30 urte eta gero hau. Irauntza ala hil.
Artikuluak igela argitaletxearen 30 urteko ibilbidearen nolabaiteko balantze subjektiboa egiten du. Xeheki azaltzen dira batik bat itzulpenak argitaratuko zituen literatur argitaletxe baten sorreraren arrazoiak, abiapuntuko planteamendua, helburu nagusiak eta hasieratik aurkitutako zailtasunak: norberaren inozentzia eta merkatuaren gupidarik eza, funtsean. Hamar urteko eskarmentuaren ondoren aurkitutako zailtasunen aurrean hartutako neurri nagusiak azaltzen ditu artikuluak hurrena. Gero, ezintasun guztien aurrean, non legokeen irtenbide egokia: irakurle-kopurua handitzea.
Artikuluaren zurigarri
Orain dela bost urte inguru, 2014 inguruko Editoreen Galeusca zela-eta, Euskal Editoreen Elkarteko zuzendaritzako kideek txosten bat-edo egiteko enkargua eman zidaten, bertaratzerik ez neukala-eta bilkura horretan irakurtzeko. Izan ere, turismo literarioa ere egin behar da tarteka, eta bizitzan behin gutxienez Bloomsdayn egotea interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Hala, «25 urte eta gero hau» izenburua eman nion 10 puntuko idazki batean jaso nituen igela argitaletxearen ibilbideari buruzko argibide batzuk, norbaitek gero bilkura hartan irakurtzeko.
Esan bezala, egin nuen txosten edo dena delako hori, inork nahi badu, hortxe dago eskura, igela argitaletxearen blogean. Izenburua, gazteegiak direlako nondik sortua den agian jakin nahiko dutenei edo ahaztu samartua izango duten zaharragoei gogorarazteko, Euskadiko Ezkerrak egin zuen kanpaina batetik «lapurtua» da (tra[nts]izioa deitzen zaion garaikoa), zeinean, bidenabar esanda, frankismoaren ondotik zetorkigun demokraziari buruzko ikuspegi ez oso suharra ematen baitzen: 40 urte eta gero hau.
Txosten hura editoreen bilera baterako prestatua zenez, esan daiteke alde hori azpimarratzen zuela; alegia, igelak argitaratzaile gisa (enpresa gisa, beraz) bere ibilbidean ezagutu dituen penak eta nekeak laburki kontatzea. Orain, Senezetik artikulu bat eskatu didate, eta haren haritik tiraka idatzi dut hau. Eta orduan nahiko modu lakoniko edo telegrafikoan esan nituenak osatu, eta zabalago azaltzen saiatuko naiz bost urte geroago, enkargatu didatenentzat (eta, beste irakurlerik badu, bai haientzat ere) interesgarri izango delakoan. Horrez gain, Senezerako denez, saiatuko naiz arreta gehixeago jartzen itzultzailearen eta oro har itzulpenaren gaiari. Bestalde, Senez 50erako denez, balantze-kutsua ere izango du.
Beraz, nobela beltzen idazle ospetsuenen kasuan «kanibalismo» deitzen zen praktika batez baliatuko naiz hemen: lehenago idatzitako kontakizun laburrak nobela bihurtzeaz, alegia. Eta orduan bi orritan esan nuena, beraz, hamarreko txosten bihurtuko dut, han esandakoak luzexeago azaldu, osatu eta, ahal dudan neurrian, argituz.
igela SLren sorrera eta lehen urratsak
1988aren bukaera aldera jaio zen igela argitaletxea (nahiz eta sorrera horren erregistroa 1989ko apirilaren 14koa izan), eta gure asmorik behinena zen literatur itzulpenen argitalpenean ikusten genituen hainbat hutsune betetzea. Irakurle gisa sentitzen genituen lehenik gabezia horiek, eta espresuki irakasle gisa, ikasleen irakurzaletasuna bultzatzerakoan. «Euskaldun guztiak euskerazko gauzen irakurzaleak egin gura nituke», zioen Txomin Agirrek Kresalaren hitzaurrean. Guk ere horrelako zerbait nahi genuen. Ez genekien ezer asko ezertaz, baina zer nahi genuen, gutxi gorabehera, bai.
Hutsetik argitaletxe bat sortzea ez zen hain harrigarria, baizik eta horrela, burutazio gisa, kalifikazio berezirik ez zuen lagun-kuadrilla batek sortzea. Harrigarrixeagoa zen, hori bai, ia erabatean itzulpenak argitaratuz aurrera ateratzeko asmoa izatea. Adibidez, Susa argitaletxea ere antzera sortu zen, baina lagun horiek, itzulpenen batzuk argitaratu dituzten arren beren ibilbidean —eta oraindik ere bai, poesiaren arloan—, funtsean euskaraz idatzitako lanei eman zieten lehentasuna, hasieratik. Baina bi argitaletxeon alderik nabarmenena (bien kasuan lagun-kuadrilla bat izan bazen ere sorburua) zera zen: Susakoek hasieratik izan zituztela euskararen munduan norbait ziren idazleak (K. Izagirre, X. Montoia, J. Landa) edo gerora norbait izango zirenak edo direnak (H. Cano, U. Alberdi, B. Sarasola), gutxi batzuk aipatzeko.
Baina zer genekien guk argitalpenaz, 1988an? Egia esateko, hutsaren hurrengoa esatea bera ere askotxo esatea litzateke.
Argitaletxe batekin harreman zuzena 1983 aldera izan nuen lehenbizikoz; Elkar argitaletxearekin, hain zuzen. Jon Miranderen poema hautatuen bilduma bat prestatu nuen, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker, Bordeleko Unibertsitatean, doktoretza-ikastaroen bukaerako lan gisa. Handik urtebetera-edo, Elkar argitaletxeak argitaratu zuen antologia hori, Ene jainko-eidol zaharra. Lur! (neronek proposatutako) izenburu (gaurko nire ikuspegitik) aldrebes samarrarekin. Patri Urkizu adiskideak ere antologia bat prestatu zuen Miranderen ipuinekin, Gauaz parke batean, eta hala argitaratu ziren biak 1984an.
Elkar argitaletxeak beste hiru liburu argitaratu zizkidan hurrengo sei urteetan; azkena, 1990ean; igela sortu eta gure lehenbiziko 6 liburuak kalean genituenean, beraz. Kasu guztietan, neronek proposatu nizkien liburuak. Beste hirurak itzulpenak izan ziren: Karteroak beti deitzen du bi aldiz, 1280 arima eta Santutegia.
Liburu horiek argitaratzeko prozesuan, honako hauek ikasi nituen argitaletxe bat abian jartzeko ezinbesteko izango zirenak:
- Liburuaren egileak salmenta-prezioaren % 10 kobratzen zuela, eta aurrerapen bat ematen zitzaiola, etorkizuneko balizko salmentei zegokiena, eta urtean behin likidatzen zirela eskubide horiei zegozkien diru-kopuruak. Halaxe egin zuen Elkar argitaletxeak goian aipatutako antologiarekin, ni apailatzaile baizik ez nintzen arren, egilea 1972an hila baitzen, eta ezinezkoa baitzen, antza, egilearen oinordeko(ar)ekin harremanik lortzea. Horretarako kontratu bat sinatzen zen, hori guztia eta beste gauza asko jartzen zituena. (Hori izan zen nik lehenbizi ezagutu nuen sistema, nahiz eta banekien hori ez zela beti hala izaten, eta banuen lagunen bat, editoreagandik xentimorik ere jaso ez zuena bere liburua argitaratzearen aldera).
- Liburuaren itzultzaileari «laneko horrenbeste» sistemaren arabera ordaintzen zitzaiola liburua argitaratzean, eta hor bukatzen zirela argitaletxeak itzultzailearekiko zituen betebeharrak (berdin liburua defizitarioa izan edo best-seller alimalekoa izan). Egileen kasuan ez bezala, ez zen kontratu bat sinatzen, lan horren aldera itzultzaileak zenbat jasoko zuen zioen agiri bat baizik. Hori guztia, jakina, Elkar argitaletxean garai hartan egiten zena da.
- Lan itzulien kasuan, egilearen eskubideak jabari publikoan egon ezean, itzultzaileari bere lana ordaintzeak ez zuela libratzen argitaratzailea egileari ere (jatorrizkoaren egileari, alegia) ordaindu beharretik. Eta horretarako bazirela agentzia batzuk egile horiek eta argitaletxeak harremanetan jartzen zituztenak bidezkoak ziren kontratuak sinatzeko.
- Goian aipatu ditudan liburu horietako baten kasuan 500 $ ordaindu zituela Elkarrek.
Horiek hasi-aurreko jakin-beharrak ziren, baina hori bezain inportantea zen «negozio»aren funtzionamenduaren hasi-masiez oinarrizkoena jakitea. Nire lagun baten lagun batek argitaletxe txiki bat zeukan Bartzelonan, eta harekin elkarrizketatu nintzen garaitsu hartan, premiazkoenak ikasteko asmoz. Eta hark erakutsi zidan negozioko arau nagusia, oso sinplea, letretan eskolatutako (ni bezalako) matematika-ikaslerik motelenak ere ulertzeko modukoa: liburu baten prezioa = kostua x 4. Teorema horrekin, Arkimedesek bere printzipio ospetsua aurkitu zuenean baino euforikoago etorri nintzen. Zergatik arau hori? Kontua da liburuaren katea lau katebegiz osatua dagoela: ideazioa, produkzioa, banaketa eta salmenta. Bakoitzak % 25 jasotzen du, baina inprimatutako ale guztiak saldutakoan bakarrik jasoko du argitaratzaileak % 25 hori. Beraz, inprimatutakoetatik 0 ale saltzen baditu, galera = kostu osoa izango da. Ekoizpen materialean parte hartu dutenek (diseinatzaile grafiko, maketatzaile, inprimatzaile) beren lanari dagokiona kobratuko dute, liburu bakar bat saldu aurretik. Banatzaileak ere jasoko du saldutako ale bakoitzaren % 25, eta baita liburu-saltzaileak ere bere % 25a (saltzen duen ale bakoitzaren % 25, alegia). Baina, ondo pentsatuta, benetako arriskua argitaratzaileak hartzen du: jokalarientzako ofizioa da, beraz. Edo erromantikoentzat, dotoreago esateko. (Honek, noski, gurea bezalako argitaletxe txikientzat balio du; ez gara hemen ari Random House, Gallimard eta holakoez).
Matematika pixka batekin, aise ikus daiteke liburu bakoitzaren tiradaren erdia saldu behar dela liburu bakoitzaren kostu materiala berdintzeko. Hortik aurrera, tirada agortu arte saldutako aleek ematen diote argitaratzaileari bere irabazia, betiere kontuan izanik kostu finkoei dagokiena ere (lokalak, argia, telefonoa…) balizko % 25 horretatik kendu behar dela, jakina. (Hemen egin diren kalkulu guztiak “gordinean” eginak dira, inolako laguntzarik kontuan izan gabe).
Hala ere, 1989ko apirilaren 14an, ostiral arratsalde batez, David Calvo jaun notarioak, argitaletxearen sortze-eskriturak beraren aurrean sinatu genituenean, hala esan zigun: «Hala!, ahora a ganar dinero!». Gizon serioa ematen zuen, baina bistan da ez zuela umorearen zentzurik falta. Edo agian pentsatuko zuen dirua irabaztea ez dela batere zaila, batez ere notarioa baldin bazara, jakina.
Laster ikasi genuen liburu bat txukun argitaratzea ez zela batere erraza, baina ikasi beharreko bigarren lezioa izan zen askoz ere zailagoa dela liburu hori saltzea (zer esanik ez, «helduentzako literatura» etiketapekoa eta euskarara itzulia bada).
Estrategia eta Taktika
Marxismoaz eta bereziki leninismoaz zerbait dakienak aspaldidanik daki Neguko Jauregia mendean hartzez gero estrategia eta taktika behar direla, eta tokian tokiko egoerara aplikatzeko gaitasuna. Gure helburua, goian ikus daitekeenez, Neguko Jauregia mendean hartzea baino zailagoa zenez, hasieratik behar genuen hori behintzat argi eduki (barkatu tonu epikoa, baina azkenaldian oso modan dago, Katalunian eta Espainian, eta zaila da tentazio horri ihes egitea).
Horregatik, enpresa kapitalisten munduko analisi-sistemak erabili beharrean (AMIA analisia, SWOT ingelesez eta FODA gaztelaniaz), beste armarik ez genuenez, honako estrategia eta taktika hauek erabaki genituen, intuizio hutsez:
Gure estrategiaren lege nagusia: Chi va piano, va lontano. Edo, beste modu batera esanda, euskarara itzultzeko zernahi dagoenez, eta lehiakide gutxi izango ditugunez, eta, batez ere, gure ahalmena ere ikaragarrizkoa ez denez, hobe presa handiegiz ez ibiltzea.
Estrategiaren bigarren legea, xake-jokotik hartua: Piezak hasieratik jarri behar dira ondo, gero —jokoaren erdialdean— beren laguntza izateko.
Taktika ere gure baitatik asmatu genuen, nahiz eta gerora jakingo genuen Gallimardek kopiatu egin zigula; hori bai, berrogeita hamar urte lehenago.
Taktikaren lege nagusia: Sail Beltzari eta Enigma Sailari —gure lehenbiziko bi liburuekin inauguratutako bi sailak— lehentasuna eman, diru-iturri seguruagoa zelako, printzipioz. Horrela, gainerako liburuak argitaratzen jarraitu ahal izatea espero genuen, nahiko garbi gelditu baitzitzaigun, Literatura Saileko lehenbiziko 4 liburuak argitaratu bezain laster, hori ez zela lan erraza izango.
Taktikaren bigarren legea: Mugimendua ibiliz frogatzen da. Alegia, ametsak egia bihur litezkeen jakiteko, nola edo hala ibiltzen hasi behar da, eta, lehen pausoak emanda, ea hurrengoak zenbaterainokoak izan daitezkeen ikusi.
Lehen urratsak, lehen muturrekoak
Goraxeago esan dudan bezala, aipaturiko bi sail horiek jarri genituen abian lehenbiziko urtean, eta hurrengo bi urteetan, berriz, argitaletxearen ibilbidean funtsezkoak izan direnak: Literatura Saila eta Mintaka izenekoa (gazteei zuzendua, nolabait esateko).
Hona, esate baterako, honen guztiaren adierazgarri, 1991ko urtarrilean Egunkarian nola azaldu genituen urte horretarako gure asmoak J.L. Zabalak egin zigun elkarrizketa batean oinarritutako artikuluan, lehenbiziko 6 liburuak bakarrik kaleratuak genituela:
Ohar labur batzuk zerrenda horri buruz:
* Izenburuetan, aldaketa nabarmenak izan ziren, eta oso luze joko luke aldaketa horien zioak agertzeak. Beraz, beste baterako utziko dugu. Bide horretatik, Kalteordain bikoitza > Galbidea izenburuarekin argitaratu zen; Ginbeletaren estutua > Koxka bat estuago izenburuarekin; Jack Londonen Ipuinak > Midasen kuttunak bihurtu zen, eta Gauaren hondarrerainoko bidaia > Gauaren muturrerainoko bidaia.
* Liburu horiek 1991n argitaratzeko asmoa omen genuen (hala dio J.L. Zabalak bere artikuluan). Praktikan, 1991n, 1992an eta 1993an argitaratu ziren. Gogoan dut gure hasierako ametsa urtean 10 liburu kaleratzea zela. 30 urteren buruan 150 titulu inguru ditugunez katalogoan (gureak eta koedizioan argitaratuak), justu horren erdia ematen digu: 5 liburu urtean.
* Gure beste amets bat zen progresio horrekin jarraitzea: 1989an, 2 liburu; 1990ean, 4 liburu; 1991n, 6 liburu. Eta hori bete genuen; hortik aurrera, ordea, ez genituen argitaratuko progresio horri jarraituta egokituko ziratekeen 8 liburuak 2008ra arte, eta geroztik ez dugu berriro kopuru hori argitaratu, koedizioan argitaratutakoak (Literatura Unibertsala, Klis-klasikoak) alde batera utziz gero.
* Enpresak sortzean zuen kapitala (500.000 pta.) lehenbiziko bi liburuekin joan zitzaigun. Hurrengo 4ak inprimatu eta pagatu ahal izateko, kreditu bat eskatu behar izan genuen; hala ere, jaso genituen dirulaguntzak eskuratutakoan «kendu» ahal izan genuen kreditu hori, eta ez da gutxi. Geroztik ere horrelatsu ibili gara, laguntzen eta bankuen mende. Horrek baldintzatu du gure ibilbidea, baina, alboetara begiratuta, uste dut lagundu digula gure estrategiako lehen legearen arabera moldatzen; piano ibiltzen, alegia. Gure esperantza zen behar bezalako liburu funtsezkoen funts egokia lortutakoan (50en bat liburu) horrenbesteko estutasunik gabe ibili ahal izango ginela. Beste amets zapuztu bat: 15 urte inguru behar izan genituen funts hori lortzeko, baina egoera ez zen, funtsean, askorik aldatu. Beste 10 urte behar izan genituen dinamika horri bukaera emateko: bankuei diru eske ibili gabe argitalpen-lanarekin jarraitu ahal izateko, alegia.
* Beste uste oker pare bat ere izan genuen gidari hasiera horretan: bata zen pentsatzea Sail Beltzeko maisuak argitaratuz gero lortuko genuela euskaraz sortuak eta sail horretakotzat hartuak ziren liburuek (euskal nobela «beltz»en idazleenak, alegia) zuten arrakasta nabarmena.
Eta bigarrena zen pentsatzea Elkar argitaletxeak Karteroak beti deitzen du bi aldiz edo 1280 arima liburu arrakastatsuak bihurtzea lortu bazuen guk ere beste horrenbeste egin ezinik ez genuela. Hein batean, lortu genuen hori, baina ez inola ere lehiakide horrek egiten zuen neurrian; izan ere, baziren kasu horretan guk kontuan hartzen ez genituen beste faktore batzuk.
Egoera zehatzaren analisi zehatza: errealitatearen gordina
Goraxeago aipatutako estrategia eta taktika hori, jakina, ahalik eta gehien zehaztu beharra dago, helburuak lortuko badira. Jakinik heltzen genion bidea zailenetakoa zela (diglosia-egoeraren ondorioz euskaraz irakurtzeko zaletasun eskasari gehitu behar baitzitzaion gaztelaniaz eta frantsesez argitaratutako liburuak eskaintzen genituela kasu gehienetan), esan bezala, gure 4 bilduma nagusiak jarri genituen martxan: Sail Beltza, Enigma Saila, Literatura (Europako eta Amerikako gaurko literatura), Mintaka (gazte-literatura). Horrela lortu nahi genuen nolabaiteko oreka gure balantza eta balantzeetan; irakurleen artean harrera zabalagoa izan zezaketen hiru bilduma abiarazita, alegia (nobela beltza, detektibe-istorioak eta gazte-literatura), Literatura orokorraren arloan bide zailxeagoa izango zuten beste batzuei lagundu ziezaieten.
Esandako zailtasun horren susmoa berehala zehaztu zen, eta laster konturatu ginen igelak ez zigula inoiz emango bizibiderik eta gure ametsak gauzatzen saiatzea ez zitzaigula debalde aterako. Baina… We had a dream! Eta nola edo hala eutsi behar genion. Gainera, hartutako muturrekoak ere ez ziren hainbestekoak. Irabazi Gutxi Eta Lan Asko autoironiko haren garaiak ziren. «Gutxi» hori, esana dut beste nonbait, gehitxo esatea zen.
Hiruzpalau urte aski izan genuen konturatzeko iraun nahi bagenuen aipaturiko estrategia eta taktika zehaztu beharrak geneuzkala. Eta honako neurri hauetara jo genuen, ia intuizioz:
- iradak doitu: 2.000 aleko tiradak 1.500 bihurtu ziren bigarren urtetik zortzigarrenera arte; hortik, 1.000ra jaitsi genuen (Eusko Jaurlaritzak literatur liburuen laguntzetarako urte askoan ezarri zuen minimoa), eta hortxe iraun dute azken urte hauetara arte.
- Kostuak jaitsi: bai itzulpenaren arloan eta bai produkzioaren arloan (esate baterako, 1996tik 2008 ingurura bitarte guk inprimarazitako liburuen paperari erreparatzen dionak —batez ere urteak pasatuta begiratuz gero— berehalaxe hautemango du erabilitako papera ez dela lehen mailakoa).
- Laguntzak gehitu: gure ibilbidean zehar, Eusko Jaurlaritzarenak, Nafarroako Gobernuarenak (bateragarriak izan ziren garai batean) eta Europar Batasunarenak (zuzenean itzultzaileen lansariak ordaintzeko emanak) jaso ditugu, funtsean.
Eusko Jaurlaritzarenak izan dira funtsezkoak, hori garbi dago, nahiz eta besteak ere, iraun zuten bitartean (Nafarroako Gobernuarenak 1990-2000 epean eta Europakoak 1998-2014 epean), ez diren batere gaizki etorri, batez ere Europakoak, itzultzailearen ikuspegitik batik bat, harentzako lansari —ongi ordaindu— gisa ematen baitzitzaizkion argitaletxeari. Argitaletxea bitartekari baizik ez zen kasu horretan, baina itzulpen-kostua —praktikan, kosturik handiena liburu askotan— 0 bihurtzen zen laguntza horri esker, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Ekonomia eta Politika
Marxismoaren irakaspen funtsezkoetako bat da ekonomiak «determinatzen» duela politika. Horregatik ageri dira artikuluxka honetan hainbeste zenbaki. Ez dakit materialismo historikoaren oinarri horrek ba ote duen inolako estimaziorik gaur egun, baina garbi dago gure itzulpen-politika behintzat —ezinbestean— ekonomiak determinatu duela:
Hasieran, urtean 10 bat liburu kaleratzeko asmoz-edo hasi ginen, eta laster konturatu ginen erdiarekin konformatu beharko genuela.
Sail Beltzean 100 bat liburuko bilduma bat dotore geldituko zela pentsatu genuen. H.R.F. Keatingen Crime & Mystery The 100 Best Books hor izan dut aldamenean, Comaren La novela negra mitikoarekin batera, nolabaiteko gidari. Laurdenera iritsita eten genuen bilduma; sine die, oraingoz.
Hasierako 2.000ko eta 1.500eko tirada haietatik gaur eguneko 500ekoetaraino jaitsi gara.
Gure kasua adierazgarria bada, are adierazgarriagoa da EIZIEren Literatura Unibertsalaren kasua. Izan ere, gure ametsa zena (10 urtean 100 liburu argitaratzea) Literatura Unibertsalak bete zuen, 1990. urtean hasita 2002an argitaratu baitzuen 100. zenbakia. Beraz, pasaeran besterik ez bada, esan ditzadan bi hitz bilduma horretaz.
Zerk ahalbidetu zuen argitalpen-erritmo hori? Eusko Jaurlaritzak eta EIZIEk sinatutako hitzarmenari esker hasieratik ezarri izanak lanbidean jarduteko baldintza duinak lortzeko tarifak, argitalpen-lana esleitu zitzaionak aski baitzuen, praktikan, kostu materiala amortizatu ahal izatea: argitaletxeari testua inprentara zuzenean sartzeko moduan ematen zitzaion, itzulita eta zuzenduta, eta egile-eskubideduna baldin bazen, hori ere ordaindu beharrik ez zuen. Hala ere, 100 horiek argitaratu zirenean, Ibaizabal argitaletxeak ez zuen jarraitu argitaratzaile izaten.
Literatura Unibertsalaren bigarren aroa esaten zaionaren esleipena Elkarri eta Alberdaniari egin zitzaien, erdi bana edo ex aequo, eta horrek ekarri zuen, nire ustez, hurrengo urteetan gertatu zen gorakada xumea, lehenbiziko urteetan behintzat; besteak beste, bi lehiakide horiek elkarlanean aritu behar baitzuten, eta bi etxe horien banatzaileak (elkarren lehiakide horiek ere) elkarren osagarri izan baitziren banaketa-lanean.
Oroitzen naiz igela ere agertu zela lehia horretara. Ez ziguten argitalpen-lana guri esleitu, eta orain esan beharra daukat pozik nagoela horretaz, Jaurlaritzak jartzen zituen baliabideak murriztuz joan zirelako pixkanaka, eta konpromiso hori bete beharrak sekulako lan-zama ezarriko zigulako, eta gure ibilbidean traba egin izango zigulako.
Literatura Unibertsalaren bigarren aroan (Elkar-Alberdania argitaratzaile izan zirena) 50 titulu argitaratu ziren 10 urteko epean: erritmoa, bistan denez, erdiraino jaitsi zen.
Eta, hirugarren aroan, 2012an Erein-Alberdania-Igela argitaratzaile zirela, erritmoa oraindik ere pixka bat jaitsi da, eta 25 liburu kaleratu dira 7 urtean. Tarte horretan, 2013an Alberdania argitaletxea stand by egoeran jarri zelarik, utzi egin zion beste argitaratzaileokin batera zeukan esleipenean parte hartzeari, eta geroztik beste bi argitaletxeok jarraitu dugu bildumarekin. Bestalde, Alberdaniak, aipatutako egoera horretatik berpiztu denean, ez du agertu argitaletxeen bikoteari arrimatzeko asmorik: ez gustatzen, nonbait, hirukoak, nahiz eta jakina den hiru hankako aulkiak direla seguruenak. (Aukera beza irakurleak nahi duen emotikonoa).
Bistan da bilduma horretako liburuen argitalpena —era guztietako laguntzak izan arren— ez dela oso errentagarria, eta horrek eragin du, batetik, tiradak minimoetara doitzea eta, bestetik, erritmoa ere —Jaurlaritzak berak ezarritako murrizketen ondorioz, hein batean— apaltzea. Hori guztia argitaratutako tituluen kopuruari dagokionez; itzulitako orrien kopuruen konparaketak, inolako datu zehatzik gabe diot hau, argiago erakutsiko du, seguru asko, aroz aro gertatu den beheranzko joera hori.
Hemen ez naiz kritikatzen ari ez itzulpen-politika, ez Jaurlaritzaren laguntzak ez EIZIErekiko hitzarmena, ez itzulgaien zerrenda, ez ezer, baizik eta datu orokor batzuk ematen, adierazgarriak izan daitezkeelakoan.
Abiapuntuko egoera eta gaurkoa
Lan interesgarria litzateke 30 urte hauetako euskal itzulpenaren historia egitea, datuz ondo hornitua, eta ez (hau bezala) uste eta badaezpadako baieztapen edo inpresioez betea. Baina ez da hori artikuluxka honen helburua, eta ni baino jende zorrotzagoari utziko diot eginkizun hori. Hala ere, jarraian emango ditut 30 urtean itzulpen-argitalpenak izan duen bilakaerari buruzko ideia batzuk.
30 urte hauetan, euskal literaturak eta oro har euskal liburuen irakurleen kopuruak gora egin du; ez dago dudarik. Gaur egun, edozein urtetan argitaratzen dira euskaraz aurreko bost mendeetan batera argitaratu ziren baino literatur liburu gehiago. Hala ere, diglosiak gurean dauzkan hainbat agerpenetatik ez da libratu literatur liburuen irakurketa. Euskaraz sortutakoak —ezinbestean— euskaraz irakurtzen dira, baina euskarari beste hizkuntzetatik ekarriak neurri handi batean gaztelaniaz nahiz frantsesez irakurtzen dira (eta ez bakarrik bi hizkuntza horietan sortuak —nahiko logikoa izan litekeena, bestalde—, baizik eta beste edozein hizkuntzatan sortuak). Kasu gehienetan, aspalditxotik daudelako (edo gurera baino lehenago iristen direlako) hizkuntza horietan.
30 urte hauetan, asko zabaldu da eskaintza, baina irakurle kopurua, praktikan, ez da eskaintza horren neurrian hazi. Kontuan har dezagun euskararen irakaskuntza bera 1980ko urteetan hasi zela sistema publikoan (institutuetako katedradun eta atxiki izateko oposizioak urte horietan egin genituen). Alfabetatze-kanpainak ere, nahiz eta urte mordoxka bat lehenago abiatuak izan, urte horietan zabaldu ziren nabarmen. Teorian, beraz, irakurle-kopuruak asko hazi beharko zukeen 40 urte horietan —eta hazi da—, baina ez literatura «normaltasunez» argitaratzeko beharko litzatekeen neurrian.
30 urte hauetan ikasi dugun beste lezio bat da gure aldameneko bi hizkuntza handietan tirada oso handiak dituzten liburuak ez direla besterik gabe oso irakurriak bihurtzen euskaraz. Kasu bakan batzuetan gertatzen da fenomeno hori (eta, hala ere, bi hizkuntza horietako kopuruak eta gureak ez dira konparagarriak), eta, kasu gehienetan, ez. Bi adibide argigarrienak J.K. Rowlingen Harry Potterren lehenbiziko liburuarekin eta J.R.R. Tolkienen Eraztunen Jaunaren euskarazko argitalpenarekin sortutako burrundara nabarmena izan zen, baina, kontrastez, J.K. Rowlingen beraren Eserleku hutsa porrot nabarmenagoa. Igela argitaletxeak urte «askoko» eskarmentuan frogatua dauka Agatha Christieren liburu batzuek arrakasta garbia duten arren beste batzuek urte mordoxka behar izaten dutela 1.000 aleko tiradak agortzeko eta, esate baterako, Amélie Nothomben liburuek (250.000ko hasierako tiradak izan ohi dituzte Frantzian) nekez lortzen dutela euskaraz 500 ale saltzea. Hori gertatzen bada halako idazleekin, pentsa dezagun zer gertatuko den beste batzuekin, hala nola Ford Madox Ford edo Georges Perecekin.
Beraz, nahiko garbi dago berez liburu ez hain salgarrien euskarri behar luketen liburuek berek ere nahiko lan dutela eragiten dituzten gastuen amortizazioa lortzen. Salbatzen diren bakarrak (guri dagokigunez behintzat) irakaskuntzan nolabaiteko irakurgai gomendatu edo behartu gisa zirrikituren bat aurkitzen duten liburuak dira (gure kasuan, Stevensonen edo Truman Capoteren libururen bat, Agatha Christieren bat edo beste). Aise atera daitekeen ondorioa da, beraz, (soilik edo funtsean) literatur liburuen argitalpenean dihardugun argitaletxeok zailtasun izugarriak ditugula argitalpen-lanean «normaltasunez» aritzeko.
Horregatik, testugintzan edo beste nolabaiteko dirubideetan oinarri sendoa duten argitaletxeek bakarrik lor dezakete ildo horretako liburuek sortzen dituzten emaitza negatiboak orekatzea. Beste kapitulu bat mereziko luke euskaraz soilik eta literatur liburuak soilik (praktikan, Susa, igela eta besteren bat) eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen duten argitaletxeen (Pamiela, Txalaparta, Elkar…) arteko aldeak aztertzeak. Beraz, balantzeak nolabait orekatu behar direnez, argitaletxe bakoitzak bere bideak bilatzen ditu: batak gaztelaniazko argitalpenetan, besteak testuliburugintzan, besteak «klub» moduko funtzionamenduan, eta abar.
Laguntzen justifikazioa
Hemen ez gara luzatuko arrazoi funtsezkoenak argitzen:
- hizkuntza batentzat eta herri batentzat literaturak duen balioa ahalik eta gehien indartu beharra;
- euskararen egoeran, hizkuntzaren beraren eta euskara batuaren aurrerabidean literaturak eta liburugintzak oro har duten papera;
- gurea bezalako herri baten kasuan, beste kulturetatik ekar (itzul) dezakegunaren garrantzia;
- hezkuntza-sisteman irakurri-ulertu-idazteko trinomioak izan beharko lukeen funtsezko gidaritza.
Horiei heldu beharrean, arrazoi «material»agoei helduko diegu:
Jakina denez, Europar Batasuneko herrialdeetan gobernu batek enpresei laguntzak ematen dizkienean, nolabaiteko justifikazioa behar du (eta, horrekin batera, lege eta arau zorrotzak, diru publikoa ondo erabiltzen dela zuritzeko), herritarrei erakutsi beharra baitago beren zergetan ordaintzen duten dirua zuzen erabilia izan dela. Beraz, euskaraz argitaraturiko literatur liburuen laguntzetara bildu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak urteko argitalpen-plan bat eta txosten bat eskatzen digu argitaratzaileoi.
Argitalpenaren mundua ezagutzen duen edozeini ez dago argibide handirik eman beharrik laguntza horien premia justifikatzeko. Baina, arrazoi formalengatik besterik ez bada ere, hurrengo ataleko adibidea prestatu nuen, eta aski argigarria dela iruditzen zait. Laguntzen arrazoibide izateko prestatu nuen adibide hori, benetako liburu batean oinarrituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailekoek guri laguntzak ematean kontzientzia lasai izan zezaten.
Euskaraz argitaratutako liburuek, jatorriz euskaraz idatzitakoek nahiz itzuliek, badute nahiko lana inguratzen gaituen merkatuan —gaztelaniazkoan eta frantsesezkoan— lehiatzeko. Horrez gain, aise ikus daiteke liburu itzuli baten kostuak, normalean, euskaraz sortutako batenak baino handiagoak direla. Jabari publikokoak alde batera utzita (non paretsukoak izan litezkeen kostuak, euskaraz idatzitako liburu baten eta liburu itzuli baten kasuan), bistan da egile-eskubideei itzulpen-kostuak gehitu behar zaizkiela, beheraxeagoko adibidean ikusiko denez.
Horrekin batera, gauza nabarmena da euskal idazle puntakoak (eta sar dezagun multzo horretan, esate baterako, gehien saltzen dutenen dozena pare bat) erdal idazle puntakoak —haien lanak euskaraturik argitaratzean— baino askoz arrakastatsuagoak direla. Har ditzagun, esate baterako, euskaraz libururen bat duten Nobel saridun guztien liburuak (eta badira mordoxka bat: García Márquez, Saramago, Ishiguro, Kertész, Modiano…), eta ez dut uste asko okertuko naizenik esaten badut ez dutela saltzen Saizarbitoriak, Sarrionandiak, Atxagak, Lertxundik, Izagirrek edo Canok liburu bakar batetik saltzen duten ale kopurua.
Beraz, euskarara itzulitako liburu gehienek jatorrizkoek baino kostu handiagoa dute (tirada eta orrialde kopuru berdinean), eta salmenta txikiagoak, oro har.
Historia benetako batean oinarritua
Esate baterako, 380.000 karaktere inguruko liburu bat hartzen badugu (211 orrialde estandar = [1800 karaktere], 300 orrialde inguru, liburu argitaratuan), eta 1.000 aleren argitalpenaren kostu material zuzenak (maketazioa, inprimaketa, azalaren diseinua) 3.800 € badira, egile-eskubideenak 1.000 € (1.000 x 12 x % 8) eta itzulpenarenak 3.000 €*, eta Eusko Jaurlaritzaren argitalpen-laguntzak 2.500 €**, liburu horren salmenta prezioak (kostua aleko = 5,3 € denez) 21,2 € beharko luke, aurrekontua berdindu eta edozein lanbidetan bidezkoa den irabazia lortzez gero (gorago adierazitako lehen arauari jarraikiz).
211 orrialdeko liburu baten kostuak
1.000 aleko tirada
Egile-eskubideak | 1.000 € |
Itzulpena | 3.000 € |
Inprimaketa | 3.800 € |
Guztira | 7.800 € |
EJren argitalpen-laguntza | 2.500 € |
* Adibide honetan, itzulpenaren kostua 14 € / orrialde estandarra egin dut —eta argitaletxeok, gaur egun, nik dakidala, gehienez ere, hori ordaindu izan dugu, eta, askotan, hori baino gutxiago—, EIZIEren Literatura Unibertsaleko tarifetan 20 €-tik gora pagatzen den arren.
** Argitalpenerako laguntzak ez dira finkoak. Bai, nolabait, gastuen araberakoak, gure kalkulu-irismenaren aldetik beti korapilatsuegia izan den formula batzuen bitartez kalkulatuak. Guztien artean banatzeko kopuru finko bat dago, eta eskaeretatik onartutako argitalpen-plan bakoitzari hainbeste esleitzen zaio. Diru-kopuru oso horretatik liburu bakoitzari zenbat dagokion jakitea garai batean baino zailagoa denez, gutxi gorabehera emana dago, baina ez da oso urruti ibiliko datu errealetik. Hasierako sisteman, errazagoa zen: salmenta-prezioa x % 50 x 300 (geroago 250, oroimenak huts egiten ez badit).
*** Adibide hau benetako historia batean oinarritua denez, esan beharra dago negozioko urrezko legearen arabera 21,2 €-ko salmenta-prezioa beharko lukeen liburu hori 12 €-an daukagula salgai. Beraz, 6.000 € eskuratuko ditugu mila ale saldutakoan, 700 €-ko irabazia. Kontua da, gure kasuan, hori lortzeko, kasurik hoberenean bizpahiru urte beharko ditugula, seguruago sei edo zortzi, edo are seguruago hamar edo hogei, inoiz hori lortzen badugu. Baina esperantzarik ez da galdu behar…
Non dago koxka?
Non dago, beraz, funtsezko arazo horren konponbidea? Ez dago oso argia izan beharrik soluzioa irakurleen kopurua handitzea dela, gaur saltzen duguna halako bi edo hiru saltzea. Irakurle kopurua behar bezain handia balitz, ez litzateke Jaurlaritzaren laguntzarik beharko. Bistan da hori (oraingoz) amets bat besterik ez dela, eta horregatik dira behar-beharrezkoak laguntzak. Goian aipatutako liburuaren kasuan, 2.000 edo 3.000 ale eta 16 €-ko salmenta-prezioa beharko litzateke (parametro normaletan) liburu horren argitalpena errentagarria izateko: kostuak ordaindu, argitaletxeko langileen soldatak eta gainerako kostu finkoak ordaindu, eta enpresaburuak arrazoizko irabaziak lortu ahal izateko, alegia.
Horrelako liburuak argitaletxe batek irakurleen esku jarritako hirutik bat balira, argitalpen-lana ez litzateke hain neketsua izango. Baina hori, zoritxarrez, gure kasuan behintzat, utopia hutsa izan da. Eta argi eta garbi esan beharra daukagu ez dugula inola ere lortu irakurleen kopurua maila horietaraino igotzea. Kontua da inork ez dakiela nola lor daitekeen hori gure garaiotan.
Beraz, hori lortu bitartean, garai batean militantzia eta gaur egun boluntariotza deitzen zaion horrek izan beharko du ezinbesteko bidea, literatur itzulpenerako laguntzak eta argitalpenerakoak handiagotzen ez badira (eta ez dirudi horretarako asmorik dagoenik). Hain zuzen ere, kopuru osotan orain askoz gehiago irakurtzen bada ere orain dela 30 urte baino, garbi ikusi dugu ez dagoela —modu ponpoxoan esateko— euskal irakurleen behar adinako «masa kritiko»rik literatur liburugintza «normal»erako.
Horrelako panoraman, igela argitaletxearen iraupena aski misteriotsua da, baina ez hainbeste, baldin eta hiru faktore hauei erreparatzen badiegu:
- hainbat kideren borondatezko edo musu-trukeko lana (bereziki itzulpenean);
- kostu finkorik (langileak, egoitza, finantza-gastuak) ez izatea ia;
- literatur liburugintzako dirulaguntzak (Eusko Jaurlaritzarenak bereziki eta garai batean Nafarroako Gobernuarenak) eta itzulpenerako laguntzak (Europako Ariane Programa, eta gaur egungo Europe Creative izenekoraino kateatu izan diren Europe Culture Programak: Europe 2000-2007 eta 2007-2013);
- estrategiaren eta taktikaren legeei atxikitzea edo allegro non troppo.
Alde batetik eta bestetik jasotako laguntzak funtsezkoak izan dira argitaletxearen jarduerari eutsi ahal izateko. Izan ere, hasieratik garbi gelditu zitzaigun ez genuela sekula hortik inolako soldatarik aterako, eta laguntza horiek gabe eta hainbat lagunen bultzadarik gabe ez genuela asko iraungo.
Loreontzi izatea
Gure «argitalpen-posibilitateetatik gora bizi izan» ote gara, beraz, hogeita hamar urte honetan? Bai, noski, baina gure deskarguan esan beharra daukagu ez dela inoren poltsikoaren kaltetan izan, ez bada geurearenean. Bistan da kontu soilek ematen dutenaren gainetik argitaratu dugula, eta bide bertsutik segi beharko dugula gogoak ematen digun bitartean. Izan ere, lehenago ere esana dut igela argitaletxea loreontzi polita dela literatur argitalpenaren munduan, eta, irauten dugun bitartean ez dugula gure funtzio dekoratiboa uzteko asmorik. Are gutxiago orain, noiz eta argitaratze-lanak hain zama eramanezina izateari utzi dionean.
Badakigu askok ez digutela sinetsiko hain «etekin eskasa» atera diogula gure ibilbideari (edo, «hala bada, txoratuta zaudete» esango digutela), baina egia, zoritxarrez, hemen oro har adierazitakoa baino askoz gordinagoa da. Eta ez dugu suizidio-uhinik sortu nahi.
Loreontzi izatea, bestalde, ez zaigu iruditzen hain arbuiagarria. Okerragoa litzateke pixontzi edo listuontzi izatea; izan ere, gure egoa elikatzen laguntzen digu pixka bat, eta pentsarazten bagarela «norbait» edo «zerbait». Ez digu loa kentzen hango edo hemengo behiaren errapetik ahal izan dugun gehiena tira izanak, geure mesedetan ez ezik besterenean ere izan delakoan.
Gainera, loreontzi izateak, funtzio dekoratiboaz gain, aukera ematen digu urtero han eta hemen botatzen dizkiguten loreentzat ontzi egoki bat izateko. Hona, adibide gisa, azkena bota digutena:
«Jaun/andre agurgarria: amaitu berri dut Elena Ferranteren Adiskide paregabea sagaren laugarrena eta, aurrekoekin bezalaxe, txundituta gelditu naiz. Batez ere itzulpen bikainagaitik zoriondu nahi zaituztet. Harro egoteko lana da! Segi horrela! Goraintziak Berlinetik, (sinadura) 2019/02/12».
Neska horrek tetralogia osatzen duten 2.500 orrialdeak irakurtzeko kemena izan du! Holako bultzadekin, nola ez gara gu ere «gora» etorriko!
Tripako min pixka bat ematen digu, hala ere, garbi ikusteak hainbat liburu (gure ustez) interesgarri ez direla salduko inola ere, ez gure heriotzako ordura bitartean, ez handik aurrera, baina batez ere horrek adierazten duena da gure tripako minaren eragilea: ez garela inola ere gauza izan abiapuntuko helburu hartara iristeko edo (Txomin Agirreren eta gure) amets hura betetzeko, ezta hurrik eman ere: «Euskaldun guztiak euskerazko gauzen irakurzaleak egin gura nituke». Eta denbora joan zaigula. Ez litzateke zuzena, ordea, artikulu mainontzi samar honi horrelako bukaera negartia ematea.
Irauntza ala hil
Artikulu honi bukaera ematen ari nintzela, poema-errezitaldi batean izan nintzen, Iruñeko Karrikiri euskal dendan. Joseba Sarrionandiaren poema batzuk errezitatu zituen (galegoz) Isaac Xubin idazle, poeta eta poemon itzultzaileak, eta Ruper Ordorikak haien «bertsio originala» kantuz eman zuen tarteka. Ikusten denez, itzulpenaren bideak jainkoarenak baino arakaezinagoak dira…
Kontua da etxerako bidean, ostiral gauean beharrezkoak diren bizpahiru ardoak edan eta gero, ikusirik kultur arloko zenbait saiok zein estimazio eskasa duten, ideia bakarra nekarrela buruan, maiz bueltaka ibili ohi zaidana: erresistentzia, iraupena, egoskortasuna, euspena, edo dena delakoa, hori dela alternatiba bakarra. Badakit irauteak berak jarrera hori baino gehiago eskatzen duela, buru-argitasuna eta maltzurkeria pixka bat, besteak beste, baina bada zerbait. Kontua da, etxera iritsita, Sarrionandiaren azken liburua, Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Habanako gaukaria, aliritzira zabaldu, eta hau aurkitu nuela, ez ezertarako alternatiba gisa, ez inongo programa politiko edo poetikotan, baizik eta burutazio edo ateraldi soil gisa:
IRAUNTZA
Iraultza ala hil ordez, irauntza ala hil.
Apirilaren 16ko sarrera da; orain dela urtebetekoa, alegia. Guri ere balio digula uste dut.
Iruñean, 2019ko apirilaren 14an, sortu ginela 30 urte betetzen diren egunean.