Ikus-entzunezko itzulpengintzari aplikaturiko metodologia deskriptiboa: katalogotik corpusera
Josu Barambones

Ikus artikulua PDFn

1- Sarrera1

Artikulu honen bitartez erakutsi nahi dut nola aplikatu ahal zaion ikus-entzunezko itzulpengintzari Itzulpengintzako Ikasketa Deskriptiboetan (IID) zimendatzen den metodologia (Toury, 1995, 2004; Rabadan eta Merino, 2004). Horretarako, nire doktorego tesian2 planteatu dudan metodologiaren berri emango dut eta ikerketak igaro dituen faseak azalduko: euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintzaren mapa osatzetik azterketa konparatiboa hartuko duen ikus-entzunezko obren corpusa ezartzeraino.

Bakoitzari zor zaiona aitortu behar eta, hasteko esan behar dut ikerlan hau jaio eta hazi egin zela TRACE3 delako egitasmoaren barruan, nahiz eta aztertu ditudan itzulpenetan zentsurak eskurik hartzen ez duen. IIDetan kokatzen den metodologia honek itzulpenen katalogoak ditu abiapuntutzat, testuak aztertu eta konparatu aitzin. Kasu honetan, itzulpenak katalogatu ordez, euskaraz bikoizturiko telebista-programen katalogo batetik abiatzen naiz, 2006. urtean zehar Euskal Telebistako lehen kateak emititu baitzituen.

Hurrengo orrialdeotan aurkeztuko dut euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintzaren kartografiarik albait zehatzena egiteko jarraitu den lan protokoloa.

2- ETB-1 (2006) Katalogoa osatzea

Azterketa konparatiboa egiteko baliatuko diren sorburu eta xede hizkuntzetako testuak identifikatu baino lehen eta testuen hautaketa ikergaiaren ahalik eta adierazgarriena izan dadin, eta ez arbitrarioa edo norberaren apetaren araberakoa, ikerketaren lehen urratsa katalogo bat eratzea da. Ikerlan honetan katalogoa euskarara itzulitako ikus-entzunezko programez osatua dago. Katalogotzat4 aditzen da hainbat informazio arlo edo eremu biltzen duen fitxa-zerrenda antolatu bat. Informazio hau kudeaketa-programa informatiko bati esker prozesatuko da. Hortaz, katalogoa datu base indartsu bilakatzen delarik, ikerketaren zati handi bat katalogo horretan oinarritzen da.

Katalogoa osatzea prozesu luzea eta neketsua izan daitekeen arren, guztiarekin ere, gerora begira, katalogoan egonarri handiarekin bildu diren datuek —testuekin zuzenean nahiz testuinguruarekin lotuta daudenek— ikerketaren hasieran ezin suma zitezkeen bide berriak irekitzen dizkiote ikertzaileari.

2.1. Ikergaia nola hautatu

Katalogoa osatzeari ekin aurretik argitu beharreko lehen auzia ikergaiari dagokio, hau da, nola erabaki zer hautatu eta zer baztertu (Toury, 2004:63). Hori dela eta, ikerlan honetako ikergaia honako parametro hauek mugatzen dute:

  1. Espazio fisikoa: Euskal Telebistako lehen kanala, euskara hutsez emititzen duena.
  2. Denborazko espazioa: 2006. urtea. Urte hau aukeratzera eraman nauten arrazoiak bi izan dira: lehenak eskuragarritasuna du oinarri, izan ere errazagoa da oraindik orain emititu berri diren ikus-entzunezko materialak lortzea; eta bigarrenak, gaurkotasuna, tesiaren xedeetako bat gaur egun euskarazko bikoizketetan erabiltzen den hizkuntza eredua aztertzea baita.
  3. Lagina: nola giza zientzietako ikerlariek ez baitute unibertso osoa aztertzen, lagin adierazgarri bat baizik, hala kasu honetan ere lagin adierazgarri bat besterik ez da analizatuko. Horiek horrela, 100 egun hautatu ditut (hilabete bakoitietako bigarren hamabostaldia), hau da, unibertsoaren %27,40.
  4. Produkzioaren jatorria: kanpo produkzioko programak aztertu nahi ditu lan honek. Zehatzago esateko: Euskal Telebistako lehen katetik eman aurretik euskarara itzuli-egokitu eta bikoiztu behar izan diren programak.
  5. Sorburu hizkuntza: ez dago inolako mugarik.
  6. Xede hizkuntza: telebista programen xede hizkuntza euskara da.
  7. Generoa: generoaz denaz bezainbatean, mugarik ez badago ere, programak era eta modu egokian erregistratu ahal izateko eta telebista saioen heterogeneotasuna kontuan hartuta, noraezekoa da genero-tipologia zehatz batean oinarritutako sailkapen bat egitea.

2.2. Analisi unitatea: emititutako telebista-programa

Katalogoan bilduko den informazioa hautatzeko irizpideak mugatu ondoren, oinarrizko analisi unitate bat zehaztu beharra dago. Analisi unitate horri esker jakingo dugu zer programatu den eta programazio horren zer-nolako nagusiak. TRACE taldeko beste tesi batzuekin alderatuta, non abiapuntutzat hartzen baitira antzeztutako edota argitaratutako testu dramatikoak (Merino, 1994; Pérez López de Heredia, 2004; Bandín, 2007) nahiz testu zinematografikoak (Gutiérrez Lanza, 1999), tesi honetan ikerketa lanaren zati handi bat telebista-programen inguruan antolatuta dago. Telebista-programatzat ulertzen dut egitura propioa eta eduki zehatz batzuk dituen unitatea, denbora jakin batez irratiz zein telebistaz emititzen dena. Zabaleta eta Zalakain irakasleen hitzetan: «Modu programatuan editatu den ikus-entzunezko obra» (2004: 199).

Programa bakoitza telebista kate bateko asteko edo hileko emanaldien zerrendan kokatzen da, edo, profesionalek erabiltzen duten terminologian, programazio-parrilan. Prozesu horri programazioa deitzen zaio, hots: «Aquella tarea del proceso de producción comunicativa del medio que organiza la distribución del material televisual disponible en el tiempo de emisión de la cadena» (Gómez-Escalonilla, 1998: 95). Hori dela eta, programatzearen kontzeptua programen katalogoarenarekin estu-estu lotuta dago, hau da, ikus-entzuleei modu antolatu batez eskaintzen zaien programa multzo bat.

2.3. Telebista generoak

Programa bakoitza dagokion genero-etiketaren arabera sailkatzea ikerlan honetako beste oinarrizko zutabe bat da. Datuak katalogora pasatu aurretik, ikus-entzunezko testuak egokiro kokatu behar dira. Gaur egun telebista eskaintza hain nahasia eta zabala da, non nahasketa hori nolabait antolatzeko taxonomia bat ezarri behar baita. Hortaz, erregistratuko ditudan programa guztiak generoaren arabera definitu, bereizi eta sailkatu egingo dira. Izan ere, albait deskripziorik zientifikoena egin nahi bada, aurreneko urratsa anbiguotasunik gabeko sailkapen zehatz bat egitea da.

Mauro Wolfek Géneros y Televisión delako artikuluan adierazten duenez, «las etiquetas de género (...) funcionan para el receptor como instrucciones sobre el modo de "usar" el texto como principio de orden para orientarse dentro del conjunto de discursos televisivos» (1984: 193). Telebista programazioaren barruan generoa dugu «un instrumento fundamental de estructuración semiótica y de proyección comunicativa» (Bettetini, 1986: 175), izan ere generoaren etiketari esker lotura sendo eta iraunkorra sortzen baita igorlearen ekoizpenaren eta hartzailearen uste eta itxaropenen artean.

Azken urteotan ikus-entzunezko generoek aldaera asko garatu dituzte. Ikus-entzunezko generoen ugalkortasunak batetik eta profesionalen ideologia eta joera desberdinek bestetik lortu dute generoak molde malgua izatea eta ez gerruntze estua (Cebrián, 1992: 17). Beraz, hemen proposatzen den sailkapena ez da finkoa, hain gutxi mugiezina. Kontuan eduki behar da telebistako diskurtsoen mugikortasunak eta generoen arteko hibridazioak etengabeko bilakaerak ekartzen dituztela. Gainera, erabili ohi diren tipologiak ez dira homogeneoak eta gehienek sailkapen-irizpide desberdinak nahasten dituzte, edukia, ikus-entzuleak edo formatuak, esaterako. Lan hau egiteko orduan, Luykenen (1991), Agosten (1999) eta Taylor Nelson Sofres5 enpresaren proposamenak aztertu dira. Behin horiek aztertu ondoren, ikus-entzunezko generoen taxonomia hau erabiltzea erabaki da:

Ikus-entzun_1. taula_1.jpg
1. taula: Ikus-entzunezko generoak

2.4. Dokumentazio iturriak

Informazio gehiena bi bidetatik lortu da: batetik, telebista kateek emango dituzten programak jasotzeko, hainbat hedabide kontsultatu dira, bai paperezko euskarrian bai eta euskarri informatikoan ere; eta, bestetik, era horretara jaso diren datuak osatu eta egiaztatu dira IMDB delako datu baseak biltzen duen informazioari esker.

Horiek horrela, hauek dira ETB fitxako lau pantailetan agertzen den informazioa eskuratzeko baliatu diren dokumentazio iturri nagusiak:

  1. Euskal Telebistako web orrian argitaraturiko programazioa. Hauxe izan da gure lehen kontsulta iturria.
  2. ETBko programazio-parrillak.
  3. Baliabide hemerografikoak hauek izan dira: Berria eta El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariak.
  4. Datu base hauek:

2.5. ETB-1 fitxaren diseinua

ETB-1 Katalogoa (2006) egiteko, lehenik fitxa nagusi bat diseinatu zen, hartara kontsulta iturrietatik jasotako argibide guztiak bildu eta antolatzeko. ETB izeneko fitxa nagusi hau TRACE fitxetan6 oinarrituta badago ere, aldaketa batzuk izan ditu ikus-entzunezko esparrura egokitzearren. Fitxa diseinatzeko, File Maker Pro 7 datu-baseak kudeatzeko programak eskaintzen duen euskarri informatikoaz baliatu naiz.

Datu basea lau pantailatan banatuta dago, pantaila bakoitza informazio-maila jakin bati dagokiola. Informazio-maila bakoitzak hainbat arlori buruzko datuak jasotzen ditu baina arlo guztiak elkarrekin lotuta daude (erlazionatutako datu-basea). Hortaz, fitxa edo pantaila bakoitzak gordetzen ditu bere baitan biltzen dituen informazio-arlo guztiei dagozkien datuak. Informazioa biltzeko sistema honi esker, kontsultak azkar eta fidagarritasunez egin ahal izango dira, izan ere antolatuta eta sailkatuta dauden zerrendetara iris daiteke interesatzen zaizkigun datuak aukeratuta: urtea, ekoizpen data, emisio ordua, ikus-entzunezko generoa, e.a.

Orain datu basea osatzen duten pantailak edo mailak azalduko ditut eta Aurkezpen izeneko fitxa aurkeztuko:

– ETB fitxa: Datuak

Informazioaren lehen maila honetan, besteak beste, testuekin loturiko datu hauek agertzen dira: jatorrizko gidoiaren egilea, jatorrizko obraren zuzendaria, aktoreak, itzultzaile-egokitzaileak, sorburu eta xede hizkuntzetako izenburuak, xede hizkuntzan testuari izendatu zaion genero-etiketa edota ikus-entzunezko produktuaren nazionalitatea.

– ETB fitxa: Ekoizpena eta emanaldia

Bigarren mailan ikus-entzunezko obraren ekoizpenarekin eta emanaldiekin lotutako datuak jasotzen dira: jatorrizko ekoizpenaren data, jatorrizko obraren iraupena, xede emanaldiaren eguna eta ordua edo bikoizte etxea, besteak beste.

– ETB fitxa: Iturriak eta loturak

Hirugarren pantaila honetan datuak lortzeko erabili diren dokumentazio iturriak aipatzen dira, nagusiak zein bigarren mailakoak.

– ETB fitxa: Aurkezpena

Azkenik, Aurkezpen izeneko fitxa datu basearen laburpen-fitxatzat jo daiteke, izan ere beste hiru pantailetatik atera diren datu nagusiak biltzen baititu.

1. irudia: ETB fitxa, Aurkezpen pantaila7

baranb_irudia.jpg

3- ETB-1 (2006) Katalogoaren azterketa

Katalogoa kuantitatiboki nahiz kualitatiboki analizatu ondoren, Euskal Telebistak erositako programen emanaldia gidatu duten aurretiazko arauak identifikatu ahal izan ditut. Halaber, jaso diren datuei esker, testu-generoak hautatzeko orduan jarraitu den politika ezagutu daiteke.

ETB-1 (2006) Katalogoa 1.611 erregistroz osaturik dago. Erregistro kopuru hori beste horrenbeste programaren emanaldiei dagokie, programa hori estreinako aldiz edo berriz eman den alde batera utzita. Jarraian, ETB-1 fitxak daukan informazioaren analisi estatistikoa eskaintzen da:

Datuek erakusten dutenez, marrazki bizidunak gainerako genero guztien gainetik nabarmen baino nabarmenago ageri dira (%68). Gailentasun hau, jadanik ETB-1 (1983-1992) Katalogoan ere nabaria baitzen (lehen hamar urte horietan marrazki bizidunek ETBko kanpo programazioaren %36 hartzen zuten), areagotu egin da 2006. urtean eta %68raino iristea lortu du. Hortaz, bada, datu hauek egiaztatu egiten dute gure hasierako hipotesia, hots, ETBk lehentasun osoa eman ziela eta oraindik ere ematen diela marazki bizidunei beste genero batzuen aurretik. Egia esateko, marrazki bizidunek fikziozko genero guztien %93,90 osatzen dute. Fikzioko generoen beste muturrean film luzeak kokatzen dira, kanpo produkzioaren %1 besterik ez baitute hartzen.

Orain marrazki bizidunak aztertzeari ekingo diot, genero nagusia den aldetik.

– Marrazki bizidunak

Marrazki bizidunen generoa 1.094 programak osaturik dago. Genero hau hiru azpigenerotan banatu dut: animaziozko telesailak, animé eta animaziozko zinema. Horrela, bada, bigarren grafikoan ikus daiteke nola animaziozko telesailak eta animé azpigeneroek marrazki bizidunen programa gehienak bereganatzen dituzten eta nola animaziozko zinema azpigeneroaren presentzia anekdotikoa den (egiaz ere, oporraldietan, bereziki Aste Santuan eta Gabonetan, baino ez ohi dituzte ematen).

  • • Animaziozko telesailak

Animaziozko telesailei dagokienez, katalogoak 629 erregistro bildu ditu, genero honetako beste horrenbeste telebista-emankizuni dagozkionak.

Datuek argi erakusten dituzte bi alderdi hauek: batetik, Estatu Batuetako produkzioen nagusitasuna, eta, bestetik, nazioarteko koprodukzioen presentzia, gaur egungo ekoizpen zinematografikoan gero eta ohikoagoa den lankidetza eredua hain zuzen. Koprodukzioen artean franko-kanadiarrak eta franko-estatu batuarrak nagusitzen dira, lau telesail guztira. Animaziozko telesailen jatorrizko hizkuntzari dagokionez, telesailen %70ek ingelesa dute sorburu hizkuntzatzat; frantsesa dutenena %9 besterik ez da.

  • • Animé

Azpigenero honi dagokion erregistro kopurua 445ekoa da. Logikoa denez, sustraiak Japoniako kulturan dituen genero bat izaki, telesail guztiak herrialde horretatik datoz. Halere, sorburu hizkuntza japoniera den arren, Euskal Telebistaren kasuan ez da hizkuntza horretatik itzultzen euskarara, baizik eta bitarteko hizkuntza batzuetatik, gehienetan gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenen bitartekotzaz baliaturik.

  • • Animaziozko zinema

Ikergaia den aldian ETBko lehen kanalak eman zituen animaziozko filmak 21 izan ziren. Animaziozko zinemaren sorburu hizkuntzei dagokienez, ostera ere ingelesa gailen ageri zaigu; izan ere, hogeita bat produkzioetatik hogeik dute ingelesa sorburu hizkuntza eta batek soilik frantsesa.

4- Katalogotik ETB-1 (2006) Corpus 1era

Katalogoari esker aztergai den corpusaren gaineko ikuspegi orokorra lortu dut. Hurrengo urrats metodologikoak eramango nau aski adierazgarria izango den testu-multzo bat hautatzera. Fase honetan azpimarratu beharra dago katalogoak berebiziko garrantzia duela funtsezko lanabes metodologikoa eta ikerketak oinarri duen harkantoi nagusia den aldetik :

Los catálogos TRACE permiten recorrer el largo camino hacia una selección textual que se pueda considerar suficientemente representativa no sólo en términos de cantidad, sino también de calidad de la muestra seleccionada (Toury 1995 y 1997). Cuanta más información se obtenga sobre las traducciones realizadas en un determinado periodo y cuanto mejor clasificada y ordenada esté, más completo y fiable será nuestro estudio. (Gutiérrez Lanza, 2005:58).

Egiaz ere, ikerlan honetako fase honetan heldu behar diodan arazo nagusia hau da: testuen analisi deskriptiboa egiteko hautatuko ditudan testuen adierazgarritasun maila. Horren haritik, katalogoari esker ezagutu ahal izan dut ikus-entzunezko zein testu mota emititu diren ikergaiaren aldian eta zenbat. Katalogoak eskaintzen duen ikuspegiari esker, uste dut ikergaiaren hautaketa edo lagina aski fidagarri eta adierazgarria izanen dela.

4.1. ETB-1 (2006) Corpus 1 eraikitzeko irizpideak

Rabadanek eta Merinok diotenez, corpusak testu-multzo antolatuak dira, hautaketa irizpide batzuen arabera ordenatzen direnak (Rabadán eta Merino, 2004: 24). Ikerlan honetan ere ETB-1 (2006) Katalogoan bildu eta sailkatu diren datuak definizio horrekin bat etorririk eta corpusetan oinarritutako metodologia deskriptiboaren arabera antolatu dira. Katalogoan ikusitako erregulartasunak aintzat harturik, hemen gero aipatzen diren hautaketa irizpideak ezarri ditut, testu-multzo adierazgarriak aukeratzeko balioko dutenak. Testu-multzo adierazgarri horiek azterketa deskriptiboa egiteko hautagaiak izan daitezke (Corpus 1):

a) Genero-nagusitasuna
Fikzioaren generoa (kanpo produkzioaren %72,33) nabarmen baino nabarmenago ageri da dokumental eta programa hezigarri eta dibulgaziozko generoen gainetik (%26,74). Datuetan deigarrienetakoa fikzioaren generoa ia bakarrik marrazki bizidunek osatuta egotea da (%93,90). Bestaldetik, kanpo programazioa bere osotasunean hartzen bada, garbi ikusten da 2006. urtean zehar emititutako programa guztietatik ia %68 marrazki bizidunen generoari dagokiola.

b) Azpigeneroa
Animaziozko telesailek (%57,49) eta animé telesailek (%40,68) marrazki bizidunen %98,17 hartzen dute. Animaziozko zinemaren presentzia, beraz, hutsaren hurrengoa da ia.

c) Ikus-entzunezko materialaren jatorria
Estatu Batuak dira animaziozko telesailen, animaziozko zinemaren eta film luzeen herrialde esportatzaile nagusia. Orobat, animaziozko telesailen eta zinemaren kasuan, gero eta handiagoa da nazioarteko zinema-koprodukzioen kopurua: katalogoan 9 dira animaziozko telesailen koprodukzioak eta 15 Estatu Batuetakoak. Koprodukzioen presentziaren arrazoia Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak kudeatzeko Erakundeak ematen digu: «con el fin de poder afrontar un modelo financiero que, por diversas circunstancias, necesita cada vez más diversificar los riesgos de la inversión y, a su vez, ampliar las opciones de mercado» (EGEDA, 2006: 548).

d) Sorburu hizkuntza
Euskarara itzuli eta euskaraz bikoiztu diren produktu gehienen sorburu hizkuntza AEBetako ingelesa da. Era berean, nazioarteko koprodukzioek ere ingelesa erabiltzen dute euren produktuek nazioartean zabalkunde handiagoa izan dezaten.

e) Merkaturatzea
Katalogoan bildutako ikus-entzunezko produktu batzuk DVD euskarrian merkaturatu dira. Horrela, produktuak errentagarri bihurtzeaz gain, jende kopuru handiago baten irispidean jartzen dira.

f) Itzultzaile-egokitzaile eta bikoizketa etxe desberdinak
Hautatutako testuak hainbat itzultzailek itzuli-egokitu eta hainbat bikoizketa etxetan grabatuak izatea interesatzen zitzaidan. Irizpide honi esker ezagutu ahalko ditut itzultzaile-egokitzaile bati baino gehiagori eta bikoizketa etxe bati baino gehiagori egotzi ahal zaizkien jokaera errepikariak (esan gabe doa ikus-entzunezko itzulpena talde lan baten emaitza dela). Gainera, testu horien adierazgarritasun maila ere handiagoa izango da.

g) Eskuragarritasuna Aipatu berri ditudan hautaketa irizpide guztiak ikus-entzunezko testuen eskuragarritasunaren mende daude. Hain zuzen ere, testuen eskuragarritasuna murrizketa erabakigarria da Corpusaren egitura baldintzatu dezakeelako. Hautaketa ahalik eta adierazgarriena izan dadin, nahi beste irizpide ezarri ahal diren arren, guztiarekin ere, sorburu eta xede hizkuntzetako gidoiak eta dagozkien ikus-entzunezko euskarriak eskura ez badaude, ikerketa mugatuta geratuko da hein handi batean.

5- ETB-1 (2006) Corpus 1

Aipatu irizpideak kontuan harturik, azterketa konparatiboa hartuko lukeen ikus-entzunezko testuen eredua animaziozko telesail bat izango litzateke, jatorriz estatubatuarra edo koprodukzioan ekoiztua, sorburu hizkuntza ingelesa duena eta euskaraz bikoiztu ondoren, 2006an zehar ETB-1ek emititu duena. Halako testu bat da, ezbairik gabe, ETB-1 (2006) Katalogoaren eredu guztiz adierazgarria.

Lehen aipatu bezala, irizpide horiek ez ezik materialaren eskuragarritasuna ere aintzat hartu beharra dago, hau da, postprodukzioko jatorrizko gidoiak eta itzulitako gidoiak izatea, bai eta dagozkien ikus-entzunezko euskarriak, gehienetan VHS edo DVD euskarrian. Nolanahi ere, jatorrizko gidoirik izango ez bagenu, beti dago testuak transkribatzea, nahiz eta lan luze eta neketsua izan. Ez da berdin gertatzen ikus-entzunezko euskarria eskura ez dugunean, izan ere bakarrik sorburu eta xede hizkuntzetako gidoiak alderatzen dituen azterketa deskriptiboa ez dago justifikatuta. Ikus-entzunezko itzulpengintzaren berezitasuna dela eta, edozein azterketak irudiak eta haien esanahi semiotikoa analizatu behar ditu, ikus-entzunezko testuetan irudiek eta hitzek elkarri eragiten baitiote, eta, beraz, itzulpen arazoei aurre egiteko gainerako itzulpen motetan ez bezalako estrategiak jarraitu behar dira. Ikus-entzunezko testua bi komunikazio kanaletatik transmititzen da, entzunezkotik eta ikusizkotik, eta, hortaz, testuaren azken esanahia bi kanalen arteko harremanek sortzen dute. Bi kanalok eskura ez izateak ikus-entzunezko itzultzaile-egokitzaileek hartu dituzten erabakien zergatiak alde batera uztera eraman gaitzake, bereziki erabaki horiek testuaren irudiekiko mendekotasuna dela eta hartu badira.

Ondorioz, ikerlan honetako Corpus 1, hots, katalogoan dauden eta aipatu ezaugarriak dituzten testu potentzialak, ingelesa sorburu hizkuntza duten 29 postprodukzioko gidoik osatuta dago, euskarara itzuli-egokitutako beste horrenbeste gidoirekin, dagozkien ikus-entzunezko euskarriekin batera. Corpus 1ek hartzen duen emisio denbora 435 minutukoa da, hau da, 7 ordu eta 30 minutukoa.

6- ETB-1 (2006) Corpus 2

Corpus 1 mugatu ondoren eta haren tamaina ikusita, beharrezkoa da txikiagoa baina oraindik ere adierazgarria den lagin bat aukeratzea: Corpus 2, aztertu eta alderatuko diren testuek osatua.

Lehenago aipatu diren hautaketa irizpideei jarraiki, ikus-entzunezko bost testu aukeratu dira. Ikus-entzunezko bost testu horiek bi testu multzo hauetan sailkatuta daude:

1) Braceface─Burdin Aho: testu multzo hau ikus-entzunezko 4 testuk osatuta dago: ingelesa sorburu duten postprodukzioko bi gidoik (SG) eta gidoi horien euskarazko itzulpenek (XG), ikus-entzunezko euskarriekin batera:

2. taula: BF/BA Corpus paralelo elebiduna
SG XG HERRIALDEA URTEA BIKOIZKETA ETXEA IRAUPENA

CrushedMaiteminezKanada + AEB2001IRUSOIN21 min

5 Things that really bug me about youBost akats gogaikarri dituzuKanada + AEB2001IRUSOIN21 min

2) Totally spies─Berebiziko espioiak: testu multzo hau ikus-entzunezko 6 testuk osatuta dago: jatorrizko hiru gidoi (SG) eta dagozkien xede gidoiak (XG), ikus-entzunezko euskarriekin batera.

3. taula: TS/BE Corpus paralelo elebiduna
SG XG HERRIALDEA URTEA BIKOIZKETA ETXEA IRAUPENA

Fugitive SpiesIheseanAEB + Frantzia2001K200021 min

Silicon Valley girlsSilicon haraneko neskakAEB + Frantzia2001K200021 min

Escape from Woohp IslandWoohp uhartetik ihesiAEB + Frantzia2003K200021 min

Hortaz, bada, ETB-1 (2006) Corpus 2 10 gidoik osatuta dago: ingelesa sorburu hizkuntza duten 5 gidoik, ikergai diren telesailen beste horrenbeste kapituluri dagozkionak, eta jatorrizko gidoien euskarazko itzulpenek. Emisio denbora ordubete eta 45 minutukoa da guztira.

7- Ondorioak

Orri hauetan zehar ETB-1 (2006) Katalogoaren sorrera eta azterketa konparatiboa hartuko duen testu corpusa ezartzeko jarraitu beharreko urrats metodologikoak aurkeztu ditut. Katalogoa ikerketa prozesuaren giltzarria da, izan ere katalogoak erakusten dituen erregulartasunei esker testuak hautatzeko irizpide batzuk ezarri ahal izan dira. Horrela, aztergai izango diren testuen hautaketa datu enpirikoen bidez egiten da, halako moduan non hautaketa justifikatuta geratzen baita eta arbitrariotasuna erabat saihesten baita.

Corpusetan zimendatzen den metodologia deskriptibistak ikerketaren zehaztasuna eta arrakasta bermatzen ditu. Ikerlan honetan lortu diren datuek argi erakutsi dute metodologia honen baliagarritasun eta potentzialitatea. Halaber, datu horiek testuekin ez ezik testuinguruarekin ere lotutako hainbat alderdi agertzen dituzte. Alderdi horietan sakonduta, euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintzaren errealitate soziokulturala kartografiatu ahal izan dut. Eta etorkizunari begira esan behar metodologia honek ikergai berriak aztertzeko datuak eskaintzen dizkiela ikertzaileei.

BIBLIOGRAFIA

AGOST, R. (1999): Traducción y doblaje: palabras, voces e imágenes. Bartzelona: Ariel.

BARAMBONES, J. (2005): «Catálogo de productos audiovisuales traducidos y doblados al euskera para ETB-1: 1983-1992». Ikerlan argitaragabea.

——— (2006): «A historical survey of Basque Television Foreign Programming: 1983-1992», in Mercator Media Forum, Volume 9. Aberystwyth: University of Wales, 59-68.

——— (2009): «La traducción audiovisual en ETB-1: estudio descriptivo de la programación infantil y juvenil». Doktorego tesia.

BETTETINI, G. (1986): La conversación audiovisual, De Vicente Ponceren itzulpena. Madrid: Cátedra (Signo e Imagen bilduma).

CEBRIAN HERREROS, M. (1992): Géneros informativos audiovisuales. Madrid: Ciencia 3.

CHAUME, F. (2004): Cine y traducción. Madrid: Cátedra (Signo e Imagen bilduma).

EGEDA (2006): Panorama audiovisual 2006. Madrid: EGEDA, Entidad de Gestión de Derechos de los Productores Audiovisuales.

GÓMEZ-ESCALONILLA, G. (1998): La programación televisiva en España. Estudio de las parrillas de programación televisiva española desde 1956 a 1996 (sarean). Doktorego tesia, Universidad Complutense de Madrid.

GUTIÉRREZ LANZA, (1999): Traducción y censura de textos cinematográficos en la España de Franco: Doblaje y subtitulado inglés-español (1951-1975). León: Universidad de León. Doktorego tesia.

——— (2005): «La labor del equipo TRACE: metodología descriptiva de la censura en traducción», in Raquel Merino et al (arg.), Trasvases culturales: literatura, cine, traducción, Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea UPV-EHU, 55-64.

——— (2007): «Traducción inglés-español y censura de textos cinematográficos: definición, construcción y análisis del Corpus 0/Catálogo TRACEci (1951-1981)», in Merino, R. (arg.) Traducción y censura en España (1939-1985). Estudios sobre corpus TRACE: cine, narrativa, teatro. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 197-240.

LUYKEN, G. M. (1991): Overcoming Linguistic Barriers in Televisión. Dubbing and Subtitling for the European Audience. Manchester: The European Institute for the Media.

MERINO, R. (1994): Traducción, tradición y manipulación: teatro inglés en España 1950-1990. León: Universidad de León; Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.

——— (2003): «Traducciones censuradas inglés-español: del catálogo al corpus TRACE (teatro). In: Muñoz, R. et al. (arg.), Actas del Primer Congreso de la Asociación Ibérica de Estudios de Traducción e Interpretación, AIETI. Granada (CD-Rom).

PEREZ L. HEREDIA, M., (2004): Traducciones censuradas de teatro norteamericano en la España de Franco (1939-1963). Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea. Doktorego tesia.

RABADÁN, R. eta MERINO, R. (2004): «Los Estudios de Traducción: la disciplina y el marco epistemológico», in TOURY, G. (2004) Los estudios descriptivos de traducción y más allá. Metodología de la investigación en estudios de traducción. Madrid: Cátedra, 17-33.

TOURY, G. (1978/revised 1995): «The Nature and Role of Norms in Translation», in Venuti, L. (ed.) (2000), The Translation Studies Reader. Londres/New York: Routledge, 198-211.

——— (2004): Los estudios descriptivos de traducción y más allá: Metodología de la Investigación en Estudios de Traducción (R. Rabadán eta R. Merinoren itzulpena eta argitalpena). Madrid: Cátedra.

WOLF, M. (1984): «Géneros y televisión». Análisi 9, 189-198.


Oharrak

1. Ikerketa-proiektua: FFI2008-05479-C02-02, "Traducciones censuradas inglés/alemán español (TRACE 1939-1985): Estudios sobre catálogos y corpus", Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa.

2. La traducción audiovisual en ETB-1: estudio descriptivo de la programación infantil y juvenil (2009).

3. Ikus http://www.ehu.es/trace eta http://trace.unileon.es

4. TRACEn katalogoei ere Corpus 0 deitzen zaie, izan ere katalogoetan biltzen baitira aztertu eta konparatu ahal diren testu guztiak. Ikus Gutiérrez Lanza, 2005:57 eta 2007:198.

5. Telebistako emanaldien ikus-entzuleen kopurua neurtzen espezializatua den enpresa. Espainian enpresa honek erabiltzen duen sailkapen-sistemak homologazio mailarik handiena du.

6. TRACE egitasmoa hiru talde nagusiren inguruan antolaturik dago: TRACE narratiba, TRACE zinema eta TRACE antzerkigintza. Orain arte talde bakoitzak hainbat katalogo osatu du eta aurretik, beste taldeek egindako lanean oinarrituta, bere fitxa propioak diseinatu ditu.

7. Tesia gaztelaniaz egin da eta horregatik ageri da fitxa hizkuntza horretan.