Euskal emakume itzultzaile aitzindariak (Bizenta Antonia Mogel Elgezabaletik 1970eko hamarkadara arte)
Ainhoa Salaberria Garmendia

Lan honen xedea Bizenta Antonia Mogel Elgezabaletik 1970eko hamarkadara bitartean literatura euskaratu zuten euskal emakume itzultzaile aitzindariak aztertzea eta ikusaraztea da: Julene Azpeitia Gomez, Tene Mujika Egaña, Maria Dolores Agirre Aizpuru, Miren Etxabe Aldai eta Maritxu Urreta Zulaika. Haien datu biografikoak emango ditugu lehenik; literatur ibilbideari helduko diogu gero, eta itzulpenen inguruan mintzatuko gara azkenik. Bukatzeko, azkeneko atalean, itzultzaile guztiak lotzen dituzten ondorio orokorrak aterako ditugu.

Sarrera

Jakina da emakumezko zenbait euskaratzen eta itzulpenak argitaratzen aritu dela historian zehar; Bizenta Antonia Mogel, kasurako. Halere, ez dugu ezagutzen euskal emakumezko itzultzaile aitzindariak batzeko ahaleginik. Bada, Isabel Etxeberriaren zuzendaritzapean iaz aurkeztu genuen Gradu Amaierako Lanaren emaitza da honako hau. Helburua han-hemenka aipatu izan diren emakumezko itzultzaileak lan bakar batean biltzea, elkarren ondoan zerrendatzea, eta lehenengoz genealogia osatu bat plazaratzea da, eta, bide batez, haien arteko lotura eta ekarpen literarioaren nondik norakoak aztertuz, andrazko horien egoeraren erretratu bat ere egitea.

Lan honi 1970eko hamarkadan jarri diogu muga, data horretatik aitzinako itzulpengintzak aurreko garaietakoak ez bezalako beharrei erantzuten baitie. 1960ko hamarkadaren bukaeran euskara batua finkatzeko urrats garrantzitsuek, 1979ko Gernikako Estatutuak eta 1982ko Euskararen Legeak aldaketa handiak eragin zituzten EAEko euskal itzulpengintzan. Ibarluzeak dioenez (2018: 220-221), 1970eko hamarkadan hasi zen itzulpengintzaren aro garaikidea, itzulpena euskararen normalizaziorako tresna izatera igaro baitzen. Aro horretan sortu zen egun lanean diharduten emakumezko itzultzaileen belaunaldi berria. Lan honek, ordea, 1970eko hamarkadara bitartean literatur lanen bat euskaratu zuten emakumezko itzultzaileen genealogia proposamen bat biltzen du.

Metodologia

Lanaren zailtasun nagusia 1970eko hamarkadara bitarte euskarara itzuli duten emakumezkoak topatzea izan da. Aztertu beharreko garaia zehaztutakoan, zenbait iturritara jo dugu itzultzaileen zerrenda osatzeko: gaiari buruzko adituek argitaratutako lanetara, garai hartako aldizkarietara, EIZIEren argitalpenetara eta azken urteetan sortutako datu-baseetara: Armiarmaren Literaturaren Zubitegia, Literatur Aldizkarien Gordailua eta Euskarari ekarriak, eta EIZIEren Nor da Nor izan ditugu bilaketako ardatz eta ikerlaneko makulu.

Hala, han-hemenka aipatu izan diren izenak bildu, eta iturri guztiak xehe-xehe aztertuta lortu dugu ahalik eta zerrenda fidagarriena. Jarraian banan-banan aztertuko ditugun arren, azkenean bost izan dira, bata bestearen atzetik jarrita, zehaztutako garaira arteko genealogia osatzen duten emakumezko itzultzaileak: Julene Azpeitia Gomez, Tene Mujika Egaña, Maria Dolores Agirre Aizpuru, Miren Etxabe Aldai eta Maritxu Urreta Zulaika. Kontsultatutako iturrietan topatu ditugun asko, ordea, ezizenez sinatuta daude, eta, jakina denez, ezizenen atzean ezin identitate zehatzik topatu. Honako lan hau, beraz, genealogia proposamen bat besterik ez da, baina litekeena da lan honetan biltzen ez diren beste zenbait andrazkok ere 1970eko hamarkadara bitartean literatura euskaratu izana.

Itzultzaile aitzindariak

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal aitzindaria da, 1804an argitaratu zuen Ipui Onac liburuari esker bilakatu zelako egun ezagutzen den lehen euskal emakume idazlea eta itzultzailea. Alabaina, mende bateko saltoa egin, eta Mogel ez beste guztiez jardungo dugu jarraian. Izan ere, Azurmendik dioen moduan (1997: 41), «Vicenta Moguel […] fue una excepción y en el caso de la literatura vasca lo fue durante más de cien años».

Julene Azpeitia Gomez (1888-1980)

1888ko urtarrilaren 8an jaio zen, Zumaian. Oinarrizko ikasketak herrian bertan egin zituen, eta, ondoren, Donostian eta Bilbon ikasi zuen, irakasle izateko. 1911n, Valladolideko oposizioetan lehenengo gelditu, eta Bizkaiko ikastoletan maistra ibili zen. 1916an, Enrike Eskauriatzarekin ezkondu zen, eta biek batera Mexikora alde egin zuten. 1920an, Euskal Herrira itzulitakoan, berriz ekin zion ikastoletan irakasteari. Gerra ondoren, erbestean ibili zen, alderrai; sorterrira itzuli, eta, 1947an, Bizkaiko Aldundiko eskoletan ibili zen irakasle, baina, 1949an zigortu, eta Burgos aldean irakatsi behar izan zuen. 1955etik aurrera, Markinara bueltatu zen maistra; 1958an erretiroa hartu, eta, harrezkero, Durangon bizi izan zen. 1980ko otsailaren 5ean hil zen, Bilbon, 92 urteko bizi luzea atzean utzita.

Haurrak eta euskara dira Azpeitiaren ardatz nagusiak, eta horren adibide garbia da Emakume Abertzale Batzaren (EAB) ideologia abertzaleari jarraikiz bizitza osoan zehar irakaskuntza eta euskaltzaletasuna uztartu izana.

Itsasoaren bestaldean herriminak jota ekin zion «Arritokieta» ezizenpean idazteari. Halere, Euskal Herrira itzulitakoan hasi zen garai hartako kultur munduan aktiboki parte hartzen, betiere irakaskuntza alde batera utzi gabe. Euskaltzain urgazlea izan zen; ikastolen sorreraren mugimenduan ibili zen; irratsaio ugari egin zuen Loiola eta Arrate irratietan, eta hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere sormen lanak, garai hartako haur-literaturaren hutsunea betetzeko asmoz: Euzkadi, Argia, Euskera, Ekin, Yakintza, Egan, Zeruko Argia, Karmel eta beste zenbaitetan. Literatur lehiaketetara aurkeztu, eta sari andana ere irabazi zuen.

Ezer gutxi dakigu, ordea, Azpeitiak egindako itzulpenei dagokienez. Ziur asko gehiago izango ziren arren, Azpeitiak euskaratutako bi lan soilik iritsi zaizkigu eskuartera: kontakizun laburra da bata, poesia bestea.

Lehena, Les Grandes Amitiés (1941) liburutik ateratako «Passage de la Bonne- Graine» kontakizuna dugu, Errusian jaio eta Frantzian bizi izandako Raïssa Maritain (1883-1960) emakumezko poeta eta filosofoarena. Azpeitiak «Azi onaren karrika estua» izenburupean itzuli zuen ipuina, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Egan aldizkariak eman zuen argitara, 1970eko uztail-abenduko eta 1971ko urtarril-abenduko zenbakian. 48. orrialdetik 50. orrialdera ageri da kontakizuna, hiru orrialde eskasean, euskaraz, eta, bukaeran, poetaren izenaren alboan, oin-ohar bat ageri da: «Jacques Maritain, France’tar filosofo haundiaren emazte zana». Alegia, ezer baino lehen, gizonezko baten emaztea zela argitzen digu.

Azpeitiak bazekien frantsesez. Hala dio, behintzat, Joxemiel Bidadorrek 1996ko ekainaren 7an Euskaldunon Egunkarian idatzitako artikulu batean: «Berri iturriak Europa osoan zituen, mundutik asko ibilia baitzen, frantziar eta belgiar ereduak sobera ezagutzen zituen eta Journal des instituteurs et des institutrices delakoa sarri irakurtzen zuen». Litekeena da, beraz, Azpeitiak kontakizuna frantsesetik euskarara zuzenean itzuli izana.

Bigarrena, aldiz, Antonio Machado Ruiz (1875-1939) espainiar poeta ezagunaren poema bat da. Zehazki, 1924ko Nuevas canciones poema-liburuko «Apuntes» olerkiaren zati bat euskaratu zuen Azpeitiak. Poema horren zati bat diogu, «Apuntes» poema lau ahapaldik osatzen baitute, eta Azpeitia soilik II-III-IV ahapaldiak itzultzera mugatu zelako. Horrez gain, Azpeitiak izenburua aldatzea erabaki, eta «Ontza. La lechuza» titulua jarri zion Machadoren poemaren itzulpen-moldaketari.

Azpeitia jada hila zela kaleratu zen itzulpena, 1989an, Euskerazaintza elkartearen izen bereko aldizkarian. Hiru ahapalditan banatutako euskarazko olerkiaren ondotik, Azpeitiak idatzitako ohar bitxi bat dator, tartean honako hau dioena:

«Olerti polita dalakoz ipiñi dut emen neuk euskeratuta». (Azpeitia, 1989)

Irakasle senak bultzatuko zuen ziur asko Machadoren poema hori itzultzera; aipuan dioen bezala, olerki polit eta atsegina iruditu, eta haurrei euskara maitatzen irakatsi nahi zielako itzuliko zuen.

Robustiana Mujika Egaña «Tene» (1888-1981)

1888ko maiatzaren 24an jaio zen, Debako Kale Nagusian. Familia euskaldun, fededun eta abertzale sutsu batekoa zen, herriko janari denda handienaren jabeen alaba. Sei bat urterekin hasi zen Debako eskola publikoan, eta, euskaraz alfabetatzeko aukerarik izan ez arren, bertan ikasi zuen gaztelaniaz irakurtzen eta idazten.

Hamabi senideetan bederatzigarrena zenez, ezin izan zuen ikasketekin aurrera jarraitu, eta etxeari lotu beste aukerarik ez zuen izan nerabezaroan; haatik, dendari ere ibili zen gurasoenean. Ordu libreetan, euskal klasikoen obrak irakurtzen zituen (Axular, Larramendi, Kardaberaz, Mogel…). Don Lorenzo Boneta apaiz euskaltzalea Mujikaren gurasoen laguna zen; zahartuta ongi irakurri ezin, eta neskatxarengana joaten zen, zer edo zer irakur ziezaion. Halere, 1909 aldera, Mujikak ia erabat utzi behar izan zuen dendako zeregina, bizkarreko oinazeak behartuta. Tarte hori garai hartako aldizkariak irakurtzeko profitatu zuen.

Osatutakoan, eta euskal literatura albo batera utzi gabe, politikan murgildu zen bete-betean. Comunión Nacionalista Vasca (CNV) alderdikoa zenez, ez zuen Emakume Abertzale Batzan (EAB) sarbiderik; hori dela eta, Abertzale Atzarri Batza sortu zuen, zeina aurrekoaren berdina baitzen. 1931n, II. Errepublikarekin, CNVk eta EAJk bat egin zuten, eta, 1935ean, Emakume Abertzale Batzako lehendakari hautatu zuten. Gerra garaian, EABko lehendakari zela eta, erbesteratu behar izan zuen, eta Ziburun aterpe hartu, Ipar Euskal Herrian. Gerra bukatzean, herrira bueltatu, eta berriro ere idazteari ekin zion. 1975ean, Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak, Julene Azpeitia eta Madalena Jauregiberryrekin batera. Idazten jarraitu zuen adinean aurrera ere, eta, azkenean, 1981eko irailaren 16an hil zen, 93 urterekin.

Mujika oso idazle oparoa izan zen, eta askotariko generoak landu zituen. Poesia izan zen landu zuen lehena, gaixoaldi luzeak horretarako bide eman baitzion. Ondoren, sendatutakoan, antzerkia euskara erakargarria egiteko genero egokia izan zitekeela otu zitzaion. Hala, Gogo-oñazeak (1934), Gabon (1935) eta Joan Joxe (1936) antzezlanak idatzi zituen. Azkenik, gerraostean Debara itzuli, eta artikulu zein ipuinak argitaratzeari heldu zion gehienbat.

Aipatutako lan horiek guztiak garaiko honako aldizkari hauetan argitaratu zituen: Euskal Esnalea, Euzko-Deya, Gure Herria, Euskerea, El Día, Euzkadi, Agur, Luzaro, Goiz-Argi eta Deva.

Mujikak egindako itzulpen kopurua guztiz sinbolikoa da, euskarara ekarritako lan bakarra iritsi baitzaigu eskuartera: José Zorrilla espainiar poeta eta antzerkigilearen poema bat. Halere, hobe gutxi deus ez baino, eta zer edo zer euskaratu zuenez merezi du lerrootan aipatzea.

Zorrillak 1888an idatzitako ¡A escape y al vuelo! olerki-liburuko poema bat euskaratu zuen Mujikak. Zorrillak Guaquiko kondesari idatzi zion liburua, espainiar poeta haren etxean egon baitzen apopilo Zarautzen pasatu zuen hilabetean. Liburuan, Zorrillak Gipuzkoan bisitatu zituen herriei eskainitako poemak irakur ditzakegu, eta Mujikak, debarra izanik, «Deva» izeneko poema luzearen zati bat euskaratu zuen, sona handiko espainiar poetak beraren herriari idatzia. Halere, jatorrizko olerki-liburuko izenburua berreskuratu, euskaratu, eta izenburu hau jarri zion poema itzuliari: «Egaka ta igeska». Itzulpena euskara hutsean idazten zen Zeruko Argia hilabetekarian atera zen argitara, 1967an.

Maria Dolores Agirre Aizpuru (1903-1997)

Ordura arte eta denbora luzean euskal emakume itzultzailerik oparoena izango zena 1903ko ekainaren 8an jaio zen, Errezilen. Sei urtetik hamabira bitarte bertako eskolan ikasi, eta osabak txikitatik euskaltzaletu zuen. Hamalau urterekin Donostiara lekualdatu, eta maistra ikasketak egin zituen lehen euskal emakumeetako bat izan zen, euskal literaturan eta heziketan giltzarri izango zirenekin batera: Julene Azpeitia, Katalina Elizegi, Elbira Zipitria… 1924an Eugenio Lasheras mediku donostiarrarekin ezkondu, eta bi seme-alaba izan zituzten.

Etxean hasi zen euskarazko eskolak ematen. Segituan, Donostiako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolara batu zen: ikasle lehenengo, irakasle gero. Izan ere, 1932an, irakasle postua lortu zuen. Esanguratsua da, halere, oposizioko lau ariketetako lehena itzulpena izan zela: Don Kixoteren zati hautatu bat euskaratzea, eta Geroren beste bat gaztelaniaratzea. Azpimarragarria da, halaber, emakume izateagatik azterketan baztertua izango ote zen beldur zela Agirre. «Emakumea izatea, garai haietan, ez zen prezeski gauzak errazten zizkidan meritua», aitortu zuen (Auzmendi, 2002: 12), eta are gutxiago 30 urte zituela, bi ume txikiren ama eta garai hartan emakume langilea izanik. Gerrako etenaldia eta gero, 1953an hasi zen Euskal Iztundearen bigarren aroa, Agirreren zuzendaritzapean, 1973an erretiroa hartu zuen arte. Irratian ere aritu zen denbora luzez, 1955ean hasi eta hurrengo 25 urteetan. La Voz de Guipúzcoa kateko «Baserri» programan egiten zuen lan. Halere, aztergai ditugun beste itzultzaile gehienek ez bezala, aipagarria da Agirrek bere jarduna Emakume Abertzale Batzarekin uztartu ez izana.

Herri hizkera defendatu eta Euskaltzaindiaren bidea oso begi onez ikusi ez arren (Auzmendi, 2002: 18), euskaltzain urgazlea izan zen. EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak), bestalde, ohorezko bazkide izendatu zuen, euskal itzulpengintzari egindako ekarpen bikainagatik.

Bizitza luzea atzean utzita, Donostian hil zen Maria Dolores Agirre Aizpuru, 1997ko uztailaren 26an.

Agirrek batez ere itzultzaile gisa egindako bide oparoa nabarmendu nahi genuke datozen lerrootan. Gehien itzuli zuen literatur generoa antzerkia izan arren, narratiban ere egin zuen itzulpenik.

Orduko hainbat antzerki-taldek eskatuta, antzezlan andana itzuli zuen. Hona hemen haren itzulpenen zerrenda, kronologikoki aipatuta: Tagoreren Amal (1962), Casonaren Txalupak jaberik ez (1963), Lozanoren Oriko txoria Orin (1965), Gazzoren Txapela bete euri (1966), Casonaren Irugarren itza (1967), Lorcaren Iturri-legor (1968), Calvo Soteloren Etzan ate joka etorri (1968), Lorcaren Iturriko Urretxindorrak (1968), Rubioren Beste ertza (1970), Guerrero Urreistiren Iparragirre (1971), B. Vallejoren Illumpe goritan (1973) eta P. Barojaren Altzateko jaun (1979an Felipe Yurramendirekin batera itzulia).

Aipatutako guztietatik, ordea, bizi zelarik hiru itzulpen besterik ez zen argitaratu antzerkiaren alorrean. Batetik, Tagoreren Amal eta P. Barojaren Altzateko jaun 1984an argitaratu zituen Donostiako Edili argitaletxeak, liburu bakarrean. Bestetik, Casonaren Txalupak jaberik ez 1996an kaleratu zuen EIZIEk, Itzulpen Antologia I bilduman.

Narratibari dagokionez, José Luis Muñoyerroren Ilargian ere euskaraz lana itzuli zuen, Maritxu Urretarekin batera, eta Izarra argitaletxean kaleratu, 1967an. H. Gheonen Lourdesko lorea (1958) ere orraztu eta osatu zuen, Garzia Elustondok euskaratu eta gero.

Antzerki eta narratiba lanak itzultzeaz aparte, sarritan egin zituen Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalerako itzulpenak ere.

Horrez gain, Agirrek idatzi zuen sorkuntza lanik ere. Lehena, 1949an, Aukeraren maukera, azkenian… okerra izeneko bakarrizketa, Egan aldizkarian argitaratua. Bigarrena, Bear-bearra narratiba lana, Eganen 1956an argitaratua. Hirugarrena, Au dek maltzurkeria! antzezlana, 1958ko abenduaren 21ean Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatua.

Miren Etxabe Aldai «Lau Uxo» (1903-1993)

1903ko martxoaren 5ean jaio zen, Zarautzen. «Xalesenekoa» eta, batez ere, «Lau Uxo» ezizenez ezaguna, gazte-gaztetatik egon zen bere herriko bizitza kultural eta politikoari lotuta: 1924ko lehen Euskal Jaien animatzaile taldean aritu zen, esaterako.

Luzearrek 1930eko abuztuaren 7an El Díatik egindako deialdiari erantzunez, hilabete bereko 24an, ezagutzen den lehen emakume idazleen batzarra egin zen, Zarautzen. Bertan elkartu ziren hamabi emakume abertzale, bide berri bat hasteko asmoz. Haietako bat izan zen «Lau Uxo»; Gurrutxagak (2018) zehazten duenez, hitzaldiak ematera eta EAJren mitinetan hitza hartzera ohituta zegoenez, hark egin zituen antolatzaile lanak, baita harrera-hitzaldia ere. Historiako euskal emakume idazleen lehen bilkura historikoa izan zen.

Politika munduan betidanik parte hartu zuen, eta Emakume Abertzale Batzako kide izatera iritsi zen. 1933an eta 1934an, Zarauzko EAB erakundeko lehendakaria izan zen, eta batzokiko sortzaileen artean emakume bakarra. Halere, politika eta luma uztartzen, eta besteak beste El Díako Euskal Orrian «Lau Uxo» ezizenez argitaratzen jarraitu zuen. 1931 izan zuen urterik oparoena, eta noiznahi irakur zitezkeen «Lau Uxo»ren idatziak.

Bitartean, Zarauzko Ikastolako hastapenetan, andereño lanetan ere aritu zen, musu-truk, baita antzerki munduan ere, herriko Naste Borraste taldearekin. Gerraostean, Eresoinka abesbatzan irrintzilari eta abeslari jardun zuen, 1993ko maiatzaren 3an bere jaiotetxean zendu zen arte.

Etxabek pare bat hitzaldi eta mitin andana eman zituen han-hemenka. Halere, lan bakarra itzuli zuen, Salvador Arriola apaizaren La Virgen de las Angustias gaztelaniazko antzezlana, 1929an, Itziar´ko Ama titulupean. Aipatutako lanak urte bereko Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren Juventud aldizkariaren literatur lehiaketan lehen saria irabazi zuen antzerki-sailean, eta 1929ko irailaren 7an antzeztu zen estreinakoz, Azpeitian.

2000ko otsailaren 2ko Euskaldunon Egunkariak aditzera eman zuenez, Euskaltzaindiak Etxaberen Itziar’ko Ama: Etxabe ta Aldai’tar Miren’ek euzkeratutako iru ataldun antzerkia izeneko testuaren eskuizkribua jaso zuen dohaintzan, eta 2002an argitaratu zuen Zarauzko Olerti Etxeak, 39 orrialdeko liburu batean bilduta. Kutxak berrargitaratu zuen, 2005ean.

Maritxu Urreta Zulaika (1915-2018)

1915eko irailaren 10ean jaio zen, Donostian, Miren Arantzazu izenez. Aita sona handiko hizlaria eta, besteak beste, EAJren Gipuzko Buru Batzarrako lehendakaria izan zen, euskaltzale sutsua, Euskal-Esnalea eta Euskaltzaleak kultur elkarteetako kidea, baita azken horren buru ere. Ama, berriz, Maria Zulaika zuen, Aita Donostiaren arreba. Senarraren moduan, ekintzailea, eta Gipuzkoako «Emakumeen» buru izandakoa.

Amak eta amonak bezala, Urretak ere Donostiako San Bartolome ikastetxean egin zituen 16-17 urte bitarteko ikasketak. Ondoren, Madrilera joan zen, Escuela Central de Idiomasen ingelesa eta frantsesa ikastera. 19 urterekin, Ingalaterrako Folkestone hirian eman zituen hainbat hilabete, ingelesa hobetzeko asmoz, oso ezohikoa garai hartako emakume batentzat. Gerora, alemana eta italiera ere ikasi zituen, liburuak jatorrizko hizkuntzan irakurri ahal izateko. Horiei euskara eta gaztelania gehitu behar zaizkie.

1936ko Gerra Zibila piztu zenean, gurasoen militantzia jeltzalea zela medio, Urreta-Zulaika familiak Donostiatik ihes egin behar izan zuen, Azkainera (Lapurdi), 1940ra arte. Gerra amaitu eta Donostiara itzultzerakoan, Maria Dolores Agirre errezildar itzultzaile eta irakasleak ematen zituen euskarazko eskolen berri izan zuen, eta hara abiatu zen, etxeko hizkuntza lantzera eta idazten ikastera.

Hizkuntzak ez ezik, marraztea ere ikaragarri gustatzen zitzaion Urretari. Hala, hainbat liburu ilustratu zituen, baita Agirrerekin batera euskaratutako Ilargian ere euskeraz (1967) ipuina ere. Horrez gain, garai hartako emakumeei ezartzen zitzaizkien rolak hautsi, eta, aurrekoez bestalde, argazkigintza eta mendizaletasuna izan ziren Maritxuren zaletasunik handienak.

1996an, euskal literaturako zenbait idazle-itzultzaile handirekin batera, EIZIEk Ohorezko Bazkide izendatu zuen Urreta, eta omenaldi haren harira egin zuen azken itzulpena (aurrerago aipatuko duguna). Izan ere, 2018ko abuztuaren 13an hil zen, 102 urterekin, bere bizipenek inolako interesik izan zezaketela ondo ulertzen ez zuen emakume aitzindaria (Azurmendi, 2005: 1).

Maria Dolores Agirrerekin ikasitakoaren eta sei hizkuntza menderatzearen fruitu dira Urretaren literatur itzulpenak: antzezlan bat, ipuin bat eta poema bat. Kopuru aldetik ez zuen lan andana itzuli; genero aldetik, ordea, askotarikoa izan zen haren aukeraketa. Literaturaz gain, editorialak ere euskaratu zituen. Poema eta editorialak 1970eko hamarkadaz gero euskaratu bazituen ere, garrantzitsua deritzogu haiek aipatzeari, labur bada ere, itzultzailearen obrari osotasuna emate aldera.

Jose Luis Muñoyerro bizkaitar idazle eta kazetariaren bi lan euskaratu zituen, mendian elkar ezagutu ondoren: batetik, Lartaun eguzki-semea antzezlana, 1960an Zarauzko Itxaropena argitaletxeak Kuliska Sortan argitaratua; bestetik, Maria Dolores Agirrerekin batera Ilargian ere euskeraz ipuina, Donostiako Izarra argitaletxeak 1967an argitaratua.

Azkenik, EIZIEk 1998an kaleratutako Itzulpen Antologia II liburuan argitaratu zen poema luzea. EIZIEk, 1996an, Itzulpen Antologia I izeneko liburua kaleratu zuen, elkarteko lehen ohorezko bazkide izendatutako itzultzaileen omenez, «itzultzaile horien lanarekiko aitorpen bezala ez ezik, beste itzultzaileontzako eta lan honetan hasiko direnentzako ikasbide bezala ere» (Auzmendi eta Biguri, 1998). Ekitaldi berean, EIZIEk beste zortzi itzultzaile ere omendu zituen (Urreta tarteko), eta konpromisoa hartu zuen lehenengoaren asmo berari jarraituz haien lanak bilduko zituen bigarren liburu bat argitaratzeko. Hala, 1998an kaleratutako Itzulpen Antologia II libururako, Alice Duer Miller (1874-1942) idazlearen The White Cliffs (1940) poema itzuli zuen Urretak euskarara, Itsas-malda zuriak titulupean. Ingelesetik itzuli zuen, eta, beraz, aztergai ditugun emakume aitzindarien artean, hizkuntza horretatik lehenengoz euskaratu zuen itzultzailea dugu. Ingelesa jakitea egun bezain ohikoa ez zen garaian, hizkuntzekiko zaletasunak ingelesetik itzultzea ahalbidetu zion Urretari. Juan Mari Lekuonaren hitzetan: «Eredugarri da ingelesaren ezagutzan, eta aintzindari gaurko joera ingeleszalean» (1998).

Bukatzeko, itzulpen handietan gehiago murgildu ez arren, ez zion itzultzeari utzi, eta, 1976an, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko aldizkariko editorialak euskaratzeari ekin zion. Dirudienez, urte dezente eman zituen horretan, Azurmendik 2005ean zehaztu baitzuen «duela urte gutxi utzi dio egiteko horri» (2005: 19).

Ondorioak

Informazioa interpretatzeko ahalegin labur honetan, ikusiko dugu Mogelen XIX. mendeko aitzindaritzatik XX. mendeko 70eko hamarkadara bitarte itzultzen aritu ziren bost emakumeek antzekotasun ugari dauzkatela.

Aipatutako emakume guztiak abertzaletasunaren inguruan ibilitakoak dira. XX. mendearen hasierako andrazko ugariren gisan, Julene Azpeitia, Tene Mujika eta Miren Etxabe Emakume Abertzale Batzaren harira hasi ziren literaturaren alorrean. Elkartearen helburua gizonezkoek politika arloan egindako lana kulturaren bidez osatzea zenez, pentsamolde jeltzalea indartzeko eta lau haizeetara zabaltzeko asmotan ekin zioten andrazko horiek, besteak beste, garai hartako aldizkarietan idazteari. Azpeitiak lan eskerga egin zuen erakundearen alde; Mujika EABko lehendakaria izan zen; eta Etxabe Zarauzko EABko lehendakaria. Maria Dolores Agirrek eta Maritxu Urretak erakundean militatu ez arren, geroago ikusiko dugun bezala, lehenak zeharka egin zion ekarpena abertzaletasunari; bigarrena, ordea, etxeko giro guztiz abertzalean hazi zen. Era berean, jarrera politiko jeltzale irmo horrek eraman zituen Azpeitia, Mujika eta Urreta gerra garaian erbestera.

Euskal irakaskuntzari lotu zitzaizkion aztergai izan ditugun bost emakumeetatik hiru. Izan ere, Bigarren Errepublikaren garaitik aurrera, EAJren babesean euskal eskola edo ikastolen kopuruak nabarmen egin zuen gora, eta euskarazko irakaskuntza indartsu hasi zen hedatzen. Emakume Abertzale Batzaren ideologia abertzaleari jarraikiz, irakaskuntza emakumearen zeregin egokitzat jotzen zen seme-alaba abertzaleak hezteko. Hori dela eta, garai hartan maistra ikasketak egin zituzten lehen euskal emakumeetako bi izan ziren Azpeitia eta Agirre, eta irakasle aritu ziren eskoletan, Etxaberen antzera. Agirrek, gainera, helduen alfabetatzeari heldu zion, eta etxean bertan hasi zen euskarazko eskolak ematen. Azpeitia zen orduko hezkuntza-sistema gehien kritikatzen zuena, baina, halere, hirurek euskara nagusi izango zen eredua aldarrikatzen zuten. Hori lortzearren, hiruren, baina, batez ere, Azpeitiaren idatzietako asko, umeei zuzenduak eta umeen heziketaren ingurukoak ziren, euskarazko eduki literario-didaktikokoak. Ez da kasualitatea, ordea, hirurak emakume idazleak eta irakasleak izatea aldi berean, euskaraz idazten jakiteko ikasia izan behar baitzen. Mujikak ezin izan zuen irakasle ikasketarik egin, eta Urretak, irakastea baino, ikastea zuen nahiago.

Aldi berean, XX. mendearen hasierako euskal gizarte katoliko hertsian emakumezkoak bizi zuen egoera iraultzeko aurrerapauso andana egin zuen zenbait andrazkok. Estereotipoen aurka borroka egin, eta etxetik publikora egin zuten salto Andereño Idazleen I. Batzarrean.

Luzearrek deialdia egin zuen 1930eko abuztuaren 7ko El Díako Euskal Orrian, «Andereño idazleok entzun» izenburupean, bere asmoa azalduz: «[E]uskaldun andereñoak, idazlerik onenak egin nahi zinduzket, ez nire almenez (etzazute parrik egin), zuek idaztera beartu utsaz baizik». Haren gonbidapenari erantzunez egin zen uda bereko abuztuaren 24an Andereño Idazleen I. Batzarra, Zarautzen, eta Emakume Abertzale Batzako hamaika kidek hartu zuten parte, Etxabek tartean.

Berriako artikulu batean Amaia Alvarez Uriak dioenez, «haientzat, oso definituta zegoen emakumearen lekua. Hala ere, ahaldundu ziren, eta euskal kulturaren plazara irten eta beren ahotsa entzunarazi zuten» (Gurrutxaga, 2018). Batzarra egin eta pixka batera, ordea, egunkari berean eta urte bereko irailaren 9an, emakume horietako batek, Elbira Zipitria Irak beldurra aipatu zuen: «Ez bakarrik Zarautz’en bildu giñanak, baita juan eziñik edo bildurrez edo… azaldu ez ziranak ere. Bildurrez, bai enetxoa, musu punta erakutsi ta gorde ostera. Neroni ere zerbait ikaratzen asi nintzan. ¿Ain izugarriak ote gaitun?, nion nerekiko». Besteek esango zutenaren beldur ziren, garai hartan emakumeari etxeko lanak egitea egozten zitzaiolako. Ez, ordea, gizonezkoen esparru zen literaturan bidea zabaltzea.

Mintzagai ditugun andre zenbaitek lehenago gauza bera egin bazuten ere, gizartean zereginik bazutela uste zuten emakume ausartak plazan agertzearekin batera hasi ziren Azpeitia, Mujika, Agirre, Etxabe eta Urreta garai hartako kazetetan usuki sormen lanak argitaratzen: Euzkadi, Euskal Esnalea, Egan, Euzko Deia, Jaungoiko-Zale, Antzerti, Gure Herria, Euzkerea, El Día, Euzkadi, Agur, Luzaro, Goiz-Argi, Deva eta Zeruko Argia aldizkarietan, besteak beste, plazaratu ohi zituzten beren idatzi aipagarrienak. Aldizkari horiek lekutxo bat egin zieten mugaz honanzko andrazkoei, eta, hortaz, areagotu egin zen ordura arte emakumeek euskal literaturan izandako presentzia. Horrez gain, aipatutako bost itzultzaileek, Urretak salbu, Lore Jokoetan, Euskal Jaietan, literatur lehiaketa ospetsuetan edota garai hartako elkarteek antolatutako ekimenetan parte hartu zuten. Azpeitiak eta Agirrek letretatik uhinetara salto egin zuten, eta irratian ere ibili ziren. Helburu guztiz politikoak bultzatuta egin zituzten lan horiek: beren idatzietan, gehienetan EABren ideologia zabaldu besterik ez zuten egiten, alegia.

Halere, Etxabek salaketarako plaza gisa ere erabili zituen aipatutako aldizkari eta ekimenak. Zipitriak sentitutako beldurrari muzin egin, eta, emakume iraultzailearen haritik tiraka, euskararen eta abertzaletasunaren aldeko hautuaz gain, ez zuen nahikotzat nazionalismoak emakumeei eskaintzen zien papera, etxean, baserrian, edo hizkuntza zaintzen. Hori dela eta, emakumeen berdintasuna eta eskubideak aldarrikatu zituen. 1930ean Euskal Esnalearen eskutik emandako «Zorionaren iturria gizonak non du?» hitzaldia, esaterako, iraultzailea izan zen bete-betean; ikusi besterik ez dago bertan esandakoa: «Emakumeak argalak gerala ¡zenbat aldiz entzuten degu! Bai ba… gizonak, indar eta jakin-duriz beteak bai-daudez… Eta… gizon indartsu eta jakintsu oiek ¿nondik sortuak ditugu…? Ez ote-dira gogoratzen berak ere badutela edo izan dutela ama bat?» (Etxabe, 1930).

Behin XX. mendean zehar itzultzen aritu diren emakumeen profila zehaztuta, haien euskaratze jardunari helduko diogu jarraian.

Azpeitia, Mujika, Agirre, Etxabe eta Urretaren sormen-lanetan Euskal Herriko historia soziopolitikoak eragina izan duen arren, itzulpenetan ez da hala izan. Beste era batera esanda, itzuli zituzten literatura lanak, bere horretan, oro har, ez dira testu politikoak. Itzulgai horiek aukeratu izanak, ordea, kasu askotan badu helburu politikoa. Aztertutako itzultzaileek hiru genero izan zituzten itzulgai: antzerkia, narratiba eta poesia.

Antzerkia izan zen haietako hiruk itzultzeko hautatu zuten literatur generoa, antzerkia baitzen propaganda politiko abertzalerako tresna eta generorik arrakastatsuena. 1931n, Andereño Idazleen I. Batzarraren hurrengo urtean, EABko idazle haiek berriro elkartu, eta antzezlanak itzultzearen eta sortzearen beharra izan zuten mintzagai.

Arestian aipatu dugun gisan, Agirrek ez zuen bere jarduna publikoki uztartu Azpeitiak, Mujikak eta Etxabek bezala Emakume Abertzale Batzarekin. Emakume euskaltzale sutsua, elizkoia eta abertzalea izan arren, eta «[n]ire eskoletan euskara eta herri hau maitatzen ikasarazten saiatzen nintzen» (Auzmendi, 2002: 8) zioen arren, beste bide bat hartu, eta gerizpetik bultzatu zuen garai hartako abertzaletasuna. Antzerkiak ematen zion bide Euskal Iztundean euskara, euskal kultura eta ohiturak irakasteko, baita «salaketa, itxaropen eta elkartasun mezua ekar zezaketen lanak» (Auzmendi, 2002: 16) euskarara itzultzeko ere. Hori dela eta, Agirrek hamaika antzezlan ekarri zuen euskarara, baina bada antzerkia itzulgai aukeratu zuen besterik ere: Etxabek eta Urretak antzezlan bana ekarri zuten euskarara. Mujikak ere, generoaren entzutearen berri eduki, eta itzuli ez, baina sortzeari ekin zion; izan ere, «antzerkia kultur gai egokia zela euskara erakargarri egiteko ohartu zen, herri handi nahiz txikietan lortzen ari zen arrakasta ikustean» (Dorronsoro, 2004: 18).

Aldi berean, Agirrek, Urretak eta Azpeitiak, narratibara salto egin, eta denera ipuintxo bi itzuli zituzten. Batetik, Agirrek eta Urretak elkarrekin euskaratutako Ilargian ere euskeraz (1967) ipuin biziki aipagarria dugu, merkatuan publiko zabalari zuzendutako abenturazko eta zientzia-fikziozko liburu askorik argitaratzen ez zen garaian kaleratua. Lehen gizakia ilargira iritsi baino bi urte lehenago argitaratu zen: «Liburu bitxia izan zen hura alde askotatik begiratuta» (Azurmendi, 2005: 14). Horrez gain, mintzagai ditugun itzulpenen artean, kasu horretan bakarrik kaleratu ziren urte berean jatorrizko gaztelaniazko ipuina eta euskarazko itzulpenaa. Josu Zabaletak (1989: 94) joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan dezente zabaldutako joera horren berri eman zuen Madrilen egin ziren Espainiako Estatuko Hizkuntzen Arteko Literatur Itzulpenari buruzko jardunaldietan: «Hirurogeiko hamarkadan […] euskal gaiezko gaztelaniazko literaturaren euskarazko itzulpenak ere argitaratzen dira». Bestalde, gure azterketan azaldu dugun bezala, Azpeitiak haurrentzako kontakizun labur bat ekarri zuen euskarara: «Azi onaren karrika estua».

Poesia izan zen, azkenik, Azpeitiak, Mujikak eta Urretak itzultzeko aukeratu zuten generoa. Azpeitiak haurrei zuzenduriko poema bat izan zuen itzulgai; Mujikak Debari, bere sorlekuari buruzko olerki baten zati bat; eta Urretak, Alice Duer Miller estatubatuar idazle eta emakumezkoaren boto-eskubidearen defendatzaile sutsuaren poema luze bat.

Aipatutako itzultzaileek orotara argitaratu zituzten hamar itzulpenetatik zortzi gaztelaniatik euskaratu zituzten, eta frantsesetik eta ingelesetik beste bana. Zentzuzkoa da lanen gehiengoa gaztelaniatik euskaratu izana, itzultzaile guztiak Hego Euskal Herrikoak dira eta. Horri garai hartan beste erdal hizkuntzak ikastearen ezohikotasuna gehitu behar zaio. Espainiako literatur sistemako autore esanguratsuen lanak ekarri zituzten euskarara (Machado, Zorrilla, Pío Baroja, García Lorca…), horiek irakurtzeko gaztelaniazko testuetara jo beharrean euskaldunek euren hizkuntzan irakurtzeko aukera izan zezaten.

Aztergai ditugun itzultzaile aitzindarien artean, Azpeitia eta Urreta izan ziren gaztelania ez beste hizkuntza batzuetatik euskaratu zuten bakarrak. Azpeitiak frantsesetik euskaratu zuen ipuin labur bat. Urretak, ordea, ingelesetik itzuli zuen Alice Duer Miller estatubatuarraren poema, Escuela Central de Idiomasen eta Ingalaterran egindako hainbat hilabetetako egonaldian ikasi baitzuen.

Baina, Azpeitiaz eta Urretaz gain, Agirrek ere idazle espainolez gain beste erdara batzuetako autoreen testuak ekarri zituen euskarara; Tagore bengalar idazlearen Amal (1962) eta Gazzo estatubatuarraren Txapela bete euri argitaratu gabea (1966). Halere, bi arrazoirengatik, litekeena da Agirrek gaztelania zubi-hizkuntza gisa erabilita euskaratu izana: batetik, antzezlan horien gaztelaniazko itzulpenak Agirreren euskarazkoak baino lehenago atera ziren argitara; bestetik, ikerketa lan hau egin bitartean ez dugu topatu Agirrek euskaraz eta gaztelaniaz aparte beste hizkuntzarik zekienik.

Aztergai ditugun itzulpenetatik hamar argitaratu ziren. Orduko euskal kazetetan hiru; Egan, Euskerazaintza eta Zeruko Argia aldizkarietan itzulpen bana; eta gainontzekoak, liburu formatuan. Azken horiek tokian tokiko argitaletxe txikiek argitaratu zituzten: bana Zarauzko Itxaropena argitaletxeak, herri bereko Olerti Etxeak eta Donostiako Izarra argitaletxeak, eta bina Donostiako Edili argitaletxeak eta EIZIEk. Halere, Agirrek euskaratutako hamarnaka antzezlanetatik hiru soilik atera ziren argitara paperean.

Argitaratze garaiak ere zerikusi handia du Euskal Herriko historia soziopolitikoarekin. Francoren diktadurapean, euskara esparru publiko guztietatik ezabatu, eta erregimenaren amaierako urteetara arte itxaron behar izan zuten aztergai ditugun emakume aitzindarien itzulpenak argitaratzeko. Horrez gain, itzultzaileak hil eta gero argitaratu ziren lan bi: 1989an, Azpeitiarena (1980an zendu zen), eta, 2002an, Etxaberena (1993an zendu zen).

Aipatutako guztia kontuan hartuta, ondoriozta genezake XX. mendeko 70eko hamarkadara arte itzultzen aritutako bost emakumeek ez zutela itzultzaile izatearen kontzientziarik. Andereño Idazleen I. Batzarrean hasi ziren emakume idazleak historian lehenengoz beren artean batzen eta talde lanaren beharraz jabetzen. Luzaro itxaron behar izan zen, baina, emakume itzultzaileak euren artean elkartzen hasteko.

Ikerlan honetan itzultzaile gisa kalifikatu ditugun gehienak abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren inguruan batutako idazle eta irakasleak izan dira: etxean itzultzen jardun ahal izateak emakumeei egozten zitzaien zaintza eta irakaskuntza bateratzeko aukera eman zien. Aipatutako bost emakumezko aitzindariek plazer hutsagatik eta helburu politikoak bultzatuta egin zituzten itzulpenak. Euskaratutakoagatik diru saririk jasotzeko esperantzarik gabe, abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren mesedetan, Euskal Herria euskalduntzeko saiakeran euskaratu zituzten zenbait lan: ipuin, poema eta antzerki bidez euskara hedatzea helburutzat hartuta.

Logika horren barruan, esan genezake itzultzaile izatearen kontzientziarik gabe, emakumeen arteko batasunik gabe, beren gustuen arabera eta erdi kasualitatez zenbait testu solte euskaratu zituzten bost emakume izan zirela. Azpeitiak politika jeltzaleak defendatzen zuen euskal irakaskuntzaren mesedetan egin zituen itzulpenok. Ikastoletan euskarazko material pedagogikoa falta zenez, itzulpen biak haur eta gazteentzako literaturari eskaini zizkion, garai hartako haur-literaturaren hutsunea betetzeko asmoz. Mujikak bitxikeria bat itzuli zuen, gustuko zuen poema bat. Litekeena da bere interes pertsonalen araberako hautua izatea. Agirrek, Etxabek eta Urretak, ordea, salaketarako genero nagusi zen antzerkia itzultzeko erabakia hartu zuten; horretaz gain, Agirrek eta Urretak zientzia-fikziozko ipuin bat itzuli zuten, eta azken horrek, baita poema bat ere.

BIBLIOGRAFIA

AUZMENDI, L. (2002). Maria Dolores Agirre, Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.

———. eta BIGURI, K. (arg.) (1998). Itzulpen antologia I, Donostia: EIZIE.

AZPEITIA, J. (1989). «Ontza. La lechuza» in Euskerazaintza, 6, 37-41.

AZURMENDI, N. (1997). «Vicenta Antonia Moguel. La primera escritora vasca», Emakunde, 28, 40-41.

———. (2005). Maritxu Urreta, Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.

BIDADOR, J. (1996). «Julene Azpeitia euskal maistra», Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-07.

DORRONSORO, L. (2004). Tene Mujika, Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.

ETXABE, M. (1930). Zorionaren iturria gizonak non du?, Donostia.

GURRUTXAGA, A. (2018). «Inor Ez andreak», Berria, 2018-05-27.

IBARLUZEA, M. (2018). «Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan», Senez, 49, 213-226.

LEKUONA, J. M. (1998). «Itzultzaile emerituak», Itzulpen Antologia II. Donostia: EIZIE.

ZABALETA, J. (1989). «Espainiako Estatuko hizkuntzen arteko literatur itzulpena: Euskara», Senez, 8, 83-100.

ZIPITRIA, E. (1930). «Ekin ta Jarrai», El Día, 1930-09-09.