Ramon Etxezarreta, norberarena besterentzen eta besteena geureganatzen
Karlos del Olmo

Elkarrizketa honetan, Ramon Etxezarreta itzultzaile, idazle eta politikari ezagunak hainbat gairen inguruan dihardu, baina tema nagusitik asko aldendu gabe, hitza, hizkuntzak eta itzulpena beti izaten direlako erdigunea. Lanbidean hainbat urte emateaz gain, izan dituen ardura politikoei esker oso ikuspegi interesgarria ematen du ofizioaren beste alderdi batzuen gainean. Itzultzea, idaztea, hitza komunikatzeko erabiltzea, kulturen arteko zubigintza. Besteak beste, hizkuntzaren normalizazioaz ondokoa dio: “Itzulitako lanak sormen huts bezala, gure kulturarentzako ekarpen sortzaile bezala, ikustera heltzen garenean esan ahal izango dugu heldu dela hainbeste amestutako normalizazioa”.

«Hitzez jakin eta hitzez adierazi», dio Etxezarretak baliabide elektronikoz espazio birtualean softwarez eginiko elkarrizketa honetan, edukia bera eta modua aurrez aurre, hardwarez, kafe baten inguruan berbatu bagenuen ere. Hitzei dien itzalagatik eskatu zuen idazlari-itzultzaile honek jardunbide hori erabiltzeko, eskarmentuz baitaki elkarrizketak transkribatzean hitza galdu edo bestelakotzeko perila izaten dela, maiz. Ramonek berak idatzia du Erlea aldizkarian umetan hitza zutela sustrai nagusietako bat. Entzuna eta esana irudimenaren elikagai. Hitza sendotzen eman zuen Ramonek haurtzaroa Urrestillan. Doktrina txikia hitzez ikasten zuten eskolan, Tourreko kontuak bezalaxe, ahoz. Zeruaren eta infernuaren arteko ezberdintasun manikeoa omen zen haurren mintzagai faboritoa.

Erdararekin zuzenean topo egin, eta, maisu petral eta egur-emaile baten eskutik, zazpi eta hamalau urteko mutikoek ederto «kobratzen» ikasi zuten, gaztelania eta eskolako zenbait eduki zirela kausa. Bizilegea, eman eta hartu. Gaztelaniaren gaineko kontzientzia ez zen gaur egungoaren bezalakoa; bai, berriz, euskara Azpeitiko tren geltokitik aurrera balio ez zuen hizkuntza bat zelako konbentzimendua.

Akolito zebilen batean, apaiz bati entzun zion etxekoandre bati esaten Jesukristok ez zuela euskaraz hitz egiten: notiziak berak baino zirrara handiagoa eragin zioten Ramoni andrearen aurpegiak eta ezinegonak. Egiaren ohoretan esan bide zien apaizak, andreak espresuki galdetu ondoren. Ez zuen esan gaztelania zenik Jainkoaren semearen hizkuntza, baina euskarak baino aukera gehiago izan zitzakeela konprenitu zuten. Solaskide bat galtzen hasi ziren egun hartan.

Etorkin erdaldunak herrira heltzen hasi zirenean, jende menosagoa aurkitu zuten Ramonek eta haren lagunek.

Xabierren, hamar urterekin, apaizen aristokrazia sozial eta intelektualekoa izaten prestatzen hasi zen Ramon. Eta, haren hitzetan, «gaztelerak harrapatu eta bildu ninduen, han, handik urteetara, euskararen saindu zaindaria zela jakingo nuen Xabierreko Frantziskoren jaioterrian, jaiotetxean, gazteluan». Han, garai hartan, euskara zenik ere ez zieten kontatzen.

Amaren eta bien arteko gutunak, gaztelaniaz. Aitak, lerro batzuk idatzi zizkion behin, euskaraz. Ramonek erantzun zion prefektuak irakurri behar zituela eta gaztelaniaz idatzi behar zizkiola. Internaduko sei urteotan, ez zuen berriro aitarenik jaso.

Ikastetxe hartan, erdaraz aritzen zen Ramon, gustura, saltsa guztien erdian egoteko. Erdara, latina, frantsesa… dezente ikasi, baina bizitza gutxi. Han ezagututako batzuekin euskarazko harremanik izan ez, nahiz eta, geroago, beste inguru batzuetan topatuta, euskal literaturan hogeitaka obrak utzitakoak izan. «Ez dago hil arte mutiko izaten jarraitzerik, ez heriotzara arte irauten duen ametsik».

Hamasei urterekin egin zuen topo munduarekin, Donostian: neskak, ETA, Burgosko epaiketa, grebak, euskal auzia… Eta, Koldo Izagirre ezagutzeari esker, euskarari balioa ematen zion jendearekin egoten hasi zen; «basatien hitz»ari aparteko balioa ematen zioten, nahiz eta Ramonek zergatik ez ulertu eta axola ere ez izan.

Euskara ikasi nahi zuen jendea, eskolara joanda bazen ere. Etxezarretak ez zuen hori guztia oso ondo harrapatzen, eta beste hainbeste gertatzen zitzaion Koldo Izagirrek pasatzen zizkion idatziekin. Eta «gustu baino fede gehiago hartu» ziolako, Urrestillako festetako programa euskaratu zuen. Leteren poesia, Aresti, euskara batua, euskara idatzia, idazten hastea… Zegoeneko, Ramonek bi grina horiek (euskara eta euskal literatura) ondo sustraituak zituelarik, bego bio sarrera hau eta hel diezaiogun elkarrizketari.

Karlos del Olmo: Nondik datorkizu hizkuntza zaletasuna?

Ramon Etxezarreta: Gure haurtzaroak ez zuen hitza besterik. Irudiak, soinuak eta kultura hitz bidez iristen zitzaizkigun. Begien aurreko huraxe eta hitza besterik ez genuen. Ahozkotasunak esplikatzen zigun mundua eta ezezaguna, hitzak. Hitz zaleak izan beste erremediorik ez genuen. Hitzez jakin eta hitzez adierazi.

Karlos: Nola eta zergatik heldu zinen itzulpengintzara?

Ramon: Euskara zen nire ametsa eta bizipoza, dena euskaraz egotea nahi nuen. Gaztelaniaz irakurritako gauza eder asko euskaraz eta ederrago zitezkeen ustea edo, ez dakit… Neuk gozatutakoa bestek ere goza zezakeen ustea edo, euskarak gozarazten zigula. Boladatan bazirudien euskararentzako irakurtzen nuela. Euskaraz eder, eutsi ezineko eder izan zitekeenaren bila.

Karlos: Lehenengo itzulpen «kontzientea» gogoan?

Ramon: Neure kolkorako egindakoez gain, alfabetatze ikastaroetarako paragraforen bat edo izango zen. Asko gustatzen zitzaidan testuak aukera-aukerakoak izatea, eta haiek irakurtzen zituztenei niri adina atsegin izango zitzaizkiela pentsatzea. Horrelako zerbait izango zen, edo Urrestillako festa egitaraua edo… auskalo. Beti izan nituen buruan, nahiz eta artean galegozko jatorrizkoak ezagutu ez, Castelaorenak.

Karlos: Nolako prestakuntza izan zenuen itzulpengintzan?

Ramon: Guztiz autodidakta eta lagunartekoa. Gerora ofizioan arituz trebatu naiz, inoiz behar bezala trebatu banaiz behintzat.

Karlos: Zure itzulpengintzaren bilakabidea laburtuko diguzu, hasi zinenetik eta gaur artekoa? Alderik ikusten ote duzu?

Ramon: Orduko itzulpenak iritziragokoak egiten nituen. Gaurkoak, edo ofizioan asentatuz geroztikakoak, zehatzagoak eta arauzkoagoak dira.

Karlos: Zer izan da administrazioko itzulpengintza zuretzat?

Ramon: Ikasketa etengabeko bat. Hizkuntzaz, kulturaz eta demokraziazko prozedimenduen ikasketa. Lankidetza eta solaskidetza kalitatezkoak izatea. Eta etxerako ogia, ogi gozo samarra. Nork esan behar zigun sasoi hartan euskara hainbeste jenderen ogibide izango zenik? Diru publikotik ordaindutako ogibidea izango zenik? Hainbeste negar eginaraztera behartzen omen gaituen euskara horrexek berak hainbesteri jaten ematea?

Karlos: Zuzenketaz ere zer esana izango dugu…

Ramon: Ez naiz zuzentzaile ona izan, beti izan dut konplexua begi zorrotz apartak dituzten zuzentzaile zenbaitekin, gutxi baina oso onak. Galtzen ari den ofizioa da, eta guztiz ezinbestekoa; edozein hizkuntzatan, gainera. Komunikabideena eskandaloso samarra bilakatu zaigu, eta, jendearekin guztiz izan behar badugu ere indulgente, hizkera kontuetan —eta euskara kontuetan gehiago— instalatu zaigun indulgentziak porrotera eramango du euskararen batasuna ez oso denbora luzean.

Karlos: Saizarbitoriak eta beste lagun batzuek lanak pasatu dizkizute, iritzia emateko edo zuzentzeko edo… Nola egiten duzu lan horrelako izen eta adiskide handiekin?

Ramon: Ezin daiteke esan Saizarbitoriaren zuzentzaile izan naizenik, nahiz eta askotan kontsultarako pasatu izan dizkidan bere lan eta oharrak. Baina testuak adiskideekin konpartitzeko modu bat besterik ez da izan hori, debateak pizteko aitzakia txiki bat. Ramon, nahiz eta legendak bestelakorik dioen, txukuna eta zuzena da bere idazkietan.

Karlos: Hiztegigintzan ere jardun zenuen hasi gaztetan… Lehenengo egun haiek gogora ekarriko?

Ramon: Koldo Izagirre Lokuzio hiztegia egiten aritu zenean, beraren laguntzaile gisa aritu nintzen; gauza asko ikasi eta euskararen zulo eta zulotxoak ezagutzeko aukera aparta izan zen. Hark bultzatu ninduen Hiztegi erotikoa egitera. Gaurko euskararen panorama ikusita, bere akats eta guzti, kristau ikasbideko ale lotsagarri samarra dirudi, baina han dago.

Karlos: Euskal politikagintzan «itzulpen» lanen bat edo beste egin beharrean egon zara?

Ramon: Bizimodu normalean adinaxe, ez gehiago eta ez gutxiago. Itzulpenak elkarrekin hitz egiteko balio du, norberarena besterentzeko eta besteena geureganatzeko. Militantzia politikoan egindako itzulpen bitxi bat baino gehiago badut, bai, ahaztu nahi nituzkeenak batzuk. Gogoan dut 1990ean Legebiltzarrak autodeterminazioaren onarpenezko erabakia hartu zuenean nola Euskadiko Ezkerran prentsa ardura zeramanak deitu zidan erabakia euskarara itzultzeko. Lurdes Auzmendirekin erdibituta egin genuen itzulpena. O tempora, o mores!

Karlos: Itzulpengintzak emandako une goxoren bat.

Ramon: Hasierako ezintasun haietan —euskararen ezintasunetan, esan nahi dut—, moldezko hitzetan ikusitako edozein testuk eragiten zidan zirrara. Castelaoren itzulpenen oroimen oso eztia dut. Egun, berriz, aukeran daude une gozoak eragiten dizkidaten testuak, azkenetako bat Slavenka Drakulić-en Han ez banengo bezala, Amaia Apalauzak itzulia.

Karlos: Itzulpengintzak emandako une garratzen bat.

Ramon: Egoera ezberdinetan, eta motibo ez guztiz nobleengatik, gaztelaniara intentzio makurrez, entzulea edo irakurlea nahastu asmoz egindako itzulpen zenbaiten lekuko edo garaikide izateak eragindakoak.

Karlos: Eta zuzenketaren alde dirdiratsu edo ilunik?

Ramon: Zuzentzaile onak, ezagutu baititut, miresten ditut; ni ez naiz zuzentzaile ona. Eta zuzenketa, gure kultura garaikidean, desagertu edo elektronikotu bada ere, behar-beharrezkoa da, euskaran eta gehiago. Nik uste zuzentzaileak eskuzabala, jakinduria handikoa eta irakurzalea behar duela izan.

Karlos: Idazle ere bazaren aldetik, zein alde edo ezberdintasun ikusten duzu bien artean?

Ramon: Biak dira estilo kontu bat; biak, gure kasuan, hizkuntza kontu bat. Idazleak sormena behar du, eta zer esan handia. Itzultzaileak ahalmena behar du, baliabideak, irakurri eta entzuten duenarekiko leial, oso leial, izateko ahalmena. Itzultzaileak morrontza gehiago ditu; ez da hain librea. Biak dira ezinbesteko arauak ezarri eta betearazteko, bai gaur hain modan jarri den txokokeria sasidialektala eta jatorkeria eredua gaindituz irauteko, jai dago bestela.

Karlos: Itzulpen sariketetako epaimahairen batean ere izan zara. Zer deritzozu horrelako eginkizunari? Beharrezkoak ote sariak?

Ramon: Sariak baino hobe, laguntza politika sendo bat. Sari-emaileek behar dute, ona izan ala txarra, saria jasoko duen lanen bat. Sari garrantzitsu baten baldintza nagusia epaimahai nabarmen kualifikatu bat da, edozein arlotan. Baina ohitura asanblearioak dauzkagu, eta sarien tiobiboa hor dabil, bueltaka. Lotsa eta amorrazioa pasatu nituen Ulisesen itzulpenari Espainiako sari nazionalak iskintxo egin zionean. Jendeak nahiago izan zuen espainiartasunaren pikarokeria bat gehiago zela pentsatu eta adierazi, geure zabarkeria azaletik bederen kritikatu baino. Gainera, inor ez da damutu! Euskaltzaindiak diru erreserbak bezalaxe beharko lituzke lotsa erreserbak. Urgentea da.

Karlos: Zer hartzaile mota izaten duzu buruan itzultzean?

Ramon: Ez dakit; hartzailea neu izango banintz bezala jarduten dut. Niri gustatzen ez zaidana edo neuri kostatzen zaidana besterentzat egokia eta irensgarria izan behar duela pentsatzea ez da bidezkoa. Behin neuri egokiena dela iritziz gero, modula daiteke gero, nahi den helburu hartarako.

Karlos: Gustukoen izan duzun itzulpena?

Ramon: Erretirora hurbiltzen ari nintzen neurrian, gero eta gustukoago egiten zitzaidan euskaratik gaztelaniarako edozein testu, nagusiki aktualitateari lotutako gizarte gaiak, egunerokotasun politikokoak.

Karlos: Zer hizkuntzatatik itzultzen duzu erosoen? Zergatik?

Ramon: Gaztelaniatik, dudarik gabe; nire bi hizkuntzetako bat da. Gainera, beste arrazoi asko dago: bi hizkuntzen arteko hurbiltasuna eta harremanak; kulturalki, indartsuagoa izan da gaztelaniaren eremua euskararen munduen baitan, eta euskarak dituen baliabide askok baino gehiagok gaztelaniarekin dute harreman estua.

Karlos: Itzuli dituzun (eta ez dituzun) lanak gogoan, besterik zer itzuliko zenuke, aukerarik izanez gero?

Ramon: Egunero bururatzen zait zerbait euskarara itzultzeko, gaiagatik nagusiki: giza eskubideak, memoria, memoria, memoria… Eskubideekiko sentiberatasuna geuganatzeko, guretartzeko balio dezakeen edozer gauza. Baina, halakoetan, gaiak hizkuntzak eta itzulpenak baino gehiago balio du. Literatura handirako mugatuxe nago; nire irakurketa ia gehienak gaztelaniaz egin eta gaztelaniaz egindakoa euskaraz jartzeak ez dakit ezertarako balio digun. Beste hizkuntza batzuk dakizkiten itzultzaileei eman behar genieke lana, munduan zehar daudenak gaztelaniaratu, eta, apuratuz, frantseseratu gabe dauden lanak identifikatu eta euskaratzeko. Agian euskarak milaka aldiz gehiago balioko liguke orduan.

Karlos: EIZIEren sortzaileetako bat zara… Nola bizi izan duzu elkartea? Zure ustez, nondik jo behar luke etorkizunean?

Ramon: Nik ezagutzen ditudan esparruetan profesionalena iruditzen zait itzultzaileena; alegia, ofiziokoei laguntza, babesa eta tresnak eskaintzeko bizi eta lan egiten duena. Beste elkarte askok, beren bazkide gehienak profesionalak ez direlako edo, tertulia politiko bat dirudite, bazkideek lan baldintzak baino gehiago beste zerbait aldarrikatu eta behar dutelako.

Karlos: Eta euskal itzulpengintza, orokorrean?

Ramon: Osasuntsu dagoela esango nuke. Gazteriaren bi baldintzak ditu, osasuna eta prekaritatea. Osasuna bizitza ariketatsu eta gihartsua landuz lortu du; prekaritatea denborek ezarri diote, geure miseriek. Ez dakit nola, baina lortu behar genuke itzulpenarentzat testuinguru egonkor eta sendoago bat. Baloratu behar genuke ipuinik ziztrinena euskaratzeak duen merezimendua, baina gaur euskal pintxo-poteek, gaztaina janek eta zapatila deportiboak jantzi eta euskararen aldeko paseadek, kontzentrazioek, dantzaldiek dute nagusitasuna. Endemas, halakoei soziolinguistika deitzen diete. Ez dakienari itzulpen egoki bat eskaintzea klaudikatzea iruditzen zaio edonori eta edozeini euskaraz —eta euskaraz bakarrik— mintzatu behar zaiela uste dutenek. Arrazoinamendua ez dago boladan. Gaztelania besterik ez dakiela aurpegiratu dioten ordezkari politiko batek bere harridura adierazi du, ezin ulertuz horrelakorik bera zelako ez dakit zer legegintzalditan Korrikan atera zen oposiziokide bakarra.

Karlos: Non eta nola ikusten duzu itzulpena euskal letren «auzo»an?

Ramon: Euskal letren auzoan, itzulpenek gero eta pisu handiagoa dute, gero eta esparru handiagoa betetzen dute. Gaurko gazteek, esaten denaren kontra, euskaraz irakurri dituzte nazioarteko literaturako zenbait lan, euskara dute beren jatorrizko bertsioa. Horrek kulturalki garrantzi handia du; hizkuntza aberasten du, eta euskararen giroei mundutasuna ematen die. Munduko sormenaren zati esanguratsu bat euskaraz jasoko bagenu, aski bestelako kontua izango litzateke gurea.

Karlos: Aukera izanez gero, zer hizkuntza eta itzulpen politika antolatuko zenuke? Corpusa, estatusa, edo beste zerbait behar genuke?

Ramon: Hizkuntza eta hizkera pertinenteak dituzten kultur inpakturik garrantzitsuenak lehenbailehen euskarara ekartzen saiatuko nintzateke, etengabean. Herritarren bermerako diren zerbitzu orotan ezarriko nuke itzulpena. Itzulpenik gabe ez dago elebitasunik, eta, elebitasunik gabe, ez eta Euskal Herririk ere. Munduan ez legoke gramatika unibertsalik itzulpenik gabe. Itzulpena behar dugu munduarekin harremana izateko.

Karlos: Libre eta sortzaile sentitzen zara itzultzean? Zergatik?

Ramon: Bai, esango nuke irabazia dudala jatorrizkoa euskarara ahal dudan egokien eta dotoreen ekartzeko ahaleginaren sinesgarritasuna. Neurri handi batean, sortzaile ere sentitzen naiz. Zalantzarik ez dago, edozein kasutan, euskarari sormena aportatzen diogula itzultzaileok geure lana egiterakoan.

Karlos: Horri lotuta, zer alde igarri duzu, itzultzerakoan, testu tekniko eta literarioen artean?

Ramon: Gero eta alde gutxiago dagoela esango nuke, itzulpen idatzian alde hori irakurlearen baitan dagoela, hark ezartzen duen exijentzia mailan. Zehaztasuna bietan da derrigorrezko, jatorrizkoarekiko fideltasuna bezalaxe.

Karlos: Zer erantzuten edo pentsatzen duzu traduttore, traditore entzutean?

Ramon: Irriñoa ateratzen zait. Zer esan? Bada jolas bat ahotik belarrira isilpean zerbait kontatzean datzana, batak besteari, besteak beste hari, beste hark beste halakori, eta horrela giza katea amaitu arte. Irrigarri suertatzen da azken eta aurren kontakizunen alderaketa. Jolas hori eguneroko ogia da gure artean, gizartean, sare sozialetan, informazioan, berrietan, zurrumurruetan. Ba, hori bera egingo balitz itzultzaileen arteko jolas bezala, askoz ere berdinagoak izango lirateke bukaerakoa eta hasierakoa. Traditore gehiago dago gure artean itzultzaileak baino. Itzultzailea egiari lotuago dago, egun, batenaz besteko iritzi publikoko beste ezer baino.

Karlos: Zer da, zure iritziz, fideltasuna itzulpengintzan?

Ramon: Bestek adierazitako egia galeran ez ateratzea geure hizkuntzan. Edukiz, doinuz eta estiloz islatu eta errepikatzea itzultzeko hura.

Karlos: Zein izan da itzuli behar izan duzun itzulgairik latzena?

Ramon: Zigor espedienteren bat, edo arte katalogo mordoxka bat, sintaxia bera arte abstraktu bilakarazten duena, abstraktutik gehiago ahaleginduz, noski, artetik baino. Eta, latzaren latz, gure arteko asesinato eta ekintza terroristen erreakzioak.

Karlos: Zenbait euskal girotan, oraindik, sorkuntzazko testuek itzuliek baino izen handiagoa dute. Zer deritzozu horri?

Ramon: Bidezkoa da hori. Hala ere, hizkuntzaren balioa sormenaz gaindi jartzen dugu askotan, eta ez luke hala behar. Sormena behar dugu, etengabea eta unean-unean eguneratu eta berritzen dena. Itzulitako lanak sormen huts bezala, gure kulturarentzako ekarpen sortzaile bezala ikustera heltzen garenean esan ahal izango dugu heldu dela hainbeste amestutako normalizazioa.

Karlos: Claudio Magrisek zioenez, itzulpena beste literatura genero bat da, eta itzultzailea, ondorioz, «egilekidea». Zer uste duzu?

Ramon: Ez dut zalantzarik; egilekideak gara, testuak bizirik maite ditugun egilekideak eta irakurle apartak; batzuetan latosoak, baina. Beste hizkuntzatik zurera ekartzen duzuna urrutietatik lehenbiziko aldiz bisitan datorrena bezala da. Lagundu egin behar diozu tokikora ohitzen. Hitzez hitz itzuliko bagenu, geure etxean sartzen utziko ez bagenio bezala da, atarian hotzak hilaraziko bagenu bezala.

Karlos: Benetan izan behar du ikusezina itzultzaileak?

Ramon: Baietz esango nuke. Euskaraz ere, itzulpen lanak asimilatu ahala, ezkutatu egiten da itzultzailea. Alde ederra dago Orixeren itzulpenak irakurri edo Josu Zabaleta, Irene Aldasoro edo Koro Navarrorenak irakurri, beste merezimendudunen aipamenetan luzatu gabe.

Karlos: Itzulpenak jatorrizkoa hobetu ere badezake?

Ramon: Ezetz esango nuke, baldin eta jatorrizkoa oso txarra ez bada.

Karlos: Umberto Ecoren arabera, itzultzailea zentzu komunari min ematen ez dioten hizkuntza soluzioen negoziatzailea da. Hala deritzozu?

Ramon: Guztiz ados. Dena den, ez dakit Umberto Ecok zer zioen, zehatz, garbizaletasunaz. Garbizale jartzen garenean, zentzu komunak jai hartzen du, edo abertzale bilakatzen da, eta negoziatutako soluzioak erabat galtzen du zentzu praktikoa.

Karlos: Ba ote duzu esku artean itzulpen lanen bat hasita?

Ramon: Bai hasita eta bukatuta ere. Azken orrazketaren zain daude, baina ez dakit, neuri eta beste inor gutxiri interesatuko zaizkion errezeloa dut. Atsegin ditudan gauza txikiak itzultzeak lasaitu egiten nau, adimena garbitu eta begirada gardendu.

Karlos: Aspaldion irakurritako itzulpen gogoangarriren bat?

Ramon: Vercors erresistente frantsesaren Itsasoaren isiltasuna. Ipuin beraren bi itzulpen daude sarean, Ibon Sarasolak eta Josu Zabaletak eginak. Zabaletak, aparte, liburua osatzen duten besteak ere itzulita dauzka.

Karlos: Itzultzen hasi nahi duenarentzako eta hasiberrientzako aholkuren bat?

Ramon: Aholku ona ematea beti da zaila. Zer esango diot? Lana gustuz egiteko. Alegia, gustatzen zaiona aukeratzeko eta hori berak maite duen jendeari kontatzen ari balitzaio bezala itzultzeko, eta itzulpena —bizitzako beste gauza eder asko bezala— plazer konpartitua den ustea inoiz ez abandonatzeko.

Karlos: Behar diren baldintza guztiak eskura edukita, zer gustatuko litzaizuke itzultzea?

Ramon: Horrelakoetan, handi bat botatzea tokatzen da, ez? Joyceren Finnegans Wake. Beno, hobe Xabier Olarrak itzultzen badu, ea euskaltzainburuak parada behar bezala profitatzen duen euskara munduan behar bezala defendatzeko.