Dena da itzulpen, denok gara itzultzaile
Artikulua PDFn.
Latinamerikako Itzulpengintza eta Interpretazio IV. Biltzarrean irakurritako hitzaldia
2003ko maiatzaren 1etik 4ra, Buenos Aires, Argentina
Itzulpena: Gotzon Egia
Badabil eskuartean programa bat, non esaten baita hizketa, azalpen, mintzaldi edo aurkezpen honen izenburua dela «Itzulpena Saramagoren arabera». Horrek oroitarazten dit nire liburuetan buruhausterik handienak eman dizkidan Ebanjelioa Jesukristoren arabera; beraz, nahasbiderik izan ez dadin, beste izenburu bat, aldi berean soilagoa eta korapilatsuagoa proposatuko dizuet: «Dena da itzulpen, denok gara itzultzaile». Hitz jokoa dirudi, baina ez dago halakorik.
Zer ote da itzultzea? Bat-batean, eta hiztegi ezinbesteko baina zoritxarrez beti eskasegien arabera, itzultzea da hizkuntza batean dagoen zerbait, hitz bat, kontzeptu bat, esaldi bat, hizkuntza batetik bestera aldatzea. Hau da, behar den terminoaren gutxi gorabeherako ordaina —beti gutxi gorabeherakoa— bilatu behar da, eta aurrekoaren lekuan jartzea. Horretan bat etor gaitezke. Baina zer ote da idaztea, itzultzea ez bada? Poetak, antzerkigileak, nobelistak, entsegugileak idazten duenean, ideiak, sentimenduak, emozioak, bere burutik pasatzen diren guztiak hitzetan ematen ditu. Jakina, batek esan dezake horretarako ditugula hitzak buru barnean, eta beraz lan bakarra dela hitza bere lekutik hartu eta kanpoan jartzea, paper gainean edo dena delakoan. Baina hori errazegia litzateke, horrek esan nahi luke badakigula non dauden hitz guztiak, aitaren batean aurkitzen ahal ditugula, ez dugula zertan kezkaturik, hitzak behar izan orduko —eta hemen geure buruari galdetu beharko genioke zer ote den hitz baten, eta ez besteren, beharra izatea— hantxe azalduko direla, distiraz eta esanahiz beterik.
Alabaina, ez dago horrelakorik. Geure barnean hitzen ozeano gisako bat dugu, guztiz ezagutzera iristen ez garen eta esanezinaren mugara heltzen den zera hori, halako izena eman nahi baldin badiogu, bederen, geure barnean egon arren adierazi ez daitekeenari. Geure barnen gertatzen dena adierazten saiatzea ez da, nire ustez, itzultzea besterik. Agian ni izango naiz, egiten ari naizen lana itzulpena izan daitekeela onartzen duen lehen idazlea, izan ere, azkenean, egiten duguna baita pentsamenduak eta sentimenduak era ulergarrian ezarri, elkarrekin komunikatzeko kode adostuen bitartez. Jakina, badauzkagu hitzak, baina hizkuntzari dagokion garun zentroa ez da fitxategi edo disko gogor bat, tekla sakatu eta nik behar dudana ateratzen duena. Denok dakigunez, gauzak bihurrixeagoak dira.
Itzulpenaz ari gara, beraz itzultzaileez hitz egin beharra dago.
Ni egina nago itzulpenak zenbait urtez, itzulpena izan dut ogibide, badakit zer esan nahi duen lanbide horrek, beraz ohore egiten diot beti, munduan zehar behin eta berriro errepikatzen ari naizen esaldi batez: «Idazleek literatura nazionalak egiten dituzte, eta itzultzaileek, berriz, literatura unibertsala».
Pentsa dezagun ez dagoela itzultzailerik, eta ez naiz bakarrik literatur itzultzaileez ari, badira zientzia itzultzaileak, jakintza alor batean edo giza harremanetan adituak. Beraz, itzultzailerik ez balego, herrialde edo hizkuntza bakoitzak bere hiztunak, idazleak eta irakurleak izango lituzke. Eta kontua hor amaituko litzateke, itxitura mugatzaile eta itogarria izatera iritsi daitekeen horretan. Jakina, beste hizkuntzak ere ikas daitezke, badira sei eta zazpi hizkuntza ikasitakoak. Hala ere, horrelako adibide eredugarrietan ere sei edo zazpi hizkuntza izango dira, ez berrogeita hamar, edo ehun, edo mila. Hau da, munduaren eta historiaren mapa osatzen duten gainerako hizkuntzak geure hizkuntzetara aldatuko dituztenen laguntza behar dugu.
Hor sartzen dira itzulpenak egiten dituzten jaun-andreak. Gehienetan emakumeak dira, esan beharra dago, lana gutxi ordaintzen delako, eta gizonezkoek ez dutelako ordainsari kaskarrik onartu nahi, edo beharbada gizonezkoek ez dutelako orrialde baten gainean bilatzen eta lanean aritzeko pazientziarik, jakinik aldi berean epe bat bete beharra daukatela, onura ekonomiko edo sozial oroz gain hitz soil batekin orduak eta orduak eman behar direla, azkenean itzulpenak jatorrizko testuaren adierazmena ahal bezainbatean atzeman dezan.
Itzultzaileek hizkuntza elkar ulertezinen uharteak abegi leku bihurtzen dituzte. Haiek eraikitzen dituzte zubiak, munduko hizkuntza guztietan mintzatzeko gauza ez garenok gainetik ibil gaitezen. Haiek zelaitzen dizkigute jakintzaren eta atseginaren lurrak. Haiek dakarzkigute hurbilera urruneko planetak, zientzia ikerketak, poema baten murmurio agortezina.
Badakit zertaz ari naizen. Nire lanak 45 hizkuntzatara izan dira itzuliak, 60 herrialdetan argitaratuak, gehiegi nire itzultzaile guzti-guztiekin harreman zuzena izateko. Batzuekin, alabaina, badut laneko eta adiskidantzazko harremanik. Eta aitortu behar dut, askotan, ataka zailetan jartzen nautela, izan ere bidaltzen dizkidaten zalantza zerrendak hain luzeak dira, ezen zalantzatan gelditzen naiz ezer argirik idazten ote dudan. Txantxetan ari naiz, noski, baina egia da, batzuetan, zalantzei erantzuterakoan aurkitzen ditut nire idatzietan alderdi ezkutuak, idazterakoan ikusi ez nituenak. Jakina, esan beharra daukat gauzak ez direla beti hain atseginak; batzuetan, desgaraian datoz, ni neure lanean ari bainaiz, eta lana utzi beharra daukat erantzunen bat emateko, egileari zaila gertatzen baitzaio itzultzaileari aditzera ematea hitz baten esanahi zehatza, edota testuinguru batean begi-bistakoa izanda beste batean ulertezina den ideia baten esanahia. Horrelakoetan, egilea ez atzera ez aurrera gelditzen da, berak uste baitzuen pasarte horrek ez zuela inolako zalantzarik piztuko, baina hor dator itzultzailea galdezka «horrek zer esan nahi du?», eta egilea estu eta larri ibiliko da azaltzeko beste hitz batzuez, bere iritzian guztiz esana, itxia, argitaratua eta ulertua zegoena. Baina... nola azaldu milaka kilometrotan dagoen bati, askotan kultura, ohitura, historia, usadio edo pentsamolde guztiz bestelakoak dituenari? Litekeena da idatzi duzunak inolako zentzurik ez izatea itzultzailearentzat. Horregatik, nire ustez itzultzaile izateko lehen baldintza da norbere hizkuntza ahal bezain ongi jakitea. Jatorrizko hizkuntza ere jakin behar du, noski, baina batez ere itzultzaileak bere hizkuntza jakin behar du sakonki, hori baita beharrezko xedera iristeko bidea.
Iristen zaizkidan zalantzen zerrendara itzuliaz, batzuetan neroni ere zalantzatan hasten naiz eman beharreko azalpenaz. Izan ere, nire azalpenaren hitz berriek izan dezakete itzultzaileak liburuan aurkitutakoek bezain zentzu gutxi, eta hor egilea, edo egile hau bederen, zorabio batean sartzen da, bere burua adierazi ezin batean. Arazo hori idazten ari zarenean sortzen bada, berriro ere sortzen da geroago, zuk pentsatutakoaren eta irakurleak aurkituko duenaren artean hizkuntza eta kultura desberdinak daudenean. Benetako zorabioa da, egia esan.
Oraintxe gogora datorkit aspaldi samar, Amsterdam-en edo Rotterdam-en —ez naiz zuzen oroitzen— Europako Parlamentuak antolatutako bilkura batean izan nintzela. Etikari buruzko eztabaida zen, teologoak eta filosofoak ziren tartean. Bazen japoniar filosofo bat bere burua katolikotzat aurkeztu zuena, baina ohar bat egin zuen: Erromako Eliza Ama Katoliko Santuaren dogma guztiak sinesten zituen arren, horrek ez zuela esan nahi bere sinesmena eta fedearekiko harremana Europako katoliko baten berdinak zirenik. Izan ere, kristautasunaren aldean halako kultura desberdina izateak dimentsio guztiz bestelakoa ematen zion haren erlijio bizipenari. Erlijio berberaz ari gara, noski. Baina galdetu beharra dago: hau nola itzultzen da? Erantzun bat eskatzen badidazue, esango dut lan asko eginda eta sentiberatasun handiz egin behar dela. Eta agian ez duzu erabat lortuko.
Baina gatozen haraindikotasunetik gauza soilagoetara: gazteleraz calle esaten den hori, guretzat rua da. Italiarrek esango dute via, alemanek strasse, ingelesek street, eta badirudi dena argi dagoela, aski dela hitz batetik bestera aldatzea. Jatorrizkoan rua ageri baldin bada, bada orduan, gaztelerazko nire itzultzaile Pilarrek —hemen inguruan dabil— besterik gabe calle jarriko du. Baina ez dira ber gauza rua bat eta calle bat. Izate fisiko berdina dira agian, autoak dabiltza hor, jendea gora eta behera, badira dendak, badirudi dena berdina dela, baina errealitate soziologiko guztiz desberdinak dira rua bat eta calle bat, calle bat eta via bat, via bat eta strasse bat. Badakigu kasu horretan ez dagoela beste biderik, horixe dela itzulpen bakarra, unibokoa, baina on da kontzientzia izan dezagun ez garela ber gauza esaten ari.
Azaldu nahi dizuet niri gertatutakoa; orain dela urte asko, Colette-ren narrazio liburu bat ari nintzen itzultzen, eta bada narrazio bat «L'Enfant malade» izenekoa, guztiz liluragarria. Colette-ek ikaragarrizko gaitasuna zuen sentimenduen zolitasunak adierazteko. Gaixorik den haur bati buruz mintzatzen da, txikitatik elbarri dagoena; bere onera dator pixkanaka, sukarrak jota dago, irakurtzea du atsegin. Ohe gainean liburu mordoa dauka, batzuk ilustrazioz beteak, besteak ez... eta bera sukarraren mende irakurtzen denean sortzen den beste mundu horretan dago murgildurik... Deskribapenak giro guztiz paregabea sortzen du, eta halako batean liburu bat aipatzen du, Colette-ren arabera eta hitzez hitz itzulita, azala «larru horiz» egina duena. Nire galdera begi bistakoa izan zen: larru horia? Nik ezin dut idatzi portugesez «couro amarello» edo gazteleraz «cuero amarillo», ez baita egiazkoa, egon behar da beste modurik Colette-k idatzitakoa itzultzeko. Berdin du, larrua larru izanda ere, eta kolorea gutxi gorabehera horia izanda ere, hor ezin da «amarello» hitza jarri. Baina denak bultzatzen ninduen itzulpen zuzen, uniboko batera, «couro amarello».
Garai hartan, nire itzultzaile hasi-masietan ardura handiz hartzen nuen lana. Hizkuntza batetik bestera itzultzen nuen hitz bakoitzean bizitza jokatuko banu bezala, erantzukizunaren zentzu izugarria neukan. Frantses-portuges hiztegiak ez zidan besterik ematen, «couro» eta «amarello». Zer egin nuen orduan? Portugesezko hiztegi batera jo nuen, ea topatzen ote nuen frantsesez hitz hori sortzera eraman zuen erro berdineko beste hitzik portugesez. Benetan diotsuet, bihotza dardarka nuela jo nuen hiztegira... eta behar nuen huraxe aurkitu nuen. Bada portugesez hitz bat inork erabiltzen ez duena, hitz zaharkitu bat, hiztegian begiratu beharreko horietako bat, eta esanahi berbera duena, horia, eta hitz hori da jalne. Bestalde, «couro» (larrua) hitza ere oso atsegin ez dudanez, eta gehientsuenetan liburuen azalak ardi edo ahari larruz egiten direnez, Colette-ren liburua gelditu zen carneira jalne-ez estalia, eta ez didazue ukatuko askoz ederragoa dela.
Nolanahi dela ere, itzultzaileen aitortza, «itzultzaileek egiten dute literatura unibertsala» esalditxo hori diru pixka bat kostako zait, alajaina. Duela bizpahiru aste, iritsi zitzaigun —zitzaigun diot, Pilarrek jaso behar izaten baitu posta— europar itzultzaile baten eskaera bat, ea prest ote nengoen berak editorearekin duen kontratuaren baldintzak berraztertzeko, batetik pixka bat igo, bestetik pixka bat jaitsi, lana amaitzen duenerako berak onura gehixeago jaso dezan, eta abar, eta abar. Tira, norberaren hitza aintzat hartu beharra dago, noski, ez dago bi diskurtso izaterik, teorian «bai jauna, eskubide guztiak ditu», eta praktikan «ez jauna, niri komeni zaizkidan eskubideak besterik ez ditu». Pasadizo honen berri eman dizuet, izan ere itzultzaileek egiten badute literatura unibertsala, edo zientzia unibertsala, beren lana errespetatua izatea eskatu behar dute, aitorpen profesional batez eta ordainsari egoki batez. Lansari hobea edo lan egoera gizatiarragoa izateko eskakizun profesionala, edota itzulpenak egiteko zentzuzko epe bat izatekoa, beti erlojupeko lasterketa ero batean ibili behar izanik gabe, testuaren eta norberaren estimuaren aurka batzuetan, hori dena eskatzea ezinbestekoa da eta espero dut biltzar hau lagungarri izatea. Edizio munduak gauza asko berraztertu beharra dauka, itzulpengintzari dagokiona horietako bat da, eta ez hutsalena, noski.
Batzuetan esaten dute: «baina itzultzaile guztiak ez dira onak». Ah bai, jakina, bistan da, sendagile guztiak onak ez diren bezala, edo ingeniari guztiak, edo editore guztiak. Baina ez da «itzultzaileen» arazoa, gauza korapilotsuagoa da, itzultzailearen zereginaren eta lanbidearen aitorpen eskasa da. Eta benetan aintzat hartua ez den bitartean, teorian bezala praktikan, egoera konkretuetan aurrera egin arren, borroka hori ez da irabaziko. Beste hitz batzuekin esango dizuet: itzultzaileak ez du sukaldean egiten otordua. Erabat baztertu beharra dago itzulpena mendeko zeregintzat hartzeko joera hori, itzultzailea kable huts bat balitz bezala hizkuntza batetik bestera joateko, eta beraz komunikazio kable izateko zeregina besterik ez duela. Edo hodi huts bat, etxean iturria ireki eta ura dakarkiguna; izan ere, uraren edo argiaren aurrean, inor ez da kableez edo hodiez gogoratzen. Inor ez da itzultzaileez gogoratzen, izaki adimentsu eta jantzi gisa bizitzeko behar dugun guztia gordetzen duten liburuen aurrean jartzen garenean. Gizarteak ez du itzultzailea errespetuz hartzen, gogoan izan gabe gaurko eta atzoko itzultzailerik gabe ez ginatekeela izango garen bezalakoak.
Badago beste itzulpen mota bat itzultzaileari soilik ez dagokiona, baina agian itzultzaileak laguntza apur bat eman dezake hor gauzak nola gertatzen diren uler dezagun: diskurtso politikoaren itzulpenaz ari naiz. Ohartua nago diskurtso politiko orok behar duela itzulpena. Geure hizkuntzan entzuten dugun diskurtso politikoaz ari naiz. Kontuan hartuko bagenitu nire azken eleberrian aipatzen ditudan azpidoinuak; hau da, esaten den hitza bildu eta laguntzen duen guztia, hainbestetan hitzak itxuraz esan nahi duenaren alderantzizkoa adierazten duen hori, orduan itzultzaileen zeregina ezinbestekoa izango litzateke gure herritar bizitzarako. Entzuten ditugu hitzak, demokrazia, senidetasuna, zintzotasuna, zuzentasuna, berdintasuna, eta badakigu ez dutela beti berdin balio, boterearentzat esanahi bat dutela, baina hamaika aldiz ziria sartu dioten herritarrarentzat, errespetatua sentitzen ez denarentzat, etorkizunik ikusten ez duenarentzat, hitz eder horiek beste zerbait ari dira adierazten, esate baterako, emadazu zure botoa, eta gero jarraituko dut zuri gezurrak esaten. Beraz, doinu eta azpidoinuen itzulpen lanak salba ditzake itzultzaileak. Eta agian gizartea ere bai, nork jakin...
Txantxak alde batera utzita, nahiago nuke biltzar honetan komunikazio batek auzi horixe aztertuko balu: diskurtso politikoa eta itzulezintasuna. Izan ere, nola itzul daiteke hizkuntza batean idatzita dagoen diskurtsoa hizkuntza berean idatzitako beste diskurtso batera, lehenak esaten ez duena esan dezan azkenik? Politikoenganako begiramenik handienaz diot, baina hemen onartu badugu itzultzaile guztiak ez direla onak, edo egile guztiak ez direla onak, zer dela eta izan behar lukete on politikari guztiek? Nire burutazio hauen bitartez, azkenean, nabarmendu nahi izan ditut nire herritar bizitzan eta nire literatur langintzan kezkarazten nauten arazoak, hainbesteraino ezen nire hurrengo eleberria ez da kontu horiez oso urrun ibiliko...
Amaiera aldera, hitz jakin batzuen esanahiaren eta adierazpidearen aldarria nahi nuke berriro ere aipatu. Zinez, komunikazio arazo bat dugu geure gizartean, biltzar honek konpontzerik ez duena, baizik guztien zeregina izan behar duena, itzultzaileak barne. Izan ere, jalne hitzaren erabilera ezin badugu berreskuratu, Portugalen inork erabiltzen ez duena, badira beste hitz batzuk zain, guk bizi berri bat noiz emango, distira berri bat ahal dela, adiera berri bat besterik ezean. Izan ere, erabilera politikoak higatu eta maiz laidotu dituen hitz horiek badute beren barnean, denboraren poderioz hartu izan dituzten adieretan, behar ditugun elementuak geure munduak izan daitezen elkargune, mozorrorik gabe, hitzak garbi ditugula lur gaineko hizkuntza guztietara itzuliak eta aldatuak izan daitezen. Horretarako ere bildu gara, itzultzaile lanbidearen duintasunaz mintzatzeko, hitzekin lan egiten dugula ospatzeko, senak esaten baitigu hitzekin gizartearen laguntzaile izan gaitezkeela. Ez daiteke gutxiago eska, ezta gehiago ere.