Ni ez naiz funtzionario (ministro, tenplario…)
Bakartxo Arrizabalaga

Orain artean gaztelaniatik genero markadun hitzak mailegatzeko erabili ditugun moduak zahar dira jadanik, eta are eta zaharrago eta zatarrago agertuko zaizkigu aurrerantzean euskal hiztunoi, gaztelania bide berriak urratzen ari delako eta harekin harreman zuzen-zuzenean diren euskal hiztunak haren bidetik lerratzen joanen direlako. Artikulu honetan, kezka horren berri ematen da, eta, zenbait adibideren laguntzaz, emakumeak halakoetan kanpo ez uztea eta euskararen genero sistema zaintzea galdegiten da.

Euskararekin batera, bi erdara ere bertan ditugu, gaur egun eta aspalditik, euskaldunok; halatan, frantsesarekin eta espainolarekin –zein bere aldean– ari zaigu garatzen euskara. Bizikide ditugun bi hizkuntza horietatik ditugu, euskaldunok, hitz berriak barra-barra ateratzen, euskara baino lasterrago baitarabiltzagu beste bi hizkuntza horiek (edota euskaraz baino lasterrago baikabiltza, bi hizkuntza horietan edo horietako batean, bederen). Hizkuntza haiei ere, hiztunez nola omenez handixko izanagatik ere, gertatzen zaie, haietako hiztunek ingelesez gutxi-asko edo batere ez jakinik ere, ingelesaren atzetik ibili beharra eta maiz ingeles bazkatik jatea. Jabego pribatuaren eta indibidualismo porrokatuaren garai hauetan, berezia da hizkuntzen artean dabilen eskuzabaltasuna, ikusgarri da zein erraz batak besteari bere altxorretik tiratzen uzten dion eta, benetan harrigarri, handiak diolarik, gainera, txikiari ematen.

Barne koherentzia eskasa duten hizkuntzetan, hiztunen artean adostasunerako gaitasun urria dabilenean, eta, aldiz, bertan beste hizkuntza indartsuago, biziagoa badabil, hizkuntza ahularen hiztunei errazago izan ohi zaie hizkuntza azkarretik ateratzea adierazpidea; alabaina, besteen plateretik jatera jarritakoan zer jaten diegun jakin beharko genuke, guretzat eginak ez diren eta kalte egin diezaguketen mokaduak irentsiko ez baditugu.

Euskarazko hitz berriak sortzerakoan, bide desberdinak ibiliak ditugu, maiz ideologiei loturik, eta bide horien araberako hitzak sortuz joan zaizkigu, honako edo halako arrazoi edo indarrak bultzaturik.

Gaztelaniatik jasotzen ari garen hitzak direla eta, arazo bat ari zait gero eta nabarmenago agertzen; horren azaltzera saiatuko naiz.

Gaztelaniak, frantsesak bezala, genero marka erabiltzen du euskarak erabiltzen ez duen lekuetan –izen eta izenondoetan, alegia–, eta hortik sortu da gaztelaniaz eta frantsesez, mundua izendatzerakoan, emakumeak ezkutatu, baztertu eta gutxiesteko bide bat, frantsesez oraindik oso indar handian dena, baina gaztelaniaz, aldiz, azken garaiotan zalantzan jarria izan dena. Gaur egun, horren gaineko eztabaida betean dira –edo gara– gaztelaniadunak, eta aldaketa prozesuan, berriz, hizkuntza bera.

Feminismoaren lan handiaren eraginez, emazteak gero eta nabarmenago erakusten ari dira eta gizartea bera gero eta onartzenago ari da, emakumeen presentziari dagokionez, komunikazioa ez zela behar bezala gauzatzen eta gaur egungo gizartean onartezina dela hizkuntzaren bidez eginiko jendearen erretratuetatik emakumeak desagerrarazten jarraitzea. «Gizon» eta «emakume» kontzeptuak izendatzeaz gain, «gizon eta emakume» kontzeptua izendatzeko modu berriak sortzen ari dira, kontzeptu horren izendapenak gizonaren kontzeptua izendatzeko moduarekiko zuen morrontza apurtu edo, bederen, laxatu nahirik.

Izenei dagokienez, izenondoekin bezala, genero markarik gabeko moldeak lehenesteaz gain, hitz pareak sortzen ari dira genero marka duten hitzen kasuan. Halatan, lehen los profesores eta los ciudadanos esaten ziren lekuan el profesorado eta la ciudadanía esateaz aparte, los niños y niñas, las niñas y niños, los corredores y las corredoras, los funcionarios y funcionarias, la funcionaria o el funcionario formak ere entzuten eta irakurtzen ari gara gero eta maizago.

Euskaraz generoa ez denez berdin markatzen, ez da emakumeen ezkutatzea, emakumeen baztertu eta gutxiestea, femeninoa isildu eta soilik maskulino ustez neutroa erabiltzearen bide horretatik gertatzen, zeren eta, hor goiko adibide horietako bikote bakoitza edo talde izen bakoitza izendatzeko, euskararen sistemaren barnean sortu hitz gehien-gehienetan, badugu gramatikalki maskulino ez den izendatze neutro (esan dezagun) bat. Euskaraz ez dugu, beraz, arazo hori, nonbait, edo orain artean, behintzat, ez dugu ukan eta, hartara, gaztelaniaz sortzen ari diren bikote edo talde izendapen horiek sortu beharrik ez dugu.

Ez du horrek esan nahi euskaraz emakumezkoen ezkutatzerik edo bazterkeriarik egiten ez denik, noski; euskaraz, emakumeok beste era batera gara ezkutatuak, beste modu batzuk baliatuta gaituzte baztertu eta gutxiagotzen, baina beste baterako utzi beharko gai hori, sobera luzatuko nintzateke eta, bestela.

Itzul gaitezen, beraz, gure gaztelaniazko kontzeptu haietara. Orain arte, eta urte luzez, gaztelaniaz, maskulino-neutroaz izendatzen ziren horiek euskaratzerakoan, haiek mailegatzean, gaztelaniaren sistemari berari jarraikiz, maskulino-neutroa hartu izan da, ororen izenean, eta bere horretan euskarara ekarri. Horrek, jadanik, eragin handia ukan du euskararen genero sisteman, gaztelaniaren sistemaren menera ekarririk; bide bat egina du horretan euskarak, gaztelaniarekin batera, hari hartu dizkion maileguen bitartez; adibide baterako, euskararen fonema eta monemen sisteman eragin du, «o» hizkia gero eta gehiago maskulinoari lotuz (potxolo-potxola), gaztelaniarekin harremanetan diren euskaldunen buruetan eta hizkuntzaren beraren garapenean.

Frantsesetik hartu maileguen kasuan ez da berdin gertatzen, han femeninoaren marka izan ohi den «e» hizkiaren desagertzea gertatu ohi delako eta «o» hizkia ez delako maskulinoari loturik bizitzen. Baina, frantses hizkuntzaren barnean aldaketak egin beharra galde egiten duten jendeen mugimendua oraino eskas delarik eta euskara frantsesetik baino gehiago gaztelaniatik ari denez maileguak biltzen, denbora ukanen dugu, berriz ere, frantsesaren gaiari heltzeko; itzul gaitezen, beraz, gaztelaniaren gaur egungo aldaketetara eta horiek euskarara ekar ditzaketen arazoetara.

Esan bezala, gaztelaniaz, hasiak dira beren izendatze moldeen gaineko gogoetak egiten eta bestelako izendatze molde batzuk baliatzen. Zer gertatzen da, baina, horrelako kontzeptuak euskaraz eman behar eta gaztelaniazko alorretik ateratzen ditugunean?

Aipatu ditudan bi moldeak besterik ez aipatzearren, bi arazo sor dakizkiguke:

  1. La ciudadanía, el profesorado gisakoetan, maiz ikusten da azken urteotan egin gogoeten ondorioz gertaturiko aldaketa horien asmoa ez dela kontuan hartzen eta, hartara, euskarari ez dagokionez gaztelaniazkoan den behar hori, euskaraz lehengo bide arruntetik segitu eta generoarekin batere arazorik sortzen ez duen plurala erabili beharrean, talde edo funtzio kontzeptuak bere horretan hartzen direla; hor goian eman ditudan bi kasuetan ez horrenbeste, baina bai la dirección, la concejalía, la representación sindical eta abarrekin. Horrekin, euskaraz erraz eta arazo gabeko zen plurala bazter utziz, talde edota funtzio esanahiko hitzen erabiltze gehiegizkoa edo asmatze nolanahikoa ikus daiteke (zuzendaritza, irakaslego, langilego, ordezkaritza). Itzulpengintzan gertatzen da, baina ez bakarrik; gaztelaniazko mintzamoldeek, estiloek, arrunt eragiten diete euskarazko mintzamoldeei, eta euskaraz sortuak omen diren testuetan ere maiz gertatzen da gaztelaniaren eragin hori.
  2. Bikoteen kasuan, berriz, kontzeptuaren zati bat besterik ez dugu jasotzen; kontzeptua desitxuratua diogu euskal erkidegoari eskaintzen. Lehen ere hala gertatzen zen, noski, baina orain nabarmenago agertzen da euskaraz, hain zuzen ere gaztelaniaz ez dutelako, dagoeneko, egiten.

Egina dugun bidea atzera eta atzera ibili dezagun proposatzera ez nator, noski. Orain artekoa izan dena izan dela onarturik, etorri nahi nuke, ordea, bide beretik jarraitzeak etorkizunerako sor liezazkigukeen arazoak aipatu eta ibili beharreko bideen gaineko gogoetatxo bat egitera.

Lehen aipatu ditudan adibideen arteko azkena oso adibide argia da begiak ikusteko dituen edonorentzat, eta oso argi agertzen zaigu Administrazioak bi zutabetan eskaini ohi dizkigun testuetan: zutabe batean, funcionario o funcionaria dio, eta, haren ondo-ondoan, funtzionario ikus dezakegu, lotsarik batere gabe.

Gaizki sorturiko hitzen inguruan mintzatzea eta eskandaluak egitea aspaldiko ohitura zaigu euskararekin lanean ari garenon artean. Barre handiak egin ohi dira, neologismoa boladan zen garaian edo oraindik orain, hitz bat sortu nahi eta «gaizki sorturiko» hitzen inguruan, eta aipatu dudan kontzeptuaren kasuan ere kritika gogorrak egin zaizkio horren euskarazko bertsioa izan nahi zuen funtzionari hitzari ere.

Ez dakit zeren arabera eta zer haizeren menera sortzen diren hitz batzuen, eta ez besteen, sorbidearen gaineko bat-bateko amorru eta kezkak; beti harritu nau hitz baten eraketaren aurkako argudio erabatekoak suharki botatzen entzuteak norbaiti, ikusirik argudio berberekin suntsi zitzakeela, hala nahi izanez gero, barra-barra darabiltzan beste hainbat hitz. Garai bateko funtzionari edo zeneko horrek hamaika sasijakintsuri ematen zizkien kezka eta amorruei amaia emanez, azkenean, Euskaltzaindiak funtzionario zuen aukeratu. Hitz harekin tematuriko punttalakurlo eta txukunzaleak lasaituko zituen, azkenik «gaizki sorturiko» funtzionari hitzaren gaitza gainditu genuelako, nonbait. Hura gaitzerdi genuela iruditzen zait, ordea, funtzionario traketsaren aldean; arras trakets baita hitz hori eta trakeski baitu funcionario o funcionaria kontzeptua adierazten. Azkenean akademiak aginduriko hitz hori nondik eta nola sortu den aztertzen hasiko bagina, «gaizki sorturiko» hitzen artean koka genezakeen, noski, bazter utzirikoari egotziriko hutsñoak baino huts larriagoa egina baitzuen berriak, esanahiaren erdia bidean utzirik; ez dut, halere, atzera begira ibili nahi, hitzak nondik datozen baino garrantzitsuagoa baitzait nora garamatzaten. Eta funtzionario hitzak, adibide baterako, ez garamatza leku onetara; ez digu izendatu nahi duen kontzeptua trakeski baizik izendatzen; emakumeok desagerrarazten gaitu, eta guretzat balioko duen beste hitz baten beharrean jartzen.

Adibiderako hartu dudan hitz hori ez da emakumeen arbuioa jasan duen lehena, ez eta arbuio gehien egin zaiona ere, Administrazioko testuen bi zutabeek nabarmen erakutsiagatik ere, testu horiek hauts artean galtzen baitira usuenik eta halako langileak ere ez baitira egunkarietako lehen orrialdeetan agertzen. Beste batzuk, berriz, ari dira emakumeen erantzun berehalako eta erraza (gaztelaniaz ere badakiten euskaldunen esparruan, noski) jasotzen: Legebiltzarraren lehendakari emazte bat lehen aldiz jarri zenetik hona, presidenta gora eta presidenta behera ari da jendea; ministrarik ez dugu euskal erkidegoan oraindik, eta ezin jakin bere burua ministro deituko ote zuen emazte batek, gaur egunean, gure artean –gaztelaniaren esparruan, bederen, zeren, frantsesaren esparruan, lehen esan bezala, «o» hori ez baita maskulinotzat hartua eta, gainera, badute lan aski, momentuz, frantsesez madame LE ministreri aurre egiten–, ala ministra hautatuko ote lukeen bere burua izendatzeko; jadanik, esan daiteke, halere, besteez mintzo, gero eta maizago ministra deitzen entzuten diedala emakumeei, eta, irakurri ere, behin baino gehiagotan dut hala irakurri. Egunerokoan entzuten dugunaren arabera, jendeak jefeak ditu, baina jefak ere bai (bide batez, gogora ekar dezadan erdara frantsesa zaienekin, uztarrerrazago dela, edo antzekoago gertatzen dela bigarren molde hori, avocat > abokata, fonctionaire > fontzionerra, préfet > prefeta, chef > xefa eta abar egiten dutelako, nahiz eta horretarako arrazoiak bestelakoak izan eta azken «a» hori artikulu den eta ez femeninoa, hor ere frantsesezko femeninoa desagertua baita); parlamentarioak daude, baina batek baino gehiagok parlamentaria izenez aurkezten du bere burua.

Hori guztia dagoeneko gertatzen ari da, ez dut nik asmatu, eta inork ez dezala bere burua engaina, ahozko hizkera arautu gabearen hutsen artean zerrendatu nahian, borondate gero eta indartsuago baten adierazpena baita, dagoeneko idazterakoan ere azaltzen ari dena.

Gaztelaniaren bidetik abiaturiko berehalako konponbide eskasa da, baina behar bati erantzuteko asmo sendoaren erakusle ere bada, eta areago gertatuko da, aurrerantzean, orain aterabide jatorragorik aurkitzen ez badiogu, atzean dagoen komunikazio arazoa konpontzen ez badugu. Euskal hiztunoi ezinbestekoa zaigu erdararen erreferentzia; hor ditugu erdara eta erdal hiztunak egiten ari diren gogoetak; gu ere, erdal hiztun gisa, gogoeta horietan parte hartzen ari gara, gutxi edo aski, eta horiek guztiek eragiten digute hizkuntzaren gaineko gure gogoetetan.

Baldin eta euskararekin lanean ari garenok ez badakigu arazoa ikusten, ez badiogu ausardiaz eta etorkizunera begira aurre egiten, hiztunek berez ekinen diote, beharrari jarraikiz, gaztelaniazko aterabideak eta euskarazkoak nahasiz, nola edo hala, eta aterabidea euskararen gaur egungo genero sistemaren kalterako izan daiteke, euskararen barne koherentziaren kalterako.

Orain artean gaztelaniatik genero markadun hitzak mailegatzeko erabili ditugun moduak zahar dira jadanik, eta are eta zaharrago eta zatarrago agertuko zaizkigu aurrerantzean euskal hiztunoi, gaztelania bide berriak urratzen ari delako eta harekin harreman zuzen-zuzenean diren euskal hiztunak haren bidetik lerratzen joanen direlako.

Halatan, labur esateko, geure egiten ditugun maileguetan, mailegatzeko den kontzeptu osoa beharko genuke mailegatu, emakumeak kanpo ez uzteari so eginik eta euskararen genero sistema zainduz.

Dagokionari, dagokion neurrian, hala egin dezala galdegitera etorri naiz errenkada luze honekin.


Oharra: artikulu hau 31 eskutik blogean argitaratu zen, 2013ko urriaren 31n, eta Senezerako berreskuratu nahi izan dugu, bere horretan, gaia oraindik ere pil-pilean dagoelakoan eta orduan esandakoak oroitaraztea merezi duelakoan.