Europako Terminologia Elkarteak 2018an Donostian egindako terminologia-gailurraren berri ematea
Maite Imaz

Europako Terminologia Elkartea (European Association for Terminology - EAFT) Europan terminologiaren arloaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko erakunde profesionalak Donostiako Kursaal aretoan gauzatu zuen bi urtean behin egiten duen terminologia-gailurra, azaroaren 22an eta 23an, UZEI Euskal Terminologia eta Lexikografia Zentroaren lankidetzari esker. Gailurraren gaia 3M4Q: Making, Managing, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality izan zen. Hitzaldiz osatutako bost saiotan banatuta egon zen, eta, hitzaldi eta hitzaldi artean, poster saioak ere egon ziren. Horrezaz gain, nazioarteko terminologia-sariak banatu ziren; EAFTko kideen urteroko Batzar Nagusia egin zen, eta baita ekitaldi kultural bat ere, atzerritarrek euskal hizkuntzaz eta kulturaz zertxobait ikas zezaten.

Terminologiak ezagutza espezializatua adierazteko balio du.

Terminologia da komunikazio espezializaturako giltzarria.

Europako Terminologia Elkarteak (European Association for Terminology - EAFT), Europan terminologiaren arloaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko erakunde profesionalak, Donostiako Kursaal aretoan gauzatu zuen bi urtean behin egiten duen terminologia-gailurra, UZEI, Euskal Terminologia eta Lexikografia Zentroak antolatuta, EAFTko kidea baita UZEI, 2018ko azaroaren 22an eta 23an.

Terminologiak, zeinahi gaitakoa izan, zeinahi testuingurutan sortu, bi funtzio betetzen ditu beti: ezagutza espezializatua adierazteko funtzioa eta ezagutza hori transmititzeko funtzioa. Adierazpen-funtzioan, hiru motatako diziplinaren zerbitzura dago terminologia: dokumentazioa, ingeniaritza linguistikoa eta linguistika konputazionala, eta espezialitateetako hizkerak, zientifiko- teknikoak bereziki. Hiru kasuetan, ezagutza adierazteko giltzarria izaten da. Transmisio-funtzioan, terminologiak batez ere komunikazio zuzenerako balio du (adituen artean, adituaren eta ikaslearen artean, eta adituaren eta publiko interesatuaren artean), komunikaziorako bitartekaritzarako (dibulgazio-kazetaritzaren, itzulpengintzaren nahiz interpretazioaren bitartez), eta hizkuntza-plangintzarako. Terminologia da espezialisten jarduerarako giltzarria, terminorik gabe ezingo bailituzkete beren ezaguerak adierazi ez jakinarazi ere. Terminologiak hizkuntzaren bitartekarientzat ere balio du, hizkuntza-aholkulariek, erredaktore teknikoek, interpreteek eta itzultzaileek garatzen dituzten jardueretarako, batetik, eta dibulgazio zientifikoko eta komunikabideetako kazetariek garatzen dituztenetarako, bestetik. Eta, azkenik, terminologia ezinbestekoa da komunikazio-mota guztietarako erabilgarriak izan nahi duten hizkuntzetarako.

EAFTk terminologiaren bidez hizkuntza-aniztasuna sustatzeko borondatea du, eta, horretarako, jarduera terminologikoa bultzatzen eta profesionalizatzen lagunduko duen plataforma bat baliatzen du. Terminologia sustatzeko bi urtean behin antolatzen dituen gailurrez gain, jardunaldiak eta mintegiak ere antolatzen ditu, terminologiaren arloan lan egiten duten organismo eta erakundeak biltzeko asmoarekin.

2018ko terminologia-gailurraren gaia terminologia-lanaren arrakasta eta kalitatea izan ziren: 3M4Q: Making, Managing, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality. Gailurra bost saiotan banatu zen:

  • Terminologia-lanaren plangintza
  • Terminologia-lanaren metodologia
  • Terminologoaren eginkizunak
  • Terminologiaren zabalkundea
  • Terminoen arrakasta neurtzeko bidean

Sarrerako ekitaldian, Jon Etxabe (UZEIko lehendakaria), Henrik Nilsson (EAFTko lehendakaria) eta Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria) izan ziren. Henrik Nilsson suediarrak hasierako hitzak euskaraz egin zituen, ondo ulertzeko moduan egin ere. Gero, ingelesez eman zuen hitzaldia, eta Vukol Beridze Georgiako terminologo ospetsuaren esaldi bat ekarri zigun gogora: No branch no subject can exist without terminology, it is simply impossible (Terminologiarik gabe, ez dago ez alorrik, ez jakintzagairik, hori ezinezkoa da eta). UZEIren 40. urteurrena dela eta, zorionak eman zizkion erakundeari, eta opari bat Imanol Urbieta zuzendariari.

Bi egunetan izan ziren hitzaldi batzuen berri eman nahi dugu lerro hauetan.

Terminologia-lanaren plangintza-saioan eskaini zizkiguten hitzaldien artean, Araceli Diaz de Lezanak emandakoa izan zen. HPSn aritzen da Diaz de Lezana eta euskal terminologiaren plangintzaz hitz egin zuen. Euskararen Aholku Batzordeak onetsitako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN, 1998), besteak beste, terminologia-lanaren plangintza egitea agindu zuen, eta, hori betetze aldera, bi ekimen garrantzitsu gauzatu ziren: batetik, 2001ean, EUSKALTERM Euskal Terminologia Banku Publikoa sortu zen, UZEIk 1987an egindako bankuaren oinarrian, eta, bestetik, 2002an, Terminologia Batzordea eratu zen, Euskararen Aholku Batzordearen barruan. Terminologia Batzordeak dituen egitekoen artean, jarduketa-plana osatzea, terminologia-lanerako irizpideak finkatzea, eta terminoak proposatzea, gomendatzea eta zabaltzea daude. Lehentasuna ahalik eta eremu gehienetako oinarrizko terminologia lantzea izan da, eguneroko bizitzan eragina baitu eta askotan hiztegi arruntetan ez baita topatzen, hala nola lan-munduari, arlo juridikoari, informazioa eta komunikazioari, eta kirolei dagokiena. Dagoeneko 58 hiztegi argitaratu ditu Terminologia Batzordeak, paperean; hiztegi horiek guztiak kontsultagai daude, baita ere, linean, PDF formatuan eta Euskaltermen.

Violina Stamtcheva Europako Parlamentuko ordezkariak (TermCoord) IATE 2 eguneratzeko egin den lana erakutsi zigun. Europar Batasuneko itzulpen-zerbitzuek IATE (InterActive Terminology for Europe) terminologia-banku berritua plazaratu dute. Terminologia-bankuak 1,2 milioi sarrera inguru eta 8 milioi termino baino gehiago dauzka, Europar Batasunean ofizialak diren 24 hizkuntzetan, eta urteko gutxi gorabehera 50 milioi kontsulta izaten ditu.

Metodologiaren saioan, Claudio Grimaldi Terminologiaren Sare Panlatinoaren (Realiter) ordezkariak Realiter sarean ia hizkuntza erromaniko guztietako glosarioak azken 25 urteetan nola garatu diren erakutsi zigun. Mojca Žagar Karer esloveniarrak, berriz, (Fran Ramovš Institute of the Slovenian Language), terminologia-lanaren bi egiteko tradizionalek —hiztegi terminologikoen garapenak eta terminologia- aholkularitzak— elkarren artean zerikusi handia dutela erakutsi zigun. Ikuspegi berritzaileago eta harrigarriagoa eskaini zigun Eduards Caunak (Commission of Terminology of the Latvian Academy of Sciences) Letoniako egoeraz, han jendeari kontsultatzen baitiote termino berriren bat sortzen dutenean.

Luis Gonzalezek (Europako Batzordeko Itzulpen Unitatea) Terminesp espainiar itzultzaileentzako eta terminologoentzako plataformaren berri eman zigun, Europar Batasuneko itzulpen-zerbitzuek plataforma horretarako egin duten ekarpena nabarmenduz.

Terminologoaren egitekoen barruan, Étienne Quillot-ek (Délégation générale à la langue française et aux langues de France - DGLFLF) frantses terminologia-lanaren ikuspegia eman zigun, batez ere neologismoen batzordearen barruan, horiei dagokienez dagokion arloko adituak baitira gidariak, eta ez terminologoak.

Terminologiaren zabalkundearen saioan, Jordi Bover-ek Katalunian katalanaren terminologia-zentroan (TERMCAT) dauzkaten atari tematiko ugariak eta komunikaziorako hainbat kanal erakutsi zizkigun.

Terminoen arrakastaren neurketari buruzko saioan, Adam Renwick-ek (Université Sorbonne Nouvelle Paris 3) terminoen arrakasta neurtzeko metodologiei buruzko ikuspegi orokor eta argia eman zigun. Iker Etxebestek (UZEI) gomendatutako terminoen ezarpena neurtu ahal izateko UZEIk garatutako tresna terminometrikoak erakutsi zizkigun: TEIS (2006), terminologiaren ezarpena informatzeko sistema, IDITE (2013) lexiko egiaztatzailea, eta 2DITE (2018) lexiko elebidunen egiaztatzailea; eta horiekin egindako saioen berri eman zigun.

Gailurraren lehenengo egunaren bukaeran, EAFTren urteroko Batzar Nagusia egin zuten kideek, eta zuzendaritza-batzorde berria aukeratu zuten. Henrik Nilssonek lehendakari izaten jarraitzen du, eta UZEIko Imanol Urbietak ere zuzendaritzan jarraitzen du.

Nazioarteko terminologia-sariak

Ohitura izaten da gailurrean nazioarteko terminologia-sariak banatzea. Anca-Marina Velicu aurtengo epaimahaiburuak hitzaldi labur bat eskaini zigun sarien izendapenetan eta filosofian egin den aldaketari buruz, eta nabarmendu zuen maila akademikoko terminologiara bideratu direla sariak. 2018ko irabazlea, doktorego-mailan, Jessica Mariani izan da, Veronako Unibertsitatekoa; oso interesgarria izan zen berak garatutako doktorego-tesiaz eskaini zuen hitzaldia (Migration in translation: The role of terminology and trans-editing in shaping the crisis in EU institutions). Migrazioari dagokion terminologiak izan duen bilakaeraz lau urtetan garatutako proiektuaren berri eman zigun, eta, horretarako, migrazioari buruzko kontuak 1990-2012 bitartean ingelesetik italierara nola itzuli izan diren azaldu zigun.

Master-mailako saria hutsik gelditu zen, baina aipamen berezia jaso zuen Paolo Michele Maria Panenak egindako lanak: The new European legislation regulating market abuse, a terminographic study in Italian, English, French and Spanish.

Poster saioak

EAFTko Zuzendaritza Batzordeak hitzaldi eta hitzaldi artean poster saioak ere sartzea erabaki zuen, parte-hartzaileek kafea hartzen zuten bitartean eta solasean ari ziren bitartean ikusi ahal izateko. Hainbat poster ikusteko aukera izan genuen, baina hemengoak baino ez ditugu aipatuko.

Euskal Herriko Unibertsitateak Terminologia Sareak Ehunduz (TSE) programaren berri ematen zuen posterra aurkeztu zuen: programa horren bitartez, unibertsitateko jarduera akademikoetan erabiltzen diren testuetatik abiatuta (ikastaroak, doktorego-tesiak, gradu amaierako lanak…), komunikazio espezializatuan erabiltzen den terminologia erreala ikusgai jarri nahi da adituentzat. Ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa ona izaten bada ere, adituen eta irakasleen arteko komunikazioa ez da hain ona izaten, eta gabezia hori konpentsatu nahi da sare horren bitartez.

Elhuyar Fundazioak TermKate hiztegi terminologikoak sortzeko eta argitaratzeko web-plataforma integralaren berri ematen zuen posterra aurkeztu zuen. Testuetatik abiatuz hiztegi terminologiko eleaniztunak sortzeko aukera ematen du, plataformak kate bakar batean integratzen baititu hiztegi terminologiko bat sortzeko egin ohi diren prozesu guztiak.

Ekitaldi kulturala

Ehun lagun inguru bildu ziren gailurrean, Europa osoko erakunde eta unibertsitatetakoak, hizkuntza gutxituetako kideak horietako asko; eta atzerritarrek aukera izan zuten gure hizkuntzaz eta kulturaz zerbait ikasteko, First steps in Basque language: a city walk in San Sebastian ekitaldi kulturalaren bitartez. Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan antolatuta, Donostian zehar ibilaldi gidatua egin zuten, lehenengo eguneko saioak bukatu zirenean, EAFTko bi hizkuntza ofizialetan, frantsesez eta ingelesez, hiru taldetan banatuta. Ibilaldian zehar, Etxepare Euskal Institutua ikusteko eta Garbiñe Iztuetaren ahotik haren jardueren berri jasotzeko aukera izan zuten.

Gailurreko bigarren eguna Euskaraldiaren lehen eguna zen, eta, Estibaliz Alkortak ekitaldiaren berri eman ondoren, lekuko izan eta argazkian ateratzeko aukera izan zuten atzerritik etorritako parte-hartzaileek.

Hurrengo gailurra Dublinen izango da, 2020an.