntzekiko zaletasunaz galdetzen dionean: "ETXEBERRIA: Zer dela eta hainbeste hizkuntzetarako joera hori? / SARRIONANDIA: Espainolek espainiera hizkuntza unibertsal moduan ezarri digute beti eta ideia horren aurkako erresistentzia izango da seguru asko, espainieraren bitartekaritza gainetik kentzeko, nik behintzat nahiago nuen Alvaro Cunqueiro gailegoz irakurri espainieraz baino, eta nahiago dut W.H. Auden ingelesez irakurri espainieraz baino. Espainiaren bitartekaritza orokorra onartuz gero, oso absorbentea da eta, euskara espainieraren dialekto bihurtuko da. / Espainiera naturaltasunez onartu behar da, baina beste hizkuntzak ere bai. Beste hizkuntzak ikastea norbere hizkuntza erreibindikatzeko modu on bat da gainera, munduko hizkuntzak ugari eta denak baliagarriak direla ametitzea askatasuna eta igualitarismoa da" (Sarrionandia 2002: 305-306). Esanak esan, dena den, badirudi askotan ez duela espainieraren bitartekaritzaz baliatu beste aukerarik izango, ulertzen ez dituen hizkuntzetan idatzitako hainbat testu euskaratzeko.