Hego haizea eta euskal literaturan dituen ondorioak
Artikulua PDFn
Errezeloa dio euskaldunak hego haizeari: lurra herdoildu eta burua nahasi egiten bait du, zoratu. Hegoaldetik heldu zaizkigu hainbat oldarraldi linguistiko: Romaniak terminologia eman digu, sintaxia eman digu, lokuzioak eman dizkigu, eta baldarki antzeratu nahi izan ditugun eredu literarioak ere. Zentzu honetan, esaten ahal dugu euskara hegoaldeak kolonizatutako hizkuntza dela.
Eta euskarak nolabaiteko instituzionalizatze bat hartu duen urteotan sartu zaigu ordea hego haizea zirimolan, eta oraino gelditzen zitzaizkigun duintasun linguistiko apurrez jasotako barrikadak porrokatu ditu. Komunikabide berrietara (TB, Irratia) iristean, presaka egin behar izan da lana, hutseneak beteaz, emanaldiaren jarraian gain hartzen ziola ematen zenaren nolakoari. Eta noski, euskara galduan.
Nepotismoak, txantaiak, behartzeak, kanporatzeak partiduko karneta ez izateagatik, hauexek dira euskararen profesionalek jasan behar izan dituzten portaera demokratiko zenbait, baskongadetako autonomia urteotan. (Nafarroan, euskarak, lingua navarrorum honek, ez du hizkuntza trataeraren maila lortu oraindik). Honi guztiari gaineratzen baldin badiogu euskararen terminologia area berrietara egokitzeko izan den presa (zuek barre eginen duzue, baina euskara, hainbeste aparteko futbolariren hizkera jator eta egunerokoa izana, gaztelania 1910an bezalaxe aurkitzen da alor honetan), erraz aterako duzue komunikabideetako euskara gaztelaniaren arabera moldaturiko klitxez, esaldi erretorikoz, lokuzioz eta alderaketez josia dagoela. Eta komunikabideetako gaztelania, nik baino hobeki dakizue zuek, eta nekezago pairatzen, noski, deitoragarria da.
Esan genezake euskara ere nahasia dagoela, zoratua alegia. Hego haizearen pikardiak.
Alferrikako asmazio eta mailegu hutsezko galbide honetan, nahitara itsu eta haztamuka, hobeki entzun eta artaz haztatzearren dabiltza literato a eta itzultzailea testuak jartzen eta irtenbide errazegiak ukatzen. Oraindik ere gainditu gabea daukagu euskara batuaren erdialdia: maizegi oharrarazi behar dugu administraritzarako euskarak ezin duela izan kazetaritzarakoa, eta kazetari hizkerak ezin eman dezakeela euskara literariorik.
Tamalez, irakasleak dira orain sarritan, kritikaren lekua hartuz, lan literarioak baloratzen dituztenak. Ondorioz literaturaren pedagogizazioa heldu da, eta eskolaren premien araberako plangintza (?) itzulpenetarako. Argitaletxeak, noski, guztiz ados daude gehiegikeria honekin.
Iaz 600 titulu argitaratu ziren euskaraz, 1986ko maila berari eutsiz. Hala ere, erdia baino apurren bat gehiago ziren Euskal Herrian idatzitako liburuak iaz. Gainerontzekoa itzulpenak eta berrargitarapenak ziren. Torrealdairen datuek diotenez, sorkuntza, zentzurik zabalenean, 10 puntutan jaitsi da 1985tik hona. Haren lepotik gizentzen dira, urterik urte, itzulpena eta berrargitarapenak.
Lehenengoz urte askoan, haur eta gazte literaturari dagokionez, itzulpen eta berrargitarapen gehiago publikatu ziren sortuak baino. Gauza bera gertatzen da testu liburuekin: egun paretsu dabiltz itzulpena eta sorkuntza.
Arrazoietako bat izan liteke euskal argitaletxeen hazkunde azkar eta ez gutitan erraldoia, zeinek, idazle ahoragarri gehiagoren eska sean, itzulpenetara joten duten (itzultzaileak argitaletxeen atze armada dira, eta buru-belarri egin behar izaten dute lana, baldintz ekonomiko gogorretan, kontraturik gabe askotan: iazko martxoan adibidez, argitaletxeak sinadura bila ibili ziren Jaurlaritzari protest altxatzeko itzultzaileen tarifak altuak zirela eta...). Editorialetako itzulpen-langileak, sarri, administraritzatik eta unibertsitatetik argi taletxera klandestinoki etorririko lan-esku merkea dira. Han, beltz lan eginez, beltzak dira bilakatzen, errean beztuak dauden bezala telebistarako egokitzaile eta azpititulatzaileak, itzultzailearen bariante berriak.
Aipagarria da liburu pedagogiko eta haur eta gazte literaturarel alorrean argitaletxe espanol boteretsuak ari zaizkigula apurka euskararen eremuan sartzen. Uste dut gauza bera gertatzen dela Galizian eta Catalunyan. Iaz Euskal Herriaz besteko editorialek 50ren bat titulu argitaratu zizkiguten. Argitaletxe hauek, euskaldun bizkar irabazi politak egitearekin batera, zeregin politiko eta kolonizatzailea betetzen dute: beraiek argitaraturiko geografia manua gehienetan, Euskal Herria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartze dituen mapa bat da.
Euskaraz argitaratutako %17,5a suposatu zuen 1985an liburu itzuliak, 1986an %22a, 1987an %28a. Haur eta gazte literatura izan da nagusiki itzuli dena. Iaz argitaratutakoetatik, harena zen %44a eta liburu pedagogikoarena %29a. Hizkuntzaka, honoko taula ezarri genezake:
Grekera 2 titulu
Alemana 2 titulu
Galegoa 2 titulu
Italianoa 11 titulu
Ingelesa 16 titulu
Catalana 16 titulu
Frantsesa 7 titulu
Espanola 98 titulu
Autore itzulien artean Anakreonte, Euripides, Rodari, Verne London, Dickens, James Cain, Melville, Wilde... Ezin ziurta dezaket jatorrizko hizkuntzetarik itzuli diren guztiak, taula honek aldakuntzak hartzen ahal ditu beraz, eta espanolaren alderako, uste dut. Garbi ikusten da arestian aipatzen nizuen hego haizearen oldarra ez zela asmazio poetiko bat, eta gogorra dela euskarak gaztelaniarekiko duen morrontza. Kontuan hartu behar da Euskal Herrian bertan produzitutako gaztelania itzuli behar duela euskarak maiz, ia inoiz ez baita euskara sortzaile administraritzan, ulerbide bat emateagatik. Elebitasun salomoniko bat erabaki dute agintariek euskara normaldu eta erdaldunak min ez daitezen, eta itzultzailea paratu dute bi hizkuntzen arteko borrokaren baregailu. Euskal Herria autoitzultzailea da, bere burua euskaldundu behar duelakoz lehenik, eta ondoren erdaldundu. Alegia, autoitzultzailea dela bi norabideetan, euskaratik erdarara, eta erdaratik euskarara, eta Euskal Herria laberinto bat dela sinesten dutenek frogatzat erabil dezaten, aitortuko dizuet euskaraz ari garenean ere, itzultzen ari garela, zenbaitetan. Traidorea bait da haize hegoa.
Aipatu dizkizuedan autoreengatik, aterako duzue egun idazle anglosajoiak daudela aparrean gure artean. Urte berean Wilderen bi obra euskaratu dira. Hori berria da gurean.
Beste ondorio bat, eta interesgarria hemen esateko, badirudiela autore espanol, galego eta katalanetarik haur eta gazte literatura interesatzen zaigula bakarrik, aurreko urteetan Rodoreda eta Castelao itzuli izan badira ere. Peninsulako heroetarik, Rinconetek eta Cortadillok bakarrik lortu dute euskaraz mintzatu ahal izateko ohorea.
Hala ere gauzak aldatu egiten dira urtez urte. Inolako porrot editorialik ez baldin badago behintzat, laister, udazken honetan bertan, irakurri ahal izanen diegu Uxio Novoneira, Celso Emilio Ferreiro, Paco Martin eta Salvat-Papasseiti... Datozen urteetan, eta halako elkarretaratze bitxi bat dela kausa, literatura galegoaren emaitzarik hoberenak ezagutuko ditugu euskaraz. Kantauriko eta Atlantikoko urak batu egiten dira, eta ongi ezagutzen bait dugu ipar beltza, ekaitza dakarren haizea, ez larritu lagun galegook. Tinto pairatuko ditugu Blanco Amor, Neira Vilas, Manoel Antonio, Manuel Maria, Anxel Fole, Mendez Ferrin... Eta min ez zaitezten, esan eginen dizuet zuria, euskaraz, alferkeriaren eta faltsukeriaren kolorea dela.
Euskal Herriko Itzultzaileen Elkarteak denborarik izan ez baldin badu ere behar bezala eta egokiro garatu eta itzulpenaren desantolamendua astintzeko, Euskal Idazleen Elkartea saiatzen da, bere ahalmen eskasen neurrian, munduko eta bereziki penintsulako beste idazle elkarteen berri izateko, eta bere zerbitzuei esker urtero ahalegintzen da euskal literatura klasiko eta eguneko obrak frantsesera eta gaztelaniara itzultzen. Berriki argitaratua du gaztelaniaz Euskal Narragintza Kontenporaneoaren Antologia bat. (Aurrerago itzuliko gara itzuli honetaz).
Iazko Idazleen Galeuzkan aho batez erabaki zenez, argitaratzekoak dira, epe jakinetan eta elkar hartuz, hiru nazioon obrak gaztelaniaren zubi luze, eta maizegi okerra, iragan behar izan gabetanik, elkar ezagutzeko. Aurten gure hiru poeta gorenen antologia hirueleduna publikatuko da: Aresti, Espriu, Ferreiro eta narratzaile katalan, galego eta euskaldunen antologia bat, hizkuntza bakoitzean.
Ondikotz, eta onartzen baldin badidazue geure kolkorako oldozkuna da hau, euskaldunok bai hel gaitezkeela beste bazterrera gaztela-zubian abiatzeke (zer edo zertarako baliatu behar zitzaigun euskara filologia romanica ikasiz ikasi izana, edo galego multzo zalapartariak edukitzea bere mintzairari leial, edo katalanen portaera antzeratu nahi izana hizkuntzarenean...), baina beldur gara, oraingoz, katalanek eta galegoek ez ote dakiten nola gaindu euskararen ibaia. Etorri meheko erreka egia esan, eta horrexegatik alferrikakoa iriztea hartan bustitzeko arriskua izateari: har litezkeen aleak txipiak dira, legeak onartutako gutxiengoa ere ematen ez dutenak apika.
Dena dela, eta gure lankide galego eta katalanen desenkusarako, aitortzekoa da gurea den bezain bestelakoak balira beren mintzairak, euskara eskastu, urrun eta emanezgarriak izanen liratekeela guretzat ere.
Baina euskal idazlea duela urte guti pentsa ezinekoa zen marketing lanean ari da ahalegintzen: itzuli egiten du bere burua hego haizearen hizkuntzaz, zeinatik koldarkeria egozten zitzaion, arratoiburu izateko idazten zuela euskaraz, gaur egun ere ez den eta ez dagoen literatura batekoa izatea salatzen zaion hizkuntza berberaz, euskal idazleak erdarazkoak diskriminatzen dituztela esaten den horretaz. (Parentesi artean, harrigarria da zeinen errentagarria den zenbaitentzat, hala politikan nola ekonomian, ez diren eta ez dauden gauzei buruz idaztea). Bada, idazlea bere buruaren itzultzaile bilakatu zaigu, eta erdal publikoari eta itzultzaile, demagun, trebatuen haizkora zorrotzari eskaini die, lehen aipatu dizuedan Antologia horretan.
Aitortu behar lukete idazleek ez dut esanen epai hilgarri bat hartu dutela, baina bai zentzagarri eder bat eman dietela itzultzaileek: testu jatorrizko eta itzulien alderatze kritiko batean frogatu diete putak etxemaitean bezala direla ibili, titi tenteak eskainiz lasto harroa besterik ez zegoenean: testu "hobekuntza", esaldi berri osoak asmatzea, alor semantikoen galtzea, jatorrizkoan ez zeuden deskribapenak ematea... hainbesteraino, non testu itzulia jatorrizkoa baino hainbat luzeago egin duten batere lotsarik gabe.
Ba ote du esplikaziorik honek? Hiru bat zergatikako bururatzen zaizkit:
- Etsaiaren eremuan begirunea derrigor irabazi nahia.
- Bere buruaren gutiestea, segurtasunik eza bere lanarekiko.
- Hizkuntza nagusi batekiko lilura, eta haren prosaren korrente indartsuak eraman dezan uztea.
Errezeloa behar diogu oraindik ere hego haizeari euskaldunok, eta baita haren jardunari ere, eskarmentu berrienek baieztatu egin dute behintzat geure eremu propialean tinko bermatzen ez bagara kalte handiak ekar diezazkigukeelako susmoa.
Aipatu dizuet, bidenabar antzean, Euskal Herriko Itzultzaileen Elkartea. Dudarik gabe, garrantzi handiko lana egin beharko du datozen urte hauetan han hemenka sakabanatuak dauden itzultzaile eta interpretarien eskubideak aldarrikatzen eta begiratzen (telebistan, administraritzan, editorialetan...), sari eta beken antolamenduan. Baina gobernu erantzunkizunak ere hartu beharko ditu, Euskal Herrian (Iparraldean, Nafarroan, Baskongadetan) ez dago inolako politikarik itzulpenari dagokionez, ezta argitaletxe bat ere itzulpen programa bat duenik. Denak oro daude datorrenaren zain, eta ez baldin badator, bost ajola. Berrinprimatu eta kito, merkeago. Noski, itzulpen literarioaz ari naiz.
Emanak daude zenbait urrats gure ikuilua hobeki gobernatzeko.
Eta hain mintzaldi egurasgarria amaitzeko, adierazi nahi nizueke gure herrian hego haizeari andreen haizea ere esaten zaiola, zeren la donna e movile cual piuma al vento. Gure hizkuntzak dituen sexukeria guztiak jorratu eta ezabatze aldekoak garen arren, badakigu oraindik ere, eta puska batean, haizeek jo eginen gaituztela.
(*) Ponentzia hau Madrilen Espainiako Estatutuko Hizkuntzen Arteko Literatur Itzulpenari buruzko Jardunaldietan irakurri zen. Geroztik Nouvelles de la FIT - FIT Newsletter aldizkarian argitaratu da (VIII - nº 1-2).