'Momo' edo gazte literaturako liburu bat itzuli zuen mutilaren istorio harrigarria
Mikel Babiano López de Sabando

Ezaguna da Michael Ende, eta denok entzun dugu inoiz zer edo zer 'Istorio amaigabea' edo 'Momo' liburuen inguruan. Artikulu honetan, idazle alemanaren unibertso literarioan murgilduko gara, eta hark euskaraz duen presentziari erreparatuko diogu; horretarako, egileak duela gutxi alemanetik euskaraturiko 'Momo' (Santillana-Zubia, 2019) izango dugu hizpide.

Sarrera

Amélie Nothomb idazleari kasu egitera, liburu bat irakurtzen duenak harreman estua garatzen du testuarekin. Liburua itzultzen duenak, are estuagoa; izan ere, irakurleak poliki-poliki egin dezake aurrera, dortokek bezala, edo orri batetik bestera saltoka, kanguruen gisan, edo zeharka, karramarroek legez. Beraren esku dago testu hori nola irakurriko duen erabakitzea, zer orritan ekingo dion eta noiz abandonatuko duen. Itzultzaileak, ordea, hitzez hitz irakurri beste erremediorik ez du, esaldiz esaldi, paragrafoz paragrafo, eta, irakurri bakarrik ez, irakurritako hitz bakoitzari arretaz erreparatu behar dio, hitz eta esaldi bakoitzak dituen ñabardurei eta haien ordaina topatzeko eskura dituen askotariko baliabideei, ezinbestean.

Beste modu batera esateko, testua jantzi baten antzekoa da, eta itzultzaileari dagokio jantzi hori egiteko beharko dituen koloretako hariak biltzea, horiek elkarri lotu eta pazientzia handiz jostea. Baliteke urrunetik ez ikustea, baina, gerturatuz gero, junturak, korapiloak eta jostorratzen arrastoak antzemango dizkio irakurle arretatsuak jantziari. Horien guztien berri ematea da, hain zuzen ere, artikulu honen helburua.

Iaz euskaratu nuen Michael Enderen Momo gazte literaturako eleberria, 2019an. Horretarako, 16. ediziotik abiatu nintzen (Thienemann Verlag argitaletxeak kaleratua 2017an). Iraitz Urkulok (Irurk itzulpenak) eta Josu Goikoetxeak egin zituzten zuzentzaile-lanak, eta Zubia-Santillana argitaletxeak argitaratu zuen euskarazko bertsioa, Begiko zigiluaren barruan. Gauzak horrela, liburuaren eta itzulpen-prozesuaren nondik norakoak deskribatuko ditut lerro hauetan. Ez da nire asmoa artikulu akademiko bat idaztea, ez eta haur eta gazte literaturako euskarazko itzulpenen inguruan teorizatzea ere, esperientzia pertsonaletik abiatuta bizitakoak jasotzea baizik.

Hasteko, Michael Ende idazleari eta Momo liburuari nahiz haren euskarazko itzulpenei buruz mintzatuko naiz. Ondoren, testua itzuli ahala izan nituen buruhauste eta erronka linguistiko nagusiei helduko diet. Jarraian, zuzenketa-fasearen garrantziaz arituko naiz, eta, bukatzeko, ondorio nagusiak plazaratuko ditut.

Aurrera jarraitu baino lehen, nire eskerrik beroenak eman nahi nizkieke Senez aldizkariko arduradunei, itzulpen esperientziaren inguruan idazteko aukera eskaintzeagatik.

Itzulpenaren lehen urratsa: informazioa biltzea

Gauza jakina da itzultzea erabakiak hartzea dela. Nolanahi ere, erabakiak ez dira ordenagailuko pantailaren aurrean hitz bat edo bestea aukeratzera mugatzen, itzultzea askoz kontu zabalagoa baita; hala, hizkiak eta hitzak elkarrekin josten hasi aurretik, funtsezkoa da, nire ustez, baldintza egokiak bermatzen direla ziurtatzea (baliabide tekniko eta bibliografikoak, denbora, hizkuntza maila, tarifak…), baita egilearen eta itzulgaiaren inguruko informazioa biltzea ere.

Baldintza horiek betetzen zirelakoan, itzulpen-enkargua onartu eta aurrera jarraitu nuen. Orduan, zera galdetu nion neure buruari: nora joko dut Michael Enderen eta hark idatzitako lanen inguruko informazioa topatzeko? Ba al da Momoren euskarazko itzulpen zaharragorik? Zer jakin behar nuke idazlearen idazmoldeari buruz? Oso gustuko nuen —dut— Michael Ende, eta irakurriak nituen hark idatzitako lan gehienak, alemanez edo/eta gaztelaniaz batik bat. Are gehiago, Momo izan zen alemanez irakurri nuen lehen liburuetako bat, eta estimu berezia diot. Lan jakin bati lotzen gaituzten emozio zehatzak ez dira sekula nahikoa izango hura beste hizkuntza batean emateko, baina itzulpen-lanari ekiteko interesa eta motibazioa hauspotzen dituzte, ezbairik gabe.

Gauzak horrela, liburutegi fisiko nahiz digitalera jotzea erabaki nuen, eta Michael Enderen unibertso zirraragarrian murgildu nintzen. Hona hemen ispiluen labirinto hori ulertu ahal izateko mapa txiki bat.

Michael Ende: biografia laburra

Michael Andreas Helmuth Ende Alemaniako Garmisch-Partenkirchen hirian jaio zen, 1929ko azaroaren 12an. Haurtzarotik, artista giroa ezagutu zuen, haren aita, Edgar Ende (1901-1965), margolari surrealista baitzen. Ama, Luise Bartholomä (1892-1973), berriz, fisioterapeuta zen. Michael txikia Municheko Pasing eta Schwabing auzo bohemioetan bizi izan zen, gurasoekin. Egun batetik bestera, ordea, gerra ate-joka iritsi, eta krimenak, lagunen deportazioak eta bonbardaketak bizitzea egokitu zitzaion, bai eta naziek aitaren estudioa nola suntsitzen zuten ikustea eta hura kartzelan bisitatzea ere. Gerrako azken asteetan, Alemaniako gudarostean borrokatzeko agindu zion Gobernuak, baina Endek agindua ukatu zuen, eta nazismoaren kontrako «Freiheitsaktion Bayern» erresistentziako mugimenduan aritu zen. Beste hitz batzuekin esateko, oso txikitatik ezagutu zituen diktadura eta injustizia. Haien inguruko kontzientzia goiztiar horrek eragin handia izan zuen, belaunaldi bereko beste idazle batzuen kasuan bezala, haren pentsamoldean eta idatzi zituen lan gehienetan.

1947 eta 1950 urteen artean, Interpretazioa ikasi zuen, Municheko Otto Falckenberg eskolan, antzerkigilea izan nahi zuen-eta; gauzak horrela, 1950eko hamarkadan hasi zen idazten, espresionismoaren eta dadaismoaren eskutik hasi ere. Lehen fasean, zinema kritikak, kabareteko gidoiak eta fantasiazko ipuinak idatzi zituen. Haatik, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortu zituen bere lan saritu eta itzulienak: Jim Knopf und Lukas der Lokomotivführer[1] [Jim Botoi eta Lukas tren gidaria] (1960), Momo (1973) eta Die unendliche Geschichte (Istorio amaigabea) (1979). 1970eko hamarkadan, bolada luzez bizi izan zen Erroma inguruan, Ingeborg Hoffmann lehen emaztearekin. Idazten jarraitu zuen, eta 1980ko hamarkadan heldu ziren Der Spiegel im Spiegel: Ein Labyrinth [Ispiluko ispilua: labirintoa] (1983), Der Goggolori [Goggoloria] (1984) eta Der satanarchäolügenialkohöllische Wunschpunsch [Desioen deabruzko pontxea] (1989), besteak beste. 1985ean, haren emaztea hil egin zen, eta, orduan, Endek Italiatik Munichera itzultzea eta Mariko Sato-rekin ezkontzea erabaki zuen; bere lanak japonierara itzuli zizkion emakumearekin, hain zuzen ere. Michael Ende 1995ko abuztuaren 28an hil zen, Filderstadt-en (Alemania), 65 urte zituela, urdaileko minbiziaren ondorioz.

Michael Enderen unibertso literarioa eta estiloa

Orri asko behar genuke Michael Enderen unibertso literarioa xehetasunez aztertzeko. Hori dela eta, idazlearen haur eta gazte literaturako lanetan ohikoak diren ezaugarri batzuen berri ematera mugatuko naiz hemen.

Munduko irakurle gehienek fantasiarekin lotu ohi dute egile alemana. Nolanahi ere, aitaren margolanetan txikia zenetik hauteman zuen fantasia hori oso lotuta dago errealitatearekin. Are gehiago, ohikoa da Enderen lanetan fantasia eta errealitatea nahastea, askotan bata bestearengandik bereizi ezin izateraino. Horrela, Endek literaturaren historian ohikoa den topos bati heldu zion, Cervantesek edo Flaubertek, esate baterako, On Kixote edo Emma Bovary pertsonaien bidez aspalditik erakutsi ziguten bezala. Horren adibiderik onena (edo ezagunena, bederen) Istorio amaigabea da, non protagonistak mundu errealaren eta fikziozkoaren arteko bidaia metaliterarioa egin behar baitu. Hala, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak oso lausoak direla erakutsi zuen Endek, eta literatura bien arteko zubia izan daitekeela, edo kontzeptu isolatu bien mugak eta gabeziak gainditzeko gai dela. Ikuspegi horretatik aztertuta, literaturak eta arteak, oro har, errealitatearen alde ezkutua —fantasiaren bidez adierazten dena— bistaratzeko balio dezake, eta, neurri handi batean, fantasiaren pisuagatik da errealitatea errealagoa, Erromantizismoak edo Surrealismoak aldarrikatu zuten bezala.

Beste alde batetik, oso ohikoa da Enderen literatur lanetan ongiarekin eta gaizkiarekin lotutako kontzeptuak topatzea. Errealitatearen eta fantasiaren kasuan ez bezala, bi horien arteko muga oso zehatza da, eta lotuta dago giza eskubideen aldeko konpromiso sozial eta politikoarekin: ezberdina denarenganako errespetua, pobreziaren eta desoreken kontrako borroka, adierazpen askatasunaren aldarrikapena… Protagonista «ona» ulertu ezin duen «gaizki»az jabetzen da (askok nazionalsozialismoaren karga igarri dute horretan), eta ondorioztatzen du haren kontra borroka egin beste erremediorik ez duela. Horretarako, abentura ugari bizi eta arrisku izugarriei aurre egin beharko die, idatzizko literaturaren hastapenetan ere Sumeriako Gilgamesh erregeak nahiz Homeroren heroiek erakutsi ziguten modu berean. Bide horretan, ezinbestekoa izango da ausardiaren eta zuhurtziaren arteko orekari eustea eta adiskideak aldean izatea.

Enderen pertsonaiek ezin hobeto islatzen dute jarrera konprometitu eta abenturazalea. Antiheroiak izan ohi dira, bazterrekoak, txiroak eta apalak, sisteman egokitu nahi edo ezin dutenak… Dickensen Oliver Twist, Twainen Tom Sawyer edo Baumen Dorothy Gale pertsonaia ezagunak gogora ekarri besterik ez dugu hemen. Normalean, umeak dira Enderen lanetako protagonistak, baina haien ondoan maiz topatuko ditugu animaliak ere. Gizaki nahiz animalia, denak ere bizi estilo eta filosofia metafisiko-existentzialista jakinen erakusgarri dira, Swiften Gulliverren bidaiak edo Carrollen Alizia herrialde miresgarrian ezagunen kasuan bezala. Enderen istorioetako lekuen artean arruntak dira aparteko toki edo ez-lekuak eta fantasiazko unibertso paraleloak; horiek guztiek Piranesi, de Chirico, Dali eta Edgar Ende aita margolariaren irudietako paisaiak gogorarazten dizkigute, beste askoren artean.

Idazle alemanak iturri askotatik edaten du, eta elementu batzuk nahiz besteak darabiltza bizitzea egokitu zitzaion errealitatea deskribatu eta, neurri handi batean, kritikatzeko: ingurumenaren suntsiketa, materialismoa, globalizazioak eta industrializazioak eragindako alienazioa, ekonomia gizakien aurretik lehenestea, eta abar. Hain modu zehatzean jaso zituen halakoak, pentsa baikenezake liburuok atzo idatzi zituela, eta ez duela berrogeita hamar urte. Horren karietara, Enderen nobelak —Momo, bereziki— HGLko zientzia-fikziozko generoaren aitzindaritzat dituzte askok eta askok.

Testuaren egiturari dagokionez, Enderen liburuak helduek irakurtzeko modukoak dira, baina haur eta gaztetxoei zuzenduta daude batik bat. Beraz, egitura nahiko lineala izan ohi dute, eta liburuek hasiera, bilakaera eta amaiera definituak izaten dituzte. Deskribapenak, akzioak eta elkarrizketak tartekatzen dira, eta horrek bizitasuna eta suspensea gehitzen dizkio kontakizunari. Bukatzeko, Enderen idazmoldea ez da bereziki «konplexua»: perpaus luzeegiak saihesten ditu, baita filosofiaren eta gizartearen inguruko teorizazio saioak ere; azken finean, pertsonaiek egiten eta esaten dituztenak baliatzen ditu interesatzen zaizkion mezuak transmititzeko. Gainera, poesiara jotzeko joera handia du, eta metaforak, konparazioak eta beste estilo-baliabide batzuk oso arruntak dira haren lanetan.

Momo

Momo eleberria 1973an argitaratu zuen Michael Endek, Thienemann Verlag argitaletxean, Erroma inguruko Genzano di Roma herrian bizi zela. 1974an, Gazte Literaturako Alemaniako Saria (deutscher Jugendbuchpreis) jaso zuen liburuak eta, harrezkero, bere liburu saldu eta itzulienetarikoa izan da, Istorio amaigabearen atzetik. Alemanezko bertsioan ageri denez, guztira 41 hizkuntzatara itzuli da[2], eta antzezpen eta film ugari egin dira testuan oinarrituta (Johannes Schaaf, 1986; Enzo d’Aló, 2001). Deigarria da Enzo d’Alók italieraz egindako filma 2001ean plazaratu eta urtebetera euskaraz estreinatu izana[3].

Momo izenez ezagutu arren, liburuaren egiazko izenburua askoz luzeagoa da: Momo oder die seltsame Geschichte von den Zeit-Dieben und von dem Kind, das den Menschen die gestohlene Zeit zurückbrachte [Momo edo denbora-lapurren eta lapurtutako denbora gizakiei itzuli zien umearen kontakizun harrigarria]. Izenburu horrek argi uzten digun bezala, Momo neskatoa da liburuko protagonista. Etengabe agertuko da eleberriko hiru ataletan, eta hona hemen haien laburpena:

Lehenengo atalean, Momoren eguneroko bizimodua azalduko digu Michael Endek. Momo neska txiki bat da; ez du gurasorik, eta anfiteatro zahar baten aurrietan bizi da, bere kasa, hiri handi baten kanpoaldean. Bizilagunek —tabernariak, igeltseroak, saltzaileak, ile- apaintzaileak…— asko maite dute, eta lagun asko ditu. Bi dira, ordea, haren adiskide minak: Beppo eta Gigi. Beppo kale-garbitzailea da. Gigik, berriz, turistentzako gidari lanak egiten ditu eta ipuinak kontatzea gustatzen zaio; turista-taldearen arabera egokitu edo/eta asmatzen ditu anfiteatroaren historiari buruzkoak. Momok lagunekin jolastea atsegin du, eta, gainera, badauka dohain berezi bat: isil-isilik aditzea. Horrela, bizilagun eta lagunen arazoak konpontzea lortzen du.

Bigarren atalean, errealitate idiliko hori hankaz gora jarriko duten pertsonaiak ezagutuko ditugu: jaun grisak. Izaki dotore bezain beldurgarriak dira, traje grisa, kapela grisa eta puru grisa beti aldean dituztenak. Hiriko biztanleekin elkartuko dira, Denboraren Aurrezki Kutxatik datozela esan eta bizimodu moderno eta erosoagoa eskaintzeko. Horren truke, biztanleek lan handiagoa egin beharko dute, nekatu egingo dira, eta, bien bitartean, jaun grisek denbora lapurtuko diete. Arian-arian, Momok lagun gehienak galduko ditu, denak lanean ari direlako eta berarekin egoteko denborarik ez dutelako. Jaun grisek ez dute, ordea, Momo kikiltzea lortuko. Egoeraren jakitun, berak eta hiriko umeek jaun grisen aurkako manifestazio izugarria antolatuko dute, baina helduek ez diete jaramonik egingo. Kasiopea dortokari esker, Momok Hora maisua ezagutuko du orduan, eta hark denboraren sekretua kontatuko dio, jaun grisek gizakiei denbora preziatua zergatik lapurtu nahi dieten esanaz batera.

Hirugarren atalean, Momok jaun grisen kontra borroka egin beharko du. Bakarrik dago, Beppo eta Gigi ere haien atzaparretan erori baitira, materialismoak, alienazioak eta beldurrak hartaratuta. Neskatoak jaun grisen lurrazpiko Aurrezki Kutxara joan beharko du, haiek gizakiei lapurtu zieten denbora topatu eta «askatzeko». Horrela berreskuratuko dute hiritarrek, liburuaren izenburu luzeak hasiera-hasieratik argi uzten digun bezala, lapurtutako denbora.

Ikus dezakegun bezala, istorioa bat dator aurreko atalean aipatzen genituen elementuekin: errealitatearen eta fantasiaren arteko harreman estua, (gurea izan daitekeen eta Orwell zein Huxley gogorarazten dizkigun) mundu distopikoaren deskribapen zehatza, konpromiso politiko eta soziala… Bi dira, nire ustez, liburu honetako gai nagusiak: alde batetik, sistema kapitalistaren eta diruarekiko mendekotasun-harremanaren analisia. Bestetik, denboraren kudeaketa eta gaurko (1970eko hamarkadako!) bizi-estiloaren kritika. Materialismoaren, denbora-faltaren eta estresaren aurretik, elkarri aditzea eta adiskidetasuna bezalako balioak lehenesten ditu Endek, umeek salbatuko duten mundu batean. Zertarako bizi gara? Zergatik lan egiten dugu? Zer da gure denbora? Zer hartu-eman dugu inguratzen gaituztenekin? Zer zeregin dute literaturak eta fikzioak, oro har, gure bizitzan? Horrelako galderak egiten dizkigu liburu honen bitartez. Horiei erantzun ahal izateko, pertsonaiek arriskuak eta abenturak biziko dituzte, eta aurrera egin ahala ikasiko dute, abentura nobeletan ohikoa den bezala.

Michael Endek oso presente du hartzailea. Horregatik, aurreko atalean deskribatu ditugun elementuak aplikatzen ditu hemen ere: sintaxi eta morfologia «sinpleak», esaldi ez oso luzeak, elkarrizketen bizitasuna, pasarte jakin batzuetako lekuen deskribapen eta giro zehatzak, lexiko aberatsa… Horrek guztiak antzezlanaren antza ematen dio maiz kontakizunari.

Bukatzeko, jatorrizko liburuak Michael Endek berak egindako ilustrazio ederrak ditu. Atal bakoitzaren hasieran badago orri osoko irudi bat; liburu guztian zehar, berriz, txikiagoak diren zenbait irudi. Batzuetan, irudiek hitzak dituzte (bigarren atalean, umeek manifestaziorako egiten dituzten pankarten kasuan, esate baterako), eta hori ere kontuan hartu behar izan nuen itzultzeko unean.

Michael Ende, euskaraz

Michael Enderen inguruko informazioa jaso, haren estiloari eta unibertso literarioari buruz ikasi eta Momoren inguruko informazioa bildu ondoren, eleberria irakurri nuen, alderdi linguistikoari zegokionez izan nitzakeen buruhauste nagusiak identifikatu eta aldez aurretik konpontzen saiatzeko.

Lagungarriak izango zirelakoan, liburu beraren itzulpen eta testu paraleloak bilatu nituen. Gorago aipatu bezala, 41 hizkuntzatara itzuli dute/dugu Momo eleberria, eta haien artean daude euskara, gaztelania eta frantsesa. Hau al da, ordea, Enderen liburu bat euskaratu den lehen aldia? Ezta hurrik eman ere!

Momori dagokionez, beste bi itzulpen ere badira. Lehenengoa Agustin Otsoa de Eribek egin zuen, 1988. urtean. Bigarrena, berriz, Ainhoa Basterretxeak, 1998. urtean. Lehenengoa Alfaguara-Desclée de Brouwerrek argitaratu zuen, eta bigarrena Alfaguara-Zubiak. Momoren hiru itzulpenak alderatzeak luze joko luke, eta denbora tarte eta espazio handiagoak behar genituzke horretarako. Bada, ordea, aipatu nahi nukeen gauza bat: lehen bi bertsio horiek zeharka itzuli ziren, ez zuzenean alemanetik, gaztelaniazko testutik baizik. Argitaratu berri dugun bertsioa, berriz, alemanetik egindako zuzeneko itzulpena da. Nire kasuan, hori izan zen itzulpena egiteko hasieratik jarri zidaten baldintzetako bat, seinale argitaletxeek geroz eta garrantzi handiagoa ematen diotela irizpide horri. Gainera, kontuan hartzekoa da Momo Santillana-Zubiak argitaratu duela, duela gutxi sorturiko HGLko Begiko zigiluaren barruan[4].

Badaude autore beraren euskarazko itzulpen edo egokitzapen gehiago ere; Momoren hiru itzulpenak alde batera utzita, beste sei zenbatu ditut. Euskadiko Liburutegi Sarean, honako itzulpen edo egokitzapenak daude, guztira, eskuragarri:

Momoren hiru itzulpen (lehenengoa Agustin Otsoa de Eribek itzulia eta Alfaguara-Desclée de Brouwerrek 1988an argitaratua. Bigarrena, Ainhoa Basterretxeak itzulia eta 1998an Alfaguara-Zubiak argitaratua; hirugarrena Mikel Babianok itzulia eta Santillana-Zubiak Begiko zigiluaren barruan 2019an argitaratua).

Amaigabeko istorioa eta Istorio amaigabea izenburuko bi itzulpen (zaharrena Amaia Ugidosek itzulia eta Alfaguara-Desclée de Brouwerrek 1990ean argitaratua; bigarrena, Idoia Gilleneak itzulia eta Santillana-Zubiak 2019an Momorekin batera argitaratua, Begiko zigiluaren barruan).

Magia-eskola desioen erreinuan (Naroa Zubillagak itzulia eta Aizkorri argitaletxeak 2010ean argitaratua).

Zopa-ontzia eta burruntzalia (Manu Lopez Gasenik itzulia eta Ikasminak 2008an argitaratua).

Jojo, pailazo baten historia, zazpi agerraldiko antzerkia (Xabier Mendigurenek itzulia eta Desclée de Brouwerrek 1995ean argitaratua).

Egokitzapen hau ere aipagarria da:

Jim Botoi eta Lukas tren gidaria txangoan doaz (Beate Dölling-ek eta Mathias Weber-ek egokitua eta Alberdaniak alemanezko egokitzapen horretatik abiatuta euskaraz argitaratua 2017an).

Azaleko analisi horren arabera, Michael Enderen liburuen bederatzi itzulpen/egokitzapen izango genituzke, egun, euskaraz guztira. Haien artean, Momo eta Istorio amaigabea dira euskarazko itzulpen gehien dituztenak eta itzuli ziren lehendabizikoak: Momoren kasuan, lehen itzulpena 1988koa da; Istorio amaigabearen lehen itzulpena, berriz, 1990ekoa da; jatorrizkoak argitaratu eta 15 eta 11 urte geroagokoak dira, hurrenez hurren. Halaber, datuek erakusten digute itzulpengintzan pertsona ugarik parte hartu dutela/dugula, garai ezberdinetan parte hartu ere, eta argitaletxeak askotarikoak direla. Nolanahi ere, Santillana-Zubia nabarmentzen da, eta ez dut uste kasualitatea denik argitaletxe horrek euskaraz argitaraturikoak (Momo eta Istorio amaigabea) aurretiaz gaztelaniaz plazaratu izana, Loqueleo zigiluaren bidez[5]. Estrategia komertzial jakina iradokitzen digu horrek.

Datuek erakusten digutenez, eta Naroa Zubillagak 2013ko tesian adierazi zuen bezala, badira alemanetik euskaratutako itzulpen gehiago dituzten autoreak (Grimm anaiak, Knister, Christine Nöstlinger, Sabine Lohf, eta abar.), baina ez genuke Michael Endek euskal letretan duen presentzia gaitzetsi behar; izan ere, asko dira —gehienak, Zubillagaren arabera— euskaraz itzulpen bakarra edo pare bat dituzten egile alemanak, eta Enderen kasuan ez da horrela gertatzen.

Labur esateko, badirudi euskarara ekarritako Enderen liburuek bat egiten dutela gaztelaniara (eta beste hizkuntza batzuetara) ere gehien itzuli eta argitaratu direnekin: La historia interminable eta Momo. Kontu honetan gehiago sakondu behar genukeen arren, horrek erakuts liezaguke zer-nolakoa den HGLko euskarazko itzulpengintzaren eta gaztelaniazkoaren arteko harremana nahiz estrategia komertzialek euskarazko itzulpenen merkaturatzean duten pisua.

Esaten nuen bezala, beharrezkoa izango litzateke datu horiek osatzea, baina hemen esandakoek Michael Enderen testuek gure inguruan izan duten eta egun ere daukaten ospea islatzen dute, ezbairik gabe. Era berean, arestian aipaturiko itzulpen horietako batzuk (Momo liburuaren euskarazko biak, bereziki) eskura izan ditut, eta baliagarriak iruditu zaizkit erreferentzia puntual gisa erabiltzeko. Hala ere, kontu handiz kontsultatu ditut, maiz gaztelaniatik itzulitako testuak islatzen baitzituzten. Gainera, itzulpen batetik bestera alde handiak sumatu ditut, itzultzaile, bertsio eta garai ezberdinen erakusgarri.

Itzulpenaren alderdi linguistikoa

Idazlea, estiloa eta testu paraleloak alde batera utzita, alemanezko liburuaren atzetik etorri ziren antzezlanak, irudiak eta filmak ere ikusi nituen; azken beltzean, zalantzazkoa iruditzen zitzaidan egitura linguistikoren bat edo pertsonaia jakin batzuen deskribapen zehatzak —istorioan zenbat eta pisu handiagoa izan, orduan eta zehatzagoak— nola interpretatu ote zituzten jakin nahi nuen.

Hainbeste erreferentzia izatea luxua iruditu zitzaidan, noski, baina baita arriskutsua ere, bai baitakigu norberak —itzultzaile objektiboenak ere bai— joera duela irakurri duena nahita edo nahi gabe interpretatzeko; zer esanik ez liburu batean oinarritutako antzezlan edo film batez ari bagara.

Ondoren, idazteari ekin nion; liburuaren hiru atalak kapituluz kapitulu itzultzeari, alegia. Hasieran esan dudan bezala, Thienemann argitaletxearen 16. edizioa erabili nuen horretarako, 2017koa, hain zuzen ere. Prozesu horretan, aintzat hartu nituen jatorrizkoaren estiloa eta testuaren hartzaile nagusia (nerabeak), bi elementuek elkar elikatzen dutela kontuan hartuta. Funts-funtsean, gaztetxoak (helduak ere bai, baina gaztetxoak, bereziki) erakartzeko moduko testu bat idaztea izan zen nire erronka nagusia. Helduei zuzendutako historia-, filosofia- eta arte-saiakerak itzultzen aritua naiz batik bat, eta banekien Momoren kasuan itzulpen-estrategia berak erabiltzea ez zela egokia izango; are gehiago, ziur nengoen horrek irakurleak uxatuko zituela. Beraz, euskara mailaren kalitateari eutsi nahi izan nion, edukiaren eta formaren arteko oreka beti badaezpadako bezain konplexuan, testu ulerterraz eta entretenigarri bat sortzeko. Ez garen edo desio ez dugun horrek definitzen gaituen neurrian, ez nuen nahi gaztetxoek esaldi bera bi aldiz irakurri behar izatea mezua ulertu ahal izateko. Etsigarria suertatzen da hori; izan ere, halakoek, esperientziaz diot, liburua baztertzera eramaten zaituzte 14-15 urte dituzunean.

Erronka hori bidelagun, lau multzotan sailkatuko nituzke itzuli ahala sortu zitzaizkidan itzulpen-arazo handienak:

a) Erregistroarekin lotutakoak
b) Izen bereziekin lotutakoak
c) Egitura gramatikal eta morfologikoekin lotutakoak
d) Alemanaren ñabardura lexikal eta semantikoekin lotutakoak

Erregistroari dagokionez, kontuan hartzekoa da, gorago adierazi dudan bezala, liburua elkarrizketaz josita dagoela eta erritmo bizia duela. Batzuetan, elkarrizketa horiek lagunartekoak dira, eta antzerkiaren kutsu handia dute, deskribapen eta akzioekin batera tartekatzen direlako. Hitanoa erabili edo ez erabili zalantza egin nuen, baina baztertzea erabaki nuen azkenean. Beste alde batetik, erregistro informalari erreparatu nion, eta, haren izenean, elipsiak eta egokitzapenak egin nituen. Horren adibide dira mach, dass du wegkommst lagunartekoaren ordaina emateko ospa hemendik idatzi izana, edo alemanezkoan ageri ez den sekula santan gehitzea. Getauscht ist getauscht itzultzeko elipsiaz baliatu nintzen eta aditzik gabeko tratua beti tratu hobetsi nuen:

»Ja, mach, dass du wegkommst!«, rief Nino ihm nach. »Du hättest erst gar nicht zu kommen brauchen. Ich versöhne mich doch nicht mit einem Verbrecher!« (16. or.)

—Bai horixe, ospa hemendik! —garrasi egin zion Ninok—. Ez zenuen zertan etorri. Ez naiz sekula santan gaizkile batekin adiskidetuko! (22. or.)

»Aber nicht doch!«, antwortete Nino würdevoll. »Getauscht ist getauscht! Ein Handschlag gilt unter Ehrenmännern!« (20. or.)

Ez ba! —erantzun zuen Ninok duintasunez—. Tratua beti tratu! Bostekoa sakratua da ohorezko gizonon artean. (26. or.)

Izen bereziek eman zidaten, baiki, buruhausterik. Liburu osoan ez dago ia leku-izenik; hori gutxi balitz bezala, ez dakigu istorioa zehazki zer lekutan gertatzen den ere, ez baitago erreferentzia zuzenik. Pertsona-izenak oso ohikoak dira, ordea.

Momo neskatilaren kasuan, soluzioa begien bistakoa zen, ez baitzen hura aldatzeko inongo beharrik. Gigi Fremdenführer-i dagokionez, gutxitan agertzen da izen osoa, Gigi (edo Girolamo) izendatzen dutelako ia liburu guztian. Fremdenführer turismo-gidaria da, arrotzei lekuak erakusten dizkiena. Izen horrentzat soluzio bat bilatu behar, eta Gigi Gidari eta beste aukera batzuk bururatu zitzaizkidan; Gigi Gidari kakofonikoegia eta ahoskatzen zaila zelakoan, gaztelaniazkoaren bidetik jotzea erabaki nuen azkenean, eta Gigi Cicerone izenez bataiatu nuen. Bepporen kasuan ere gutxitan agertzen da haren bigarren izena, Straßenkehrer; horren parekoa den kale-garbitzaile gehitu bai, baina hura nola idatzi hausnartu nuen, eta, azkenean, Beppo Kale Garbitzaile jarri. Die grauen Herren hitzez hitz itzuli nuen, jaun grisak izenez (jakitun orain arte gaztelaniaz erabili den hombres grises eta euskarazko gizon grisak izenen kontra ari nintzela). Izan ere, liburuak birritan dakar Männer (hitzez hitz, gizonak) eta Herrenen (hitzez hitz, jaunak) arteko ezberdintasuna. Enderen arabera, die grauen Herren direlako horiek hilda daude, eta ez dira «gizonak»; horregatik deitzen die liburuan Herren, eta ez Männer; hortik nire erabakia. Nino, Nicola, Franco, Paolo, Claudio eta gainerako adiskideen izenei eutsi egin nien, oro har, are gehiago kutsu italiarra dutela kontuan hartuta; izan ere, leku-izen errealik ez dugun arren, pertsona-izen horiek iradoki liezagukete Italian gaudela[6]. Bukatzeko, gainerako izenen grafia egokitzea eta aldaketa berezirik ez egitea erabaki nuen, oro har; Hora maisua Denboraren jainko baten antzekoa da, eta latinezko hora hitzari egiten dio izenak erreferentzia. Irakurleak arazorik gabe ulertuko zuelakoan, bere horretan utzi nuen; gauza bera Kasiopea dortokaren kasuan. Beste hainbeste egin nuen Gigiren ipuinetako izen xelebreen (Xaxotraxolus, Strapazia, Marxentius Communus…) eta izen zientifikoen (Schum-Schum gummilastikun eta Strumfus quietschinensus) kasuan, exotikoak baitira alemanezko nahiz euskarazko irakurleentzat.

Egitura gramatikalei buruz pentsatu, eta mendeko perpausak, erlatibozkoak eta gerundioa datozkit, batik bat, burura. Alemanez oso ohikoak dira; euskarazko testuan, ordea, ulermenari zama gehitzen ziotela iruditu zitzaidan. Horregatik, haien kopurua murriztea erabaki nuen, eta, usu, beste egitura batzuekin ordezkatu nituen. Hurrengo adibidean irudikatu nahi izan dudan bezala, die ihr so groß schien wie… eta durch die eine Säule von Licht senkrecht herniederfiel… erlatibozko perpausetarako soluzio bat baino gehiago topatu nituen. Lehenengoaren kasuan, puntuazioaz baliatu nintzen bi esaldi autonomo sortzeko. Bigarrenari dagokionez, puntuazioaz gain, eta juntagailua ere txertatu nuen:

Nach und nach erkannte Momo, dass sie unter einer gewaltigen, vollkommen runden Kuppel stand, die ihr so groß schien wie das ganze Himmelsgewölbe. Und diese riesige Kuppel war aus reinstem Gold. Hoch oben in der Mitte war eine kreisrunde Öffnung, durch die eine Säule von Licht senkrecht herniederfiel auf einen ebenso kreisrunden Teich. (178. or.).

Apurka-apurka, kupula erraldoi eta guztiz biribil baten azpian zegoela konturatu zen neskatila. Zeru-sabai osoa baino handiagoa iruditu zitzaion kupula hura eta, gainera, urre gorrizkoa zen oso-osorik. Goi-goian, erdialdean, zulo biribil bat zeukan; handik argi-zutabe bat sartzen zen eta aretoa zeharkatzen zuen zuzen-zuzen, urmael biribil baten gainean pausatu arte. (196. or.)

Zailtasunak izan nituen, halaber, alemanez hain ohikoak diren doch, ja, nun, denn eta antzeko partikula modalak itzultzeko. Halakoek kasuan kasuko ñabardurak gehitzen dituzte (aurkakotasuna adieraztea, esandakoa indartu, harridura erakutsi…), eta ez dute itzulpen zuzenik. Haien zentzua ematen ahalegindu nintzen, euskararen berezko egitura morfologikoetatik eta baliabideetatik abiatuta. Horretarako, ezabaketara jo nuen batzuetan; izan ere, euskarazko testuan naturalena hori zela pentsatu nuen, eta hala erabaki nuen beheko esaldiko denn ez itzultzea. Bigarren adibideari dagokionez, doch-en indarra islatzeko, bada erabili nuen:

»Was ist denn mit meinen Freunden?« (208. or.)

—Zer gertatu zaie nire lagunei? (227. or.)

»Nun, das ist doch vollkommen erreicht!« (151. or.)

—Tira, lortu dugu, bada! (166. or.)

Ezin aipatu gabe utzi alemanez aditz edo izen jakin batzuek dituzten karga semantikoa eta ñabardurak; kasu batzuetan, zaila da euskaraz horrelakoetarako hitz zehatzak topatu edo sortzea, eta perifrasi eta antzekoetara jo beste erremediorik ez nuen izan. Beste batzuetan, deskribapenak hain dira zehatzak, non ez baita erraza horretarako ordain egokiak topatzea. Ohikoak dira halakoak izen, izenondo eta aditzen kasuan. Eleberriaren hasierako adibide batzuk aipatzearren, zerfallen eta einstürzen aditzek hondatu edo erori zentzua dute (eraikinei buruz ari garela), eta irudi hori islatuko zuten euskarazko hitzak erabili nituen: desagertu, jausi. Abschleifen eta aushöhlen aditzek ere hondamenarekin dute zerikusia, baina lehenengoa lotuago dago haizearen eraginarekin eta higatzearekin, eta bigarrenak zulo edo hutsuneei (Höhle) egiten die erreferentzia; hortik euskarazko biribildu eta zulatu. Bersten aditzetik eratorritako geborsten-ek zerikusia izan ohi du eztandarekin edo biolentziarekin; ondorioarekin lotu nuen nik, akzioarekin baino gehiago, eta horregatik erabaki nuen txikitutako idaztea:

Jahrtausende sind seither vergangen. Die großen Städte von damals sind zerfallen, die Tempel und Paläste sind eingestürzt. Wind und Regen, Kälte und Hitze haben die Steine abgeschliffen und ausgehöhlt, und auch von den großen Theatern stehen nur noch Ruinen. Im geborstenen Gemäuer singen nun die Zikaden ihr eintöniges Lied, das sich anhört, als ob die Erde im Schlaf atmet. (6. or.)

Milaka urte igaro dira ordutik. Desagertu ziren aspaldiko hiri handiak, jausi tenpluak eta jauregiak. Haizeak eta euriak, hotzak eta beroak biribildu eta zulatu dituzte harriak, eta hondakinak baino ez dira geratzen teatro handietatik. Txikitutako hormen artean txitxarren kanta monotonoa aditzen da orain, lurrak ametsetan arnasa hartuko balu bezala. (10. or.)

Gainera, arreta eman zidaten 1970eko hamarkadako testuinguru historikoarekin hertsiki lotuta dauden objektuek: jostailuak, kasetak, diskoak… Halakoak bere horretan uztea eta ez gaurkotzea erabaki nuen; gaurko umearentzat arrotz samarrak suertatuko diren arren, beste garai baten zaporea dutela iruditzen zait. Horren adibide dira zazpigarren kapituluan haur batek opari jasotzen duen Kofferradio (irrati eramangarria) edo beste baten Märchenschallplatten (ipuinez betetako diskoak), bai eta jostailu tradizionalen (kartoizko kaxak, harriak, zapi urratua…) eta modernoen (urrunetik gidatutako tankea, suziri espaziala, robot txikia…) arteko kontrastea ere.

Bukatzeko, aintzat hartzekoa da alemanezko prosa hasiera-hasieratik amaieraraino zipriztintzen duen lirismoa. Enderen metafora gehienak itzultzeko irtenbidea topatu nuen, baina burua ohi baino gehiago nekatu behar izan nuen errimaz jositako pasarteen kasuan:

Drei Brüder wohnen in einem Haus,
die sehen wahrhaftig verschieden aus,
doch willst du sie unterscheiden,
gleicht jeder den anderen beiden.
Der erste ist nicht da, er kommt erst nach Haus.
Der zweite ist nicht da, er ging schon hinaus.
Nur der dritte ist da, der Kleinste der drei,
denn ohne ihn gäb’s nicht die anderen zwei.
Und doch gibt’s den dritten, um den es sich handelt,
nur weil sich der erst in den zweiten verwandelt.
Denn willst du ihn anschaun, so siehst du nur wieder
immer einen der anderen Brüder!
Nun sage mir: Sind die drei vielleicht einer?
Oder sind es nur zwei? Oder ist es gar - keiner? (170. or.)

Hiru anaia bizi dira etxe batean
Ezberdinak dira zinez denean.
Baina hirurak bereizi nahi badituzu
Oso antzekoak direla ikusiko duzu.
Lehenengoa ez da, sartuko da orain etxera.
Bigarrena ez da, irten da honezkero kalera.
Hirugarrena baino ez da, hiru anaietan gazteena,
Bera gabe ez legoke beste bien arrasto txikiena.
Eta arrazoi bakarra dago hirugarrena existitzeko:
Lehenengoak bigarrenaren itxura hartzen du atsegineko.
Begiratzen badiozu, ikusiko duzu behin eta berriro
Bere anaietako bat dela etengabe eta aldiro-aldiro!
Esadazu, beraz: hirurak ote dira, beharbada, bat bera?
Ala bi baino ez dira? Bakar bat ere ez da? Horra hor galdera. (187. or.)

Arazoak eta erabakiak askotarikoak dira, noski. Haien berri ematea izan da hemen nire asmoa, jakitun haietako ezaugarri bakoitzean nahiz aipatu gabeko beste askotan sakontzerik izango genukeela.

Ez nuke alderdi linguistikoari eskainitako atal hau bukatu nahi zuzenketa fasearen garrantzia azpimarratu gabe. Izan ere, nik idatzitako lehen testu edo zirriborroaren atzetik heldu ziren zuzentzaileen oharrak eta haiekin izandako hartu-emana. Zuzentzailearen eskua ezinbestekoa da itzultzailearentzat, zuzenketen bidez ordura arte burutik pasatu ez zaizkionak begien bistan agertzen zaizkiolako bigarrenari; lurrean jartzen du zuzentzaileak itzultzailea, eta hainbeste aldiz irakurri eta ikustearen poderioz itzultzailearentzat fosilizatu diren eta areago ikusten ez dituen gauzei erreparatzera derrigortzen du, eguneroko errealitatearen barruan ezkutuko ertz eta aldeak deskubritzen ditugunean bezala. Bihoakie nire eskerrik beroena Iraitz Urkulo eta Josu Goikoetxea zuzentzaileei.

Itzulpenak bere bidea egin zuen, eta argitaletxeari egokitu zitzaion hurrengo erabakiak hartzea: jatorrizko ilustrazioak mantentzea edo ez mantentzea, paratestuak (azalak, esate baterako) aukeratzea, liburua maketatzea eta argitaratzea, merkaturatzea, haren harrera neurtzea… Luzea da, zinez, itzulpen baten eta, are, liburu baten bizitza. Ezin dena konta, eta beste baterako utziko dugu istorio hori.

Ondorioak

Asko dira, zorionez, urtero euskaratzen diren literatur lanak. Zeinen aldean edo zein baldintzatan aritzen garen, erlatiboa izan ohi da «asko» kontzeptua, ados, baina nago konparazioak alde batera utzi eta itzultzaile nahiz zuzentzaileon lanaz harro egoteko moduan gaudela. Haur eta gazte literaturari dagokionez, zer esanik ez.

Gauzak horrela, nire harri-koskorra jartzen ahalegindu naiz, kontuan hartuta itzulpen prozesu oro sekula bukatzen ez den kontakizun baten kronika dela. Horren erakusgarri dira jatorrizko lan berak itzulpen bat baino gehiago izatea, itzulpenak berak izan ditzakeen askotariko bertsioak eta garaian garaiko egokitzapen berriak.

Kasu honetan, Momoren itzulpen prozesua zer-nolakoa izan zen erakutsi nahi izan dut, enkargua jaso eta zuzendutako azken itzulpena bukatutzat eman nuen arte. Izan ere, jatorrizko testua beste hizkuntza batean ematearekin lotu ohi dugu itzultzea; ez dut ukatuko, jakina, hori itzulpen prozesuaren atal garrantzitsua denik, baina hori bezain garrantzitsua —edo, kasu batzuetan, garrantzitsuagoa— begitantzen zait jatorrizko egilearen, lanaren eta testuinguruaren inguruko informazioa biltzea, jatorrizko testua aurretiaz irakurri eta zuzentzailearen zuzenketei arretaz erreparatzea.

Horregatik, Michael Endez, haren estiloaz, Momoz eta Momoren euskarazko bertsioez mintzatu naiz lan honetan, alderdi linguistikoari ekin aurretik. Deigarria da euskaraz Michael Enderen bost liburu irakurri ahal izatea eta guztira haren testuen zortzi bertsio ezberdin izatea, denak ere itzultzaile ezberdinek eginak direla; hiru bertsio Momori eta bi Istorio amaigabeari dagozkie. Momo da, beraz, euskarazko itzulpen gehien ekarri duena. Horrek iradokitzen digu testu batzuek denboraren mugak gainditu eta askotariko irakurleak erakartzen jarraitzen dutela, garaian garaiko bertsio edo/eta argitalpen eta interpretazioak biziberritu eta elikatzeko.

Aztergai izan dugun itzulpenari gagozkiolarik, jatorrizko estiloa zaintzea eta bereziki nerabe eta gaztetxoentzako gustagarria suertatuko zen bertsio bat sortzea izan ziren nire erronka nagusiak. Horretarako, jatorrizkoaren zaporeari eutsi nahi izan nion, eta, aldi berean, alemanezko zenbait egitura morfologiko eta sintaktiko euskararen baliabideen arabera moldatu eta egokitu nituen.

Birritan esan bezala, gehiago sakondu genezake lan honetako atal guztietan, dela alderdi literarioan nola linguistikoan. Hala ere, zalantzarik ez daukat biak elkarren osagarriak direla eta itzulpengintzak horiei nahiz beste diziplina askori esker aberasten jarraitzen eta jarraituko duela. Zeresan handia du horretan norberaren bizipenak partekatzeak, elkarren artean saretu eta itzulpen esperientzien corpusa osatuko badugu.


Oharrak

1. Jim Knopf und Lukas der Lokomotivführer liburuak badauka ume txikientzako euskarazko egokitzapen bat: Jim Botoi eta Lukas tren gidaria txangoan doaz (Alberdania, 2017). Liburu hori Beate Dölling-ek idatzi eta Mathias Weber-ek ilustra-tu zuten Jim Knopf und Lukas der Lokomotivführer machen einen Ausflug (Thienemann Verlag, 2007) egokitzapenaren itzulpena da.

2. Hauek dira liburuan bertan ageri direnak, ordena alfabetikoan: afrikaans, arabiera, bulgariera, daniera, eslovakiera, esloveniera, errumaniera, errusiera, estoniera, euskara, faroera, finlandiera, frantsesa, galiziera, gaztelania (Espainia, Argentina), georgiera, greziera, hebreera, hungariera, ingelesa, islandiera, italiera, japoniera, katalana, koreera, letoniera, lituaniera, mazedoniera, nederlandera, norvegiera, poloniera, portugesa (Portugal, Brasil), serbiera, sinhala, suediera, tailandiera, txekiera, txinera, turkiera, ukrainera, vietnamera.

3. Albistea Argian. [2020-04-26an kontsultatua].

4. Begiko webgunearen arabera [2020-04-28an kontsultatua], «garai berriek irakurtzeko modu berriak, irakurketarako euskarri berriak eta irakurleen arteko harremanak garatzeko espazio berriak sortu dituzte. Egoera berriari erantzuteko, proiektu berri bati ekin beharra zegoela ikusi genuen Zubia-Santillanan. Begiko da egitasmo hori [...] Egitasmo honetan kontuan hartu ditugu aurreirakurleak, haurrak eta gazteak. Askotariko gai, genero eta autore bildumak, jostaketa, ikasketa eta balioen hezkuntza batzen ahalegindu gara. Egungo testuak eta testu klasikoak izan ditugu gogoan. Ilustrazioak hautatu ditugu. Guzti honek osatzen du Begikoren izaera [...]. Zer topatuko duzu Begikon? Euskal autorerik eta ilustratzailerik onenak, atzerrikoekin batera; iraungitze-datarik ez duten obra ahaztezinak; pertsonaiarik kutunenak; oraindik ezagutzeke ditugun berrikuntzak».

5. Gaztelaniazko itzulpenak plazaratu (Momo: Alfaguara, 1984; La historia interminable: Alfaguara, 1983) eta lau eta zazpi urtera argitaratu ziren, lehen aldiz, euskarazkoak, gaztelaniazkoen argitaletxe berean. 1990eko hamarkadatik au-rrera, Alfaguarak eta Santillanak argitaratu zituzten liburuok gaztelaniaz eta euskaraz; azken edizioetan, txikiagoa da hizkuntza bateko eta besteko itzulpenen arteko denbora-tartea; gaztelaniazko Momoren azken edizioa 2018. urtean argitaratu zuen Santillanak, Loqueleo zigilu sortu berriaren bidez, eta La historia interminable, berriz, urte berean, zigilu beraren bidez. Euskarazko bi itzulpenak urtebete geroago heldu ziren, 2019an, aldi berean, Begiko zigiluaren bidez. Horri gaztelaniazko eta euskarazko formatuen artean dauden antzekotasun handiak gehitzen badizkiogu, badirudi Michael Enderen euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenek lotura estua dutela Santillana argitaletxearekin eta Loqueleo eta Begiko zigiluen sustapenarekin. Zantzu guztien arabera, Santillanak HGLko Loqueleo zigilua sortu zuen 2015. urtearen amaieran, eta Enderen gaztelaniazko bi lanak (2018an hirugarren berrargitarpena izan zutenak) argitaratu zituen, 2016an, formatu berri batean. Atzetik etorri ziren katalanezko HGLko Jollibre zigilua, 2017an, eta katalanezko itzulpenak. Ondoren, euskararen txanda izan zen; 2018an sortu zen Begiko, eta 2019an argitaratu zituzten, euskaraz, Enderen bi lan ezagunenak.

6. Ez dezagun ahaztu Michael Endek Erroma inguruan idatzi zuela eleberria.