Euskal itzultzailearen egoera eta iritziak (Inkesta baten emaitzak)
J.M. Zabaleta

A. Sarrera

Senez aldizkari honen ale hau bereziki itzultzaile elkarteei buruz prestatu eta argitaratzea erabaki zenean, euskal itzultzaileen elkarte bat sortzeko eta antolatzeko oinarriak jartzea zen lehendabiziko asmoa. Horretara bi oinarri modu behar zirela erabaki zen: batetik gurea bezalako edo antzeko egoeratan aurkitzen diren beste zenbait hizkuntzetako edo gure inguruko hizkuntzetako itzultzaileen elkarteen berri ezagutu, gurean ere era beretsuko itzultzaile elkarte bat nola molda litekeen ezagutzeko; eta bestetik euskal itzultzailearen egoera zein den ahalik eta xeheen eta zehatzen ezagutzen saiatu. Batetik ezagutza hori edozer xedetarako ere garrantzi handikoa delako, eta bestetik elkarte bat antolatu behar izango balitz ezinbesteko baldintza delako nortzuk elkartzen diren, elkartzen direnak zein egoeratan dauden, zenbaterainoko beharra dagoen eta zenbaterainoko ahalbideak dauden ezagutzea.

Orain dela zazpi urte ere egin zen beste inkesta bat, Itzultzaile Eskola sortzeko zenean, garai hartan gure artean itzultzaile zirenek zituzten iritziak, beren prestakuntza, premiak eta asmoak jaso nahiz. Xabier Mendigurenek Euskera XXVI (2. aldia) aldizkarian itzulpenari buruz argitaratu zuen txostenean aurkitzen da, aldizkariaren 980. orrialdetik aurrera.

Oraingo hau 1.986ko urte honetako maiatza eta ekainean zabaldu zitzaien Euskal Herriko zenbait itzultzaileri. Galdekizunei dagokienez, gorago aipatu dudan inkestaren ahalik eta parekoena egiten saiatu nintzen, era horretara, izan ere, beste xede bat ere bete bait zitekeen, oraingo egoera ezagutzearekin batera: Oraingo egoera, lehengoaz ezagutzen dugunarekin konparagarri egingo duten paramatro batzuren bidez neurtu. Era horretara zazpi urte hauetan izan den eboluzioa, aurreramendua ala atzeramendua, kuantitatiboa ez baina kualitatiboa, ezagutzeko oinarri finkoagoak eduki bait genitzake. Konparaketa saio hau inkestaren emaitzak ezagutarazi ondoren egingo dut, idazki honen azkeneko partean.

Konparaketa horren balioa bere neurrira ekartzeko ordea, inkesta haren eta honen artean egon litekeen alde, diferentzia handi bat ezagutu behar da lehenik. "Egon litekeena" diot, zeren ez bait da gauza segurua dagoen ala ez dagoen, ezin liteke ziur esan badagoenik, eta ezta ez dagoenik ere, oraintxe esplikatuko dudan bezala. Izan ere, inkesta haren eta honen artean lagina desberdina izan liteke, inkesta banatzeko modua desberdina delako.

Lagina

Honela dio Xabier Mendigurenek Euskeran argitaratu zuen inkestaren sarreran: "Itzultzaileen artean zabaldu den inkestak ez du izan inolako asmo agortzailerik, eta datu eta eritziak sistematikoki biltzeari baino jaramon handiadoa egin diogu joera nagusiak detektatzeari.

Inkestak banatzerakoan bi erizpide konbinatu ditugu: azken hamarkadetan obra itzuliren bat argitaraturikoa izatea edota iragan hurbilagoan eta bereziki gaurregun udaletan nahiz kultur erakunde edo zerbitzuren batetan itzulpen lanetan ari izatea.

Honela bada, ehunen bat itzultzaileri bidali zaizkie inkestak, nahiz eta sarritan aurretiaz jakin erantzunak jasotzea ez zela erraza izango inkestatuaren adinagatik edota zenbaiten itzulpen ekintza oso mugatua, behin-behinekoa eta denboran zehar urrundua delako.

Bestalde, txosten honetan joera nagusi batzu erakustea delarik helburu eta denbora mugatasunengatik, lehen epe labur batetan bildu ditugun 30 erantzunen gainean moldatu dugu ondoren eskainiko dugun iritzi bilduma hau" (981 or.).

Badira zenbait alde honetan guztian, oraingo inkesta honetatik, eta berau burutu den egoeratik hartara eta haren garaira. Lehenengo paragrafoan dioenari buruz, aitortu beharra dut inkesta honen asmoa askoz ere agortzaileagoa zela X. Mendigurenek aitortzen duena baino, bilketari dagokionez behintzat, biltzeko ziren erizpideei dagokienez mugarik ez dagoenez, alderdi horretatik mugak beti artifizialki jartzen bait dira.

Inkestak banatzeko sistema ere desberdina izan da oraingoan eta lehengoan. Oraingo honetan oso inkesta gutxi banatu dira banan banan, itzultzaile bakoitzari bidalita. Gaur egun inork ez du dudarik egiten Euskal Herriko itzulpengintza askoz ere egituratuagoa dagoela lehen baino; itzultzaileak bezeria (edo nagusi) jakin batzurentzat ari dira lanean gehienbat (komunikabide, argitaletxe, bikoizketa etxe, administrazio eta beste zenbait zentru eta erakunde). Zehazkiago, administrazioan batez ere, garai hartan hasierako unea zuten itzultzaileek; gaur egun, berriz, oso aldaturik dago egoera: askoz ere itzultzaile gehiago dira, egoera desberdinetan, lan status desberdinekin, jatorri desberdinekoak. Inkesta honen banatzeko, beraz, itzultzaileak banan banan bilatu eta inkesta partitu baino hobe zela iritzi zitzaion itzulpen gehien erabiltzen den zentruen bidez banatzeari. Eta halaxe egin ere zen.

250-300en bat inkesta utzi ziren zentru horietan, beraietatik bana ziezazkieten bertaratzen ziren itzultzaileei. Horiez gainera, beste batzuk banaka eta eskura ere banatu dira, baina oso gutxi, multzoka banatu direnen konparazioan.

Horren ondorioz baliteke desbideraketaren bat gertatzea; zenbait itzultzaileri inkestarik ez iristea, eta gainera inkesta iritsi ez zaien itzultzaile horiek mota beretsukoak izatea denak: beren kabuz eta itzulpen zentru horiekin harreman gutxi dutela ari direnak. Horien artean baliteke egotea Xabier Mendigurenek bere txostenean aipatzen zituen asko.

Baliteke, baita ere, susmoa hartzeko modukoa izango litzateke, inkesta honi erantzun dioten itzultzaileen adin piramidean isladatzea, bere garaian ikusiko den bezala.

Zentzu berean, baliteke desbideraketa horixe bera isladatzea itzultzaileek beren itzulpenetarako erabiltzen duten euskara motari buruz ematen diren erantzunetan (euskara batua, euskara batua eta euskalkia, ala euskalkia bakarrik), azkeneko erantzun hori ez bait du inork ere eman; izan ere, erantzun mota horiek etorri zitezkeela pentsatzekoa zen tokietatik (zenbait argitaletxe, batez ere) inkestak bidali eta erantzuteko gomendatuarren, erantzunik ez bait da bat bera ere jaso.

Era horretako gogoetak bat baino gehiago egin litezke oraindik ere.

Inkestari, guztira, 86 itzultzailek erantzun diote. Seguruenik, baina ezin da hori ere ziurtatu, proportzio handiagoa da hau Euskal Herrian ari diren itzultzaile guztiekiko, Xabier Mendigurenek berean aipatzen dituen 30ak beren garaian ziren itzultzaile guztiekiko zirena baino. Ziur jakiteko, ordea, orduko eta oraingo itzultzaile zentsu osoak beharko genituzke, eta ez ditugu.

Datu guztiok kontutan hartu beharrekoak dira bai inkestak ekarri dituen datuen aurkezpena ulertzerakoan, eta batez ere lehengo eta oraingo inkesten emaitzak konparatu eta ondorioak atera nahi direnean. Konparaketa hori, batez ere, erlatiboa da guztiz. Baina, daukan ahuldade guztiarekin ere egin beharrekoa iruditzen zaigu.

Inkestako galdegaiak

Esandakoa kontutan harturik, inkestaren beraren deskrizioa egin genezake. Hamabi galdegai zituen:

1. Itzultzailearen adina eta jatorria.

2. Itzultzailearen ikasketa maila (Itzultzaileak bataz beste nolako ikasketa akademikoak dituen ezagutu nahi zen. Ikasketa akademikoez kanpoko ikasketak ezin daitezke neurtu, edo ez dira konparagarriak behintzat, eta galdeketa honetan alde batera utzi dira).

3. Itzultzailearen gaurko lanbidea (Galdera honetan itzultzailearen lan modua, lantokia, itzulpengintzan izaten dituen harreman laboral edo komertzialak, eta normalean izan ohi duen itzulgaia nahiko modu xehe eta zehatzean ezagutu nahi izan da. Zenbait puntutan, azkenekoan adibidez, itzultzaileak bere lanari ematen dion garrantzia, eta itzultzaileari itzulpenak, bakoitzaren ustez, eskatzen dion esijentzia ezagutzeko zenbait seinale biltzen dira, "itzulgaien ezaguera (sakona, informazio ona, ezaguera arina, batzutan arina eta bestetan sakona)" galdetzen denean adibidez. Itzultzailearen kontzientzia profesionalaren neurria, hala dei baliteke).

-4. Itzultzailearen hizkuntz ezaguera (itzultzaileak zein hizkuntzatatik zeinetara itzultzen duen (lehendik zehaztua dago nolako testuak) eta hizkuntza horiek nola eta zenbateraino ezagutzen dituen jakin nahi da).

5. Itzultzailearen hizkuntz ezaguera: euskara (Euskal Herriko itzultzaileen artean, pentsatzekoa zenez, sorburu edo xede hizkuntza bezala euskara erabiltzen dutenak hartu ditugu kontutan, gainerakoak-izango bait dira, eta ez gutxi, seguruenik-albora utziz. Horiei deitzen diegu "euskal itzultzaileak".

Lehen euskaraz gainerako hizkuntzei buruz galdetu dena, xeheago eta zehatzago galdegiten da hemen euskarari buruz: Nola ikasi duen euskara, zenbateraino ezagutzen duen euskara (mintzatua, euskara batua, euskarazko literatura), zein eratako euskara erabiltzen duen bere itzulpenetan. Itzultzaile euskaldunberrien kasua, adibidez, bitxia da guztiz zentzu honetan, ez da ohizkoa itzultzaileen munduan, eta kasu honetan gainera ez da betetzen itzultzaileen artean Unescoren Nairobiko gomendioa bezala ezagutzen dena: itzultzaileak xede hizkuntzan jaiotarra izan behar duela, edo bestela hamabi urtez hiztun ohizko hizkuntza horretan; gaur egun gauzak dauden bezala egonik euskaldun zaharrarentzat ere betetzen erraza ez den baldintza, alegia).

6.- Itzultzailearen prestakuntza (itzultzaileak bere ofizioa nola ikasi duen jakin nahi zen, eta aldiberean gaur egun Euskal Herriko itzultzaileen prestakuntzan zein autore edo eskolak, zein joera teorikok duten eragina ere ezagutu nahi zen).
7.- Itzulpengintzako baliabideak (itzultzaileak askotan jo behar izaten du laguntza bila, bai gaia uste bezain erraz ulertzen ez duelako, bai sorburu edo xede hizkuntzan laguntasuna behar izaten duelako. Ofizioak berak berez eskatzen duena da hori. Horrela bada, euskal itzultzaileak alor bakoitzean zein baliapide erabili ohi duen ezagutu nahi zen: itzulgaiaren konpetentzia oneko ezaguera bat lortzeko, sorburu hizkuntzazko arazoak gainditzeko eta xede hizkuntzan sortzen zaizkionei irtenbidea emateko).
8.- Itzultzean nabaritako zailtasunak eta eskasiak (itzultzaileak erremediorik gabe bi hizkuntzen arteko konparaketa egiten jardun behar du etengabe. Normalean behintzat, gure artean, xede hizkuntza euskara izango da, eta hortik, euskararen egoeratik bertatik, zenbait arazo sor litezke. Horietxen bilketa egin nahi zen. Kontutan hartu behar da gainera: lehen a priori batean zailtasun horiek guztiz objetiboak izan behar dutela pentsa litekeena da, baina bat ofizioan urteak ematen ari den ahala, eta itzultzaile asko eta era askotakoak ezagutzen dituen ahala, konturatzen da itzultzaile guztiek ez dutela zailtasun horien zentzu berbera, zailtasunak ez direla denentzat berdinak, eta gerta litekeela zailtasun zentzu hori beste zenbait aldagarrirekin (adina, jatorria, prestakuntza modua) erlazionaturik egon litezkeela).
9.- Itzultzailetzarako prestakuntza (itzultzaileek, beren ofizioa ezagutzen dutenez eta lan horretarako izaten diren ezagutza premien esperientzia badutenez, itzultzaile ikasketekin batera zenbaterainoko ezaguera orokor eta itzulpengintzarako espezifikoak eskatuko lituzketen ezagutu nahi zen; horrekin batera itzulpengintzarako ikasketen formaltasunaz eta iraupenaz duten sentipena ezagutu; jakina da, izan ere, euskal itzultzailea ez dela hizkuntza normalizatu bateko itzultzailea, hizkuntz egoera berezi batean bizi dela-"diglosikoa" esatea da topikoa-, eta interes handia duen gauza da hizkuntz egoera horretan itzulpengintzan ari direnek itzulpenean aritzeko zein esijentzia jarriko lituzketen ezagutzea).
10.- Itzultzaile profesioaren statusa (euskal itzultzailearen statusa batere definitu gabea denez, etorkizunari begira egina da galdera hori: zein status eta nolako profesio antolamendua eskatuko eta nahiko luketen itzultzailearentzat, alegia).
11.- Itzulpen politikari buruzko iritzia (itzulpenean eskua duen orok du, edo behar luke, plangintza bat. Itzultzailea normalean plangintza edo eskabide jakin (pribatu ala publiko) baten egikaritzailea da, eta badu bere egoeran hainbesterainoko eragina duen itzulpen eskabidearen jatorri horri buruzko irizpide bat. Galdera honen bidez, iritzi hori jakin nahi zen).
12.- Norberaren itzulpen ekintzaren laburpen bat.

Inkestaren deskribapena amaitzeko, esan dezadan lehenik inkestaren emaitzak aurkeztuko ditudala, ahalik eta xehaztasun eta xehetasun guztiarekin.

Inkestaren emaitzen aurkezpena egin ondoren, 1981ean egin eta Euskera aldizkarian argitaratu ziren emaitzekin konparatzen saiatuko naiz, ahal denean. Beste zenbait kasutan, inkestaren emaitzen aurkezpenez gainetik, dautek beste komentarioren bat merezi baldin badute, hura ere egiten saiatuko naiz akeneko partean: Datuen esanahia eta bilakaera historikoa (komentarioak) deitu dudanean.

Goazen, bada, besterik gabe, inkestaren emaitzak ezagutzera.

B . Inkestaren emaitzak

1. Itzultzailearen adina eta jatorria

a.-Jatorriari dagokionean itzultzaileen hirutik biko gehiengoa (66,66%) Gipuzkoan sortua da. Laurdenera iristen ez direla bizkaitarrak (24,56%). Gainerako ia ehuneko bederatzia Araba, Nafarroa eta erantzunean jatorria zehazten ez dutenen artean banatzen da. Iparraldekorik ez da azaldu erantzuleen artean.
b.-Adinari dagokionean, bataz bestekoa 32,25 urte dira erantzuleenak, 19tik hasi eta 53 urtetara bitartean. Adinen banaketari dagokionean, bi multzo garrantzitsu ikusten dira: Erantzuleen erdiak 22 eta 32 urteak bitarteko adinetan aurkitzen dira, 28-29 urteetan batez ere. Beste multzo handi bat (28%) 38 eta 44 urteak bitarteko adinetan aurkitzen da.

Adin banaketa, ordea, ez da berdin gertatzen Bizkaia eta Gipuzkoako erantzuleen artean (horiek bait dira talderik handienak, eta kontuak atera litezkeenak; beste probintzietako laginak txikiegiak dira atera litezkeen ondorioztapenak fidagarriak izateko). Gipuzkoako jaiotarrak diren erantzuleen batazbesteko adina 34,52 urtetakoa da, Bizkaiko jaiotarrak direnena 28,25 den bitartean.

2. Itzultzaileen ikasketa maila

Inkestari erantzun dioten itzultzaileen artean, 73,68%ak unibertsitate mailako ikasketak egin dituela erantzuten du. 15,78%ak goi mailako batxilergoko ikasketak egin ditu. 22,08%ak apaiz ikasketak egin ditu, bukatuak ala bukatu gabeak, ez da zehazten; horien erdiek apaiz ikasketak besterik ez dituzte egin.

Ikasketa akademikoez aparte, 17,54%ak autodidakta definitzen du bere burua.

Ikasketa unibertsitarioak egin dituztenen artean, 54,76%ak letra alorreko ikasketak egin ditu. 30,95%ak zientzi alorreko ikasketa unibertsitarioak egin dituela aitortzen du. Eta 14,28%ak zuzenbide eta gizarte alorreko ikasketak egin ditu.

Unibertsitari ikasketak iraun dieten urte kopuruari dagokionez, 61,90%ak bakarrik zehazten ditu. Horietatik 52%ak bost urteko ikasketak burutu ditu unibertsitatean. 40%ak hiru urte edo hortik beherako ikasketak egin ditu.

3. Itzultzailearen gaurko lanbidea

Lan modua eta lantokia

Erantzule gehienek diotenez itzulpenak parte handia du, edo erabatekoa, beren profesio lanean (84,21%). Gainerakoak, alegia, beren profesio lanean itzulpenak parte handia behintzat hartzen ez dienak, komunikabideetan (irrati eta telebista), UZEI, Elhuyar eta beste zenbait insituziotan, irakaskuntzan, edo idazle edo bulegari bezala lan egiten dute.

Itzultzaile bezala lan egiten dutela aitortzen duten erantzuleetatik, erdiak (50,87%) Administraziorako itzulpenak egiten ditu. Administraziorako itzulpenak egiten dituen itzultzaile multzo honen barruan, 79,31%ak (inkestari erantzun diotenen 27,05%) Administraziorako bakarrik egiten du lana.

Administraziorako dihardutenen 20,68%ak bakarrik esaten du bestelako itzulpenak ere egiten dituela. Talde honek administraziorakoez gainera egiten dituen lanak Komunikabideetarako, argitaletxeetarako, kultur instituzioetarako eta idazle bezala egiten ditu. Baina aipatu beharra dago era honetako erantzunak Gipuzkoatik etorriak direla batez ere, gainerako probintzietatik erantzun bana besterik ez bait da iritsi era honetakoa.

Beste multzo handi bat komunikabideetarako itzultzen dutenena da (erantzuleen 36,84%). Hauetako gehienek ETBrako itzulpenak egiten dituzte. Prentsa idatzirako itzulpenak egiten dituztela erantzun dutenak 3 bakarrik izan dira. Komunikabideetarako itzulpenean aritzen direnen multzo honetatik 28,57% Administraziorako itzulpenak ere egiten ditu, baina bi kasutan salbu beste era batzutakoak ere bai (irakaskuntza, argitaletxeak) .

Bi horiek dira (Administrazioa eta komunikabideak), erantzunen arabera, euskal itzultzailegoaren lan sorbururik nagusienak. Erantzuleen 78,84%ak edo Administraziorako, edo komunikabideetarako, edo bietarako behintzat egiten du lana, beste alor batzutarako ere egin dezakeelarik.

Esan beharra dago, baita ere, erantzuleen 15,75%ak idazletzat ere badaukala, itzultzailez gainera, bere burua.

Lan statusa eta lan harremanak

Erantzuleen hirutik biak (66%) itzultzaile profesional bezala ikusten du bere burua. 7%ak erdi profesionaltzat dauka. Eta 16%ak behin behineko itzultzaile dela dio. Gainerantzekoek ez dute erantzun edo bestelako lan batean ari da orain.

Lan harremanei dagokienez, 29,82% erakunde publikoren bateko funtzionariak edo bertarako kontratatuak dira; 15,78% enplegatuak; 17,54% kontratuz lanean ari direnak; 9%ak aldian behin egiten ditu itzulpen batzuk; 18%ak bezero finkoak ditu lana agintzen diotenak; eta beste horrenbeste (18%) toki batean itzultzaile finko bezala dagoela (funtzionari, enplegatu, kontratatu) bezero pribatuen aldian behingo itzultzaile da. Hauek administrazio publikoan ari dira ia kasu guztietan (multzo barrenean 70%).

Lan statusari dagokion erizpideak zer ikusirik ez du adinarekin; erlaziorik ez da ikusten, ezta gazteenetan ere, normalean erlazioa beharko balu ere. Hogei eta hogeitabat urteko erantzule gehienek itzultzaile profesionaltzat dute beren burua.

Erizpide horrek badu ordea, zer ikusia, lan harremanen izateko moduarekin. Funtzionari diren erantzuleetatik, 82,35%ak itzultzaile profesionaltzat dauka bere burua.

Bezero finko askorentzako itzulpenak egiten dituzten itzultzaile gehienak (80%) administrazioa ez den beste lekuren batean ari dira lanean.

Ohizko itzulgaia eta berorren ezaguera

Itzulgaiak, galderan, hirutan banatzen ziren: Testu teknikoak, pragmatiko-dibulgaziozkoak (komunikabide, etab.) eta testu literarioak. Erantzuleen 68,42%ak itzulpen teknikoak, gai teknikozko itzulpenak egiten dituela esaten du.50,87%ak itzulpen pragmatiko dibulgatiboak egiten ditu,eta 22,80%ak itzulpen literarioak egiten ditu.

Erantzulegoaren 57,90%ak bakarrik sailkatzen ditu, ordea, itzultzeko normalean izaten dituen testuak proposatzen diren sailetako bakar batean, gainerakoek sail bat baino gehiagotan sailkatu litezkeen testuak itzuli ohi dituzten normalean.

Horrela, testu mota bakarra itzuli ohi duten itzultzaileetatik, hirutik bik (66%) testu teknikoak itzultzen ditu bakarrik, laurdenak (24%) testu pragmatiko bezala sailkatzen du normalean izan ohi duen itzulgaia, eta 9%ak testu literarioak bakarrik itzultzen dituela esaten du. Testu teknikoak bakarrik itzultzen dituztela erantzuten dutenen multzoaren barruan, multzo osoaren ia hiru laurdenek (73%) Administrazioan egiten du lana.

Testu genero bat baino gehiagoren itzulpenak egiten dituztela erantzuten duten itzultzaileen artean (42%), 61,50%ak itzulpen teknikoak eta pragmatiko-dibulgaziozkoak egiten ditu, 19,23%ak itzulpen pragmatikoak eta itzulpen literariak egiten ditu, eta 15,38%ak hiru testu motetako itzulpenak.

Itzulgaiaz izan ohi duten ezaguerari dagokionez, lau erantzun mota proposatzen ziren: ezaguera sakona, itzulgaiaz ongi informatua egon ohi da, ezaguera arina, gai batzuetan sakona eta bestetan arina. Erantzunek diotenez, itzultzaileen 17,50%ak itzuli behar duen gaiaren ezaguera sakona izan ohi du; hirutik bat (33%) ongi informatua egon ohi da; 10,50%ak ezaguera arina izan ohi duela adierazten du, eta 36,80%ak gai batzuetan ezaguera sakona eta beste batzutan arina izan ohi duela erantzun du. Batek zehazten du lanbidez etortzen zaizkion gaiei dagokienez informazio ofla izan ohi duela, baina enkarguz egin behar izaten dituen itzulpenetan gaiaz izan ohi duen ezaguera arina dela.

Ezaguera mailaz ematen diren erantzunei dagokienez, bestalde, erlazio esanguratsurik ez zaie ikusten ez adinarekin, ez lan harremei buruz eman diren erantzunekin, ez erabili ohi diren testu moduekin, ezpada besteren artean edo bakarrik itzulpen literarioak egiten dituztela erantzuten dutenek gaiari buruz ongi informatuta egon ohi direla erantzuten dutela ia guztiek (84,60%). Desbideratze apur horrekin, gainerakoetan ez da erlazio esanguratsurik ikusten, beraz.

4. Itzultzailearen hizkuntz ezaguera

Sorburu eta xede hizkuntzak

Erantzunen arabera, itzultzaile guztiek itzultzen dute gaztelaniatik. Horrez gainera, euskaratik ere itzuli ohi dutenak, 47,36% dira. 43,85%ak frantsesetik itzultzen duela erantzuten du. 35%ak ingelesetik itzultzen du. Italieratik 7%ak itzultzen du, eta alemanieratik 3,5%ak. Penintsulako gainerako hizkuntzei dagokienez,5%ak galego eta katalunieratik itzultzen du eta 3,5%ak portugesa espreski aipatzen du sorburu hizkuntza bezala. 2,35%ak beste hizkuntza batzuk aipatzen ditu.

Beste ikuspegi batetik, 12,25%ak hizkuntza bakar bat erabiltzen du sorburu hizkuntza bezala, gaztelania kasu guztietan. Hirutik batek bi hizkuntza erabiltzen ditu sorburu hizkuntza bezala: Horietatik erdiak pasatxo (52,62%) euskara eta gaztelania ditu sorburu hizkuntza bezala erabiltzen dituenak (esan beharra dago, gainera, kasu hauek guztiak Administrazioan lan egiten dutenenak direla). Gainerakoek gaztelania eta frantsesa erabiltzen dituzte (20%), edo gaztelania eta ingelesa (27%).

Itzulpenerako testuak hiru hizkuntzatan hartzen dituzten itzultzaileak, erantzunen arabera, 22,80% dira, eta hiru taldetan banatzen dira: euskara, gaztelania eta frantsesezko testuak itzultzen dituztenak (multzoaren 38,46%), sorburu hizkuntza bezala euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzen dituztela esaten dutenak (15,38%), eta hirugarren kasua, horiekin konparatzekoa ez dena, sorburu hizkuntza bezala gaztelania, frantsesa eta ingelesa erabiltzen dituztela erantzuten dutenak (46,15%).

14%ak erantzun du lau hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituela sorburu hizkuntza bezala. Multzo hau heterogeneoa da guztiz, ia kasu guztietan hizkuntz konbinazio desberdinak gertatzen dira.

Guztira, inkestari erantzun diotenen artean, hamar hizkuntzatatik itzultzen da auskarara.

Xede hizkuntzari dagokionez, erantzule guztiek erabiltzen dute euskara xede hizkuntza bezala, denek itzultzen dute euskarara; ia erdiak (46,60%) gaztelaniara ere itzultzen du; 8,75%ak frantsesera itzultzen du, eta 3,50%ak ingelesera itzultzen du. Itzultzaileen erdiak bi hizkuntza erabiltzen ditu xede hizkuntza bezala (euskara eta gaztelania, edo euskara eta frantsesa), eta 5,25%ak hiru hizkuntzatara itzultzen du (euskara gaztelania eta frantsesa, edo euskara gaztelania eta ingelesa).

Itzultzailearen hizkuntz ezaguera (euskaraz landa)

Inkestari eman zaizkion erantzunen arabera, euskal itzultzaileetako 17,50%ak ez du iutzulpenik egiten ezagutzen dituen hizkuntza guztietatik, eta gainerakoek ezagutzen dituzten hizkuntza guztietatik egiten dituzte itzulpenak. Zenbait kasutan ezagutzen duten hizkuntza bat dute itzultzaileek, itzulpenetarako erabiltzen ez dutena, baina 7%ak bi hizkuntza ditu, itzulpenerako erabiltzen ez dituenak. Pentsatzekoa litzateke ezagutza sakon baten faltaz uzten direla hizkuntza horiek itzulpengintzan erabili gabe, baina hizkuntz multzo honetatik, itzultzailea kasu guztietan irakurtzeko gauza da, 29% kasuetan hitzegiteko gauza da, eta 6%an hizkuntza horretako kulturaren ezaguera ona du itzultzaileak. Kasu guztietan, ordea, ikasketa prozesua akademikoa edo autodidakta izan da, eta behin ere ez hizkuntza hori mintzatzen den tokira joan eta ikasitakoa.

Inkestaren arabera, euskal itzultzaileek gehien erabiltzen duten sorburu hizkuntza gaztelania izaten da. Itzultzaile horietako 36,95% familiz hizkuntza horretako hiztuna delako daki gaztelania. Eta gainerakoek ikasketa akademikoz eta inguruan hitzegiten zelako ikasia dute.

Horietako 78,24%ak gaztelaniazko kulturaren ezaguera orokor ona duela esaten du.

Itzulpenean sorburu hizkuntza bezala erabiltzen diren gainerako hizkuntzei dagokienez, esanda dago zenbatek zenbat hizkuntzatatik itzultzen duen. Hizkuntz ikasketa horiek bat banaka harturik, kasu guztien 76%an ikasketa akademikoz egin dira guztiz edo parte bat, 38%an autodidakta bezala, guztiz edo parte bat, kasuen erdietan hizkuntza hori hitzegiten den tokira joanez ikasi dira. Inork ez du erantzun gaztelania edo euskara ez den hizkuntzarik familiz hizkuntza horretakoa delako ikasi duenik.

Hizkuntza horien ezaguera mailari dagokionez berriz, kasu guztien 44%an hizkuntza horretako kulturaren ezaguera orokor ona dute itzultzaileek, inkestaren arabera, kasuen 46%an testu teknikoak ulertzera iristen dira, 52%an hizkuntza horretan hitzegiteko gauza dira, eta 68%an irakurtzeko.

5. Itzultzailearen hizkuntz ezaguera: euskara

Puntu honetan bost galdera modu egin ziren inkestan: Euskara nola ikasi zuen itzultzaileak, euskara mintzatuaren ezaguera (euskalkiak), euskara batuaren ezaguera, euskal literaturaren ezaguera, eta itzulpenetan zein modutako euskara erabiltzen duten itzultzaileek.

a.- Euskara nola ikasi zuen.

Erantzule guztien 78,94%ak familiaz euskalduna delako daki euskaraz. Gainerako 21%a familiz ez da euskalduna, eta gaztaroan edo helaroan ikasi zuen. Gipuzkoarren artean, erantzuleen 92%a familiaz euskaldunak dira, eta 7,90%a da euskara gaztaroan edo helaroan ikasitakoa. Bizkaian berriz, erantzuleen 43%ak gaztaroan edo helaroan ikasi zuen euskara, eta 57%ak daki familiz euskaldunak zirelako. Araba eta Nafarroako itzultzaileen laginak txikiegiak dira ondoriorik batere ateratzeko.

Euskara gaztaroan edo helaroan ikasi duten itzultzaileetatik, batek salbu, gainerako guztiek ikasketa akademikoak egin dituzte euskara ikasteko, eta 58,33%a euskaraz hitzegiten den tokietan egon da mintzatzen ikasteko. Horrez gainera erdiak ikasketa autodidaktikoak egin ditu.

Familiz euskaldunak diren itzultzaileetatik, 26,6%ak euskara ikasteko ikasketa akademikoak ere egin dituela zehazten du; eta 22,3%ak ikasketa autodidaktikoak.

b.- Euskalkien ezaguera.

Euskalkien ezaguerari dagokionez, euskalki bakoitzari buruz hiru erantzun eman zitezkeen: ongi, zerbait, ezer ez. Horrela, bada, erantzuleen 87,72%ak gipuzkeraz ongi dakiela esaten du, eta gainerakoek gipuzkeraz zerbait badakitela.

Bizkaierari dagokionez, 40,35%ak ongi dakiela esaten du, eta 56,14%ak zerbait dabakiela. 3,50% bakarrik geratzen da bizkaiera aipatu ere egin gabe.

Lapurterari dagokionez, 10,5%ak ongi ezagutzen duela dio, eta 49,1 %ak zerbait badakiela.

Xubererari dagokionez, 7%ak ongi dakiela dio, eta 43,85%ak zerbait badakiela.

Nafarrera, erantzuleen 19,3%ak ongi ezagutzen du, eta 40,35%ak zerbait.

Itzultzaileen 7%ak aipatu zaizkion bost euskalkiak ongi ezagutzen dituela dio. Batek lau euskalki ezagutzen ditu ongi, 3,5%ak hiru euskalki ezagutzen ditu ongi, 24,5%ak bi euskalki ezagutzen ditu ongi, 60%ak euskalki bat bakarra ezagutzen du ongi, eta batek euskalki bat ere ez du ongi ezagutzen, euskara batua bakarrik, dioenez.

Gipuzkoa eta Bizkaiko itzultzaileak harturik, Araba eta Nafarroako laginak txikiegiak bait dira ondorioak ateratzeko, Gipuzkoan 98%ak gipuzkeraz ongi daki, eta bik zerbait. 21 %ak bizkaieraz ere ongi daki, eta 74%ak zerbait. Lapurteraz, 10,5%ak daki ongi, eta 47,5%ak zerbait. 5,25%ak xubereraz ongi dakiela dio, eta 40%ak zerbait. Nafarreraz, berriz, 18,5%ak ongi dakiela dio, eta 42%ak zerbait.

Bizkaitarren artean, 86%ak bizkaitarrez ongi daki, eta gainerakoek zerbait. Gipuzkeraz 57%ak ongi daki, eta gainerako guztiek zerbait. Lapurteraz 7%ak daki ongi, eta 50%ak zerbait. Xubereraz ere 7%ak ongi daki, eta 57%ak zerbait. Nafarreraz 14%ak ongi daki, eta 36%ak zerbait.

Kontutan har bedi, hala ere, hizkuntzaren ezaguerari buruz Euskal Herrian egin izan diren inkestetan zerbait jakiteak hitzegiteko gauza ez izatea esan nahi izaten duela gehienetan, inkesten frogak egiten direnean frogatu ahal izaten den bezala. Inkesta honetako datuak ere era beretsuan erlatibizatzekoak izango direla uste izatekoa da.

c.- Euskara batuaren ezaguera.

Galdera honi erantzunleen 40,35%ak erantzun dio, eta kasu guztietan euskara batuaren ezaguera ona dutela erantzun dute. Erantzunen banaketan ez da erlazio esanguratsurik ikusten jatorriarekin, adinarekin edo euskara ikasteko izan duten prozesuarekin.

d.- Euskal literaturaren ezaguera.

"Zein autore klasiko ezagutzen du ondo samar (obrak irakurri eta zerbait behintzat aztertu dituelako)" zioen galderak.

Inkestari erantzun dioten hirutatik bik eman ditu zehaztasunak galdera honetan. Nahasmendu handia izan da hala ere erantzunetan, zeren autore klasikoekin batera oraingoxeak ere zerrendaratu bait dira.

Bataz beste, erantzuna eman duen bakoitzak bost autorez osatutako zerrenda bat eman du.

Autorerik aipatuena Axular izan da (40 aldiz). Haren ondoren, J. A. Mogel (24 aldiz), Etxepare eta Tx. Agirre (23 eta 22 aldiz), Orixe (18 aldiz), Agirre Asteasukoa eta Lizardi (12 aldiz), Leizarraga (11 aldiz), Lauaxeta (9 aldiz), S. Mendiburu eta J. Mirande (8 aldiz), Etxeberri Ziburukoa eta Kardaberaz (6 aldiz) eta ondoren, beheraka, G. Aresti, Kirikino, Larramendi, Bartolome Santa Teresa, P. A. Anibarro, R. Saizarbitoria, Txillardegi, Etxeberri Sarakoa, A. Lertxundi, Iztueta, Astarloa (zein zehaztugabe, 3 aldiz), Tartas, Etxeita, Elizanburu, Gerriko, M. Soroa, Duvoisin kapitaina, R. Olabide, Jose Cruz Etxeberria, M. A. Antia, S. Pouvreau, Gregorio Arrue, Xurio, Haraneder, J. Etxaide, R. M. Azkue, A. Urretavizcaya, Ulibarri-Galindez, B. Gandiaga, S. Mitxelena, X. Amuriza, Sarako Eskolakoak, Oihenart, Barrutia, J. A. Loidi Bizkarrondo, J. M. Iparragirre, Bilintx, Hiriart-Urruty, Etxahun, B. Atxaga, bertsolariak.

Inkestari erantzun dioten batzuek albo oharrak ezarri dituzte, galdera irekia zenez gero. Ohar horietako batzuk, zilegi bazait, ohargarriak dira, batek baino gehiagok zer pentsatua ematen bait du. Horrela, hogei urte dituela euskal idazle klasiko "gehienak" irakurri dituela dioena. Edo "D eta B tituluetako ikastaroetan eta horren inguruan egiten diren irakurketa eta azterketak" erantzuten duenarena. Beste batek dio "antzinakoak ez ditut irakurri, izenak baino ez dakizkit". Beste batek "hutsa". Eta klasikoen artean Lauaxeta sartu duenak J. Sarrionandia ezabatu egin du zerrendatik, parentesi artean "ez da klasikoa" zehaztuz.

Horretaz aparte, ez da erlazio esaguratsurik ikusten inkestako gainerako aldagarriekin (adina, jatorria, lan mota, euskara ikasteko izan duten prozedura, ikasketa akademikoak egin izana, etab.

e.- Itzulpenetarako erabiltzen den euskara mota.

Hiru erantzun modu zeuzkan galderak, aukeran: Euskara batua soilik, euskalkia soilik, euskara batua eta euskalkiak.

Itzultzaileen 72%ak euskara batua erabiltzen du soilik, eta 28%ak euskara batua eta euskalkiak. Euskalkiak bakarrik erabiltzen dituenik inork ere ez du erantzun.

Erantzunen banaketak, ordea, erlazio nabarmena du jatorriarekin. Gipuzkoan 76%ak euskara batua besterik ez du erabiltzen bere itzulpenetan, eta 24%ak euskara batua eta euskalkiak erabiltzen ditu. Bizkaian berriz, 57%ak euskara batua bakarrik erabiltzen du itzulpenetan, eta 43%ak euskara batua eta euskalkiak (bizkaiera izango dela pentsatzekoa da) erabiltzen ditu.

6. Itzultzailearen prestakuntza

Itzultzaileak bere ofizioa nola ikasi duen eta teoriari dagokionean zenbaterainoko eta nolako prestakuntza lortu duen jakin nahi zen. Lehenengo puntuari dagokionean bost aukera zeuden: itzuliz, itzuliz eta teoriaz hornituz (autodidakta), beste norbaiten laguntzaz, itzuliz eta ikastaldi bidez, ikasketa formalizatuz.

Inkestari erantzun dioten itzultzaile guztiek erantzun diote galdera honi. Baina erantzunen 22,50%a ordenatu gabe dago eta gainerakoak lehentasunez ordenatuta. Hauetatik erdiak (50%) batez ere itzuliz ikasi duela esaten du, itzultzen ikasteko prozesuan itzultzea bera izan dutela ikasteko modua, alegia. Batez ere itzuliz eta autodidakta gisa teoriaz hornituz, erantzuleen 18%ak ikasi du. Beste norbaiten laguntzaz erantzuleen 4,5%ak ikasi du, eta ikasketa formalizatuz beste 18% batek.

Itzultzaile guztien 54,38%en ikasketa prozesuan autodidaktismoa egon da, erantzunek diotenez. Itzulpen teoriari dagokionean neurri batean autodidakta dira, beraz. 28%ak norbaiten laguntzarekin ikasi du itzultzen. 42,10%ak ikastaldiak egin ditu. Eta 26%ak ikasketa formalak egin ditu itzulpenari dagokionean, nahiz eta kasu batzuetan ikasketa horiek ez diren izan itzultzen ikasten lagundu dion faktore garrantzitsuena.

Itzulpen teoriazko ezagupenak zein autoretatik ikasi dituzten jakiteko, galdera irekia zen. 72%ak erantzun du; erantzun dutenetatik, 22%ak ez du zehaztu liburu edo autorerik "bat ere ez", "oso gutxi", "gutxi", "batzuk", "hainbat", "asko" izan dira multzo honen erantzunak. Gainerako 78%aren barruan, gehien aipatzen diren liburu edo aldizkarien artean lehenengoa Senez berau da (62,5%), eta ondoren Itzultzaile Eskolan argitaratutakoak (43,75%). Horien ondoren, G. Mounin (Los problemas teóricos de la traducción) (erantzunen 31,25%), Garcia-Yebra (Teoria y práctica de la traducción) (16%), eta ondoren Vinay-Darbelnet (Stylistique comparée du français et de l'anglais), Administrazioa euskaraz aldizkaria, Meta, Babel, Traduire aldizkariak, Komissarov, Delisle, Malblanc, C. Buzzetti, Maillot, Zierer, Vazquez-Ayora, D. Seleskovitch, Fleisher, Ljuskanov, P. Neumark, Octavio Paz.

7. Itzulpengintzako baliabideak

Galderak bi parte zituen: Zein baliabide erabiltzen dira itzulpengintzan jatorrizko testuaren ulerpen egoki batetara iristeko (beronek ere bi parte zituen: gaiaren ulerpena, eta hizkuntz arazoak), eta zein baliabide erabiltzen dira sorburu hizkuntzan (gure kasuan, normalean euskara) mezu hori emateko orduan sortzen diren arazoak konpontzeko, eta mezu emaitza on batetara iristeko.

Sorburu hizkuntzan

Galdera honek zituen bi parteetatik lehenengoan, zein baliabide erabiltzen duen itzultzaileak gaiari dagokion informazioa biltzeko, hiru erantzun eman zitzakeen: Informazio liburuak, hiztegi enziklopedikoak, ezer ez, itzuli behar den testuak berak dioena baizik.

Inkestari erantzun diotenetatik, 89,50%ak erantzun dio galdera honi ere. Horietatik, 80,40%ak hiztegi enzikopedikoak erabiltzen dituela erantzun du; heren batek (33%) informazio liburuak erabiltzen ditu, eta 27,45%ak itzuli behar den testuak dioena.

Modu zehatzagoan adierazita, itzulpenean, itzultzeko testua bakarrik, beste ezer gabe, erabiltzen dutela diotenak 17% dira; testuarekin batera hiztegi enziklopedikoak ere erabiltzen dituztela diotenak 7,8%; testuak dioenarekin, eta 2,6%ak testuarekin batera, gaiari buruzko monografikoak erabiltzen ditu.

Kontsulta bezala, 5,90%ak dio liburu monografikoak bakarrik erabiltzen dituela; eta 31,37%ak esaten du monografiak eta hiztegi enziklopedikoak erabiltzen dituela.

Kontsultarako hiztegi enziklopedikoak bakarrik erabiltzen dituela esaten duena, erantzulegoaren 45,1 %a da.

Hizkuntza arazoetarako baliabiderik erabiltzen duten galderari, hiztegiei dagokiona bakarrik hartuko dugu kontutan, gramatika, hiztegi berezitu eta bestelako baliabiderik erabiltzen duten galderei oso gutxik erantzun bait diote, eta ezin liteke beste ondoriorik atera, horixe besterik, galdera horiei oso gutxik erantzun ere dietela.

Hiztegiei buruzko galderari, beraz, inkestari erantzun diotenen 72%ak erantzun dio; denek baiezko erantzuna eman dute, noski. Erantzun dutenetatik, ordea, erdiak baino askoz ere gehiagok ez du zehaztu (54,90%ak) zein baliabide erabiltzen dituzten. Bataz beste, erantzun horiek denak bildurik, erantzun bakoitzeko 1,75 hiztegi. Hiztegi zerrenda horretan lehenengo lekua Maria Molinerrenak du, zehaztu diren guztien 28,60%, Laroussek 24,50%, Casares eta Collinsenek 14%, Real Academia de la Lengua Espafiolarenak 8,16% eta ondoren zerrendan Martin Alonsorena, Oxford, Advanced Learner's, Amador, Espasa, Vox.

Euskaraz erabiltzen diren baliabideak

Bost azpigalderaz osatzen zen galdera hau: Hiztegi orokorrak, hiztegi berezituak, gramatikak, bestelako baliabideak eta norberak egindako bilketak. Azpigaldera guztiak irekiak dira, eta horretxek hedadura handia eman dio galdera honi.

Hiztegi orokorrei dagokienean, 93%ak erantzun du hiztegiak erabiltzen dituela, baina horietako 83%ak bakarrik zehaztu du zein hiztegi erabiltzen dituen. Erantzunen arabera, bataz beste, bakoitzak 2,7 hiztegi, ia hiru erabiltzen ditu. Gehien aipatzen den hiztegia X. Kintanarena da; berak bakarrik aipamen guztien 26,90%a hartzen du. Ondoren R. M. Azkuerena dator, 20,15%arekin; P. Mujikaren hiztegia erantzuleen 16%ak erabiltzen du. L. M. Mujikarena 9,24%ak erabiltzen du. Beste 11,75% batek Mujika baten hiztegia erabiltzen du, baina ez du zehazten zein Mujikarena; horregatik aparte ematen dugu. 7,40%ak 1. Sarasolaren hiztegia aipatzen du. Horien atzetik, aipamen guxiagorekin, Retanarena, Lhanderena, Lopez-Mendizabalena eta Aunamendi argitaletxekoa ageri dira.

Bigarren apartatua hiztegi berezituena zen. Inkestari erantzun dioten guztien 87,70%ak erantzun dio galdera honi. Erantzule hauetako 88%ak zehaztu du zein hiztegi erabiltzen dituen. Erantzule bakoitzak 1,22 hiztegi aipatu ditu bataz beste. Gehien aipatu diren hiztegiak UZEIrenak izan dira, zein zehaztu gabe: aipamen guztien 74%a beraienak izan dira. Ondoren, agintaritzaren hitz bilduma, aipamen guztien 13%arekin. Eta ondoren, aipamen gutxiagorekin, K. Izagirreren Lokuzio Hiztegia, R. Etxezarretaren Hiztegi Erotikoa, X. Kintanaren Sukaldaritza hiztegia eta X. Gereñoren Esamoldeak.

**Itzulpenean lagungarri erabiltzen diren euskal gramatikei buruz egiten zen galderari, inkestari erantzun dioten itzultzaileen 58%ak bakarrik erantzun dio. Horietatik ere zenbaitek gramatikak erabiltzen dituela besterik ez du erantzun, zein erabiltzen dituen zehaztu gabe. Erabiltzen dituzten gramatiken autoreak zehaztu dituztenen erantzunen arabera, itzultzaile horietako bakoitzak 1,96 gramatika erabiltzen ditu bataz beste, bere lanean.

Aipamen gehien merezi izan duen gramatika P. Goenagarena izan da, erantzuleen 31,37%ak erabiltzen bait du. Bigarrena Txillardegirena, 21,41%arekin. Ondoren Euskaltzaindiarena, erantzuleen 23,52%ak erabilia. Horren ondoren, askoz ere aipamen gutxiagorekin, Fr. L. Villasanterenak, R. M. Azkueren Morfologia, eta S. Altube, A. Campion eta P. Lafitteren gramatikak edo gramatikazko liburuak.

Bestelako baliabiderik erabiltzen duten jakiteko egiten zen galderari erantzun gutxi eta oso jeneralak eman zaizkio: "kontsultak", "taldelana", " alfabetatze teknikoko apunteak", " irakurketak", "aldizkariak", "amari galdetu", "gurasoei galdetu" eta gisakoak izan dira erantzun horiek.

Galdera honek zuen azkeneko aldagarria "norberak egindako hizkuntz baliabide bilketak" zen. Inkestari erantzun diotenetatik, 40%ak baietz erantzun dio galdera ho ni , kasuren bate an, h al a ere , ohar ai pag arriren bat eginez, "baserriko sukalde goxoko jakinduri ezkutu eta isila" miresten duenak bezala.

8. Itzultzean nabaritako zailtasunak eta eskasiak

Galdera honek hiru alor berezi zituen bere barnean: Lexikoaren alorra, morfologia eta sintaxiaren alorra eta egoera soziolinguistikoak eragiten dituen zailtasun eta eskasiak. Inkestak berak proposatzen zituen zenbait erantzun garrantziaren arabera ordenatzea zen inkesta erantzuleari eskatzen zitzaiona.

Lexikoa

Lehenengo alorrari dagokion bezainbatean (lexikoarena, alegia) bost erantzun modu proposatzen zitzaizkion erantzuleari, garrantzitsuenetik garrantzi gutxienekora ordenatu zitzan:

  1. -Euskal Lexikoaren egoera orokorra.
  2. Aditz eskasia.
  3. Adjetibazio eskasia.
  4. Adberbio eskasia.
  5. Gaur egungo fenomeno modernoen izendapenerako izen eskasia.

Erantzun proposamen hauek, ondorengo bi azpialorretarako proposatu zirenak bezala, Itzultzaile Eskolako ikastaroetan, eta beste hainbat elkarrizketa eta topaketetan maizenik entzun izan ditugunen bilketa bat dira.

Galdera honi inkestari erantzun dioten guztietatik batek ez beste guztiek erantzun diote (99%). Emaitzak analizatu eta aurkezteko bi modu erabiliko ditugu. Lehenengoan garrantzi gehien zein faktoreri ematen zaion aztertu nahi da; bigarrenaren arabera, berriz, faktore bakoitzari zein postu ematen zaion garrantziaren araberako mailaketa batean.

Horrela bada, garrantzitsuentzat zein faktore ematen den begiratuz gero, lehen postuan, eman dugun zerrendan lehenengo agertzen dena ageri da (euskal lexikoaren egoera orokorra, alegia); lehen postuan aipatzen diren guztietatik 49%etan agertzen bait da. Lehen postu horretan gehien agertzen den bigarrena, gorakoko zerrendan bosgarren zegoena da (gaur egungo fenomeno modernoen izendapenerako izen eskasia) (25,49%). Hirugarren, aurrekoa baino askoz ere gutxiago ez dela, aditz eskasia aipatzen da (19,60%). Laugarren, erantzun guztien 7,84%arekin, hirugarren aipatzen zena, adjetibazio eskasia. Adberbio eskasia inork ere ez du aipatu lexikoaren alorrean lehenengo zailtasin edo eskasia bezala.

Garrantziarik handiena aitortzen zaion faktorea bakarrik kontutan hartu ordez, garrantzi gehien ematen zaien lehenengo biak hartzen badira, ordea, gauzak zerbait aldatu egiten dira. Zeren kontu hori eginik, euskarak gaur egungo fenomeno modernoen izendapenerako duen izen eskasia gehiagotan agertzen da (33,33%) lexikoaren alorrean nabaritzen diren bi eskasia edo zailtasun motarik garrantzitsuenen artean, euskal lexikoaren egoera orokorra baino (32,29%). Hirugarren bezala adjetibazio eskasia agertzen da (18,75%), lehen egin dugun kontuan hirugarren faktore bezala agertzen zen aditz eskasiaren aurretik (13,54%). Azkena, 3%arekin, adberbio eskasia.

Guztiaren kalkulu bat egin, eta faktoreak zein ordenatan ageri diren begiratuz gero, zailtasun edo eskasia nabarien bezala ikusten den faktorea aditz eskasia da, bataz besteko media kontutan harturik, eta bigarren, baina ia diferentziarik gabe euskarak gaur egungo fenomeno modernoen izendapenerako duen izen eskasia. Bi hauetako lehenengo motako erantzunak dispertsoagoak dira, hala ere, barreiatuagoak bigarren motakoak baino.

Hirugarren faktore bezala, aurrekoekin alde handirik gabe, euskal lexikoaren egoera orokorra dator, nahiz eta garrantzi gehien zein faktoreri aitortzen zaion bakarrik kontutan hartzen baldin bada, lehenengo postuan egon. Hala ere, faktore honi zein toki eman behar zaion garrantzi mailaketan iritzi barreiatuagoak daude aurreko bietan baino eta honetan bada hala ere desbideratze mota berezi eta adierazkor bat. Erantzunen 22%ak garrantzi gutxienekotzat ematen dute euskal lexikoaren egoera orokorra, zerrendako beste faktoreekin alderatuz. 22% horiek ia denak beste jeneroekin batera literatura ere itzultzen dutenenak dira. Arazoa beharbada galderan bertan dago, zehaztasun maila desberdineko erantzunak proposatzen zituelako.

Mailaketan laugarren faktore bezala adjetibazio eskasia agertzen da. Hemen ere ordea, erantzunak oso barreiaturik daude, eta desbideratze berezi bat dago, garrantzi mailaketan bigarren tokia ematen diotenena, gehienbat literatur itzultzailez osatzen den multzoa berau ere.

Eta ezkenik, bosgarren mailakotzat adberbio eskasia eman behar da.

Morfologia eta sintaxia

Alor honetan erantzunak bateratzeko hiru erantzun modu proposatzen ziren:

  1. Euskal morfologia
  2. Euskal sintaxiaren egoera.
  3. Gramatika deskribatzaile zabal batzuren falta.

Inkestari erantzun diotenen 86%ak erantzun dio galdera honi.

Aurreko puntuan bezala jokatuz, garrantzi gehien zein faktoreri ematen zaion begiratuz gero, gramatika deskribatzaile on baten falta da garrantzi gehieneko bezala gehien aipatzen den faktorea (57,14%). Garrantzi gehieneko faktore bezala gehien agertzen den bigarrena euskal sintaxiaren egoera da (32,65%); eta hirugarreneko eta azkenik euskal morfologia (10,20%).

Erantzunen barreiamendua kontutan harturik ere, garrantziaren ordena ez da aldatzen. Hala ere erizpideen finkotasuna sumatu liteke. Horrela, gramatika deskribatzaile on batzuren falta aipatzen den guztietatik, 63,6%etan lehen faktore bezala agertzen da, 11,36%etan bigarren faktore bezala, eta 25%etan azkeneko faktore bezala. Ikusten denez iritziak ez daude oso bateratuak.

Euskal sintaxiaren egoera aipatzen den guztietatik, 40%etan lehenengo faktore bezala ageri da; 42,5%etan faktoretan bigarren bezala, eta 17,5%ak bakarrik dio beste bi faktoreak baino garrantzi gutxiagokoa denik. Iritziak bateratuago daude, beraz, sintaxiari dagokionean gramatika deskribatzaile on batzuren faltari dagokionean baino.

Gauza bera geratzen da morfologiari dagokionean. Zeren 14,28%ak bakarrik jartzen bait du lehen mailako faktore bezala; 48,57%ak bigarren mailan jartzen du, eta 37,14%ak hirugarren bezala ematen du.

Egoera soziolinguistikoa

Egoera soziolinguistikoko faktore desberdinei itzulpenerako zailtasun edo eskasia bezala aitortzen zaien eragin konparatiboa aztertzeko bost erantzun proposatu zitzaien inkesta erantzuleei:

1.-Irakurlego arruntaren euskara mugatua.

2.-Itzulpen alor bakoitzean euskaraz informazio masa handi bat ez izatea.

3.-Purismoaren eragina.
4.-Itzulgaien ezaguera mugatua.
5.-Erdararen ezaguera mugatua.

Bost horiez gainera, inkesta hau Herri Arduralaritzako Euskal Erakundearen bitartez iritsi zitzaienei seigarren erantzun modu bat gehitu zitzalen proposamenetan: Euskararen ezaguera mugatua. Erantzun modu honi, ordea, erantzuleek ez diote garrantzirik aitortu, eta zentzu horretan ez du distortsionatu guztien erantzun multzoa.

Itzulpenerako traba egin dezaketen faktore soziolinguistikoen artean (proposatzen direnen artean) lehenengo hiruei aitortzen zaie garrantzirik handiena modu guztietara ere. Garrantzi gehien aitortzen zaion lehenengo faktorea bakarrik kontutan harturik, erantzun guztien 36%ak "Itzulpen alor bakoitzean euskaraz informazio masa handi bat ez egotea" aitortzen dute garrantzitsuentzat. Ondoren, eta alde gutxirekin, irakurlego arruntaren euskara mugatua jartzen da faktore eragileentzat (34%). 20%arentzat purismoaren eragina da garrantzi gehien duen faktorea.

Erantzun modu hau eman dutenei buruz esan beharra dago, gainera, 60%a familiz euskaldun ez direnak direla. Bestaldetik, baita ere, Bizkaian gehiago azaltzen da iritzi hori Gipuzkoan baino. Bizkaitarren artean 28,25%a iritzi horretakoa da; gipuzkoarren artean, berriz, 13,15%a bakarrik da iritzi horretakoa. Garrantzi gehieneko bi faktoretzat zeintzuk ematen diren kontutan hartuz gero, faktoreen ordena zertxobait aldatu egiten da; zeren erantzun proportziorik handienak euskal irakurlegoaren euskara mugatua aitortzen du zailtasun edo traba bezala. Ematen diren erantzun guztien 32,63%ak Itzulpen alor bakoitzean euskaraz informazio masa handi bat ez egotea jartzen du bi faktore garrantzitsuenen artean. Eta ondoren alde handiarekin besteak. Erantzunen bateratasuna ere kontutan hartuz, mailaketa modu berean geratzen da, lehenengo bi faktoreak elkarren maila ia berean daudela.

9. Itzultzailetzarako prestakuntza

Alor honetako iritziak biltzeko, hiru azpialorretan banatu ziren: Izultzailetzarako ikasketa bereziak hasterako behar litzatekeen prestakuntza, itzultzailetzarako ikasgai premiazkoenak, eta itzultzailetzarako ikasketen formaltasuna. Oso zaila da erantzunen ikuspegi egoki eta aldi berean laburtu bat ematea. Zeren alor hauetako bakoitzean erantzuleak dituen erizpideak elkarri menpekotuak bait dira; eta era horretara inkestari erantzun dion bakoitzak itzultzaile ofizioaren ikuspegi orokor bana isladatzen du bere erantzunetan. Izan ere, erantzunak bat banaka ez direla hartu behar konturatzeko, errazago ulertzeko, aski da pentsatzea zein gauza desberdina ari diren erantzuten itzultzailetzarako ikasketek urtebetekoak izan behar dutela dioten bik, batek lehenengo puntuan itzultzailetzarako ikasten hasi aurretik unibertsitateko ikasketak behar direla esan badu eta besteak COU maila aski dela iritzi badio.

Gerta liteke gainera, eta gertatzen da, itzultzaile ikasketa eta profesio statusari dagokionez ematen diren erantzunen artean batu ezintasunak egotea. Hala batek nahi luke COU ikasketen ondoren unibertsitatean bi urteko itzultzaile ikasketak egin eta lizentziatuaren profesio statusa eduki. Nahi izatea libre da, baina gaur egungo ikasketen erre-gulazioan zenbait gauza ezinezkoak dira; esandakoa bat. Era honetako kontraesanak egonagatik, ordea, denboraren eta tokia elkarrekiko dependentzien azterketa analisi xeheago bat egin nahi duenarentzat utzirik.

Itzultzailetzarako ikasketen aurretiko prestakuntza

Galdera honek bi azpialor ditu: bat ikasketa orokorrei dagokiena: Zenbaterainoko ikasketa orokorrak beharko lirateke: Hiru erantzun modu proposatzen ziren: Unibertsitate ikasketak; COU - BUP, eta kultur prestakuntza ona.

Inkestari erantzun diotenen 86%ak erantzun dio galdera honi ere. Erantzun diotenetatik, 55,10%ak unibertsitateko ikasketak eskatuko lituzke itzultzailetzarako ikasten hasi ordurako. 18,36%ak COU edo BUP maila eskatuko luke. 26,50%arentzat aski litzateke kultur prestakuntza orokor on bat. Unibertsitateko ikasketak edo COU - BUP maila eskatuko luketenetatik, ordea, 91,70%ak ikasketez gainera kultur prestakuntza orokor on bat eskatuko luketela zehazten dute.

Galdera multzo honetan bertan aurkitzen zen beste azpialorra euskarazko prestaketari dagokiona zen: Euskarazko nolako prestaketa beharko litzateke (itzultzaile ikasketetan abiatu aurretik, esan bezala). Bi erantzun modu zituen: E.G.A. / E.G.A. baino gehiago.

Inkestari erantzun dioten guztietatik 89%ak erantzun dio galdera honi. Horietatik 88,25%ak E.G.A. baino gehiago eskatuko lukete itzultzaile ikasten hasi aurretik, eta gainerakoek E.G.A. bakarrik.

Itzultzailetzarako ikasgai premiazkoenak

Galderan hamabi gai proposatzen ziren, itzultzailearen prestaketarako ukan dezaketen garrantziaren arabera ordenatzeko eskatuz. Inkestari erantzun diotenetatik 77,20%ak erantzun dio galdera honi. Baina galderari erantzun diotenetatik oso gutxik (34%) erantzun dio gaiak garrantziaren arabera ordenatuz, beharrezkotasuna azpimarratuz baizik, gai bat edo beste, edo zerrenda bat, beharrezkotzat seinalatuz, alegia. Horregatik, erantzun hauen azterketan, modurik fidagarrienaerantzunen maiztasunaren azterketa izango da. Hala ere mereziko du erantzunak garrantziaren arabera eman dituztenen emaitzak bereziki aztertzea.

Hona bada, ordenan, aipamen gehien izan duenetik gutxien izan duenera, itzultzaileek beren lanbidearen ikasketarako premiazko erizten dieten gaiak:

1.- Euskal lexikologia (100%ak aipatua)

2.- Euskal morfosintaxia (98%ak aipatua)

3.- Estilistika (79,50%ak aipatua)
4.- Testu konparaketa (77,25%ak aipatua)
5.- Testu mailakatuen itzulpen gidatua (77,25%ak aipatua)
6.- Euskal itzulpenaren historia kritikoa (75%ak aipatua)
7.- Teoria linguistiko orokorra (70,50%ak aipatua)
8.- Euskal literatura (70,50%ak aipatua)
9.- Itzulpenaren historia eta teoria (63,60%ak aipatua)
10.-Hirugarren edo laugarren hizkuntza baten ezaguera sakona (59%ak aipatua)
11.-Gaztelaniazko morfosintaxia eta lexikologia (54,50%ak aipatua)
12.-Gaztelaniazko literatura (52,25%ak aipatua)

Erantzun modu hauek garrantziaren arabera ordenatu dituztenen erantzunak aztertzen badira, ordena zerbait aldatu egiten da, eta era honetara geratzen:

1.- Euskal lexikologia

2.- Euskal morfosintaxia

3.- Estilistika
4.- Testu konparaketa
5.- Testu mailakatuen itzulpen gidatua
6.- Euskal itzulpenaren historia kritikoa
7.- Teoria linguistiko orokorra
8.- Euskal literatura
9.- Itzulpenaren historia eta teoria
10.- Hirugarren edo laugarren hizkuntza baten ezaguera sakona (59 %ak aipatua)
11.-Gaztelaniazko morfosintaxia eta lexikologia
12.- Gaztelaniazko literatura

Zerrenda honetan hiru multzo ageri dira: Lehenengo mailan jartzen diren bi gaiak alde handiarekin destakatzen dira besteetatik; garrantzi askoz ere handiagoa ematen zaie. Hirugarrenetik hamargarrenera bitartekoak beste multzo batean koka litezke; nahiko multzo homogeneoa. Eta azkenik, azkeneko biei garrantzi oso txikia ematen zaie, besteei ematen zaienaren aldean.

Itzultzailetzarako ikasketen formaltasuna

Bi modutako galderak zeuden azpialor honetan ere: Ikasketa moduari dagozkion proposamenduak, eta ikasketen iraupenari dagozkionak.

Ikasketa moduari dagokion bezainbatean, bost erantzun posible proposatzen zituen inkestak: Autodidakta, aldian behingo ikastaroak, unibertsitateko ikasketa, unibertsitate ondoko ikasketa, etengabeko erreziklajez (bilera, aldizkari, ikastaro monografiko...)

Inkestari erantzun diotenen 91,22%ak adierazi du bere iritzia. Horietatik 19,25%aren iritzian itzultzaile ikasketak modu autodidaktan egin behar dira. Multzo honen beronen barruan, ordea, erdiaren iritzian aldian behingo ikastaldiak ere behar dira.

Erantzuleen 42,30%arentzako, itzultzaile ikasketak unibertsitatean burutu beharko lirateke. Eta 21,15%aren ustez itzultzaile ikasketek unibertsitate ondoko ikasketak behar luketeizan. 7,69%aren ustez itzultzaile ikasketak aldian behingo ikastaro batzuren bitartez burutu beharko lirateke, beste baldintzarik gabe.

Berziklajeari dagokionez, erantzuleen 63,50%ak beharrezkotzat jotzen du beti, edozein direlarik ere aurretiko ikasketak.

Ikasketen iraupenari dagokionez, bost erantzun modu proposatzen zituen inkestak: Sei hilabete, urte bete, bi urte, hiru urte, gehiago. Inkestari erantzun diotenetatik 67,30%ak erantzun dio galderari, ikasketa modua eta urteak zehaztuz. Erantzuleen 36,36%ak hiru urte baino gehiagoko ikasketa unibertsitarioak izan beharko luketela uste du; 28,50%arentzat hiru urteko ikasketa unibertsitarioak egin beharko lirateke itzultzaile izateko; 14,25%arentzat bi urte unibertsitatean izango litzateke onena. 11,40%arentzat urte erdiko ikasketak, unibertsitatera gabe, aski dira. Beste horrenbesterentzat, berriz, unibertsitate ondoan bi urte beharko lirateke.7%arentzat urtebeteko ikasketak beharko lirateke, unibertsitatean ala unibertsitatez kanpo.

10. Itzultzaile profesioaren statusa

Bi azpiarlo zituen galdera honek: Tituluari dagokiona eta itzultzaileen antolamenduari buruzkoa. Tituluari dagokionean lau erantzun proposatzen zituen inkestak:

1.-Titulurik gabea

2.-Euskal Herriko titulu extra akademikoa (E.G.A. gisa)

3.-Diplomatua
4.-Lizentziatua.

Inkestari erantzun diotenetatik 86%ak erantzun dio galdera honi. Bistan da itzultzaile ikasketen formaltasunak baldintzatu egiten duela galdera honi eman lekiokeen erantzuna. Esan dugu lehen zenbait erantzunetan kontraesanak nabari direla. Hala ere, datozen eran emango ditugu erantzunak.

Erantzuleen 8,90%arentzat itzultzaileak titulu gabeko profesioa izan behar luke. 19,60%arentzat, berriz, Euskal Herriko titulu extraakademiko bat beharko litzateke itzultzaile izateko. 30,35%arentzat itzultzaile tituluak diploma izan beharko luke, eta 41%aren iritzian lizentziatua behar luke itzultzaileak.

Itzultzaileen antolamenduari dagokionez, hiru erantzun modu proposatzen zituen inkestak:

1.-Profesio liberal arautu gabea

2.-Elkartea (idazleenaren gisa)

3.-Profesio liberal kolejiatua.

Galderari erantzule guztien 80%ak erantzun dio. Erantzule horien 50%ak profesio liberal kolejiatu bezala nahiko luke itzultzailetza; 43,47%arentzat elkartea izango litzateke antolamendu onena; eta 6,50%arentzat itzultzailetza profesio liberal arautu gabea izango litzateke.

11. Itzulpen-politikazko iritzia

Bost azpialorrez osatzen zen inkestaren alderdi hau. Itzultzaileak zein iritzi du: itzulpen-politikaz orohar, Eusko Jaurlaritzaren itzulpen-politikaz, argitaletxeen itzulpen politikaz, bikoizketa-etxeen itzulpen politikaz, Itzulpen-politika bat diseinatu beharraz. Puntu bakoitzarentzat hiru erantzun modu proposatzen zituen inkestak:

1.-Ona dela

2.-Txarra dela

3.-Ez dakit (lehenengoarentzat salbu, hirugarrena "ez dagoela" bait zen).

Itzulpen-politika orohar

Inkestari erantzun dioten guztien 82,25%ak erantzun dio galdera honi. Honela banatu dira iritziak: 75%ak uste du itzulpen-politikarik ez dagoela orohar. Beste iritziak erdi banatan banatzen dira, 12%ak uste du itzulpen-politika ona dela orohar, eta beste horrenbestek txarra dela.

Eusko-Jaurlaritzaren itzulpen-politika

Inkestari erantzun dioten guztien 80,50%ak erantzun dio galdera honi. Erantzuleen 60,9%aren iritzian Eusko Jaurlaritzak itzulpen alorrean daraman politika txarra da. 32,60%ak ez daki; eta 6,5%ak uste du ona dela.

Argitaletxeen itzulpen-politika

Galdera honi ere inkestari erantzun dioten guztien 80,50%ak erantzun dio. Erantzule horien 15,20%arentzat itzulpen-politika ona darabilte Euskal Herriko argitaletxeek. 26%arentzat itzulpen-politika hori txarra da. 58,70%ak ez daki.

Bikoizketa-etxeen itzulpen-politika

Inkestari erantzun dioten itzultzaileen 77,20%ak erantzun dio galdera honi. Erantzuleen 11,35%arentzat itzulpen-politika ona daramate. 56,80%arentzat, berriz, txarra da itzulpen-politika hori; eta gainerantzekoek (31,80%) ez dakite.

Itzulpen-politika bat diseinatu beharraz

Inkestari erantzun dioten guztien 89,50%ak erantzun dio galdera honi. Erantzuleen 96%arentzat itzulpen-politika zehatz bat diseinatu beharra dago. 4%ak ez daki zer erantzun eman.

12. Norberaren itzulpen ekintzaren laburpen bat

Galdera honek izan dituen erantzunen aniztasunarekin, ezinezkoa da guztiz laburpen egituratu bat burutzea. Era askotako jokaerak aurkitzen bait dira. Ia, esateko, itzultzaile bakoitzeko itzulpen historia desberdin bana.

Inkestan, bestela, biltzen ez den daturik, itzulpenaren aipatu direnez bestelako aldaerarik adierazten duen datu berri gutxi ageri da. Badira hala ere batzuk: Hala nola, badirela itzultzaileak telebistako filmeak euskarara bezala gaztelani ara ere itzultzen dituztenak, b apateko itzulpenak ere egi ten di rela, (interpretari ala ondoz ondoko itzultzaile bezala den zehaztu gabe) nahiz eta gutxitan aipatzen diren; norbaitek bideo produkziorako aurreprestaketa aipatzen du; testu zuzenketa ere aipatzen dute zenbaitek (zuzenketa itzulpengintzarekin oso lotua ibili ohi da, gogora bedi Katalunian adibidez, itzultzaileen elkartean parte direla zuzentzaileak ere).

B.- Datuen esanahia eta bilakaera historikoa

1. Itzultzailearen adina eta jatorria

Jatorriari dagokionez 1.98 lean argitaratu zen inkestatik oraingora alde esanguratsurik nabari ez bada ere, ez da berdin gertatzen adinari dagokionean. Hartan, izan ere, garrantzia handiko itzultzaile multzo bat osatzen zuten 56-70 urte bitartekoek. Oraingo inkestaldian multzo hori erabat desagertu da, erantzuleen artetik behintzat, ez dago, ez da azaldu; gehienezko adina 53 urtetakoa izan bait da oraingo erantzuleen artean.

Era askotara interpretatu liteke hori horrela gertatu izana. Baliteke, lehenago esan dudan bezala, intestaren banaketa sistemaren ondorio soil bat izatea. Gaitz da sinestea, hala ere; zeren ziur adin horietako itzultzaileak badiren zenbait zentrutara banatu bait da inkesta. Nolanahi ere, eta zeinnahi delarik ere egiazko arrazoia, beti ere kontutan eduki beharreko datua da hau, erantzunak zentzu horretan beti gazteagoen eta berauen joeren aldera ertzeratuagoak, makurtuagoak azalduko bait dira.

2. Itzultzaileen ikasketa maila

Ikasketa unibertsitarioak dituztenen proportzioaren aldea ez da batere esanguratsua 1981eko inkestatik hona (70%-73,68%); batez ere lehenengo inkesta horren lagina kontutan harturik (30 itzultzaile). Ondorioz alde bat eta aurreramendu bat izan dela aterako balitz ere, lagin horrekin ez litzateke fidagarria izango.

Ikasketa alorrari dagokionean., hark zehaztasun handirik ematen ez bazuen ere ("ia gehienek letra mailako ikasketak egin dituzte") azkeneko inkestan azaldu diren datoek ez dute baieztapen horretarako oinarririk ematen, erdiak pasatxo bait dira letretan ikasiak (54'76%), eta gainerakoak beste alor batzuetako ikasketak eginak dira (31% zientzietan, 14,28% gizarte zientzietan eta zuzenbidean).

Zentzu honetan bai esan litekeela alor berrietara hedatu dela, anitzagoa dela orain lehen baino.

3. Itzultzailearen gaurko lanbidea

Aldaketa handia izan da 1981ean argitaratu zen inkesta egin zenetik oraingo honetara, itzultzailearen lanbideari dagokionez.

Lehenik, inkestak errealitatea isladatzen duen neurrian, itzultzailea asko profesionaldu du bere lanbidea. Lehen erantzuleen ia erdiak (46,6%) itzultzaile bezala egiten zuen lana. Gaur egun, 84,21%ak itzultzaile bezala egiten du lana, edo itzulpenak bere lanaren parte handi bat hartzen dio behintzat. Zentzu horretan profesionaltasuna, neurgarria bada, ia doblera iritsi da.

Profesionaltasun horretan pisu handia, erdia pasatxo (50,87%) esan bezala Administrazioak du. Harrez gero, izan ere, Administraritzako itzulpengintza, orduan ia hasi besterik egin gabe zegoena, modu nabarmenean hedatu da, eta itzultzaile asko eraman du bestelako itzulpen alorretatik, eta berri asko sortu ere bai, bere eskabideak betetzeko. Gaur egun, guztira jota, larogeitik larogeitamar pertsona bitartean ari dira, erabat itzultzaile bezala, edo beste eginbeharren artean itzulpena ere baduela, Administraritza publikoaren maila guztietan (Legebiltzar, Jaurlaritza, Diputazio, udaletxe). Horrez gainera, zenbait itzultzailek, nahiz eta beren lanpostua Administrazioaren barruan ez ukan, itzulpen asko agiten ditu Administraritzako zenbait instantzitarako.

Administraritza barruan diharduten itzultzaileon ezaugarri berezienetako bat bezala, ordea, beren esklusibismoa jarri behar da. Administraritzako lanean ari diren itzultzaileetatik bostetik batek bakarrik egiten bait ditu bestelako itzulpenak ere. Gaur egungo egoeran beldurra sartzeko datua ere izan liteke hori, itzulpengintzaren alor berberari dagokionez inkestan azaldu diren beste datuekin batera, eta are beste bide askotatik ezagutzen diren datuekin batera, begiratzen baldin bazaio. Inkestari begiratu gabe bait dakigu, izan ere, Administrazioko itzulpengintzak ikuspegi linguistikotik eta soziolinguistikotik begiratuta, zelako ahuleziak dituen: hizkera, lexikoa, erredakzio modua, estiloa, definitu gabeak, joera desberdinak eta aski bortiztu eta zitaldu eta tematuak itzultzaileen artean (askotan, gainera, itzulpenari eta itzulpenezko erabakitzez dagozkien joerak, xede hizkuntzatarako hautatzen den hizkuntz ereduari baizik; jakina, itzulpen teoria eta korrespondentzia sistema misteriozko baten izenean justifikatuak, noski; besterik behar genuke! Baina itzulpen teoriaren ondorioz hartutako erabaki bezala eman nahi diren askok itzulpen teoriarekin ez du zerikusi gehiago dakigun hark tenporekin baino), Administraritzan erabiltzen den euskara osorik (edo ia) itzulpenezkoa izatea (jatorrizko euskarazko testuekin parez pare jarri eta konfrontatu ezina); itzulpen modu horren zentzu bakarrekotasuna (gaztelaniatik euskarara, horrek eragin lezakeen paralelotasun erabatekorako arriskuarekin); komunikaziozko funtzio egiazkorik ia batere ez betetzea. Guztiok, azken finean, bizitza sozialaren alor batean euskararen erabilera normaldurik ez egonaren ondorio eta ikuspegi desberdinak besterik ez dira.

Ahulezia horiek guztiak gutxi balira ere, orain mundu horren isolamendua gehitzen baldin bada (eta alor berean ageri diren beste zenbait arazo: itzultzaile euskaldunberriek Administraziokoen artean bereziki duten proportzio susmagarria, etab.), Administraritzako itzulpengintza desbideratzeko arrisku nabarian jartzen dute.

Alor honetan berean jarraituz, datu berezi eta ohargarria da, aipatu dugun arazoa (isolamendua) Gipuzkoako jaiotar diren itzultzaileen artean dela arinena. Gainerantzeko probintzietan, Bizkaian batez ere -beste probintzietarako lagina txikiegia bait da ondorio finkoak atera ahal izateko-Administraziorako esklusibismoa ia erabatekoa bait da, horretan ari diren itzultzaileen artean (ez bedi ahaztu Administrazioan diharduten itzultzaile bizkaitarren 60%ak hizkuntzaz euskalduna ez den familia batekoa dela erantzun duela, gainera).

Buelo handia hartu duen beste itzulpen alor bat komunikabideetakoa da. 1981ean argitaratu zen inkestan ez zen aipatu ere egiten zehazki. Gaur egin, berriz, inkestak isladatzen duenez, erantzuleen 36,84%a alor honetarako itzulpengintzan ari da.

Komunikabide hauetatik guztietatik, uste izatekoa zen bezala, ETB da itzulpen kontsumitzailerik garrantzitsuena, lehengo inkesta egin zenean azaldu gabe zegoen bezeroa, hain zuzen.

Garai hartan komunikabideetarako lanean ari ziren itzultzaile gehienak prentsa idatzirako ari ziren lanean. Gaur egun, berriz, lan partizio hori arras aldatua dago, eta prentsa idatzirako itzultzaile banaka batzuk besterik ez dira ari lanean; eta ari direnak, inkestaren erantzuleen artean behintzat, aldizkari espezializatu, edo zientzi-dibulgaziokoetan gehienak: Elhuyaren batez ere, eta behin bakarrik aipaturik Jakinen.

Ikusten denez, egunkari eta aldizkarietako itzultzaileen figura (Egin eta Argianari zirenak batez ere) galdu egin da, ez da ageri orain, orduango zentzuan, inkestak kanpora ezagutzen dugun Saski-Naski aldizkariaren kasuan ez bada.

Zentzu horretan, esan liteke medio horietako euskararen erabilera normaldu egin dela (itzultzen zen informazio gehiena bertan sortua izaten bait zen maizenik): bertako itzultzaileek edo alde egin dute edo aldatu egin dira; eta euskaraz argitaratzen dena ez da itzulia, sortua baizik, oso aldian behin ez bada.

Itzultzaileak bere lanbideaz duen iritzia

Itzultzaileak bere lanbideazxduen iritzia ere neurri handian aldatu da azkeneko urte hauetan.

Aipatzen ari garen inkestan, izan ere, beren burua profesional bezala ikusten zuten itzultzaileak, erantzuleen 26,6%a ziren; beren burua erdi-profesionaltzat zutenak beste horrenbeste, eta behin-behineko itzultzailetzat zutenak 36,6%a.

Gaurko erantzunen arabera, itzultzaileen 66,6%ak bere burua profesional bezala ikusten du lanbide horretan, erdi-profesional bezala 7%ak du bere burua; eta 16%a behin-behineko itzultzaile aitortzen da.

Ondorio garbia atera liteke beraz, itzultzaile lanbidea, itzultzaile profesioa oso finkatzen ari dela lanbide bezala. Pertsona multzo handi batentzat bere lanik garrantzitsuena edo garrantzitsuenetakoa bihurtu dela.

Hala ere, profesioaren finkapen horri buruz bada zer esana, ez bait dago egituraturik, nolabait esateko estratifikaturik, lanbide finkatuak, profesio finkatu eta errotuak egon ohi diren bezala. Erantzunetan partizio anarkiko bat dago, lanbide honetara iristeko izan duten modu anarkiko eta ez-diskriminagarriagatik, eta seguraski baita itzultzaileen multzorik handienak lanbide horretan daraman denbora gutxiagatik; oso urte gutxitan ugaldu da ia kolpetik itzultzailea gure artean. Adibide bat emateko, ez bait da erraz uler litekeen gauza adinak itzultzailearen profesio statusarekin duen erlazio ia ezdeusa.

Profesiorako sarrera ez-diskriminagarriaren ondorio, hori gertatzen den guztietan lanbide horien kalitatearen eskasia izan ohi da. Oso kontutan hartzeko puntua izan beharko luke honek hemendik aurrera. Kalitate eskabidea orientatzen ikasi beharko da, aldi berean gizarteak, bezeriak itzultzaileari eska diezaion.

Ohizko itzulgaia eta berorren ezaguera

1.981eko inkestan era honetako gairik ez zen, itzultzailearen lanbidearekin bateraturik hartzen zelako ohizkoa zen itzulgaia. Oraingo kasu honetan zertxobait zehaztu nahi izan dugu galdera. Informazio hau berria da, beraz, eta horrenbestez ez da harekin konparagarria. Zer itzultzen zen orduan, eta zein proportziotan, jakiten zaila denez, gaur egungo egoeraz dugun informazioarekin nekez konparatu eta bilakaera ikus daiteke.

Bada hala ere galdera honetan azpigaldera bat, itzultzaileak bere itzulgaiaz izan ohi duen ezaguerari buruzkoa, geroago, itzulpengintzarako erabili ohi diren baliabideez egiten den galderari eman zaizkion erantzunekin konparagarri dena eta komentario bat merezi duena.

Itzulgaiaren ezaguerari dagokionez lau erantzun modu proposatzen ziren: ezaguera sakona, itzulgaiaz ondo informatuta egon ohi dela, ezaguera arina, gai batzutan ezaguera sakona baina bestetan arina.

Gaiaren ulermenerako baliabideez galdetzen zenean berriz, hiru erantzun modu proposatzen ziren: gaiari buruzko monografiak erabiltzen dituela itzultzaileak; hiztegi entziklopedikoak erabiltzen dituela, ala itzuli behar den testuak berak dioena erabiltzen dela bakarrik, beste inon kontsultarik egin gabe.

Uste izatekoa zen bi galderen erantzunak zentzu beretsukoak izango direla.

Bi erantzun sailak batera jarririk honela geratzen dira korrespondentziak: Itzultzaileen 17,50%ak itzuli behar duen gaiaren ezaguera sakona izan ohi du; hirutik bat (33%) ongi informatua egon ohi da itzulgaiaz; 10,50%ak ezaguera arina izan ohi duela aitortzen du, eta 36,80%ak dio gai batzuren ezaguera sakona izan ohi duela baina bestetan arina. Hala ere, erantzuleen heren batek dio gaiaren ezaguerara iristeko liburu monografikoak erabiltzen dituela, eta 80,40%ak hiztegi entziklopediokoak erabiltzen dituela kontsultarako. Gero, ordea, bataz beste, itzultzaile bakoitzeko 1,7 hiztegi orokor aipatzen dira, erabilitako bezala, sorburu hizkuntza guztiak kontutan hartuta.

Ikusten denez, erantzun hauek guztiak nekez bateratu eta elkartzekoak dira. Seguruenik desira edo desiderata askoren projekzioak isladatzen dira erantzun modu horietan, inkestetan itzuri ezina den bezala, bestalde.

4. Itzultzailearen hizkuntz ezaguera

Sorburu eta xede hizkuntzak

Arlo honetan ere aldakuntza handiak izan dira 1.981ean argitaratutako inkesta egin zen garaitik oraingo hau egin denera.

Lehenik eta behin hizkuntza gehiagotatik itzultzen da euskarara, eta normalean, gainera, itzultzaile bakoitzak ere hizkuntza gehiagotatik itzultzen du lehen baino.

Horrela, gaztelaniatik euskarara bakarrik, edo horrez gainera euskaratik gaztelaniara ere itzultzen dutenak, itzulpenerako euskaraz gainera gaztelania bakarrik erabiltzen dutenak alegia, xede ala sorburu hizkuntza bezala, 1981eko inkestan erdiak ziren, oraingo honetan berriz 30%a bakarrik guztira.

Frantsesetik itzultzen zutenak 30%a ziren; oraingo inkestaren arabera 43,85%a dira orain. Ingelesetik itzultzen zutenak 10%a, dutenak 35%a. Alemanieratik lehen 6%ak, orain 3,5%ak itzultzen du.

Kontutan har bedi, ordea, lagina aldatu egin dela, oraingoa askoz ere handiagoa dela (2,8 bider handiagoa). Horrek esan nahi du proportzio aldaketak erakusten duena baino askoz ere alde handiagoa egin dela kopuru errealetan .

Horrela, frantsesetik euskarara itzultzen dutenen kopuru erreala 2,77 aldiz biderkatu da urte hauetan. Ingelesetik itzultzen duten itzultzaileen kopurua, berriz, 6,65 bider gehiago izatera iritsi da epe berean, kopuru errealak kontutan harturik. Esaldiok ere erlabiboak bait dira, laginarekiko erlatiboak, formulazio zuzena eta bidezkoa, baina ulerkaitzagoa, beste era honetara izango litzateke: Oraingo inkestan, kopuru errealetan, 2,77 edo 6,65 bider pertsona gehiagok erantzun dute, lehengo inkestan baino, frantsesetik edo ingelesetik itzultzen dutela.

Nolanahi ere dudarik ez dago hizkuntza horietatik itzultzaile askoz ere gehiago ari dela gaur egun euskarara itzultzen lehen baino. Dudarik gabe itzulpen merkatuaren aldakuntzak ekarri du aldakuntza hau ere.

Bestalde, beste aldakuntza nagusi bat hizkuntza klasikoetatiko itzultzaileei dagokiena da. 1.981eko inkestari erantzun ziotenetatik 16,6%ak egiten zituen hizkuntza horietatik itzulpenak; oraingo honetan berriz, ia inork ez. Hizkuntza klasikoetatiko itzultzaileon hau benetan gertatzear dagoen galera bat da; belaunaldi oso bat lanerako galtzeko zorian dago, eta luzarora berriro lortuko ez den lan ahalmen bat da, hain justu ere.

Hori kontutan harturik, esan behar da sorburu hizkuntzei dagokienez aniztu egin dela euskararako itzulpena. Guztira hamar hizkuntza aipatu dira euskal itzultzaileen sorburu hizkuntza bezala.

Ez da ahaztu behar, gainera, euskal itzultzaile bakoitzak orokorrean sorburu hizkuntza bezala erabiltzen dituen hizkuntzen batazbesteko kopuru a. Zehaztu z, hal a ere, eusk al itzultzai leak i a ez agutzen di tue n hizkuntza guztietatik itzultzen du, 17,50%ak bakarrik ezagutzen ditu itzulpenean erabiltzen dituenak baino hizkuntza gehiago. Ez da ordea konparagarri, 1981eko inkestaren aurkezpenean ez bait da berezten.

Hizkuntza horiek nola ezagutu diren, 1981eko inkestan ez zen galdetzen. Oraingo honetan kasuetan erdietan hizkuntza bakoitza hitzegiten den tokietara joanez ikasi dira.

5. Itzultzailearen hizkuntz ezaguera: euskara

1981eko inkestan ez zen era honetako galderarik egiten, eta horrenbestez ezin liteke garai hartatik hona bitartean itzultzaileen artean izan den bilakaerari buruz ezer esan, inkesta batean oin harturik behintzat.

Hala ere, datuak beren lekuan aditzera eman badira ere, eta berez aski adierazkor izan arren, zenbait datuk komentario eta gogoeta berezia merezi du.

a. Euskara nola ikasi zuen

Arazorik larrienetako bat euskaldunberriena da. Aipatua dut Unescoren Nairobiko Gomendioak zer dioen (xede hizkuntza bezala erabiltzen denak ama hizkuntza izan behar duela itzultzailearentzat, edo bestela gutxienez hamabi urtez normalean hizkuntza horretan mintzatua behar duela itzultzaile batek ama hizkuntza ez duen beste bat xede hizkuntza bezala erabiltzeko).

Datuek diotenez, euskal itzultzaileen 79%a familiz da euskaldun, eta 21%a euskaldun berria. Banaketa hori, ordea, ez da alde guztietan berdina. Gipuzkoan 92%a familiz euskalduna da, eta 7,9% euskaldunberria. Bizkaian, berriz, 57%a familiz euskalduna eta 43% euskaldunberria. Gainerako probintzietan laginaren laburrak ondorio erratuetara eramango gintuzke seguru. Euskaldunberri horietatik, gainera, 58,33%a bakarrik egon da euskaraz hitzegiten den tokietan propio joanda euskara ikasten. Medio horiek jarri ez dituen itzultzaileen multzoak garantia minimorik ez du ematen itzulpenak euskararen antzeko hizkuntz modu batetara ere itzuliko dituenik. Itzulpen irakaskuntzan aritu garenok ederki dakigu zein zaila den irakaskuntza akademiko baten bidez itzultzaile izan nahi duen pertsona bat egoera horretatik ateratzea (Ez dira beraz itzulpen teoriazko ezagupenak juzkatzen direna).

Arazo honek guztiak, ordea, badu beste ikuspegi bat, beste nonbait aipatu behintzat egin duguna, ikuspegi soziolinguistikoagoa hain zuzen: Nola eta non gertatzen da onargarri egoera hori? Galdera horri erantzuteko lekurik egokiena beharbada ez da hau, galdera egiteko leku eta une egokia baden arren; beharbada aparteko artikulu berezi bat merezi du, xeheago eta datuak zehatzago begiratuz; hala ere gauzak horrela izan daitezen a prioriko zenbait baldintza aipa litezke hemen. Pentsa liteke zein baldintzatan bai den prosible gertatzen dena gertatzea, eta zeintzutan ez den prosible hori bera.

Posible izan ez dadin baldintzetako bat, dudarik gabe, itzulpenaren produktuak komunikazio funtzio zabala betetzea litzateke, ez itzulpen bezala, xede hizkuntzako komunikazio bezala soilik baizik (mezu itzuliaren hartzaileak ez du juzkatzen xede hizkuntzan ematen den mezuaren eta sorburukoan ematen zenaren arteko parekotasun doia ala desbiderapena; hori itzulpen kritikalariari dagokion eginkizuna da; mezu itzuliaren hartzaileak gozatu ala nozitu egiten du gehienez ere informazioaren parekotasun doi ala desbiderapen hori). Denok dakigu gaur egun itzulpen askoren eskakizuna egiten duen bezeria jakin bati testuak euskarara edo antzeko gauza batera itzultzea interesatzen zaiola bakarrik, testuak euskaraz ere aurkeztera beharturik dagoelako. Itzulpenaren erabiltzaile asko dituen itzulpenak zainduagoa behar izaten du hizkuntzaren aldetik.

Pentsatzekoa da, eta aztertzekoa, ea zergatik gertatzen den Bizkaian Gipuzkoan baino askoz ere gehiago fenomenu hori. Beharbada Gipuzkoan euskararen erabilera funtzional anitzagoa gertatzen delako, eta zentzu horretan populazio sektore handiagoak duelako edozein itzulpen edo bestelako produkturen nolabaiteko kontrola, oso urria bada ere, objetiboki; eta gainera euskaldunen kontzentrazioa handiagoa izanik, kritikaren komunikazioa ere aiseago gertatzen delako ere bai beharbada. Ikerketa bideak seinalatzea besterik ez da hau guztia, eta ez da hori baino gehiago balitz bezala hartu behar.

d. Euskal literatura klasikoaren ezaguera

Galdera honen beronen beste azpigaldera bat euskal literatura klasikoaren ezaguerari buruzkoa zen. Itzultzaileen artean literatura klasikoaz dagoen ezaguera ezagutu nahi zen, oraingo itzultzaileak literatura, edo hobeto, idazketa modu, erredakzio modu klasiko baten barruan txertatu nahi badira, ezagutu beharra izango bait dute tradizio hori, eta gaur egun badakidu modu oso urrian ematen dela ezagutza hori modu akademikoz; bakoitzaren ahaleginez beharko du, orduan. Erantzunak era askotakoak izan ziren. Beharbada gaizki ulertutakoak ere asko izan ziren, nahiz eta galderak garbi zioen: "Zein autore klasiko ezagutzen du ondo samar".

"Klasiko" izatearen zentzua arrunt erlatiboa izango da nonbait, aipatu diren autoreen zerrendari begiratzen badiogu. Etxeparetik hasi eta J. Sarrionandiarainokoak "klasikoen" artean aipatu bait dituzte batzuk. Hala ere bada honetan aipatzekoa den arazo bat: Noiztik atzera hasten dira klasikoak?

Erantzunetan aipatzen diren autoreen artean hiru multzo nagusi osatu litezke. Gehiago ere bai, zein irizpideren arabera osatzen diren multzoak. Autoreak bizi izan ziren garaiarekin batera aipatzen diren autoreen liburuak eskuratzeko dagoen erraztasuna konbinatuz egin liteke banaketa bat:

Talde bat oraindik bizirik diren edo oso modernoak diren autoreena izango litzateke (aipatzen direnen artetik: J. Mirande, G. Aresti, R. Saizarbitoria, Txillardegi, A. Lertxundi, J. Etxaide, A. Urretavizcaya, B. Gandiaga, S. Mitxelena, X. Amuriza, J. A. Loidi Bizkarrondo, B. Atxaga.

Bigarren taldea, mende honen hasiera edo ingurutsutik aipatu ditugunetarainokoak, gerra aurreko garaia ezagutu zutenak eta hartan eragina izan zutenak, alegia: Tx. Agirre, Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Kirikino, Etxeita, R. Olabide, R. M. Azkue, Hiriart-Urruty.

Mende honez aurretikoak: Axular, J. A. Mogel, Etxepare, J. B. Agirre, Leizarraga, S. Mendiburu, Etxeberri Ziburukoa, Larramendi, Bartolome Santa Teresa, J. I. Iztueta, Astarloa, Tartas, Elizanburu, Gerriko, M. Soroa, Duvoisin, J. K. Etxeberria, M. A. Antia, S. Pouvreau, Gregorio Arrue, Xurio, Haraneder, Ulibarri-Galindez, Oihenart, Barrutia, J. M. Iparragirre, Bilintx, Etxahun.

Lehenengo multzoa galderaz kanpokotzat jo liteke, eta kontrolatzen oso zaila, batzuk galdera ulertu bait dute, eta beste batzuek beharbada ez.

Bigarren multzoko autoreak klasikoen artean aipatzea esanguratsua da, aipamen asko izan dituztelako esanguratsuago hala ere; eta aztertzea interesgarria izango litzatekeen lehen aipatu dugun galdera hori jartzen du: Noiztik atzera hasten da garai klasikoa? Edo beste era batera planteatuta:

Zein eratako informazio eta irizpidea dute oraingo euskal itzultzaileek, eta euskal letretako beste profesio batzutan ari direnek, euskal letren tradizioaz? Zein kultur ondare ransmititu da euskal letren tradiziotik gaurko itzultzaile, idazle eta erredaktoreetaraino?

Alde batetik aipamenen zerrendak argi erakusten du euskal literaturaren historiari buruz zabaldu diren irizpideek asko baldintzatzen dutela itzultzaileen bilaketa, baina horren hainbestean baldintzatzen dute berriki egindako argitalpenek, autoreen eskuragarritasunak. Eta hala eta guztiz ere erantzunak beren neurrian hartzeko kontutan hartu behar da erantzuleen 36%ak ez duela autorerik batere zehaztu zerrenda honetarako, eta gainerako 63%ak batazbesteko bost izeneko zerrenda bat eman duela.

Eta harrigarriena dena, inkestari erantzun diotenen artean galdera honi eman zaion erantzunak zerikusirik ez izatea da inkestan neurtzen ziren gainerako aldagarriekin (adina, jatorria, lan mota, euskara ikasteko izan duten prozedura, ikasketa akademikoak egin izana, etab.), batekin salbu: itzulpen literarioak egiten dituela dioen 22,8%ak esplikazio honetan eratu ditudan hiru autore multzoetako bigarrena eta hirugarrenean azaltzen direnen aipamen guztien (gerra aurretiko guztiak) 63%a egin ditu. Bildur askorik gabe esan liteke beraz, euskal itzultzaileen artean literatur itzultzaileek dutela, askorengatik, euskal literaturazko tradizioaren ezaguerarik onena.

e. Itzulpenetarako erabiltzen den euskara mota.

Azpigaldera honetarako iritsi diren erantzunetan seguruenik badago desbiderapen nabarmen bat, inkestaren banaketa moduak eragina. Itzulpenetan euskalkia erabiltzea bizkaitarren artean bakarrik gertatzen den gauza bait da, inkesta honen arabera. Gipuzkoarren artean behin ere ez gertatzea, berez da susmagarria, jakinik, dakigun bezala, badirela itzultzaileak gipuzkeraz argitaratzen dutenak. Saski-Kaski aldizkari ia osorik itzulpenez osatuan idazten dutenak, eta beste zenbait. Hala ere , gau za j ak ina da baita ere, i tzul tzai le horiek eusk ara batuan ez dutela idazten inoiz, eta Bizkaiatik euskalkia ere erabiltzen dutela esanez etorri diren erantzunak euskara batua eta euskalkia erabiltzen dutenenak dira. Bizkaian, beraz, zenbait alditan eta zenbait eginkizunetarako idatziz bizkaiera ere erabili beharra sentitzen da, hango erantzuleen artean 43%ak adierazi bait du hori.

6. Itzultzailearen prestakuntza

Itzultzaileak bere ofizioa ikasteko baldintzak erabat aldatu dira 1981eko inkesta egin zenetik hona. Kontutan hartu behar bait da inkesta hura egin aurretik oso ikastaldi gutxi izan zirela gure artean itzulpenaz. UEUk antolatuak zenbait, Elizarteko Bibliaren Itzultzaileentzako Ikastaldia, H. P. Ruger-ek eta Mendoza jaunek Arantzazun emana, eta UZEIk udal itzultzaileentzat antolatutako bat.

Harrez gero, berriz, Itzultzaile Eskola martxan jarri zen, ikasturteaz gainera ikastaro laburrak ematen hasi zen, zenbait argitalpen kaleratu eta aparteko ikastaro laburrak eman ditu, Udal itzultzaileek zenbait ihardunaldi eta bilera asko ospatu dituzte, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeak ere antolatu izan ditu ikastaldi laburrak, itzulpenari buruzko bibliografia asko ezagutarazi da. Eta guztiaren gainetik itzulpen eskabidea arras handitu da.

Guztiz normala da, beraz, erantzunek bestelako egoera bat isladatzea.

Inkesta hari erantzun ziotenen artean 86,6%ak erabat prestakuntza pertsonal edo autodidakta bati jarraitu zitzaiola erantzun zuen. Ikastaldiez baliatu izan zirenak 13,3%a ziren.

Oraingo inkestari erantzun diotenen artean, berriz, 42,1%ak itzulpen ikastaldiak egin ditu eta beste 26% batek itzulpen ikasketa formalak. Proportzioaren gorakada handia bada, are handiagoa kopuru errealetan neurtzen bada; zeren erantzule horien artean ia hamar bider (9,7) pertsona gehiago dago itzulpen ikastaldiak edo ikasketa formalak egina ordukoan baino.

Autodidaktismo hutsa neurri berean jaitsi da.

Zentzu berean handitu da itzulpen teoriari buruzko ezagupena. Garai hartako erantzuleek aipatzen zituzten autoreak honako hauek ziren: G. Mounin (erantzuleen 10%ak aipatua), eta Nida-Taber, Alonso-Zorro, Octavio Paz, Carlo Buzzeti (pertsona bakar batek aipatuak). Guztira, itzulpen teoriazko 0,23 liburu edo aldizkariren aipamena egiten zen inkestaren erantzule bakoitzeko. Oraingo inkesta honi eman zaizkion erantzunen arabera itzultzaile bakoitzak itzulpen teoriazko 2 liburu irakurri ditu bataz beste. Aipatzen diren aldizkari eta autoreak askoz ere gehiago dira guztira jota: Senez, Itzultzaile Eskolaren gainerako argitalpenak, G. Mounin, García-Yebra, Vinay-Darbelnet, Administrazioa euskaraz, Meta, Babel, Traduire, Komissarov, Delisle, Malblanc, C. Buzzeti, Maillot, Vazquez-Ayora, D. Seleskovitch, Fleisher, Ljuskanov, P. Neumark, Octavio Paz.

Hala ere, irakurketa bidezko prestakuntza teorikoa ez da erantzunetan isladatzen guztiari dagokiona, eta pentsatzekoa da, horrenbestez, prestakuntza teoriko hori ikastaro soilez egiten dela neurri handi batean, eta ikastaroetan ikasitakoa besterik gabe geratzen direla itzultzaile asko.

8. Itzultzean nabaritako zailtasunak eta eskasiak

Galdera honi dagokionez, 1981eko inkestan eta oraingoan ez zegoen berdin formulatua. Oraingo honetan, izan ere, denborak eta lekuak posiblitate gehiago ematen bait zuten, askoz ere xehetasun gehiagorekin galdetu nahi izan da, oraingo egoera xeheago ezagutzeko. Erantzunak, horregatik, beste era batera egituratuak daude oraingoan, eta ez dira konparagarri. Horregatik datuen aurkezpen soila aski da, alor honetan diren irizpideez ohartzeko.

9. Itzultzailetzarako prestakuntza

Itzultzaitzarako ikasketen aurretiko prestakuntza

Itzultzailetzarako ikasketen aurretiko prestakuntzaren premiaz ere asko aldatu dira iritziak azkeneko urte hauetan. 1981eko inkestan 15,38%ak eskatzen zituen ikasketa unibertsitarioak itzultzailetzarakoen aurretik. Proportzio hori, gaur egun 55,10%era igo da. COU edo BUP mailako ikasketak aski zirela ziotenak 23%a ziren orduan; gaur egun proportzio hori behera etorri da, 18,36%raino. Kultur maila on frogatu bat nahikoa dela ziotenak 61,5%a ziren; gaur egun horrekin aski dela diotenak 26,5% dira.

Aipatzekoa da, hala eta guztiz ere, 91,7%ak maila bateko edo besteko ikasketa akademiko formalez gainera, espreski eskatzen duela kultur maila on bat, ikasketa akademikoak eman dezakeen kultur mailaren muga laburraz oharturik, nonbait.

Ikusten denez, ikasketa maila askoz ere handiagoa eskatzen da, itzulpenaren esperientzia hedatu den ahala, itzultzen ikasten hasteko ere.

Euskarari dagokionez beharrekotzat ematen diren ikasketei buruz irizpideak aldatu diren ala ez ez da erraza, zeren garai hartan euskarazko tituluak Euskaltzaindiak ematen bait zituen (D eta B tituluak), gaur egun Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen ditu, eta ez daude berdin egituratuta. Hala ere datuak parez pare jarri litezke: 1981eko inkestan 34,6%aren iritzian B titulua aski zen itzultzaile ikasketetan abiatzeko, eta 65,4%arentzat D titulua eskatu behar zen. Gaur gungo iritzien arabera 85,25%arentzat, Eusko Jaurlaritzak ematen duen E.G.A. tituluak adierazten duen ezaguera ez da aski itzultzaile ikasketetan hasteko.

Itzultzailetzarako ikasgai premiazkoenak

1981eko inkestan hamar ikasgai garrantziaren arabera ordenatzen ziren. Inkesta haren emaitzak era honetara ziren:

1. Euskal morfosintaxia

2. Euskal lexikologia

3. Itzulpenaren historia eta teoria
4. Teoria linguistiko orokorra
5. Euskal itzulpenaren historia kritikoa
6. Testu mailakatuen itzulpen gidatua
7. Estilistika
8. Euskal Literatura: historia eta autoreen ezagupena
9. Gaztelaniazko morfosintaxia eta lexikologia
10. Gaztelaniazko literatura

Ikusten denez aldaketa handirik ez da izan itzultzaile izateko ikasgaiei aitortzen zaien garrantziari dagokionez. Batez ere lehenengo bi gaiei dagokienez, ordena berean azaltzen dira orain ere. Hortik aurrera zertxobait aldatzen da, baina ez ordenamendu horren esanahia aldatzeko moduan.

Zentzu honetan, Xabier Mendigurenek aipatu txostenean egiten duen interpretazioa berritu beharko da oraindik ere: "Hautaketa honen interpretazio behin-behineko bat aurreratuz, zera esan daiteke: gaurko euskal itzultzailea gehienbat kezkatzen duena euskara hizkuntza bezala ezagutzea eta sakontzea dela, agian maila horretan defizit nabaria somatzen baitu.

"Bigarren maila batetan nahi duela itzulpen teoria eta teknika eta azken maila batetan, nahiz eta garrantziarik ez diola ematen pentsatu beharrik ez dagoen, Literatura eta Gaztelaniaren ezagupena .

"Bistan dago aro " linguizista" batetan aurkitze n gare la eta hizku ntzaren normalizazio eta finkapen ezak biziki baldintzatzen duela itzultzailearen lana, eta gure demandaren baitan itzulpen literarioak, sensu stricto oso sarrera mugatua duela" (ibidem, 983. or.).

Oraingo inkestan ere, izan ere, gai bakoitzak dituen aipamenak (zenbatgarren lekuan aipatzen den kontutan hartu gabe) guztira bateraturik, hiru multzo nabarmen ikusten bait dira:

Lehenengoa, lexikologia eta morfosintaxiak osatzen dutena, erantzule ia guztiek aipatzen bait dituzte. Bigarren mailan: Estilistika, testu konparaketa, testu mailakatuen itzulpen gidatua, euskal itzulpenaren historia kritikoa, teoria Inguistiko orokorra eta euskal literatura (erantzu]een 70-90%ak aipatzen dituenak).

Hirugarrena: Itzulpenaren historia eta teoria, hirugarren edo laugarren hizkuntza baten ezaguera sakona, gaztelaniazko morfosintaxia eta lexikologia eta gaztelaniazko literatura (erantzuleen 52-63%ak aipatuak).

Aipamen horiek, seguruenik, garrantzia ez baino beharrezkotasuna adierazten dute, ez bait dira aipatu gabe utzi nahi. izan Zentzu horretan ohartzeko gauza da bigarren multzoko zenbait ikasgai (Estilistika, testu konparaketa, batez ere) garrantzi aren arabera oso atzeko lekuetan ge ratzen direnak, beharrezkotasun zentzu honen arabera zein aurrera eta lehenengotatik gertura datozen.

Itzultzaile ikasketen formaltasuna

Itzultzailetzarako ikasketek behar duten formaltasunari dagokionez iritziak ez dira askorik aldatu azkeneko urte hauetan. 1981eko inkestan erantzuleen 62,5%a unibertsitate mailako prestakuntza baten aldeko azaldu zen. Oraingo inkesta honetan, 63,%a azaldu da unibertsitate edo unibertsitate ondoko prestakuntzaren alde. Aldatu dena ikastaroei buruzko irizpidea da: 1981ean erantzuleen 37,5%a ikastaldi bidezko prestakuntzaren aldekoa zen; oraingo inkesta honetan berriz, 7,7%ak uste du itzultzailetzarako prestakuntzak ikastaldi bidezkoa izan behar duenik. Unibertsitate mailako ikasketen alternatiba, gaurko itzultzaileen iritzian, modu autodidaktan egindako ikasketak dira batez ere, nahiz eta ikastaldiak ere baliagarri izan.

Formaltasunari buruzko iritziak aldatu ez badira ere, ordea, ikasketen iraupenari buruzko iritziak bai aldatu direla. Gaurko itzultzaileen iritzian urte gehiago behar dira itzultzaile izatera iristeko 1981eko inkestari erantzun ziotenen iritzian baino.

Inkesta hari erantzun ziotenetatik, 13,6%arentzat sei hilabeteko ikasketak aski ziren; 36,4%arentzat urtebeteko ikasketak behar ziren:

27,2%arentzat bi urte ziren onena, eta 22,6%arentzat hiru urte behar ziren. Hiru urte baino gehiago behar zenik inork ez zuen uste.

Oraingo inkestari erantzun diotenetatik 11,4%arentzat urte erdiko ikasketak aski dira. 7%arentzat urtebeteko ikasketak behar dira; 28,5%arentzat bi urte behar dira, unibertsitaten edo unibertsitatez geroztik. Beste horrenbesterentzat hiru urteko ikasketa unibertsitarioak izango lirateke egokiak; eta 36,36%arentzat hiru urte baino gehiagoko ikasketak behar dira itzultzaile izatera iristeko.

Aldea nabaria da, eta itzultzaile lanaren konplejotasunaren kontzientzia besterik ezin islada dezake horrek.

10. Itzultzaile profesioaren statusa

Inkestari erantzun behar zionari 1981ekoan eta oraingoan proposatzen zitzaizkion erantzunak berdinak ez badira ere konparagarriak dira.

Inkesta hartan ikusten zenez, itzultzaileen 85%a itzultzaile profesioa erabat arautzearen aldekoa zen (karneta, tarifak...), eta 15%arentzat ordura arte bezala jarraitu behar zuen, arautu gabe.

Oraingo inkesta honi erantzun diotenen artean, berriz, 6,5%a da profesioa ez arautzearen aldekoa. Gainerantzekoek era bateko edo besteko araubide bat nahi lukete: 50%ak Itzultzaile Kolejio bat sortzea uste dute izango litzatekeela egokiena, eta 43,5%arentzat idazleen elkartea moduko bat antolatuz gero aski izango litzateke.

Bestalde, oraingo inkesta honen arabera itzultzaileen 91,1%arentzat itzultzaileak era bateko edo besteko titulu bat beharko luke, extraakademikoa, diploma edo lizentziatua. Batek erabat arautu eta doktoretarainokoak egon beharko luketela ere aipatu du.

11. Itzulpen-politikazko iritzia

Batekoz beste, dudarik gabe esan liteke euskal itzultzailea ez dagoela batere konforme bere lanbidean eragina duten estamentuek itzulpenari dagokionean duten jarrerarekin. Itzultzaile gehienak beren lana ematen duten inguruneetan (Jaurlaritzaren eragina iristen denerainokoa, argitaletxeak, eta bikoizketa-etxeak) atsekabez eta disgustoz ari dira, ez bait dute beren lana estimatu eta bideratzen jakingo duen mintzakiderik aurkitzen.