'31 eskutik' bloga: urtebete auzolanean
Itzulpengintzari eta euskararen erabilerari buruzko blog berri bat elikatzen ari da EIZIE 2012ko urriaren 16az geroztik. Hogeita hamaika kideren partaidetza eskuzabala da blogaren indarra eta mamia: egunean batek idazten du, eta, hartara, bakoitzak hilean behin idazten du. Blogak 31 eskutik du izena, eta blogariak askotarikoak dira jatorriz, alorrez eta estiloz: itzultzaileak, idazleak, kazetariak, irakasleak… Testu hau idazteko garaian, 273 post edo ekarpen dira blogean argitaratuak. Senezek eskaturik, blogaren sorrera eta orain arteko ibilbidea nola bizi izan dugun adieraziko dugu.
Blogaren sorrera
Sareko lankidetza-tresnak lantzen aspalditik ari gara EIZIEn. Adibide onenetako bat, oraintsu arte ezagunena beharbada, ItzuL posta-zerrenda izan daiteke, 1.000 kide baino gehiago baititu, eguneroko laneko arazo eta zalantza konkretuetan elkarri laguntzen diotenak, borondatez. Zerrenda hori 1999an sortu zen, artean Interneteko euskal jarioa orain baino askoz ere urriagoa zela, eta dagoeneko 30.000 mezu idatzi dira.
Berrikiago, 2008an, 2tzuL sortu genuen, blog gisako gune bat, posta-zerrendan pizten ziren aztergai batzuk edo bestelako batzuk zabalago jorratzeko eta irizpen bateratu samar batera iristeko asmoz. 16 artikulu argitaratu dira hor, gehienak sakon samarrak, baina ez da gune oso bizia izan, zaila delako halako ekarpenek erantzun askorik izatea eta dinamika handia sortzea –aurten, 2tzuL gunea Senez aldizkariarekin bateratzeko bidean jarri dugu–.
Bloga izateko 2tzuLek zuen astuntasun horren eta ItzuLek duen bat-batekotasun arinaren arteko gurutzatzea izan liteke 31 eskutik bloga sortzeko ideiaren osagai bat. Bestetik, nola ez, lankidetzaren ideia dugu: askok pixka bat eginez, emaitza handi bat bil genezake. Pentsatu genuen euskarazko testugintzaren errealitatearen, kezken, arazoen eta aurrerabideen lagin bat atera genezakeela hainbat jenderen artean, eguneroko lanean pentsaketarako geldialditxo bat eginez eta bakoitzak hilean behin ale on bat ekarriz. Blogaren izenak, bere xumean, bi alderdi ditu: 31 lagunen elkarlana, eta eguneko ekarpen edo jokoaren arrazoi sendoa. Honela esan genuen urriaren 16ko aurkezpen-testuan: "Banaka, egunean arrazoi bat dakargula, baina talde-lanean, auzolanean".
Auzolanaren emankortasuna eta eskuzabaltasuna blogaren ezinbesteko osagai dira, lan horrek guztiak ez baitu sos bat bera ere mugitzen. Doakoak dira ekarpenak, eta doakoa eguneroko koordinazioa eta edizioa daramaten bi kideen lana ere. Hala planteatu genuen hasieratik, bere zailtasuna izanagatik, bestela ezin bideratuzkoa ikusten baikenuen.
Kideak
Hogeita hamaika kide bildu eta abian jartzea hilabete batzuetako lana izan zen. Ideia ondu genuenetik testuak argitaratzen hasi ginen arte urtebete baino gehiago joan zen, ia bi urte. Baina batzuek, hasiera-hasieratik prest agertzeaz gain, oso ideia ona iruditzen zitzaiela esaten ziguten, eta hori nahikoa genuen aurrera egiteko. Zenbaitek ezetz esan zuten, ulertzekoa den bezala, hainbat arrazoirengatik, baina lortu genuen 31ra hurbiltzea... eta argitaratzen hastea erabaki genuen. Emozio handiko momentua izan zen hasierako hura, bloga abian jarri eta hogeitamaikakoa osatu genuenekoa.
Hasi ziren kideetako gehien-gehienek segitzen dute orain arte, eta, beraz, zortzi- bederatzi ekarpen egin dituzte dagoeneko, baina zenbait kidek utzi ere egin dute, txanda eskatu dute, hainbat arrazoirengatik: lanak gaina hartzea, ideia berririk ez dutelako sentipena, erantzunen bat gogorregi sentitzea… Norbaitek txanda eskatzen duenean, esku finko izateari uzten dio, baina aldizkakoen zerrendan gelditzen da, bi arrazoirengatik; batetik, uste dugulako aitortza bat merezi duela, egindako lanagatik, eta, bestetik, ateak irekirik utzi nahi dizkiogulako, noizbait berriz testuren bat idatzi nahi badu ere.
Nola osatu genuen lehenbiziko hogeitamaikakoa? Bada, blogari interesgarriak iruditzen zitzaizkigunen zerrenda luze samar bat osatu genuen, 50 bat pertsonakoa, eta hasierako asmo-definizio laburraren berri ematen hasi ginen. Kideen aniztasuna zaintzeko ahalegina egin genuen, eremu geografikoari, lan-arloari eta adinari dagokionez. Lehenik deituetako askok ezetz esan zuten (arrazoiak hainbat izango zirela pentsa daiteke: astirik eza, formatua ez ezagutzea edo gustuko ez izatea, asmoa garbi ez ikustea…). Baina, gutxika-gutxika, 31 kide izatera iritsi ginen, askotarikoak: itzultzaileak, zuzentzaileak, idazleak, kazetariak, irakasleak, hiztegigileak, ikertzaileak…
Denborarekin, sei-zortzi kidek txanda eskatu dute eta berriak sartu dira. Sortzen diren hutsuneetarako kide berriak bilatzeko gai garen bitartean, bloga biziko da. Baina arian-arian ikusiko da hori ere, aldez arretik jakiterik ez dago, blogari dagozkion beste gauza batzuk bezala.
Bitxikeria moduan, eta aldez aurretik planifikatu ez diren (edo ezin diren) kontuen adibide gisa, udako oporrena aipa liteke: ez genekien udan denek idazteko modurik izango zuten, hilabeteren bat utziko zuten, bloga denbora batez itxita utzi beharko genuen… Galdetu egin genien kideei, eta, erantzunak kontuan izanda, erabaki genuen uztailean aste-egunetan bakarrik argitaratzea testuak eta abuztuan ez argitaratzea.
Antolaketa
Hogeita hamaika lagun koordinatzea, egunero-egunero testu bat ateratzeko, lan handia irudituko zaio norbaiti, baina erraza da gure kasuan. Hasieran, ahal zutenean lehen testua bidaltzeko deia egin ondoren, bidaltzen ziguten hurrenkeran hasi ginen argitaratzen (zenbait egunen segurtasun-tartea gorderik). Lehenbiziko itzulia osatutakoan, ordena hori zen bigarrenerako erreferentzia, ahal zela errespetatzeko, bakoitzak egun jakin bat izatea baita errazena (bai, badago 31 bat, berez bi hilean behin idaztea dagokiona...). Astez aste, gogorarazteko mezu bat bidaltzen diegu hurrengo asteko zazpi lagunei, eta argitaratze-egunaren bezperan jasotzea aski da, testuek ez baitute normalean edizio-lan handirik eskatzen.
Inoiz aski eskertu ezin izango dugun borondate onez eta prestutasunez erantzuten dute blogariek. Jakina, aldika bat edo beste atzeratu liteke, baina beste batzuek teorian dagokien eguna baino lehenago bidaltzen digute, eta horrela orekatzen da sistema, malgutasunez.
Blogaren asmoa, helburuak eta gaiak
Blogaren asmoan ezarrita dago esparrua, modu ireki samarrean: «egunero euskararen erabilerari buruzko testu bat argitaratzea, xede gutxi-asko didaktikoz idatzia». Hortik aurrera, «blogari bakoitzak askatasun osoa du nahi duen alderditik jotzeko: gogoeta labur bat egin, akats edo joeraren bat kritikatu, zerbait agerrarazi eta laudatu, erabileremu batean edo bestean arazotsu gertatzen diren hitz, esapide edo esaldi-moduak aipatu, ahozko hizkerako edo literaturako adibide edo baliabideren bat gogora ekarri…».
Erantzuten dio blogak egunero ideia horri? Uste dugu baietz. Atera dira testu oso desberdinak, jakina, gaiz, edukiz eta ikuspegiz oso bestelakoak. Hala izan behar duelakoan gaude. Beharbada batzuetan ez gara bete-betean sartu pentsatutako esparruan, baina beti izan dute testuek interesa, eta blogariek adierazi nahi dutenak du lehentasuna.
Laburtu behar bagenu, zer eratako gaiak atera diren gehien, honelako ikuspegi bat marraztu genezake:
- Lexikoa: garbizaletasuna eta maileguzaletasuna, adieren zehaztasuna (ezberdin, balizko), hitz berrien erabilera (korritu, etxegabetze / etxe kaleratze, hunkiki…), adiskide aizunak, hitz- urritasuna («1.000 hitzeko euskara»), hibridoak…
- Sintaxiari eta esaldigintzari dagozkionak: ezen, betiere, -t(z)e aldera, haren eta bere, kalko sintaktikoak, kalko fraseologikoak, mintzagaiaz, izen-joskeraz eta aditz-joskeraz, baliabide prepositiboak, ohiz kanpoko numero-komunztadura, estilo jarraitua eta etena…
- Esaldiko hitz-ordenari buruzkoak: mintzagaiaren eta galdegaiaren lekua, aditzaren lekua («Aditza amaieran?»).
- Hizkuntza-molde berezituen erabilerari buruzkoak: euskalkiak, hitanoa, idazkera fonetikoa…
- Erregistroen ingurukoak: ikus- entzunezko euskara, euskalkien eta erregistroen erabilera antzerki- itzulpenean, hizkera juridiko- administratiboa…
- Terminologiari buruzkoak: hiztegi terminologiko berriak, kasu puntualak…
- Teknologiari eta baliabide berriei buruzkoak: corpusak, itzulpen automatikoa…
- Euskal itzulpengintzaren historiako zertzeladak: Beriain, Urte…
- Askotariko gogoetak: «Hizkuntzen transmisioa», «Hizketa-komunitatea», «Itzulpena eta ideologia», «Elebakartasuna», «Batutik ihesi»…
- Itzultzaileen jardunari buruzko kontakizunak: «Literatur itzultzaile baten egunkaria», «Txakur-bizimodua»…
Bisitak eta erantzunak
Blogean 273 ekarpen genituen argitaratuak uztailaren 31n, eta 878 erantzun: batez beste, ia hiru erantzun testu bakoitzeko. Gune aski bizia dela adierazten du horrek. Izaten dira erantzunik gabe gelditzen diren ekarpen batzuk, baina gehienek bi erantzunetik bostera bitarte izaten dituzte. Aparteko kasu batzuk ere izaten dira, hala nola apirilaren 28an Juan Luis Zabalak argitaratutako «Batutik ihesi» testua, 48 erantzun izan baitzituen.
Sare sozialetan eta beste blogetan ere izaten dute oihartzuna ekarpenek: Twitter, Facebook, Sustatu…
Blogak jasotzen duen bisita kopuruari dagokionez, batez beste egunean 200 bat bisitari eta 500 bat ikustaldi izaten direla jotzen dugu. Izan dira artikuluak 2.000 ikustaldi izan dituztenak (banaka batzuk), eta esan genezake batez bestekoaren azpitik dabiltzan guztiak asteburuetakoak direla. Asteburuetan nabarmena izaten da jaitsiera, baina, nolanahi ere, pentsatzekoa da asteburuetako testuak ere irakurtzen direla astean zehar.
Editoreen lana
Bi editore arduratzen dira testuak jasotzeaz eta editatzeaz. Borondatezko lana da editoreena ere, jakina. Ez dago zailtasun teknikorik batere, testuak soil argitaratzen baitira, apaindurarik edo maketatze-lan berezirik gabe. Tarteka irudiren bat sartzen dugu, baina gutxitan.
Editoreok, testua argitaratzeko bidea egitean, irakurraldi bat ere ematen diogu eta hutsegite txikiren bat aurkituz gero zuzendu, besterik gabe edo, beharra ikusiz gero, idazleari galdetuta. Hortik aurrera, testuaren gaia blogaren asmoarekin ezkontzen zaila zela iruditu zaigunean (bi kasutan gertatu da hori), hala jakinarazi diogu idazleari, eta bietan adostasunez erabaki dugu testu hura ez argitaratzea. Erantzunei dagokienez, hutsegite batzuk zuzentzen ditugu (are errazagoa baita, blogean bertan erantzutean, huts txikiak egitea), eta ez dugu moderatze-lanik egiten, moderatu gabea baita bloga definizioz. Esan beharra daukagu erantzun bat utzi dugula argitaratu gabe, ezizenez bidalia izanik (hala gehiago ere izan dira, eta argitaratu) bidaltzailearekin harremanetan jartzeko aukerarik ez zuelako ematen.
Uda bitartean Miren Iriarte eta Patxi Petrirena izan gara edizio-lanetan, eta udatik aurrera Miren Iriarte eta Iñigo Errasti.
Etorkizuna
Artikulu hau amaitzeko garaian uztailaren amaiera da, eta uztailean astegunetan bakarrik argitaratu ditugu testuak. Abuztuan, berriz, ez dugu testurik argitaratuko, blogeko kideei galdetuta aukera hori egin baitugu. Irailean hartuko du blogak, berriz ere, eguneroko erritmoa.
Kideetan, dagoeneko izan dira aldaketak, Eskuak orrian ikus daitekeenez (noizbehinkako gisa ageri direnak ez dira idazten ari orain, eta beste batzuk sartuak dira finko). Udazkenean hasteko hitz emandako bizpahiru kide ere baditugu, eta, beraz, beharra sortzean zeinek ordezkatua badago. Noiz arte segituko dugun horrela? Ezin esan. Aurrera egin dezakegula ikusten dugun bitartean, aurrera egingo dugu, emaitzak merezi duelakoan.
Blogarien iritziak
Kronika moduko hau amaitzeko, hilabete hauetan guztietan idatzi duten bi blogariri eman diegu hitza, berek nola ikusi duten azal dezaten labur: nola sentitu diren, zer gertatu zaien zailena, zer harrera sentitu duten…
Oskar Arana Ibabe
Lehenbiziko aldia da komunitate birtual batean parte hartzen dudana, eta lehenbiziko aldia da komunitate birtual batean kide izateak dakartzan bizipen, emozio, langintza, praktika eta abarrez bete-betean jabetzen naizena. Eta komunitatea birtuala izanagatik, kide eta parte-hartzaile izateak dakartzan bizipenak oso errealak izan ditut, zinez. Poza sentitu izan dut, parte hartze hutsagatik, norberak idatzitako zerbait agerkari digital batean argitaratzen zelako, arloko hainbat idazle, itzultzaile, irakasle, kazetari eta pentsalariren artikuluekin batera. Horrek, egia esan, kezka ere eragin izan dit, askoren ekarpenak zein landuak, zehatzak, aberatsak eta sakonak ziren ikusirik, haiek adinako interesa piztea zein zaila, ia ezinezkoa, izango zitzaidala jakinik.
Izan dudan pozik handiena, ikustea gure hizkuntzaren eta testugintzaren inguruko kontuak landuz zenbat ikasten den, zenbat eta zenbat hobe daitekeen testugintzaren kalitatearen inguruko ardura, zenbat eta zenbat ertz dituen ardura horrek. Gauzarik zailena, berriz, esateko aurkitzen dudana interesgarri gertatzea beste batzuentzat (idazten duen edonoren kezka betikoa izan arren, aipatu beharrekoa).
Jendeak egiten dion harreraz: duela gutxi, aspaldiko ezagun batek, zeina, testugintzaz oso urrutiko jardunean ibili arren, literaturzalea eta irakurzalea baita (kulturzalea, oro har), esan zidan ezagutzen duela bloga, ia egunero interes bizi-biziarekin irakurtzen duela, eta hor parte hartzen dudala jakinik poztu egin zela. Alegia, testugintza eta itzulpengintzako sektoreaz kanpoko jendea ere baduela blogak irakurle.
Bego Montorio Uribarren
Gehiegi pentsatu gabe esan nion baietz blogera biltzeko proposamenari; euskararen erabileraz, jende askotarikoa, blog baten bizitasuna… ideia ona iritzi nion, eta aurrera. Ekin aurretik, hilean behin post bat idaztea hainbesteko lana ere ez zela izango pentsatu nuen, baina… Beti baina dontsu horiek! Gauza bat da horrelako gaiak sarritan azaltzea lagun eta lankideekiko berriketetan, eta oso bestelako gauza bat gai horiei buruz inorentzat interesgarria izan daitekeen esatekorik edukitzea, esateko horri forma egokia ematea… Lana ematen dit, bai, baina erronka polita da.
Blogak, oro har, espero ez nuen bidea hartu du zenbaitetan, onerako eta, inoiz edo behin, kalterako. Nik uste nuena baino artikulu sakonago eta luzeagoak dira batzuk, baina, tira, gure kezka eta jarrera askotarikoen ispilu diren neurrian, ongi etorriak zaizkit denak.
Lanak lan, gustura nago '31 eskutik'-eko taldean. Iritzi trukerako eta eztabaidarako foro egokia iruditzen zait, eta, entzun-irakurri dudanagatik, nahiko harrera ona izan du.