'Erraiak' besteratzeko saiakeraz. Idazlea itzultzaileen lantegian 2014
2014ko udazkenean egin genuen Idazlea itzultzailearen lantegian jardueraren hamaikagarren ekitaldia. Aurreko edizioen moduan, EIZIEk antolatu zuen ekimena, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Behin idazlea eta itzultzaileak hautatuta, eta bakoitzak itzulgaia bere kasa landu ostean, urriaren 20an eta 21ean egin genuen lantegia, Donostian, eta 22an plazaratu genituen jendaurrean lantegian hizpide izan genituen arazo eta buruhausteak, eta eginiko lanaren emaitza. Bi egun beranduago, Parisen egin genuen bigarren jendaurrekoa, Sorbonne-Nouvelle Unibertsitatean, Miren Ibarluzea euskara irakurlea lagun genuela. Danele Sarriugarte Mochalesen Erraiak liburuaren lehen atala izan zuten parte hartzaileek itzulgai, eta, idazlearekin batera, honako itzultzaile hauek jardun zuten Elizabete Manterolak koordinaturiko lantegian: Edurne Alegria Aierdi, frantseserako itzultzailea; Miren Iriarte Oyaga, gaztelaniarako itzultzailea, eta Esti Lizaso Lopetegi, katalanerako itzultzailea. Lantegi hartako itzulpen-prozesuaren laburpena bildu dugu artikulu honetan.
2014ko udazkenean egin genuen Idazlea itzultzaileen lantegian jardueraren hamaikagarren ekitaldia. Aurreko edizioen moduan, EIZIEk antolatu zuen ekimena, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Behin idazlea eta itzultzaileak hautatuta, eta bakoitzak itzulgaia bere kasa landu ostean, urriaren 20an eta 21ean egin genuen lantegia, Donostian, eta 22an plazaratu genituen jendaurrean lantegian hizpide izan genituen arazo eta buruhausteak, eta eginiko lanaren emaitza. Bi egun geroago, Parisen egin genuen bigarren jendaurrekoa, Sorbonne-Nouvelle Unibertsitatean, Miren Ibarluzea euskara irakurlea lagun genuela.
Parte-hartzaileak:
- Danele Sarriugarte Mochales, idazlea eta itzultzailea
- Edurne Alegria Aierdi, frantseserako itzultzailea
- Miren Iriarte Oyaga, gaztelaniarako itzultzailea
- Esti Lizaso Lopetegi, katalanerako itzultzailea
- Elizabete Manterola Agirrezabalaga, koordinatzailea
Erraiak besteratzeko saiakera
Euskaraz idatziriko literatur lan bat hartu, haren mamiari, azalari eta hezurrei erreparatu, erraietaraino aztertu, eta beste hizkuntza batzuetara itzultzen saiatzea du helburu ekimenak, irakurleak jakingo duenez. Eta hamaikagarren saiakera izan zuen narrazio honek hizpide duen ekitaldiak, hamaika idazle eta hamaika testu mota erdaratzeko ahaleginean, itzultzaileen lana bultzatu eta erdaretarako bidea urratzeko asmotan. Erraiak izan zen 2014ko Idazlea itzultzaileen lantegian ekimeneko itzulgaia, eta Danele Sarriugarte Mochales, idazle gonbidatua. Idazle ez ezik, baita itzultzaile ere. Izan ere, euskaraz idatziriko testua itzulpen mintegirako gaztelaniara itzultzeko saiakera egin nahi ote zuen galdetu genion, eta baiezkoa eman zigun.
Sarriugarteren bidaide izan ziren Edurne Alegria, Miren Iriarte eta Esti Lizaso itzultzaileak; lehenengoak frantseserako itzulpena egin zuen; bigarrenak, gaztelaniarakoa, eta hirugarrenak, berriz, katalanerakoa. Mintegiaren aurreko ekitaldietan, nork bere ama hizkuntza izan du xede gehien-gehienetan. Oraingoan, ordea, nahiz eta euren eguneroko hizkuntza izan xede hizkuntzak, alderantzizko norabideari heldu diote itzultzaileek.
Aurreko bi ekitaldietan bezala, Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan zuen EIZIEk 2014ko Idazlea itzultzaileen lantegian antolatzeko. Euskal Herritik kanpoko sustapena helburu, mintegia lehenik Donostian egin genuen, urrian, eta Garoa liburu-dendan aurkeztu genuen, segidan. Bigarren aurkezpena egiteko, Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitatera jo genuen. Miren Ibarluzea euskal irakurlearen laguntzaz, katalaneko ikasleekin itzulpen mintegitxo bat egiteko modua izan genuen lehenik, eta, jarraian, euskal itzulpengintzari buruzko jardunalditxo batean aurkeztu genituen bai itzulgaia eta baita itzulpen mintegiak emandakoak ere.
Puzzlearen osaera
Ez da erraza izaten euskal kultura edo literatura sustatzeko programak diseinatzea. Idazlea itzultzaileen lantegian tailerrari dagokionez, lehenik, itzulgaia hautatu behar da. Erdaratu gabeko lan bat topatzea da helburu, bi-hiru eguneko itzulpen mintegi batean lantzeko moduko zailtasunak izango dituena, luze-laburretan ere egoki beharko lukeena. Ahal dela, aurreko ekitaldietan landutako testuekin alderatuta berritasunen bat ekarriko duena, dela generoari, dela tonuari, dela gaiari dagokiona. Horretaz gain, idatzi duenarekin ere hitz egin behar izaten da, itzulpen mintegian parte hartu nahi ote lukeen galdetzeko. Behin horiek erabakita, zer hizkuntzatara itzuli nahi dugun edo itzultzea komeni den ikusi behar izaten da. Itzultzailerik ba ote den xede nahi dugun hizkuntza horretan. Horiek guztiak lotu ostean, egutegiari begira jarri behar. Izan ere, ez da erraza lau-bost pertsonako taldeak udazkeneko aste buruzuri batean lanerako biltzeko modua izatea. Lantegia non egin eta lantegiaren emaitza non eta noren aurrean aurkeztu pentsatzea ere garrantzitsua da. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzak itzulpen mintegia Euskal Herritik kanpo aurkezteko parada ematen digu, eta ongi finkatu behar dira helburuak horretarako.
2014ko edizioan, euskal letretara iritsi berria zen idazle bat hautatu genuen mintegirako. Idatzi zuen opera prima nahiko berritzailea begitandu zitzaigun idazkera eta estilo aldetik; hala erakutsi du ondoren izan duen oihartzunak ere. Liburua argitaratu berria zela, esku artean hartu eta mintegirako moduko atal egoki baten bila jo genuen. Hautaturiko nobela zatiak itzultzaileei buruko min bat baino gehiago emango ziela pentsatu genuen, zer landua izango genuela tailerrean.
Danele Sarriugartek itzulpengintza eta interpretazio ikasketak eginak ditu, eta, alde horretatik ere, interesgarria iruditu zitzaigun mintegirako. Izan ere, idazle larruan sartu aurretik -jendaurrean behintzat-, itzultzaile aritua baitzen profesionalki. Mintegian parte hartu nahi ote zuen galdetu genionean, proposamen bikoitza egin genion: idazle gisa eta autoitzultzaile gisa parte hartzekoa. Eta halaxe onartu zuen Sarriugartek; hautatutako laginaren gaztelaniarako itzulpena egingo zuela mintegirako, langai gisa ekarriko zuela. Modu horretan, itzultzaileei gertuagotik laguntzeko egokiera izango zuela.
Xede hizkuntzak zehazteko, aurreko urteetako mintegietako hizkuntzei eta itzultzaileei erreparatu genien, eskema bera ez errepikatzeko eta berrikuntzaren bat sartu asmoz. Hasiera batean, japoniera izan nahi genuen xede hizkuntzen artean. Izan ere, garai hartan Nami Kaneko Donostian egonaldia egiten ari zela baliatuta, guztiontzako aberasgarri izan zitekeen lantegiari orain arte landu gabeko xede hizkuntza bat gehitzea. Alabaina, agenda eta egutegi kontuak tarteko, ez zen posible izan halakorik, eta, ondorioz, gertuagoko beste hizkuntza batzuk lantzea aurreikusi genuen: gaztelania, frantsesa eta katalana, hain zuzen ere. Hiru xede hizkuntza baina lau itzulpen izango genituen, hartara, Sarriugarteren autoitzulpena kontuan hartuta.
Sarreran aipatu dudan moduan, Edurne Alegriak osatu zuen frantseserako itzulpena; Miren Iriartek, gaztelaniarakoa; eta Esti Lizasok, katalanerakoa. Euskara dute hirurek ama hizkuntza. Iriarteren kasuan, gaztelania ere bada itzultzailearen ama hizkuntza; noski, elebitasunaren ajeak. Frantsesari dagokionez, berriz, ez da Edurneren ama hizkuntza, baina itzultzaileak gaztetatik ezagutzen du hizkuntza hori, frantsesez jaso baitzuen formakuntza, eta eskarmentu handia du hizkuntza horretarako itzulpenean. Katalanaren kasuan, Lizasok unibertsitate garaian ikasi zuen hizkuntza. Egun, Katalunia du bizileku, eta guztiz murgilduta bizi da katalan kulturan eta hizkuntzan. Itzultzaile profesionala izanagatik ere, orain artean ez du katalana xede hizkuntza gisa landu profesionalki. Lehen saiakera izan da, hortaz, Lizasorentzat, alderantzizko itzulpenean.
Mintegia abian jarri aurretik, prozesuak emango zuenari buruzko lehen galderak buruan bueltaka ari zitzaizkigun. Alde batetik, hizkuntza erromanikoak izanik xede hizkuntza guztiak, antzerako zailtasunak izango ote zituzten itzultzaileek? Bestalde, bi hizkuntza hegemoniko (gaztelania eta frantsesa) eta beste bi gutxitu (jatorrizko euskara eta katalana) genituen esku artean; izango al zuen horrek eraginik? Itzulgaiaren estiloak eta gaiak izango al zuen itzultzaileen lanean eraginik?
Puzzlea osatu berritan, kartelaren emetasunak piztu zigun arreta, eta gure artean erdi bromatan aipatu genuen kontua. Izan ere, idazlea, itzultzaileak eta antolatzaileak, guztiak ginen emakumezkoak. Garrantzirik gabeko detailea ematen du; itzulpengintzaren egungo joeren erakusgarri, nolabait esateko. Baina lantegiari begira inolako eraginik izan beharko ez lukeen detaile soil iruditzen zitzaiguna buruhauste bihurtu zen lantegiaren zabalkundea egiterakoan. Euskaraz sortu genuen ekitaldiaren berri ematen zuen kartela, ohiko moduan, eta hor ez genuen inolako arazorik izan, jakina. Baina mintegiaren berri gaztelaniazko komunikabideetara ere bidali ohi da, eta hor etorri ziren lehenengo arazoak. Idazlea itzultzaileen lantegian horren ordaina El escritor y sus traductores izan da aurreko edizioetan. Hau da, generikoa erabili izan da bai idazleari eta bai itzultzaileei erreferentzia egiteko. Generiko horren beharrik, baina, ez zen 2014ko edizioan; izan ere, La escritora y sus traductoras formula erabilita, parte-hartzaile guztiak barne hartzen dira, hots, hori litzateke formarik egokiena. Baina orain artean izaniko erreferentzialtasuna ezabatu egiten da, nolabait, izenburu orokorrari eginiko aldaketa horren bitartez. Pariserako aurkezpenari begira ere, ohikoa dugun L'écrivain et ses traducteurs horren ordez L'écrivaine et ses traductrices jarri behar. Nahaste-borraste horren erdian, mintegiari buruz mintzatu nintzaion lagun galiziar batek galde egin zidan nola deitzen ote genion mintegiari ingelesez. EIZIEren webgunean begiratu, eta honako honekin egin nuen topo: The writer and his translators. Badugu, bai, zer aldaturik hor ere.
Laburbilduz, euskaraz arazorik eman ez digun ekimenaren izenburua bada arazo beste hainbat hizkuntzatan. Hain zuzen ere, gerora lantegian hitzetik hortzera izango genuen generoaren kontua.
Itzulgaiaren bereizgarriak
Erraiak liburuaren argitalpenak zeresan handia sortu zuen 2014ko udaberrian, aurkeztu berritan. Igartza saria testu lagin baten arabera ematen denez, normala izaten da idazle hasiberriak zer-nolako liburua osatuko duen ikusmina sortzea, baina esango nuke irakurleen artean jakin-min handia piztu zela zer-nolako eleberria onduko zuen Sarriugartek. Eta eman zuen zeresana eleberriak; liburua argitaratu berritan, hautsak harrotu zituen, bai zenbait gairen lanketa gordinak, bai idazleak zerabilen estiloak ere.
Bikote harreman baten hausturatik abiatzen da eleberria, eta argumentua narratzailearen gorabehera sentimentalen azalpenean oinarritzen da. Narratzailearen ahotsa da, hain zuzen ere, diskurtsoaren ardatz nagusia. Aho-bilorik gabe plazaratzen ditu egungo gizarteari buruzko hausnarketa, kritika eta galdera deserosoak.
Autoreak eleberrian darabilen hizkuntzari erreparatuta, esaldi luze eta korapilatsuekin egingo du topo irakurleak, euskarazko ohiko sintaxitik haratago. Hori horrela izanik, sarritan, esaldien luzerak berak edo esaldien ordenak buruhausteak sortuko dizkio bai irakurleari eta baita itzultzaileari ere. Horretaz gain, hizkuntza baliabideetan aberats da testua. Badira, besteak beste, errepikapenak eta onomatopeiak, badira berariaz asmaturiko edo garaturiko hitzak, eta aipatzekoa da aditz trinkoen erabilera ere.
Nabarmentzekoa da liburuaren egitura. Atalen izenburu gisa, zenbakiak baliatu ditu idazleak. Eta zenbaki horiek denborari egiten diote erreferentzia. Oraina 0 gisa harturik, atzera begirako gertakariak denboran gertuago (-1) ala urrunago (-3) kokatzen ditu. Atal arruntez gain, amaierako oharrak ere gehitu ditu Sarriugartek, narrazioa osatzeko, izan hausnarketa sakonagoak eskaintzeko, izan azalpen gehigarriak txertatzeko.
Zailtasunak erdaratze prozesuan
Mintegian bildu ginen unetik, testuaren itzultze prozesua nekeza izan zela azpimarratu zuten itzultzaileek. Oso lanketa aktiboa egin behar izan zutela adierazi zuten, eta hainbat konturi buruzko hausnarketa konplexua izan zela. Baziren itzulgai osoari begira hartu beharreko erabaki orokorrak, esaldiz esaldiko lanketari heldu aurretik hausnartu beharreko kontuak. Testuaren tonua, esaterako. Hasiera-hasieratik landu behar izan zuten itzultzaileek kontu hori, xede hizkuntzan tonuarekin asmatzea ez baitzen nolanahiko erronka. Behin hori hartuta, itzulpen prozesuaz disfrutatu egin dutela aipatu zuten Iriartek eta Lizasok.
Sintaxiari dagokionez, berriz, Sarriugartek euskal literaturan ohikoa ez den sintaxia darabil; esaldi luzeak osatzen ditu, orrialde beteko esaldiren bat tarteko. Noski, euskararako itzulpenak egitean, halakoekin sarritan egiten dugu topo itzultzaileok, eta ohituta gaude esaldi luzeak euskarara ekartzeko konponbideak bilatzen. Baina ez kontrako noranzkoan. Hau da, kasu honetan, zaila izan zen esaldi luze horiekin ohiturik dauden hizkuntzetara euskarazko sintaxi konplexu hori itzultzea. Erreferenteak topatu behar izan zituzten itzultzaileek, esaldiari buelta eman, eta ordena atzekoz aurrera bildu, elementuak tokiz aldatu. Esaldi luze horiek xede hizkuntzetako ohiko esaldien formatura eramatea izan zen zailtasun nagusia; hain zuzen ere, xede hizkuntzak berea duen erritmoan txertatzea.
Esaldi osaketa konplexu horrek eleberriaren protagonistaren pentsatzeko modua islatzen du, ideia batetik besterako joan-etorriak, gaien arteko loturak, emozioak erakusteko modua. Nabarmena da edukiaren eta formaren arteko koherentzia, pentsamendua zein ongi dagoen islatuta ikusita. Lotura hori xede testuetan bilatu beharrak ere ekarri die itzultzaileei buruko minik; izan ere, testuak xede irakurlearengan izango zuen efektua izan dute ardura itzultzaileek.
Lizasok aipatzen zuenez, bestalde, bere kasuan bazen kontuan izan beharreko zailtasun gehigarri bat. Xede hizkuntza ongi asko menperatu arren, katalana ez du ama hizkuntza, eta itzuliriko testua xede irakurleak katalanezko testu arrunt modura irakurtzea erronka izan zen berarentzat. Naturaltasunaren mesedetan, zuzentzaile batekin elkarlanean aritu zen, ahalik eta xede testu egokiena sortze aldera.
Dena den, azpimarratzeko moduko arazo nagusia generoa izan genuen. Lehentxeago aipatu dugun moduan, mintegiaren izen generikoak badu mamia, eta ondo asko erakusten du euskaraz generorik zehaztu behar ez diren kasuak arantzatsuak direla generoa nahitaez zehaztu behar den hizkuntzetarako itzulpenak egitean. Mintegiko itzulgaiari dagokionez, landu genituen hiru hizkuntza erromanikoetan zehaztu egin behar izan zen nahitaez euskaraz halakorik egiten ez zen kasuetan. Konparazio batera: zerbitzari hitzarekin, erabaki egin behar izan zen la camarera ala el camarero jarri behar ote den; berdin, banatuak, lagunak eta abar aipatzen direnetan. Kasuan kasu, konponbide bat baino gehiago izan dezakegu, eta testuinguruari erreparatuta egokiena iruditzen zaiguna hautatu beharko litzateke. Begira dezagun, esaterako, honako esaldi hau:
Eta zein eramango dut derrigorrezko familia-otorduetara, debekaturik daude-eta zifra bakoitiak, soilik umeak barnean hartzen dituzten multzoen kasuan dira hiruak zilegi baina hor ere gero eta gutxiago (noizko bikotetxoa?); eta alargunen kasuan agian batak, baina hor ere gero eta gutxiago, bestela begiratu dibortziatuen aurrekariari, horiei kasik ofizialki debekatu diete jada axaleko bakartasuna, behin ezkontidearen uhaletik libratu direnean, baimena dute tarte batez aske arnasa hartzeko, baina ez luzaroegi, asko jota urtebetea joan denean izan bitez postmodernoak eta liberatuak, jauzi egin bezate ohez ohe, eguberrian hurbil bedi mahaira garaian garaiko amorantea.
Xede hizkuntzetako konbentzioen arabera, beltzez azpimarraturiko hitzen generikoa maskulinoz osatu ohi da, gizon multzo bat zein gizon eta emakume multzo bat izendatzeko. Emakumez soilik osaturiko taldeetan besterik ez genuke erabiliko feneminoa. Politikoki zuzena izan nahi duen azkenaldiko joera bati jarraikiz, konponbidea izan liteke maskulinoa eta femeninoa biak aipatuz bilatzea generikoa: en el caso de los viudos y las viudas. Dena den, ez dirudi irtenbide egokia esaldi honetarako, testuaren erritmoa puskatuko bailuke. Aktibista feministen baitan erabiltzen den beste bide bat ere balia liteke, eta generikoa femeninoan erabiltzeko hautua egin. Modu horretara, alargunak, dibortziatuak, ezkontideak eta amoranteak guztiak jarri beharko lirateke femeninoan, baina irakurleak argi ikusi beharko luke generikoa dela idazlea baliatzen ari dena, hau da, gizonak zein emakumeak hartzen dituela bere baitan femenino horrek; bestela, jatorrizkoaren bestelako testu bat sortuko genuke semantikoki.
Begira dezagun zer gertatzen den esaldi honetan ere:
Zer esan behar diet nik orain nire epaile guztiei, nire juje zorrotzei: gurasoei, kuadrillakoei, herriko besteei; (...)
Aurrekoaren antzerako kasua dirudi. Generikoan erabiltzen diren elementuek zerrenda bat osatzen dutenez, femeninoa eta maskulinoa bi-biak erabiltzea ez litzateke egokia erritmoa errespetatze aldera. Demagun gurasoak generiko modura itzuli nahi dugula. Frantsesez, ez genuke arazorik, parents hitzak aita zein amak biltzen baititu. Baina, gaztelaniaz eta katalanez, generikoa padres eta pares da. Hortaz, guztiz eraldatu eta madres zein mares modura itzuliko genuke? Horrek, ordea, irakurleen iruditerian ez ditu guraso guztiak biltzen, ezta?
Erraiak liburuan, edukiak kontatzen duena oso kontzientzia piztaile da; esan liteke hausnarketa feministak testuaren ardatz direla. Horretaz gain, formak ere garrantzia du idazlearentzat, eta hori nabaria da haren estiloan. Hortaz, generoaren auzia konpontzeko aukerak bilatzea izan zen mintegiaren hasierako eztabaidaren muina. Batetik, Sarriugarte bera femeninoa generiko modura erabiltzearen alde azaldu zen, hiru xede hizkuntzetan. Izan ere, horrek edukiaren eta formaren arteko oreka mantentzeko bidea emango lioke. Alabaina, Alegriak aipatu zuen xede hizkuntzetan diskurtso feministek duten indarra ez dela parekoa eta efektu arraroa sor lezakeela; frantsesez, esaterako. Guztiok ados agertu ginen kasu generikoa femeninoan jartzea ez legokeela maskulinoaren pare. Izan ere, borroka bat dago egiteke; araua ez dago onartuta maila berean, eta irakurlea ere ez dago horretara ohituta. Hori horrela izanik, halako testu batek irakurketa kontzientea behar du, eta xede irakurleak arazorik gabe harrapatu beharko luke femeninoak duen erabilera generikoa. Ongi aztertu beharko litzateke, gainera, xede hizkuntzetan zenbateraino dagoen errotuta diskurtso feminista berritzaile hori, zenbateraino erabili den femeninoa generiko gisa eta zenbateko onarpena duen. Konponbide posibleen artean, hitzaurre bat gehitzea aipatu zen, generikoa femeninoan erabili dela ohartarazteko. Baina horrek indarra kenduko lioke testuari; derrota onartzea litzateke, zuzenean.
Luze eztabaidatu ostean eta mintegiaren iraupen mugatua tarteko, irtenbide egokirik topatzeko modurik ez genuen egin. Ez behintzat bi eguneko mintegian gaiari buruz behar duen sakontasunez patxadaz eztabaidatzeko. Erabaki potoloegia zen, eta gainerako itzulpen arazoen lanketari itzal handiegia egiten zion. Hori horrela izanik, xede hizkuntzetako ohiko konbentzioei jarraitzearen alde egin genuen une hartan. Handik aterako zen emaitza ez zela behin betikoa izango jakinik, baizik eta gerora landu beharreko erabaki baterako abiapuntu, har bitez mintegian sorturiko testuak1 itzulpen tailer baten emaitza gisa, eta ez Erraiak eleberriaren lehen atalaren behin betiko itzulpen modura.
Ezin uka liteke itzulpen prozesu batean galerarik izango ez denik. Hau da, hizkuntza batetik besterako bidean, izango da ezabatu beharreko elementurik, mantendu ezingo den hitz jokorik edo erreferentzia kulturalik. Galera horiek, baina, mailakatu egin daitezke, eta saiatu behar dugu ahalik eta gutxien ukitzen benetan garrantzitsuak diren elementuak. Erraiak eleberriaz ari garelarik, erritmoa eta musika testuaren bi ezaugarri nagusi ditugu, bi elementu guztiz garrantzitsu idazlearentzat berarentzat. Eta horiek xede hizkuntzetan kosta ahala kosta mantentzeko nahia erakutsi zuen mintegian Sarriugartek; libre jokatzea hobesten du musikalitatea lortzeko helburuz. Zentzu horretan, hitzen hautaketa ere soinuaren arabera egiten duela aitortu zigun, musikalitatearen mesedetan. Eta, itzulpenetan bi sinonimoren artean zein hautatu erabakitzeko, hitz horien musikalitatea izan zen erabiliriko irizpideetako bat. Hitzen aukeraketak indar handiko esaldiak lortzera eramaten du: oldarraren hondarretatik zerbait eraiki esaldia, adibidez, fonetikoki oso indartsua da, eta zaila da itzulpenetan pareko zerbait lortzea esaldi horren ordain gisa. Hori dela eta, konpentsazioa bilatzea zilegi iruditu zitzaigun; testuaren atalen batean emaitza ahulagoa lortuz gero, indargunea beste nonbait bilatzea, alegia.
Erritmoari dagokionez, berriz, testuaren trinkotasuna eta bizitasuna lehentasun dira Sarriugarterentzat. Hala, erritmoak eta semantikak talka eginez gero, zalantza piztu zitzaigun honako pasarte honetan konponbidea nola bilatu: azal-puska txikiak narritatu, altxatu eta lurrera erori arte. Izatez, azal-puska txikiak altxatu egiten dira, azala bera narritatu eta gero. Dena den, azalpena zentzua errespetatuz egiteak asko luzatuko luke esaldia. Hortaz, zer egin? Zer da garrantzitsuagoa? Hasiera batean behintzat, idazleak nahiago izan du inkongruentzia bere horretan utzi eta hautu estetikoaren alde egin.
Hizkera bihurritzen eta behartzen ederki moldatzen dela erakutsi du idazleak Erraiak eleberrian, bai eta hitz berriak sortzen abila dela ere. Euskarak ematen dio horretarako aukera, malguagoa baita, tradizio literario handiagoa duten hizkuntza batzuekin alderatuta. Hortaz, euskaraz eraiki dituen zenbait esaldik ez dute pareko formulaziorik izan itzulpenetan, zurrunagoak baitira zenbaitetan. Hori horrela izanik, konpentsazioa bilatzea izaten da egokiena, hau da, leku batean galtzen dena aurrerago berreskuratzea. Azken batean, testua osotasun gisa lantzea da egokiena. Esaldi honetan, adibidez, hotza azazkaletaraino sartzea esamoldea arraroa izan daiteke euskal irakurlearentzat, idazlearen asmazioa den heinean, baina gaztelaniaz el frío se me ha metido hasta las uñas irakurtzea oraindik eta arraroagoa egingo zaio erdal irakurleari, meterse el frío en los huesos esamoldearen oihartzuna etorriko baitzaio ezinbestean.
(...) komuneko kanila madarikatuaren zarata itotzen saiatzera joan naizenean luzeegi ukitu dutelako elkar oinazpiek eta zeramikazko lauzek eta azazkaletaraino sartu zaidalako hotza.
[ES] (...) cuando he ido a intentar ahogar el sonido del maldito grifo del baño las baldosas de cerámica han estado en contacto con mis pies durante demasiado tiempo y el frío se me ha metido hasta las uñas.
[CA] (...) quan he anat al lavabo per intentar ofegar el soroll de la maleïda aixeta, les plantes dels peus han estat massa temps en contacte amb les rajoles de gres i el fred m'ha entrat fins les ungles
[FR] (...) car le froid m'a pénétrée jusqu'au bout des ongles, suite au contact trop prolongé de la plante des pieds avec les carreaux de la salle de bains, quand j'y suis allée pour essayer de noyer le bruit de ce maudit robinet.
Esamoldearen pisuaz eztabaidan aritu ostean, baina, atzean duen irudiari erreparatu genion, eta azazkalen eta hezurren artean aldea badela ondorioztatu: lehenengoaren kasuan, oinak daude hotzak, hanka-azpitik baitatorkio hoztasuna pertsonaiari; hezurrak aipatuta, ordea, gorputz osora igaro da hotza. Azalpen hori kontuan izanik, lehenengoaren aldeko hautua egin zuten itzultzaileek.
Antzerako beste kasu bat ere izan genuen esku artean. Honako adibide honetan, esaterako, aipatzen da uhin kiribilduetatik iritsiko zaiola protagonistari Z-ren erlatsa. Baina, izatez, uhinak ez dira kiribilduak, baizik eta kable kiribilduetan iristen zaizkigu. Idazlearen arabera, kiribilduaren ideia hori, irudi hori, mantentzea garrantzitsua iruditzen zaio, eta, horretarako, uhina sakrifika liteke, xede testuetan ongi geratzen ez bada.
Hortaz, Z-ren erlatsa iritsiko balitzait berriz ere uhin kiribilduetan barrena, kanpotik barrura astinduko ninduke, bost minutuko elkarrizketa ortopedikoaren ostean ordu erdiz etzan beharko nintzateke -–gutxienez-– ohean mugitzeke,
Idazleak eleberrian darabilen beste baliabide bat hitz berriak sortzea da. Euskarak ematen du halakoak egiteko aukerarik, atzizkiak baliatuz izen batetik aditzak sortu edo aditz batetik izenondo berriak asmatzeko: zakilkatu, eztarritasun, txortagarri… Baita beste hainbat hizkuntzatako hitzak geureratuz ere: singletasun.
Kultur erreferentziaz beteta dago Erraiak eleberria. Idazle, musikari zein liburu ugari aipatzen da, eta aipatu gabeko oihartzunak ere ageri dira. Badu indarra intertestualitateak liburuan. Itzultzailearen zeregina halakoak identifikatu eta xede irakurleari gerturatzea izango da, jakina. Euskal erreferentzien kasuan, ongi aztertu behar da testuan duten pisua zenbaterainokoa den eta xede irakurleentzako ezagunak diren ala ez, eta horren arabera bilatu halakoak mantentzeko bideak. Itzuli dugun laginean, Hertzainak taldearen abesti baten zati bat ageri da. Pasarte honetan, hain zuzen ere:
Asteburu luze batetik iritsi berri naiz, sortzen ikusi ninduen herritik ontzen lagundu nauen hirira, eta mahai gainean izkiriaturik aurkitu ditudan agur hitzei tinko beha nago, azkenengo ikasturtean egunerokotasun arruntenean nozitu nauen gizonaren eskumutur iletsu, sendo eta dardartiak berridatzi ditu, talde mitiko bati ostu: maitia lehen baino lehen aska gaitezan.
Esaldi horrek zailtasun bat baino gehiago planteatzen du: batetik, argitu behar al zaio irakurleari zein den talde mitikoa? Euskal irakurleak badaki zein den abestia, eta ia ziur jakingo du zein den taldea ere. Abestiaren parte den esaldi hori, berriz, itzuli egin behar al da? Kontuan izan behar da zerikusia duela testuan gertatzen ari denarekin. Abestiak esaten duena idatzi baitu pertsonaiak. Hortaz, baliteke hobe izatea esaldia itzultzea, ahalik eta informazio gehien emateko xede irakurleari. Beste aukera bat genuke testu zati hori euskaraz uztea. Hala eginez gero, oin-ohar bat gehitu beharko litzateke, edo azalpen esaldi bat txertatu, bestela, testuan.
Kultur erreferentziekin jarraituz, beste pasarte honetan, whiskia eta patxarana aipatzen dira, parez pare. Xede irakurleentzat, bigarrena ez da izango ezaguna; hortaz, zer egin? Patxarana bere horretan mantenduta ere, testuinguruak lagundu egingo dio irakurleari, eta, whiskiaren segidan ageri denez, erraz ondorioztatuko du edari alkoholdun batez ari dela idazlea.
Bestalde, whiskia edo patxarana, alkohol bernizatua edateko apetak jota banengo, edalontziak kubo astuna beharko luke, hormak finak eta erraboilkarak izanagatik oin lodikote eta pisukoa; dena dela, eskuan daukadana ez da ez bata ez bestea, ez da ez dotorea ez handinahia, ezpada arrunta eta arina, polibalentea,txosnetako plastiko gogorrezko baso klasikoa, gau ilunetan bularra protesta-pegatinaz lepo, zurito zein kaña zein kubata eskatzea ahalbidetzen dizuna, ikasle (eta ez hain ikasle) pisuetan hainbestetan berrasmatua hortzetako eskuilei edo lan-mahaiko boligrafoei ostatu emateko, nik neuk beti erabili izan dudana etxean likoreekin lasai mozkortzeko, gutxiagotan derrigortzen zaituelako edalontzi hustua betetzearen eginbehar nekezera trago oparoka diharduzunean ere, batez ere izotz gutxi botatzeko tentua hartzen baduzu; volldamma zuzenean latatik hartzea erabakitzearen antzekoa da estrategiaren ikuspuntutik, basora trakeski isuri eta aparra baretu arte itxaron beharrean kolpe batez barnera dezakezulako 33 zentilitroen lehen erdia, eta beste kolpe batez barruan gelditu dena, latak ondo tolestuta poltsan inkognitoan atera ditzakezulako apartamentuan legokeen beste inor ohartzeke astelehen buruzuriz zeure gelan bakar-bakarrik zurrutean ari zarenez arazo bat daukazula pentsa ez dezan (...)
Patxaranaz gain, zerbeza marka bat ere aipatzen da, oso ezaguna, bai euskal, bai espainiar eta bai katalan irakurlearentzat; ez, baina, frantses irakurlearentzat. Hori dela eta, bi konponbide aipatu zituen Alegriak: batetik, Frantzian Voll-damm markaren pareko litzatekeen zerbeza marka bat bilatzea, hau da, alkohol altuko zerbeza ezagun bat; bestetik, zerbeza hitz generikoaz ordeztea. Biek ala biek, pertsonaiak bere etxeko gelako bakardadean zerbeza latatik edateko efektua biltzen dute.
Itzultzaileek esku artean zuten laginaren zati gisa, eleberriaren amaieran Sarriugartek gehituriko ohar bat ere itzuli behar izan zuten: liburuko protagonistak kakari buruz eginiko hausnarketa, hain zuzen ere. Gaiaren gordinak baino, zehaztapen linguistikoek sorrarazi zizkieten itzultzaileei buruhausteak, kasu honetan. Ikus dezagun pasartea:
Haren [Pynchonen] Gravitys's Rainbowri Pulitzerra errefusatu zioten-eta, epaimahaiaren sentiberatasun iraindua argudiatuz, dirudienez, arazo behinena Pudding brigadierraren eta Katje Borgesiusen artean gertatzen den gorotzaletasun eszena izan zen arren (latinkada nahi duenarentzat koprofilia, eta hemen erabat egiatiak eta zehatzak izateko kasu honetan cophrophilia izango zen epaimahaikideek Pynchoni saria eskuetatik erauzteko aitzakia gisa baliatu zuten kontzeptua, hala ere zeinek nahi ditu latinkadak euskararen kakari-kaka-deitzeko-gaitasun paregabea izanik, filia horren objektua, kasu, lehen begi-kolpean ulertzen du edonork zehazkik gomendatu didan gorotzaletasun miragarri horri esker), sexu-eszena luze bat non Katjek Pudding zaharraren gorputz horituan plazer sadikoz ebakitzen dituen askotariko zaurien azken ukitu klimaxtikoa zuzenean Pudding zaharraren ahora kaka egitea den, hark osorik murtxikatu, irentsi eta korritu dadin.
Euskaratik abiaturiko hausnarketa da irakurri berri dugun hori, alderdi linguistikoari estuki lotua. Eta badira itzulpenean kontuan izateko hainbat elementu. Batetik, gorotzaletasun hitzaren ordaina parentesi artean aipatzen den latinkadari estuki lotuta dago gaztelaniaz, katalanez eta frantsesez; hortaz, irtenbide egokiren bat bilatu beharko da hizkuntza bakoitzean. Bestetik, zeinek nahi ditu latinkadak euskararen kakari-kaka-deitzeko-gaitasun paregabea izanik esaldiarekin ere zer egin pentsatu behar da. Izan ere, mintegian aipatu genuen moduan, erabaki behar dugu protagonistak euskara aipatzen duenean euskara utziko ote den, ala xede hizkuntzari egin beharko zitzaion erreferentzia. Honako hauek izan ziren itzultzaileek harturiko behin betiko erabakiak:
[ES] pero quién quiere latinajos si la lengua nos permite llamar a la mierda mierda
[CA] qui vol llatinismes quan la nostra llengua té aquesta capacitat de dir-merda-a-la-merda
[FR] qui voudrait employer ces mots savants quand nous avons dans notre langue la possibilité de désigner la merde par le mot merde
Idazle-itzultzailea bere testuaren aurrean
Idazle-itzultzailearen autoitzulpen esperientzia aberasgarria izan da. Mintegiaren hasieratik esana zigun berak eginiko lanketa ariketa soil bat izango zela. Hau da, ez zuela helburu autoitzulpen prozesuan sorturiko emaitza behin betiko testu izaterik; argitaratuko zen bertsiorik sortzeko asmorik ez zuela, alegia. Alabaina, itzultzaile formazioa izanik, testua bere eskuz itzultzeko ariketa lagungarri izango zitzaiola iritzi zuen mintegian itzultzaileek egin ziezazkioketen galderei erantzuteko.
Autoitzultzaile larruan arituta eta gaztelaniarako bigarren itzulpena landuta mintegian, garbi utzi du gaztelaniarako itzulpena Iriarteren ardura dela, berak ez zuela baldintzatuko azken emaitza. Hori bai, izan zen bien arteko elkarlanik, bai eta neurri apalago batean mintegiko gainerako partaideona ere, gaztelaniadun hiztun garen aldetik, azken emaitza ahalik eta egokiena izan zedin.
Idazle gisa, oso garbi du Sarriugartek zer nahi duen eta zer ez, zer efektu bilatzen duen testuarekin. Esango nuke erabaki arbitrario gutxi egin dituela liburua idaztean. Guztia ongi baino hobeki pentsatua eta landua izan duela. Hori horrela izanik, itzulpenak ere xehe-xehe landu genituen mintegian, hitz hautaketa konkretuak eztabaidatuz, bataren eta bestearen efektuak neurtuz eta emaitzak baloratuz, itzulpenak jatorrizkoa bezain hausnartuak eta landuak izan zitezen.
Besteren lanen itzultzaile aritzera ohitua izaki –dena kuestionatzera ohituta egoteak, hain zuzen ere– asko lagundu zuen mintegian. Esango nuke idazkera nola planteatzen duen erakusten duela Sarriugarteren jarrerak; izan ere, hitz jakin baten edo hitz multzo baten bilaketa zehatza egiten du, asko lantzen du hitz bakoitzaren hautaketa, non kokatuko den erabakitzen du, eta zer efektu estetiko izango duen. Azken batean, lehen aipatu dugunez, formaren eta edukiaren arteko oreka bilatzen du.
Edukiaren eta formaren arteko loturak idazlearentzat duen garrantzia azpimarratu nahi nuke, amaitu aurretik. Eta horren erakusle dugu generoaren eztabaidaren inguruan irtenbide behin betikorik topatzeko ezintasuna. Erraiak eleberria osorik itzuliko balitz gaztelaniara, katalanera edo frantsesera, idazleak aktiboki hartu beharko luke parte testuaren itzulpenean. Euskarazko testuak planteatzen ez dituen arazoak baitaude hizkuntza erromaniko batean. Ikuspegi feministan sakontzea ezinbestekoa da auziari heltzeko, eta diskurtso feministak hizkuntza horien idazketa ereduak iraultzeko egiten ari diren lana kontuan izan beharko da, eleberriaren edukia eta forma bat etor daitezen. Euskarazko irakurleari eskatzen ez dion irakurketa aktiboa eskatuko liokeela iruditzen zait aipaturiko hiru hizkuntzetako irakurleei, formari dagokionez behintzat. Eta, forma eta edukia dena bat datozenez, irakurtzen denaren kontzientzia pizteko modua ere aldatu egingo litzateke.
Erraiak besteratzeko prozesu horretan eginiko itzulpenak EIZIEren webgunean dira; izan ere, ezinezkoa izan zaigu guztiak ere Senez-en ale honetan biltzea.