Editoriala
Artikulua PDFn
Mundua errateko aditzak
Aspaldi ikasi genuen itzulpengintza ez daitekeela neutrala izan. Ezta itzultzaileak ere. María Reimóndezen hitzetan, itzultzailea «testu edo komunikazio-egintza batera bere ideologiarekin hurbiltzen den bitartekari bat» da. Eta horrek erantzukizun bat dakar, itzultzaileak hautatzen eta erabakitzen baitu zer hitz, esapide, hizkuntza-molde eta erregistro baliatuko dituen hizkuntza batean sorturiko testu, esaldi edo dena delako informazioa xede eta indar berarekin irits dadin beste hizkuntza bateko irakurle, entzule eta orobat hartzaileengana. Hau da, jatorrizko mezua hizkuntza batetik bestera aldatzeaz gain, itzultzailearen esku dago hura nola eman ere. Ez baita gauza bera kale baten izena itzultzean Galletaginen etorbidea ala Andre galletaginen etorbidea hautatu.
Itzultzea ez da ariketa neutral bat, beraz. Ez da sekula izan. Aline Scátola brasildar itzultzaile eta interpreteari irakurri diogunez (ikus «Traduzir e transformar: a tradução na construção do feminismo internacionalista», Capire ekimenaren webgunean), kolonialismoak subjektu marjinatuak esplotatzen zituen itzultzaile- eta interprete-lanetara behartuz, betiere xede kolonialistak erdiesteko asmoz: gerora Brasil izanen zen lurraldean, XVI. mendeaz geroztik, europarrek komunitate indigenetara bidaltzen zituzten preso portugaldarrak, haien hizkuntzak ikasi eta hartara inbaditzaileen interesen alde interprete eta bitartekari jardun zezaten. Era berean, indigenak bahitu —haietariko asko emakumeak— eta Europako herrialdeetara eramaten zituzten, hango hizkuntzak eta ohiturak ikasi eta asmo kolonizatzaileen mesedetan erabiltzeko; eta portugaldar jesuitek tupi hizkuntzak ikasi zituzten, bestelako xede menderatzaileak tarteko, testu erlijiosoak itzuli eta kristauak ez zirenak kristautasunera konbertitzeko. Horra itzulpengintza kolonialismoaren zerbitzutan.
Dena den, zapalkuntzarako ez ezik, erresistentziarako tresna ere izan daiteke itzulpengintza. Scátolak honela dio:
Nazioarteko topaketetan, hedabide kontrahegemonikoetan, testu eta material politikoen zabalkundean edo mobilizazioetan, helburu amankomunak dituzten eragileek itzulpena (eta interpretazioa, hau da, ahozko itzulpena) balia dezakete beren borrokei nazioartean ikusgaitasuna emateko, elkarrekin hitz egiteko eta gramatika politiko amankomunak sortzeko, elkartasuna sustatzeko, informazioa eta borrokarako planteamendu eta esperientziak partekatzeko, narratiba hegemonikoari aurre egiteko, eta eragin politikoa nazioartean salatu eta sendotzeko.
[…]
Hala izan dadin, ezin da esan itzultzea besterik gabe denik diskurtso bat hizkuntza batetik bestera aldatzea, ezin zaie ez ikusiarena egin hizkuntzen artean eta are sistema politiko-linguistiko-kultural baten barrenean ere eratzen diren erlazio konplexuei. Diskurtso orok du karga ideologikoa. Botere-harremanek, asimetriek, kultura-errepertorioek eta herri-jakintzek hizkuntzak zeharkatzen dituzte, baita hizkuntza berean mintzatzen diren pertsonen artean ere. Hizkuntzen artean, tentsio horrek bestelako konplexutasunak dakartza, are gehiago hizkuntza hegemoniko eta ez-hegemonikoen artean, subjektu boteredunen eta subjektu marjinatuen artean. Horregatik, garrantzitsua da itzulpen-prozesuaz kontzientzia hartzea: zer testu aukeratzen diren itzultzeko, nondik eta zertarako itzultzen diren, zer ondorio dituzten diskurtso mailako hautuek. Itzulpena, beraz, diskurtsoak testuinguruan birkokatzeko praktika etiko eta politikotzat hartu behar da, eta sortzen diren tentsioak aintzat hartzekoak dira noski, baina baita eskaintzen dituen potentzialtasunak ere.
Itzultzea eta interpretatzea bera, hortaz, garrantzizko hautuak izan daitezke testuinguru batzuetan, are erresistentziazko keinuak ere. Era berean, baina, ez itzultzea eta ez interpretatzea ere erabaki bat da, ondorio ez nolanahikoak dakartzana. Pantailak Euskaraz ekimenak salatu zuenez, 2025ean, filmen % 2 eman zuten euskaraz Euskal Herriko zinema-areto komertzialetan; gaztelaniaz eta frantsesez, berriz, % 100, izan jatorrizko bertsioan, izan bikoiztuta, izan azpititulatuta. Horrek zera esan nahi du, gainerako % 98a ez zutela euskarara itzuli.
Ez itzultzeaz ari garela, Larraitz Ugarte abokatuak 2025eko azaroan salatu egoera datorkigu burura (ikus «Benetako ipuina», Gara egunkarian): epaiketa batean jatorri pakistandarreko emakume batek euskaraz deklaratu nahi, eta ezin, «itzultzailerik ez zegoelako». Alegia, egoera jakin batzuetan eta hizkuntza jakin batzuetatik ez itzultzea ere bada boterea adierazteko modu bat; halako kasuetan, alde baten boterea nabarmen geratzeaz gain, orobat nabarmen geratzen da nor den mendekoa, zapaldua, gutxietsia.
Bestalde, hizkuntzak edo komunitateak zigortzeko beste estrategia bat edukiak gaizki itzultzea da. Adibide franko aipa genitzake, espazioan eta denboran urrutira joan gabe; esate baterako, aurtengo maiatzean Gasteizko LEP batean gertatuaren berri eman zigun Amaia Gordobilek (ikus «‘Haragi-tamaina’ duen azterketa», Alea aldizkarian): kexu zen euskarazko azterketak akatsez josiak zeudela eta (zehazki, «hogeita hamahiru errata, hiru akats sintaktiko eta zentzurik gabeko bost esaldi» zenbatu zituen berak), baita azterketariei bozgorailuetatik emandako mezuetan hutsegiteak izan zirelako ere, euskararen eta euskaldunen kaltetan beti. Urtzi Urkizuk Espainiako Clan atariko edukien azpitituluen kalitate eskasa salatu zuen apirilean: «Ahalik eta bizkorren eta merkeen egin nahi dute» (ikus «Clan atariko azpidatzien kalitatea, auzitan», Berria egunkarian). Haizea Barcenillak Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Kultura Sistemaren Lege Aurreproiektuaren euskarazko bertsioa ekarri zuen hizpidera apirilean (ikus «Oinarrizko eta oinarrizko», Berrian): «[I]tzulpena hain delako penagarria, tarteka zentzua ere galtzen baitu». Eta abar. Etengabe ari zaizkigu eskaintzen euskarazko itzulpen haluzinatuak, diru publikoz gainfinantzaturiko digitalizazioaren eta robotizazioaren bedeinkazioarekin eta gure hizkuntzaren kalterako, eta hori ere bada, noski, euskara eta euskaldunak beheratzeko, azpiratzeko eta mespretxatzeko modu bat.
Izan ere, ia okitzeraino errepikatzen digute euskarak ere existitu behar duela mundu digitalean, roboten iraultzarekin bat egin behar dugula, erronka berriei heldu behar diegula, ezin dugula tren hau galdu, tu tiruta, eta ez dugu ukatzen ikasten eta ikertzen segitu behar dugunik, baina geure buruari galdetu beharko genioke, Lamia Filali-Mouncef Lazkanok dioen bezala, ea horiek al diren «euskarak behar dituen elkarrizketak» (ikus sarrera 31 eskutik blogean). Ez horiek soilik, esanen genuke guk (eta hala defendatzen du berak ere sarrera horretan), eta ez edozein preziotan. Zeren, Laura Marajofsky kazetariak gaztigatzen digunari helduz, «posible da tresna horiek ulertzea, ederki ikastea eta are ez erabiltzea erabakitzea, ez dutelako bat egiten geure balioekin edo haien erabilerak, profesional anitzi gertatu zaien bezalaxe, kalte egiten diolako geure bizitzari» (ikus «El extractivismo humano detrás de la IA», Pikara aldizkarian, 2026ko ekainaren 3an). Alegia, zilegi da ez erabiltzea ere, baditugu arrazoiak ezetz esateko, ez ditugula erabili nahi, ez dugula ahazten zer dagoen haien atzean eta nor dagoen haien gainean, haien helburua ez dela inondik inora ere itzultzaileoi lana erraztea eta hizkuntza guztiek aukera berak izatea baizik eta oroz gain etekin ekonomikoak lortzea, bost axola zaiela gure sektorea prekarizatzea, langileak esklabizatzea makinak elikatzeko, datuak inongo erreparorik gabe lapurtzea eta baliabide naturalak xahutzea.
Betiere, kontuan izan behar dugu egiten dugunak zein egiten ez dugunak ondorioak dituela besteengan, hau da, gure erabakiek ardura kolektiboak dakartzatela. Zentzu horretan mintzo da Deborah do Carmo lege-itzulpenean espezializaturiko abokatua ere (ikus «An Open Letter to Colleagues: We Are Not Mops» artikulua): «Zeren, norberak makina bidezko itzulpena erabili edo postedizio-lanak egin zein ez egin, merkatuaren dinamikek guztiongan dute eragina. Bezeroei espektatibak sortzen dizkiete, eragina dute tarifetan, eta itzulpen-lana orokorrean nola baloratzen den definitzen dute. Kontua ez da ea zuk edo nik halako lanak onartzen ditugun. Kontua zera da: nolako lanbidea nahi dugu?».
«Arraintxo txiki bakartuak» garela zioen Eider Beobide Urkizarrek (ikus «zure lana adimen artifiziala lantzeko denean» sarrera 31 eskutik blogean), «ozeano erraldoiari begira, erdi itota», baina birikak puztu, burua urpetik atera, eta ozen esan dezagun hezur-haragizko itzultzaileok itzulpenen bidez hizkuntza hornitzen, aberasten eta hezurberritzen dihardugula, hura sinpletzen, uniformizatzen, kamusten eta gezurberritzen duten tresna automatizatu haluzinatuen aldean. Itxaro Bordak esanen lukeen bezala, «mundua errateko aditzen bila» gabiltza.
Lanean dihardugu, etengabe ikasten eta gogoeta egiten. Eta lan eta gogoeta horren puska bat dakargu aurtengo Senez honetara: 19 egile eta 19 artikulu bildu ditugu aurten guztira. Lehenik, lagun maiteak gogoan, Patxi Apalategi, Edorta Matauko eta Patxi de Vicente oroitzeko artikulu bana ondu dute Felipe Juaristik, Hedoi Etxartek eta Inma Erreak, hurrenez hurren: «Patxi Apalategi, Madame Bovaryren egilea», «Edorta Matauko: autoak eta bizikletak» eta «Lanbidean adiskide: Patxi de Vicente Arbeloaren oroimenean».
Behinola ikasle eta irakasle izanak elkarrizketatzaile eta elkarrizketatu bilakaturik, Maitane Uriartek Koldo Biguriri egindako elkarrizketa mamitsua dakargu ondoren: «Bi belaunaldiren arteko elkarrizketa: Koldo Biguri, aitzindariei omenaldi xume bat».
Literatura itzuliaren itsasoan barrena, zira erantzi eta Ocean Vuong vietnamdar poetaren lana ezagutuko dugu Ane Garciaren eskutik («Ocean Vuong: desira eta galera»). Aingeru Epaltzak, itzultzaile- eta idazle-eskarmentua abiapuntutzat harturik, gogoeta egin du Felix Urabayenen Auzo madarikatuaren itzulpenaz («Auzo madarikatuaren bedeinkazioa»), eta Leire Vargasek, berriz, mapak mahai gainean zabaldu eta Elizabeth Bishopen poemak euskaratzean bidean aurkitutako mugarrien berri eman digu («Mapagileari segika: Elizabeth Bishopen poemak euskaratzen»). Poesiaren putzutik atera gabe, Munduko Poesia Kaierak bilduma xehe-xehe aztertu digu Garazi Goldarazenak («Euskal poesia itzulia: Munduko Poesia Kaierak bildumaren azterketa»). Begi-belarriak zabaldu, eta gazte-literaturako itzultzaile gazte baten kontuak irakurriko ditugu ondoren, Ainhoa Mendiluzek Minaberri bekaz baitihardu «Utzi kontatzen zer den Minaberri beka» artikulu jakingarrian. Ur sakonetan segituz eta txoko ezkutuak bistaratuz, manga komikiaren itzulpenean murgilduko gara Iker Álvarezen eskutik: «Manga euskaratzen: erronkak eta erabakiak (ia) aurrekaririk gabeko eremu batean». Jon Alonsok ezarri du, umorea eta gogoeta uztartuz, literatura-itzulpenaren ataleko azken tanta: «Hanka-sartzeen antologia txiki bat».
Ikus-entzunezko itzulpenaren zipriztinak ere iritsi zaizkigu, eta, hala, denboraren gurpilean sartu eta telesail bateko azpitituluen itzulpenaren atzean dagoen lan eskergaz jabetuko gara, Leire Chertudiren artikuluari esker: «Denboraren gurpila telesailaren azpitituluen euskarazko itzulpenaren nondik norakoak».
Interpreteen ahotsak ere ozen datozkigu aurtengo aldizkarian, eta, batetik, Quebecen etorkin hispanoekin egiten duen interprete-lanaz arituko zaigu Aiora Jaka («Interpretazio soziala: Quebecen bizi diren etorkin hispanoentzako interprete-lana eguneroko egoeretan»), eta, bestetik, soinuaren kalitateak aldibereko interpretazioan duen garrantzia azpimarratuko digu Amaia Orbek: «Soinuaren kalitatea aldibereko interpretazioan: oinarrizko gaitasun tekniko-akustikoak eta autonomia profesionala».
Beste putzu batzuetara jauzi eginez, neutraltasunaren amuari heldu eta genero-markak euskaraz ematean egiten diren hautuak ikertu ditu Jone Bakaikoak («Neutraltasuna eta hautuak: genero-markak Danele Sarriugarteren itzulpenetan»), eta adimen artifizialaren zingiran ez itotzeko arrastoan jarriko gaitu María Reimóndezek, beste itsasargi bat 13 urte geroago (aquí seguimos tecendo redes humanas e rebeldes!): «Amets kolonialak, errebeldia kolektiboak: itzulpenaren, interpretazioaren eta AAren gaineko ikuspegi feminista eta dekolonialak».
Zingira berean igerian segituz, zenbait aholku bildu ditu Alaitz Zabaletak «Nola bihurtu adimen artifiziala itzultzaileon laguntzaile» artikuluan, eta Nora Aranberrik, berriz, ikerketa baten emaitzak laburbildu dizkigu: «Edukia eta indarra: intentsitate emozionala euskarazko itzulpen automatikoan».
Azkenik, liburu baten gomendio freskoa idatzi digu Jone Atxak: «Interprete baten intimitateak».
Beraz, Angel Erroren hitzak parafraseatuz («Gaur ere, egunero bezala, etorkizunera iritsi gara», Lerro etena, 98. or.), aurten ere esan dezakegu, urtero bezala, etorkizunera iritsi garela. Aurten ere, urtero bezala eta urtebeteren buruan, kalean dugula Senez aldizkaria. Berrogeita hamazazpigarrena. Egileoi, erredakzio-taldeko lagunoi eta irakurleoi esker. Eskerrik asko denoi eta heldu den urtera arte.
Amaia Apalauza Ollo


