'Itzulsortzaile' lantegia, edo nola kidetu euskaraz publizitatea eta itzulpengintza
Itzulsortzaile tailerrean ikasle gisa parte-hartzeak hainbat sentipen eta gogoeta piztu zituen artikuluaren egilearengan, eta horiexen berri ematen du artikulu honetan, lantegian parte hartzeko arrazoiak azaltzearekin batera. Artikulua ez da lantegian gertatutakoaren kronika zehatz eta objektiboa, baizik eta hausnarketa-saio bat, lantegian hitz egindako kontuen eta ikasitako edukien harira egina. Aldi berean, beste hausnarketa batzuetarako abiapuntu eta gonbit izan nahi du, euskarazko publizitatea hartuta hizpide: publizitatea euskaraz sortzearen eta euskaratzearen erronka horrek berekin eta ezinbestean dakartzan aldaketak –hala ikuspegietan nola jokamoldeetan–.
Bazen behin…
—Buenos días… Necesito que me hagáis una traducción muy fácil.
—¿Fácil?
—Sí, un texto corto…
—No es lo mismo fácil que corto, pero… —Itzultzaileak, bere buruari: euskaraz jakin gabe, nola daki horrek itzulpen erraza dela?—. ¿Cómo de corto?
—No es casi nada, solo una frase. Igual hasta me puedes dar la traducción por teléfono…
—No, eso no. No damos traducciones por teléfono. —Itzultzailea ohituta dago: jende askok euskaraz fitsik jakin ez, eta, hala ere, ziur jotzen du gauza dela testu bat telefonoz jasotzeko… euskaraz—. Nos mandas el texto por correo electrónico y te enviamos la traducción en la respuesta.
—Es que me corre mucha prisa… —Hori ere uste erdi ustela, hausnartzen du itzultzaileak: pentsatzea presazko gauzak telefonoz azkarrago iristen direla…
—No importa, nos lo mandas ya, y le damos prioridad.
—¿Podría estar en… media hora? Es que la agencia nos mete prisa. Y como la frase es corta… Y la presentación es dentro de dos días…
Ordu erdi bat, agentzia, esaldi labur bat, aurkezpena… Itzultzailea izerditan hasi da.
—Oye, ¿no será un eslogan1…?
—Sí, es una campaña de…
Solasak eztabaida baten eitea hartu du. Itzultzaileak irakasle baten antzera ekin dio azalbideak emateari… Publizitate- kanpainetako edukiak ez direla itzultzeko errazak, esaldi laburrak izanda ere; eta testuinguruaz ere zertxobait jakin behar duela itzultzaileak, testu duin samar bat emanen badu: zein den kanpainaren helburua, testua nola eman behar den —ahoz, idatziz edo bietan—, diseinu grafikoren batekin joanen den eta, hala joatekotan, nolakoa den hori…
Itzulpenaren eskatzailea deseroso dabil, azalpen gehiegitxo eman behar izaten ari baita. Eta itzultzailea ere, deseroso, ohartzen baita mandeuliak baino astunago ari dela itzulpenaren eskatzailearekin.
Irtenbide bat bilatu nahian edo, eskatzailea itzultzaileari koipea ematen saiatu da. «Con lo que vosotros sabéis, seguro que os sale rápido y bien». Itzultzaileak, temoso, azalpenak eskatzen jarraitu du: zergatik ez dute jo lehenago haiengana? Zergatik ez zaie eman itzultzaileei kanpainaren berri hasiera-hasieratik? Eta eskatzaileak desenkusatzeari ekin dio: ez omen ziren ohartu itzulpenaren beharraz, berandu esan ei diete (agian itzulpena eskatu duten egun berean…) euskaraz ere eman behar zela… Eta, esaldi txiki bat besterik ez denez, itzultzaileek azkar euskaratuko zutelakoan zeuden…
Galera iragarritako baten kronika
Itzultzaileak eta haren lankideek itzulpena emateko luzamendua lortu dute: bi ordu kanpaina bateko titularra euskaratzeko. Esaldia, beti bezala, ez da erraza. Eta ez dira konforme gelditu itzulpenarekin; are gutxiago, gogobeteta. Ohituta daude, baina. Gomutan dute, oraindik, Pamplona somos tú2 hura itzuli behar izan zutenekoa…
Itzultzaileari amorru handia ematen dio halako gauzekin nahaspilatuta ibili behar izate horrek, hagitzez naturalagoak eta erosoagoak izanen lituzkeen molde konbentzionaletatik at aritu behar izateak.
Itzultzaileak bere buruari galdetzen dio nola izanen den lan egitea hizkuntzetako bat eremu urrikoa ez denean. Proportzio baterako, hizkuntza-pareak gaztelania eta ingelesa, ingelesa eta frantsesa edo frantsesa eta alemana dituzten itzultzaileen kasuan.
Euskararen kasuan, itzultzaile arrunt batek baino harago joan behar izaten baitu itzultzaileak maiz, hizkuntzaren defentsan jardun. Itzultzaile den aldetik, hizkuntzak maite ditu. Baina, euskal itzultzaile den aldetik, ahalegin berezia egin behar du beti euskarari bere ustez zor zaion tokia emateko. Beti ahulenaren alde egiten ibili behar horrek deseroso bihurtzen dio zeregina.
Eta zeregina are deserosoagoa bihurtzen da publizitatea itzultzeko orduan. Jolas kitzikagarria izan beharko lukeen lantegia, itzultzaileen sormena eta jakinduria elkarrekin dantzan jartzera behartzen dituen heinean, amesgaizto bihurtzen da, mezu-sortzaileek, euskararen kasuan bezala, xede-hizkuntza gutxiagokotzat jotzen dutenean, bigarren mailakotzat.
Itzultzaileari gustatuko litzaioke euskararekin normal jokatzea, testu publizitarioak presaz ––azken unean eta kasik gogoz kontra-–– itzuli beharrik gabe, aldez aurretik jakinda beti euskarazko mezua nekez iritsiko dela gaztelaniazkoaren mailara.
Itzultzaileak ongi baitaki iragarki baterako testuak iristen zaizkionerako iragarki horrek ia osorik egina duela bidea beste hizkuntzan, gaztelaniaz, eta bukaera aldean baino eransten ez den euskarazko itzulpenari derrigortutako laguntzailearen papera besterik ez zaiola egokituko, bigarren mailako osagarri behartuarena.
Berri on bat: publizitatea itzultzen ikasteko lantegia
Itzultzaileak jakin du lantegi bat antolatu dutela publizitatea itzultzen ikasteko. Biziki poztu da Itzulsortzaile tailerraren berri jaso duenean. Ikasi nahi du nola jokatu publizitate-kanpaina baten edukiak itzultzeko eskatzen dietenean: nola egin emaitza hobeak lortzeko, estres gutxiagorekin.
Itxura ona du lantegiak. Seinale on gisa hartu du itzultzaileak tailerra iragartzeko testu tentagarria, publizitate-kanpainetan erabiltzen duten tankerakoa. Irakasleak3 idatzia da, eta hura, irakaslea, publizitate arloko aditu ezaguna da. Itzultzaileak Interneten irakurri ditu irakasleak idatzitako artikulu batzuk, eta ondorioztatu du mereziko duela lantegira joatea iragarkiak itzultzeko baliabideak eskuratzera.
Zaharrak berri
Behin lantegian, ikaskideen aurkezpenak entzun ahala ohartu da itzultzailea gaitza epidemia dela: gehienek antzeko bizipenak kontatzen dituzte publizitatea itzultzeaz denaz bezainbatean, eta anitz dira larridurak pairatu dituztenak publizitateari lotutako edukiak itzultzeko enkarguekin.
Kontaerak behin eta berriro errepikatzen dira: publizitate-kanpainetako arduradun gehienak berandu, beranduegi, ohartzen dira kanpaina euskaraz ere eman behar dutela, eta, ohartzen direnean, itzulpena presa handiz eta ia azalpenik gabe eskatzen diete itzultzaileei edo euskara-teknikariei.
Itzultzaileak adorerik ez moduko bat igartzen du, euskararen inguruan maiz agertzen den etsimendu hori, non hizkuntza behar bezala ––behar den tokian–– paratzeko ahalegin sutsuenek topo egiten baitute errealitate temoso baten kontra.
Irakaslearen diagnostikoa bat dator ikasleen esperientziekin: Hego Euskal Herrian egiten diren kanpaina elebidun gehienek gaztelania dute abiapuntu, eta horrek, gehienetan, desorekatu egiten du mezuaren transmisioa. Gainera, irakasleak dioenez, publizistek ––publidazleek, irakaslearen hizkera teknikoan–– ohitura setati bati eusten diote, eta itzulpena zailtzen duten baliabideak4 erabiltzen dituzte testu publizitarioak ––gaztelaniaz–– sortzerakoan. Horrek arazoak areagotzen dizkiete gero mezua ––azken orduan eta presa handiz–– euskaratu behar dutenei.
Itzultzaileari bitxia, eta kezkagarria, iruditu zaio joera hori: kanpainak elebidunak izanen direla jakinda ere, hizkuntza bakar batean diseinatzen dituzte, eta, gainera, edukiak hizkuntza batetik bestera pasatzean okerren funtzionatzen dituzten baliabideak erabilita!
Irakasleak esan duenez, badira, izan, teknika egokiagoak5, zeinak asko erabiltzen baitira nazioarteko kanpaina handietan, eta, arrazoi misteriotsu batzuk direla medio, oso gutxitan gurean6. Irakasleak teknika egokiago horien ale eder batzuk erakutsi dizkie tailerrean. Gehienak, nazioartekoak, eta zenbait, erakunde batzuek gurean baliatuak, gaztelania eta euskara egoki uztartuta, kanpaina elebidun orekatuak sortze aldera.
Jardun daiteke bestela
Lantegia laburra izan da7 ––laburregia, itzultzailearen iritziz––, baina trinkoa. Gauza asko aztertu dituzte, teorian murgildu dira, eta praktikara eraman behar izan dituzte ikasi berriak zituzten teknika batzuk, baina itzultzaileari ase gabe gelditu zaio gehixeago sakontzeko gogoa. Agian bigarren parte batean...
Nolanahi ere, bere laburrean, parte-hartzaileei ikastaroak balio izan die ziurtatzeko bestela jardun daitekeela publizitatea ele bietan egiteko orduan.
Itzultzaileak badu eskarmentu pixka bat elebitasunaren inguruan jende askok ––gehienetan, jende elebakarrak–– dituen aurreiritziekin, eta badaki ez dela erraza izanen egungo egoera aldatzea, elebitasunarekin ––eta, argiago hitz eginda, euskararen presentzia nabarmenago batekin–– mesfidati dabilen jendea konbentzitzea.
Baina, baikorra denez, hasi da lantegian ikasitako gauzez hausnartzen, eta nola joka daitekeen irudikatzen, egungo egoera etsigarria aldatzeko.
Otu zaio lantegian ikasitako edukietako batzuk baliatzea: marketinean egoera aztertzeko erabiltzen duten AMIA analisia aplikatuko du, eta kanpoko AUKERAK eta MEHATXUAK nahiz barneko INDARGUNEAK eta AHULEZIAK bilatuko dizkio publizitate-kanpaina elebidun orekatuak egiteko aukerari, edo, bestela esanda, kanpaina publizitarioetan euskara gaztelaniaren8 pare balioesteari.
Kontra zein alde
Itzultzaileak ez du bere burua engainatzen: badaki pertsona batzuengan gogor egiteko gogoa pizten duela euskararen erabilerak. Itzultzaile gisa, kostatzen zaio jarrera hori ulertzen: nolatan jo daiteke hizkuntza bat baztergarri? Baina egiaztatu du halakotzat jotzen dutela jende batzuek euskara. Euskara euskal herrietako gizartean behar-beharrezkoa ez izatea ere kanpaina publizitario elebidunen aurka doa, euskaldunek, elebidun izanik, lasai asko ulertzen ahal baitute mezua gaztelaniaz.
Halarik, ere, itzultzailearen aburuz, aukera ona da euskara eta gaztelania parez pare erabiltzea, ez soilik euskararentzat edo euskaldunentzat, baizik eta baita kanpainen sustatzaileentzat ere; izan ere, euskaldunek publizitatea bakarrik gaztelaniaz jasotzen dutenean, edo kanpaina elebidunetan euskara bigarren mailakotzat erabilia izan dela igartzean, mezu publizitarioa ahulduta iristen da haiengana. Gaztelaniazko mezua ulertuta ere, euskaldun askok hobeki hartuko dute mezua euskaraz ere ––eta euskara egokian–– iristen bazaie. Eta publizistek ez lukete ahaztu beharko gero eta jende euskaldun gehiago bizi dela gurean.
Baina, segur aski, kanpaina elebidun orekatuak gutxitan egitearen arrazoia kanpainak egiteko maneran bertan datza. Izan ere, mezua bi hizkuntzetan maila berean sortzeak ahalegin handiagoa eskatzen die profesionalei. Bi hizkuntzak ezagutu behar dituzte sakon samar, bietako baliabideak eta bien kultura-testuinguruak, eta horiek guztiak txirikordatuz ––bi hizkuntzetako baliabideak biribilkatuz–– sortu behar dute publizitate-mezu elebiduna. Horrek guztiak bide horretatik joateko gogoa ahuldu diezaieke publizistei.
Haatik, zeregin gogorra izanik ere, hainbat traba eta eragozpen sor ditzakeena, erronka kitzikagarria ere bada, sormenaren ikuspegitik: ezaupideak ––bi hizkuntzetan!–– eta irudimena elkarrekin estu lotu eta ausardia zein malgutasuna doi neurtzea eskatzen du ––eta desafio hori pizgarri gisa har dezakete publidazleek––. Eta, batez ere, asko hobetu dezake emaitza, hizkuntzen arteko mugak hautsita adierazpen-hautuak ugaltzen ahal baitira.
Egia da kanpaina elebidun orekatu on batek lan, kezka eta denbora gehiago galdatzen dituela ––eta, apika, diru gehixeago ere__…, eta egia da, baita ere, euskara urri ibiltzen dela, gaztelania baino urriago9, hizkuntza-erregistroetan10 ––horretaz argi eta garbi hitz egin du irakasleak––. Baina, kontrako eskuan, publidazle elebidun ongi prestatu ugari irtenak dira jada merkatura11, eta euskara, baliabide estilistiko eta literario oparoak dituen hizkuntza12 izateaz gain, aski modernizatu da azken hamarkadetan, eta bada gauza garaian garaiko errealitateetara egokitzeko. Horrek guztiak bideragarri eta komenigarri bihurtzen du halako kanpainak egiteko lana.
Publidazleak eta itzulsortzaileak
Kanpaina elebidun orekatuak maizago egingo balituzte, kanpainetako edukiak azken unean itzultzeko lan nekeza hartu behar izatetik aske geldituko lirateke hainbat itzultzaile eta euskara-teknikari.
Baina tailerrean aski argi gelditu da hori ez dela berehala gertatuko, eta gertatuta ere itzultzaileen presentzia beti izanen dela beharrezkoa, asko edo gutxi, publizitate-kanpaina elebidunetan.
Hor agertzen da itzulsortzaileen13 beharra, publizitatea itzultzeko edukiak birsortzen dituzten profesionalena.
Irakaslearen hitzetan, itzulsortzaile izateko prestatzeak lan-aukera berri bat ekar diezaieke itzultzaileei. Baina, esan gabe doa, ezaupide berriak bereganatzeko beharra ere bai!
Lantegian, argi gelditu da itzulpen edo egokitzapen bat egitetik itzulsortzera doan aldea: testu bat itzultzean edo egokitzean, edukiari edo esanahiari eusten zaie; itzulsortzean, ordea, edukia bera aldatzera irits daiteke, beharrezkoa bada, marketin-helburuei heltzeko14. Hizkuntzari dagokionez, itzulsorpena ez da ez hitzezko itzulpen bat, ez kultura-egokitzapen bat. Itzulsortze terminoak berak ongi iradokitzen duen gisan, xede-testua sortzen da, propio, xede-hizkuntzan15. Horrek guztiak zedarritzen du, besteak beste, itzulsortzaile aritzeko behar diren ezagutza eta gaitasunak: ezagutza linguistikoez gain, ezaupide soziokulturalak eta merkataritzakoak behar dira, bai eta kasuan kasuko produktua eta kultura bakoitzari dagozkion molde publizitarioak ezagutzea ere16. Horrez gain, beharrezkoa da sormen-gaitasun handia eduki eta terminologia espezializatua menperatzea.
Konklusio modura
Aurrekoaren harira, zenbait ondorio atera ditu itzultzaileak:
- Itzulsorkuntza itzulpengintzaren beste arlo baten gisara hartzen ahal da ––arlo berri baten antzera, alegia,–– eta, ikusita, gainera, berariazko ezagutzak eta trebeziak eskatzen dituela, itzulpengintzari edota publizitateari buruzko ikasketetan sartzeko modukoa izan daiteke (master gisa, kasu baterako?).
- Itzulsorkuntza-prozesuaren ezauga¬rriak zedarritzerakoan, kontuan hartu behar dira gure esparruko inguruabarrak, hau da, gaztelaniaren __eta, kasuan-kasuan, frantsesaren__ eta euskararen arteko distantziak17 eta bizikidetza: gure arteko kanpaina elebidunek18 ezaugarri berezi batzuk izanen dituzte nazioarteko kanpaina handien aldean, eta hori kontuan hartu beharko da, hala itzulsorkuntzari buruzko ezaupideen irakaskuntzan nola kanpainak lantzerakoan.
- Publizitatea euskara normalizatzeko beste ildo bat izan daiteke. Publizitatea, hizkuntza-baliabideak jorratzea ––eta etengabe eraberritzea–– eskatzen duen aldetik eta komunikazio sozialeko hizkera-mota bat den heinean, tresna egokia izan daiteke euskararen normalizazio soziolinguistikorako.
- Euskal hiztunak kontsumitzaile ere badira, eta, kontsumitzaile gisa, eskubidea dute eduki publizitarioak ere euskaraz jasotzeko. Baina, beste zenbait esparrutan gertatzen den bezala, horretan ere euskaldunek exijitu beharko dute, presioa egin, enpresek eta erakundeek publizitate-edukiak euskaraz ere eskain diezazkieten19.
- Eta euskal itzultzaileek, euskaldun diren aldetik, jarraitu beharko dute, erremediorik gabe eta zeinek bere esparruan, gauzak ongi egiteko eskatzen, eta euskarari dagokion toki duina ematearen alde borrokatzen, publizitatearen arloan ere20.
1. Itzultzailea ere ez da orojakile, eta oker dago esloganaz mintzatzen denean: uste du publizitate-kanpaina jakin baten esaldi nagusia dela eslogana. Geroxeago ikasiko du ––Itzulsortzaile lantegian, alegia––, eskatzen dioten esaldi horri titular deitzen diotela publizistek, eta eslogana beste gauza bat dela, produktuaren izena identifikatzen duen esamolde labur eta iraunkorra.
2. «Pamplona somos tú - Iruña: gu geu, zu zeu».
3. Estitxu Garai Artetxe.
4. Hitz-joko polisemikoak, erregistro-imitazioak, esapide fosilduak biziberritzea...
5. Metafora eta metonimia berritzaileak, antitesia, ironia, hiperbolea, konparaketak, eta abar.
6. Lantegiaren amaieran, halakoen adibide ederrak erakutsi ditu irakasleak, haietako asko nazioarteko marka handiek baliatuak.
7. Zortzi ordu, bi egunetan banatuta.
8. Euskal Herriko hegoaldeko egoeraz ari da gogoetan itzultzailea, baina iparraldekorako ere baliagarri izan daiteke, hizkuntzak hizkuntza -espainiera zein frantsesa-, eta egokierak egokiera.
9. Sorgin-gurpila da erregistroen afera: hizkuntza bat bizitzaren eta jendartearen esparru guztietan erabiltzen ez bada, erregistroak murritzagoak dira, eta erregistroak murritzak direlako ez da hizkuntza erabiltzen hainbat esparrutan.
10. Hizkuntza gutxiagotua izatearen ondorioz, hain segur.
11. Irakasleak dioenez, urtero, publizitate-profesional euskaldun ––eta, horrenbestez, elebidun–– ugari irteten dira Euskal Herriko Unibertsitatetik.
12. Itzultzaileak bertsolaritza du gomutan.
13. Transcreator ingelesez sortutako terminoaren euskarazko ordaina.
14. Nazioarteko kanpaina handietan, adibidez, non kultura, ohitura eta gizarte-ezaugarri oso ezberdinekin lan egin behar baitute publizistek.
15. Iragarkia berregiten da xede-hizkuntzako xede-hartzaileengan eragiteko sorburu-hizkuntzako iragarkiak hizkuntza horretako hiztunengan eragin duen efektu bera.
16. Lantegian irakasleak esan duenez, itzulsorkuntzan, zuzentasuna urratu behar izaten da, mezu eraginkorra sortuko bada. Horretarako ––pentsatu du itzultzaileak––, asko jakin behar da, eta sormena egoki baliatu, ez baita erraza arauak haustea hizkuntzaren kontra joan gabe.
17. Distantzia handiak, hizkuntzen tipologiaren ikuspegitik, baina laburragoak, gizartearen ikusmiratik.
18. Gurean, kanpainak elebidunak dira, eta, haietan, bi hizkuntzen arteko desberdintasun linguistikoak handiak izanen dira, baina, aldi berean, antzekotasun soziologikoak, handiagoak. Gurean ez bezala, nazioarteko kanpainetan, argiagoak dira mugak, zehatzagoak eta markatuagoak, hizkuntza/kultura/usadio/gizarte-pareen artean.
19. Kasu honetan ere, errepikakor izatearen arriskua hartu beharko da, eta aspertu gabe esan publizitate-kanpaina bat euskaraz ematea ez dela, besterik gabe, kanpaina hori nola edo hala itzultzea, baizik eta euskara eta gaztelania (edo frantsesa) berdintasunean erabiltzea.
20. Irakasleak argi utzi zuen hori Itzulsortzaile lantegian, eta itzultzaileak ongi daki jakin euskal abizena daraman orok ahalegin berezia egitea eskatzen duela.