Zuzentzailearen ezinbesteaz (Boston, 1901 - Euskal Herria, 2011)
Iñigo Roque Eguzkitza

Urri dira testugintzari buruzko testu klasikoen euskarazko itzulpenak; eskas, itzulpengintzari buruzkoenak, orobat. Baten batek galde lezake zertarako behar ditugun arkeologia horiek, asko ahaztu eta zokoratuak badira. Hala ere, eguzkipean deus berririk ez denez, on da horietara itzultzea auziak ez berritzeko.

Oraingoan dakarkizuegun testu hau 1901. urtean irakurri zuen John Wilson-ek The Odd Volume Club-eko kideen aurrean, Bostonen. Wilson The University Press-eko argitaratzailea izan zen, Cambridge-n, eta, uste izateko denez, kluba, liburuzale mokofinen lagunarte diruduna. Aldeak alde, urruntasunak urruntasun, haatik, Wilsonen hitzak probetxu izan daitezke gaur egun ere.

Kezkagarria da, kezkagarria denez, gaur egun euskal argitaletxe askok duten zabarkeriarako isuria. Ez genuke, tamalez, lan handirik John Wilson-en pasadizoak osatzen gureekin. Zuetariko batek esan lezake, esaterako: «Gogoan dut nola behinola liburuxka bateko azalak zuzendu behar izan ziren (tippexez, gainera), zergatik eta izenburuan Bertsolaritzari homenaldia agertzen zelako, h eta guzti. Eta harako hark erantsi: «Oroitean dut nola lankide katalan batzuek aldatu behar izan zuten liburu bateko orri sorta oso bat, argazki-oin batean aipatzen zen vela ez zelako vela, candel baizik (euskaraz ere arazo bera geneukake: kandela/haize-oihal). Ez dira falta, gisa berean, euskaratu gabe geratzen diren pasarteak han-hemen: «Niri behin Plaza de España (Roma) itzuri zitzaidan argazki-oin batean hain liburutan».

Gehienetan presa da errudun nagusia halakoetan; barkagarri dira hutsok, edo ekoizpenaren estutasunei egoztekoak, bederen. Barkaziorik ez duena zera da: zuzentzailerik gabeko argitaletxea, edizio-bermerik gabekoa.

Ehun urte baino gehiago joanak dira John Wilson-ek hitzaldia eman zuenetik. Teknikak aurrerabide handia egin du: tipograforik ia ez dago; liburu digitalak agertu dira; argitaletxeek ez dute eskuizkriburik jasotzen; euskarara egokitua dugu QuarkXpress-eko silaba-zatikatzailea... Gramatikazko eta erretorikazko puntuazioari buruzko teorizazioari ez diogu etekin handirik aterako, beharbada, baina estilistikan modak ere badirela ohartzeko balioko dio horrek baten bati.

Garaiak mudatu dira. Gaurkoan, jendartean zabaldu da, batez ere sareko jakitun gurakoen artean, estiloak ez duela hainbesteko garrantzirik literaturan:

Aklarazio bat Fermin, teologoen bandoan kokatzen bainauzu eta injustua iruditzen zait: estiloa irensten zaila dela idatzi dut; hizkuntzaren kalitatearekin ez naiz sartu (eta ez naiz sartuko, ni ere, zuk kontrakoa esan arren, lurtarra bainaiz eta ez dut maite literatura alde filologikotik baloratzea).1

Hala ere, ez dezagun esperantza gal; bestelakoak ere irakur baitaitezke sareko puntadetan:

Orain: amorragarria benetan egin zaidana da akatsez jositako idazkera hori...2

Digitalitatearen berehalakoak ekarri du, agidanez, kuxidade hori onartzea. Eta berdin da joskerazko, esaldigintzazko edo osterantzeko arazoak diren. Hizkera sexista ere, kasurako, Wilsonen kofradiari axola gutxi izango zitzaiona, ez da batere zaintzen, eskuarki, eta ikus genezake liburu batean, kasurako, «errege katolikoak» behin eta berriro aipatzen direla, «errege-erreginak» zirela kontuan izan gabe. Leizarragak Biblia euskaratu zuela irakur dezakegu, Hezkuntza Sailak onetsitako liburu batean... Zerrenda luzea litzateke, ad infinitum. Ez da kalterako izango, horratik, adibide banaka batzuk hona aldatzea, sinesgogorren zentzagarri.

Mihi gaiztoek diote Amerika basakeriatik endekapenera zibilizazioa ezagutu gabe pasatu den herrialdea dela. Justuagoa litzateke esaera Mundu Berriko hiriei aplikatzea: freskotasunetik zahartasunera doaz, baina inoiz ez dira antzinakoak izaten. Neska ikasle brasildar bat negarrez etorri zitzaidan Frantziara lehen aldiz bidaiatu eta gero...

Askok pentsatuko dute zer hobetu handirik ez duela testuak, lehen ikusian bederen, baina, izan, badu. Alde batetik, bistan denez, Amerika ez da herrialde bat, AEBrekin nahasi nahi izan ezik; hobe zatekeen lurralde terminoa erabiltzea, beraz. Eta hondarreko esaldiak badu kohesio- arazo handi samar bat: ez dakigu nork bidaiatu zuen lehen aldiz Frantziara, ikasleak ala irakasleak; aski zatekeen Frantziara lehen aldiz bidatu zuenean jarri balu itzultzaileak.

Nazio-estatuari loturik gauzatu dira Ilustrazioaren xede asko: heziketa, seguritate soziala edota baztertu batzuei babesa.

Esaldiak, bestelako auziez gainera, badu huts nabari bat, hain zuzen, izen-sintagma osatugabe bat: baztertu batzuei babesa. Aise konpon zitekeen, ordea, esaldia berriro formulatuz: hezkuntza bermatzea, gizarte-segurtasuna eskaintzea edo baztertuei babesa ematea.

Ez dira, ez, bilatutako aleak, bidean gurutzatutakoak baizik. Ez dira, ez, argitaletxe bakarraren emaitzak, bakoitza etxe batekoa baita. Ez nituzke harrokeriaz haizatu nahi ere horiek, apaltasunez jokatu beharra baitago, María Fernanda Poblet espainiar zuzentzaileak gaztigatu bezala:

¡Ojalá la corrección de los textos garantizara la desaparición total de las erratas! Sí se puede -y se debe- esperar, sin embargo, que tras la corrección haya menos erratas de las que había, pero difícilmente desaparecerán todas. Los correctores somos humanos y, como tales, imperfectos, pero, además, la errata tiene vida propia.3

Testuaren itzulpenera etorrita, aipatu behar dugu ingeles tradizioko argitaletxeen lan-banaketari eutsi diogula: inprimatzaile (printer), editore (copyeditor), proba-irakurle (proofreader). Gurean, ezagun denez, editore gehienak zuzentzaile izaten dira, eta inprenta-probak egileak eta editoreak (edo zuzentzaileak) pasatu ohi dituzte, baina interesgarri da bereizkuntza egitea lehengo mende hasierako argitaletxeetako jardun moldeaz jabetzeko. Izan ere, herrialde bakoitzak bere azturak ditu: Espainian, esaterako, estilo-zuzentzaileen (corrector de estilo) eta ortotipografia-zuzentzaileen (corrector ortotipográfico) eginkizunak banatu ohi dira.

Bestetik, jatorrizko testua, sarean eskura dagoenez, bertokotu egin dugu, metahizkuntzaz beteriko testuek eskatu bezala, bidean, jakina, ingelesari dagozkion ñabardura askotxo galduta; ahal dela, oin-oharren bidez osatu ditugu gabeziok, haatik. Irakurlearen atseginaren amoreagatik lizentzia zela iruditu zaigu.

Iritsiko ahal zaie Wilsonen esanen oihartzuna horren premian direnei!

Proba-irakurlearen garrantziaz4
John Wilson

Argitalpen bat prestatzeko lanetan, egileak, inprimatzaileak eta proba-irakurleak esku hartzen dute, hirurek. Guk, ordea, azken horren lanari erreparatuko diogu, bai eta horrek egilearekin duen harremanari ere.

Benetako proba-irakurleak, argitaletxeko langile iaioa ez ezik, lituraturazale ere izan behar luke, eta ezagun izan hizkuntza guztietako klasikoak, zientziaren aurkikundeak eta, orobat, gizateriari lotutako beste edozein gai. Egile batek liburu bat argitaratzeko apailatzen duenean, laburdura asko erabiltzen ditu usu; letra larriak oker erabiltzen ditu; ortografia ez da beti bat etortzen arauzko hiztegiarekin; puntuazioa ez da zehatza izaten; haren aipu historiko zein biografikoak hala-moduzkoak izaten dira; eta haren kaligrafia txarra izaten da. Halakoetan, zuzentzaileari proba latza ezartzen zaio: eraman handikoa izan beharko du, eta eskuizkribu zuzengaitzak entelegatzeko eta testuko gabeziak osatzeko langintzan ondo trebatua egon, azken bertsioa, lañoki esateko, originala baino txarragoa izango ez bada.

Diotenez, 1860ko hamarraldian, Charles Dudley Warner editore zelarik Hartford Press-en, non dei aberkoi kartsuak egiten baitzituen, tipografoetako bat konposatze-gelatik atera eta bekoz beko mintzatu zitzaion editoreari: «Warner jauna, erabaki dut armadan izena ematea». Warner jaunak, harrotasuna eta erantzukizuna nahasian, erantzun zion pozgarri zela ikustea nola erantzun zion betebeharraren deiari. «Ez, hori ez da kontua -esan zuen konposatzaile onberak-; nahiago dut tirokatua izan zure testu madarikatu horietako bat berriro konposatu baino».

Eskuizkribu txarraren adibide gisa, menturatu naiz lan baten orrialde bat erakustera, zeina, zorigaitzez, inprimatzea onartu bainuen. Mila orrialdeko eskuizkribu baten lagin txiki bat baizik ez da. Autoreak, urte batzuk geroago, antzera apailaturiko beste lan bat eskaini zidan, eta uko egin nion, eskerrak emanda, hura onartzeari.

Harper's Young People aldizkariko testutxo bat aldatu dizuet hona, idazkera arduragabe horren erakusgarri:

Massachusetts-eko elizgizon bat auzitan sartzekotan izan zen bere idazkeraren txarragatik. Mende bat baino gehiago da gutun bat bidali zuela Massachusetts-eko Gorte Nagusira, garai hartan interes handiko zen gai baten inguruan. Gorteak, gutuna jaso zuenean, idazkariari eskatu zion hura ozen irakurtzeko, koleraturik baitzegoen idatziaren hasieran omen zeuden hitz hauekin: «Zuengana jotzen dut ez magistratu zareten aldetik, zerritzar zareten aldetik baizik».
-Zer! -oihu egin zuten-. Irakurri berriro. Zer garen aldetik?
-Ez magistratu zareten aldetik, zerritzar zareten aldetik baizik -esan zuen berriro idazkariak-. Horixe dio.
Gutuna eskuz esku ibili zen; epaileak goxo zeuden, ikusita idazkariak itxuraz ez zuela hutsik egin. Magistratuek, haserre bizian ustezko irain horren aurrean, zentsuratu egin zuten elizgizona, eta idatzi zioten barka eskatzeko aginduz. Haien aurrera agerturik, gizonak azaldu zuen magistratuek «zerritzar» irakurria zuten lekuan «herritar»5 zioela, eta, jakina, ez zegoela barkazio beharrik; hala ere, kargu hartu zioten apaizari, idazkera hobetu behar zuela-eta, ez bazuen arazotan sartu nahi.

«Itsumandoka aritze»aren beste adibide bat da Peligrinaren ibilbideak izenburuaren partez Pedigriaren irizpideak6 inprimatu zenekoa.

Philadelphia Press-ek zera kontatzen du: «Berriki goizeko egunkariko editore batek artikulu bat idatzi du boerren auziari buruz, goiburu hau jarrita: "Britainiar armadak porrot handi bat izan zuen". Harrigarriro, inprimatzaileak beste honetara eman zuen: "Britainiar armadak porrot bat izan zuen. Handia da!". Editoreak, sutan, bere arduradunari galdetu zion ea inprimatzailea boerren aldekoa ote zen».

Jende buruargi askok uste du proba-irakurlearen egitekoa dela testuaren hariari segitzea eta hitzak ondo idatzita daudela egiaztatzea. Hori haren betebehar behinena balitz, ordea, autore asko lotsagarri geratuko lirateke. Duela gutxi, autore batek «Jainkoak haizea baretzen dio bildots triskilatuari»7 esaldia aipatu zuen Bibliakoa balitz bezala; baina proba-irakurleak aipua bilatu eta «Sterne» idatzi zuen marjinan; autoreak, zentzu onez, eskertu eta onartu zuen zuzenkizuna. Batzuetan gizon-emakume gazte askok, unibertsitatean graduatu berritan, eskatu izan didate argitaratzaileekin harremanetan jartzeko, liburu batzuen itzulpenak plazaratu diezazkieten; hala ere, oharturik zein axalekoa izaten den askotan unibertsitateko gradudunaren hizkuntza-gaitasuna, zeinak ez baitie modurik ematen ingelesez behar bezala emateko erdara horren espiritua eta hitza, uko egin diet eskarioi gizalegez. Esan dezadan, zehazki, itzulpen banaka batzuk baizik ez daudela libre akats, neurri batean edo bestean, eragabeetatik.

Frantsesezko bois hitzak 'egurra edo basoa' esan nahi du. Zenbait soldadu hilak ziren garita batean, eta, gaixotasuna zabaldu ez zedin, Napoleonek agindu zuen boisari su emateko. Itzultzaileak baso hitza erabili zuen bois itzultzean; horrek pentsaraziko zion irakurleari baso osoa erre zutela. Proba-irakurleak, haatik, frantsesezko testua aztertu ondoan, proposatu zuen basoaren ordez garita hitza erabiltzea. Aldaketa eginda, berreskuratu egin zen jatorrizko esanahia.

Aleman-irakasle batek, zeinak bere burua aditu handitzat baitzuen klasikoetan ez ezik hizkuntza modernoetan ere, Itun Berriko «Espiritua prestu da, baina haragia flaku»8 esaldia honela eman zuen: «Mamua prestu da, baina okela flaku». Beste era honetara itzuli balu, aurkikunde moderno batzuen argitan: «okela baltsamaturik», orduan bete-betean joko zukeen ituan.

Cervera almirantearen eskuadroia suntsitua zelako berria zabaldu zelarik, Venezian zegoen jaun batek, italieraz oso trebe ez zenak, ingelesez ederki zekien irakasle bati eraman zion egunkaria, itzultzeko galdatuz. Irakasleak hala egin zuen, ezin hobeto egin ere, ia amaieraraino, noiz eta duda-mudatan zera irakurri baitzuen: «Eta orkestrak jo zituen "The Flag with the Stars on it" eta "It will be very Warm in the City this Evening"». Minutu baten buruan jaunak antza hartu zion azken obraren izen egokiari: «There'll be a Hot Time in the Old Town To-night».9

Adibide horietan guztietan, eta baita beste askotan ere, «ezkutuko buru» gisa agertzen da proba-irakurlea, zeren, haren laguntzarik ezean, ezin konta ahala huts gertatuko bailirateke.

Duela urte asko, puntuazioari buruzko idatzi batek zera zioen: «Beharbada ez dateke hain iritzi desberdinik pertsona ikasien artean ezein gairi dagokionez nola puntuatzeko modu zuzenari dagokionez, eta bi pertsona, edozein harturik, nekez letozke bat metodoa aukeratzean; batzuek puntu eta komaren etena egiten dute, zentzuak koma eskatuko lukeenean; batzuk, puntuazio gogorraren aldeko dira, eta beste batzuk, berriz, guztiz kontrako». Gaur egun, ordea, ez da hain kaotikoa iritzien nahas-mahasa; izan ere, ordutik hona puntuazioari buruzko hainbat lan plazaratu dira, eta erakutsi dute lege batzuk badirela esaldigintza arautzen dutenak eta idatziaren esangura irakurleari hobeki ulertzen laguntzen diotenak.

Dakizuekeenez, alde handia dago gramatikazko eta erretorikazko puntuazioen artean. Lehenbizikoa begiari dagokio; azkena, belarriari. Antzezlanak taularatzeko prestatzen ari direnean, aktoreak gidatu beharrez, erretorikazko puntuazioa erabiltzen da, hizlaria efektua lortzeko pausuez ohartu dadin. Aldiz, benetako puntuazioaren antzea gramatikan funtsatuz gero, haren asmoa da irakurleari laguntzea esaldien zinezko esanguraz jabetzen.

Erretorikazko puntuazioaren kontua argitzeko, ekar dezadan «Ez, jauna» esakunea hizpidera. Gramatikazko irakurketa honelakotsua litzateke: «Ez, O jauna»; aldiz, erretorikazko irakurketa hau: «Ez jauna». «Haritzak, behin, esan zion Kanaberari»10 esaldia erretorikaren bidetik irakurrita honela litzateke: «Haritzak behin, esan zion Kanaberari». Azken kasuan, irakurleak behin eta haritza estekatzen ditu, bi izenak aposizioan jarririk adierazi bera balute bezala. Aita gurean ez da ezohikoa koma bat ikustea erregetza, ospe eta indarra hitzen ondoren: «Zurea duzu Erregetza, zureak ospe eta indarra, orain eta beti».11 Erretorikaren ikuspegitik, esakune bakoitza indartzeko eta nabarmentzeko, ezinbestekoa da pausu bat irakurtzea; baina, gramatikaren ikuspegitik, koma hori sasikoa da.

Idazleek batzuetan, eta sarri proba-irakurleek, huts egiten dute ahal eta al partikulak erabiltzean. Ahal desira adierazteko erabiltzekoa da: «Isilduko ahal dira txakur horiek!» edo «Atertuko ahal du behingoan», gehienetan harridura-marka eta guzti. Al, berriz, galderetan zalantza- kutsua emendatzearren baliatzen da: «Etorriko al zara gurekin?». 12

Ez da harrigarria, beharbada, gramatika-akatsak sarritan agertzea afixetan; esaterako, «Etxea salgai»k honela behar luke: «Etxea erosgai». Batek «sal» diezaioke etxea beste bati; baina eroslearentzat «erosgai» da etxea, eta ez, «salgai». Behin baino sarriagotan ikusten dira gure kaleetan honelako eragabekeriak: «Harategi Mikel» edo «Jatetxe Orbel»; askotan horrelaxe, artikulurik gabe; batekoarren, ordea, errotulu elebidunak bide erraza leukake: «Carnicería Mikel Harategia» edo «Restaurante Orbel Jatetxea».13 Idazle eta proba-irakurleak, horiek ikusirik, sumintzen badira, zergatik ez jende arrunta?

Lagunarteko «Non bizi zara?» itaunaren ordez, «Zein da zure helbidea?» esan behar genuke, nonahi bizi baikara, baina helbidea, ordea, bakarra izaten baitugu.

Batzuetan, idazleak nahasi egin litzake esaldiaren osagaiak, zer zeri dagokion ez jakiteko maneran; kasurako, «Esan zuen astiro etorri zirela» idatzi ordez, honela behar genuke: «Astiro esan zuen etorri zirela» edo «Astiro etorri zirela esan zuen», zer behar duen; «Kostata ahalegindu arren lortu zuen» barik, «Kostata lortu zuen, ahalegindu arren» behar luke. Idazle askok, haatik, uste dute anbiguotasun horiek guztiak zentzuak argitzen dituela, baina, bistan denez, ez da beti hala izaten.

Puntuazio-markak gaizki erabiltzeagatik ere huts asko egiten dira. Esaterako, zalgurdi bat saldu nahi zuen dendari batek «Zalgurdia! salgai» idazkuna paratu zuen ate ondoko somier zahar batean, zalgurdiei deika bezala. Handik gutxira hanka-sartzeaz ohartu zen, oinezkoren baten barreak adituta, eta berehala zuzendu zuen. Horrelako ezin konta ahala adibide daude. Beste batzuk aipatze aldera: «Emakumea, gizona uste baino menderatuago dago» esaldiak honela behar luke: «Emakumea, gizona, uste baino menderatuago dago».14 Haur bati behin galdetu zioten: «Zergatik maitatu behar dugu Jainkoa?». Eta hark arrapostu: «Hark sor guarda eta salba gaitzakeelako»; ordea, honela esan behar zukeen: «Hark sor, guarda eta salba gaitzakeelako»15, sor[gor] guarda ez baita deus ere. Errementari batek, bizartegitik pasatzean, plaka bat ikusi zuen leihoan:

Baita
Musu truke egingo dizut bizarra,
eta edaten emango.

Vulkanoren semeak, bizar beltz handi bat matrailean eta sama siku samarrik, gonbita onartu zuen eta dendara sartu zen. Lanak amaiturik, pattarra eskatu zuen. Baina bizargileak ordaintzeko eskatu; errementariak, espantuka, erakutsi zion dendako plaka, eta bizargileak barreka honela irakurri zuen:

Baita!
Musu truke egingo dizut bizarra,
eta edaten emango.

Beste adibide burugabe batek are argiroago erakutsiko digu nolako balioa duen puntuazio zuzenak:

Mundu honetako emakume orok
hogei azkazal ditu esku bakoitzean;
bost eta hogei esku-oinetan.
Eta hala da, egia.

Puntuazio zuzenak aise argituko luke pasartearen zinezko esanahia:

Mundu honetako emakume orok
hogei azkazal ditu: esku bakoitzean,
bost; eta hogei, esku-oinetan.
Eta hala da, egia.

Eskari hau egin zioten behin elizgizon bati: «Marinel bat itsasorakoan, kristau-elkarteko fededunei eskatzen die emazteak haren alde otoitz egin dezatela». Apaizak, aditasuna edo begia labur, oker irakurri zuen: «Marinel bati eta azokako kristau-elkarteko fededunei eskatzen die emazteak haren alde otoitz egin dezatela».

Berriki, jaun batek adiskide baten helbidea idatzi zuen paper txatal batean: «Adolph Windermeer, Jr., Sylvester Windsor & Co., New York». Sylvester edo Windsor izenen ondoren komarik ez zela eta, galdetu nuen ea Windsorren ponte-izena ote zen Sylvester. Eta zera erantzun zidaten (koma markatuz): «O, ez».

Adibide horietako banaka batzuk aitaren puntuazioari buruzko liburutik atereak dira.

Gaur egun, puntuazio-arauak aski onarturik daudela, oso bakanetan ez datoz bat inprimatzailea eta proba-irakurlea. Hitzak lerroaren amaieran zatikatzean, ingelesek nahiago izaten dute bokalean eten (ha-bit, pre-face, pro-phet); amerikarrek, berriz, kontsonantean (hab-it, pref- ace, proph-et).16 Ingelesen moldeak hitzaren jatorria erakusten du; azkenak, ahoskera. Bietatik nik ingeles moldea nahiago dut; esaterako, cre-a-tion hitzean, hiru silabakoa izanik, hobe da bigarren bokalean egitea etena (beraz, crea-tion), tion silaba aiseago ahoskatzen baita eta bokala lerroaren hasieran ikusezin bihurtzen baita.17

Autore eta inprimatzaile askok ez dituzte berdin erabiltzen hitz larri eta xeheak: Charles ibaia, Ibai Horia, Mexiko Hiria, Irungo hiria, Mendi Urdinak, Everest mendia: ibaia, hiri eta mendi hitzak larriz edo xehez hasten dira izen-sintagman duten kokapenaren arabera. 18

Hitz elkartuen arteko marratxoa falta izaten da sarri. Idazle eta inprimatzaile asko ez dira marrazale izaten halakoetan, eta askotan ilundu egiten dute testua, premiarik gabe; esaterako, «Baden-Powell koronela, Mendebaldeko Afrikan zelarik, maitemindu zen kultura bitxi batekin: "Softly, softly: catchee monkey!", zeina honela itzul bailiteke: "Ez estutu: patxada hartu!"». Pixka batean kostatu zitzaidan zirto hura ulertzea, harik eta bi hitzak marratxo batekin josi nituen arte: kultura-bitxi19. Hitz elkartu bat oso arrunta denean, loturik idatzi ohi dira bi osagaiak, hala nola galsoro, etxalde, banketxe, eta abar.

Arruntean, letra xehez hasten dira liburuen izenburuak, bereziki liburutegi publikoetako katalogo inprimatuetan. Estilo hori, okerrekoa izateaz landa, nahasgarri da, eta gustu onaren aurkako; pertsona letradunek ez lukete halakorik erabili behar. Horretarako emandako arrazoia -alegia, irakurterraztasuna- hutsal eta desegokia da. «Erabilera zuzen»aren estakurua, sarri askotan aipatua, ez da aski ezein literatura-ohitura berez desegoki eta zabar zuritzeko.20

Salbuespenak salbuespen, XV. gizaldira arte eskuizkribuzko liburuetako hitzen haria etenik gabekoa zen, hutsunerik gabekoa; eta, puntuazioaz den bezainbatean, ezagutza oso txikia zen, edo hutsaren hurrengo. Kristo aurreko papiro grekoetan, zenbait marka aurkitu dira, etenak seinalatzen zituztenak, eskuinetarako geziaren tankerakoak (>). Bibliaren eskuizkribuetan, haatik, testua lerrotan banatzea lagungarri zen irakurleak esanahia errazago uler zezan, baita jendaurreko irakurrialdetarako ere. Antzinako eskuizkribuak behin eta berriro transkibatzean huts asko egiten zirenez, proba-irakurlearen laguntza gaur baino beharrezkoagoa zen; okerreko hitzak belaki edo aizto batekin ezabatzen ziren, eta hitz zuzenak sartzen. Salomonek, duela hiru mila urte, zera esan zuen: «Liburu asko egiteak ez du bukaerarik; gainera, gehiegi hausnartzeak gorputza nekatzen du»21. Gutxik irakurtzen edo ikasten zuten garai batean esan zituen hitzok, noiz eta liburu guztiak eskuizkribu baitziren eta inprimatzailearen lanbidea ezezaguna baitzen. Gaur egun, denok irakurtzen, ikasten eta idazten dugu; behiala «gorputza nekatu» egiten zuen hura gaur egun plazererako eta atseginerako bide da. Jeremy Belknap-ek, Belknap Papers lanean, esan zuenez, pertsonak lau eginbehar ditu: «lehena, etxe bat eraikitzea; bigarrena, liburu bat idaztea; hirugarrena, haur bat izatea; laugarrena, arbola bat landatzea».

Orain, erants diezazkiegun eginbehar horiei beste lau osagarri, proba-irakurlearen ustean haiek bezain garrantzizko, edo are garrantzizkoago, direnak; hain zuzen, kaligrafia onez idaztea; ortografia-akatsik ez egitea, puntuazio egokia erabiltzea, eta «korritzen duen» erretorikaz zerbitzatzea.

The Odd Volume Club-eko kide garen aldetik, denok laket ditugu, liburu bitxiak ez ezik, liburu onak ere. Liburu-denda batera sartzen naizen bakoitzean, bereiziki argitaletxe handi batekoa denean -esaterako, Little, Brown, & Co.-ra- eta miraz ikusten ditudanean liburuak lerro-lerro -gora begira dauden aurpegiak balira bezala-, nire sentimenduak ama maitekor batenak dira, zeina, besoak zabalik, beti prest baitago bere haur kutuna besarkatzeko eta bularraren kontra estutzeko. Eskua luzatzen dut, isileko espiritu erakargarri horietako bakoitza eta guztiak haztatzeko eta besarkatzeko, eta aldarri egiteko, Channing-en hitzak neure eginik: «Eskerrik asko, Jauna, liburuak emateagatik!»22.

Channingen hitz horiek haurretako gertaera bat ekartzen didate oroitera. Gau batez, biharamunerako lezioa ikasten ari nintzelarik, aitak irakurri zidan Channing-en Essay on Self Culture liburuko esaldi hori, zeinak, Channingen suhartasuna ez ezik, liburuen ahalmen eta eragina ere erakusten baitute. Ekar ditzadan hona beste lerro batzuk pasarte horretatik:

Eskerrik asko, Jauna, liburuak emateagatik! Urrunaren eta herioaren mintzoak dira, eta iragan garaietako bizi espiritualaren oinordeko egiten gaituzte. Liburuak zinezko berdinzaleak dira. Zorioneko erabiltzaile guztiei eskaintzen dizkiete gure arrazako onenen eta handienen jendetasuna eta espiritua. Ez dio axola zein behartsua den bat bedera; ez dio axola, gure denboretako aberastasuna ez bada sartzen nire bizileku hitsean, baldin eta idazle sakratuak nire teilatupean sartzen eta ostatatzen badira, baldin eta Milton nire atetik sartzen bada paradisuari kantatzeko, edo Shakespeare, alegiazko munduak eta giza bihotzaren lanak erakusteko, edo Franklin, ni aberasteko bere jakituria praktikoarekin. Ez nuke irrikatuko bestelako konpainia intelektualik, eta gizon jantzia bilakatuko nintzateke, nahiz eta ni bizi naizen lekuko goi-gizartetik bazter egon.

Byron-ek idatzi zuen tinta-tanta xume batek milioika laguni pentsaraz diezaiekeela.23 Maiz, gizon baten biziaren nolakoa ebatzi du liburu batek. Liburu batek lagunak eskaintzen dizkizu, irakurketatik sortzen baita kidetasun halako bat egilearekin eta liburuaren beste irakurleekin. Samuel Johnson-ek zera esan zuen, gizon batek Burton-en Anatomy of Melancholy irakurria zuela entzutean: «Gizon hori ezagutuko banu, besarkatu egingo nuke». Zesar, ontzia hondoratzekotan zela eta hura itotzeko zorian, ez omen zen ahalegindu urrea salbatzen; aitzitik, bere Iruzkinak hortz artean atxikirik igeri egin zuen lehor aldera.

******

Aipatu ditudan adibideen asmoa da frogatzea zein handia den kultura-pertsonek liburuei dieten estimua. Horietatik inspirazioa atera dute bizitzarako, edo gogo-bihotzak jarri dituzte horietan; horiek guztiek frogatzen dute, gisa berean, zein funtsezkoa den proba-irakurle prestuaren lana, hain maiteak ditugun liburuok sor daitezen.

OHARRAK

1. http://www.argia.com/boligrafo-gorria/2010/10/jesukristo-judas-eta-autokarabana/

2. http://goiena.net/blogak/faroa/eta-orain-zer

3. Poblet, María Fernanda: «La corrección de textos: qué es y para qué sirve (I)», La linterna del traductor, 1. zk. (2009ko uztaila), Asetrad, Madril, 12-16. <http://www.lalinternadeltraductor.org/>

4. Wilson, John: The Importance of the Proof-reader: A Paper read before the Club of Odd Volumes, in Boston, by John Wilson, The University Press, Cambridge, 1901. <http://www.gutenberg.org/ebooks/27583>

5. Ingelesezko hitz-jokoa: Indian devils / individuals.

6. Ingelesezko hitz-jokoa: Pilgrim's Progress / Religious Rogues.

7. Sterne, Laurance: Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar, Ibaizabal, 1998 (itz.: Josu Barambones).

8.Leizarragaren Testament Berriaren itzulpenaz baliatu gara (aldaketa txiki bat eginda), zeren Elizen arteko Bibliak, gaur egun kanoniko denak, ez baitu modurik ematen ingelesezko olgetari eusteko: «Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia» (Mk, 14, 38).

9.Estatubatuar soldaduen ereserkia Kubako gerran, 1898an. Itzulpenaren joan-etorrian desitxuratu egin da abestiaren izenburua.

10.La Fontaine-ren alegia batetik hartutako aipua. Jean Baptiste Artsuk honela euskaratu zuen: Kanaberari haritzak / behin erran zeion [...]

11.Ingelesez: For thine is the kingdom, and the power, and the glory, forever and ever.

12. Ingelesez: o eta oh heiagorei buruzko azalpena.

13. Ingelesezko testuan apostrofearen erabilera okerraz dihardu egileak.

14. Ingelesez: Woman, without her man, is a brute / Woman,-without her, man is a brute.

15. Ingelesez: Because He makes(,) preserves, and redeems us.

16. Euskaraz, jakina denez, silabaka banatzen dira hitzak lerro-amaieretan. Zubimendi, Joxe Ramon: Ortotipografia, EIMA - Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2004. Hala ere, badira kontuan izan beharreko beste alderdi batzuk, gutxi bai gutxi aipatzen direnak: letra bakarra ez bereiztea, morfemei eusten ahalegintzea, segidako lerroetan hasierako silabak ez errepikatzea...

17. Paragrafo hau kendu dugu: It is also not uncommon, in some American books, to omit the comma after the second noun in the case of the mention of three nouns, as in the sentence, "Industry, honesty, and temperance are essential to happiness," and also to omit the comma after the second name in the sign of a firm of three, as, "Little, Brown, & Co." While in this country the omission of the comma in these instances is often made, it by no means follows that such omission is correct. Another difference from the English practice is that of omitting the comma after the given number of a street, as, "274 Washington Street." In this case, the grammatical reason for placing the comma after the number is that there are not 274 Washington streets, but that the meaning is No. 274 of Washington Street.

18. Euskaraz aski ongi zedarriturik dugu letra larri eta xeheen erabilera hori. Mujika, Alfontso: Letra larriak erabiltzeko irizpideak, EIMA - Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2008. Gaztelaniaz ere oraintsu arte ez zegoen argi irizpidea: «[las mayúsculas] Se eliminan de los términos genéricos que se anteponen a los nombres propios (golfo de México, calle Felipe IV...)».

19. Ingelesezko hitz-jokoa: native saying / native-saying.

20. Paragrafo hau kendu dugu: When phonetic spelling and writing come to take the place of our present or ideographic method, the difficulties of the proof-reader will be greatly increased. To-day it would be a difficult matter for him to spell the expression, "Uneeda Biscuit," or to decide the correct mode of printing the word "coffee," which sometimes appears as kaughphy. It is true that phonotypy would enable the child the more easily to master the art of spelling; but whether words meaning the same thing would be spelled alike by all writers is very questionable, as the most common words are frequently mispronounced; as, sech for such, gud for good, git for get, gut for got, etc.

21. Elizen arteko Biblia (Kh 12,12).

22. Channing, William E.: Works of William E. Channing, 1. lib., Boston, American Unitarian Association, 1877, 23.

23. Byron, G.G.: Don Juan, «The Isles of Greece». Aipua osorik: But words are things, and a small drop of ink, / Falling like dew, upon a thought, produces / That which makes thousands, perhaps millions, think.