Jose Luis Etxeberria 'Txigua'-ren omenez
EIZIE

Heriok eraman du gure artetik Jose Luis. Hotz utzi gintuen denok udako egun bero haietan albiste latzak. Baina etsipenari aurre egin eta Jose Luisek bere bizitza osoan erakutsitako kemena geure eginez, omenaldi bat egitea pentsatu genuen haren lankide eta lagunek. Eta zer hoberik, horretarako, Jose Luisen sormen-lan polit bat argitara ematea baino?

Hona, beraz, Jose Luisek hain maite zuen Urola bailarako trenari buruz egindako idazlana, bere seme-alaba eta emaztearen adeitasunari esker gugana iritsia eta Eusko Legebiltzarreko itzultzaile-taldeak eta EIZIE elkarteak gure adiskide Jose Luisen omenetan eskaintzen duguna.

GURE TRENA

«Tren alu hori», zenbat bider esan ote zizuten!, baina zure irudia gure artetik kendu zuten arte ez ginen zuk guregan zenuen erakargarritasunaz ohartu.

Zure egitura burdinezkoa zen; beraz, hotza zinen, sentiberatasunak zuregan tokirik izateko ez zuen arrazoirik. Baina, orain, inork entzuten ez digula, biok elkarri buruz-buru ari gatzaizkiola, esaidazu: itsua, gorra, hitz batean, makina besterik ez al zinen? Ala, urteen joanean, beti bide beretik eta joan-etorri bera egitearen egitez, zure burdin-artean nabaritzen zenuen zu ibiltzen zineneko bailararenganako halako zerbait?

Egia esan zergatik ukatu? ez zinen apainduriaren eredu (horren errua ez zen zurea, zu zaintzeko ardura izan eta zure alde ezer egin ez zutenena baizik), baina eta hau ere nola ukatu? ba zenuen beste trenek ez zuten halako xarma.

Zure egitekoa ere ez zen beste mundukoa: ordu jakin batzuk ezarri zizkizuten, eta zu ordu haiek ahalik eta zintzoen betetzera mugatzen zinen. Jarri zizuten lana beti ez zitzaizula borobil ateratzen? Eta zer? Nori ateratzen zaio guztia borobil?

Bestetik, zuk ere sasoi oneko urteak izan zenituen. Bai, horixe, izan zenituela! Gogoan al dituzu Zumarragatik Zumairaino ez ezik, Donostiaraino ere joaten zineneko urteak? «Haiek, bai, urteak», ateratzen zaizu, eta hori benetan diostazula sinisten dizut.

Zureak ez zuen bapatean egin, zure azkena piskanaka etorri zen; zure izatearen arduradunek ez-arian eraman zintuzten itzulerarik gabeko muturreraino. Ez, ordea, eurek ziotenez (eta nornahik izan zitzakeen zalantzak uxatu-asmoz edo), zuri bizirik eusteko ahaleginik egin ez zutelako.

Zure azken urteetan nagusi berria ere izan zenuen. «Ez alperrik». Aizu, bateza batez, zorua sendotu eta hobetu zizuten, geltokietan, jendea erosoago zureganatzeko, eta zurekin zerikusirik zuen ingurua (aurkitzen zeneko egoeran nahikoa higuingarri bai zegoen) itxuratzeko lanetan aritu ziren. Zure jabe berriak zure etorkizunari buruzko itxaropen-txingarrari bizirik eusteko bidetik zihoazela zirudien. «Guzti hori zertarako, benetako premian zegoena ni izanik, neri ez eta 'aspirina' bat bera ere ematen ez bazidaten?»

Horra, zure azkenaren azken-aurreko pausoa zeuk adierazi. Zuk, hala ere, ezinean eta buru-makur, baina esaneko zintzo, egin zenezakeena egiteari jarraitu zintzaizkion.

Azkenean, baliozko izateari utzi zenion, gastu-sorburu besterik ez omen zinen eta, burdinezkoa, beraz, bizirik gabekoa zinen arren, eutanasia egin zizuten. Enbarazutik kendu zintuzten eta kito.

Baina zu «gure trena» zinen. Zergatik ote horren izen unkigarria traste zahar bat besterik ez zen tren bat adierazteko?

Eta hemen dator zure ia ezerezean haundi izatearen arrazoia.

Nere aurreko belaunaldikoek izango lukete zer esanik ugari zuk haien garaian betetzen zenuen hutsuneaz eta egiten zenituen zerbitzuez.

Ur haunditan murgildu gabe, zergatik ez eman begiratu bat zure eguneroko lanari?

Zein urte-garaitan jarriko gara, neguan? Urteak aurrera egiten duenez hori zuri esan beharrik bai ote?, udara ere etorriko da.

Haiek garaiak...!

A, bai? Ze esanik izango dugu, beraz.

Goizeko lehen irteera nondik egiten zenuen, Zumaitik? Zumarragatik?

Demagun Zumaian egiten zenuela gaba. Negu garaian, beti ere, Zumaia Zumarraga baino toki goxoagoa, ezta? Baina itsas-ondoko kresal-usainez gantzututako goxoaldiak goizean goiz izaten zuen bere etena. Beharko!, bestela zer egin behar zuten eguneroko ogia irabaztera auzoko herrietara joateko zu bere garaian iritsi-zain egoten ziren hainbat langilek? Haiek ere oheko epel gozotik at, goizeko preskuratan, ez ziran gogorik onenez egongo. Eta zu zure barrenak girotuta ekartzeko pozetan egoten ziren.

Zu, zeurez, egiteko esaten zizutena egitera mugatzen zinen. Beraz, berogailua pizten bazizuten, zuk zurezko aulki-azpian zenituen... aizu, zer zenituen, hain zuzen? Ni, kurioso samarra nintzen arren, ez bait naiz aulkiak osatzen zituzten oholen zirrikitu artetik gora etortzen zen bero biguin hura zerk ematen zuen ikusteko sekula makurtu nintzenik oroitzen haietatik beroa ematen zenuen, eta zuk hartzen zenituen tokitik utzi behar zenituneko geltokira iritsi bitartean, zenbatek ez ote zuten lo-kuluska goxorik egin! Eta zu ibilian zinela hori lortzea gauza samurra zenik ez didazu esango, noski.

«Txistuka doa trena», zure bide laburrean hain ugari zenituen geltokietan kerak eginez. Bakoitzean, loaren orratzak kendu ezinik zebiltzanak astebarruan, ia guztiak egunerokoak, asteartean izan ezik, egun horretan Azpeitiko azokara huts egitea oso larritzat jotzen zuten baserritarrak ere izaten ziren eta hartu, zure txistu bereziari berezia ez zenik ez didazu esango, nik ezagutzen ditudan trenetatik beste inork ez baitu, ez eta urrik eman ere, antzekorik eta astindutxoa eman, eta traka-traka, hurrengo geltokirako bidean aurrera.

Izotzak jotzen zueneko goizetan, Arrua-Errekatik barrena joatea ez zen horren zaila izango, ezta? Zoko-aldeak izotzetan zuri, Elorriaga, Andutz-mendi, Endoia eta Arrua-goiko gainak eguzkiaren lehen-printzak gozatzen hasteko zain-itxuran, eta zu, ibiltzeko indarra ematen zizun unama eten gabe igurtziz eta tarteka su-txinpartak ateraz, zeurean aurrera. Zenbat egun-senti eta zenbat eratakoak ikusi ote zenituen zure bizitzan? «Bai bikain askoak, baita zakar eta gogaikarri askoak ere». Bai, sinisten dizut. Eta egunari hasiera ikuspegi hori gozatuz eman ondoren, Osinbelztik barrenako tarteaz zer diostazu? Hori besterik zela? Bai, noski. «Ditxosozko terral zikina bera; Badaezbada, ez zen udara-garairako geratzen». Ez ezta?

Aizu, eta hori zuk, burdinezkoa zaren horrek, esaten didazu hezur, mamizkoa naizen honi! Horra, «gure trena», inork entzuten ez digula, biok elkarri buruz-buru ari gatzaizkion honetan, nik neuk behin baino gehiagotan ikusitako, eta, inori esateke, isilik neukan gauza bat esango dizut: ezagutu nuen nik garai hartan mutikoa zen bat: zu oso azkar ibiltzen ez zinenez, bere baitan zenbat aldiz egin ote zizun apustu, osinbeltzen gora nahiz behera, tunel batetik besterako tartean. Irabazi, ez dakit inoiz irabaziko zizun, baina saiatu ez izanaren erruz ez zen geratuko.

Jakin ezazu, zu terral artean gora joaten zinen ordu berean, mutiko hura, errepidean barrena, eskola-bidean izaten zela. Ez oinez, noski, bizikletaz baizik (ba ziren, bai, bi kilometro eskaseko bide hura, goizeko ordu txatxu haietan oinez egin behar izaten zutenak ere, eta ez dakit norentzat gertatuko zen biguinago edo eramangarriago). Mutiko hura, terral itsuko goiz haietan, ez zen zuri apustutan hasteko gauza izaten; hotzetan gogortuta ez geratzeko aurrera egiteak nahiko lan ematen zion: eskuak sominduta, oinak zer esanik ez, sudurra eta belarriak bereak zituenik ahaztutzeraino hoztuta... eta horrela, zuk egiten zenuen bide bera eginez, eguraldi ona nahiz txarra, giro ederra nahiz eskasa egin, egunero eskolara zegokion ordurako joango bazen.

Uda-garaia negukoaren antzerakoa izaten zenuen ala igartzen al zenion alderik urte-aldi baten eta bestearen artekoari? Zuri berdin zitzaizula? Ez dizut sinisten. Eta sinistu ez, horra zergatik ez dizudan sinisten: uda-garaian zuk izaten zenuen hainbaiteko estimazioa zuen beste ibilgailurik, Urola-bailaran, noski, ez zelako, hain zuzen.

Zenbat jenderi zabaldu izan zenizkion ateak (eta zenbat eta zenbatetan geratu behar izaten zenuen jende-pilaren ugariz, ateak isteko gauza ez zinela), Zumarragatik hasi eta Zumairainokoan, hondartzara eramateko eta arratsaldean haiek ostera bere tokietara erretiratzeko?

Makina bat joan-etorri ia hutsik, ateak danbaka zenitula ere egina zinela... Baina huts-hutsik inoiz ibili ote zinen?

Kontu izan, bestetik, zure azken urteetan zahar-saridunek zizuten estimazioa. Bestela inoiz ausartuko ez zatekeenak, zuk eskaintzen zenien etenik gabeko kulunka-artean, denbora aspertzeko astirik izan gabe pasatzeko aukera ederra izan zuten eta.

Bizikletaz zuri apustuka ibili ohi zela lehen esan dizudan mutiko hura bera ere, zenbat bider jeiki ote zen igande-goizetan goiz, zu medio, orduan urruti zegoela ematen zuen, eta gaur mendiaren beste aldean baino ez dagoen, herri batean bizi den familiko bat ikustera joateko. Mutiko hura, egia esan, ez zen beste herrira joateko pozetan jeikitzen (familiartekoari bisita egitea besterik zen), trenean ibiltzeko pozetan baizik!

Izan ere, zu zinen bitxiaz sekula ohartu al zinen? Adibideak nahi dituzula? Ez da estuasunean jarri nahi zaitudalako —okerrenera ere, horretarako beranduegi litzateke eta, baina zure portaera gogoan geratzekoa zen. Esate baterako, argiak joan eta etorri egiten zitzaizkizun. «Hori beste trenei ere gertatzen zaie». Bai, noski, baina neri besteena orain bost axola zait. Egun argitan gindoazela, argiak piztuta izaten zenitun eta igarotzen zenituen hainbat tuneletakoren batera sartzea aski zela ematen zuen argirik gabe geratzeko.

Zure etenik gabeko kulunkaz, berriz, zer esan? Amak umea lotarazteko seaskari egin ohi dionaren antzekoa, ala oso bestelakoa? Gure mutikoaren gozamena, zu ibilian zinela, tren barruan batera eta bestera ibiltzea izaten zen. «A zer lelokeria». Lelokeria bada ez bada, mutikoari inork ez zion bere gurasoek «hago hemen geldi» batez, beren ondoan eseriarazten ez bazuten behintzat gozatu-aldi hura kenduko, ez bait zen mutur batetik bestera bazterrari sarritan heldu gabe joango.

Azkenerako, kontu egin ez zizutelako, gero eta ezer gutxiagotarako zeunden, baina geratu zineneko egoerara iritsi aurretik bizitza erosoegia izan zenuela esaterik bai ote?

Jendea batera eta bestera erabiltzez gainera, sasoi hobeko izan zinen garaitan bestelako zenbat garraiagai jarri zuten zure sabelean eta zuk ttaka-ttaka eraman! Bai Zestoako Bainuetxeko ura botiletan zela, bai Zestoako harrobiko harri txintxorra zela, eta nik zer dakit zenbat eta zenbat gauza eraman zenituen agintzen zizuten tokira.

Geroko batean gizartea bera ere aldatzen joan zen, eta asko zu bazter uzten joan ziren. Nor bakoitza bere ibilgailuaren jabe egiten joan zen eta, noski, zuk eraman ohi zenituen baino bizkorrako iristen ziren joan behar zuten lekura.

Baina zure ateak nornahirentzat beti zabalik izaten ziren. Eta zenbait garaitan zuri muzin egin izan zizuten bat eta bi baino gehiago itzuli ziren atzera zure zerbitzu apalaz gozatzera.

Irtetzen zinen tokitik azkenengo geltokira artekoan zenbat geldialdi egin behar izaten zenituen? Ez, ez nekatu burua, ez du merezi eta, baina geltoki ugari bai, gero! Eta tunelak? eta zubiak?

Zure ibilbidea taiutzeko ardura izan zutenek zenbat buruauste izan ote zituzten zuretzako bidea egitea pentsatzetik, bidea burututa ikusi zuten artekoan!

Euskal Herria trenbideak pentsa ahala egiteko toki erosoa ez dela... Zuretzako bidea egin zuteneko bailara, diotsudanaren lekuko. Zu Urola bailararen zerbitzuan aritzeko ekartzea pentsatu zuten garaikoak, adorez beteak ezezik, ausartak ere ba ziren gero! Zure inguruan, zurekin elkarlanean, zenbat tren ezagutu zenituen 'berritan', baita geroxeago ere? Eta guzti haientzako bideak egiteko, bazter guztietan ez zegoen mendia eta osina besterik. Hala ere, zailtasun horrek berak halako adore berezia ematen ziela esan behar. Bestela, nola ulertu lan erraldoi guzti hura?

Zuri zegokizun ibilbidera mugatuz, zuk lan egin ahal izateko zenbat tunel zulatu eta zenbat zubi egin zituzten kontatzen inoiz jarri al zinen? Honetan garenez, gauza bat esango dizut, zuk zure garaiko eta lankide zenituen beste zenbait trenek izan ez zuten zoria izan zenuela, hots, bai zure burua, baita eransten zizuten guztia ere, eramateko, tiraka, bai, horixe, egin behar izaten zenuela, baina ez zizuten aparteko aldaparik ipini. Noski, Zumaitik Zumarragarako bidea etenik gabeko aldapa da, eta ez dago arnasa hartuz lasaitzeko tarte haundirik. Eskerrak geltoki ugari zenituen! «Bai, baina, maiz batere onerako ez. Abiada hartzen nuenerako, gelditu egin behar izaten bai nuen, berriro abiada hartzea hutsaren hurrengoa zela uste, ala»?

Bai, horretan ere arrazoi duzu. Baina jarri gaitezen orain Goierrin. Handik Zumairakoa zer? Hura, bai, 'paotxa', ezta?

Baina goazen gurera. Zumaitik Azkoitira artekoan, tira, hor nonbait ibiliko zinen. Zuzen-zuzen, kurpilei zure gida ziren azpiko burdinetan negarrik eragiteke joateko tarte laburrak zenituela? Hori esan beharrik ere ez. Baina Azkoititik Zumarragarako tarteaz zer diostazu? Zure ibilbidea taiutu zutenak ez ziren makalak gero! Trenbidea egiteko tarterik eskasena zirudiena, zuretzako tarterik samurren bilakatu zuten. Ikusi gabe sinistekoa ere ez dirudi. Mendiak ezker-eskubi, ibai oraintxe ezkerretara eta oraintxe eskubi aldera, eta zu, tunelei esker, ia okergunerik gabe aurrera.

Zure baitan gindoazela, bide-tarte horretan, zure lehiatiletako edozeinetatik burua aterata, hura izaten zen ikustekoa: hiru, lau... zer dakit nik zenbat tunelen sarrerak, ahoak eta irteerak ikusten ziren. Zu ere ez zinen oso haserre izango, ezta? Aldapan gora, tiraka joan behar izaten zenuenez, kurpilei, bederen, ahalik eta nekerik gutxien eman behintzat. Beste zenbait trenek hartuko zuketen zure tokia!

Baina ibilbidea soilik ez izaten ordea. Eguna joan eta eguna etorri, bide bera egitea azkenerako aspergarri egin al zitzaizun? Kontu izan, zure bideari behinepein onean eusten, beste egitekorik gabe, horretan aritzen zen jenderik ba zela. «Zer gutxiago!»

Horra nola izaten diren kontuak: Zu kendu zintuztenetik hona, zure ibilbidea zapuztuxea dago. Bai, zenbait zatitan eraikuntza-lanak egin dituzte; Azkoititik Zumarragarako bidean zenituen zubien errepidea hartzen zuten zatiak moztu zituzten eta, oro har, burdinezko bideak kendu zituztenetik aurrera, zu hainbat aldiz «txistu bizian» gabe, inoiz airoso eta zenbaitetan larri samar ere bai, ibili izan zineneko bidea dagoenekoz sasiak hartuta dauka.

«Gure trena», zureak egin zuen, bai, baina ez zintuzten erabat ezabatu. Zu gure artetik kendu zintuztenek (zure merezimenduegatik edo ote?) zure izanaren luzimendurako edo, tartetxo bat utzi zizuten. Hori dela eta, Azpeititik Loiolarako bidean zehar, tarteka, hautsak eta negu-garaian egiten zaizkizun amaraunak astintzera irtetzeko aukera izaten duzu.

Orain utzi dizuten bide hori egitean zer burutapen izaten dituzu? Itzuliko ez diren garaietako oroitzapenik izaten al duzu? Ala, zer egoeratan gelditzera iritsi zinen kontutan izanik, erabat ezabatu ez zaituztelako, egin duzuna pozik egiteko aski duzulakoan zaude?

Dena dela, bakarrik ez zaude, behintzat. Ez daukazu bakardade-bildurrik izan beharrik. Zu 'sasoiko' zinen garaian, zurekin batera, zurearen antzeko tratuak, baita gogorragoak hartu zituztenak ere, zurekin batera dituzu.

Ikusi nahi zaituzteten guztientzako Azpeitiko geltokia zure erakustoki bilakatu zuten. Zuek han zaudete; atsedena ondo merezia zenuten. Baina, zuk udaran egiten duzun turismo-lantxoa alde batera utzirik, zuk Urola-bailaran utzi zenuen hutsunea inork ez du beteko.

Agur eta ohore zuri, atzerritik lanerako ekarri zintuzten eta Urola-bailarakuon bihotzen jabe egiten jakin zenuen Urola, «gure trena» horri.

Jose Luis Etxeberria, «Txigua»