Itzulpenaren benekotasuna eta kalitatea
Peter Gwan

Peter Gawn
Itzulpen Bulegoa, Ottawa, Ontario, Canada

Itzulpena: Gotzon Egia

Kanadako administrazio publikoak beti aitortu izan du administratzaile nagusien hizkuntza hitzegiten ez duten pertsona edo taldeekin komunikatzeko mekanismo baten beharra. Kanadako historia ezagunaren hasieran hartutako mekanismoa hauxe izan zen: administratzaile eta administratuaren hizkuntzak komunikazio-zubi gisa jarduteko hainbatean mintzatzen zituen hirugarren bat hartzea. Jacques Cartier-ek Stadacona-ko bi Irokiar bahitu eta bere interpretari egin zituenez geroztik, 400 urte geroago maiz zubi xehe eta antigualeko hori da oraindik kultura eta hizkuntzen arteko lokarri nagusia mosaiko kanadiarraren zati garrantzitsu batekin gobernu federalak dituen harremanetan.

Sobera frogatua da gobernu federalak nagusiki ingelesez lan egiten duena. Kanadiar frantsestunekiko komunikazioak itzulpenaren zubia iragan beharra dauka, askok gaitzesten duen norabide bakarrean gainera.

1984ean Parlamenturako egindako txostenean, Hizkuntza Ofizialen Komisariak hala zion:

Gobernuari ingelesez heltzen zaizkion frantsestunen ikusmoldeak, ez dira jada frantsestun ikusmoldeak, eta hiritarren laurden batekin itzulpen eta interpretazio bidez entzun-mintzatzen den gobernuak ezin eska dezake haiekin harremanetan egoterik[1].

Aipamen hori hona aldatu baldin badut ez da egia den ala ez eztabaidatzeko, gobernuak batez ere ingelesez lan egiten duela erakusteko baizik, bere mezuak ulertarazteko Cartierren Irokiar 'bolondresen' oinerdekoak erabiltzen dituelarik. Era berean D'Iberville Fortier[2] jaunak dio:

1983- 1984ean barne erabilpenerako (gobernu federalean) testuen ehuneko 90 inguru ingelesez sortuak izan zirela[3].

Hau begibistakoa da .

Hizkuntza Ofizialen Legearen indarrez (1968-1969), gobernuak bere dokumentu publikoak frantsesez eta ingelesez eman behar ditu argitara. Hizkuntza Ofizialen Komisariaren bi aipamenek azaltzen duten egoera kontuan izanik, ordea, jakina da Hizkuntza Ofizialen Legearen 4. Atalak aipatzen dituen arau, agindu, erregulazio, erregelamendu eta manuak ingelesez idatziak direla, eta gero frantsesez itzuliak.

Halako prozedurak istilurik ere sortzen du. Leo Letourneau, Federation des francophones hors du Quebec-eko lehendakariak, gobernuko departamentu eta agentzietako Hizkuntza Ofizialen programaren mamikuntza-arduradunen bilkura batean egindako aurkezpen gartsu batean, frantsestunekin komunikatzeko era "ingelestunek eta ingelestunentzat sortutako testuen itzulpenaren bitartez (izatea)... itzulpenok diren onak direlarik ere"[4] kritikatu zuen. Haren aburuz, itzuli beharreko dokumentuaren irakurlegaiaren ingurune berdinetik datozen frantsestunek sortu eta moldatutako frantsesezko itzulpenak egin behar lirateke. Edo, bestela esanda, arazoa kulturaren alorrean jartzen zuen, hizkuntzaren alor zuzenagoan baino, era horretan kulturarteko aldaketak egiterik den ala ez den hausnartzeko bidea emanez.

Testuinguru horretan ikusirik, gizarteak itzultzaileari bizkarreratzen dion zeregina izutzeko modukoa ari da gertatzen. Itzultzaileak, esate baterako, heziketa zabaleko ekonomilari batek Bay Street-ekofinancier bat gogoan izanda idatzitakoaren mezua hartu eta Hautes Etudes Commerciales-eko graduatu batek Rue Saint Jacques-eko entrepreneur bati idatziko balio bezala aldatzea espero dugu. Baina, hori al da espero duguna? Ez ote gaude lasaiago frantsesezko testua ingelesezko jatorrizkoaren ispilu hutsa, ingelesez konposatutako partitura musikal baten interpretazio fidel eta pedantea besterik ez denean?

Benetakotasunaz ari naiz mintzatzen, edota benetakotasunaren alderdi bati buruz. Jatorrizko testuak irakurleagan sortarazi nahi zituen efekto berdinak sortzen al ditu itzulpenak bere irakurleagan? Arazo honen interesa mugagabea da eta bere garrantzia nabarmena; ni ordea ez nago hura aztertzeko prestatua. Izan ere, teorikoa ez naizen neurrian zalantza egiten dut arazo horri aurre egiteko nahiko jantzirik ote nagoen.

Badago dena dela benetakotasunaren beste alderdi hurbilago bat: legez hizkuntza desberdinetan egindako itzulpen bi edo gehiagoren balio berdina. Kontuan izan behar da benetakotasunaren alderdi honek arazoak ekarri zizkiela Hizkuntza Ofizialen Legearen idazleei, baita legegileei ere ziur aski. Promulgazio baten bi bertsioak desberdinak izan litezkeela onartzen zuten. Inplikazioz, itzulpenik perfektoena, hau da, kulturarteko elkartrukea, edo baita lehenago aipatu dudan hizkuntzazko itzulpenik xehena ere, sekula burutzen ahal ez dela ere onartzen zuten. Arazo honi loturik, Hizkuntza Ofizialen Legearen 8(i) Atala labur bezain zehatza da: "Promulgazio baten moldaketan, Hizkuntza Ofizialetan egindako bi bertsioek dute benetakotasun berdina". Promulgazioa honela definitzen da: Kanadako Parlamentuaren edozein Lege, edo Kanadako aldizkari ofizialean argiratzeko den edozein arau, agindu, erregulazio, erregelamendu edo manu. Dena dela, Legearen hurrengo azpiatalak lau paragrafotan adierazten du zein azpiatal aplikatu behar den "promulgazio baten bi bertsioak edukiz bat ez datozela alegatu eta ageri denean". Halakoetan, diferentziak legeria edo erakundeen arteko ezadostasunek sortuak ez badira "lehentasuna, promulgazioaren izpiritu, asmo eta edukiaren arabera, haren xedeak erdiestea hobeki ziurtatzen duen bertsioari eman behar zaiola" ezartzen du azpiatal horrek. Arazoaren konponbide honek, jakina, izpiritua, asmoa eta edukia bi bertsiootatik hobeki zeinek jasotzen duen erabakitzen saiatzen diren pertsonen aldetik bi hizkuntzen ezagupen landua eskatzen du.

Legeria, eta batez ere Hizkuntza Ofizialen Legean ageri den gisako legeria subsidiarioa, itzulpen-lan prozesuaren goi-mailan kokatzen da. Itzulpen-lan prozesua diodanean xede-hizkuntzako testu baten bertsioa moldatzeko itzultzaile es den bestelakoren trebetasun eta ekarpenak erabiliz egiten den bidea adierazten dut. Bestela esanik, prozesu horren behe-mailan itzultzaileak erantzukizun osoa dauka xede-hizkuntzako testua berak bakarrik sortzeko; goi-mailan, ordea, bi bertsioak gai horretan aditu edo idazle direnek bateratsu prestatzen dituzte, agian inolako itzultzaileren ekarpenik gabe. Hauxe da gehienetan Kanadako Parlamentuaren legeen kasua, ez baina legeria subsidiario guztiarena. Izan ere, gobernuaren ebazpenak erregulazioz gidatzen den edozein jardueraren departamentu arduradunek prestatzen dituzte, eta horregatik, ikusi dugun bezala, jatorrizko testuen gehiengo osoa ingelesez prestatzen denez, gaiotan adituak direnak, lege-aholkulariak eta idazlerik gehienak ez bakarrik ez dira frantsesez idazteko gauza, baizik eta haiek frantsesez irakurtzeko ere ez dira gauza. Orduan, itzultzaileak duen zeregina besteenari gailentzen zaio. Ia LEGE BAT formulatu daiteke: itzultzailearen balioa bezeroaren elebitasun mailaren edo xede-hizkuntzaren ezagupen aren proportzioaren alderantzizkoa da .

Zernahi dela ere, eta datozen oharrotan itzultzaileen gaitasuna eta kontzientzia inolaz ere gutxietsi nahi izanik gabe, nik dena dela zorrozki zalantzan jarri nahi dut nolatan dokumentu baten bi bertsioak balio berdinekotzat har ote genitzakeen, bertsiootako bat gai horretan aditu direnek idatzia baldin bada, agian beste aditu batek berrikusia, eta batzuetan goragoko buruzagiek nahiz idazle profesionalek zuzendua; eta bigarren bertsioa, berriz, itzultzaile batek egin duenean, askotan denbora labur-laburrean, agian bakarka laneginik, eta gai hori xede-hizkuntzan eztabaidatzeko gauza diren adituengana jotzeko aukerak mugatuta dituelarik. Zenbat bider ez ote dugu irudi berdina ikusi: dokumentu bat ingelesez egiten da aste, hilabete edo areago urte luzetan zehar; eztabaida eta aholkupean jartzen da; azken forma ematen zaio... eta orduan ia goizetik arratsera itzuli beharra dago. Eta frantsesez inolako terminologiarik onarturik ez duten gaiak aztertu, edo kultura frankofonoan parekorik ez duten kontzeptu edo erakundeak eztabaidatu, edo herrialde frankofonoetan orain arte egindako lanen aitzinetik diren aurrerakuntza teknologiko edo pentsamenduzkoak deskribatzen dituzten testu anitzetan pentsatzen dudanean, BIGARREN LEGEA osatzeko aburua sortzen zait: tartean diren bi kulturak zenbat eta parekoago, orduan eta itzulpena egokiago izan daiteke.

Agian deskribatzen saiatu naizen egoera adibide batez erakus dezaket, nolabait gogor samarra izanik ere ez bait da inolaz ere atipikoa.

Aditu ingelestunen talde batek lege-arloan prestatutako azterlan sakon bat denbora labur-laburrean itzultzeko eskabidea izan zen, luzaezinezko epea zuelarik. Epemuga horrekin zerikusirik zuten zenbait arrazoirengatik, lana itzultzaile bakar bati eman zitzaion, bere kasa ziharduena, eta bakarka laneginik frantsesezko bertsioa ingelesezkoa prestatzeko erabilitako denboraren frakzio batean idatzi zuen. Ez zegoen aholku eskatzeko aditu frantsestunik, eta itzultzaileak gutxienezko ikerketatxo bat egiteko astirik besterik ez zuen izan. Ziur nago itzulpengintzan eskarmenturik duen edonork jar dezakeela halako Mission Impossible hau bezain adibide gordinik. Nik adierazi nahi dudan kontua da halako egoeran egindako frantsesezko bertsioa jatorrizko ingelesezkoaren kalitatearekin neurtzea oso zaila izango dela, mirakuluak salbu. Izan ere, ez litzateke arrazoizkoa halakorik espero izatea. Era berean, ez da arrazoizkoa ere halako testuaren bi bertsioak benetakotzat hartu nahi izatea: onenean ere, frantsesezko bertsioa ingelesezkoaren ispilu-irudia izan daiteke; ziur aski desitxuratu gabeko irudia hala ere, eta ez haurren jolas-parkeetako ispiluek eman ohi duten irudi zarpailen gisakoa.

Bada benetakotasunaren beste alderdi bat, eta horrek nire bigarren gai nagusira narama: itzulpenaren kalitatea. Benetakotasunaren alderdi hau itzulpen bukatuari datxeko, hura idazketa-zati independiente gisa, literatur tramankulu gisa harturik. Egiazkoa al dirudi? Frantses egile batek, ingelesezko sorburu-dokumenturik kontuan izan gabe laneginik, idatziko lukeen bezalaxeko itxura ematen al du? Ingelesezko jatorrizko testuaren egileak ezagutzen al du bere burua frantsesezko itzulpenean? Edukin-gaia aditu frantsestun batek egingo lukeen bezala deskribatzen al du? Xede-hizkuntzaren kultur arauak aintzakotzat hartzen al ditu?

Iruditzen zait zuetako asko bat etorriko zaretela galderoi "Ez beti" esanez erantzuten badiet.

Zilegi bekit orain hitzaspertu bat egitea, gobernu federalaren itzulpengintzak kultura frankofonoaren baitan duen kultur, literatur eta hizkuntz eraginaren norainokoa ebaluatzen saiatzeko. Ikusia dugunez, gobernu federalean itzulpenik gehienak ingelesetik frantsesera egiten dira. Bolumena guztira urtean 200 milioi hitz inguruan dabil. Horrek gutxi gora behera lanegun bakoitzeko dozenerdi liburukote esan nahi du. Jakina, liburukote guztiok ez dira best-seller-ak. Izan ere, testu askok irakurlego txikia izango du. Baina idazteko ohiturak, hiztegia, esaldiaren itzulinguruak, estiloa, erraz jaso ditzake irakurleak, eta irakurlearen beraren idazketara edo mintzairaratu. Eta, gehienetan, itzulpen hauek jatorrizko idazkeraren benetakotasuna falta baldin badute, orduan Kanadako frantsesaren baitan duten eragin metagarria nabarmena da.

Zein dira benetakotasunaren testari aurre egingo dioten frantsesezko itzulpenak egin ahal izateko aukerak murrizten dituzten faktoreak? Zerrenda ez da sobera luzea, eta faktoreok ezagun bezain begibistakoak dira. Horietako batzuk aipatuak ditugu dagoeneko. Faktorerik gehienak bi sailetara bil daitezke: batetik, bezeroaren edo itzulpena egiteko eskatzen duen pertsonaren erantzukizun diren edo izan daitezkeenak; eta bestetik, itzultzaile aren edo itzulpen zerbitzu ardurdunaren erantzukizun direnak.

Lehen sailean (bezeroaren arazoak), itzulpengintzarako erabil litekeen denbora, bezeroak kontrolatutako baliabideen eskuragarritasuna, sorburu-hizkuntzazko testuen kalitatea, itzulpen jarduketaren bakardadea, eta bezeroak itzulpenari aitortzen dion garrantzi maila jarriko nituzke.

Bigarren sailean (itzultzailearen arazoak), itzultzailearen esperientzi, trebetasun eta gaitasun falta, lanaren antolakuntza eskasa, euskarri-sistema desegokiak, eta bezeroaren zentzugabeko eskabideetara gehiegi makurtzea jarriko nituzke.

Faktore hauetako bakoitzari buruz bizpahiru hitz esan nahi ditut. Baina horren aurretik iruzkin orokor bat egin behar dut. Nire ustez Kanadan itzulpen ez-literarioak duen xedea eta erantzukizunaren funtsezko gaitz iritzia dago oraindik. Gaitz iritzi horrek aipatu berri ditudan faktore anitzen iraunerazpena dakar berarekin, eta horrela ustezko benetakotasunari ere bide luzea ematen dio. Gaitz iritzi hori era errazean azal daiteke: hots, itzulpena itzultzailearen erantzuki-zuna da. Eta segidaz, lerro hauen hasieran aipatu dudan nagusitasun anglofonoaren testuinguruan, gaitz iritzia horrela aldatzen da: frantsesa itzultzailearen erantzukizuna da. Gainera, itzultzaile eta bezeroaren aldetik ikusirik, gaitz iritziak azaltzen du bezeroaren egitekoa sorburu-testua ingelesez idaztea dela, eta itzultzailearena berriz hura frantsesez ispilatzea.

Hau gaitz iritzia baldin bada, zein litzateke irizpen egokia? Laburki, bezeroaren erantzukizuna frantsesez nahiz ingelesez benetakoa izango den dokumentua sortzea dela, eta itzultzailearen erantzukizuna hari lan horretan laguntzea. Testuinguru honetan, gobernu federalaren gisako administrazioan bereziki, itzultzailea translazio intertestualeko aditutzat deskriba daiteke, Lepizig-eko eskolak proposatutako deskripzioa erabiliz, eta ez gehiago frantsesaren aingeru guardakotzat edo hizkuntzarteko translazioan den autoritate bakartzat.

Bezeroak testu elebidunaren bi bertsioak egiteko erantzukizun nagusia berea duela behin argituta, kalitatean eraginik duten faktoreak murriztu egin daitezke, eta itzulpen on eta benetakoa burutzeko probabilitatea handitu egin daiteke. Horrela, HIRUGARREN LEGEA eman genezake: itzulpenaren kalitatea bezeroak elebitasunarekin duen konpromezu-mailaren araberakoa da. Eta, ondorio gisa, aintzat har liteke bezero eta itzultzailearen arteko elkarlan jarrera garbiak (era horretan, lehenengoak bere burua itzultzailearen lanarekin lotzen duelarik, aztertu eta maiz aurkako iruzkinak egiteko produktua jaso zai gelditu ordez) itzulpengintzaren kalitatea oztopatzen duten faktoreak deusezteko bidea oso erraztuko lukeela.

Gainbegira ditzadan orain faktore horiek. Lehenik, itzulpena egiteko denbora. Harrigarri bada ere, bestelako zerbitzu jarduera profesional eta ez-profesionaletan aho batez onartutako usadioaren kontra, bezeroa da askotan itzulpena egiteko izango den denbora mugatu edo mugatzen saiatzen dena. Gehienetan, itzultzailearen erantzuna aldez aurretik zein epe jar litekeen, edota halakorik jarri ere jar ote litekeen esatea izan ohi da, epearen baliozkotasuna zalantzan jartzea baino. Bezeroaren ikuspegia onartuz gero, itzulpengintza arazo logistikoa da, baliabide-kopuru kontua, ikerkuntza, plangintza, koordinazioa, produkzioa eta kalitate kontrola, etabar luzea eskatzen duen proiektua baino (bezero-talde beraren zereginen lehentasunari buruzko tirabirak konpondu beharraz mintzatu gabe ere). Horrela, itzultzailearen lana eskulangintzaren mailako ikusten da, produkzioa ahalegin hutsaren poderioz sortzen duena; bezeroak, alabaina, bere jatorrizko testuaren produkzioa zeregin intelektual edota industrialtzat har lezake erraz asko, azken produktuaren sorkuntza, diseinu eta moldakuntzan horrek dituen inplikazio guztiak kontuan izanda.

Guztiok dakigu urte luzetan itzultaileek neurriz gaindiko ahaleginak egin izan dituztena bezeroak ezarritako epeak betetzeko. Jokabide horrek orain ukatzen zaila den aidurua sortu du. Eta ahal den guztietan, eta epeak justifikatuta daudenean, itzultzaileek bezeroaren eskakizunetara makurtzen segiko dute, eta hala egin behar dute gainera. Baina, hori egin ahal izateko askotan itzultzaileak, irudi musikala erabiliz, virtuoso baten trebetasun-maila lortu behar du. Virtuoso-ak denbora laburrean edo bapatean aurkez dezake saio txukun bat, bere trebetasun landuak, urtetako praktika, musikaren ezagupena eta artearen maisutasuna direla medio. Baina virtuoso-ak ere zailtasunak izango lituzke estudiatu ez duen pieza musikala lehenengo begiradan jotzeko, batez ere berak aldez aurretik ezagutzen ez duen egile baten lana baldin bada, eta beretzat ohizkoa ez den hizkeran egina baldin bada.

Musikari eta itzultzailearen arteko analogia oso egokia da. Biok testu edo partitura idatzi batez lanegiten dute; biok behar dute pieza hori aztertu eta egilearen aurreko lanak landu; biok behar dute hizkuntza jakin; biok ere jakin besteek nola askatu dituzten korapilo berdintsuak; biok, hitz batera, behar dute astirik ikertu eta praktikatzeko jardun aurretik. Itzultzailearen bezeroak virtuoso-aren saioa espero du beti ere: musikariaren bezeroak, berriz, saiorako parametroak gozatzea espero du.

Itzultzailearen saioaren parametroen zehazpen garbirik ez dago. Itzulpen-lanean erabil litekeen denbora, orrialde edo hitz kopuruaren eta batazbesteko abiaduraren arteko multiplo gisa ikusi ohi da. Lanbide honek mesede handia luke itzulpengintzaren baitan diren urratsak aztertuko balira, eta urratsok dokumentu elebidunen produkzio-egutegi osoaren barruan itzulpen-denboraren plangintza egokiaren garrantziaz bezeroa jaberazteko hainbatean definituko balira. Itzulpengintzak hartzen dituen urratsik gehienak aipatuak dira lerrootan: lanean diren profesionalei haiek garatu eta osatzera egiten diet dei.

Zerrendatu dudan bigarren kalitate-faktorea bezeroak kontrolatutako baliabideen eskuragarritasuna da. Erreferentzi materialak, giza-baliabideak, itzuli beharreko dokumentuan eztabaidatzen den zernahirekin lotutako pertsonak, xede-hizkuntzan gai horretan aditu edo idazle direnengana jo ahal izatea, itzulpenaren erabiltzaile ezagun edo gaiekin eztabaidatu ahal izatea, etabar ditut gogoan. Ez dago faktore honetan luzatu beharrik, hain da begibistakoa eta, maiz bazterrean uzten dela azpimarratzeko ez bada.

Hirugarrenik, sorburu-hizkuntzazko testuen kalitatea identifikatu dut. Hauxe bezeroaren erantzukizuna da argi eta garbi. Ez dago hain garbi, baina, itzultzaileak zenbateraino errefusatu edo berridazteko atzera bidali beharko lukeen dokumentu bat, haren iluntasun edo argitasun faltak itzulpena bera zaildu edo eragozten duenean. Irakurgarritasunari buruzko epaia emate horretan den subjektibotasuna aski izan da kontu hau nahastuko, eta joera itzultzailearen irakurmen-trebetasunak gutxiestea izan ohi da. Konputagailuz lagundutako idazketak, baita irakurgarritasunaren ebaluaketak ere, bezeroak eta egileak beren mezua ulertezina dela komentziarazten lagun dezake. Language Bureau of the Northwest Territories, Ifarmendebaldeko Lurraldeetako Hizkuntz Bulegoak ez du hizkuntza Indiar eta Inuit-era itzultzeko dokumenturik onartzen konputagailuaren azterketaz behar bezain argi gertatzen ez bada. Badago bestelako metodorik, ez hain korapilotsu baina aski fidagarri eta errazik, testu bat ulertzeko behar den heziketa-maila neurtzeko. On litzateke elkarte profesionalek teknika horiek ebaluatu eta itzultzaileek bezero itsumen-zaleetan dituzten eztabaidetan erabili ahal izateko tresnaren bat prestatzea. Zernahi dela ere, arrazoizkoa dirudi bezeroak, testu bat hobetu litekeela eta, itzultzailearen iritzia onar dezan, itzulpenak berarekin duen azterketa zorrotzak jatorrizko testuaren akatsak ezinbestean identifikatzen bait ditu.

Bezeroarekiko laugarren faktorea itzulpen jarduketaren bakardadea da. Honen zenbait alderdi aipatua dut arestian. Gogoan dudan egoera usadio hadikoa da: bezeroak bere testua bukatu eta itzultzera igortzen du, itzultzaileak berandu gabe itzulpena bukaturik bidaliko diolakoan, bata eta bestearen artean inolako harremanik izan gabe. Halako sorginkeriaren poderioz, jatorrizko testua sisteman sartu, sistemak bere lana egin, eta itzulpena giza-eskuren ikuturik gabe aterako balitz bezala. Ez dut denbora gehiago alferrik galdu nahi faktore honetan, guztiz gaitzesteko ez bada.

Bezeroarekiko arazoetan azkena, bezeroak itzulpena, eta itzulpen ona gero, izateari aitortzen dion garrantzia da. Berriz ere, lerro hauetan arestian esandakoari aski deritzot. Bezeroak itzulpen ona nahi baldin badu, itzultzailearekin elkarlanean arituko da, eta itzulpena moldatzeko lanegingo du harekin.

Jo dezadan orain itzultzailearen arazoetara. Lau aipatu ditut. Lehenengoa itzultzailearen esperientzi, trebetasun eta gaitasun falta da. Lanean diharduen itzultzaile oro ez da virtuoso-a. Batzuk hasi berriak dira, besteak ajolatsuak dira lanean; batzuk ez dira aldakuntzen gurpilean bizi, besteek beren kabitxoa halako xehetasun-beharrik ez duen beste edonolako lanbidetan bilatu beharko lukete. Itzulpengintza ez dago bi hizkuntzak ondo dakizkien edonorentzat egina. Nahi eta nahi ez, elkarte profesionalek ziurtatu beharra daukate itzultzeko gai direnak bakarrik direla aitortuak halakotzat, eta enplegu emaileek horiek bakarrik direla kontratatuak. Lan handia dago egiteko itzultzaileari eskatu beharreko trebetasun, gaitasun eta prestakuntza definitzen, ahalmenaren neurketarako testak garatzen, itzultzailearen lanaren kalitatea ebaluatzeko metodo objektiboak hobetzen, onargarritasun-mailak zehazten, testuen zailtasun edo konplexutasun-mailak eta ondorioz eskatzen dituzten gaitasun mailak mugatzen, eta diagnostiko nahiz neurketa tresneria guzti hau arrazoizko eta tajuzko eran bideratzen. Azken batean, dena dela, praktikatzaileen erabakipean dago nork bere mugak jarri, gaitasunarloak identifikatu eta horren ondorioz bizitza profesionala antolatzea.

Lanaren antolakuntza da kalitateari dagokion bigarren itzultzailearekiko faktorea. Urte luzetan, itzultzailea solista bat izan da. Gaur egun, gero eta gehiago da talde baten partaide, ez agian orkestarena, baina zenbaitetan gertatzen den bezala, testu bat itzultzaile talde baten artean banatzen denean, itzultzailea laukote, zortzikote edo dena delakoaren partaide bilakatzen da. Mintzatu berria naiz itzulpengintzaren urratsak aztertu beharraz. Halako azterketarik behin egiten denean, lana horren arabera antolatu beharko da —aurreko itzulpenik badagoen egiaztatzea, itzulgarritasunaren ebaluaketa testuaren aurre-edizio eta prestakuntza, eredu eta erreferentzi materialak eskuratzea, terminologiazko hornikuntza, laguntza-sistemen erabilpena, aldibereko kalitate-kontrolaren egiaztapena, lanaren antolakuntza hobetzeko irizpideak arian-arian izateko prozesua kontrolatzea, etabar. Itzulpena prozesu intelektuala da, baina gaur egun egiten den hizkuntza batetik besterako aldatze hori produkzio prozeduraren zati bat besterik ez da, antolakuntza onez hobekien jantzi litekeenetakoa hain zuzen.

Lanaren antolakuntzaren alderdi garrantzitsu bat euskarri-sistemen erabilpen egokia da, alegia itzultzailearekiko nire hirugarren arazoa. Testu-trataerak eta terminologiazko nahiz bestelako datu bankuak itzulpen bulegoaren lagungarri nahiko arruntak dira, baina ez dira edonon eskuragarri. Horrez gain behar dena da itzultzaileentzat bereziki sortutako sistema nahiz programak egitea, eta horiek lantokian osotasun koherente batez txertatzea. Idazketarako laguntzak garatu edo hobetu litezke, erreferentzi dokumentazioa terminal eta pantaila bidez kontsulta liteke, te stuak oinarrizko esaldi-elementuez osaturik sor daitezke, eta makina bidez egindako itzulpen-zirriborroa gehiago erabil daiteke, itzulpenerako softwarea, hiztegi mekanizatuak edo memoriatik hartutako esaldi eta perpausak erabiliz. Aukerak badaude dagoeneko edo eskuragarri egoteko puntuan daude.

Itzultzaileak bete-betean atera behar die etekina sistema hauei, ez bakarrik haien baliagarritasunagatik, baizik eta itzulpengintzaren alderdi mekanikoak errezten dituztenez itzultzaileari bide ematen diotelako itzulpen jarduketaren muinari denbora nahiz kemen kreatzaile handiagoa eskaintzeko.

Aipatu dudan itzultzailearekiko laugarren eta azken arazoa bezeroaren zentzugabeko eskabideetara gehiegi makurtzea da. Denboraren faktorea luzaz zailtasunik nagusiena bada ere, ez da hala ere oso harritzekoa itzulpen-eskabideetan jatorrizko testu ilunak, bezeroaren erreferentzi material falta, bezeroarekiko oinarrizko loturarik ez izatea, bezeroaren inplikazio falta osoa, eta halakoak onartu izatea. Egoera hau arestian bezeroaren aldetik eztabaidatutako 'fandangoaren buelta' da. Gisa honetako lan-baldintzak onartzeko gehiegizko adostasuna izateak, ohitura txarrak iraunarazteaz gain, itzulpen onak egin ahal izatea eragotzi ezezik ezinezko ere bihurtzen du.

Lehenago esan dut itzultzailea Kanadan ezin zitekeela gehiago frantsesaren aingeru guardakotzat hartu. Atentzioa jarri dut Kanadako gobernuko itzultzaileek frantsesez sortzen duten idazketa bolumen izugarriaz. Honi gobernuko beste mailetan eta sektore parapubliko nahiz pribatuetan itzultzaileek emandako etekina erantsi behar zaio. Nahiko arrazoizko dirudi dena dela itzultzaileak hizkuntzaren aingeru guardako ez izan arren, zernahi dela ere haren kalitatearen zaintzailerik behinenak direla adieraztea orain. Azalduak ditut itzulpenaren kalitate-maila txukunaren probabilitateak gehitzeko bitarteko desberdinak. Benetakotasunari buruzko ohar batzuz bukatuko dut.

Lerro hauetan itzulpen egokiak lortzeko giltzarria bezero eta itzultzailearen arteko truke eta informaziozko elkarlana izan daitekeela proposatu dut. Benetakotasunak, ordea, bestelako elkar ulertze eta lana eskatzen du. Benetako testua —hitza erabiltzen ari naizen zentzuan harturik— sortzailearen, jasotzailearen eta mezuaren egoerari guztiz egokitzen zaiona da. Definizio honen arabera, literatur itzulpena nekez izan daiteke benetakoa.

Esate baterako, Nelligan-en poema baten ingelesezko bertsioa ezin liteke sortzailearentzat edota ustezko irakurlearentzat egokia izan, mezuarekiko orohar egokia izan badaiteke ere. Kanadako gobernuaren tankerako administrazio-erakunde batek argitaratutako dokumentu bat berriz benetakoa izan daiteke, eta hala behar du izan, administraziotik datorrelako hain zuzen, eta ez kultur afiliazioa erraz antzematen zaion figura publiko batengandik.

Zer egin liteke itzulpena benetakoa izan dadin? Ez dadila hain zuzen bezeroek askotan dioten "itzulpen hutsa" izan, egokitzapena baizik, batzuetan berek eskatzen duten bezala. Xede-hizkuntzazko komunitatearen kulturari berezkoak zaizkion sortzaile, jasotzaile eta mezuari egokitua izan dadila. Zenbait bezerok gisa honetako bersortze-idazketak eskatzea oso pozgarria da. Beldur naiz hala ere bezero gehienak ez direla oraindik aski prestaturik jatorrizko testutik urrunegi doan itzulpena jasotzeko, ispilu-irudia ziurtatuko ez duena alegia. Oso komenigarria litzateke elkarte profesionalek itzulpen benetakoa zer den azalpen orokor bat egitea, hura lortzeko baldintza mesedegarrien zerrendarekin batera. Baldintza nagusiena, berriro diot, bezeroak abentura honetan gogo onez parte hartzea da. Beharbada LAUGARREN ETA AZKEN LEGEAZ amai dezaket: bezeroaren gogoa zenbat eta beroago, itzulpenaren benetakotasun-maila orduan eta gorago.


Oharrak

(*) Kanadako Hizkuntzalaritza Aplikatuko Elkartearen 16. Urteroko Symposiumean aurkeztutako txostena, Montreal, 1985eko maiatzak 31.

(**) Artikulu hau META aldizkarian argitaratu zen (META, 33, 3. Les Presses de l'Universite de Montreal, Montreal, 1988, 456-460 or.). Haren baimenaz euskaratu eta argitaratua.

1. Commissioner of Of ficial Languages, Annual Report, 1984, 67. or.

2. D' lberville Fortier jauna Kanadako Hizkuntza Ofizialen Komisaria da (Itz. oh.).

3. Ibid., 66. or.

4. Hizkuntza Ofizialei buruzko Symposiuma, Cornwall, 1983ko urria (egilearen itzulpena argitaratu gabeko hitzaldi batetik).