'Tierra pisada, por donde se anda, camino' antzezlanaren itzulpen prozesuaz
Agus Perez

Artikuluaren egileak enkargu bat jaso zuen antzerki testu bat itzultzeko. Printzipioz, lan erraza zirudien, baina testuak maila poetiko ikaragarria gordetzen zuen lerro artean, eta horrek agerian utzi zion lan literarioen berezitasuna. Artikuluan zehar itzultzaileak bere barne egoera deskribatzen du: bere burua trebatutzat jotzen zuen lan teknikoetan, baina testu literario bati ekiterakoan konturatzen da bere ohiko baliabideak ez direla nahikoak enkargua ganoraz burutzeko. Azkenik, euskarazko testua onik atera zen, Julia Marinekin izandako elkarlanari esker. Artikuluak prozesu hartan izandako eztabaida emankorren berri ematen du, eta irakurleak pasarte korapilatsu batzuen adibideak ere aurkituko ditu.

Urtebete baino gehiago igaro da Bilbo Antzerki Dantza (BAD) jaialdiaren arduradunak antzerki-testu bat euskaratzeko eskatu zidanetik. El canto de la cabra izeneko taldea zegoen atzetik, eta horrek animatu ninduen enkargua hartzera. Arte eszenikoen arloan izen mitikoa da El canto de la cabra Espainia aldean, bere ibilbide eszeniko alternatibo eta konprometituagatik. Juan Ubeda eta Elisa Galvez dira proiektuaren arima eta testuaren egileak, eta beraien ekimenez abiatu zen euskaratze prozesu hau.

Atarikoekin amaitzeko, eta niri dagokidanez, esan daiteke, irakasle eta kritikari izatearekin batera, itzultzailearena dela nire hirugarren jardun estimatuena, edo gutxienez zertxobait praktikatu dudana, aldian trebe aldian trakets, dena esan behar bada. Baina nire itzulpen lanak beti izan dira arlo teknikoetakoak –ikasmaterialak, gogoeta pedagogikorako testuak, arte eszenikoen arloko iruzkinak…–, eta ez literarioak. Hori, ordea, oztopo ia gaindiezina bilakatu zen Tierra pisada, por donde se anda, camino itzultzeari ekin nionean. Lerro hauen asmoa da bide malkartsu horretan izandako bizipen batzuk plazaratzea, lagungarriak izango zaizkizuelakoan.

Hasiera batean, nire betiko inuzentekeriarekin, mahai gainean utzi nuen enkargua, beratzen edo, behin lanean jarrita di-da batean itzuliko nuen esperantzarekin. Gainera, lehen begiradan testu laburra zirudien, lerro batzuk baino ez orrien zuritasunean galduta, esaldi solte batzuk han-hemenka… Lanean hasi bezain laster, ordea, ezuste handia hartu nuen, jatorrizko testuaren sakontasuna eta haren maila poetiko ikaragarria ikusita. Baina, hitza hitz denez, esandakoa bete behar, eta hor noa ni, beldurrez, baina demari ekiteko prest.

Eta tira! Itzuli egin nuen, hala-moduzko itzulpena izan bazen ere, geroak frogatuko zuenez. Ordea, barruko har batek esaten zidan dena ez zegoela nik uste nuen bezain ondo, eta, halako batean, Julia Marinekin topo egin, eta berari eskatzen diot nik itzulitako testuari begiratu bat botatzeko, mesedez, ea zer deritzon, zeren eta «nik uste dut nahiko ondo dagoela, baina beti da komeni kontraste bat edukitzea, eta hau eta bestea…».

Enkontru hartatik jaiotako elkarlanak atzean, oso atzean, utzi zuen nire lehen itzulpena. Hasierako zalantzak argitu ostean (zer-nolako inplikazioa eskatzen zitzaion, epeak, itzulpen lanaren xedea…), Julia profesionaltasun osoz aplikatu zen lanera, eta era miresgarrian konbinatu zituen nire estiloarekiko errespetua eta bere printzipioen defentsa argia. Gogoan dut, esate baterako, bere lehen gomendioa nire itzulpenari buelta bat eman niezaiola izan zela, «lotuegia ikusten dut –esan zidan– hasi "hegan" euskaraz». Huraxe izan zen bere lehen printzipioa, itzulpen teknikoetan hainbesteko garrantzirik ez duena, baina literarioan ezinbestekoa dena.

Hortik aurrera, bizpahiru hilabetez ibili ginen gora eta behera bueltaka testuarekin.

Normala denez, gauza askotan bat gentozen hasieratik, eta beste asko laster batean adostu genituen, baina lanean aurrera joan ahala sakoneko auzi bi agertu ziren gutxienez: erlatiboen erabilera eta esaldien barruko hitzen ordena, bata zein bestea garrantzi handikoak Juliaren planteamendu sendoetan. Hona hemen haietariko bakoitzari buruzko adibide txiki bana.

Erlatiboen erabileraz

Jatorrizkoan honela zioen:

[No hay ventanas. Hay banderas arrinconadas,
archivadores con forma de mueble bar,
logotipos con forma de payaso por las paredes
y payasos con forma de logotipo
vigilando la entrada al cielo].

Nire proposamena:

[Ez dago leihorik. Bazterrean utzitako banderak daude,
eta baita ere edari-altzari forma duten fitxategiak,
pailazo forma duten logotipoak hormetatik
eta logotipo forma duten pailazoak,
zerurako sarrera zaintzen].

Juliarena:

[Ez dago leihorik. Banderak daude bazter utzita,
eta baita ere edari-altzarien formako fitxategiak,
pailazo formako logotipoak hormetan
eta logotipo formako pailazoak
zeruko atea zaintzen].

Hitzen ordenari buruz

Jatorrizkoan honela zioen:

Con bastante frecuencia, igual que cuando era un niño, inútil, como todos los niños, sin plantearme ser lo contrario, paso horas sentado delante de una pared vacía.

He probado lo mismo con los ojos cerrados, he probado en el mar, en el campo, delante de un cuadro o en un teatro, no está mal, aunque prefiero el muro, sin bichos, sin horizonte, sin puntos de fuga, sin escapatoria.

Nire proposamena:

Maiztasun nahiko handi batez, ume nintzenean bezalaxe, ezgauza nintzela, ume guztiak bezala, kontrakoa izan nintekeela neure buruari planteatu ere egin gabe, orduak ematen ditut hutsik dagoen horma baten aurrean.

Gauza bera probatu dut begiak itxita, itsasoan saiatu naiz, landazabalean, margolan baten aurrean edota antzezlan batean, ez dago txarto, nahiz eta horma nahiago dudan, zomorrorik gabe, horizonterik gabe, ihes-punturik gabe, ihesbiderik gabea.

Juliarena:

Sarritan, orduak ematen ditut jesarrita horma huts baten aurrean, umetan bezala, ume guztien modura ezdeusa nintzenean, eta bestelakoa izaterik bururatzen ez zitzaidanean.

Saiatu naiz gauza bera egiten begiak itxita, itsasoan probatu dut, landazabalean, margolan baten aurrean edota antzezlan batean: ez dago txarto, nahiz eta nik horma nahiago dudan, zomorrorik gabe, horizonterik gabe, ihes-punturik gabe, irtenbiderik gabe.

Ikusten denez, itzulpen teknikoei eskatu behar zaien zehaztasunari lotuta nenbilen ni "Maiztasun nahiko handi batez" jarri nuenean "Con bastante frecuencia" euskaraz emateko. "Sarritan", ordea, askoz naturalagoa egiten zaigu, jatorrizko ideiaren ordain perfektua izateaz gain.

Testuan zehar puntu korapilatsu ugari aurkitu genituen, eta esaldi batzuen esangura egileekin beraiekin argitu behar izan nuen lehen itzulpenari ekin orduko. Haien guztien artean, bat bereziki zaila egin zitzaigun, eta gure arteko testuen joan-etorrietan behin eta berriro agertzen zen, bakoitzaren ekarpen eta iradokizunekin. Horra hor:

Jatorrizkoan:

Hay una flor muy bonita color violeta que se transforma en berenjena y que luego me como rellena con carne picada.

Eztabaida

Badago lore bat oso polita, bioleta kolorekoa, berenjena bihurtzen dena eta geroago jaten dudana, okela xehatuz betea.

J.M.: Puntuazioa. Zer moduz honela:

Badago lore bat oso polita, bioleta kolorekoa, berenjena bihurtzen dena, eta geroago jaten dudana okela xehatuz betea.

A.P.: Bai, ados. Baina, beharbada, ordena aldatu behar diogu.

Badago lore bat oso polita, bioleta kolorekoa, berenjena bihurtzen dena eta geroago okela xehatuz betea/beterik jaten dudana.

J.M.: Nik bigarrena nahiago: "dena"/"dudana" kakofonia, paralelismo gehiegizkoa. Honen segidako esaldiari buruz nioena: ortodoxia haustearen aldekoa naiz. Eta "betea" utziko nuke. Irakurri ahots gora. Igual bi komak ken daitezke.

A.P.: Nik uste dut bigarren koma behintzat ezin dela kendu, hor erlatibo esplikatzaile bi ditugulako eta kasu horrek koma eskatzen du, oker ez banago. Lehen koma kentzea? Bueno… Koma jarrita, badirudi garrantzia hartzen duela bioleta kolorekoa izateak, baina kenduz gero, badirudi koma eskatzen duela, hor, elipsian, "dena" esplikatzailea egongo zelako eta, aurreko kasuan bezala, erlatibo esplikatzaileek koma bat eskatzen dutelako haien aurretik (nik uste). Beraz, azkenean koma biak utzi behar ditugu edo esaldia goitik eta beheraino birmoldatu. Zer moduz honela?:

Badago bioleta koloreko lore bat, oso polita, berenjena bihurtu ostean okela xehatuz betea jaten dudana.

Kasu horretan…

  • "bioleta koloreko lore bat": bai, badakit ez dela zure gustukoa, baina aurrera eraman behar dugu elementuren bat gainontzeko guztiak funtzionatu dezan.
  • badirudi justifikatuagoa dela "oso polita"-k hartzen duen garrantzia.
  • "berenjena bihurtu ostean": ez dirudi jatorrizko esangura behartzen dugunik, "dena" bat kentzen dugu eta kakofonia eta paralelismoa saihesten dira.
  • "okela xehatuz betea jaten dudana": niri behintzat ordena hori egiten zait naturalagoa, baina honezkero dana lanbrotute ikustot, eta ez diot erreparorik jarriko zuk proposatutako ordenari.

J.M.: Hitz klabeak: lore bat / berenjena / jan

  • "lore": zure bideari segituta (elementuren bat aurreratu eta koma kentzeko ahaleginean), "Badago bioleta koloreko lore polit-polit bat" (?)
  • "berenjena": zureari (berenjena bihurtu ostean okela xehatuz betea jaten dudana.) bi arazo ikusten dizkiot. 1) Uste dut komeni zaigula lore horrek bizi duen bilakaeran bi pauso bereiztea (gaztelaniazkoan bezala): berenjena bihurtzen da / nik jan egiten dut. "ostean" jarrita, 2. planoan uzten dugu berenjena bihurtzea (menpeko esaldia baita) + aditz laguntzailearen elipsiarekin "nik" da "bihurtu" aditzaren subjektua.
  • "jan": 2. arazoa) jatea bera da inportantea eta ez nola (okela xehatuz betea); beraz, hobe aurrean emanda, galdegai bihurtuta.
Ze iruditzen hau?:

Badago bioleta koloreko lore polit-polit bat, berenjena bihurtzen dena eta geroago jaten dudana okela xehatuz betea.

(Paralelismoa: -ena + -ena bi esaldien amaieretan jartzea, ez erabiltzea bera)

A.P.: Hau behintzat, bikaina, polit-polit erako errepikapeak oso gustukoak ditut eta bereziki jatorrak dira. Gainera, komak aurreztu, eta kendu egiten dugu komen arteko aposizio hura –oso polita–, ia-ia epiteto bihurtzen ari zitzaiguna.

Edo hau:

Badago bioleta koloreko lore polit-polit bat, berenjena bihurtzen dena eta geroago jan egiten dudana okela xehatuz betea.

("egin" hori euskalkien arabera: guretzat oso arrunta. Ez dakit erabiltzeko ohiturarik ba ote duzun)

A.P.: Nik behintzat askotan baliatzen dut egin hori, aditza galdegai bihurtzekotan edo testuinguruak eskatzen didanean, baina batzuetan nire zalantza da ea gehiegitan ere erabiltzen ote dudan. Kasu honetan, ordea, justifikatuta dago, baina uste dut esaldiaren borobiltasuna eta erritmoa trabatzen dituela nonbait, neuk ere ez dakidala zergatik. Beraz, aukeran, lehenengoarekin geratuko nintzateke.

Badago bioleta koloreko lore polit-polit bat, berenjena bihurtzen dena eta geroago jaten dudana okela xehatuz betea.

Eremu gozagarriago batera igaroz gero, hainbat pasarte eder aurkitu genuen, eta haietariko batzuetan bete-betean asmatzeak plazer handia eman zigun. Honakoan, adibidez:

Jatorrizkoan:

la sombra de un árbol

el color de una cereza

un río desbordado

en mi imaginación.

Nire proposamena:

zuhaitz bateko gerizpea

gerezi baten kolorea
gainezka egindako ibai bat

nire irudimenean.


Juliaren ekarpenarekin:

zuhaitz bateko gerizpea

gerezi baten kolorea
ibai bat gainezka eginda

nire irudimenean.

Zati honen itzulpena finkatu genuenean, honela idatzi nion Juliari: «Egia esan, nirea ederra iruditu zitzaidan, baina zurearekin izugarri hobetu da. Hau benetako haikua da. Oilo ipurdia eta guzti jartzen zait!»

Azkenean, aipatzeko modukoa da Elisa Galvezek eta Juan Ubedak, beren artista senez, euskarazko bertsioa jaso ostean helarazi ziguten komentarioa: «Hemos contemplado la traducción con la misma admiración de quien mira un cuadro. Nos parece que ahora nuestro texto se ha hecho más universal». Hara non hizkuntza handi batetik etorritako testu bat unibertsalago bihurtzen dela hizkuntz txiki batera itzuli ostean, egileek beraiek aitortzen dutenez. Hor badugu itzultzaileok zer pentsatua, ezta?