Stieg Larsson gaztelaniara itzultzea: arazo eta konponbideak
Juan José Ortega Román (Madrilgo Complutense Unibertsitatea)

Itzulpena: Josu Barambones Zubiria

Ezbairik gabe Stieg Larssonen Millennium trilogia1 izan da eta oraindik ere bada XXI. mendeko lehen hamarkadako Europako eta are munduko erreferente literariorik nabarmenena. Orain arte 48 herrialdetan argitaratu izan dute eta errumaniera, nederlandera edo turkiera bezalako hizkuntza hain desberdinetara itzuli.

Delako obra Martin Lexellekin batera gaztelaniara aldatu dudan itzultzailea naizen aldetik, enkargu bat egin didate liburuak itzultzean izan dudan esperientziaren berri emateko. Esperientzia hori kontatzeak berekin dakar ezin konta ahala arazo, zalantza eta duda-muda agerian jartzea, bai eta horrekin batera orduan proposatu genituen erantzunak ere. Erantzunok ez dute egia bakarra aintzat hartzen, itzulpen bat eta bakarra ez dagoelako; milaka daude. Itzultzaileak ez du tematu behar halako hitzak horrelako edo halako esanahia duen. Esaldi bakoitzak, paragrafo bakoitzak termino bat edo beste bat eskatzen digu.

Zailtasun horien jakitun eta jakinminak bultzatuta, orri hauetaraino ekarri nahi izan dut Stieg Larssonen obratik Europan egin diren hainbat itzulpen, hartara ikusi ahal izateko beste profesional batzuek nola konpondu dituzten guri hainbeste zalantza sortarazi zizkiguten hitz eta esaldiak. Orain oroimenera ez badadozkit ere, logikoa denez, Lexell irakasleak eta biok itzulpen baten eta beste baten artean erabakitzeko jarduten genueneko une horiek guztiak, guztiarekin ere lan honetan adierazgarrienetako batzuk aipatuko ditut, bai eta lan eta denbora gehiena eskatu ziguten proposamen batzuk ere, bereziki Los hombres que no amaban a las mujeres delako liburuari dagozkionak. Kontrakoa esaten ez bada, adibide guztiak trilogiako lehen liburu horretatik atera ditut. Ez diot hemen helduko izenburuak itzultzeak sortu zuen eztabaidari. Hamaika aldiz komentatu izan denez, izenburuen itzulpena ez da hitzez hitzekoa eta argitaletxeak ezarri zigun —badakizue, marketing kontuak—. Bai esan nahi nuke ordea, argigarria izango delakoan, trilogiako lehen liburua The girl with the dragoon tattoo izenburuarekin itzuli zutela ingelesera, turkierak egin duenaren antzekoa: Ejderja dövmeli kiz. Bitxia da oso herrialde bateko merkatu editorialean izenburu batek arrakasta izatea eta beste batek, aldiz, ez; baina bizi garen bezalako mundu hain globalizatu batean, liburuen zein filmen izenburuek hitzez hitzekoak izan beharko lukete. Gehien bat, gaizkiulerturik ez sortzeko...

Halere, hemen proposatzen den bidaia joaneko bidaia bat da, itzulia eta ondorio batzuk espero dituena. Hemen agertzen diren era askotako adibideek, nork daki, lana erraztu nahi diote, horretarako abagunea sortuz gero, Stieg Larsson euskaratu nahiko lukeen orori. Nire helburua bidea erraztea besterik ez da, eta itzuliko duenari topa ditzakeen oztopo eta eragozpenez ohartaraztea; azken batean, eragozpen linguistiko, literario edota soziokultural horien aurrean jakinaren gainean jartzeko. Nire jakinmina arlo akademikotik edo zientifikotik baino askoz harago doa. Ikus ditzagun, bada, adibide batzuk:

Millennium I suedierazko liburuaren une batean (125. or.), Mikael Blomkvist-ek, Wennerström enpresaburuaz ari dela, hau dio: Jag är ett röttskynke för honom ("Yo soy un trapo rojo para él"). Itzulpen hau, neurri batean edo bestean, beste hizkuntza hauek ere jasotzen dute: italierak (drappo rosso, 153. or.), frantsesak (chiffon rouge, 129. or.), errumanierak (o cârpâ roşie pentru un taur, 148. or., una tela roja para un toro); edo katalanak (una capa vermella incitant-lo a envestir, 136. or.). Honela ere bagenuen itzultzea: "Para él yo soy como un capote rojo para un toro", baina ez zitzaigun begitandu suedieraz bezain idiomatikoa eta erabatekoa. Stiegek ez zuen esaldi hori asmatu; ohikoa den esakera bat da, eta ohikoa ere bada bururatu zitzaigun konponbidea: "mosca cojonera". Ziur asko, zezen munduko erreferentzia bat erabili izatera, batek baino gehiagok esango zuen hori gure etxeko baratzeko baratxuria zela, guk asmatutakoa dela edo guk nolabait ere "espainoldu" dugula. Bere garaian bat baino gehiago harrituta geratu zen al alimón bezalako terminoak erabiltzen genituelako. Zein da arazoa?, galdetzen diogu geure buruari. Testu bat gaztelaniara egokitzen ari gara eta testuak eskatu ahal digu zezenen munduko terminoak erabiltzeko ("echar un capote", kasu), edo futbol mundukoak ("marcar un gol", esaterako) edo itsasokoak ("esto se va a pique"). Gaztelania da; testuari egokitzen bazaio, ederki, eta testuak eskatzen badu, zergatik uko egin erabiltzeari?

Batek oraindik ulertzen ez duena da Vargas Llosak (2009: 35) adieraztea Millenniumen gaztelaniazko itzulpenean Madrilgo hizkera gehiegi erabiltzen dela. Non baina? Edo akaso Vargas Llosak Madrilgo hizkeratzat hartzen ditu "una pasada" esapidea edota "tocho/ladrillo, molar, guay" bezalako hitzak? Ez zaigu gogoratzen "da buten" bezalako esapideak erabili izana, edo "piños" bezalako hitzak, Madrilgo hizkeran ohikoagoak direnak.

"Mosca cojonera" delako konponbidera itzuliz, hau egin genuen, hots, "Mikael Blomkvist de los cojones" delako erreferentziarekin jokatu, hitzez hitzeko itzulpena ez dena. Suedierazko jatorrizko testuak Jävla Kalle Blomkvist dio, baina "Endiablado/Maldito Kalle Blomkvist" edo "Kalle Blomkvist del diablo" bezalako itzulpen hitzez hitzekoxeago batek ez zuen bere baitan hartuko suedierak erakutsi eta isurtzen duen karga semantiko indartsu eta erabatekoa. Beste hizkuntza batzuek itzulpen hauek nahiago dituzte: Kalle Dannatissimo, Kalle Blomskvist dels Pebrots, Kalle Bastard, Foutu Kalle Blomkvist edo Super Sacana Blomkvist ("Súper cabrón/mamón Blomkvist"), portugesezko itzulpenean bezalaxe. Goytisolok (1988: 47) aldarrikatzen zuen legez: «Encontrar equivalencias; he ahí la clave de la traducción». Izan ere, ez dago dudarik sarri eta sarri itzulpena ezin izan daitekeela hitzez hitzekoa, mot a mot; edo, Catfordek (1965: 25) dioen bezala, word to word:

  • Om du inte gillar vad jag säger be mig dra i skogen esaten dio Hennrik Vangerrek Mikaeli Millennium I-en (89. or.). "Si no te gusta lo que digo, pídeme que me meta en el bosque" hitzez hitzeko itzulpena litzateke hein handi batean. Uste dugu naturalagoa dela eta askoz hobeto ulertzen dela honelatsu itzultzen badugu: "Me puedes mandar a freír espárragos" (107. or.) edo "mándame a paseo". Egia da, atzera begiratuz gero, orain bururatzen zaidala bagenuela basoaren erreferentzia bere horretan uztea eta hau esatea: "Pídeme que me compre un bosque y que me pierda".
  • Mikael hade (...) klivit upp sent på trettondag jul (157. or.) esaldia hitzez hitz honela itzultzen da: "Mikael (...) se levantó tarde el tercer día de navidad", hau da: eguberrietako hirugarren jai eguna. Italierazko (191. or.) eta ingelesezko (145. or.) itzulpenek Epifania eguna konponbidea eskaintzen dute. Guri herrikoiago eta idiomatikoagoa begitandu zitzaigun Errege eguna esatea. Errumanierazko bertsioak (184. or.) Sărbătoarea Regilor dio (Errege jaia). Suedian egun horrek Espainian edo Errumanian duen esanahi berdina ez izateak ez du esan nahi esistitzen ez denik eta suediarrek ez dakitenik egun hori dela, Bibliaren arabera, ekialdeko Erregeek Jesus haurrari opariak eraman zizkioten eguna.
  • ... du packar två resväskor och bosätter dig i Tjottahejti (123. or.) diotsa Erikak Mikaeli askotan izan ohi dituzten elkarrizketetako batean. Hitzez hitz honela itzul daiteke: "haces dos maletas y te instalas en Tjottaheiti", hain justu ere katalanera, ingelesera eta portugesera egindako itzulpenek eskaintzen duten konponbidea gutxi gorabehera. Arazoa zera da, Tjottahejti izeneko herria esistitzen den arren, guztiarekin ere ezin gorde zitekeela itzulpenean, izan ere Erikak Mikaeli esan nahi dio oso urruti doala, planetatik apartean dagoen txoko galduren batera, hau da, lekutara doala ("al culo del mundo", 146. or.). Eta horregatik Mikaelek hau erantzuten dio: "Hedestad. A unas horas de tren". Errumanierazko bertsioak (146. or.) cum-naibă-îi-spune nahiago du, hau da, duen izena duela ere. Italierazko eta frantsesezko itzulpenek toki urrun eta izkutua adierazten duten hitzetara jotzen dute: Vattelapesca (151. or.) eta pétaouchnok (127. or.), hurrenez hurren.

Millennium I-eko 79. orrialdean agertzen den suedierazko esakera batek zer pentsaturik eman zigun: Annika hade seglat igenom juridikstudierna, hitzez hitz hau esan nahi duena: "Annika había navegado a través de sus estudios jurídicos", baina pentsatu genuen horrela ez zela ziur aski gaztelaniaz ulertuko. Benetan esan nahi duena hau da: "Annika se había sacado la carrera de derecho con la gorra" (94-95 or.), hots, inolako ahaleginik egin gabe. Italiera bezalako hizkuntzek honela itzuli dute: brillantemente (96. or.); katalanezko eta ingelesezko bertsioetan, ordea, ez dago itzulpen baliokiderik. Errumanierazkoak aditza jasotzen du: Reuşise să navigheze cu bine prin anii de studii juridice, 93. or. ("Había conseguido navegar bien por los años de estudios jurídicos"); eta frantsesezkoak esapide idiomatikoago baten aldeko hautua egiten du: les doigts dans le nez (82. or.).

"La banda del oso" Björnligan-en lehen itzulpena izan zen (14. or.). Eta ez zegoen gaizki itzulita. Arazoa zen Mikael Blomkvist-ek aurkitu zuen lapur-taldeak erreferentzia egiten ziela komiki bateko pertsonaia batzuei, panda talde bati alegia. Panda talde horren abenturak ezagunak zitzaizkidan baina ez nintzen gogoratzen gaztelaniazko izenarekin. Ikerketa lan gogorra egin behar izan nuen espainolezko erreferentzia kulturaletan gure herriko irakurleak jakin zezan zeini buruz ari zen: "Los golfos apandadores". Izan ere, sarri askotan itzultzaileak, itzulpen bati baino gehiago, aurre egin behar izaten dio erreferente soziokultural bati. Horrelakoetan jakin behar da zeri buruz ari den eta hitz zehatza aukeratu den ala ez. Ziur asko itzulpena zuzena da, baina bat dator espainolezko terminoarekin? Eta xede hizkuntzan bestela esaten bada hori? Horra zergatik den hain garrantzitsua lau eskurekin itzultzea, horrek bide ematen baitigu kulturak kontrastatzeko.

Batzuetan, ostera, itzultzaileetako inork ere ez daki zer esan nahi duen itzultzen ari diren hitz edo esamolde horrek. Gogora datozkit trilogiako hainbat termino: "síndrome Asperger", "analgesia congénita", "jugada siciliana", "documento encriptado", "el espejo del disco duro", "barco H" (hasiberri batek pentsa dezake, oker pentsatu ere, forma dela eta, katamaran batez ari dela); edo matematikako esaldi zehatzak, ekuazioen formulazioa edota Millennium I-en ageri den Fermaten teorema bera. "Eta gaztelaniaz horrela esaten ez badira?", geure artean diogu. Hiztegi zehatzez gain, Internet eta, batez ere, Google, balio handiko tresnak ditugu.

Egoera batzuetan, interesaren arabera, testua sakrifikatu eta garrantzitsua denari uko egin behar zaio. Itzultzaileak funtsezkoa eta azalekoa bereizi behar ditu, edo, gutxienez, nobelarentzat garrantzitsua ez dena. Älgen ensam satt och log i en söderskjuten skog bezalako esaldi bat (345. or.), berbarako, honelatsu itzul zitekeen hitzez hitz: "El alce está sentado solo y se ríe en un bosque tiroteado". Halere, kasu honetan suedierazko jatorrizko testuak, alfabetoa ikasteko, eta zehatzago, Ä letra ikasteko, Lennart Hyland-en haur liburu bateko bertso bati egiten dio erreferentzia, gaztelaniazko alfabetoan esistitzen ez den letra bati alegia. Orduan, errimari eustearren, A letrarekin ordezkatzea eta itzulpen libreago bat egitea erabaki genuen: "Al alce solitario miro; en el bosque suena un tiro" (404. or.). Italierazko itzulpenak ere A letraren alde egin zuen, nahiz eta artikulua aintzat hartu ez (*L'alce solo sedeva e in una foresta deserta sorrideva, 416. or.). Gauza bera egin zuen portugesezkoak (323. or.), zerbait gehiago erantsi zuen arren (O alce solitário, á luz da madrugada, contempla aparvalhado a floresta queimada). Errima kontuak... Errumanierazko eta frantsesezko itzulpenek E letraren aldeko hautua egin zuten (Elanul şedea singur râzând în pădurea distrusă* (407. or.): "El alce estaba sentado solo riendo en el bosque destruido"; L'Elan solitaire sous la bruine contemple bêtement la forêt en ruine (350. or.). Bitxia da oso ingelesak M letra baliatuz eskaintzen duen konponbidea (325. or.): And all alone the moose he stood, laughing in a shot-up wood.

Zenbaitetan ulertu beharra dago pertsonaiak esan nahi duena; beste batzuetan, metafora kulturalak du lehentasuna, kultura hori ulertzea garrantzitsua delako. Horregatik, sarri askotan beharrezkoa da hainbat hitz gehitzea, irakurle espainol batek sentsazio berdina izan dezan eta irakurle suediarrek duten erreferente berdinetik abiatu dadin. "Compró el periódico en el estanco" bezalako esaldi batek irakurle espainola harritu dezake. Ziur asko esango du gaizki itzulita dagoela. Orduan zerbait gehitu behar da eta "Compró el periódico en un quiosco donde vendían tabaco y prensa" bezalako konponbideetara jo. Edo bestela, dagoen dagoeneantxe uztea erabakitzen da eta orduan irakurlearen esku uzten da alderdi soziokultural hori interpretatzea, Suediako tabako dendetan egunkariak ere saltzen direlako.

Itzultzen lan gehiena eman zigun terminoetako bat midsommar izan zen. Eta azkenean, buruan hamaika konponbide erabili ondoren, bere horretan uztea erabaki genuen. Eta ez ezin itzuli izan genuelako, baizik eta proposamenetako batek ere ez gintuelako asebetetzen. Hitzez hitz "uda erdia" esan nahi du (eta horrela ageri da italierazko bertsioan: la festa di mezza estate, 25. or.), eta aipamena egiten dio suedarriek udako solstizioa ospatzeko egiten duten jaiari. Biok argi baino argiago geneukan ez zela San Juan gaua, besteak beste, midsommar ospatzen deneko eguna ez delako beti berdina (solstiziotik hurbilen dagoen ekaineko azken ostirala da), eta hango eta hemengo erreferentzia kulturalak —paganoak nahiz erlijiosoak— ez datozelako bat. Horiek horrela, esaterako, ez suteak ez eta sua ere ez daude presente Suediako ospakizunean; hain gutxi santua, nahiz eta frantses, katalan eta portugesezko itzulpenek halaxe jasotzen duten (un soir de la Saint-Jean, 23. or; la nit de Sant-Joan, 24. or.; na véspera de S. João, 20. or.). Baina konbentzitzen ez gintuena zen nobelako une jakin batean, midsommar-i buruz hitz egiten denean, ospakizun hori ekainaren 22rekin batera gertatzea. "San Juan" gisa itzuli izan bagenu, uste dugu irakurle espainolen artean halako nahasketa bat sortuko zukeela. Errumanierazko bertsioak ere midsommar-en aldeko hautua egin zuen (23. or.) eta orripeko oharrean dio Sânziene-ren baliokidea dela, errumaniarrek udako solstizioa ospatzeko egiten duten jai paganoa alegia. Hortaz, bada, terminoa bere horretan uztea erabaki genuen eta hari buruzko iruzkina egitea liburuan estreinakoz agertzen denean. Hortik aurrera irakurleak badaki zer den midsommar. Eta era horretara IKEA-ko iragarkietaraino iritsi den termino kultural bat sartu genuen. Enpresa berak itzuli gabeko beste suediar termino bat sartu du Espainiako gizartean: Knut, hau da, urtarrilaren 13an eguberrietako amaiera ospatzeko suediarrek duten ohitura bitxi hori.

Eta kasu honetan argi ikusten da nola kultura bat itzultzen den termino bat itzuli gabe, irakurleari aldatu gabeko informazio zehatza eta zuzena emanez. Bestela, traduttorea —oraingoan bai— traditore bihurtuko litzateke.

Itzultzailea hainbat gauza ez itzultzeagatik kritika daitekeen arren, guztiarekin ere egia da zenbaitetan jatorrizko terminoa dela garrantzia duena, Kvarnen jatetxearekin gertatu zitzaigun bezala. Itzultzea ez zitzaigun onargarria iruditzen eta "El Molino" izena duela esatea, itzultzaile frantsesek egin duten bezala: Le moulin. Madril eszenatokitzat duen liburu batean Rodilla sandwich-dendak edo "Los amigos" taberna agertu eta frantsesera Genou edo Les amis gisa itzuliko banitu bezala da. Nola bilatzen ditu lokal horiek hiriburura datorren frantses batek? Gure asmoa zen espainol batek Estokolmo bisitatzen bazuen, Kvarnen jatetxeaz galdetzea suediar izena erabilita. Azken baten, logikaz baliatzea eta izen horiek errespetatzea baino ez zen, Aftonbladet eta Expressen egunkarietako izenekin egin genuen bezalaxe eta kontsultatu ditugun itzulpen guztiek egin duten bezalaxe. Ordea harritzen gaitu ingelesezko bertsioan Hedestads-Kuriren egunkaria The Hedestad Courier gisa agertzeak (67. or.). Erabili duten irizpidea ez ulertzeaz gain —zergatik hau bai eta besteak ez—, zera egitea bezalakoa da, The Timesen ordez "Los tiempos" idaztea edo "El país"en ordez The country.

Egia esan, Larssonen obrak Estokolmo hiriarekiko sortuko zuen interes turistikoaz ohartu gabe, irizpide berdina erabili genuen kale eta plaza izenekin. Gatan terminoak "la calle" esan nahi zuela jakitun, arraroa begitantzen zitzaigun, berbarako, Fiskargatan "la calle Fiskar" gisa itzultzea, edo, horren ordez eta ziriari zotza sartuz, "la calle de los peces". Ziur asko, leku horiek eta beste batzuk suedieraz utzi izanagatik, irakurle bat baino gehiago gaizki esaka ibiliko da halako izen ia ahoskaezinak ikusita, baina era berean ziur gaude Larssonen irakurle turistari lana erraztu geniola Lisbeth Salanderren bizilekua bilatzeko garaian edo Mikael Blomkvistek non lan egiten zuen galdetzeko garaian. Horregatik era honetako izen hauek agertzen dira: Bellmansgatan, Lundagatan, Sveavägen ("el camino de Svea"), Mariatorget ("la plaza María") edo Katarinahissen ("el ascensor de Katarina").

Itzulpenean baziren saihestu eta alde batera ezin utz zitezkeen hainbat gauza, kontuan harturik Los hombres que no amaban a las mujeres nobela genero femeninoari arreta berezia eskaintzen dion nobela bat dela eta gailentasun berezi halako bat bereganatzen duela, uste dugu ez dela ez ustekabekoa ez funsgabekoa Larssonek garrantzi berezia eman nahi izatea, are gauzarik ttikienei ere. Baliteke huskeria bat izatea eta inolako garrantzirik ez izatea liburuaren garapenerako, baina, egia esan, Mikaelek Hedeby-ra iristen denean hartzen duen etxetxoan azaltzen den animalia kateme bat da eta ez katar bat. Egia izanagatik ere suedieraz ez dela izen femeninoa bereizten, generorik ez baitago, halako une jakin batean Larssonek katua aipatzen du hon ("ella") izenordea erabiliz. Alderdi hau ez zuten kontuan hartu kontsultatu ditugun beste itzulpen batzuek, baina guri aipagarria iruditu zitzaigun, bereziki animalia horri gertatuko zaiona ikusita.

Eztabaida gehien sortu duen alderdietako bat izen batzuk eta are esaldi osoak ere ingelesez uztea izan da, jatorrizko testuan agertzen diren bezalaxe. Abiapuntutzat hartzen dugu Suediako hiritar gehienak elebidunak direla eta ingelesa ondo baino hobeto ezagutzen dutela. Egia da hori ez dela Espainian gertatzen eta jakin badakigu Larssonen irakurle guztiek ez dituztela ingelesezko hitz edo esapide horiek guztiak ulertu. Egia ere da bagenuela itzulpena orripean jartzea, baina argitaletxeak ez zituen oharrak oso gustuko. Hortaz, Larssonen hitzak errespetatzea erabaki genuen Suediako gizartearen alderdi bat azaleratzen zuten heinean. Esplizituki adierazi gabe ere, irakurleari informazioa helarazteko modu bat da. Sarritan pertsonaiak ahoskatu edo idazten dituen esaldiak dira (Fuck you, in your dreams; sorry, no deal...); beste batzuetan, kazetaritzako hizkeraren terminoak jasotzen ziren (off the record, layout, deadline...). Horregatik zilegi iruditu zitzaigun hizkera hori bere horretan ematea. Onartu behar dugu, halere, garbizaletasunerako gehiegizko desio batek eramanda, bagenuela gaztelaniara itzultzea; ados. Baina erabaki genuen argitaletxea izan zedila esango zuena esaldi horiek gaztelaniaz idaztea nahi zuen ala ez, Millennium I-en cedé eta deuvedé hitzekin egin zuen bezalaxe —etxeko estilo liburuko kontuak—, guk oso begi onez ikusi ez genuena.

Baina terminoren bat baldin badago ingelesetik gaztelaniara inola ere itzuli nahi izan ez genuena, hori WASP da (trilogiaren filmeko itzultzaileek bai itzuli dute ordea), zeren egia bada ere "liztor" esan nahi duela, egia ere da Lisbeth Salanderrek informatika esparruan dituen elkarrizketetan erabiltzen duen nick edo izengoitia dela, hartara izen propioa bailitzan funtzionatzen duelarik. Baina ez horregatik bakarrik: lau letra horiek mantentzea beharrezko baino beharrezkoagoa da Lisbethek erabil dezakeen kodea edo pasahitza esplikatzeko orduan: 9277. Ez dugu gehiago esango Larssonen obrako balizko irakurleari hainbat kontu ez argitzeagatik. Eta nick delakoarekin izan dugun begirune berdina —kasu honetan izen propio bat dena ia— Plaguerekin ere izan genuen, beste bertsio batzuek errespetatzen dutena baina katalanezkoak Pesta ("Izurrite") gisa itzuli duena.

Ez dago zalantzarik itzultzaileak askotan interprete gisa jarduten duela eta hitz batek edo esaldi batek esan nahi duena interpretatu egiten du:

  • "¡Wasp! Sólo vienes a visitarme cuando necesitas algo" (138. or.), esaten dio Plaguek Lisbethi; eta honek hau erantzuten dio suedierazko jatorrizko bertsioan (117. or.): Plague, det är för att du aldrig tvättar dig och för aat det luktar apa härinne. Esaldi honek hitzez hitz hau esan nahi du: "Plague, es porque nunca te lavas y porque huele a mono aquí dentro"; eta guk honela itzuli genuen: "Plague, es porque nunca te duchas y porque aquí dentro huele a tigre", idiomatikoagoa iruditu baitzitzaigun. Kontsultatu ditugun beste bertsio batzuek "huele a mono" mantentzen dute (italieraz: puzza di scimia, 142. or.; errumanieraz: miroase aici a maimuţă, 138. or.), katalalenezkoak izan ezik, hau esaten duena (127. or.): fa pudor de lleonera. Baina batek baino gehiagok ulertu eta interpretatu izan du Lisbethek egiten duena dela galdetzea ea Plague izena duen inoiz garbitzen ez delako, errumanierazko itzulpenean gertatzen den bezala (Te numeşti Plague pentru că un te speli niciodată...? , 138. or.); edo frantsesezkoan (C'est parce que tu ne te laves jamais et que ça pue le singe chez toi qu'on t'appelle Plague?, 120. or.), bitxia begitantzen zaiguna, jatorrizkoan ez baitago inolako galdera ikurrik. Beste batzuek, hala nola italierazkoak, Plague, non ti lavi mai (142. or.) aseptiko batekin konpontzen dute auzia.

Batzuetan, ordea, interpretazio desberdin horiek irakurketa oker batean dute jatorria, ingelesezko itzulpenaren data honekin gertatzen den moduan (1. or.): A Friday in November. FREDAG 1 NOVEMBER (5. or.) suedierazko dataren irakurketa okerra, dudarik gabe, non "1" zenbakia "i" preposizioarekin ("en") nahastu baita. Oker hori bera portugesezkoraino ere iritsi da (UMA SEXTA- FEIRA EN NOVEMBRO, 7. or.); izan ere, portugesezko itzulpena ingelesezkotik egin da eta ez suedieratik. Bestalde, uste dugu kapitulu bakoitza egun eta hilabete jakin batekin hasten bada ("sábado, 21 de diciembre; viernes, 3 de enero; jueves, 3 de julio..."), ez daukala inolako zentzurik liburua hau esanez hasteak: "Un viernes de noviembre".

Eta esan badugu ere zenbaitetan kultura bat itzuli egiten dela, hau da, beste toki batera eramaten dela, hainbat termino itzuli gabe utziz, beste zenbaitetan itzultzaileak bere burua loturik ikusten du hizkuntza azken muturreraino behartzeko, ikuspegi linguistiko edo literarioarekin baino areago ikuspegi sozialarekin ongi moldatzen ez delako. Eta horixe da hain justu ere -kako tratamenduarekin gertatu zitzaiguna. Jakitun gara zenbait testuingurutan arrotz gerta daitekeela —espainol baten begiekin ikusita— pertsonaia batek beste bati tú-ka hitz egitea. Baina une batzuetan usted-ka hitz egitea zeharo baztertu bagenuen, Suedian mundu guztiak lagunarteko tratamendua erabiliz hitz egiten duela erakusteko izan zen. Hartara, irakurleari zer pentsaturik ematen dion osagai kultural bat sartu genuen, nahiz eta halako hizkera baliatzeak gauza asko esaten dituen pertsonaiari buruz. La reina en el palacio de las corrientes de aire delako liburuan Mikael Blomkvist Suediako enbaxadorearekin hika mintzatzea inolako begirunerik ez diola erakusteko modu bat da, jokatu duen bezala jokatu izanagatik. Mikael lotsa gutxiko kazetari bat da, gauza guztiekin eta mundu guztiarekin bukatu egiten duena. Alderdi hau ez da inola ere irreala: nik neuk ere -ka egiten dut Suediako enbaxadorearekin berarekin espainolez mintzatzen naizenean. Berdintasuna eta demokrazia oinarri dituen gizarte baten seinale argi baino argiagoa. Suediar gizartearen alderdi hori erakutsi beharra zegoen. Zalantza berdina izan genuen Mikael Blomkvistek Henrik Vanger enpresaburuarekin erabiltzen duen tratamenduarekin: agure adeitsua izateak eta Mikaelek txikitan ezagutu izanak eta haren belaunetan eserita egon izanak errespetuzko tratamenduaren aldeko hautua egitera eraman gintuen. Pentsa dezagun, halere, Espainian -kako tratamendua gailentzen ari dela orain dela hogei edo hogeita hamar urte tú-ka hitz egiten ausartuko ez ginen horiekin ere.

Eta horrela, arian-arian, itzultzailea obraren jabe eginez doa; horregatik daude, egon ere, egile eskubideak. Itzultzean sentitzen den plazerra idazle batek nobela bat idaztean senti dezakeenaren parekoa da, non eta handiagoa ez den; izan ere, egia bada ere, bat mugatzen dela jatorrizkoak esaten duena beste hizkuntza batera aldatzera, ez dago zalantzarik norbera dela hitz hau edo beste hura erabiltzea erabakitzen duena, osagaien joskera aldatzera deliberatzen duena; azken buruan sortze prozesu bat da —paradoxa bada ere, hutsetik abiatzen dela esan dezakegu—, eta prozesu horretan itzultzaileak (ber)idatzi egiten du nobela. Eta hau, esaterako, honelako kasuetan nabaritzen da (Millennium II, 180-81 or.), non Holger Palgremen hizkera birsortzeko orduan, «hizkera propio bat» sortu baita:

"—Tlass arrglado ben. («Te las has arreglado bien.»)
Señaló su ropa con el dedo. Ella asintió.
—Me las arreglo estupendamente.
—¿Q tal nuvo mintrador? («¿Qué tal el nuevo administrador?»)
(...)
—Trbn.
—No te entiendo.
—Tribnl.
—¿El tribunal? ¿A qué te refieres?
—Dbms anlar tu de... declcn d ncapcd."

Labur esanda, itzulpena ariketa literario eta linguistikoa da, bete-betean izan ere, idatzi eta berridatzi egiten baita; sortu eta birsortzen baita, aldi berean norbera aurkituz doalarik bere hizkuntzaren alderdi eta zailtasun berriak; haren aberastasunak eta gabeziak. Orrialde hauetatik bultzatu nahi ditut jakin-min literario eta traduktologikoa duten guztiak lan horri ekitera; emango dizkion poztasunak —buruhausteak atzean geratu eta berehala ahaztu egiten dira— oso handiak izango dira. Nola egingo lioke aurre euskarak —neure buruari egiten diodan galdera da— zailtasun morfologiko eta semantiko pilo horri? Uste dut erronka interesgarria ez ezik aberasgarria ere badela. Inor animatzen al da?

BIBLIOGRAFIA

CATFORD, J. C. (1965), A Linguistic Theory of Translation. Oxford, Oxford University Press.

GOYTISOLO, J. (1987), «L'espagnol, une langue sur deux continents: Débat», in Actes des quatrièmes assises de la traduction littéraire (Arles 1987), Arles, Actes Sud : 43-63.

LARSSON, S. (2005), Män som hatar kvinnor (Millennium I). Stockholm, Norstedts.

———Bărbaţi care urăsc fe meile (2008), (errumanierazko itzulpena). Bucureşti, Editura Trei.

———Els homes que no estimaven les dones (2008), (katalanezko itzulpena). Barcelona, Columna,.

———La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina, (Millennium II) (2008), (gaztelaniazko itzulpena). Barcelona, Destino.

———La reina en el palacio de las corrientes de aire (Millennium III) (2009), (gaztelaniazko itzulpena), Barcelona, Destino.

———Les hommes qui n'amaient pas les femmes, (2006) (frantsesezko itzulpena), Actes Sud.

———Los hombres que no amaban a las mujeres (Millennium I), (2008) (gaztelaniazko itzulpena), Barcelona, Destino.

———Os homens que odeiam as mulheres, (2008) (portugesezko itzulpena), Alfragide, Oceanos.

———The Girl with the Dragoon Tattoo (Millennium I), (2008) (ingelesezko itzulpena), London, Quercus.

———Uomini che odiano le donne, (2007) (italierazko itzulpena), Venezia, Marsilio Editori.

VARGAS LLOSA, M. (2009), «Lisbeth Salander debe vivir», in El País, Madril, 2009ko apirilaren 6a: 35 or.


Oharra

1. Gaztelaniaz izenburu hauekin argitara emanak: Los hombres que no amaban a las mujeres, La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina eta La reina en el palacio de las corrientes de aire.