Barakaldo, desertua
Jone Aldamiz-Etxebarria

Artikulu autobiografiko honetan, Barakaldoko Udalean euskararen eta itzultzearen inguruko zereginetan emandako 32 urteko ibilbidea dakar gomutara Jone Aldamiz-Etxebarriak. Euskararen dinamizazioa, euskara bera ere, arrotza izan da aipatu udal horretan, kontu testimonial hutsa. Euskarari dagokionez, laguntzaile eta bideratzaile baino, oztopo jartzaile izan omen da Udala. Biztanleen % 18k jotzen du bere burua euskalduntzat, baina politikarientzat euskara ez omen da existitzen hango desertuan.

Nire kide eta lagun Karlosen eskariari erantzunez, orri zuriak eragiten didan izuari gaina hartu eta “barne turismo gordinean” murgildurik nagoen honetan, Kantabriako lainoek nire baitan pizten dituzten bazter miresgarri eta ez hain miresgarriei begira nagoela, atzera begira jarri naiz azken 32 urteotako bizipenak gogoratzeko.

Udalera sartu nintzenean, itzultzaile lanpostuan, ez neukan esertzeko lekurik ez bulegorik: non kokatu ez zekitenez, “generador de ideas” izendatu zuten Ceferino del Olmoren bulegora eraman ninduten. Irratian jartzen zuen musika klasikoa lagun, kulturari —eta beste edozeri— buruz zituen ideiez inguraturik ekin nion itzultzeari.

Eskuzko idazmakina, eta kalko paperak; geroxeago, idazmakina elektrikoa eta ordenagailuak. Ikaragarria izan da 30 urteotan egin den jauzia, bai baliabideetan bai itzulgaietan.

Ceferino berehala baztertu zuten: ez zituzten gustuko haren ideiak.

Ni, berriz, “la de euskera” bihurtu nintzen.

Demokrazia jaio berriaren suak eraman zuen Udala itzultzaile lanpostua sortzera; ez, ordea, euskara sustatzera. Eta ilintiek, berriz, Barakaldo k-z idaztera, ordenantza xixtrin bat onartzera eta kale-izendegia egokitzera (onartu gabe geratu ziren Arrontegi eta Zuhatzu, esate baterako, eta horrela jarraitzen dugu oraindik). Itzaliz joan ziren haiek guztiak eta, igurikimen guztiak zapuztuta, etorri zen iluntasuna.

Tarteka, lorpen txiki batzuk, oasiak desertuan:

Beste udal askotan bezala, Administrazioko C maila atxiki zioten itzultzaile- irakasle lanpostuari, eta urteetan jardun nuen borrokan B maila onar ziezadaten, EIZIEko aholkulari Elena Lakaren laguntzaz. Azkenean, lortu genuen Pertsonaleko Zuzendari Juan Castro egoeraz jabetu, eta Udaleko lanpostuen zerrendan B mailako lanpostua sartzea, baina urtero atzeratzen zuten zerrenda onartzeko erabakia, eta, zer diren gauzak, azkenean aurrera ateratzea lortu genuen, PPko Juan Nieto de Cossio berriz ere erabakia bertan behera utzi nahi zuten sozialistei oldartu zitzaielako.

Euskararen dinamizazioa, euskara bera ere, arrotza izan da Udalean, kontu testimoniala. Euskarari dagokionez, laguntzaile eta bideratzaile baino gehiago, oztopo jartzaile izan da Udala. Hala ere, 2011n sortu zuten Euskara Zerbitzua (orain, “los de euskera” gara).

EAEko laugarren udalerri garrantzitsuena izanik ere Barakaldo, zoritxarrez, azkenak izan dira Euskara Zerbitzua sortzen. Hori, ordea, ez da kasualitatea. Barakaldo hiri handia da, aniztasun handikoa (100.000 biztanle, gutxi gorabehera) eta biztanleen %18k jotzen du bere burua euskalduntzat. Hori asko den arren, galdu egiten da horrenbeste erdaldunen artean. Udalean, berriz, politikarientzat euskara ez da existitu, eta kontra jarri ez diren arren, alde ere ez. Eta langileek hori sentitu eta barneratu dute. Ez bakarrik hori: euskara gomendagarria ez dela ere susmatu dute.

Egoera horretan guztian, zer esan gure arloaz? Ez da egon, eta ez dago, inolako plangintzarik, ezta irizpiderik ere jakiteko zer komeni den itzultzea; eta, horrela, datorrena itzultzen dugu, nahiz eta askotan zaharkituriko albisteak izan edo inork sekula irakurriko ez dituen gauzak, euskara presenteago bihurtuko luketen itzulgaien kaltetan.

Hori guztia goxatzeko, ongi itzuli nahian gabiltzala, testua idatzi duenari galdera bat baino gehiago eginez gero, “No te preocupes; total, nadie va a leerlo” esan izan digute behin baino gehiagotan.

Uko egin nion 4. hizkuntza-eskakizuna ateratzeko azterketa egiteari. Oposizioa egina genuelako aitzakiaz oldartu ginen hainbat itzultzaile. Larrutik ordaindu behar izan nuen gero erabaki hura, ditxosozko B maila lortzeko ezinbestekoa baitzen HE. Makina bat gauza egin behar izan nuen 4.a gainditzeko, eta lehenengo saiakeran atzera bota ninduten, gainera: ezagun nuen, nonbait, banekiela euskaraz, baina edukia… (euskalduntzeko plangintzari buruz galdetu zidatela uste dut). Bigarren saiakeran, terminologiaz galdetu zidaten: eskerrak!

Aspaldi utzi nion, bestalde, literatura itzultzaile izateko ametsari, ez bainuen hori taxuz egiteko adorerik.

Itzultzaile izan naiz ogibidez, eta hala izaten jarraitzen dut, oraingoz, bederen. Lan zoragarria iruditzen zait; sari bat, egia esanda. Baina nik ogibide besterik ez dut izan, tamalez; eman baino gehiago, jaso egin baitut.

Soziologiako ikasketak utzi, eta Euskal Filologia ikasteari ekin nion. Ikasketak nola edo hala bukatu nituen, baina, Deustuan ikasi nuenez, lizentziatura-azterketa zintzilik utzi nuen. Beraz, handik urte mordoxka batera, beste bi urtez jardun behar izan nuen Vitoria-Gasteizko EHUn karrera bukatzeko.

Zenbait itzultzaileren egoera tamalgarriak asaldaturik sartu nintzen EIZIEko Zuzendaritza Batzordera. Lehenengo batzarrean, “tipula” gora eta “tipula” behera jardun zuten batzordekideek, eta ni ez nintzen ausartu ere egin zertaz ari ziren galdetzera. Orduan hasia zen ernamuintzen ItzulBaita egitasmoa, Tipula, s.l. enpresarekin.

Irene, Arantzazu eta Milaren abaro goxoaz, Zuzendaritza Batzordeko giro atseginaren besoetan kulunkatu nintzen hainbat urtez. Oso esperientzia aberasgarria izan da Zuzendaritzan aritzea.

Aukera ederra izan dut hau bidean ezagutu eta laguntza eman didaten guztiei eskerrak emateko. Bereziki, jakina, oposizioaren berri eman zidan eta bizitzan bidaide izan dudan B. Montoriori eta hura prestatzen lagundu zidan B. Bilbaori.