Zeuk zelan nahi
Maialen Berasategi Catalán

EIZIEk eta DSS2016EU erakundeak Shakespeareren Ametsa biziarazten egitasmoa prestatu zuten 2014ko udazken alderako, aprobetxaturik 2016an William Shakespeareren A Midsummer Night's Dream antzeztuko dutela Donostian, Juan Garzia Garmendiak euskaraturik. Egitasmoaren lehen saioan, Itzultzailearen sukaldea (I) izenekoan, obra hori itzultzeko prozesuaz mintzatu zen Garzia, Gasteizko Letren Fakultatean, Itzulpengintzako ikasleen aurrean nagusiki, eta nork bere itzulpen-saiotxoa egin zezan ere proposatu zuen. "Nola hasiko da, bada, itzultzaile hasiberri bat Shakespeare itzultzen? Eta zergatik?" galdetuko dio jende gehienak bere buruari. Bada, hona dakargun galdera da: eta zergatik ez? Horra hor hasiberri eta uzkurrentzako jolaserako tentaldia.

Hitzaurretxo bat, honako zera hau azaltzeko

EIZIEk eta DSS2016EU erakundeak Shakespeareren "Ametsa" biziarazten egitasmoa prestatu zuten 2014ko udazken alderako, aprobetxaturik 2016an William Shakespeareren A Midsummer Night's Dream obra antzeztuko dutela Donostian, Juan Garzia Garmendiak euskaraturik. Egitasmoaren helburua itzultze-prozesu hori gizarteratu eta eztabaidatzea zen, eta lehen saioa, Itzultzailearen sukaldea (I) izenekoa, irail inguruan izan zen, Gasteizko Letren Fakultatean. Han, Idoia Noblek gidatuta, antzezlan sonatu hori Uda-gau bateko ametsa bihurtzeko prozesuaz mintzatu zen Garzia bera, argi, jori eta umoretsu, Larraitz Ariznabarreta irakasle eta shakespearezale adituaren esplikazio eta iruzkin jakingarriek lagundurik, parean eserita zeudela askotariko ikus-entzuleak, baina ––logikoa denez–– fakultateko ikasle gazteak gehienbat.

Egun hartan, Garziarekin, Ariznabarretarekin eta Noblerekin mahai luze berean esertzeko ohorea eta ezustea izan nuen. Jarri orduko pentsatu nuen okerreko aulkian nengoela, entzuleen artean nuela neurez lekua, batere ez aspaldi nire etxe ere izan zen fakultate hartako ikasle haiekin guztiekin. Zer nuen nik, izan ere, Shakespeareren gainean esateko? Eta, batez ere, nola hasiko nintzen ni Shakespeare itzultzen?

Bada, egun hartan, Garziak zizt egin zigun denoi, eta antzezlan haren lagin batzuk itzultzera tentatu gintuen. Tentaldian bete- betean erorita, horri tiraka piztu zaizkit jolas-gida hala moduzko honetarako hauek, neure buruari ez ezik beste ikasle eta hasiberri eta ez hain hasiberri baina bai uzkurrei ere beldurrak uxatu eta ikusarazteko zergatik merezi duen eta zer ederra eta probetxuzkoa izan daitekeen edonorentzat Shakespeare itzultzen saiatzea, asmo handirik gabe eta aldarte onean saiatuz gero behintzat.

Beraz, inor hor nonbait erreparoek eta aurreiritziek jota balego ere, hona hemen jolaserako gonbit ez batere serio bat.

Zergatik jolastu

j) Ezinkizun bat delako ia. Eta gauza zail eta ia ezinezkoen bizigarria badelako nahikoa sari. Esaten denez, gauza errazak begiak itxita egiten dira; bada, gauza zailak egiteko, ireki eta zolitu egin behar dira begi-garunak. Zernahi testurekin gabiltzala ere, ezinezkotasunaren erronka ia beti da suspergarria: irakurri ahala gero eta luzatzenago direla ematen duten esaldi erdi ulertezin sintaxi demoniozkoz betetako testu juridiko-administratibo hala moduz josiak itzultzearen alderdirik jostagarriena esaldi erdi ulertezin sintaxi demoniozkoak itzultzea den bezala, Shakespeareren ingeles aspaldikoa, irudi asmamentsuak, erreferentzia kultural, literario eta historiko amaigabeak, zentzu aho biko eta hirukoak, itzulinguru original trinkotuak eta errima eta neurri ezinezkoak -besteak beste- itzultzearen alderdi jostagarrienak ere horiexek berak dira.

o) Santa sekula ez delako izan orain adina baliabide. Pentsa zenbat gizakitxo asmo oneko aritu den gaur arte Shakespearerenak paperezko hiztegi gutxi batzuen laguntza xumeaz itzultzen, burua ondo-ondo jantzia izan arren erdi biluzik bezala. Pentsa zer-nolako informazio-unibertso hedakorra dugun guk klik gutxi batzuetara.

l) Enpleguetarako eta bestelako lanetarako inbertsio bat delako. Bai, anker samarra izango da, beharbada, enplegugabeziaren munstroak irentsitako garai honetan enpleguaz eta inbertsioez mintzatzen hastea, baina, jolasa eta ametsa ia bat direnez, eta kontuan harturik badirela enplegu ez diren lanak, pentsa dezagun izango dugula lan nolabaitekoren bat gaur ez bada bihar, eta Shakespeare itzultzen saiatzea lagungarri izango zaigula ziur, hizkuntz eskolan izena ematea adina, EGLUak eskura edukitzea adina. Jolas hau bai baita errenta.

a) Gutxitan izaten delako halako ikastaro trinko malgu doakorik. Azkenaldian gizaki kosmopolita beti (pre)okupatuaren zama arintzeko eskaintzen diren online ikastaro horiek baino askeagoa eta malguagoa da jolas hau, erabat norberaren esku baitago noiz eta zenbat eta noraino. Gainera, gehienera ere, denbora pixka bat eta neurona dezente besterik ez dugu gastatuko ––pentsa zer-nolako zozokerietan gastatu ohi ditugun denbora eta neuronak batere eragozpenik gabe––, poltsikoa urratzeke, eta trukean jasoko duguna osoro izango da probetxuzkoa: izan ere, gure geure itzulpen-prozesuan bertan ikasiko duguna gutxi ez, eta gero, aukera izango dugu jadanik eginak eta argitaratuak dauden itzulpenekin alderatzeko gure uztatxoa, ikusteko zertan asmatu dugun, zertan geratu garen motz eta zertan luze, eta berriz ere ohartzeko zeinen sorkari desberdinak erna daitezkeen hazi beretik.

s) Ez delako inportantea. Ez goaz inora. Bide erdian etsita ere, berdin dio. Itzulanean aurrera estropezuka egiten badugu ere ––eta halaxe egingo dugu, ziurrenera––, zer axola. Ez digu inork notarik jarriko. Ez dugu behar ohorezko matrikularik. Ez dugu beharrik gure maistratasunaren edo maisutasunaren haizerik puzteko, eta ez dugu epailerik ere; gehienez, izan gaitezen gu geu epaile, baina epaile samur samar, epaile onbera. Geure buruari erakutsi eta irakatsi, hori baino ez dugu egin behar. Jolas honek, jolas guztiek bezalaxe, inportanteak ez diren gauzen garrantzi gorena besterik ez du.

Beroketa-lanak

Konbentzitu gaitut? Ederki. Bada, hasi aurretik, beroketa- eta luzaketa-ariketa batzuk.

Ezer baino lehen, itzulgaia hautatu behar. Obra askotarikoak idatzi zituen Shakespeare jaunak, gutxi-asko tentagarriak denak, eta batzuek badute beste batzuek baino sona handiagoa, eta prestigioa, eta ––barkatuko didazue topikoaren topikoa–– erronkari samarrak omen gara euskaldunok, baina, aukeran, seguruenik, hobe izango da sonetoak, adibidez, aurreraxeagorako uztea, eta ekitea, esaterako, uda-gau bateko amets zoro zoragarriarekin, ez itzulgai samur-samurra delako berez, baizik eta igerian ez dakienarentzat komenigarriagoa izaten delako aintzira batean hastea ezen ez itsaso zabal zakar hotz ekaiztsu batean.

Obra hautatuta, bi joeraren artean erabaki behar da segidan ––argi dago ez dela hau dudamudatsuentzako lan aproposa––: batzuek, ez baitira funanbulismoan begiak estalita aritzearen oso zale, esaten dute komeni dela lehenago obra osorik irakurtzea, hasieratik bukaerara ––kondairak dioenez, bada bukaeratik hasierara leitzea gomendatu duenik ere, baina kondairak beti kondaira––, eta beste batzuek, berriz, esaten dute hobe dela itzuli ahala egitea aurrera, irakurleek berek egingo duten bezala, aldez aurreko informazioak ez dezan itzali itzultzailearen txinparta eta freskura eta. Norberak ikusiko du, beraz, segurolen edo espontaneoen taldekoagoa den.

«––Zer ari da irakurtzen berori?

––Hitzak, hitzak, hitzak.»

Bizitzan beste askotan bezala, garrantzitsuagoa izango zaigu kalitatea, kantitatea baino. Izan ere, hitz-gordailu, -biltegi, -kutxak, ahalik eta gehien bainoago, ahalik eta askotarikoenak eta osoenak beharko ditugu: ele biko hiztegiak, ele bakarreko definiziodunak, antzinako ingelesarenak, sinonimoenak, glosarioak, paperezko baliabideak eta digitalak... Internetek, adibidez, Shakespeareri buruzko webgune espezializatu dezente ekarri dizkigu, trinkoak batzuk, dibulgaziokoagoak beste batzuk, eta, horietan, arrasto baliagarriak aurkituko ditugu seguru ––esaterako, Shakespeare-online webguneko glosarioan––.

Gure jolas honen arau eta jarraibideak ondo-ondo ulertzeko, ezinago baliagarri izango zaizkigu Shakespeareren ospea eta horren ondorioz jaulkitako informazio- isuri ia konpultsiboa. Har dezagun arnasa, eta ez gaitzala izutu informazioaren ugariak, leku erosoan gaude eta: dokumentatu egin behar dugu, bai, baina ez tesi bat egin. Ez dugu zertan irakurri Shakespeareri buruzko literatura eta aparatu kritiko amaigabe guztia. Are gehiago ––ez zabaldu askorik kontu hau––: irakasleek esanak esan, Wikipediarekin hasteko baimena ere badugu oraingoan. Ingelesezko Wikipediarekin, hori bai; ahal dela.

Irakur dezagun han-hemen idazlearen eta haren idazmolde, estilo, genero, gaien gainean. Irakur ditzagun obraren beraren ingurukoak ere __segurolen taldekoak bagara, bereziki__. Bizitzan aldez aurretik bestela leitu dugun guztia ere ez da izango inondik ere kalterako ––kultura klasikoaz dakigun(txo) hori, adibidez––, kontuan harturik zenbat erreferentziarekin egingo dugun topo itzulanean.

«Mundua eszenategi handi bat da eta komediante hutsak gizon-emakumeak!»

Burua zenbat eta jantziago hobe, mozorroa ondo janzteko. Bai, mozorroa. Kondairak baitio itzultzea mozorrotzea dela: jarri behar dela idazlearen maskara, batetik, eta pertsonaiena, bestetik. Azken batean, ahalik eta gehien inspiratu eta shakespearetu behar du itzultzaileak, eta pertsonaien larruan jarri ––behar diren astaburu eta lehoi-buru guztiak barne––, obra sinesgarriagoa izan dadin, ahal dela, Snug zurginak-eta egindako antzezlan hala moduzko hori baino.

Komedia bat baldin bada hau guztia, izan gaitezen komediante.

Ez larritu: ez da hain zaila mozorrotze-kontu hori. Gogoan izan nola txikitan medikutan jolasten ginen, estetoskopio alegiazko erreal askoak lepotik zintzilik; ahaleginik batere egin gabe sinesten genuen suhiltzaile ginela, eta oihaneko tximino, eta guraso, eta Son Goku. Eta zer pertsonaia aukeratu, horretara egokitzen genuen hitz egiteko, mugitzeko, erantzuteko modua. Bada, horixe bera egin behar dugu orain: nola mintzo dira Hermia eta Lysander maiteminduak? Nola maitagarrien errege-erreginak, eta nola Puck bihurria? Nola antzezle xelebreak? Ba al da hizkera jasorik? Eta laurik? Nork hitz egiten du neurtitzetan beti, eta nork inoiz ez? Nork darabiltza errimak, eta noiz? Halakoez zenbat eta gehiago jabetu, orduan eta hobeto mozorrotuko gara, eta orduan eta gehiago sartuko gara Shakespeareren lumaren garuntxoaren barruan.

«Eresia ba'da maitetasunaren yaki,  ekin yoten,  asebete nagizue eresiz»

Orduan helduko zaigu ezaspergarren erabakiak hartzeko garaia. Bata, ea Puck eta Lysander eta Snug eta lehen aipatu ditugun izen horiekin guztiekin zer egingo dugun. Nabarmena denez, doinu arrotz samarra dute izen horiek euskal irakurleentzat, eta han-hemen aurkituko ditugun esamolde, irudi eta erreferentzia batzuk ere, berdin- berdin, berezko ditu ingelesak, baina bestezko samar euskarak. Geure esku, beraz, doinu arrotz horiek denak exotiko utzi edo intratiko bihurtu edo ––beharbada logikoena dena––kasuan-kasuan erabakiz joan.

Eta beste delibero garrantzitsu bat: ea errimei eta neurriari eusten saiatuko garen, eta, baiezkoan, nola. Oso litekeena da orain arte prosa besterik itzuli ez izana; hala bada, itzulpen-lanari neurria eta errimak gehitzea, akaso, kartzela baten barruan beste kartzela bat eraikitzea irudituko zaigu. Baina jolastientzako galdera: zer litzateke txingoan aritzea lurrean harri-puska batekin lauki batzuk zirrimarratu gabe? Edo, nahiago izatera, artistentzako galdera: ez ote du merezi hitzen musika ––«eresia»–– eta haren zoliak eta grabeak eta perkusioak ahalik eta finen jotzen saiatzea? Edo, lehen bezala, erronkarientzako erronka: ezetz Shakespeare neurri- errima eta guzti itzuli!

Ez dugu zertan errima kontsonanteekin erotu. Bada euskal errimen sistema oso erabilgarri bat, bertsozaleei ezaguna izango zaiena, baina, hori ere nekezegi gertatuz gero, ez litzateke txarra errima asonante soilekin saiatzea ere. Are gehiago: bide guztiak urratzen hasita, beste aukera bat da pertsonaia bakoitzari errima-mota jakin bat ematea, jatorrizko errimekin edo pertsonaien mintzaerarekin bat datorrena.

Neurriarekin, berriz, tentuz. Gogoratu ingelesa hizkuntza sintetikoa, trinkotzailea, laburzalea dela, nolabait esateko, eta ez fonetikoki bakarrik. Horregatik, jatorrizko neurriak euskaraz errespetatzea, beharbada, eskua lakio arriskutsu samar batean sartzea izango da. Onena, agian, ingelesezko neurri bakoitzari silaba-muturtxo batzuk gehitzea; eta, ezbairik gabe, arian-arian ikusiko dugu hautatutako neurri horiek edukiontzi egokiak diren edo hitzek gainezka egiten diguten lerro-ertzetatik behera.

Eta, «arian-arian» esan dugunez, beroketak bukatu, eta goazela, goazela behingoz harira.

Hiru, bi, bat...

Badugu taula eta baditugu piezak: orain, bota dadoa, eta aurrera, tipi-tapa. Gogoratu ez dagoela presarik, ez zaizula otsorik azalduko bidean ––gehienez ere, maitagarri, iratxo edo sorgin gaixtoren bat––, eta, batez ere, gogoan izan Shakespeare jauna duzula jolaskide ––eta ez kontrario––, hots, munduko jolastirik handienetako bat. Egingo dizu keinu begiarekin, zirikatuko zaitu, kontatuko dizkizu gauzarik gertagarrienak modurik inposibleenean, eta, maiz, ez duzu jakingo benetan edo txantxetan ari zaizun, haren pertsonaiaren bat seko ergela den edo, alderantziz, listoegia; korapilatuko zaitu zirkunlokioz, hiperbolez, ondo ere ondo ikasaraziko dizu zer den ekibokismoa, eta eramango zaitu bide itxuraz ezbidekoetan barrena.

Baina gainerakoan nola jolastu, maisuak idatzi zuen bezala, zeure esku: as you like it, zeuk zelan nahi1.


1. Zer nondik: Zeuk zelan nahi Shakespereareren As You Like It komediaren euskal izenburua da, Bedita Larrakoetxeak itzulitako bertsioarena. «Zer ari da irakurtzen berori? Hitzak, hitzak, hitzak», berriz, Hamlet obran agertzen da, Juan Garziaren itzulpenean; «Mundua eszenategi handi bat da eta komediante hutsak gizon-emakumeak!» ere As You Like It obratik hartua dago, baina Xabier Mendigurenen itzulpenetik (Zeuk nahi duzunez); eta «Eresia ba'da maitetasunaren yaki, ekin yoten, asebete nagizue eresiz», azkenik, Twelfth Night obrako esaldi bat da, Larrakoetxeak euskaratua hori ere (Amabigarren gaua).