Ale honetan
Euskal itzulpengintzaren esparruan gero eta pisu handiagoa hartzen ari da azken garaiotan gaztelerarako itzulpena, eta horrenbestez interesgarria iruditu zaigu SENEZ aldizkariaren zenbaki honetan aparteko plaza ematea, plaza txikia bada ere, bereak eta bi konta ditzan. Gainera, gure lanbideak bereganatu duen alor berri honek euskaldunontzat duen garrantzia ez da inondik ere gutxiestekoa, nonbait esan bait daiteke euskararen normalkuntzarekin eta osasun onarekin estu-estuki lotua dagoela. Esaterako, har dezagun interpretaritza, ahozko itzulpena, bezalako alorra, gero eta zabalagotzen ari dena: gizarte elebidun batek ezin du bazter utzi, bere espresabiderako eta bere hiztun taldeen arteko orekarako ezinbestekoa bait da. Gaur egun aukera badago edozein ospakizunetan, "nazioarteko maila"rik gorenekoetan ere, euskaraz hitz egin eta euskaraz entzun ahal izateko, interpretariek euskarara bezala gaztelerara ere emango bait diote hizlariak esandakoaren islada hizkuntza batean edo bestean entzun nahi duenari, edota mintzatu nahi duenari ere. Hori errealitate bat da orain, une honetan, eta ez bakarrik Legebiltzar, Batzar Nagusi eta Udaletan, edo auzitegietan eta unibertsitatean, baita hitzaldi, lan bilera, kongresu eta abarretan ere, nahiz eta horrek ez duen esan nahi sendotu eta hobetu beharko ez duenik. Horiek hala izanik, aldizkariaren zenbaki honetan hiru artikulu eskeintzen zaizkio gure artean egiten den interpretaritzari; batetik Eusko Legebiltzarrean, eta bestetik auzitegietan egiten den interpretaritza —gehienetan euskaratik gaztelerara egiten dena— izango dugu mintzagai; eta hirugarrenik, kongresu eta halakoetan egiten den moetaren inguruan gorpuztuta ere, interpretaritzari oro har halako atze-begirada bat emango zaio, interpretari batzuen eskutik beren errealitatearen mingotsa ezagutuko dugularik.
Bestetik, baina ildo beretik jarraituz, azkenaldi honetan izandako bi gertakizun aipagarri ere ekarri ditugu orriotara, gai honen barnean sartzen bait dira bete-betean:
Batetik, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren itzulpena. Euskara eta euskal literatura hegalak zabaltzen ari direlako adierazgarritzat hartu du inork; horretan sartu gabe, bai ikutuko da, ordea, itzulpenak aireratze horretan duen zeresana. Elkarrizketan izango dugu Atxaga bere liburuaren itzulpenaz eta, gai orokorragoari heldurik, Euskal Herrian egiten den itzulpengintzaz.
Eta bestetik, euskaraz idatzitako artikulu baten egileak jasan behar izan duen auziperatzea, gaztelerarako itzulpena tarteko. Izan ere, gure hizkuntz egoera onbidean jartzen den heinean euskarak gero eta tarte gehiago izango du auzi sisteman, eta ondorioz itzulpenak ere bai, erdaratik euskararakoak eta alderantzizkoak ere, gertakari horrek erakutsi bezala. Auziperatze horri eskeinitako artikulu bereziaz gainera, hemen ere sartu behar gorago, interpretaritzaren aipamenean, Euskal Herriko auzitegietakoaren ikuspegi orokorra ematen duen beste artikulua ere. Hari honetatik, ez da ahaztu behar gure artean zinpeko itzulpena ere errealitate izango dela aurki, auzi munduan zereginik izango bait du. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Bost artikulu hauekin irakurleak hausnartzeko —oso modan jartzen ari den denborapasa horretarako— aski gai izango duelakoan gaude, eta eztabaidarako grina piztuko zaiolako esperantzatxoa ere ez genuke baztertu nahi. Izan ere, euskara eta erdararen —erdaren— arteko harremanek edo tirabirek normaltzera jo ahala, euskal itzultzaileok euskaratzen badakigula ez ezik, erdaratzen ere badakigula erakutsi beharko dugu, eta inor ez da harrituko esaten badugu askorentzat ikasbide edo ikasbehar berria izango dela. Hasiak gara eta hasiko dira besteak, eta orain arteko arazo gaitz ezagunen buelta, oraindik ezezaguna, etorriko zaigu. Atxagaren liburuaren itzulezintasunaz elkarrizketan esaten denak, eta auzipean jarritako artikuluaren itzulpenari buruzkoak emango digute bide horretarako; enbidoa hor dago: ezinezkoa al da euskaratik itzultzea?; bestek beste toki batzuetan, beste errealitate batzuetan aspaldi egindako —eta erantzundako— galdera baten oihartzuna da hau, baina beharbada galderak bestelakoa behar zuen izan: euskaratik itzultzeko gauza al gara? Eztabaida aipatu dugu lehenago, "ezina ekinez egina" esaten bait du atsotitzak, eta inolako aukerari ezin diogu ihes egiten utzi, baina Obabakoaken itzulpenak egin digu, ez bakarrik gaztelerara, baizik eta beste zenbait hizkuntzatara ere euskaratik nola itzuli ikasteko edo aztertzeko aukera galdu bat izango delako —beste bat esan beharko, SENEZ aldizkari beronen 1989ko zenbaki bikoitzean Koldo Izagirrek idatzitako artikulua gogoan hartuz gero—.
Bestalde, puntuz puntuko lanen artean ere izango da zer irakurri: Baltasar Cespedes humanista espainiarraren itzulpen teoria, Gregoio Arrue, "lehen itzultzaile profesionala"ren heriotzaren mendeurrena dela eta haren bizitzaz eta lanaz diharduen artikulu bat, komaren erabileraren gorabeherak, testu idatzien organikotasuna, eta irudizko hizkera itzultzean zeinen joera kontrajarriak erabiltzen ditugun itzultzaileok, erdaratik euskarara ala euskaratik erdarara ari garen.
Honenbestez, gure aldizkaria irakurtzen dutenei zer pentsa ematen badiegu pozik egongo gara. Are pozikago zer esana ere ematen badiegu; zabalik izango dituzte aldizkari honen ateak halakorik lortzen badugu.