Artxibo formatu bereziak itzultzen
Artikulua PDFn
Sarrera
Egun gutxiz hona, ordenagailu bidez itzuli beharreko itzulgai gehienak lantzen ziren testu-prozesadoreek sorturiko artxiboen edo bestelako programaren batek esportaturiko testu formatudun jakinen bitartez. Inoiz edo behin, bulegotika paketeren bateko aplikazioek sorturikoak ere izan litezke (aurkezpenak, kalkulu orriak...). Formatu auziren bat piztuz gero, programa motaren edo bertsioaren ingurukoa izaten zen, alegia, bateragarritasun hutsezkoa. Inoiz edo behin, ordenagailuak erabilitako sistema eragilea ere muntadun gertatzen zen. Lantzean-lantzean, testu hutsari erantsitako elementuen ondoriozkoak izaten ziren auzi-mauziak (kalkulu orri txertatuak, testu koadroak eta abar).
Baina gero eta sarriago hasi zaizkigu heltzen itzultzaileoi artxibo formatu konplexuagoak itzultzeko eskabideak. Eta pentsatzekoa da ohiko formatu errazak gero eta bakanagoak izango direla. Hala bada, komenigarri ere komenigarria dugu hainbat elementu "itzulgaitzek" kutsaturiko artxiboak lantzeko baliabideak inguratzea, eskakizun berri horiei berme osoz oratuko badiegu. Batez ere gogoan hartuz gero ordenagailuak lagundutako itzulpengintza bideratzeko aplikazio informatikoek eurek ere arazoak izan ditzaketela halakoei heltzeko orduan. Segituan, mota horietako artxibategietan zati itzulgarriak eta itzulgaitzak bereizteko eta lantzeko zenbait aholku eta bide doaz, guztiz agortzaile izateko asmorik gabe, egunetik egunera esportazio eta etiketatze estandar (eta estandarizatu gabeko) modu gehiago agertuz doazelako. Artxibo motak talde nagusi hauek oinarri sailka ditzakegu:
a) Edizio programek (QuarkXPress, PageMaker, InDesign, FrameMaker...) esportaturiko artxiboak
b) Formatu grafikoak (pixeletan oinarrituak: .jpg, .gif, .bmp, .tiff eta abar; bektoreetan oinarrituak: .eps, .ai eta abar)
c) Testu etiketatuak (.html, .xml, .sgml eta abar)
d) Softwarea garatzeko formatuak (formatu bitarrak .dll, .exe, .ocx eta abar.; eta testuan oinarrituriko formatuak: .rc, .properties, .resx eta abar)
e) Laguntza artxiboak (WinHelp eta HTMLHelp)
f) Datu baseetan oinarriturikoak
a) Edizio programek esportaturiko artxiboak
Horrelako programek ondoko ezaugarri nagusi hauek izan ohi dituzte: oztopo eta buruko min handiak ekartzea itzultzaileei (bezeroek, ordea, gero eta gehiagotan eskatu ohi dute horrelakoak itzultzeko); oso garestiak izatea, eta ikasten eta erabiltzen oso errazak ez izatea.
Garestiak izan arren, dena dela, artxiboak itzultzerakoan ez dago zertan programa bera instalatuta izanik. Bestalde, itzultzaileak berak ez du ezer diseinatu behar, beste batek diseinaturikoaren gainean itzuli besterik ez dugu-eta egin behar. Beraz, arazorik muntadunena artxiboek eurek ekar ditzaketen arazoetan eta ordenagailuz lagundutako programak erabiltzean datza.
Programen artean, bi talde nagusi egin ditzakegu: a) diseinua bera nagusi deneko argitaratze programak eta b) batez ere edukien inguruan antolaturikoak. Aurrenekoen artean, ondoko hauek ditugu:
Bigarren sailekoei gagozkiela, hona hemen aipagarrienak:
Diseinuaren inguruan antolaturiko programak hobeak dira grafikoak eta letra motak lantzen eta prozesatzen. Halakoetan, idatzia manipulatzen da banako testu kutxa beregainak direla bitarte, eta langaiko edozein aldetan koka daitezke. Normalean, aplikazio grafikoei estu loturik egon ohi dira eta aurre-inprimaketa antolatzeko baliabide aurreratuak eskaintzen dituzte.
Garrantzia edukiari ematen dioten programek ere eskaintzen dituzte grafiko onak eta inprimategirako lagina kudeatzeko aukerak (gehienetan, ez diseinuari begirako programetakoak bezain onak); baina alderik indartsuena dute testua bera prozesatzea (edukien taula erakusten dute, aurkibideak antolatzen, erreferentzia gurutzatuak atontzen, orrialde hausturak behar bezala apailatzen, karaktereak eta paragrafo beregainak lantzen...); eta, zertan esanik ez, dokumentu landua hainbat formatuz esportatzea, XML etiketa sistemari esker. Eta etiketekin jokatu beharrizan horretatik etorri ohi da zailtasuna, hain suertez, halako esportazioak itzultzeko programez landu behar izaten direnean, nahiz eta gero eta sarriago programek etiketen oztopoak erraz gainditu ahal izateko iragazkiak eskaintzen dituzten. Esportaturiko artxiboen abantaila programa bera zertan instalaturik ez izatea dugu, arestian aipatu legez.
Edukien inguruan antolaturiko programak
FrameMaker
Nahiz FrameMaker programak nahiz Corel Ventura deritzonak jatorrizko lan konpilatua elkartrukerako formatu batez esportatzeko aukera eskaintzen dute (FrameMakerek MIF —Maker Interchange Format— izenekoa, eta Venturak testu etiketatua). Bi-biak erraz prozesa daitezke. Horrelako artxiboetan testuak izan ohi duen zamaren ondorioz, itzulgaia segida moduko batean agertzen da, eta maketatzaileak erraz artxiba dezake Gorde honela aukera erabilita. Normalean, kapitulu bakoitzak berea izan ohi du. Programa bera eduki ez arren, itzultzaileari ez zaio oso neketsu gertatuko jabeari itzulgaiak hala artxibatzeko eskatzea.
Jakina, programen helburu nagusia diseinua ahalik eta gehien automatizatzea da; eta, hala izatea lortzeko, orri amaierako eta hasierako lerroekin jokatzeko arau multzo sofistikatuak izaten dituzte, artxiboa behar baino gehiago ez astuntzeko orriak zenbatzearen eta antolatzearen gaineko informazioz.
MIF formatuan gordetako artxibo maketatuak itzultzeko iragazkiak edo aplikaziotxoak eskaintzen dizkigute programa batzuek. Baina denek ez diete berdin heltzen artxiboei: Déjà Vu, Transit, Across, memoQ, Wordfast Pro eta Trados Studio programek, esaterako, .mif artxiboak zuzenean hartzen dituzte, nahiz eta Tradosen bertsioren batean gerta daitekeen MIF artxiboak RTF bihurtu behar izatea S-Tagger for FrameMaker aplikazio beregainaz. Itzultzaile batzuei ez zaie gustatu ohi Trados paketeko TagEditor deritzonaz lan egitea, Word testu-prozesadoretik beregain diharduen aplikazioa den aldetik; baina, zenbaitetan, egokiago gertatzen da itzultzeko garaian Word bera baino.
Gaur egun, horrelako programetan ez da arazorik izaten hizkuntza ez-mendebaldarrekin, sistema eragilea bera bertsio mendebaldarretan egonik ere (jakina, sistema eragileak aipatu hizkuntzetarako euskarria duela), eta azken bertsioek ezin hobeto darabilte Unicode kodea. Ez dira oso artxibo handiak izaten, irudiak ez direlako esportazioan joaten (estekak izan ohi dira), eta testu formatu ugariak (HTML, XML, PDF eta RTF) ezelako arazorik gabe lantzen dituzte.
Dena dela, kontuan izan behar da programak etengabe aldatuz doazela, bai itzulpen memoriak eta abar kudeatzekoak bai maketazio programak berak ere, eta litekeena dela itzultzaileak darabilen programa zaharragoa izatea esportaturiko artxiboa egiteko egindako programa bera baino eta, hortaz, bateragarritasun arazoak gerta daitezkeela. Hori dela-eta, programei etengabe eguneratuta eustea ezinbesteko baldintza izango da.
Beste tresna gehienak gauza dira .mif artxiboak bestelako formatu batera pasarazi gabe zuzenean prozesatu eta artxibo bakoitzaren hondoko informazioa itzultzeko. Salbuespen aipagarria dugu Alchemy Publisher tresna, gai baita .fm artxiboak (hau da, FrameMakerenak, ez esportazioak) zuzenean itzultzeko, baina bi programak eduki behar dira instalatuta ordenagailu berean .fm artxiboak itzuli ahal izateko. Jakina, horrek kostuak biderka ditzake, baita erraztasunaren aldetik aurrezki handia ekarri ere.
Ventura
Trados (2007 bertsioa eta hurrengoa, baina ez Studio edizioa) dugu Ventura formatua bitartekaririk bagarik tratatzen duen programa bakarra. Baina ez da oso ohikoa gure inguruetan Venturaz landutako itzulpen programarik jasotzea. Prozesua erraza da: jatorrizko .vp artxiboak testu moduan esportatu (ANSI, normalean), aipatu artxiboa TagEditor aplikazioaz itzuli eta, segituan, ostera ere Venturara inportatu besterik ez dago, nora eta testu itzulia erantsi gura dugun kokalekura.
Diseinu grafikorako programek sorturiko edukiak itzultzen
Esan bezala, QuarkXPress, PageMaker, eta InDesign programek oso bestela jokatzen dute. Halakoetan, testu zati bakoitza (historia) banako testu koadro batean gordetzen da, eta itzulgaia haietatik eskuz esportatu beharra izaten da testu etiketatu moduan itzulpen memoriak kudeatzeko programekin itzuli nahiz izanez gero, gerokoan ostera ere maketazio programara erakartzeko. Jakina, eman beharreko denbora luzeak gibela (eta itzultzailearen eroapena) galaraz lezake etengabe hala jokatu behar izanez gero; diru galera ahazteke: denborak urrea balio du. Zorionez, zenbait aplikaziok halako historiak testu artxibo esportatu bakarrera dakartzate (jatorrizko artxibo banako): CopyFlow, Quark eta InDesign programetarako, eta Trados paketeko StoryCollector, Quark, PageMaker eta InDesign programen beste bertsio batzuetarako.
Bada kode irekian idatziriko diseinu programarik ere, esaterako, Scribus. Linux sistema eragilean dihardu. Sortzen dituen dokumentuak Scribusen beraren SLA formatuan daude, baina erraz edita eta itzul daitezke itzultzeko tresna ezagun gehienez. PDF mota asko ere sortzeko gaitasuna du (horietako batzuk erraz ere erraz itzul daitezke).
Itzultzailearen ikuspegitik, badugu erabaki (eta negoziatu) beharreko auzi bat: horrelako edizio programak erosteak eta haietan trebatzeak diru (eta denbora) inbertsio handia eskatzen dute, ezbairik gabe. Pentsatzekoa da, ordea, bezeroak garestiago ordainduko dituela halako itzul eskaera bereziak; eta, gainera, halakoak erabiltzen behar bezala zaildutako itzultzaile gutxi dabilenez gero munduan barrena, errazago gertatuko zaiola profesionalari bezeroak inguratzea. Bestela esanda, askozaz ere gehiago ordaindu ez arren, bezero finkoei eusteko bidea zabalagoa eta seguruagoa da (gainera, halako bezeroek formatu arruntagoko lanak ere bidali ohi dituzte). Beraz, hara hor erabaki eta behar bezala askatu beharreko korapilotxo bat. Azken buruan, horrelako formatuetan edukia bera bezain muntaduna (eta aurrekontuan jaso beharrekoa) da itzultze aria edo jarioa, euskarria bera.
Lana, dena dela, bihurriagoa ere gerta daiteke, halako programak ez direlako oso iaioak hizkuntza bat baino gehiago batera kudeatzen. Unicode, esaterako, hainbat hizkuntza mota batera orri edo liburu berean erabiltzeko soluzioetako bat den arren, esan ere liteke atzo arratsaldean bertan hasiak direla hartara egokitzen diseinu programak. Eta programaren bat edo beste ez da Unicoderekin lan egiteko gauza ezelan ere.
InDesign
Gaur arte indarrean dauden bertsioak gorabehera, modu eraginkorrean itzultzeko —programa barruan bertan itzultzea ez baita eraginkorra gaurko itzulpen memorien abantailen ikuspegitik—, itzulgaiak (historiak) artxibo bakarrera esportatuko dituen aplikazioren baten beharra izango dugu. Esportazioa testu etiketaduna izango da; eta itzuli ostean, etiketei inolako kalterik egin ez badie itzultzaileak, InDesignek testu itzulia inportatuko du jatorrizkoaren diseinuari eutsita. Testu etiketatu horiek testu-prozesadore arruntez itzultzea ez da oso efikaz gertatzen, etiketak erraz asko desitxura edo ezaba daitezkeelako. Testu etiketatuan, sarritan, leku handiagoa hartzen dute etiketek itzulgaiak berak baino, horra zergatik den halako erabakitzailea itzul jarduera egokia aukeratzea.
Trados, Déjà Vu, Transit XV, Wordfast Pro, NXT eta beste programa batzuek (zuzenean edo iragazki bidez) InDesing artxiboak ezagutu eta osagai itzulgarria besterik ez dute erakusten, informazio kodetua babestuta utzita. Transit NXT bertsioak InDesign CS2-CS5 arazorik gabe lantzen ditu, Windowsen zein Macen.
CS2 bertsioaren ostean, InDesing artxiboak eskuragarriagoak dira itzulpen lagunduko programetarako, itzulgaiak XML etiketa sisteman oinarrituriko .inx formatuan gorde baitaitezke, eta, zertan esanik ez dago, itzulpen memoriak kudeatzeko programek ez dute formatu hori ulertzeko arazorik. Esportazioa norberak egin dezake (programa edukiz gero) ala bezeroak.
Ondo kontuan izan beharra dago gure itzulpen programak zein aldaera onar dezakeen InDesign programaren CS2, CS3, CS4 bertsioek eta enparauek sortzen dituzten XML egituretatik, alde nabarmenak izaten dira-eta batetik bestera. Dena dela, kontuan izanda aipagai darabilgun programa jaun eta jabe dela alor honetan, pentsatzekoa da itzultzeko programaren egileak behar bezala eguneratuko duela gure tresna diseinu programak egindako aldaketak ondo jasateko. Itzulpen tresna eguneratu gabe badugu, konponbide bat izan daiteke azken bertsioaren demoa eskuratu eta gure itzulgaiari nola oratzen dion begiratzea. Artxiboa ondo lantzen badu, errenta izango zaigu, beti ere, aplikazioa eguneratzea (denbora aurreztuta berehalako batean parra egingo dugulako diru inbertsioarekin).
Hirugarren tresna sail batek ere eskaintzen du InDesign programarako euskarria. Esaterako, ECM-Engineering enpresak iragazki beregain bat eskaintzen du InDesign programaren azken bertsioetarako. Haren bitartez, Visio, InDesign, Illustrator, Photoshop, CorelDraw, MS Excel eta PowerPoint, besteak beste, formatu langarriago batera esporta daitezke; esaterako, RTF edo XML bihur daitezke, etiketadun formatuan nahiz WYSIWYG (zer ikusi, hura erdietsi) moduan.
CopyFlow programak ere etengabe eguneratzen ditu QuarkXPress, InDesign eta Illustrator artxiboak eskuragarri jartzeko tresnak, Macintosh ingurunerako nahiz Windowserako.
InDesing CS4 bertsiotik aurrera, artxiboak IDML (InDesign Markup Language) formatuan esportatzeko aukera ere bada. Zer dira, berez? XML artxibo sorta konprimitua, non XML artxibo bakoitza istorio bat den, alegia, testu kutxa bat. Horrelako artxiboak inolako iragazki berezirik gabe itzul daitezkeen arren (aski da .idml luzapena .zip luzapenaz ordezkatzea eta .zip barruko testu itzulgarriei ekitea), itzulpen tresna aurreratu gehienek .idml formatua zuzenean lantzen dute.
InDesign artxiboak beste era batean itzul daitezke, programa bera eduki gabe: InDesign Server produktuari esker itzultzaileak WYSIWYG (zer ikusi, hura erdietsi) ingurunean lan egiten du zuzenean, programa bera eduki gabe.
PageMaker
Produktuaren jabea den Adobe konpainia InDesign programa bultzatzen saiatzen ari denez gero, aurrerantzean gero eta bakanagoak izango dira halako formatuan etorriko zaizkigun itzulgaiak. Dena dela, Star Transitek (plugin berezi batez) arazorik gabe zabalduko ditu, baita Trados 2007 eta aurreko bertsioek ere, Story Collector for PageMaker gehigarriaz PageMaker 6.5 eta 7 bertsioetako artxiboak arazorik gabe lantzen dituenez gero —bertsio berriagoek ez dute gehiago programa honetarako euskarririk eskaintzen—.
Zer gerta ere, ezin aipatzeke utzi kontu muntadun bat: beti ere jatorrizko itzulgaiaren ale bat, aldaki bat, ondo bazterreratuta gordetzea, erraza ere erraza delako itzultzerakoan formatu osagairen bat galtzea eta jatorrizkotik berreskuratu behar izatea.
Plugina erabilita, eta jatorrizko artxiboa salbatu ondoren, istorio itzulgai guztiak PageMaker tankerako testu artxibo bakarrera esportatu eta formatu hori onartzen duen itzulpen programa batez heltzea nahikoa da. Itzuli ondoren, inportazioa esportazioaren modu-modukoa da: pluginaren bidez testu itzulia PageMaker jatorrizko formatura ekarri besterik ez da izango. Normalean, mendebaldeko eta ekialdeko hizkuntza gehienekin ondo burutuko da prozesu osoa. Hizkuntza berezi haietarako bertsio espezifikoak eskura daitezkeen arren, zentzuzkoagoa dirudi, inondik inora, InDesignera aldatzea (biak enpresa beraren produktuak dira), bigarrena errazagoa baita nahiz bertsio berriak eskuratzeko orduan, nahiz artxiboak formatu itzulgarrietara bihurtzeko unean.
PageMaker programaren esportazioan lortzen den testuaren itxura InDesignek eskaintzen duenaren berdintsua da, bai testu etiketadun modura, bai formatu babestuan.
QuarkXPress
QuarkXPress programak ez du inoiz oso izen onik izan itzultzaileen artean (duela oso gutxi arte Unicode hizkuntzak txarto kudeatzen eta hizkuntza ezberdinen araberako bertsio garestiak erabiltzen zituelako); baina editatze programen artean luzaro nagusi izanaren ondorioz, gaur egun ere ez da harrigarria itzulpenerako programek QuarkXPress formatudun artxiboetarako euskarria eskaintzea, adibidez, Star Transitek (Windows nahiz Mac) Tradosek eta SDLXek.
CopyFlow programak ere iragazki berezia eskaintzen du Quark artxiboak erloka konbertitzeko. Izan ere, Unicode euskarria duen Quark 7 bertsioari dagokionez, aukera bakarra aipaturiko programa eta Star Transit dira. Aspaldion, gainera, beste itzulpen programa gehienek CopyFlowra jotzeko gomendioa egiten dute.
Quarkek badu Europarako Passport bertsio bat, mendebaldeko eta Europako hizkuntza gehienetarako hizkuntz zuzentzaileak eta hitz-zatitzaileak dakartzana. Bertsio merkeago eta garestienen artean arazorik ez izatearren, esportazioa Single language aukera erabilita egitea komeni da, artxiboak behar bezala zabaldu ahal izateko.
Itzultzaileak hizkuntza arabiarrekin edo byte bikoitzeko Asiako hizkuntzekin lan egin behar badu, bertsio, iragazki edo plugin bat baino gehiago eskuratu beharko ditu. Eta oraindinokoak oraindinoko, plataforma Mac ala Windows izatea ere itzuli handiko zioa da, hau da: mataza areago katramila daiteke.
Laburbiltzeko, InDesign, PageMaker, Quark, FrameMaker eta Ventura diseinu programek sorturiko artxiboak itzultzeko, ondoko tresnak izango ditugu erabilgarri (inoiz edo behin, hirugarren programaren baten laguntzaz): Across, Déjà Vu, Heartsome, MemoQ, MultiTrans, Publisher, SDLX, Swordfish, Trados 2007, Trados Studio, Star Transit eta Wordfast Pro.
Zenbait arazo ezagun
Grafikoetarantz zuzendutako programek Mac ala Windows plataformetatik abiatzeak zenbait goiti-beheiti eragin ditzake. Arruntena, galtzen diren letra tipoen ingurukoa da, dela benetan plataforma batean dauden motak bestean agertzen ez direlako, dela izendapenez ezberdinak direlako. Konponbidea tipoak berriro mapatzea (hau da, esleitzea) litzateke, baina ez modu iraunkorrean, aldi baterako baino, bezeroak gero arazorik izan ez dezan, haren programak jatorrizkoak berriro ezartzen ahaleginduko delako.
Beste arazoa karaktereak, batez ere bereziak, bihurtzerakoan sortua izan ohi da, hau da, itzultzaileak eta jasotzaileak berdin ez ikustea karaktereak. Konponbide errazekoa izan ohi da arazoa, normalean: Windowserako programa batez itzulitako testua Mac-erako Wordek zabaldu eta karaktere sorta egokia erantsiko dio, era horretan maketazio programara behar den moduan eroan ahal izateko.
b) Formatu grafikoak
Grafikoak lantzeko aplikazioak itzulpenaren aldetik ere izan ohi dira buruko min ugarien sortzaile. Garestiak izateaz gain, ez dira senez erraz ikastekoak eta makina bat oztopo sortzen dute itzulgai diren testu osagaien aldetik. Kode irekiko doako tresnak ere topa daitezke grafikoak zabaldu eta testuak lantzeko (GIMP, esaterako); baina itzulpenaren ikuspegitik, bezero batzuek gurago izaten dute itzultzaileari itzulgaia kalkulu orri moduan bidali eta testu itzulia beraiek grafikora itsastea. Aurreko programa sortan bezala, byte bikuneko hizkuntzekin arazoak izan daitezke, baina GIMP eta PaintShop Pro programek ez dute inolako oztoporik izaten halakoekin.
Dena dela, inoiz edo behin testu hutsetatik harantzago joan beharrean gertatuz gero, hona hemen zenbait aholku:
Pixeletan oinarrituriko formatuak
Artxibo grafiko gehienek (.jpg, .gif, .bmp, .tiff eta beste hainbeste) ez daramate testurik. Halaxe gertatzen da are zerbait irakurgarri badute ere: letrak pixelak dira, ez benetako testua. Ez dute, hortaz, ezelako harremanik testu-prozesadore batek landutako artxiboekin.
Halaz ere, horrelako zer edo zer itzuli behar izanez gero, bezeroari jatorrizko artxiboak eskatu behar genizkioke. Zergatik? Erraza: gure eskuetara heltzen den .jpg, .gif, .bmp, .tiff edo beste formaturen bateko artxiboa hainbat geruzak osatuta dagoelako. Geruza horietako batek testu hutsezkoa behar du: horixe interesatzen zaigu, gehien bat. Esaterako, Adobe Photoshop programaz sortu badute, .psd artxibo batek testua edukiko du.
Jatorrizko artxiboa lortu ezean, hura sortzeko erabilitako programa bera (Photoshopek, berbarako, badu bertsio merke bat) edo kode irekiko GIMP eskuratuta, .psd artxiboa alda genezake. Baina, testu edo artxibo asko izanez gero, gogaikarri gerta daiteke hala jokatzea. Beraz, itzulgai ugari izanez gero, eskuz banaka lantzeak luzeegi jo lezake. Hartarako, hobe lehen aipaturiko tresna horietako bat erabiltzea (ECM edo Transmissions), haien bitartez .psd artxiboak RTF edo XML bihur daitezkeelako. Artxiboak gure ohiko itzulpen memoriaz landu ondoren, ostera ere lehengo formatura ekarri eta jatorrizkoak ordezkatuko ditugu. Guztiarekin ere, sarriago jazoko zaigu jatorrizko dokumentuak eskuratu ezin izatea. Egokiera hala, irudiak lantzeko kode irekiko programaren batera jo genezake —esaterako, hara hor Image Localization Manager—. Hura dela baliabide, karpetak eta azpikarpetak arakatu eta testu itzulgarri guztia aurkituko dugu. Jakina, edukiok eskuz itzuli edo, makroren bat erabilita, itzulpen programaren batera erakar genitzake. Excel artxibo batera ere pasa litezke. Itzuli ahala, aipatu programan emaitza itzulia bistaratu eta kontrolatuko dugu.
Bektoreetan oinarrituriko formatuak
Normalean, .eps eta .ai luzapenak daramatzate, eta pixeletan oinarriturikoak ez bezala, irudiak formula matematikoz eginda daude. Itzulpenari dagokionez, abantaila nabarmena dute, hain suertez, zuzenean itzuli ahal izatea artxiboak sortutako programak berak erabiliz: Adobe Illustrator edo Corel Draw. Aukeretako bat da itzuli beharreko guztiak batera, lote moduan, aipatu ECM programaz jorratzea. Bestea, bektorezko artxiboa XML oinarriko SVG formatura esportatzea dugu, Heartsome, Swordfish, memoQ, Trados eta Star Transit (zenbait bertsiok) programek zuzenean itzultzen baitituzte halakoak.
Pantaila argazkiak egitea
Demagun programa baten eskuliburua itzuli behar dugula. Jatorrizkoak pantaila irudi batzuk erakutsiko ditu, eta guk, itzultzean, eduki horien bertsioa ere eman beharko dugu. Hartarako, pantaila argazkiak egin beharko ditugu (jakina, softwarea bera itzulita dagoela eta programa erabat funtzionala dela emanda). Hartarako, ohiko bidea (PC) hau izan ohi da: ALT+Impr Pant sakatuta unean uneko elkarrizketa zatia edo Impr Pant (gaztelaniazko teklatuan) aginduaz pantaila osoa hartu, grafikoak lantzeko programa batera aldatu eta aldaketak egitea.
Bestalde, arazoren bat egoten denean, oso soluzio ona izaten da pantaila fotografiatzea eta posta elektronikoz bidaltzea. Horrelakoetan tamaina handiko mezuak ez sortzeko, hartutako argazkia aplikazioren batean .jpg edo .gif formatuan gordetzea eta bidaltzea da zentzuzkoena. Errazago jardun nahi izanez gero, aplikazio batzuek —SnagIt dugu horietako bat— pantaila irudia hartu eta erabiltzaileak aukeratzen duen formatuan gordetzen du. Ondorioz, errazago gertatzen da mezu elektronikoak trukatzea. Pantailan eginiko ekintzak bideoz jasotzeko aukera ere badakar aipatu programak. Doako programa bat ere badabil bazterrik bazter: Greenshot. Eta Windows 7 eta Vista sistema eragileek tresnatxo bat dakarte halako pantaila argazkiak egiteko. Mac sistema eragileak ere badakar pantaila diapositibak hartzeko aplikazio erabilgarri-erabilgarria, bestelakoetara jo beharrik ez izateko.
Flash artxiboak
Itzultzeari dagokionez, Flash formatuko artxiboek gainerako artxibo grafikoek sorturikoen pareko arazoak eragin daroatzate: testua jasotzen duen geruza hain egon daiteke beste geruza batzuen azpian edo haiekin nahastuta, non zail gerta daitekeen testu editagarri eta itzulgarria eskuratzea. Azkenengo urteotan, dena dela, Flash artxiboa sortu aurretik, testua kanpoan gorde daiteke, XML artxibo batean. Sortzaileek ez dute beti hala jokatzen, baina XML hura eskura dezakeenean, itzultzaileak ez du arazo berezirik izan ohi Flash artxiboak beste hizkuntza batera isurtzean. Bezeroarekin berba egiteko aukera izanez gero, testu itzulgarria aparte gordetzeko aukeraren jakitun jarri behar dugu, edota artxiboak hainbat hizkuntzarako prestatzeko aukeraz ohartarazi: http://tinyurl.com/26by322.
c) Formatu etiketatuak
Testu etiketadunek testuzko edukiaz gain, etiketa sorta bat eroan ohi dute gaineratuta, testuaren egitura, orriaren ezaugarriak, testu formatua, irudi koadroak eta abar antolatzeko informazioa jasotzen dutenak. Arestian ikusi bezala, maketazio programek esportatzen dituzten artxiboak klase horretakoak izan ohi dira. Etiketak, dena dela, estandar baten arabera eratu ohi dira, programa bakoitzak berez sortzen dituenez gain. Estandarizatuen artean, HTML, XML, edo SGML artxiboak agertzen dira. Etiketak eurak (babestuta ez badaude: memoriak kudeatzeko programek euren estiloak idazketaren aurka babestuta izan ohi dituzte) testua ere badute, eta testu hori edita eta alda daiteke. Baina, normalean, ez da komeni etiketak inolaz ere ukitzea.
Etiketak <...> ikurren barruan etorri ohi dira. Barne etiketak segmentu barruan agertu ohi dira <b>bold</b>, eta kanpo etiketak <p>paragraph</p> paragrafoaren hasieran eta amaieran. Baina etiketek, gainera, testu itzulgarria ere izan dezakete, esaterako HTML hau: <img alt="translatable text" src="/eu/argitalpenak/senez/20110824/olmo/image.jpg">. Etiketa barrukoa testua denez gero, hura ukitzeko tentazioak jotzen bagaitu edo oharkabetasunak erasotzen, kontuan izan beharko dugu ez dela komeni honako zio hauek direla bitarte:
- etiketaren bateko osagairen bat aldatuz gero, erraz asko gerta daiteke testu osoa desitxuratuta geratzea;
- eskarmentu eta trebetasun handiaren jabe izan behar du itzultzaileak itzulgarria eta halakoa ez dena bereizteko; eta
- testu etiketatuak testu huts moduan landu badaitezke ere itzulpen memoriez, azkenean memoria bera halako beharrezko ez den informazio astunez zamatuko dugu; eta, osabideak, azkenez, oker joko digu.
Konponbidea, jakina, testu etiketatuak ulertzen edo iragazten dituzten itzulpen programak erabiltzean datza, etiketak ezkutaturik edo babestuta uzten dituztelako.
Erraz samar gerta daiteke HTMLri dagokionez, formatu erabat definitua izatean, ez baitu onartzen inondik inora desbideratzetik. XML eta SGML artxiboak, ordea, definizioz, erabiltzaileak zehazta ditzake. Ondorioz, itzulpen programari dena delako artxiboa nola interpretatu irakatsi beharko diogu. Artxibo mota horiek erreferentzia egiten diote estilo orri jakin bati, eta horrexek xedatzen du artxiboaren osagai bakoitzak nola jokatu behar duen.
HTMLrako .dtd artxiboa hura ulertzen duten tresna guzti-guztietarako adierazpen globala den arren, XML artxiboak halako sarbide unibertsal moduko bat eskaintzen du euskarri teknologia baten bitartez: Extensible Stylesheet Language (XSL) deritzonak XML dokumentuko datuak nola eraldatu azaltzen dio itzulpen tresnari. Hala, batzuek aurretik definituriko XML iragazki bat eskaintzen dute, XSL aldagarri komun batzuetatik abiatuta, eta halako iragazkiak aski izan ohi dira XML artxiboak lantzeko.
SGML artxiboek, ordea, ez dute halako oinarri bateraturik: iragazki edo ezaugarri sorta bat definitu beharko duzu halako artxiboak prozesatzeko orduan.
Trados 2007 programak eta aurrekoek TagEditor darabilte testu etiketatuak prozesatzeko, editore horrek HTML eta XML (XSL bidez) artxiboetarako aurredefinituriko ezarpenak dakartza-eta. Ezarpenak aldatu edo birdefinitu daitezke, beharrizanen arabera. XLIFF, DITA, eta .resx artxiboak egituratzeko aukerak ere eskaintzen ditu. XMLek duen abantaila handietako bat dugu, hain suertez, elkartrukerako formatu moduan josita egotea; hala, itzulpen memoriak trukatzeko TMX, TBX, eta XLIFF formatuen sorburu da. XML dugu, gainera, informazio teknikoa sortu, ekoiztu eta garatzeko DITA (Darwin Information Typing Architecture) estandarraren harroina, baita .NET aplikazioetarako .resx baliabide artxiboena ere. Beraz, pentsatzea dago formatu bereziko artxiboak itzultzean oso lagungarri gertatuko zaigula TMX delakoaz apur batean jakitun egotea.
Aipatu aplikazioak eskaintzen duen morroia erabilita gure beharren araberako ezarpen berriak moldatzea ez da lan lar gaitza. Dena dela, noraezekoa izango zaigu .dtd artxiboa ezarpenak jasoko dituen .ini artxiboa sortu ahal izateko, azken hura dela bitarte besterik ez dugulako lortuko testu etiketatua behar bezala inportatzea. Aurreko bertsioen antzera, Trados Studio 2009 bertsioak ere aurrez prestaturiko XML iragazki sorta bat eta iragazki orokor bat dakartza. Aurrez prestaturiko iragazkiak gauza ez balira gure XML artxiboetarako, geure iragazkia sortzeko bidea ere bagenuke hartarako menu aukerara jo eta hango morroia erabilita, ezarpen geure-geureak sortzeko.
Déjà Vu programak ere alde aurrez definituriko iragazkiak dakartza, eta horiek erabili gura ez izatekotan, berriak zertzeko aukera ere eskaintzen du, morroi eraginkor bat dela aiutari. Trados baino urrunxeago heltzen da, eta DTD artxibo bat inportatzen uzteaz gain, SGML edo XML artxiboa bera zuzenean inportatuta, artxiborako berariazko iragazkia sortuko digu. Ez dugu ahaztu behar, azken batean, programa testu-prozesadoreetatik at diharduen aplikazio beregaina izanik, iragazkien alorra oso landuta duela. Zertan esanik ez, inportatzerakoan lehenentxoeneko axola du iragazki egokia hautatzea.
Tresna gehienek, aurtemein aipatutako biez gain, iragazkiak fintzeko aukera zabalik izaten dute, norberak defini dezan zer den itzulgarri eta zer ez etiketa barruan nahiz kanpoan, baita idazketaren aurka zer babestu ala askatu ere. Normalean, zorionez, behin baino ez dugu definitu behar iragazkia edo ezarpen berezia XML/SGML proiektu baterako, normalean artxibo guztiak estandarraren baten edo besteren araberakoak izaten direlako.
Barruan HTMLak dituzten XML artxiboak
Word artxiboak itzultzeak buruko min handiak eman ohi ditu dena delako itzulgaiaren barruan Excel artxiboak inkatuta joaten direnean. Edo PowerPoint aurkezpenak izanez gero. Antzerako lokamutsak gerta daitezke XML artxiboak itzultzean HTML kode kapsulatuak agertzen direnean. Hau da, XML etiketa ezagunak eta testu itzulgarria oso bestelakoak diren HTML etiketa luzeen artean azaldu dakizkiguke. Orain arterainokoan ikusi legez, gure itzulpen tresnak XML itzulgarria aurkeztuko digu HTML kode itsaso batean. XML kodeak babestuko ditu dena delako tresnak (agerian egon zein ez), baina HTML kodeak babestu bako testu itzulgarri modura aurkeztuko dizkigu. Ondorioz, halakoren bat hondatzea ez litzateke harrigarria. Baina kode usteltze hori ez da arrisku bakarra zeren eta a) kodeok ondo baino hobeto ulertu beharko baitituzu, b) haien inguruan itzuli beharko baituzu, c) ortografia egiztatzea zoramen hutsa izango baita, eta d) kodeek memoria ezin konponduzko moduan poluituko baitizute.
Jokabide bat: Word programan bete ezazu ondoko bidea Tresnak>Aukerak>Orokorra>Berretsi bihurketa irekitzean edo Office botoitik Word aukerak>Aurreratuak>Orokorra>Berretsi bihurketa irekitzean. Hala, XML artxiboa zabaltzean, Wordek itaunduko digu ea zelan zabaldu gura dugun: testu kodetua aukeratzean, UTF-8 edo orriak zuen jatorrizko kode mota lehenetsiko dugu. Testua testu huts garbi moduan aurkeztuko dizu testu-prozesadoreak. Segituan, itzultzean darabilzun programaren arabera, estiloa edo formatua alda diezazkiekezu XML eta HTML etiketei, barruko ala kanpoko etiketatzat jo ditzan RTF formatuan gorde aurretik.
Gauza da itzulpen programa gehienek testu itzulgarria eta itzulezina bereizteko bideak dituztela. Hartara, nahikoa dugu ukitu gabe irautea nahi ditugun etiketa motak dena delako programak itzulezintzat jotzeko bidea topatzea. Eta horretan ere, ez diogu buru apurrari lar eragin behar, bideren bat edo beste daborduko asmatuta dagoelako. Esaterako, Déjà Vu edo Transit erabiliz gero, Word programako Aurkitu eta Ordeztu menuan Erabili komodinak aukeratuta \<\> eta <> bilatzeko agindu eta horiek beroiek testu ezkutuz ordezkatzeko agindu besterik ez dugu (Formatua>Letra tipoa>Ezkutua). Ondoren, Erabili komodinak aukera ezgaituta, kodeak ere testu ezkutuz ordezkatuko ditugu.
Wordfast, MemoQ, SDLX eta beste itzulpen programei dagokienez, beste bide bat ere badugu, hain suertez, Tradosen bi estilo mota hauek erabiltzea, bat kanpoko etiketarako eta bestea barrukoetarako: tw4winExternal eta tw4winInternal. Zure testu-prozesadoreko menuan estiloak agertu ezean, zabal ezazu itzulpen memoriaz itzulitako dokumenturen bat eta estiloen zerrendan bertan agertuko zaizkizu bi paragrafo estilo horiek. Topatutakoan, dokumentu berrira kopiatu besterik ez duzu egin beharko. Jakina, zuk zeuk ere defini dezakezu zeure itzulpen programak ulertzen duen estilo itzulezin bat (edo bi). Kontua, hain zuzen ere, horixe da: ukitzeke geratu beharreko testurako estilo berezi bat definitzea eta, inportanteena!, itzultzeko darabilzun programari estilo hori ulertzeko agintzea. Horiek guztiak eginda, gorde itzulgaia RTF moduan eta ekin itzultzen!
Itzuli eta garbitu ondoren, testu moduan gordeko dugu. Oso pausu erraza izan arren, kontuz jokatu beharko dugu: .xml eran gorde beharko dugu, eta ez .txt hutsa.
Aurreko etiketatze lan hori egiteko tresnaren bat edo beste badugu; nahiz eta, azken batean, lehen azaldu legetxe jokatuko duten. Bide horretatik jo nahi izanez gero, ez da ahaztu behar programarik errazena ere ikasteak neke duela, luze-laburrean onuragarri gertatu arren. Lehena Worderako doako makro bat da: Tortoise Tagger (www.accurussian.net/tagger.htm). Bigarrena, programa beregain bat: PrepTags.
d) Softwarea garatzeko formatuak
Formatuak ugariak ere ugariak direnez gero, itzulpengintzaren aldetik bi mota bereiztea komenigarri ez eze ezinbestekoa ere bada:
- Bitarrak, hots, testu-prozesadoreak zuzenean zabaldu ezin ditzakeen artxiboak.
- Artxibo lauak edo testuzkoak, testu-editore arruntek arazorik gabe zabaltzen dituztenak.
Bitarren luzapen batzuk ezagunak bai ezagunak dira, batez ere PCei dagokienez: .exe, .dll, edo .ocx. Halakoak itzultzean, bi jokamodu izango ditugu: a) tankera fitxategiak itzultzeko propio garatutako softwarea erabiltzea eta b) artxiboak softwarea garatzeko tresna batez hainbat banako artxibo lautara deskonpilatzea, itzuli (garbitu) eta ostera ere konpilatzea.
Dena dela, gaurko programatzaile batzuek ez darabilte konpilaziorik baliabide artxiboetan. Gero eta gehiagotan XML oinarrietako .NET .resx formatuetara jo izaten dute; eta, gorago esan legez, itzulpen memoriak kudeatzeko programek eta lokalizatzekoek gero eta errazago eusten diete. Haietako batek (MemoQ) elkarrizketa leihoak eta koadroak xede hizkuntzaren arabera egokitzeko aukera ere eskaintzen du.
Java ingurunea
Java inguruneak duen hedaduraren ondorioz, ez litzateke harrigarri properties deritzon artxiboren bat itzulgai eskuetaratzea. Horrelako artxiboetan, akotazio marken artean datorren guztia itzuli beharrekoa izaten da. Itzulezinak aurretik # ezaugarria daroa. Zertan esanik ez, zati itzulgarriek HTML oinarriko etiketak ere izan ditzakete bidaiari.
Javarako Properties artxiboak arazorik gabe prozesatzen dituzte SDLX, Trados, Heartsome, Swordfish, Open Language Tools, OmegaT, eta Déjà Vu programek nahiz lokalizatzeko tresna gehienek.
Luzapenak begi aurrean edo esku artean zer duzun jakiteko lorratz onak izan arren, softwarea garatzeko artxiboei dagokienez, ez dago beti guztiz asmatzerik. Itzulgaiak akotazio marken artean agertzen badira, saia zaitez itzultzen RC artxiboa balitz bezala (edo programek eskaintzen dizkizuten gainerako iragazkiekin). Itzul kateek aurretik = ikurra izanez gero, erabil ezazu Properties motako artxiboetarako irazkia. Guztiarekin ere, halako artxibo guztien oinarria testua denez gero, ez dugu artxiboa bera desitxuratzeko arrisku handirik izango. Itzulpengintzaren aldetik, beste bi kontu ezagun dira muntadunago: denbora ez alferrik galtzea eta memoriak zaborrez ez betetzea.
GNU gettext
Softwarerako kode irekiko GNU gettext oinarriko .po eta .pot artxiboen eduki nagusia testua da, eta gero eta ugariagok izaten dira. Izan ere, GNU gettext bera estandarra da kode irekiko proiektu askotan, eta halakoak editatu eta, aldez edo moldez, itzultzeko doako tresnak badaude egon. Baina itzulpengintzarako programen aldetik, Déjà Vu, Heartsome, Swordfish, OmegaT eta Open Language Tools programek besterik ez dituzte zuzenean lantzen .po (itzulgaiak) eta .pot (txantiloiak) artxiboak.
e) Laguntza artxiboak
Laguntza sistemak edo artxiboak —software programa baten dokumentazio artxiboa, laguntza menuaren bidez eskuratu ohi dena—, berez, oso gai korapilatsua ditugu. Mota askotakoak izan daitezkeen arren, Windows ingurunean bi dira puntarengoak: lehena, maldan behera doan Winhelp formatukoa eta, bigarrena, HTMLHelp klasekoa.
Winhelp sistema konpilatuta joan ohi da eta bi osagai izaten ditu: .cnt artxiboa (testu artxibo bat, edukien taula biltzekoa) eta .hlp fitxategi konpilatua, hainbat RTF dokumentu biltzen dituena. Zertan esanik ez, horrelako artxiboetan estekak, oin oharrak, erreferentziak eta abar ugari agertzen dira, eta itzulitakoan ere dagokien eginkizun egokietaraino eraman beharko dute erabiltzailea. Beraz, arreta handiz landu beharrekoak dira erabilera aldetik ere, eduki linguistikoaz gain, testu ezkutua ere ager daitekeenez gero, onena da horrelako artxiboak onartzen dituen tresnaren batera jotzea.
Mota horretako artxibo konpilaturen bat jasoz gero, kode irekiko tresna doako bat erabil dezakegu oinarrizko artxiboak eskuratzeko: HelpDeco. Programak akats bakarra du: interfazea, DOS leiho batean abiaraztea. Itzulgaiez gain, .hpj artxibo bat ere emango digu, itzuli behar ez dugun arren, oso garrantzizkoa dena, dena berriro konpilatzeko informazioa gordetzen baitu. Konpilazioa egiteko, Microsoft etxeak berak doan eskaintzen zuen antzeko tresna bat, Microsoft Help Workshop (helbide honetan eskuratu behar da, enpresak berak ez diolako dagoeneko eusten). Interfaze atseginagoa du, eta erabiltzen errazagoa da.
HTMLHelp artxiboak errazago itzul daitezke, .chm luzapendun osagai bakarra baitute. Izenak berak iradoki legez, itzulgaiak HTML artxiboetan metatuta doaz. HTML hutsak lortzeko, deskonpilatu besterik ez dago. Banan-banaka itzuli ostean, konpilatzera! Bi ekintza horiek bideratzeko, doako tresna erraz bat topatuko dugu Microsoft enpresaren webgunean: HTML Help Workshop.
Deskonpilatu ondoren, normalean honelako artxibo batzuk lortuko dituzu:
- .hhp: ez da itzuli beharrekoa!, proiektu artxiboa da, itzuli ostean laguntza artxiboa berreraikitzeko ezinbestekoa,
- .hhc: HTML formatuko eduki taula, itzuli beharrekoa,
- .hhk: HTML formatuko indize artxibo itzulgarria,
- hainbat artxibo grafiko. Horietako batzuk, zertan esanik ez, testuzko edukiak izan ditzakete, itzulikoez ordezkatu beharrekoak, eta
- .html artxibo itzulgarri ugari.
Dena dela, itzultzen hasi aurretik, bezeroari itaun egin beharko zaio ea konpilatu aurreko testu artxiboak formatu editagarriren batean ba ote dituen (seguru asko, halaxe gertatuko da). Eskuratuz gero, itzultzea errazago gertatuko zaigu.
HTMLHelp artxiboak zuzenean beste hizkuntza batera ekartzera behartuta egonez gero, jatorrizkoaren eta itzuliaren artean ezberdintasunik ez dagoela segurtatzeko tresnaren bat erabili beharrean egongo gara, oso erraza delako loturaren bat edo beste osagairen bat okerbidetik joatea. SDL enpresak, esaterako, bi laguntza artxibo motak egiaztatzekoak eskaintzen ditu: HtmlQA eta HelpQA.
Akatsak egiaztatu eta konpondu ostean baino ez gara hasiko deskonpilatzen.
Dena dela, Sisulizer, Catalyst, Passolo edo Publisher programek HTML laguntza artxiboak zuzenean lantzen dituzte, baita konpilatze atazez lantzen ere; hala, den-dena askozaz ere errazago joango da.
Bestalde, eta itzulpengintzarekin berarekin zerikusirik izan ez arren, baliteke .chm artxiboak zabaltzeko arazoak izatea, dela Windows ingurunean, dela Mac sistema eragiledunetan. Konponbideetako bat, erraza, Firefoxerako gehigarri bat: CHM Reader Firefox add.
f) Datu baseetan oinarrituak
Gaur egun eduki itzulgarri asko eta asko datu baseetan gordeta izaten dituzte bezeroek, errazago kudeatzearren. Baina itzultzaile eskarmentudunek mesfidati begiratu ohi diete halako itzulgaiei, euren buruaren gainean ondo zentzatuta! Normalean, datu-kudeatzaileek datu baseetako itzulgaiak komaz banaturiko testu artxiboetara edo kalkulu orrietara esportatzen dituzte. Zer jazotzen da, ordea, itzultzen hastean? Lehenik eta behin, eduki horietako batzuk testuingurutik at ager daitezke (eta itzultzaileok badakigu zer jazotzen den halakoetan!); eta, bigarrenik, kate bakarraren osagai izan arren, edukiak zatika agertzea, datu basean hala gorde dituztelako.
Lokalizazio tresna batzuek —Multilizer, Alchemy Catalyst eta korporazioetarako Déjà Vu X— hainbat datu base formatu itzultzeko aukera eskaintzen dute.
Aspaldion, gero eta datu base gehiago CMS (edukiak kudeatzeko sistemak) bihurtuz doaz, eta datuok XML etiketez gordetzen dituzte. Beraz, itzultzeko orduan halakoen gainean esandakoak izan beharko ditugu kontuan. Bestalde, azken urteotan datu baseen edukiak estandarren arabera antolatzeko eta, beraz, zuzenean itzultzeko saioak egiten hasi dira —oinarria datu baseei berba egiteko SQL (Structured Query Language) hizkuntza unibertsala izan ohi da—. Beraz, datuak zatika eta testuingururik gabe ikustearen arazoa askatzeko bidea hortik etorriko (omen) zaigu itzultzaileoi. Datu base handien kudeatzaileak edukiak are Across, SDL TeamWorks, Plunet, Beetext, eta ]project-open[ programen bidez ere lantzeko bidea eskaintzen hasi dira, edo FTP zerbitzari baten bitartez itzultzailearen idazmahaira ekartzeko aukera. Datu baseak itzultzeari dagokionez, etorkizuna, menturaz, itzultzaileari begira antolaturiko cloud computinga, hodei konputazioa, ote? Erantzuna urte gutxiren bueltan, seguru asko.
Akabukoa
Gustave Flaubertek ez zuen gogoan itzulpengintza "etorkizunak gaitu oinazetzen eta lehenaldiak kateatzen, hara hor zergatik doakigun oraina eskapu betean" adierazi zuenean, baina itzultzaileok borroka eremu dugun lehengaia ezin hobeto laburbiltzen du; edukiez gain, gero eta arduratuago egon behar dugulako euskarriekin eta teknologi prestakuntzarekin, bat ikasten edo menderatzen amaitu ordukoxe, beste berri bat etorriko zaigulako gainera. Azken batean, itzultzaileak "ba du inguru latz bat menperatzeko premia,/burruka hortan bizi da eta hori du bere egia./Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu,/jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu...". Euts diezaiogun, beraz!
Oharra: Artikulu hau, besteak beste, International Writers webguneko materialak eta Jost Zetzsche jaunaren The Translator's Tool Box liburu elektronikoaren eduki batzuk abio hartuta gauzatuta dago.