'Obabakoak'-en itzulpenaz
Artikulua PDFn
Elkarrizketari: Juan Garzia Garmendia
Bizpahiru hilabete neraman Atxagaren atzetik SENEZerako elkarrizketa hau egitea pentsatu eta hark baiezkoa eman zidanetik. Izan ere, ez du ia egunik libratzen hitzaldi, bidaia edo halakorik gabe. Azken boladan Amerika aldean ibili zaigu: Cuban aurrena eta New York eta Chicagon hurrena... Arrakastaren morrontzak. "Ni idazlea nintzen, orain errepresentatea. Sari hori eman zidatenetik, ez daukat ezertarako ere astirik, beti hara eta hona. Eskerrak lehendik bost urteko epea emana nion neure buruari hurrengo liburua idazteko..."
Asteasuko Irazune bere jaiotetxean hartu nau, eta solasaldi librean hasten gara, berritsu, galdesortari ekin baino lehen ere hona ekartzea mereziko duten zenbait kontuz enteratzen garelarik. Katalanerazko edizioa mahai gainean ikusten dut, eta horrek ematen dit bide jakiteko aurki, urtearen azken alderako edo, frantses, aleman eta italierazkoak argitaratuko direla. Editoriale bakoitzaren xehetasunak ematen dizkit; berak hasieran uste ez zuen mailakoak omen dira, eta harrituta —eta guztiz kontentu— agertzen da. Ingelesezko itzulpena ere egina dute, baina ez omen du editorerik: anglosaxoiak autosufizienteak dira nonbait, literaturan ere.
Argitaratzeko dauden bertsioak gaztelerazkotik eginak izanik, jarraian datozen galde-erantzunon garrantzia areagotu egiten da, noski. Besteak beste, Jose Francisco, liburuko bigarren ipuineko pertsonaiak Obabako txoko euskaldunetik mundu zabalera atera gabe geratuko dira: "Hurbilegi nuen; hitz bakoitza konotazio itzulezinez josia dago; nik normalean tarte bat, distantzia bat markatzen dut, eta pertsonaiak bere kasa mintzo dira... Baina hor... Nik ez baitakit nola izan litezkeen erregistro horiek erdaraz..."
Komentatzen diot ez dudala dudarik egiten, hori irakurtzean, batek baino gehiagok desafiotzat hartu duela, eta bertatik ekingo diola itzultzeari; eta ea ez ote den izan itzulezintasuna bainoago gaztelerazko bertsioa goitik beheraino berak kontrolatu beharra itzulpena inoren esku uztea eragotzi diona. Eta hala aitortzen du, berak guztiz kontrolatu nahi izan duela gazteleraz argitaratu den testua.
Horretan, eta ezustean gaian bete-betean sartzen hasiak ginela konturaturik, klasikotik ekin diot:
* * * * *
— Noiz sortu zen Obabakoak itzultzeko asmoa, eta nola burutu da lana?
Hasierako nire asmoa zen neronek itzultzekoa. Eta banuen proposamena ere argitaratzekoa, gazteleraz argitaratzeko proposamena. Baina gerotik gerora ibili nintzen. Halako batean, Literatur Sari Nazionala zela eta, deitu zidaten Madriletik esanez lau hilabetera Sari hori epaituko da eta lehenbailehen itzulpena egin beharra daukazu, eta gainera, zati bat itzuli orduko, bidali, epaimahaikoek irakurtzeko modua izateko.
Kontua zen nik hasiera hartan oso urruti ikusten nuela; iruditzen zitzaidan beti bezala, ezta?, testigantza moduko bat edo: "han badago euskaldun bat"... eta ez nuen pentsatzen sekula hori aurrera joango zenik. Baina zer gertatu zen? ba, bialdu nuela aurreneko zatia —neronek itzulitakoa— Esteban Werfell, batez ere, eta beste pare bat, eta orduan epaimahaiko batzuk esan zuten gehiago bialtzeko... Kontua da Esteban Werfell oso ondo ikusi zuela. Eta orduan, hiru hilabete aurrean, eta nik ezin nuela hura bukatu. Orduan hasi nintzen itzultzaile bila ero moduan...
Eta hiru itzultzaile aurkitu nituen. Bakoitzak hartu zuen zati bat, esate baterako, Villamedianakoa batek, beste batek Azken hitzaren bilaren tarteko zerak, besteak bertako ipuin bakanak. Nik banatu nuen liburua tonuaren arauera, alegia, jendeak itzul zezala tonu berdinean zegoen testua. Eta hala osatu genuen hirurehun eta hogeiren bat orrialde, oso-osorik ez, beraz. Horiek izan ziren epaimahaikoek irakurri zutena. Nik pixka bat txukundu nituen gainetik...
Gero etorri zen argitaratu beharra. Eta argitaratzeko orduan ni sartu nintzen Barcelonako hotel batean, hantxe egon nintzen bi hilabete atera gabe... Izan zen bene-benetan nire bizitzan pasa dudan boladarik okerrena. Bai gorputzarentzat eta bai buruarentzat xipoi bat, baina-baina... seguru asko nozituko dudana noizpait, zeren lan egiten nuen hamasei ordutatik hogei ordutara egunero-egunero-egunero... Pentsa ze lana izan zen. Desesperagarria!... Eskerrak sekulako agoantea izan dudan betidanik —ez dakit hemendik aurrera edukiko dudan, baina—, ni, ikasle garaietatik gaur arte, gauza naiz egoteko mahaian eserita berrogei ordu nahi badut... eta, zera, lo egin gabe eta .sustantziarik hartu gabe, alegia. Horretarako beti eduki dut sekulako erresistentzia.
— Lehendik ere bazenuen esperientziarik itzulpenarekin, ezta?
Baina oso gutxi, oso gutxi.
— Eta, zer iruditu zaizu?, zailagoa al da idaztea baino?
Bai, dudarik gabe, askoz ere zailagoa da itzultzea idaztea baino (hiru aldiz errepikatzen du).
— Eta norberarena izanda?
Norberarena izanda, are eta gehiago. Nik oso argi ikusi dut itzulpenean —edo behintzat euskaldunok egin beharko ditugun itzulpenetan— bi arlo berezi behar direla oso garbi, eta bata da geure bi hizkuntzen artekoa, esan nahi dut, frantses-euskara batzuentzat eta besteentzat gaztelera-euskara: hori da arlo bat, eta oso desberdina da beste arloekin. Nik ikusten dut jendea ingelesetik euskarara edo itzultzen, eta hori beste era bateko arazoa da. Kasu honetan, arazoa aurreneko arlo horretakoa da; hau da, itzuli oso ondo —beno, bestea bezain ondo— menderatzen den hizkuntza batera. Horrek planteatzen ditu arazo... oso zailak, oso zailak.
— Beraz, zuk orraztu egin zenuen itzulpen guztia...
Berridatzi egin nuen. Orraztu nuen Sari aurretik, baina gero berriro den-dena goitik behera berritu egin nuen. Orduan konturatu nintzen ezinezkoa dela ohizko itzulpen hori: guk normalean itzulpena esaten dugunean zera ulertzen dugu: hemen testu bat, hemen bestea; ahalik eta paralelotasun gehiena, eta abar. Eta orduan, bi hizkuntzak ondo menderatzen badira, maila berean edukiz gero, paralelotasun hori ezinezkoa da, edo ez da komeni, nire eritzirako. Literaltasuna eta jatorrizko testuarekiko errespetua, hori segituan konturatzen, zara, hasi orduko konturatzen zara, ezinezkoa dela. Hain zuzen ere, errazagoa delako idaztea, itzultzea baino; askatasun gehiago daukazu eta orduan errazagoa da... Hemen daukazu arazo bat (paperean marrazten hasten da) ia soluziorik ez daukana ohizko itzulpenaren arauera, ezta? ba, erlatibo bat oso trakets gelditzen dena kasu honetan. Askoz errazagoa da, fuit!, beste alde batetik joan, eta orduan bertsio bat egiten duzu...
(Honetantxe zetzan nire kezketako bat, askori entzuna baitiot —eta neure irudipena halaxe zen— ezin zela guztiz itzulpentzat jo Obabakoakena, bertsiotzat baizik. Elkarrizketariak ez du, hala ere, oraingo honetan bere ausardia frogatzeko aukerarik izan, berak aipatu baitu hitza. Badaezpada ere, haatik, ea hala den galdetzen diot, eta Atxagak baietz, zati batzu itzulpen alderago eta beste batzu bertsio librerago egiten dutela, baina orohar bertsio izena dagokiola).
— Ur handitan sartzea izango da, baina ez al dugu gauza bera egiten itzulpenez kanpo ere, arazoei ihes egin, alegia, zeure adibideko erlatibo horren kasuan, adibidez, zehaztasunari traizio egin nahiago dugula molde jakinak zabaldu baino?
Bai, nik uste dut halaxe gertatzen dela, eta urte askotan hala gertatu beharko duela, ez dagoelako —nire ustez— beste irtenbiderik. Niretzat, arazo nagusia —ez dakit lehenago hitzeginak garen honetaz— lexikoarena da. Lexikoak aldatzen du dena, euskara-erdarara, beste edozein hizkuntzarekiko harremana lexikoak aldatzen du. Lexikoa ajedreza bezala da: ajedrezean bi pieza aldatzen badituzu, dena aldatu beharra daukazu. Ea, hitz gutxitan eta eskema moduan esateko —gainera, nik hau irakurria daukat, nahiz eta ez jakin non—: badago liburu bat... Hizkuntzaren bilakaera Errenazimendutik gaur arte... eta hor sartzen da, ba, kontzeptu baten inguruan —nik multzo bat bezala ikusten dut (marraztu egiten du), zuk multzo bat daukazu eta ideia bat, ezta?... Ba, ideia horren inguruan, kultur hizkuntza izan direnek hamaika hitz dauzkate. Zergatik hamaika hitz? ba, beharbada, aristokraziak ez zuelako erabili nahi burgesek erabiltzen zuten hitza, bereizteko, eta orduan hitz bat gehitzen ziotelako ideia horri, eta burgesek ez zutelako nahi herri xehearen hitz berdina erabili, eta beste hitz bat sortzen zutelako. Gero literatura, edo I Gorteko poetak edo, hasi zirelako... Hartu edozein hitz esate baterako, erdaraz "abandonar"... eta "dejar"... eta "hacer dejación" —abokatuek ere bere ikuttua eman diote—... Kultur gizarte horretan!' dauden talde guztiek nolabait beren hitza ekarri dute ideia edo kontzeptu horren inguruan!
Orduan euskaraz zer gertatzen da? Nik honelaxe ikusten dut (marrazkiaz ilustratzen du): hau izango litzateke, multzo handi hau, kultur hizkuntza batetik datorrena, eta hona, euskararen multzo txikira, pasatzerakoan, nola, eman dezagun ez dela izan kultur hizkuntza, behintzat besteen tamainan, eta nolaz ez baiten hor egon talde askorik hitzegiten —ia esango genuke herri xeheak eta Elizak bakarrik hitzegin dutela—... orduan hau askoz ere txikiagoa da, ezta?, niri hau iruditzen zait dela, ez dakit ba... tuboetan bezala ikusten dut nik. Imajinatu hau dela ubide bat zabala, sekulako ur pila dakarrena, eta bapatean egin beharra daukazu hemen halako —fst!— estualdi bat, eta sartu beharra daukazu dauzkazun bi edo hiru molde horietan. Ez dakit adibidea ona den, baina "dejar" "utzi" da, eta "abandonar" ere "utzi", eta "hacer dejación" ere "utzi", eta dena da "utzi". Horregatik da hain erraza itzulpena beste hizkuntza batetik gurera, horretan sartzen dituzu hor dauden matizazio guztiak, ezta?
— Erraza bai, baina hor galdu egiten dela izugarri...
Hori da.
— Eta batez ere literaturan. Adibide horretan bertan, gainera, garbizale izanez gero, "abandonatu" ere onartzen ez bada...
Hori da. Hain zuzen, hori da —nik uste— arazo nagusia. Orduan, idazterakoan bezala itzultzerakoan, niretzat, indar guztiek eta ahalegin guztiek horretara joan beharko lukete: nola edo hala lexikoaren zabarkeria hori, edo lexikoaren holgura hori, hori nolabait lotu eta zehaztu, eta prezisioz idatzi. Batzutan baliatuko haiz sintaxiaz... Esate baterako, zergatik erabili dut nik liburuan hainbeste gidoi arteko zera?: ba, gidoi arteko horrek nola komentatu egiten duen aurretik datorrena, zehaztu egiten du. Euskaraz erabili dudan puntuazio guztia horren zerbitzuan jarri dut: testua zehazteko. Esate baterako, nire puntu eta komaren erabilera horrekin doa erabat lotua, ze horrek bideratzen dit hemen jartzea halako perpaus nagusi bat eta abar; hemen jartzen dut puntu eta koma, eta hala, atzetik datorren guztia da aurrekoaren zehaztapena. Eta baita batzutan perifrasien bitartez metaforen bitartez, eta abar.
— Eskema oso argigarria da, baina ateratzen diren konklusioak zera dira: lexiko mailan ez da ikusten modurik beste kultur hizkuntza maiuskulazko horien mailara iristeko, eta, beraz, botetik bestera pasatzerakoan, hori beste bide butzuetatik konpentsatu egin behar da, hizkuntza bakoitzaren estatus egoera edo dena delakora egokitzeko...
Hori da (hiru aldiz).
— Eta hori ikusten da adjetibazioan, nominalizazioetan... lexikoaren maila guztietan...
Eta horrek, nik uste, badu beste ondorio niretzat oso garbia, eta da hemen inon baino garrantzi gehiago duela komunitate literarioak, edo irakurle, idazle... horien arteko harremanak. Esan nahi dut behin Arestik erabili bazuen "bilau" hitza, adibidez, halako zehaztasun batekin, hurrengo idazleak hartu eta erabili behar du zehaztasun berdinarekin, eta zentzu berdinean, eta abar. Eta hor, nolabait, hogei urtetan, lortuko genuke finkapen bat... Alegia, ni hasten banaiz "abandonar" horren inguruan "lagazio" eta halako gauzak esaten, nik bakarrik erabiltzen badut, inora ez doa. Lortu beharra dago halako —ez dakit ba nola esan— akordio bat, eta elkarrenak aintzat hartzeko konpromezu bat. Horren ondorioa da talde lana ikaragarria behar dela.
— Horrek esan nahi du, hala ere, berez, hau nolabaiteko estrategia probisional bat dela eta pentsatzen dut mistoa ere izan beharko duela, zenbait gauza egokitu egin beharko direla, aitortzen dugun eskastasun horren erosotasunean hogei urte horiek ez pasatzeko...
Dudarik gabe. Nik uste dut hau dela, nolabait, pasarte moduko bat. Mende erdi bat eduki dugu, nire eritzirako, egokitzeko, beste kulturetako hizkuntzen maila hori hartzeko, berrogeitamar urte, gutxi gora-behera. Hori da gure Damaskoko bidea, bide hori egin beharra dago nola edo hala, eta, ondo egiten bada, gero ez da prolemarik egongo. Nik uste dut prolema hau soluzio xamurrekoa dela, ez da hain zaila hau soluzionatzea, baina behar du komunitate bat, eta behar du kontzientzia bat, oso —bide batez esana— oso gutxi ikusten dena. Zera gertatzen ari zaigu: hau gure arteko itzultzaile, idazle eta abarren arteko entente bat izango balitz, nik uste dut horrek oso ondo funtzionatuko lukeela. Baina idazle eta itzultzaileen artean joera dexente daude euskararen aldetik, igoal bost edo sei joera hizkuntzari buruz. Elkarri hartzen badiogu beretik hor guk sortuko genuke entente bat. Baina guk, gizarte guztietan bezala, oso pisu gutxi dugu. Zeren pisu gehiena dutenak dira —gaizki esanda— gazte muturzikin batzuk, karrera batzu bukatu erdizka, titulu errax bat lortu, eta hortxe mass-medietan daudenak. Eta euskara espantagarri bat erabiltzen duen jendea... jeneralean behintzat (adibide botez ilustratzen du: "erantsi"ren erabilera okerra). Hitzak lanean jartzeko, egin beharra dago halako planifikazio errusiar baten arauera. Ba (barrea ateratzen zaio)... kinkenioz, ezta? Nik hala uste dut.
— Batasunik ez hori arrazoi astorengatik izango da, baina oso zaila da, esate baterako, literatur itzultzaile botek eta idazle batek bide beretik jotzea. Idazleak duen askatasuna —ihes egiteko askatasuna, eta beti-betiko moldeetan aritzeko— itzultzaileak ez du, laurdenik ere; hark jatorrizkoaren ildotik ekin behar dio nahitaez, lexikoan, sintaxian... Eta naturaltasun berdina eskatzen zaio, euskara goxoa eta abar...
Nik uste dut arazorik larriena, dudarik gabe, —lehen esan dudan bezala— itzultzaileak duela. Zeren eta idazleak, esate baterako, puntuazioarekin berarekin, alde batera, arazoaren ertz bat edo alde bat betetzen du. Pieza guztiekin jokatu behar du, baina badauzka pieza batzu... Itzultzailea, berriz, nola lotuta dagoen, nik uste dut dela kasu... bai, benetan erdiragarria, dudarik gabe. Gero; esan beharra dago, horregatik, gizarte honetan oso jende gutxi konturatzen dela ze garrantzi duen itzultzaileak, eta ze garrantzi duen, beraz, itzultzailearen heziketak. Nik uste dut gaur egur euskararen arazo guztiaren inguruan dagoen elementurik funtsezkoena itzultzailea dela. Gero eta bere gainean zama gehiago daukana. Imajinen bitartez esanda, etxe hau dago bi edo hiru zutaberen gainean; ba, itzultzailea da zutabe bat, dudarik gabe pisu gehiena bere gainean hartzen duena. Eta horiek horrela, harrigarria da, hemen... niri barregura ematen dit beti hemen ze alde dagoen programatik errealitatera, ezta?, esaten dena eta egiten dena. Baina da tarte bat... baina ikaragarria, ezta? Zeinek ez du hitzegiten gaur egun euskararen alde, eta euskara asko maite duela eta abar, eta abar... Baina gero —hori oso ondo dago, baina— horrek ze ondorio dakartza zure beste bizitzako kontuetara, ezta? Eta ikusten da, ba, esate baterako hemengo talde politiko guztiak euskararen alde daudela; orain, talde horietatik zeinek dauka itzultzaile eskola... baina... Bilboko injeniero eskola baino oraindik eskola zailagoa eta gogorragoa izan beharko lukeen eskola bat sortzeko kezka? Eta inork ez dauka. Ez dago eskolarik...
(Komentatzen diot itzultzaile eskolak zertan diren eta proiektuetan ere —bestela ere konponbide handirik ekartzeko itxurarik duenik ez ikusteaz gain— ez dela ikusten lekurik literatur itzulpenarentzat, eta Bernardok kasu egiten dit, bai, bai eta bere obsesioetako bat dena berriro errepikatu, ez dagoela, alegia, eskubiderik inork irakurtzen ez dituen testu ofizialak ("inoren kontzientzia zuritzeko"ak) itzultzeko halako gastua egin eta... baina berehala berak nahi lukeenari heltzen dio berriro:)
Itzultzaileek beharko lukete izan talde oso mimatua, ikasi beharko lukete zazpi urtez, bekak izan beharko lituzkete... kultura bat eduki beharko lukete... Nik konprobatu dudana da zenbat eta literatura gehiago jakin itzultzaile literarioak askoz ere itzulpen hobeak egiten dituela, askoz ere hobeak. Ez da hainbeste gaitasun teknikoa, nola gaitasun kulturala edo.
Eta horrexek kezkatzen nau, hain arazo larria izan, eta ez zaiola erantzuten. Pentsa zenbat itzultzen den ETBn, adibidez, eta nola; eta nolako erantzukizuna duten. Edota euskarazko egunkariaren hori: orain arte erabili duten euskara maila bera baldin badu...
— Urruti samar joan gara, baina itzultzaile nahiz idazleak hemen pairatzen duen egoeraz ari ginen. Zure eskema horren arauera, zer egin behar da?: testuak estatus apaleko hizkuntzatik beste nagusira pasatzerakoan, bigarren hizkuntza horri dagokion maila bertsio bidez eman? Izan ere, komentario hori dabil, ezta?, eta konparatzeko lana hartu duenak halako aldea ikusten du, adibidez, Camilo Lizardi bera...
Jendeak esaten zuen oso zaila izan behar zuela Camilo Lizardi itzultzea, baina justu kontrakoa gertatzen da, zeren hor badago erreferentzia bat bi hizkuntzetan landuta dagoena, berdintsua dena, Elizaren inguruko hori. Orduan, hartu Fray Luis de Granada bat, eta haren gainean marraztea bezala da, badago hizkera molde bat egina. Erraza da, era berean, Pladioarena, ze hor Dante eta abar daude... | Baina zer gertatzen da Klaus Hanhnen kasuan, adibidez? Testu bat azpimarrazkirik ez daukana; edo, baldin badauka, oso modernoa, i edo behintzat mende honetako hizkera daukana, filme hizkera... Ba, hor oso zaila dela asmatzen...
— Jarri duzu adibide bat oso modernoa den hizkera botena; eta kontrako kasua? Alegia, mundu rural berezi hori erdaratzeak ez al du arazorik sortzen?
Beno, hortxe dago Jose Franciscoren kasua. Nik hori, esan dizut, oso barrutik ikusten dut, teatralizatu ere egin nezake; eta ez zait posible iruditzen erdaraz ematea Hitz bakoitza mundu bat da. Nola itzuliko duzu gizon batek esaten badu: "Bai, guk lehenago tierra asko genituen..." Ez dakit, nire mailarik arkaikoena da, nire arkeologia...
— Eskerrak ez duzun zare obra guztia hurbiltasunezko estilo horretan idatzi...
Bai (Barre egiten du) Bai, bai, dudarik gabe. Bai, bai, bai; orduan litzatekeelako itzulezina.
— Eta euskarazko literatura askotan bide horretatik abiatu da, "jatortasun" bila...
Hala ere, itzulezintasunaren kontu hori, pasaeran, jende askori entzun diot. Orain gogoratzen naiz poeta japoniar batek, Kenzaburo Oe-k, bere poemak alemanierara itzuli zituztenean, halako zerbait esaten zuela...
— Zuk beti eraman duzu halako erreflesio eta teorizazio hori zeure praktikarekin batera. Aurreikusia al zenuen arazo hori gerta zitekeela Jose Franciscoren bidetik joz gero?
Egia da nik teoria batekin jokatzen dudala beti, aurrena teoria hori da, eta gero forma literarioa hartzen du. Zentzu horretan, nire literatura nire teorien plasmazioa dela, etsenpluak, hasi puntu eta komaren erabilera horretatik eta bizitzaren ikuspegiraino, teknikatik filosofiaraino... Jose Franciscorenak, hala ere, beste arrazoi teoriko bat du: barru-barrutiko erregistro horietan egindako literaturak bide laburra du, berehala agortzen da. Bat egin liteke —eta niretzako sekulako esperientzia izan zen ipuin hori idaztearena— baina... Nik uste dut tarte bat behar dela, distantzia bat pertsonaiekiko... Itzulezintasunarena orain planteatu zait.
* * * * *
Horraino, beraz, galde-erantzunek eman dutena. Esan beharrak asko geratuko ziren, noski. Guk, magnetofoia itzali, eta igande goiz asteasuarrak eskaintzen zuen giroan berriketan segitu genuen honetaz eta hartaz, baina "hortik aurrerakoa guk bestek ez daki".