Homero eta gu: itzulpen bat(zu)en inguruko oharrak eta beste
Artikulu honek abiaburu gisa hartzen du Emily Wilsonen 'Odisea'ren itzulpena, zeinak auzitan jartzen baititu ingeleserako itzulpen kanonikoek errepikaturiko zenbait konbentzio sexista, eta genero-ikuspuntu berezi bat ematen baitio bere itzulpen-poetikari. Konbentzio horietako batzuei erreparatzen die artikuluak, eta, jarraian, azterketa informal bat egiten du gaur egun antzinako Greziako eta Erromako literatura-lanek euskal literaturan duten presentziari buruz. Azaltzen du nola lehen euskal itzultzaile sistematikoek, 1950eko urteen ingurukoek, ezinago garrantzitsutzat jotzen zuten kanon klasiko hori euskaratzea. Euskaratu beharreko kanon hori, baina, nabarmen aldatuz joan da, 1990eko hamarkadan barrena gaur egun arte, non egile greko-latinoak baztertuta geratu baitira. Azken gogoeta gisa, artikuluak defendatzen du bateratu egin behar direla historikoki bazterturiko zenbait subjekturen (emakume, Mendebaldeaz besteko) presentzia handitzeko eginahalak eta literatura greko-latinoaren berreskuratzea, Emily Wilsonen lana lekuko.
Introitus
Homeroz, Odiseaz eta duela 2.500 urteko testu bat ingelesera enegarrenez itzultzeaz. Itzulpen feministez (?), txakurrez, esklaboak urkatzeaz eta metafora generodunez. Apaizez, kanonaz eta Shakespeareren besaulkiaz. Zergatik horrek guztiak ez duen bost axola, edo, batek daki, agian bai[1].
Dramatis personae
Homero (idazlea) Mendebaldeko literatura-kanon hegemonikoaren harroina, sekula jaio zenik ere ziurta ezin dezakegun gizon zuria. Historiaren gandutik guri bertsotan irudikatzen dugun bardo itsua, Greziako hiri ia guztietan jaio bide zena, Iliada, Odisea eta beste hamaika poema homeriko ondu zituena.
Emily Wilson (itzultzailea) Britainia Handian jaiotako filologo klasikoa, zortzi urterekin Odisearen antzerki batean Atenea jainkosaren rola jokatua eta harrezkeroztik maitemindua mundu klasikoarekin («giltzarria izan zen nire bizitzan»). Haren jardun akademikoak izenburu zoragarriko saiakerak eta artikuluak eman dizkigu. Adibidez: «Slut- shaming Helen of Troy; if we blaim her for the Trojan war, what does it say about us?» [Helena Troiakoa putatzat jotzea: hari leporatzen badiogu Troiako gerra, zertan gara gu?][2].
Primus: Odisea itzultzeko odisea
Zaila da asmatzea nondik hasi Homeroren inguruan hizketan, are gehiago gaur egungo euskal literaturaren plazan. Hain iruditzen zaigu figura urruna, eta halako beldurra hartu diogu kanon hitzari, ezen ez baikara ohartu ere egiten nolako hutsunea dugun gure literatura itzuliaren zelaitxoan. Eta ez Homerorekin bakarrik, berdin gertatzen baita klasiko greko-latinoekin oro har: haien izenak erori egin dira gure itzulgaien zerrendetatik, gure kanon partikularretik, eta, ohartu bagara, bost axola zaigu.
Konparazio esanguratsu bezain bidegabe batean laketze aldera, gatozen ingeles ahalguztidunarenera. Odiseak bakarrik hirurogei bat itzulpen ditu ingelesez: horien erdiak azken ehun urteetan emanak dira, eta dozena bat inguru, azken bi hamarkadetan. Sekula ezin gatzaizkio ingelesari justuki konpara, baina deigarria behintzat bada grafikoak hain kontrajarriak izatea; gu hutsean, eta haiek, erritmoa biziagotuz.
Eta, itzulpenen ugaritasun horrek ezinbestean izango duen arren lastoa ugari, bada urregorririk ere lastategian, hala nola Emily Wilsonek 2018an plazaratutako Odisearen itzulpena. Lehendik ere bazuen saiakerarik eta obra klasikoen itzulpenik, baina Homerorena du magnum opusa. Ez soilik Homeroren izenaren pisuagatik, baizik eta nagusiki itzultzailearen beraren lan izugarriagatik.
Hasteko, lehen hautua: Odisea bertso-lerro neurtuan ematea, jatorrizkoa dagoen bezala, eta jatorrizkoaren lerro-kopuruari eutsita. Esan beharrik ez dago nolako ahalegina eskatzen duen horrek: inoiz itzulpen batean lerrorik neurtzen saiatu den orok daki ez dela lan samurra; zer esanik ez duela 2.500 urtetik gorako testu batekin. Horrez gain, merezi du estiloa ere aipatzea: Homeroren nonahiko itzultzaile ez gutxi Erdi Aroko hizkera arkaiko batean saiatzen dira, erregistroa artifizialki puztuta testua goratze aldera. Baina Wilsonek argudiatzen du Homeroren hizkera laua dela oso, apenas mendeko perpausik gabea eta apaingarri gutxikoa (izan ere, ahozko erregistroan du jatorria). Eta halaxe eman du berak ere: testua soil eta xume, hizkera arroztu beharrean hurbilduta eta gaurkotuta, Homeroren hitzen poetikotasun berezko horren bila.
Itzulpen-lanaren eskergari erantsi behar zaio erudizioz betetako sarrera bat, ia laurogei orrikoa, azaltzen dituena ez soilik Homeroren poema eta testuingurua, ezpada baita obraren beraren giltzarri ez gutxi ere, sakon eta kritikoki aztertuta. Aparatu kritiko horren osagarri ditugu: itzultzailearen ohar benetan argigarria, ohar-sorta jori bat eta glosario xehe bat.
Eta, hala eta guztiz ere, honako titular honek bete zituen egunkariak: «Emily Wilson, Odisea ingelesera itzuli duen lehen emakumea».
Secundus: itzulpen feminista bat?
Eta agian bada garrantzitsua itzultzailearen sexuaz hitz egitea, baina ez kontu estatistiko morboso hutsez, Odisea emakume batek itzultze hutsa lorpen bat balitz bezala, baizik argi adierazteko nola Odisea ingeleseratu duen lehen emakumeak hankaz gora jarri dituen aurreko itzultzaile gizonezko guztiek lerro-lerro errepikaturiko konbentzio matxistak.
Ez dakit noraino den zilegi itzulpen bat feminista dela esatea, niri behintzat ez baitagokit halako kalifikatzailerik banatzen hastea, are gehiago itzultzaileak berak hitz hori aipatu ez duenean. Baina ezin ukatuzkoa da Wilsonek beren-beregi hartu duela Odisearen itzulpenen tradiziozko matxismoa kimatzeko lana. Juzga bitza irakurleak itzultzailearen hitzak (89. or.):
Saiatu naiz ez ekartzen gaur egungo sexismorik antzinako poema honetara, eta, aitzitik, argi azaleratzen testuan bertan existitzen diren sexismo- eta patriarkatu-forma bereziak, zeinak erdizka baino ez baititugu ezagutzen gure mundutik.
Xedea ez da, hortaz, jatorrizko misoginia bazterrezin eta antzinakoa estaltzea edo zuritzea, baizik eta kontrakoa, argi eta garbi bistaratzea, eta ez eranstea gaur egungo sexismorik. Errepara diezaiegun pare bat adibide argigarriri.
Odisearen laugarren kantuan, Telemako, Odiseoren semea, Espartara iristen da, eta bertan ostatu hartzen du Menelao erregearen eta haren emazte Helenaren etxean. Gogora dezagun: Paris printze troiarrak Menelaori emaztea bahitu ziola-eta hasi zuten Troiako gerra; barka horrela formulatzea. Bada, gerra haren ondorenean gaude Telemako Espartara iristen den honetan. Hain zuzen, anfitrioiak gonbidatuekin afaltzera doazela, Helenak Troiako gerra aipatzen du, eta bere buruari erreferentzia egiten κυνώπις (kunopis) adjektiboa erabilita; literalki, «txakur-aurpegia» esaten dio bere buruari. Konplexu samarra da txakurrarekiko lotura irudizko hori, baina Wilsonen aurreko ingeleseko itzultzaileak testua baino askoz urrutiago doaz; lasai asko, gainera: Robert Faglesek shameless whore [puta lotsagabea] gisa itzultzen du; Richard Lattimorek eta Walter Shewringek, shameless me [lotsagabea ni]; Martin Hammondek whore [puta] baino ez du ematen, eta Anthony Verityk, berriz, shameless bitch [puta lotsagabea], baina bitch hitz berezi horrekin, zeinak ingeles berezkoan «zakur-emea» esan nahi baitu.
Emakumeen eta txakurren arteko lotura hori behin baino gehiagotan agertzen da Odisean, baina konplexuagoa da hitzak gaur egun iradokitzen dituen konnotazioak baino, besteak beste gizon batzuk ere konparatzen baitira txakurrekin; hainbat modutara, gainera. Txakurrekiko konparazio horrek gehiago du zerikusia gizarte-arauen hausturarekin eta bulkada eutsiezinekin; emakumeez mintzo, zama misogino argia dauka, baina inola ere ez gaur egun puta lotsagabea idatzita iradokitzen dugun berbera. Kontuan hartzekoa da, gainera, mintzaldi horretan Helena bera ari dela bere buruaz. Hona hemen Wilsonen itzulpena:
They made my face the cause that hounded them.
Troiara gerrara joan zirenez ari da Helena, esanez bere aurpegia hartu zutela gizonek gerrara bultzatu edo zakurtu (to hound) zituen arrazoi gisa. Oso itzulpen eztabaidagarria da, eta aski kritikatua izan da, testuak indarra galtzen baitu, tonu neutroago baterantz lerratuta. Baina arazoa ez da hori, ezta Homeroren beraren misoginia ere, ezpada Wilsonen aurreko itzultzaile askok misoginia garaikidea eransteko joerari men egin diotela batere lotsarik gabe. Are gehiago, nabarmentzekoa da joera horrek hiztegietarainoko bidea ere egin duela, eta, tradizioan Odisearen pasarte hori duen arren adibide bakarra, ingelesezko hiztegi prestigiotsu askok eransten dioela «lotsagabea» adiera κυνώπις hitzari. Konbentzio misogino horien indarra erakusten du horrek, bai eta Wilsonen erronka ere.
Badugu beste hitz arantzatsu bat ere: δμωαί (dmoai); literalki, «etxeko neska-esklaboa». Wilsonek hainbat modutara itzuli du obra osoan, testuinguruaren arabera hautatuz esklabo edo neska-esklabo edo neska bakarrik. Odiseako protagonista nagusiak nobleak izanik, klase-auziak garrantzi berezia dauka; zenbait itzultzailek neskame eta antzekoak erabili izan dituzte, baina esklabo-motaren zehaztasun horrek sarritan ezkutatu egiten du esklabotzaren beraren egitatea, Wilsonek ezinbestean eta berariaz gogorarazten diguna. Izan ere, esklabotzak berekin dakar jabetza, nagusiarekiko mendekotasun erabatekoa. Hori gogoan hartu beharrekoa da ondorengo pasartea ulertzeko.
Odisearen akabera aldera, Odiseok, etxera iristen denean, akabatu egiten ditu Peneloperekin ezkondu nahi zuten gizonak. Horren ostean, gizon haiekin sexu-harremanak izan dituzten[3] etxeko neska-esklaboak ezpataz hiltzeko agintzen dio Telemako semeari. Telemakok, aldiz, urkatu egiten ditu, ez baitie heriotza «garbi»rik eman nahi «neska» (δμωαί) horiei. Bada, Wilsonen aurreko itzultzaile gehienek puta ematen dute δμωαί hitzaren ordain gisa. Irakurleak ederki sinetsiko luke Telemakok puta esaten diela, ez baitago lekuz kanpo haren mintzaldian eta ekintza osoaren testuinguru misoginoan. Puta itzultzeak iradokitzen digu beren portaeragatik direla zigortuak, izandako sexu-harremanengatik. Baina testuak ez du puta esaten, δμωαί baizik, eta orain arteko itzultzaileek aski era misoginoan behartu dute hitza ekintzaren testuinguru orobat misoginora. Wilsonek neskak esaten die, eta aski da horrekin.
Merezi du arin batean erreparatzea Odisearen euskarazko itzulpenari, badaukagu eta. Aita Santi Onaindiak egin zuen, Luis Segalá espainierazko itzultzailearen bertsioari orpoz orpo segituta, bai behintzat goian aipatu ditugun bi adibideei dagokienez: Helenak [n]euk, txakur-begidun honek esaten du euskaraz ([f]uisteis por mí, ojos de perra, gaztelaniaz), eta Telemakok hildako neskak mirabeak dira, gaztelaniaz esclavas diren bezala.
Beharbada inor harrituko da ikusita zenbat itzulpen desberdin ametitzen dituen Odiseak. Wilsonek argi du bere testua jatorrizkoaren erabat bestelakoa dela eta ezinezkoa dela itzulpen batek leiho garden batek bezala erakustea irakurleari zer dagoen bestaldean, are gehiago duela 2.500 urtetik gora idatzitako eta bertsotan itzulitako testu batekin. Askoz hobeto azaltzen du Wilsonek berak bere Odiseako itzultzailearen oharrean (86. or.):
Itzulpen fidelaren —non itzulpena bigarren mailakoa den gizonezko egilea duen originalaren aldean— metafora generodunak indar berezia hartzen du emakume batek Odisea itzuli duen honetan, poema sakon baitago ainguratua emakumeen mendekotasunean eta gizonen dominazioan.
Itzulpenaren teoria ezinago argi, are argiago genero-ikuspegiaren leihotik.
Tertius: greko-latinoak euskaraz
Gaur egun, klasiko greko-latinoak nahiko aparte daude gure literatura-sistematik, baina ez da beti hala izan; izan ere, Nor da Nor datu-basean edo Armiarmako Euskarari Ekarriak atalean begiratu bat ematea aski da ohartzeko euskaraz baditugula Homero, Eskilo, Sofokles, Euripides, Esopo, bai eta Zizeron, Horazio, Virgilio eta Ovidio ere. Guztiak 1950eko hamarkadaren inguruan ekarriak, gerraosteko erbestean sorturiko Euzko Gogoa aldizkariaren abaroko gune kulturalean: Bingen Ametzaga, Jokin Zaitegi, Santi Onaindia, Andima Ibiñagabeitia, Bedita Larrakoetxea… Gehienak apaizak. Ezin esan garai hartan gaur egungoaren tankerako literatura-sistemarik genuenik, baina apaiz horiek ditugu gure lehen itzultzaile sistematikoak; hots, nolabaiteko taldetasun batez literatura-corpus jakin bat euskaratzea asmo zuten eta horretan sistematikoki aritu ziren lehenak. Ez ziren klasiko greko- latinoekin bakarrik aritzen, garai hartan euskaratuen artean baitaude, halaber, Poe, Whitman, Dante, Heine, Shakespeare eta beste gizon ugari. Halarik ere, klasiko greko-latinoek bazuten beren toki nabarmena, prestigiozko literatura ekartzea baitzen belaunaldi horren helburua, hain zuzen ere euskarak falta zuen hizkera literarioarekin aberaste eta osatze aldera hizkuntza.
Alabaina, hizkuntza-ereduari dagokionez, Resurrección María Azkueren joera «garbizale arkaizante»aren jarraitzaileak ziren, Xabier Mendiguren Bereziartuk Euskal itzulpenaren historia laburra liburuan dioen bezala. Gaur egundik begiratuta, testuok artifizialki jasoak eta arrotzak dira, eta muturreraino garbizaleak, Azkueren gipuzkera osotuan edo bizkaieraren batean emanak. Ez da harritzekoa, hortaz, itzulpenok ahaztuta egotea euskara batuaren mirari arrakastatsuaren bestaldetik, baliotsuagoak baitira bitxikeria filologiko gisa literatura-itzulpen gisa baino.
Baina hizkuntza-ereduak bakarrik ez du esplikatzen belaunaldi hark urraturiko bideen bazterketa. Gure literatura-sistema apurka-apurka eratuz joan ahala, orobat joan da aldatuz itzulgaien kanona ere azken berrogei urteotan. Ariketa polita da (eta batere ez zorrotza) konparatzea Onaindiaren belaunaldiko kanona, EIZIEren Literatura Unibertsala bildumako lehen 50 aleak (1990eko hamarkada) eta gaur egun, XXI. mendearen bigarren hamarkadaren atarian, Pasazaite, Meettok edo Igela argitaletxeek urtebetean ekartzen dituzten liburuak.
Grafikoak marrazki interesgarriak osatzen dizkigu: emakume idazleen lerroak, esate baterako, gora egin du etengabe, nahi baino gutxiago beti, baina ezin ukatzeko moduan; egile greko-latinoenak, hutseraino behera. Ohartzeko modukoa da, gainera, Literatura Unibertsaleko lehen 50 egileek (1990eko hamarkada) antz handiagoa dutela Onaindiak eta konpainiak ekarri zituztenekin gaur egungoekin baino: bildumaren hastapenetan kaleratutako lehen 50 egileen artean (Jonathan Swift, Anton Txekhov, Mark Twain, Joseph Conrad, William Shakespeare, Lev Tolstoi, James Joyce) emakumezko idazle bakarra dago (Virginia Woolf), eta, hurrengo 50etan, kopuru hori hamarrera ere ez da iristen.
Baina ordurako ia desagertuak ziren idazle greko-latinoak: bakarra dago Literatura Unibertsalaren zerrenda osoan, hau da, Apuleioren Urrezko astoa. Eta hori da euskara batuan dugun greko-latino bakanetakoa: bestela, badugu EHUren saiakera apal bat, Virgilioren Bukolikak eta Georgikak eta Salustioren Jugurtaren aurkako gerra eman zizkiguna, baina kito. Denak latindarrak, gainera.
Alferrikako datuen erauntsi horren ondorio nagusia: literatura euskaratuaren kanona errotik aldatu da azken 50 urteetan, eta, zenbait subjektu estrukturalki bazterturekiko zorrak pixkanaka berdintzen hasi ahala, lehen erdi-erdian zeuden hainbat autore (greko-latinoak, kasurako, Shakespeare eta Joyce goxo baitaude oraindik) ertzaren ertzetik ere egotzi ditugu. Zeren, euskaraz, noraino da kanonikoa inor gutxik ezagutzen duen Virgilioren bukoliken edizio bat?
Inondik ere ez dut iradoki nahi emakumeek edo Mendebaldeaz besteko egileek lekua kendu dietenik, aise argudia baitaiteke merezi lukeela hala balitz ere. Hain zuzen, aurkakoa defendatu nahi dut: erraz irudi lezakeenaren kontrara, ez ditugula egile greko-latinoak sakrifikatu behar kanon maltzurra berrikusteko. Galde, bestela, Emily Wilsoni.
Quartus: zergatik ez duen bost axola (edo agian bai)
Literatura unibertsala euskaratzeko dugun gaitasunak baditu hainbat hutsune, eta gehien-gehienek irakurle-falta dute oinarri: ez dugu nahikoa giharrik nazioarteko bestsellerren zirkulazioan garaiz parte hartzeko, eta haien irakurle euskaldun batezbestekoak erdaretara jo behar du halakoetarako. Liburu bat euskaratzea hain da apustu delikatua, non zaila baita arriskatzea testuen, egileen eta abarren hautaketan. Hedoi Etxartek Senezen 49. zenbakian bertan seinalatua duen bezala, eskuarki egile baten obra bakarra ekartzen dugu, eta, ondorioz, euskal irakurleak liburu bakarra leitu diezaioke euskaraz; adibidez, Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina. Euskal irakurlea egilearekin zaletuz gero, jai du, eta erdararen batera jo beharko du autore hori sakonago irakurtzeko.
Erdal literaturak euskaratzen eta euskaraz irakurtzen aritzen garenoi komeni zaigu hutsune edo gabezia horien berri izatea, eta, mundu perfektu batean, haiei kontra egitea koiunturak modua ematen duenean (edo ematen badu). Bada, ez nago ziur noraino jabetzen garen zer-nolako hutsunea daukagun egile greko-latinoekin eta zer-nolako ondare fundazional aberatsa ari garen sistematikoki euskaratik kanpo uzten.
Ez nuke asmatuko taxuz azaltzen zergatik merezi duen autore greko-latinoen literaturarekin hainbeste tematzea, eta ez, adibidez, Ekialde Urruneko haikuekin edo arabiar poesiarekin. Hau guztia gogoeta apetatsu bat izango zen seguru asko, eta ez serioegi hartu, arren.
Oharrak
1. Artikulu hau Hitzen Uberan atarian argitaratu zen 2019ko azaroaren 29an.
2. Artikulua 2014ko apirilaren 27an kaleratu zen, AEBko The New Republic aldizkarian. Sarean eskuragarri dago.
3. Odisean ez da argi esaten noraino izan zituzten sexu-harremanak edo, kontrara, gizonek bortxatu ote zituzten. Badirudi lehen aukerak indar gehiago duela, baina ez dago erabat ziurtatzerik, gizonei bortxaketa ere egozten baitie Odiseok.