Itzulpena eta sorkuntza
Mikel Garmendia

Artikuluska honen helburua ez da inondik ere eztabaida teoriko baterako ekarpen edo iritzi-azalpen berririk egitea, baina bai gure eremu honetan, euskal itzulpengintzarenean, azken aldi honetan indar hartzen ari den joera jakin bati bego, oraingoz, bere horretan, bataiatzeke ikusten dizkiodan alderdi kezkagarri eta, nire ustez, arriskutsuen gainean aritzea baizik.

Itzulinguru soberakoak alde batera utzirik, HAEE/IVAP erakundeak berriki plazaraturiko liburua, Hizkera Argiaren Bidetik izenekoa da aipatu kezken zio eta sorburu. Zehatzago esanda, liburu horren egileek itzulpengintzari eskaintzen dioten atala, eta horren barruan «Itzulpenak eta Egokitzapena» izenekoa da aditzera eman nahi ditudan kezken iturburua. Argi utzi nahi dut ezer baino lehen, ordea, atal konkretu horri zuzenduak direla nire kritikak eta ez liburu osoari, zeinari hizkuntz normalizaziorako aportazio arras interesgarri eta aurrerantzean alboraezinekoa irizten diodan. Aldez aurretik esango dut, beraz, zein den arazoa: uste dut gisa horretako liburu batean euskaraz argi idazteko gomendioak ematekoan, alegia itzulpengintza sartzearekin bi esparru, bi mundu elkar nahastekatzen direla, eta konbentzituta nago komenigarri ez ezik premiazkoa dela esparru bakoitza bereizturik tratatzea. Lehen begiratu batean huskeria ematen duen bereizi nahi honek badu, alabaina, funtsik. Mendebaleko hizkuntza «nagusietan» nabaria da, azken urteotan, administrazio-hizkuntza errazteko joera eta ahalegina. Joera horren hastapena inon kokatzekotan duela zenbait urte Estatu Batuetan bezeroen eskubideen aldeko mugimendutik sortutako «Plain English Movement» hartan kokatuko genuke. Oso helburu argiekin sortutako mugimendua bera:

a) Alferrikako elementuak kentzea.

b) Informazioa logikaren arabera antolatzea.

c) Izenburu eta azpizenburu argiak erabiltzea.

d) Diseinua eta tipografia hobetzea.

Zeri aplikatzeko ematen dira lau puntu horiek? Edo, bestela esanda, zeri kendu behar zaizkio alferrikako elementuak, non antolatu behar da informazioa logikoki etabar? Ez dago dudarik, administrazioak sortzen dituen testuei dagozkie gomendio horiek eta ez administrazioko itzulpenei, horiek bere arazoak, bestelakoak, planteatzen baitituzte, noski. Halatan, antzeko ahalegina egin duten beste herrialde batzuetan ateratako gisa bereko esku-liburuetan ez ditugu elkar nahasirik aurkituko administrazio-hizkuntza errazteko gomendioak eta administrazioko itzulpenen gainekoak (ikus, adibidez, Manual de estilo del lenguaje administrativo / Manual del llenguatge administratiu).

Eta mihinean bilorik gabe azalduko dut nire aburua, bai baitakit bestek egindako lanak jorratuz iritziak ematea errazkeriatzat jo ohi dela, eta arrazoiz gainera gehienetan. Hona: itzultzea ez da sortzea. Jakina erantzungo dit itzulpen teoriak nondik nora joan diren gainetik bada ere dakienak, itzultzea ez da sortzea, birsortzea baizik. Eta nik horri ere ezetz, itzultzea ez dela birsortzea, ez dagoela zertan berriro sortzen aritu beharrik (eskubiderik?).

Itzulpena eta egokitzapena

Hizkera Argiaren Bidetik liburuan (hemendik aurrera HAB deituko dugunean) ondorengo baieztapenak daude jasota aipatutako «Itzulpena eta Egokitzapena» atalean:

«Itzulpenean zenbait gauza aldatu, kendu, gehitu, azken batean egokitu egin beharko ditugu xede-testuak xede-hizkuntzaren arauak errespeta ditzan eta hartzaileari bete-betean, bihurrikeriarik gabe, iritsi dakion mezua.»

«Hortaz, lehen esan dugunez, testua xede-hizkuntzari begira itzuli behar dugu, ez jatorrizko hizkuntzari begira. Egokitzapena nahitaezkoa da komunikazioa lortuko bada.»

«Itzulpen onak mezua emateko modu berria sortzen du (askatasuna) eta mezua bete-betean ematen du (leialtasuna).»

Orain arteko itzulpen teoriak (Platonetik hasita gaur den eguneko askotaraino) ildo beretsutik jo dute, alegia, edukina, mezua/forma, letrak bereizteko, eta mezuari lehentasuna emateko ahaleginean. Erromantizismoan hasi ziren hori kolokan jartzen, eta gaur egun ere bada joera hori kolokan jarri ez ezik arras gaitzesten duenik ere. Hala, A. Berman teorilari frantsesak bere «deformazioen sistematikan» honela izendatzen ditu balizko egokitze-ahalegin horiek: arrazoikuntza, argikuntza, luzakuntza, noblekuntza, pobrekuntza kualitatiboa, pobrekuntza kuantitatiboa, homogeneokuntza, erritmoen deuseztapena, azpi-sare adierazleen deuseztapena, sistematismoen deuseztapena, mintzaira-sare bernakuluen deuseztapena (exotizazioa), lokuzioen deuseztapena, hizkuntz gainerazpenen ezabaketa. Bermanen ustez, bi hitzetan esatearren, itzulpena etikoa izango bada formari errespetua zor zaio eta ez dago forma hori «ausarki» itxuraldatzerik mezua argitzearen aitzakiatan edo bestelako aitzakipean.

Nolanahi ere den, ez dut uste Bermanen teoria hartu eta besterik gabe gure kasuari, euskararako itzulpenei aplika diezaiokegunik, beste hainbat faktore baitauzkagu gurean kontuan hartu beharrekoak, hala nola hizkuntz normalizazioaren abiadura, euskal testuen produzio eskasa etabar[1]. Gainera kontu hauek ez dira agian nik azaldu bezain zirt ala zartekoak, zeren, Bermanen teoria patxada apur batez irakurriz gero, esan beharra baitago argi eta garbi uzten duela berak ere testu guztietan dagoela zati bat, nolabait esatearren, ezinbestean egokitu beharrekoa. Eta hortxe dago, nik uste, gakoa, zeren las pasé moradas gaztelerazko esamoldea euskaraz ez baitago moreak pasa nituen itzultzerik, jakina, gaztelerazko esamolde horren baliokidea gorriak ikusi nituen da, gaztelerazko bueno/a euskaraz on(a) den bezalaxe, alegia. Horrekin esan nahi dut arazoa geurea dela, neurri handi batean, zeren, normala denez, gure hizkuntz normalizazio prozesuan, artean gaztelera-euskara hiztegi behin-betiko samarrik gabe gaudelarik, ez baitago burua asko estutu beharrik konturatzeko lokuzio, esamolde eta, oro har, baliokidetza mailan are ilunago jarraitzen dutela gauzek, zeren halakoak norbere kasa itzultzen jarraitzen baitugu.

Horrenbestez, eta atal hau amaitzeko, hona bultzatzen den bideari ikusten diodan arriskua: gehiegizkoa da, nire ustez, xede-hizkuntza zaindu (aldiero egokitu) behar(?) horri ematen zaion garrantzia eta sorburu-hizkuntzatik gehiegi urruntzeko arriskua dago. Berehalakoan esango du baten batek nik proposatzen dudanak baduela, berebat, arrisku bat begien bistakoa, hizkuntz-menpekotasunarena, alegia. Nik, besterik gabe, García Yebra-ren hitzak gogoraraziko nituzke gaiari abiapuntutik beretik heltzearren:

«La regla de oro para toda traducción es, a mi juicio, decir todo lo que dice el original, no decir nada que el original no diga, y decirlo todo con la corrección y naturalidad que permita la lengua a la que se traduce.»[2]

Itzulpen librea

HAB liburutik hartutako goiko baieztapanei, esan dugunez, xede-hizkuntzara gehiegi lerratzea eta sorburu-hizkuntzatik gehiegi urruntzea egotzi diot, beraz. Eta hona, karia horretara, argitu beharreko beste puntu bat: argi utzi dugularik testu orok izango duela hainbat zati, esaldi edo dena delako zuzeneko itzulpenaren bidez eman ezinekoa, zeharreko itzulpenez egin beharrekoa beraz, gainerakoa, zehatz-mehatz itzuli behar da. Ez dago aitzakiarik, itzulpenak zehatza izan behar du (ez ahantzi HAB liburua Administrazioko itzulpenez ari dela) itzulpen izan nahi badu eta ez bertsio, itzulpen libre, moldapen edo ideien itzulpena ere deitu izan zaiona:

«Es muy común entre los traductores empíricos la creencia de que existen dos clases de traducciones: la literal" y la "libre". Hemos visto ya que la primera se cuenta entre los procedimientos de traducción. En cuanto a la segunda, enfáticamente no existe. El primer requisito que debe reunir una traducción es, en efecto la exactitud. Si no es exacta, no es traducción. Las versiones ampliadas, corregidas, comentadas, o los trabajos de los exégetas, son cosas totalmente distintas, con ellas nos alejamos rotundamente del concepto genuino de traducción...»[3]

Nola itzuli

Orain artekoarekin ezer argi utzi nahi izan badut, bi kontzeptuok eman nahi izan ditut aditzera:

a) Itzulpenak zehatza izan behar du eta, beraz, ezin dugu edonola forma baztertu.

b) Testu orok du hein bat zuzeneko itzulpenaren bitartez eman ezinekoa, egokitu beharrekoa, alegia.

Nola egokitu? Horra arazoa, horra benetako problema.

Argi ikusten dut nik bederen, batetik, egokitzapenak egin behar direnean egin behar direla eta, bestetik, egokitzapen horiek ere ez dagoela nola-hala, neurririk gabeko askatasunez egiterik.

Honelaxe mintzo zitzaigun Milan Kundera idazle txekiarra aurtengo udan El País egunkarian:

«Suele decirse: la traducción es como una mujer, o muy fiel o muy hermosa. Es la frase más estúpida que conozco, porque la traducción es hermosa si es fiel. Se me objetará que eso no es posible: ninguna palabra de una lengua halla su equivalente absoluto en otra lengua. Sí, es evidente. Sehnsucht, el célebre término de la poesía alemana, no significa ni deseo ni nostalgia, y el traductor tiene que inventar el modo más adecuado para trasladar su sentido al francés. ¿Mediante una perífrasis? ¿Añadiendo un adjetivo? ¿Utilizando un neologismo? La fidelidad de una traducción no es algo mecánico, exige inventiva y creatividad. La fidelidad en la traducción es un arte.»

Badirudi, horrenbestez, itzultzaileak leial jokatzeak urtetan izandako ospe txarrak emanak dituela onenak eta itzulpen teoriazko gaur egungo zenbait joera eta iritzi (leialtasunaren premia erreibindikatzen dutenak, hain zuzen) oso kontuan hartzekoak ditugula. Hala, ildo horretatixe doaz P. Newmark irakaslearen hitzok ere:

«La mitad de los conceptos erróneos que circulan sobre traducción se deben al hecho de que haya tantos profesores que aconsejen a sus alumnos evitar traducir, siempre que sea posible, una palabra de la LO por otra de aspecto semejante en la LT. Con lo cual lo que se consigue es que los alumnos amplíen su vocabulario en la LT, pero también que falseen las traducciones.»[4]

Hasieran esan dudanez desorekatu samar ikusten dut nik egungo euskal itzulpengintzaren balantza, mezuari, «jatortasun»-nahiari, xede-hizkuntzari lerratuegia, etnozentrikoegia. Berriro esango dut, hala ere, orokorrean arrazoi absolutorik ez dagoela uste dudan bezalaxe, gurea bezalako esparru batean, gizakien arteko harremanetan oinarrituan, are gutxiago eman dezakegula formula magiko edo behin betikorik, hemen ere egia absolutorik esistitzen ez den ber. Balantza horretan kontrapisua jartzen saiatu naiz, besterik gabe, euskal itzulpengintzan aurrera egin dezagun.


Oharrak

1. Honi buruzko gogoeta interesgarri bat irakurtzeko ikus Juan Garziaren Etnozentriko versus arroztaile? artikulua, in SENEZ, 2-3 zenb., 1991.

2. García Yebra, Valentín. Teoría y Práctica de la Traducción, Tomo I, pág. 43. GREDOS, Madrid, 1989.

3. Vázquez Ayora G., Introducción a la Traductología. Procedimientos técnicos de traducción. pág. 265. Georgetown, Univ. Press.

4. Newmark Peter, Manual de Traducción, pág. 116, Cátedra, 1992, Madrid.