Ale honetan
1981ean Xabier Mendigurenek Euskera aldizkariaren XXVI urtea (2. aldia) alean argitaratu zuen txosten batean (988. or.) Euskal Itzultzaileen Elkarte bat aurre-irudikatzen du. Honela dio:
"Euskal Itzultzaileen Elkarte edo Antolaketa gisako zerbait beharrezkoa edo interesgarri izan liteke.
– Itzultzaile profesioaren edo eginkizunaren garantzizapenerako.
– Tarifak berdintzeko.
– Gero eta handiagoa den demanda bat kanalizatzeko.
– Gero eta itzultzaile profesional gehiago sor dadin, eta arlo desberdinetan espezializa dadin.
– Nonbait informazioa zentraliza dadin, era guztietako informazioa eta iniziatibak bizkortasunez zabaltzeko.
– Prestakuntza eta "recyclage" erako ikastaldiak antolatzeko.
– Itzultzaile Eskolak (oinarrizkoak - espezializaziozkoak) esperientziadun ingurune bat izan dezan, irakasleak biltzeko eta beste zenbait lanetarako.
– Buletin edo argitalpenen bat aldizka argitara dadin.
– Karnet, agiri edo antzeko zerbaiten premia eztabaidatzeko."
Itzultzaile Elkarte batentzat plangintza osoa izan litekeen xede deklarazio bat da.
Orain dela bost urte era honetara egiten ziren proposamenduetatik batzuk bete dira, beharbada (ikastaldiak, aldizkari hauxe berbera), Itzultzaile Eskolak bere gain hartu izan dituelako, eta aurrerabidea eman dielako.
Beste batzuk, ordea, eta garrantzia gutxien dutenak ez hain zuzen, ez dira bete; eta nekez bete litezke, gainera itzultzaileek gaur egun duten antolamendua besterik ez baldin badute.
Egia esan, zenbait alditan Itzultzaile Eskola izan da itzultzaile askorentzat erreferentzia puntu bat, nora jo bat. Baina Eskolak ez du, eta ezin du izan, Elkarte batek duen pisua.
Beharbada garaia iritsia da Euskal Herriko itzultzaileek elkarte bat sortzea, eta nolako elkartea, sortzez geroztan, seriotan pentsatzen has daitezen. Euskal Herriko Itzultzaileen Elkarte bat (nolakoa ondo begiratu beharko litzateke) sortzeko baldintza espezifikoak ez dira falta. Bistan dago euskal itzultzaileok arazo espezifiko asko ditugula, alde askotatik begiratuta:
Ikuspegi linguistiko eta soziolinguistikotatik:
– Darabilgun hizkuntzaren beraren normatibizazioaren egoera.
– Itzulpena egiten den hizkuntz erabilerako alor berezietan aurkitzen den egoera (Administrazio, zientzia, etab.).
– Mezu hartzaileen urritasuna euskarazko komunikazioan.
– Itzultzaileek beraiek ere normalean izan duten hizkuntz prestaketa anarkiko eta normaldu gabea.
Ikuspegi laboral eta antolamenduzkoetatik:
– Lanbide arautugabea izatea.
– Profesionalen dispertsioa bera.
– Onarpen sozial gutxiko lanbidea izatea.
Ikuspegi akademikozkoak:
– Titulazio arazoak.
– Lanbide honetara iristeko modua.
Guztiaren ondorioz, itzultzailea ez dago konforme Euskal Herrian burutzen den itzulpen politikarekin (politika planifikatua ez bada ere, de facto politika modu bat gertatzen bait da beti, itzulpenari dagokionez erabakiak hartzen direnean).
Euskal itzultzaileak, ordea, itzulpenari dagokionez hartu litezkeen erabakiak ez ditu bere esku, baldin eta ez bada behintzat itzultzaile bakarti autarkikoa, gizarte honetatik urrundu eta guztiz apartu dena.
Itzultzaileari askotan, uste baino gehiagotan, beste norbaitek agintzen dio zer itzuli behar duen, nola itzuli behar duen ("erraz ulertzeko euskara", "herri honetako jendeak ulertzeko moduan", kasuren batean "aditzak beti esaldiaren bukaeran jarriz" esateraino ausartu da itzuli behar ez zuen agintaria), eta orrialdeko zenbatean (gutxien uste denak jokatu nahi izaten dio xuhurkeriaz itzultzaileari; gauza jakina da, adibidez, oraintsu zenbait argitaletxek protesta formala egin nahi izan diotela Eusko Jaurlaritzari itzultzaileen tarifak altuegi iritzirik, eta elkarren artean sinadura bila aritu direla).
Erabaki horien artean izugarrizko dispertsio eta koordinazio falta izugarriagoa ari da gertatzen gainera. Harridura handiz jakin izan ditugu zenbait berri: Gasteizko Udalak unibertsitateari fakultateak eraikitzeko lurra beraietan itzultzaile eskola bat kokatzeko baldintzarekin eman izana, eta beste hainbat taju berdineko.
Itzultzailearen izena ezkutatzen egiten da (nork daki nork itzultzen dituen ETBeko filmeak? non bilatu behar da hainbat libururen itzultzailearen izena?). Eta aldi berean susmoa dago itzultzaile bat baino gehiago ate txikitik ari dela sartzen lanbidean, atezainari bere bizitza guztiko paguak zor izango dizkion moduan (zenbait anonimato defentsarik onena dira).
Kalitatearen eskakizuna ere urjentziarik handieneko arazoa da itzulpenaren munduan. Kalitatearen esijentziarekin batera, ordea, kalitate hori lortzeko bideak antolatu beharko ditu, eta antola ditzake, itzultzaileak.
Hitz batean, eta guztiak laburtuz, gure artean egiten den itzulpena eta itzulpengintza itzultzaileak berak parte hartuz bideratu beharko da.
Gogoeta horietan oinarri eta lagungarri izan daitezen, aldizkariaren ale honetan euskal itzultzaileen artean orain dela gutxi egindako inkesta baten emaitzak azaltzen ditugu lehenik. Eta horiekin batera, beste zenbait albiste gure inguruan eta antzeko egoeratan aurkitzen diren beste itzultzaile multzo batzuek (galegoek, katalanek, Estatu espainolekoek) eratu dituzten elkarteen berri emateko, geurerako eredu izan litezkeen heinean baliagarri izango direlako uste osoan.
Gai horiez aparte, ohi bezala, beste batzuk ere aurkitzen dira, monografiko bat izan litekeen honetatik apartexeago, baina interes bizikoak direla uste dugunak.