'Aliceren Abenturak Lurralde Miresgarrian' liburuaren itzulpena dela eta, ohar batzu
Artikulua PDFn
1. Sarrera
Alice's Adventures in Wonderland euskaratzeko ideia duela bi urte pasa sortu zen, eta urte t'erdi pasa da gauzatzen hasi zenetik. Egia esan, nire lehenengo asmoa Through the Looking Glass itzultzea zen, gehiago erakartzen ninduelako, baina arrazoi batzu izan zirela eta, Xabier Etxanizen aholkua tartean, hasieratik hasi behar zen, eta premiak lehenengo obra ekartzea eskatzen omen zuen. Bila aritu ondoren, azkenik lortu nuen jatorrizko edizio bat (liburu biak biltzen dituena, hain zuzen), eta bestelako lan batzuek astia utzi zidatenean itzultzeari ekin nion. Beranduago, hiru kapitulu edo euskaratuta neuzkala Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bat jaso nuen eta horrek, noski, kemena eraberritu zidan lanarekin aurrera jotzeko. Esperientzia zirraragarria izan dela aitortu behat dut, eta horren berri emateko helburuz hasiko naiz historia piska bat egiten.
Orain, liburuak izen berri bat dauka euskaraz, Aliceren Abenturak Lurralde Miresgarrian, eta ahal dela izen hori erabiliz aipatuko dugu. Liburuaren egilea, jakina denez, Lewis Carroll ezizenez ezagutzen dugun Ch. L. Dogson jaun apeza (1832-1892) izan zen, eta liburua 1865. urtean argitaratu zen lehen aldiz.
2. Zer da Alice in Wonderland?
Baina, zer da Aliceren Abenturak Lurralde Miresgarrian hau? Egia esan, era guztietako saiakerak idatzi dira liburu honen gainean, eta ez ditugu hemen deskubrituko. Laburbilduz, esan dezagun hasteko haur liburu bat dela, Alice Liddell neskari idatzitakoa hain justu ere, ibaian zehar egindako txango batean kondatu zionaren bertsio idatzia eta borobildua; horregatik, ez da oso ondo ulertzen zer esan nahi duen Anjel Lertxundik jatorriz helduentzat idatzia izan zela dioenean:
«Eta sarritan baino sarriagotan nahiz egileak jende helduarentzat idatzi, haurrak bere egiten du literaturaren historian zehar agertzen den zenbait obra. Carroll Lewis-ek ez zuen haurrentzat idatzi bere «Alizia»...» (Haur literaturaz, Iturriaga Saila. Erein)
Normalean, Gulliverren bidaiak, edo Lertxundik berak geroago aipatzen duen Moby Dick izaten dira horren eredutzat jarri ohi direnak.
Bigarrenez, tituluan bertan azaltzen denez, abentura liburua da: ametsaren baliabide ezaguna dela medio, Lurralde Miresgarrian sartzen da Alice, dena aldrebestuta dagoen eroen mundu batean, eta han gorabehera ugari gertatzen zaio.
Gainera, Lurralde horretan aurkitzen dituen pertsonaia gehienak animaliak dira, alegi egileen tradizioari jarraikiz; beste talde handi bat poker karta pakete batek osatzen du, eta gizaseme bakar bat dago: Sonbreirugilea.
Baina pertsonaia hauek antropomorfoak dira, gure mendeko marrazki bizidun ezagunenetan bezalatsu, eta hortaz kontzepzio mota horren aintzindaritzat hartua izan da Carroll, onerako zein txarrerako; eta alderdi hau aipatu dugunez gero, aitortu egin behar da bestalde zeregin horretan erantzunkizun handia izan duela John Tenniel-ek, jatorrizko edizioari marrazkiak (grabatuak, hobe esanda) jarri zizkion gizonak. Grabatu haiek gorputz bakar bat osatzen dute testuarekin batera, eta gainontzeko edizio garrantzitsu guztien prestatzaileek hala ulertu dute.
Beste ezaugarri bat, hau beharbada gure ikuspuntutik zailen antzematen dena, idatzia izan zen garaiko zenbait elementuren parodiatzea da, hala nola garaiko nesken heziketa arrazionalista, poema batzuren aldrebesketak, bere gizarteko pertsonaia paradigmatiko batzu, eta abar.
Azkenik, inportantea da azpimarratzea liburu hau ez zela idatzi, gure uste apalez, irakurtzeko, ozenki kondatua izateko baizik. Gure tesitxoa bermatzera datozen datuak oso adierazgarriak dira: sintaxi sinplea, esaldi koordinatu ugari eta inguru narratibo minimoa elkarrizketaren nagusitasunaren aurrean. Adibide bat jar dezagun:
Bihotzetako Erregea eta Erregina beren tronoan eserita zeuden haiek iritsi zirenean, inguruan jendetza handia zeukatela: era guztietako txoritxo eta piztitxoak, eta baita karta pakete osoa ere; Xota haien aurrean zegoen, kateaturik, alde bakoitzean soldadu bat begira zeukala; eta Erregearen ondoan Untxi Zuria zegoen, esku batean tronpeta bat eta pergamu erroilu bat bestean. Aretoaren erdi-erdian mahai bat zegoen, eta honen gainean tartaz betetako azpil handi bat; oso itxura ona zeukaten, eta Alicerengan gose handia eragin zuten ikusi eta berehala: «epaiketa bertan behera utzi», pentsatzen zuen, «eta hamaiketakoarekin hasi nahi nuke!». Baina horretarako aukera handirik ez zegoela zirudien, eta beraz bere inguruko guztiari begiratzen hasi zitzaion denbora pasatzeko.
3. Euskal bertsioak
Pasa gaitezen orain ikustera zein den Alicek euskal munduan daukan tradizioa. Alde batetik, bada komiki baterako egindako bertsio bat, Satrustegik moldatua eta Etorkizuna/Abadía de Montserrat argitaletxeak publikatua. Baina agian ezagunena 1979an Hordagok bere «Tximista» sailean ateratako Alizia Herrialde Harrigarrian izenekoa da, nahiz eta zoritxarrez itzultzailearen izena ez den zehazten.
Liburuxka hau bertsio laburtu bat da, seguruena gazteleratik ekarria. Jatorrizko bertsioaren poema gehienak ezabatuak izan dira, eta hamaika kapitulutan geratu da. Hala ere, liburuak izan zuen bere funtzionaltasuna «Tximista» bildumaren barruan, eta ondo moldaturiko euskaraz itzulia dago, nahiz eta huts nabariren bat edo beste izan (esaterako, Grifo hitzerako, hau da, 'alegiazko animalia, erdia arrano eta beste erdia lehoia' iturri aukeratzea).
4. Bertsio berriaren aldaerak
Guk ekarritako bertsioa, aldiz, osoa da, lehen edizioko testua eta bigarrenean gaineraturiko zenbait gauzatxo bilduz, eta goian aipatutako tradizio urri hori zertxobaitean apurtzera dator.
Lehenengo eta behin, titulua. Kontzienteki egindako aukera batzu aldentzen dira tradizio horretatik: hasteko, protagonistaren izena bere horretan utzi da, «Alice», alde batetik jatorrizko izena errespetatu behar delakoan gaudelako, eta gainera ez dugulako uste gaurregungo haurrek aparteko problemarik izango dutenik hitz hori behar den bezala ahoskatzeko. Gero, «Abenturak» hitza ere tartekatu da, honetan ere jatorrizkoari segituz; hitz hau, gaztelaniazko itzulpenean ezik, sartu egin da Europako bertsio inportanteenetan: alemaneraz, Alice's Abenteur im Wunderland; italieraz, Le Avventure d'Alice nel Paese Meraviglie; frantsesez, Les Aventures d'Alice au Pays del Merveilles. Eta azkenik, «Herrialde Harrigarria»ren ordez «Lurralde Miresgarria» proposatu dugu, izen hori egokiagoa iruditzen zaigu, eta moldatzea ohitura kontua delakoan.
Berrikuntza guzti hauen artean problematikoena, dudarik gabe, protagonistaren izenarena da, batez ere deklinabide kasuekin erabiltzen denean. Honetaz ezer erabakirik ez dagoenez, homogeneoagoa iruditu zaigu jatorriz arau fonetikoa dena grafiari aplikatzea; hortaz, «Alice» hitzaren azken grafema bokalikoa denez, aintzat hartu dugu deklinabidearekin jokatzean: Alicek, Aliceri, Aliceren, eta abar. Hau, noski, arazo ortografikoa besterik ez da, eta irakurtzean [álisi, álisen] eta horrela irakurri beharko dira.
5. Itzulpen arazoak
Orain saiatuko gara liburuan zeharreko gainontzeko arazoak aztertzen.
5.1. Maila fonikoa
Maila honetako arazo nagusiak hitz jokuak dira. Hauetariko batzu itzuliezinak dira. Adibidez: 'Do cats eat bats? Do cats eat bats?' and sometimes, 'Do bats eat cats?' (1. kap.).
Beste batzutan, itzulpena nahiko errez ateratzen da:
'I had not!' cried the Mouse, sharply and very angrily.
'A knot!' said Alice always ready to make herself useful,...
— Astakiloa! —oihu egin zuen Saguak, lazki eta oso asaldaturik.
— Korapiloa! —esan zuen Alicek beti laguntzeko prest...
Eta askotan erdibide bat hartu behar izan dut: «A Caucus-Race and a Long Tail» (3. kapituluaren titulua), euskaraz ez da «buztana» eta «ipuina» batera adierazten duen hitzik, eta hortaz aukeratu dudan titulua «Batzorde-Lasterketa eta Buztan-Ipuin Luzea».
Beste kasu bat: seigarren kapituluaren amaieran Cheshire Katuak zera galdetzen dio Aliceri: Did you say pig, or fig?, eta aukeratutako itzulpena hauxe da: Esan duzu zerria ala zorria?, baina noski, honek hautaketa lexiko bat suposatzen du, eta testu osoan zehar «zerri» agertuko da, eta inoiz ez «txerri».
Baina, dudarik gabe, alde honetatik zailtasun gehien eskaintzen duen kapitulua bederatzigarrena da. Bertan, Dortoka Faltsuak azaltzen die Alice eta Grifoari nolako heziketa jaso zuen itsaspean, baina hitz egiten ari dela, hitzen soinuetan aldaketa txiki batzu eginez erabateko aldaketak lortzen ditu esanahi aldetik. Hona zati bat:
'What was [the regular course]?' inquired Alice.
'Reeling and Writhing, or course, to begin with', the Mock Turtle replied; 'and then the different branches of Arithmetic - Ambition, Distraction, Uglification, and Derision'.
— Zer zen hori [ohizko ikasturtea itsaspean]? —galdetu zuen Alicek.
— Irakutzen eta irazten, noski, hasteko —erantzun zuen Dortoka Faltsuak: eta gero Aritmetikaren adar desberdinak... Behiketa, Konketa, Ederketa eta Sariketa.
Ikusten denez, zerbait galtzen da euskal bertsioan, ohitura faltagatik edo, alegia.
5.2. Maila morfosintaktikoa
Jadanik aipatuta dago goian testu honek daukan koordinaziorako joera; horrezaz gain ez da problema handirik izan maila honetan, ez bada euskara eta ingelesera orohar hartuta bereizten dituzten ezaugarriak. Horien artean aipatu beharko litzateke euskararen izaera aglutinantea eta horrek suposatzen duen eragozpena jatorrizko testuko kurtsibaz aldatzeko, esaterako. Jakina denez, testu horrek badu hitz ugari kurtsibaz agertzen dena, horien gainean atentzioa deitzeko edo. Adibide batzu:
What will become of me? / Zer izango da nitaz? (4. kap.)
Oh, don't bother me / O, ez nazazu nazkatu (6. kap.)
Beste alde batetik, jeneroaren arazoa daukagu. Teoriaz euskarak ez du jenero gramatikalik, baina hiztunen buruan badirudi jeneroak garrantzia baduela beste arlo batzuetan. Esaterako, animalien pertsonifikazioak egiten direnean, zein da beren jeneroa? Adibide bat:
(Alice Beld+arrarekin ari da hizketan)
I can't explain myself, I'm afraid, sir.
Ezin naiz esplikatu, sentitzen dut, jauna.
Beraz, jatorrian bezala itzuli dut, gaztelaniaz (gure erreferenterik hurbilenaz) andrea litzatekeela jakin arren.
5.3. Maila semantikoa
Maila honetan kokatu beharko litzateke hautaketa lexikoa; bat aipatu dugu lehenago: «zerri» jarri beharra «zorri»-rekiko hots kidetasunagatik; baina badira gehiago; «zerri» hori hasieran haur bat balitz bezala ari da kulunkatzen, baina geroago jakingo dugu «zerri» bat zela, eta beraz aipatzen den bakoitzean «haur» esan beharrean «ume» esan behar izan da.
Beste kasu bat aipatzearren, liburuko pertsonaia batzu naipeko kartak dira, eta horietariko batek, «The Knave», tratamendu berezi bat jaso du. Guztien artean aukeratu dena «Xota» izan da, era horretara bigarren irakurketa bat egiteko aukera emanez: noski, hau [xóta] irakurri behar da, pokerreko kartei dagokienez, baina [sóta] irakurriko duenik ere ez da faltako, eta horrek ezagunago dugun naipera hurbilduko du irakurlea.
Aipatuko dugun azkeneko kasua 10. kapituluan dago. Horren titulua, ingelesez «The Lobster Quadrille» izan da, hau da, «Otarrainaren kontradantza»; baina kapitulu berean agertzen den Tennielen grabatuari begiratuta konturatuko gara ez dela otarrain bat, abakando bat baizik, orriken antzeko hankek erakusten dutenez. Orduan nori kaso egin, egileari ala marrazkigileari? Nere erizpidea izan da marrazkigileari jarraitzea, testuaren ondoan grabatu hori joango den aldetik.
5.4. Maila pragmatikoa
Maila honetan aipatuko ditugu eskakizun komunikatiboak eta lojika nahastetik Carrollek ateratzen dituen joku ugariak; hauek ez dute zailtasun handirik eskaintzen itzultzeko orduan:
— Zer esan nahi duzu horrekin? —esan zuen Beldarrak gogorki—. Esplika zaitez!
— Ezin naiz esplikatu, sentitzen dut, jauna —esan zuen Alicek—, ni ez naizelako neu, ikusten duzunez.
— Nik ez dut ezer ikusten —esan zuen Beldarrak. (5. kapitulua) (Alice Dukesarekin ari da)
— ...Badakizu lurrak hogeita lau ordu ematen dituela bere buruaren inguruan jiratzen...
— Buruaz hitz egiten ari dela —esan zuen Dukesak—, burua moztu iezaiozue! (6. kapitulua)
Edo hainbeste eta hainbestetan aipatutako adibide famatua:
— Esango zenidake, mesedez, norantz jo beharko nukeen hemendik joateko?
— Hori, noraino iritsi nahi duzunaren arabera dago neurri handi batean —esan zuen Katuak.
— Ez du axola handirik nora... —esan zuen Alicek.
— Orduan berdin duzu zein bidetatik joan —esan zuen Katuak.
— ...norabait iritsiz gero —gaineratu zuen Alicek argibide modura.
— O, ziur lortuko duzula —esan zuen Katuak— nahikoa ibiltzen bazara soilik. (6. kapitulua)
Beste bat:
— Hartu te piska bat gehiago —esan zuen Martxoko Erbiak oso serioski.
— Oraindik ez dut ezer hartu —erantzun zuen Alicek mindu doinuaz—, beraz ezin dut gehiago hartu.
— Esan nahiko duzu ezin duzula gutxiago hartu —esan zuen Sonbreirugileak—; oso erraza da ezer baino gehiago hartzea. (7. kapitulua)
Eta asko eta askoz gehiago luza zitekeen zerrenda.
6. Amaitzeko
Konklusio bezala, eta bukatzeko, haur literaturaren klasiko honen edizio berri hau haur ala helduentzako den galdera planteia liteke, eta erantzuna ez da argigarria izango: guztientzat. Haurrentzat, beti sentituko dutelako halako xarma berezi bat neska lojiko eta era berean inozo horren aurrean; helduentzat, ongi idatzitako haur liburu bat literaturaren historiara inolako adjektiborik gabe pasatzen delako, benetako literatura delako, alegia.
Bi mutur horien artean problematxo bat sortu zait edizioari azken ukituak egiteko orduan: merezi al du liburua itzultzailearen oharrez betetzeak? Berriz ere, bai eta ez. Ez, horrelako oharrek astunegi bihurtzen dutelako liburua; bai, euskal irakurlegoa ezin delako utzi liburu garrantzitsu hau ulertzeko beharrezko diren hainbat klaberik gabe. Beraz, erdiko bidea berriz ere: oharrak bai, baina behar-beharrezkoak bakarrik.
Eta amaitzeko, beti bezala, irakurlearena da azken hitza, nire azalpen luzeegi hau irakurtzeko pazientzia izan badu behintzat.