Zinpeko interpretariak
Carmen del Río

Carmen del Río
Zinpeko interpretaria eta Atzerri Ministeritzako Hizkuntz Interpretaritza Bulegoko funtzionaria

Itzulpena: Lurdes Auzmendi

Zinpeko Interpretaria, Kanpo-Arazoetarako Ministeritzaren menpe dagoen Hizkuntzak Interpretatzeko Bulegoak, "Oficina de Interpretación de Lenguas" delakoak, ordura arte berari bakarrik zegozkion konpetentzien barruan sartzen ziren eginbeharrak betetzeko gaitzen duenean azaltzen da Espainol Estatuan. Bulego hori gaztelerarako itzulpenen alorrean agintaritza gorena zen —eta da—, bere itzulpenak Estatuko edozein Auzitegiren aurrean fedemaileak eta balio osokoak zirelarik, guzti horientzako lotesleak izateaz gain[1]. Hori zela eta, Estatuko Administrazioaren beraren agiriez gain, jendeak itzultzeko ekartzen zizkion guztiez ere arduratzen zen. Azken hauengatik arantzelak kobratzen ziren.

Joan zen menderako, pertsona eta merkatal gaien trafikoaren hazkuntzak nabarierazi zuen jendeari azkarrago erantzuten eta Bulegoari geroz eta pisuagoak gertatzen zitzaizkion eta izaera pribatua zuten lanak kentzen lagunduko zuten itzultzaile batzuk eduki beharra. Behar hori hasieran Madridetik kanpo sumatu zen, beranduago Madrida bertara ere iritsiz. Beraz, zituen konpetentziez baliatuz, eta zenbait araudi eta agindutan azaldutako prozedura eta betebeharrei jarraituz, Bulegoak Zinpeko Interpretariak izendatu zituen, horrela itzulpen fedemaileak egiteko gai egin zituela eta beren arantzelak kobratu ahal izan zituztela. Beraz, ikus dezakegu Zinpeko Interpretariaren figura jendeari notariak egiten duen moduan zerbitzu bat eskaintzeko xedez sendotu zela: Zinpeko Interpretariak fede ematen du. Eta, azken instantzian, bere itzulpenak Hizkuntzak Interpretatzeko Bulegoaren gainbegiradaren pean jar daitezke edonoiz.

Hemen argitu beharko litzateke zinpeko itzulpena ez dela itzulpen juridikoaren parekoa, nahiz eta zinpeko itzulpen horietako askok abokatuen bufeteetan edo epaitegietan izan jatorria, eta horietan bukatu. Zinpeko Interpretariaren lana fede ematea da eta aurkezten zaionaren fede eman behar du, erabilitako hizkuntza dena dela ere. Eta Zinpeko Interpretariok jakinaren gainean egon behar dugu, lan hori behar den bezala betetzen ez badugu, erantzukizun penala izan dezakegula.

Ez nuke inor beldurtu nahi zenbait abokatu zorrotz Zinpeko Interpretariaren lanari eragin nahiean imajinatuz, azken finean, aurrean duenak edo entzuten duenak esanahi hau edo hura izango bait du; hala ere, ez dut uste behar adina azpimarratuko dugunik Zinpeko Interpreariaren fideltasunak guztiz zehatza eta zatigaitza izan behar duela, eta itzultzen ari den testuaren edo interpretatzen ari den hitzaldiaren menpe egon bear duela erabat.

Erantzukizuna ez da nolanahikoa, baina bestalde —eta XXI menderako ez dira hamar urte baino geratzen— burutzen duen zerbitzua oso garrantzitsua eta gizartearentzat baliagarria da. Geroz eta alor gehiagotan oso bakanak izango dira interesatuak hizkuntza ezberdinetan eta toki ezberdinetan lotu ditzan agiririk gabe aurrera eraman ahal daitezen enpresak.

Erruztatu edo lekuko gisa Justiziaren aurrera agertu beharrean egongo diren ibiltari edo migrarien kopurua ez da gutxituko, gehitu baizik. Eta guztiek, bai legezko ondorioak izango dituzten agirien itzulpenak ordaintuko dituztenek, eta bai Justiziak, zeinak behar den bezala administratua izateko Zinpeko Interpretarien zerbitzuen beharra duen, guztiek dute Zinpeko Interpretarien lanari suposatzen zaion bermea edukitzeko eskubidea.

Gaur egun, Espainol Estatuan, hizkuntzei dagokienean, gu guztiak alde batetik itxaropen handiz eta bestetik lanerako gogoz bete behar gaituen garaia bizi dugu. Zenbait hizkuntza koofizialak dira, erabilpenari dagokionean alor ezberdinetan bakoitzak bere aurrekin historikoak dituelarik; koofizialitate horrek askotan itzultzailearengan, eta are larriagoki Zinpeko Interpretariarengan uzten du zerbitzu publiko hori betetzearen erantzukizun osoa, lan horretarako oraindik sendotasun handirik gabeko alorretan prestatu dutelarik itzultzailea edo interpretaria, oinarri handirik gabe eta izugarrizko lanaren aurrean sentituz bere burua. Eta ez badu egokiro egiten, horren ondorioak jendeak, hizkuntzak eta bere zerbitzuak erabiliko dituzten erakundeek jasango dituzte, eta, nola ez, bere izen onak.

Nola lagun dakioke erakunde horri sortua izan zeneko helburuak eraginkortasunez betetzen?

Gaur egun, Zinpeko Interpretari izendatua izateko prozedura, Hizkuntzak Interpretatzeko Bulegoak urtero deitzen duen azterketan[2] parte hartzeko eskaera egitean datza. Azterketa idatzizkoa da eta bi ariketa ditu. Lehenengoak ordubeteko iraupena du eta izaera orokorreko testu bat itzuli behar da hiztegirik gabe; horren helburua, hizkuntza orokorki ulertzeko eta ulertutakoa gazteleraz emateko duen gaitasuna egiaztatzea da. Bigaren ariketan, testu juridiko edo merkantil bat itzuli behar da bi ordutan, hiztegia erabil daitekeelarik. Hemen izangaiak kontzeptu eta testu juridikoekin moldatzeko duen gaitasuna neurtu nahi da.

Zinpeko Interpretaritzan serioski jardun nahi dutenen artean orokorki zabalduta dagoen sentimentua dugu, Espainol Estatuan onarpen eta laguntza ofiziala horren azkar jaso zuen lanbide honek funtsezko hobekuntzak eta presakako egokitzapenak beharrezkoak dituenarena.

Estatuaren esparruan zehar hizkuntza ofizial bat baino gehiago egoteak, gaztelera ez den beste hizkuntzetarako eta beste hizkuntzen arteko itzulpen eta interpretaritza-lanak egiteko prestakuntza beharrezkoa egiten du. Bestalde, alor guztietan nazioarteko harremanak horren arruntak bilakatu izanak, edozein lanetan ohizko osagarri bihurtzen du Zinpeko Interpretaria. Garai batean Zinpeko Interpretariek beren ezagupenak zuzenean Bulegoko Hizkuntz-Interpretariengandik jasotzeko aukera zuten, horiek pertsonalki eskaintzen zieten beren esperientzia. Baina hori iraganaldiari dagokio eta Zinpeko Interpretariak, orain inoiz baino hobe prestatu behar duenez, horretarako baliabideak bere esku izan behar ditu—eta ez ditu—, bai eta orain behar den moduko erantzunik ematen ez zaieneko lanetarako bere burua gaitzeko lagunduko dioten erakunde bideak ere bere esku izan behar ditu. Eta bere lana eraginkorra izateko, bere konpetentziak legez egokiro araututa izan behar ditu.

Zinpeko Interpretari direnek eta etorkizunean izatera heldu nahi dutenek, alor honetako konpetentziak dituzten instantziei ulertarazi behar diete beren iharduera berma dezaten neurriak hartzearen beharra eta lan horrek hartzen dituen estamentu guztien arteko lankidetza bilatu beharra, lankidetza hori komenigarria izan dadinean, izan ere, burutuko duten zerbitzuari benetan horrenbeste zor bait zaio.


Oharrak

1. Hizkuntzak Interpretatzeko Bulegoaren egungo konpetentziak, Zinpeko Interpretarienak barne direla, 1977ko Abuztuaren 27ko 2555/1977 Erret Dekretuan daude araututa.

2. Kanpo Arazoetarako Ministeritzaren 1988ko maiatzaren 30eko Agindua.