Itzulpengintza eta euskararen batasuna eta normalizazioa. Mende erdiko historiaren berrikusketa eta gogoeta batzuk
Josu Zabaleta Kortaberria

1968an Euskaltzaindiak Arantzazun ospaturiko Biltzarrean, euskararen batasunerako eta normalizaziorako oinarriak jarri ziren. Normalizazio prozesu horretarako aukera ematen zuen aginpide politikoa berreskuratu zen, eta ezinbesteko eginkizuna bete du harrekeroztik euskal itzulpengintzak prozesu horretan: batetik, euskararen diglosia-egoera gainditzeko, erdaretan adierazten ziren euskal herritarren bizikizunak euskarara itzuliz; bestetik, euskarak bizitza modernoan bere lekua hartu eta aurrera egiteko bidea ematen zioten oinarrizko diskurtsoak esperimentatuz eta finkatuz (administrazioan, hedabideetan, irakaskuntzan). Ezin ukatu itzulpengintzak euskararen biziberritze-prozesuan izan duen paperaren garrantzia, beste hizkuntza batzuetako prozesuetan ere izan duenarekin bat datorrenez. Garaia da, hala ere, etorkizunak euskal itzulpengintzari dakarzkiokeen erronkei eta eginkizun berriei buruz gogoeta egiteko.

«Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018» Euskaltzaindiaren nazioarteko biltzarrean parte hartzeko proposamena jaso zuen EIZIEk, eta niri egokitu zitzaidan biltzarrean parte hartzea. Hala, «Itzulpena eta euskararen normalizazioa (50 urte)» hitzaldia aurkeztu nuen, Oñatin, 2018ko urriaren 5ean. Hitzaldi laburra izan zen ganorazko ezer esateko.

Aurtengo maiatzaren 6an, berriro hartu nuen gai berbera hizpide, oraingo honetan Gasteizko Letren Fakultatean, Koldo Biguri eta Isabel Etxeberria irakasleek gonbidaturik. Testu honetan bilduko ditudan gogoeta berberak azaldu nituen saio batean zein bestean; bigarrenean gehiago eta luzeago lehenengoan baino.

«Itzulpena eta literatura» izan zen Euskaltzaindiak EIZIEri proposatu zion gaia. Eta badirudi nahikoa normala dela «itzulpena» «itzulpen literario»arekin berdintzea, gainerako itzulpen motak ezkutuan bezala geratzen baitira itzulpen literarioaren aldean. Izatez, ordea, itzulpen literarioa bazter-eremutxo bat baizik ez da, garrantzi handikoa baina txikia, euskal itzulpenak gaur egun hartzen duen eremu zabalean. Eremu kuttuna, mimatua, onartua, goraipatua, eta horretan dihardutenei ospetxoa ematen diena; baina bazter-eremu txiki oso mugatu bat, azken finean. Eta bada beste arrazoi bat ere: oso lan mamitsuak, interesgarriak, zentzu handikoak eta jakingarriak (doktore tesiak eta bestelako saioak, artikuluak eta abar) idatzi dira azkeneko ia hogei urte hauetan euskarara eta euskaratik egin diren literatur itzulpenei buruz: Mari Jose Olaziregi, Manu López Gaseni, Elizabete Manterola, Aiora Jaka, Miren Ibarluzea, Garazi Arrula, Isabel Etxeberria eta beste asko. Horiek, irakurri ditudanetako batzuk; ezin denak aipatu.

Horrek ez du esan nahi, ezta gutxiagorik ere, euskal itzulpenaren beste alderdi batzuez idatzi ez denik. Azkeneko urte hauetan, asko hitz egin eta idatzi da gai honi buruz. Aski da Udako Euskal Unibertsitatearen Inguma datu basean begiratzea horretaz jabetzeko.

Hala eta guztiz ere, ezin da ukatu literatur itzulpena dela lehen ikusian itzulpenaren irudi publikoarekin lotzen dena eta gainerako eremuak, literatur itzulpenean baino askoz ere diru eta ahalegin inbertsio gehiago jasotzen dutenak, oharkabetasunaren argi-ilunetan geratzen direla.

Itzulpenaz, oro har, eta euskal itzulpenak euskararen normalizazio prozesuarekin batera egin duen bideaz eta hartan izan duen eraginaz doaz, bada, gogoeta hauek.

Berrogeita hamar urteko historia honetan, gertaera eta protagonista asko izan dira. Aurrez barkamena eskatu behar dut, batetik, gerta daitekeelako horietako asko ahazturik uztea. Ikuspegi orokor batetik aurkeztu nahi nituzke gertaerak eta nondik norakoak, ez pertsonak aipatu gabe uzteagatik, baizik eta, batez ere eta beste ororen gainetik, euskal itzulpenaren historia hau historia kolektiboa izan delako, euskal itzultzaile gehienek osatzen duten taldea eta haren talde lana izan delako protagonista nagusia, talde hori izan delako euskal itzulpena gaur egun dagoen mailara ekarri duena, geroago azalduko dudan bezala. Bestetik, aldaketa handiak izan dira euskal itzulpenaren munduan azkeneko berrogeita hamar urte hauetan; era askotako eraginak, zalantzak, eztabaidak, gogoetak izan dira itzultzaileon artean, eta ez da erraza horiek guztiak hari zuzen batean kateatzea.

Gauza jakina da, gainera, —eta barkagarri bekit— iraganeko gertaeren oroitzapenak ziren bezala gorde ordez —hobeto gogoratzeko dokumentuak ere badiren arren— gaurko pentsamoldera edo gaur izan nahi genukeen pentsamoldera egokitzen dituela memoriak, eta oroitzapen berritu horiek sinestera iristen dela, gainera, pertsona.

50 urte: mende erdi

Lehen begiratuan, balirudike euskal itzulpengintzak euskararen normalizazio prozesuarekin batera egin duen bidea azkeneko mende erdi honetara mugatzen dela; baina ez da halakorik: euskal itzulpenak bere historian beti egin izan ditu normalizazio ahaleginak. Hain zuzen ere, hortxe daude, adibidez, hasieratik bertatik, Leizarragak Testament Berriaren sarreran egiten dituen adierazpenak, geroago beste modu askotan beste hainbat itzultzailek errepikatuak; gogora daiteke —beste mutur batean, nahi bada— XIX. mendearen bukaera aldeaz geroztik batez ere euskara idatziaren munduan hainbesteko indarra izan zuen garbizalekeriak itzulpenaren eremuan izan zuela indarrik handiena. Hainbesteraino ere, non zenbait itzultzailerengan askoz ere nabarmenago agertzen baita garbizalekeria hori testu itzulietan itzuli gabeetan baino. Badirudi, hain zuzen, hizkuntz eredu bateratu nahi bat proposatzen zela testu itzuli horietan.

Badirudi, gainera, «itzulpenaren unibertsal»etan sartzen dela joera hori: berez ere itzulpena atxikiagoa izaten dela hizkuntza estandarrari (edo estandartzat hartu edo finkatu nahi den bati, estandarrik ez bada) itzulpena ez den beste edozein testu baino: hiztegi normalizatuago batez baliatzeko joera izaten dela, maileguak arbuiatzeko joera, interferentzien beldurra: garbizalekeriaren ezaugarriak, denak ere.

Sarrera honetatik, ondorio gisa atera daiteke itzulpengintza oso aliatu fidela izango zuela euskararen normalizazio prozesuak. Gehiegizkoa eta guzti ere bai, beharbada, garai batzuetan. Ikusiko dugu.

Itzulpena eta euskararen normalizazioa. Aroen banaketa

Euskal itzulpengintzaren azkeneko mende erdi honetara itzulirik, ezinbestekoa iruditzen zait aldi horretan zenbait garai edo aro nahiko desberdin bereiztea. Argi dago, esate baterako, gaur egungo itzulpengintzak zerikusirik ez duela, baliabidez, estatusez, lan moldez, orain dela mende erdikoarekin, oinarrizko eginkizuna berbera izanagatik ere.

Hiru garai edo aro bereiziko nituzke, hiruren arteko mugak malgu samar harturik.

  1. Lehenengo aroa: Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarretik Espainiako erregimen aldaketara, Autonomia Estatutura eta, itzulpenari dagokionez, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorrerara. (Hego) Euskal Herriak aro berri honetan izango zituen euskarazko itzulpen premiak definitu bitarteko aroa, nolabait esateko.
  2. Bigarren aroa: Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zenetik 2000. urtera, Gasteizen Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioko Ikasketak antolatu eta abiatu bitartekoa. Euskal itzulpengintza egituratuz joan zen goian aipaturiko premietarako.
  3. Hirugarrena: harrezkeroztikoa, ia hogei urte igaro eta etorkizunera, etorkizunak dakarzkigun aukerei eta erronkei begira gauden aro hau.

Hiru arook, euskal itzulpengintzari dagokionez bederen, zeinek bere izaera berezia dute, eta haietako bakoitzean itzulpengintzaren eremuan izan diren zalantza, akats, arrakasta, gorabeherak aztertzea ariketa interesgarria izan daiteke aurrerabiderako irizpideak argitzeko.

Eredu bila

Interesgarria izango litzateke euskal itzulpengintzak aro hauetako bakoitzean zein egoera, zein eginkizun izan duen aztertzea, gaur egun itzulpenaren ikerketan boladan dauden ikuspegi edo joera guztietatik. Itzulpenaren eta kulturaren ikerlari asko daude, zeinek baino zeinek ikuspegi interesgarriagoak eskaintzen dituztenak, eta gure itzulpengintzaren historia eta oraingo egoera ikertzeko eta hartaz gogoeta egiteko guztiz lagungarriak diratekeenak; ikuspegi askotatik begiratuta: testologiatik, soziologiatik, politikatik…

Itzulpenaren ikerketa ez da jakintza alor zaharra. Historian beti izan dira itzulpengintzaz idatzi izan duten itzultzaileak eta pentsalariak (gogoratu Zizeronenak, Horaziorenak eta geroztikoak, denak segidan, orain arte), baina, Bigarren Mundu Gerraz gero hasita eta batez ere azkeneko urte hauetan, asko, erruz idatzi da itzulpenari buruz. Gogoan dut Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zenean garai hartan ezagutzen zen itzulpenari buruzko ia bibliografia osoa —oinarrizkoa behintzat— bildu genuela. Gaur egun milaka liburu eta artikulu irakur daitezke; Interneten bertan, nahi adina daude.1

Ez da batere erraza itzulpenari buruzko literatura oihan sarri horretan ez galtzea.

Saio honetan aipatzen ditudan hiru aroei dagokienez, ikuspegi horiek ahal bezainbestean kontuan hartzen ahalegindu naiz, baina azterketa serioagoak egin beharko lirateke horiei buruz. Tesi luzeak beharko lirateke.

Itzulpen historien paralelismoak

Cesare Pavesek esana da kultura eta literaturaren berrikuntza aro guztietan itzulpen ahalegin handi bat dagoela beti hasieran: «(Literaturazko) loraldi handien aurretik, itzultzaile emankorreko belaunaldi bat izan ohi da» (Il mestiere di vivere. II mestiere di poeta, 1940-11-01). Euskararen batasuna eta erabileraren normalizazio prozesua ere, zehazki literaturaren loraldi bat ez diren arren, gisa horretako berrikuntza bat dira, inondik ere.

Gure itzulpengintza berriaren historia honen nondik norakoak aztertzeko, ez da baliabide txarra beste herrialde eta kultura batzuetan antzeko egoeretan —kulturaren edo literaturaren berrikuntza uneetan— itzulpenak zer paper jokatu duen begien aurrean edukitzea.

Itzulpen historien artean (orotariko hizkuntza edo kulturetako itzulpengintzen artean) badira berdintasunak; badira, itxura denez, bilakaera arau moduko batzuk, baina ez dira beti berdinak izaten. Historia bakoitza nolakoa den erabakitzen duten faktoreak infinituak dira, eta historiak oso desberdinak, baina zenbait aldi eta egoeraren artean paralelismoak egin daitezke, eta paralelismo horiek gure egoera edo gure bilakaera zein izan den argitzen lagundu diezagukete.

Cesare Pavesek dioena ia beti bete izan da. Europako hizkuntza hedatuenetako itzulpengintzaren historian, ezagunak dira era horretako adibideak: Espainian, Alfontso X.ak bultzatu zuen itzulpen ahalegina, eta gaztelaniaren oinarriak jarri zituen; Frantzian, E. Dolet-ek; Ingalaterran, Tynsdale-k; Alemanian, Luterok, eta abar. Latinaren bilakaera bera ere ez da ulertzen grezieratik egindako itzulpena kontuan hartu gabe. Baina hori beste era bateko kasua da, seguru asko, zeren badirudi Andronikok, Enniok, Acciok, Zeziliok, Plautok, Terenziok, Zizeronek —azken horren kasuan ez dago hain garbi—, Katulok, Aratok eta beste askok egin zituzten itzulpenak latina bultzatzeko eta berritzeko ez baizik eta nork bere oratoria, erretorika, literatur espresabideak hobetzeko egindako ariketak izan zirela batez ere. Horrenbestez, bada, zeharbidez baizik ez digute balio gure kasuaren paralelismo gisa.

Europatik kanpora ere, Txinako literatura ez da ulertzen Khumarajiva edo Xuan Zang eta haien itzultzaile taldeak kontuan hartu gabe; Tibeten ere ez, Sron-tsan-Ganpo erregeak eragindako itzulpen ahalegina gabe; Bagdadeko itzultzaile eskola deritzona da, beharbada, eredu ezagunena.

Saio honetan, Bagdadeko itzulpenaren «eskola» eta Japoniako itzulpenaren historia hartu ditut gure azken mende erdi honetako euskal itzulpengintzaren zenbait une irudikatzeko paralelismo gisa. Paralelismook galdera mordo bat plantea diezagukete, gainera.

Autonomia bezpera arte: gizarte aldaketa

Zein zen, bada, euskal itzulpengintzaren egoera orain dela mende erdi? Zein zen, orobat, orain dela mende erdi Euskaltzaindiak Arantzazun ospatu zuen biltzar haren testuingurua? Euskararen erabilera gainbehera zihoan nabarmen, hemen aipatzen hasiko ez garen era askotako faktore sozial, politiko, kulturalen ondorioz; horretan ez dago dudarik. Gainbehera horren aurrean, bi belaunaldi —bi jarrera— kokatzen ziren, bakoitza bere ahalaren, prestakuntzaren, ilusioen eta usteen neurrian erantzun nahiz.

Gizartea bera aldatuz zihoan, errepresioa ez zen belaunaldi zaharrak ezagutu zuena bezain bortitza, egitura ekonomikoa ere aldatuz zihoan, Europako (eta, geroago, Ipar Amerikako) kulturaren eragina geroz eta nabarmenago sumatzen zen.

Arantzazuko Biltzarra bera aldaketa horien emaitza dela esan daiteke, edo ezin uler daitekeela behintzat gizartean gertatzen ari ziren aldaketa horiek kontuan hartu gabe. Ez da ahaztu behar, adibidez, euskara batuaren bultzada, 1964 inguruan hasita, euskal idazle gazte gehienak batzen eta antolatzen jakin zuen talde batek eragin zuela.

Belaunaldi zaharra

Euskal itzulpengintzaren egoera, batasunaren mende erdi honen lehenengo urte horietan —hamar-hamabost urtean, gutxi gorabehera— aurreko mende erditsukoaren antzekoa da, Espainiako Gerra Zibilaz geroztikoaren antzekoa, behintzat: bada itzultzaile talde miresgarri bat, Espainiako Gerra Zibila baino lehen hasia gehienbat, itzulpen lan harrigarriak argitaratzen zituena, egoerarik makurrenean, ia erabateko bakardadean, Europako eta Ameriketako lau bazterretan barreiaturik —Parisen, Argentinan, Guatemalan—, elkarren berri izateko ia gutuna eta zigilua beste komunikabiderik ez zutela. Oso baliabide gutxirekin, oso-oso jende gutxirengana iritsiko ziren itzulpen harrigarri batzuk argitaratzen zituzten, liburu gisa edo aldizkarietan. Itzultzaile harrigarriak, beren garaiaren zordun, baina gaur ere miresgarriak. Nola ahaztu B. Amezaga, J. Zaitegi, B. Larrakoetxea, Orixe, A. Ibinagabeitia, Jautarkol eta, guregandik hurbilago, S. Onaindia, L. Akesolo, Iratzeder, Y. Etxaide, J. Kerexeta, Juan San Martin, L. Villasante, J. Mirande, G. Aresti eta beste asko, berriagoak eta zaharragoak?

Literatura itzultzen zuten gehienbat. Nahi izanez gero, bereiz daitezke zenbait genero nagusi:

  1. Beren ikasketen arabera kanon klasiko batean sar zitezkeen idazleen idatziak: Homero, Platon, Sofokles, Esopo, Bergili, Fedro, Marzial, San Agustinengandik hasi eta, Shakespeare, Lope de Vega, Santa Teresa eta geroagokoak.
  2. Frantsesez edo gaztelaniaz (batez ere) idatzi zuten euskal idazleen lanak: Lhande, Campión, Muñoyerro, Barrutia, Trueba.
  3. Kanon modernoago batean koka zitezkeen idazleen lanak: Hemingway, Bernanos, Tagore, Cela, J. R. Jiménez, Hugo Wast, Svenson…
  4. Euskalkien arteko itzulpenak: Lhande, Campión, P. Baroja.
  5. Euskaratik beste hizkuntzetarako itzulpenak: herri literatura eta olerkiak batez ere; Auñamendiko lorea…
  6. Erlijio eta deboziozkoak: Biblia, Kenpis, Vianney apaiza, dotrinak, lau ebanjelioak, salmoak…

Kontzilioaren ondoren, hain zuzen, Euskal Herriko elizetako liturgi batzordeek ahalegin handia egin zuten liturgiako testuak euskarara ekartzen.

Horiez gainera, beste itzulpen batzuk ere hasi ziren egiten, 1960tik aurrera batez ere, banaka eta soltean: Edili argitaletxeak haurrentzat argitaratu zituenak, adibidez.

Ahal zutenean liburu gisa eta gehienetan aldizkarietan (Euzko Gogoa, Egan…) argitaratzen zuten.

Gizartea aldatzen. 1968

Horrekin batera, eta askotan egitura beretan parte hartuz (ikastolen sorkuntzan, aldizkarietan eta abarretan, adibidez), belaunaldi zaharra eta berriak batera edo bateratu gabe ibiltzen ziren egiturak sortuz zihoazen. Belaunaldi gazteagoak (zentzu zabalean hartuta) zekarren gizarte eta hizkuntz proiektuak hizkuntza estandar bat izatea eskatzen zuen. Eta helburu hori bera zuten euskara batuak (bizitza modernoaren adierazpide izango zen hizkuntza estandar duin bat izatea), euskalduntze-alfabetatze mugimenduak (euskal herritarrak mundu moderno batean euskaraz bizitzeko gaitzea) eta ikastolek (gizartea eraikitzen oinarrizko eginkizuna duen irakaskuntza euskaratzea). Hiru ekimenok biltzen dituen asmo nagusietako bat, bistan da, euskara bere diglosia egoeratik atera eta euskararen erabilera normalizatzea da.

Euskara egoera diglosikoan zegoen. Euskal herritarrok diglosikoak ginen; gai batzuei buruz eta inguru batzuetan hitz egiten genuen euskaraz; mezu batzuk ematen genituen euskaraz, baina gainerako guztiak gaztelaniaz edo frantsesez ematen genituen. Euskara sukaldeko txokora baztertuta zegoela esaten genuen. Euskara «baserriko sukalde-zokotik kaleko argitara» atera behar omen zen, zehazki. Ez da zaila horren atzean dagoen ideologia karga sumatzea. Edo metafora bat zen, beharbada: gizartearen egiturak eta haiekin batera haren hizkuntz ohiturak aldatu beharra adierazteko metafora. Baina ezkutatu egiten zuen une horretantxe 600.000 euskaldun —euskal hiztun— zeudela Euskal Herrian, eta haietatik 60.000 baizik ez zirela bizi baserrietan: % 10 baizik ez, beraz.

Badirudi euskal plazara iristen ari zen belaunaldi berriaren parte batek halako ekimen eta askatasun eremu bat aurkitzen zuela euskararen eremuan (ia dena egiteko zegoela sumatzen zuelako, beharbada). Askatasunarekin eta modernotasunarekin lotzen zuen euskara. R. Saizarbitoriak idatzia du nonbait:

Uste dut euskararen suspertzea etorri zela beste bidetik, modernotasunetik. Eta beti aipatzen dut ikastolen eredua: Jendeak ikastolak aukeratu zituen euskaraz zirelako, bai, baina irakaskuntza aurreratuagoa zelako ere bai, modernoagoa; eta irakasleak konprometituagoak zirelako. Iraultza izan zen eskola espainolaren aurrean. Literaturan-eta ere antzera: aldaketa ez zen etorri XIX. mendeko eta XX. hasierako teatro herrikoiaren bidetik, modernotasunetik baizik. Gero jendeak horren atzetik egiten du, baina bidea kalitatezko gauza berritzaileak markatu behar du. Gainera, esperientziak ere hori erakusten du (Argia, 2016-04-10. «Gure gerra konplexuagoa izan da eta kontakizuna egiatiagoa»).

Eta ez ziren ikastolak, euskara batua eta euskal literaturaren berritzea bakarrik. Baita kantaldiak ere, eta are gehiago alfabetatze-euskalduntze mugimendua, Rikardo Arregik eta haren inguruan mugitzen zirenek proposatu eta bultzatua. Rikardo Arregik ez zuen alfabetatzea «irakurtzen ikastea» zentzuan ulertzen soil-soilik. Garbi dago haren gogoan bazela motibazio politiko eta filosofiko bat alfabetatze-euskalduntze mugimendua bultzatzeko. Merezi du haren «Euskaldunen gizagintza» artikulu zinez gogoangarria irakurtzea, bai eta hari buruzko artikulu bat ere, «Rikardo Arregi, alfabetatzearen eragile», Alfabetatze Batzordearena (Jakin sorta, 3, 1971).2 Beste alde batetik, gauza nabarmena da nolako lotura dagoen mugimendu honen eta deskolonizazio borrokak izan diren herrialdeetan (Kuba, Brasil, batez ere) garaitsu berean antolatzen eta bultzatzen ari ziren alfabetatze mugimenduen artean.

Metaforak metafora, diglosia gainditzeak, hain zuzen ere, euskarak hartzen ez zituen eremuak euskarara ekartzea esan nahi zuen; geuk, euskal herritarrok, erdaraz, gaztelaniaz edo frantsesez erabiltzen genituen gaiak euskarara ekarri eta euskaraz adierazi nahi genituela. Ez derrigor mundu berri bat eta mezu berri batzuk sortzea, ordu arte beste hizkuntza batean adierazitakoak euskarara ekarri eta euskaraz adieraztea baizik.

Eta hori itzulpenez edo paraitzulpenez egiten da. Paraitzulpena esaten dut, itzulpen formala izan gabe, itzulpen egoeran, informazioa beste hizkuntza batean jaso eta, moldatuz edo zuzenean itzuliz, xede hizkuntzara bihurtuz egiten dena. Beraz, autoitzulpena egitea zen, azken finean, gure normalizazio prozesuaren parte handi bat: erdaraz bagenekiena euskaraz adieraziz gai eta esparru askotako euskarazko oinarrizko diskurtsoa sortzea.

Prozesu horretan, akats edo desegokitasun asko sortzen ziren eta dira; eta ez da zaila ohartzea itzulpenari dagozkionak izaten direla gehienak. Horretan, intuizioak ez zuen huts egiten: euskara gozakaitz, «ortopediko» esaten zen hura entzuten edo irakurtzen zenean, berehala etortzen zen erreakzioa, eta esaten zen «Antzematen zaio, bai, gaztelaniaz edo frantsesez pentsatu eta euskaratu duela hau idatzi duenak», akatsa itzulpenari egotziz betiere, itzulpenak akatsa berezkoa balu bezala. Beraz, itzulpena beti zegoen tartean, zentzurik onenean ez bazen ere.

Paraitzulpenaren kontzeptua emankorra izan daiteke. Oso lotura estua du, orobat, gorago aipatu dudan eta aurrerago azaltzen saiatuko naizen beste kontzeptu batekin: oinarrizko diskurtsoa kontzeptuarekin.

Gizarte zibilaren ekimena poliki-poliki gizartea aldatuz zihoan, ikastolak eta alfabetatze eskolak (horiek baitziren gizarte zibilaren esku zeuden ekimen nagusiak) hedatzen eta ugaltzen. Horrek guztiak eskola eta alfabetatze guneetarako testu berriak sortu beharra ekarri zuen. Eta itzulpenaren bidez sortu ziren, edo «itzulpen egoeran», esan nahi baita, zuzenean itzuliz ez bazen, oinarritzat beste hizkuntza batean zeuden testuez (gaztelaniaz, frantsesez eta katalanez, gehienbat) baliatuz sortu zirela testu horietako asko eta asko. Orduan sortu zuten, esate baterako, Lur argitaletxea (1971) Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait euskaltzalek; lehenengo urteetako argitalpenen artean, badira hainbat itzulpen (Hastapenak bilduma ia osoa).

Elhuyar taldea 1972an sortu zen. UZEI, berriz, hura ere itzulpenari estu-estu lotua, geroxeago, 1977an.

Ordurako, zabaltzen eta indartzen ari zen euskarazko irakaskuntzak ere sektore hori antolatu eta egituratu beharra ekarri zuen, eta, horrekin batera, irakaskuntzarako testuak sortu beharra. Testu horietako asko, lehen esan bezala, itzulpenaren bidez zuzenean edo «itzulpen-egoeran» sortu ziren, askotan halako «patchwork itzulpen» moduko bat eginez, handik eta hemendik hartutako zatien itzulpen-moldaketa eginez; paraitzulpena dei daitekeena eginez, hitz batean. Edo baita —hau ere esan beharra dago— ondoren euskarara itzultzeko gaztelaniaz idatzitako testuak itzuliz ere. Jokamoldeok luzaro iraun dute geroagoko urteetan ere.

Hala sortu ziren Donostian Gordailu taldea 1968an, Bilbon Iker taldea 1972an, Cinsa argitaletxearekin Saioka liburuak argitaratu zituena. Euskal Herriaz kanpoko argitaletxeak ere hasi ziren beren argitalpenak euskarara itzuli eta argitaratzen: Timun Mas, Bartzelonakoa («Margo ederren entziklopedia» argitaratu zuena), Gaisa, Valentziakoa (Walt Disneyren «Gauza harrigarriak» argitaratu zuena), Anaya («Kosmos»), SM argitaletxea.

1969-1977 bitartean, Euskal Herriko ikastolen federazioak antolatu ziren. Beren eginkizun nagusietako bat testugintza izan zuten garai horretan —eta geroago ere bai—, 1970az gero hezkuntza lege berriarekin («Ley General de Educación») ikastolak legeztatzeko zirrikituak zabaltzen hasi zirenez gero, batez ere. Federazioek ere, batzuetan beren testugintza bultzatu zuten, eta beste batzuetan kanpoko argitaletxeekin tratuak egin zituzten haien testuak euskaratu eta argitaratzeko.

Geroago, Gero, Elkar, Erein eta beste argitaletxe batzuk hasiko ziren testu eskakizun horri erantzuten.

Liburugintzaz landa, euskalgintzako gauzak zein egoeratan zeuden zertxobait irudikatzeko ariketa gisa, gogora daiteke, adibidez, 1976an ospatu zela «24 ordu euskaraz» ekimena, irratiak egunean 24 orduz segidan emanaldiak ematen zituen lehenengo aldia, Loiola, Donostia, Iruñea eta Bilboko Herri Irratiek antolaturik. Saio horretan, ordea, ez zitzaion atal bat ere eskaini itzulpenari.

Euskararen erabileraren normalizazioa pausotxo batzuk ematen ari zen, baina oso geldiro. Franco hil, erregimena aldatu, eta, Autonomia Estatutuarekin, hasieran Eusko Kontseilu Nagusiarekin eta gero Eusko Jaurlaritzarekin, gauzak bizkortzen hasi ziren poliki-poliki.

Franco hil eta trantsizio garaiaren lehenengo urteetan, lehendik zetorren dinamika berari jarraitu zitzaion gutxi-asko. 1975ean, Franco hil bezperan, «Hizkuntza erregionalen legea» onartu zen (2929/1975 Dekretua, urriaren 31koa, Espainiako Hizkuntza Erregionalen erabilera arautzen duena). Itzulpen premiak handituz zihoazen; itzultzaile kopurua ere handituz zihoan poliki-poliki. Itzultzaileek eta testugileek prestakuntza hobe baten premia sentitzen zuten, eta hala antolatu ziren lehenengo itzulpen ikastaroak: Arrasaten (1976), Uztaritzen (1976), Arantzazun (1977) eta Santutxun (1978-79). Arantzazukoa Elizarteko Bibliaren itzultzaileentzako ikastaldia izan zen. Beste hiruretan, irakaskuntzako testugintzarako itzulpena eta testu teknikoen itzulpena landu ziren batez ere. Garai horretan Xabier Mendiguren Bereziartuk itzultzaileen artean egin zuen inkesta batek erakusten duenez (Euskara aldizkaria xxvi, 2. aldia), dagoeneko baziren udaletxeetan ari ziren itzultzaileak, lanbidez itzultzaile zirenak. Eta baita UZEIn ia erabat lanbide horretan zihardutenak ere.

Beraz, garai horretarako, aski garbi ikusten zen denbora gutxiren buruan itzulpen premia handituz joango zela, irakaskuntzak eta komunikabideek izango zutenaz aparte —eta are gehiago Euskal Herriko administrazioak egituratuz eta euskaldunduz joango ziren neurrian—: Autonomia Estatutua 1978an; Eusko Kontseilu Nagusia 1978-80an; Eusko Jaurlaritza 1980an; Nafarroako Gobernua 1982an; barka bekit Iparraldea asko ez aipatzea, ez baitut garai horretako daturik. Eta beste horrenbestean itzultzaileak ere ugalduz joango zirela eta haien prestakuntza ikasketa formalizatu baten bitartez segurtatu beharko zela.

Berehalaxe ikusi zuen Euskaltzaindiak berak —beharbada, Euskaltzaindiaren barruan zenbait pertsonak— itzulpenaren mundua egituratu beharra zegoela eta prestakuntza hobetu, handik aurrera zetozen premiei egoki erantzun ahal izateko. Horretarako modu egoki bat Itzultzaile Eskola bat sortzea iritzi, eta Xabier Mendigureni eskatu zitzaion aurreproiektu bat egiteko. Aurreproiektu hori aurkeztu, Euskaltzaindiak oniritzia eman, eta halaxe sortu zen 1980an gerora Martuteneko Itzultzaile Eskola izango zena eta euskal itzulpengintzaren egituraketan berebiziko garrantzia izango zuena.

Pentsatzekoa da garai horretan guztian itzultzaileen artean planteatzen ziren zalantzak eta gaiak ez zirela, hasieran behintzat, gaur egun itzultzaileek —hasieran— izan ohi dituztenen oso bestelakoak. Baliteke zalantza eta planteamendu horiei erantzun bidezko bat emateko aukerak, horiek bai, aldatu izana. Urte horietan ez baitzegoen zalantza horiez hitz egiteko aukera edo lekurik. Hori gero etorriko zen, euskal itzulpengintzaren egituratzearekin.

1980-2000: itzulpengintza egituratzen

Eusko Jaurlaritza eta administrazio berriak martxan jarri eta beren eginkizunak betetzen hasteak ordu arte euskara batere ez edo oso gutxi erabiltzen zen eremuetara oso bizkor zabaltzen eta oso neurri handian erabiltzen hastea ekarri zuen, eta horrek, jakina, sekulako itzulpen eskaria sortu zuen, bai administrazio horietarako, bai administrazio horiek kudeatzen edo bultzatzen zituzten gainerako erakundeetarako eta beste erakunde pribatu batzuetarako. Horrela, bada, esan daiteke aro honi guztiari dagokion ezaugarri nagusia euskara arlo berrietara zabaltzeko ahalegina dela; eta euskara arlo berrietara zabalduz zihoan hein bertsuan zabaltzen zen itzulpena ere euskararen erabilera arlo berri horietara. Itzulpenak eginez zabaltzen baitzen euskara arlo berri horietara.

Itzulpenak ordu arte lekurik izan ez zuen edo oso leku urria izan zuen eremu berri horiek administrazioa, irakaskuntza, irakaskuntzarako testugintza (teorian, maila guztietan), hedabideak, irratia, telebista izango ziren batez ere. Ez zen huts-hutsetik hastea; baziren euskaraz ziharduten hedadura zabaleko aldizkari batzuk gutxienez: Argia, Anaitasuna… Egin egunkarian, adibidez —1977an sortu zen—, euskaraz idazten zuten erredakziokide gehienak itzultzaileak ziren, kulturako sailean zeuden erredaktore pare bat kenduta. Haiek egokitu behar izan zuten hedabide horretako kirol gaietako eta beste alorretako idazkera eta estiloa. Era bertsuan gertatzen zen, seguru asko, gainerako hedabideetan ere. Gaur egun bertan ere badakigu Berria egunkarian testuen erdiak-edo jatorrizko informazioa erdararen batean dakarten testuen itzulpenak edo egokitzapenak direla, zuzentzaile-buruak adierazi izan duen bezala.

Euskararen erabilera eremuen bat-bateko zabalkunde horrek IX.-X. mendeetako Bagdadeko itzulpengintza ekar lezake gogora. Hemen, Eusko Jaurlaritzak beteko zuen Bagdaden kalifek —Al-Mansur, Al-Mamun edo Harun ar-Raxid— bete zuten bultzatzaile eta ordaintzaile papera. Oso gauza ezaguna izan ez arren, Mahomaren ondoren arabiarren aginpide politikoaren zabalkundea hasi zenean, konkistatutako eremu gehienetan, ia mende oso batez greziera izan zen administrazioko hizkuntza eta ia hizkuntza ofiziala, eta ez arabiera, nekez gerta baitzitekeen ordu arte beduinoen hizkuntza izandakoa —Arabiako merkataritza bideetan ere erabiltzen zen— administrazio konplexu bateko hizkuntza ofiziala bilakatzea. Erlijio hizkuntza eta poesia hizkuntza izatetik, diglosia egoeratik atera, eta zientzia eta administrazio hizkuntza bilakatzea. Baina, dinastiaz aldatu eta Bagdadeko agintari berriek erabaki zutenean arabiar inperioko hizkuntza arabiera izango zela, ahalegin berezi bat egin zuten ezagutzen zen literatura, filosofia eta jakintza guztia arabierara itzultzeko; greziar klasiko guztiak, helenismoaren garaiko zientzia lan ia guztiak eta baita Persiatik eta Indiatik zetorren astronomia, medikuntza eta matematika guztia. Horrek bihurtu zuen arabiera zientziako hizkuntza, antzinako jakintzaren eta Europako Erdi Aroko eta Pizkundeko jakintzaren bitarteko zubi bilakatzeraino, handik aurrera arabierazko sorkuntza alor guztietan loratu zedin.

Aurreko paragrafoetan paraitzulpena eta oinarrizko diskurtsoa aipatu ditut: euskal itzulpengintza egituratuz zihoan garaian, euskararen erabilera beretuz zihoan alor askotan oinarrizko diskurtsoa sortzeko ahaleginean, itzulpenarekin batera, paraitzulpena zen beste baliabide nagusi bat.

Zeri deitzen diot paraitzulpena?

Lehen esan bezala, itzulpen formala izan gabe itzulpen egoera batean informazioa beste hizkuntza batean jaso eta, moldatuz edo zuzenean itzuliz, xede hizkuntzara bihurtuz egiten denari. Paraitzulpenak, bistan da, itzulpenaren arazo eta zailtasun guztiak ditu, baina haren soluziobiderik (itzulpena delako kontzientzia hartzea) batere ez.

Diglosia gainditzeko egoera edo ahalegin batean, gurean behintzat, bistan da paraitzulpenak protagonismo handia duela nahitaez, beste hizkuntza batean erdi formulatutako testuak-edo itzultzen baitira horrelako egoeretan.

Beti geratuko da, hala ere, galdera: idaztea bera —edo zuzentzea— ez ote da, neurri batean, itzulpen edo paraitzulpen modu bat? Salbuespen gutxirekin, ia testu guztiez izaten zen susmoa ez ote zegoen itzulpenez kutsatuta (gaur bizi dugun egoerari buruz ere, Bernardo Atxagak berak dio, Itzulpena, kristalezko zubia hitzaldian, bizi garen inguruari euskal kutsua ematen dion guztiaren % 80 itzulpena dela, aldez edo moldez). Hori dela eta, aro horretan guztian zehar, eztabaida franko izan zen itzulpena zela eta ez zela, edo hizkuntzaren egokitasuna zela eta ez zela.

Itzulpen ereduak (hitzez-hitzezkoa, librea, oso librea) oinarri teoriko askorik gabe eztabaidatzen ziren. Eta nahikoa gordin eztabaidatu ere itzulpenaren betiko dilema; alegia, jatorrizko testua etxekotu edo domestikatu egin behar den ala arrotz gorde behar den; pentsatzeak ere nekeak dituen maila bateraino, gainera (ea aritmetikaren formulazioa aldatu behar zen, euskararen sintaxira egokitzeko, adibidez…). Harrigarria da nola Bagdaden itzultzaileen artean izaten ziren eztabaida berberak errepikatzen genituen mila urte geroago. Baina antzekoak errepikatzen dituzte gaur egun, beste arrazoi batzuengatik, Venuti batek edo postkolonialismoaren Translation Studieseko eskolako teorialariek.

Gai horietan, muturreko bi jarrera izaten ziren, eztabaida gehienetan izaten diren bezala. Batetik —batzuek ziotenez—, euskaraz ematen ziren mezu berri horien hartzailea ez zegoen prestatuta mezu horiek euskaraz hartzeko, jasotzeko. Eta baliteke, baita ere —beste batzuen hipotesia—, mezua trakets adierazia izatea. Eta trakets adierazitako mezua itzulpenarekin berdintzen da beti. Itzulpenarekin edo paraitzulpenarekin. Nahikoa terminologia bitxia, txantxazkoa, baina oso adierazgarria erabiliz definitzen ziren paraitzulpen edo ezkutuko itzulpen hori eta horren ondoriozko akatsak. «Itzulpen intrakraneala» aipatzen zen, edo, beharbada, are garbiago adierazten zuena: «euskara gardena» aipatzen zen; hain ere gardena, non era horretako testuetan, uretan azpiko harriak ikusten diren bezala, gaztelania edo frantsesa ikusten baitzen euskarazko testuaren azpian.

Areago, «teorizatu» ere egiten zen euskararen egitura morfosintaktikoak zenbateraino bortxatu beharko ziren euskal itzultzaileek beren itzulpenak bizkorrago egin ahal izateko; alegia, euskararen berezko bilakaera zenbateraino behartu beharko zen itzuli beharreko jatorrizko testuen egitura morfosintaktikoen eta euskarazkoen arteko desberdintasunak hainbesterainokoak izan ez zitezen eta, era horretan, itzulpena errazagoa izan zedin. Horrek ere bazuen Bagdaden itzultzaileen artean izaten ziren eztabaiden antz pixka bat.

Zer esan nahi dut oinarrizko diskurtsoa edo abiaburuko diskurtsoa sortzearekin?

Puntu hori argitzeko, bi itzulpen mota bereizi beharko lirateke:

  • Ohiko itzulpena, hizkuntza bateko erregistro jakin batetik beste hizkuntza bateko gisa bereko erregistro batera egiten dena. Administrazioko hizkera batetik beste hizkuntza bateko administrazio-hizkerara, adibidez.
  • Hizkuntza bateko erregistro batetik, erregistro hori garaturik ez duen beste hizkuntza batera itzuliz, hartan eremu edo erregistro horretako oinarrizko diskurtso bat sortzen duena.

Gai bati buruz hitz egiteko edo idazteko hizkera sortzea, hizkuntz erregistroa sortzea da, beraz, desberdintasun horren gakoa. Erregistroa diogunean ez gara terminologiaz ari soil-soilik, hizkera koherente batean adierazitako hipertestu multzo edo sare batez baizik. Hori lortu bitartean, itzulpena esperimentazioa da batez ere. Edo esperimentazio egoeran dago. Eta esperimentuak funtziona lezake, bere helburua duen komunikazioa bideratzea lor lezake, edo gerta daiteke ez funtzionatzea. Eta ez testuagatik bakarrik; testuaren erabilera baldintzengatik ere bai. Alegia, gai bati buruzko komunikazioan funtzionatzen duen hizkera eta informazio multzotxo bat izan ezean handik aurrera abiatzeko, zaila da lehendabiziko pauso hori ematen. Adibide pare batez oso erraz ulertzen da:

Gaur egun, gure artean, aritmetika mailarik apalenean ere, gauza arrunta dira ber edo erro kontzeptuak, eta erabilera normala dute; eskolako ikasketa gaiak dira, beste gauza asko bezala. Adin bateko pertsonentzat, ordea, ez; orain dela mende erdi, itzulpen kontua zen; aspalditik genekien zer ziren potencia eta raíz; baina ez ber eta erro, halaxe itzuli zituzten arte.

Horixe bera beste muturretik begiratuta ulertzeko, euskaraz aurkeztu zen lehenengo doktore tesia, doktoregai euskaldun alfabetatu eta euskaltzale batek aurkeztua, itzulpena izan zen. Eta beste doktore tesi bat baino gehiago ezagutzen dugu, euskaraz aurkeztua, izatez erdaraz idatzi eta euskarara itzulia. Eta orobat ezagutu ditugu unibertsitateko irakasleak, euskaldunak, beti esan izan dutenak ez zirela gauza beren gaia euskaraz irakasteko, eta, aldiz, gai izan direnak gai horiek berak Ingalaterrako edo Estatu Batuetako unibertsitateetan ingelesez irakasteko. Zeren falta sumatzen zuten, hortaz, eskolak euskaraz emateko gai ez zirela esaten zutenean? Zer ez zuten euskaraz eta bai, ordea, ingelesez, gai horiei buruz akademikoki hitz egin ahal izateko? Hortxe dago gakoa: euskaraz ez zuten diskurtso egin bat, nondik abiatu, ingelesez bezala; bazuten terminologia, baina ez diskurtsorik; bazuten hiztegia, baina ez liburu multzotxo bat.

Antzeko zerbait gertatzen zen, askoz ere maila apalagoan, batez ere euskara bigarren irakaskuntzan sartzen hasi zenean. Kosta egiten zen euskaraz irakatsiko zuten irakasleak topatzea, baina testuak argitaratzen hasi zirenean, bat-batean asko erraztu zen irakasleak aurkitzea.

Eta, terminologia itzulpenaren lagungarri den zentzuan, garai horretan (1980-2000) egiten ziren terminologia lanak berak ere ezin esan daiteke terminologia zirenik hitz horren zentzurik estuenean, nolabait garai hartan bertan Termcat-eko Teresa Cabré zuzendariak —esate baterako— definitzen zuen bezala. Haren iritzian, berezilariek beren esparru bereziko fenomenoak izendatzeko erabiltzen zuten sistema zen terminologia. Euskaraz ez genituen horrelako berezilariak, oso eremu bakan batzuetan ez bazen. Filologian eta, beharbada, teologian, bakanen batzuk.

Egiazko praktikara itzulirik, terminologia hori den-dena itzulpenerako eta itzulpenean sortzen zela esango nuke. Ez zen eztabaidatzen bi eta bi ala bi gehi bi esan behar zen, dos más dos nola adierazi behar zen baizik. Horretan, hala ere, baliteke zalantza pixka bat izatea, beharbada, biak erabili izan zirelako euskaraz. Gauza bera bost aldiz bost ala bost bider bost erabakitzeko; izan zitekeen terminologia-arazo bat itzulpenezkoa, aritmetika-maila hori berezilarien artekotzat har baldin badaiteke. Baina pentsa zer eremutan eta zeri erantzunez erabaki zen 53 bost ber hiru adieraztea, cinco elevado a tres edo n√ —a = b  erro n berdin b, raíz n de a igual a b euskarara itzuli beharragatik ez bazen.

Eta gauza bera ordu arte euskaraz adierazten ez ziren beste hainbat jakintzagaitan. Batzuetan, zalantza izan daiteke erabakia terminologiari ote zegokion ala itzulpenari: «mendizerra», «mendikatea», «mendi-saila». Baina, adierazteko premia itzulpen jardueratik zetorrela, zalantza gutxi. Terminologiarako irizpideak behar zirela ere, zalantza gutxi.

Zer baliabide erabili ziren, egoera horretan, itzulpen premiei erantzuteko?

Lehendabizi, itzultzaileak, bistan da. Zorionez, badira garaitsu horretan lanean ziharduten itzultzaileen artean egindako bi inkesta: bata Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sortzaile eta zuzendari izan zen Xabier Mendiguren Bereziartu jaunak egina, Euskaltzaindiak eskatuta Eskola sortzeko proiektuan argitaratua («Itzulpenaren mundua eta euskal itzultzaileen oinarrizko prestakuntzarako eskola», Euskera aldizkaria),3 eta bestea zazpi urte geroago neuk egina, EIZIE elkartea sortzeko abiaburu bat izateko egin eta Senez 5en argitaratua («Euskal itzultzailearen egoera eta iritziak. Inkesta baten emaitzak»).4

Batetik bestera, zazpi urteko epe labur batean, nahikoa alde nabarmenak daude. Inkestek erakusten dutenez, itzultzaileen adina arras gaztetu da; lehenengo inkestan agertzen zen adin nagusieneko multzoa desagertu egin da, batez ere. Itzultzaileen ikasketa maila zertxobait igo da. Lanbideari dagokionez, itzultzaileak nabarmen profesionalizatu dira urte horietan, lehenengo inkestan % 46,6 baitziren itzultzaile gisa lanean zihardutenak; bigarrenean, berriz, % 84,21, horietatik erdiak Administraziorako, eta % 36,84 hedabideetarako. Itzulpenen jatorrizko hizkuntzak ere arras ugaldu dira zazpi urte horietan. Gainerako erantzunak ere interesgarriak dira, baina ezin sar daitezke azalpen labur honetan.

Aipatu dudan bigarren inkestan, itzulpengintzari buruzko prestaketa teoriko bat badutela erantzuten duten % 78tik % 62,5ek Senez aldizkaria aipatzen du beren prestaketa teorikoaren iturburu nagusitzat, eta % 43,75ek Martuteneko Itzultzaile Eskolak argitaratutako gainerako materialak.

Martuteneko Itzultzaile Eskola 1980ko udazkenean hasi zen itzulpenaren irakaskuntzan. Urte berean sortu zen Irrati-Telebista eskola ere, irrati eta telebista publikoetarako beharko ziren euskal profesionalak prestatzeko asmoz. Prestaketaren parte bat hedabide horietarako itzulpenerako prestakuntzari zegokion: itzulpena, bikoizketa, azpidazketa. 1982an sortu zen, legez, Euskal Irrati Telebista (EITB) Herri Erakundea, eta urte bereko Urtezahar gauean egin zuen lehenengo emanaldia, besteren artean bi film bikoiztu zirela (marrazki bizidunak eta telefilm bat). Hurrengo urteetan, lan pila bat banatuko zuen erakunde horrek itzultzaileen eta bikoizleen artean. Hala, beste lan eremu zabal bat sortuko zen itzultzaileentzat.

Martuteneko Itzultzaile Eskola zen, ordea, euskal itzulpenaren munduaren erreferentzia teoriko nagusia, eta hala izaten jarraitu zuen Eskolak berak edo handik sortutako zenbait ekimenek urte askoan eta, partez, oraindik ere bai.

Badira horretarako arrazoiak.

Lehenik eta behin, Martuteneko Eskolak une hartan zeuden nazioarteko eskolen esperientzia, saio teorikoak, itzulpenaz ziharduten autoreen lanak eta itzulpenari buruz zeuden aldizkariak bildu, eta liburutegitxo bat antolatzeari ekin zion. Hala bildu ziren une hartan itzulpenaren eremuan ziren teorialari ezagunenen lanak: Kloepfer, Levy, Jumpelt, G. Mounin, Vinay-Darbelnet, Seleskovitch, Lederer, Malblanc, Delisle, Gambier, Ladmiral, Catford, Nida-Taber, Kade, Neubert, Reiss, Koller, Vermeer, Vazquez-Ayora, G. Steiner, García Yebra, itzulpenaz idatzi zuten errusiar formalistetatik —K. Txukovski, Tynianov— hasi eta azken aldiko Fedorov, Shveitser, Retsker, Barkhudarov, Komissarov, Ljudskanov, S. Gontxarenko. Orobat, Eskola itzulpenarekin lotura zuzena zuten hainbat aldizkariren harpidedun egin zen: Meta, Babel, Contrastes, Traduire, Quaderns de Traducció i Interpretació, eta haien edukia ezagutarazten saiatzen zen eskolan bertan eta handik kanpo ematen zituen ikastaroetan.

Ez ziren asko, egia da. Ez baitzegoen askoz ere gehiago; ez zegoen gaur egungo aberastasunik. Itzulpenaren teoriak —teoria modernoak, traduktologia— Bigarren Mundu Gerraz geroztik garatu ziren Sobietar Batasunean lehendabizi (Fedorov) eta geroago, 1960 ingurutik aurrera —Martuteneko Eskola sortu baino lehentxeagotik— Europako gainerako lurraldeetan: G. Mounin, Les problèmes théoriques de la traduction (1963).

Garai hartan ez zegoen, ezta hurrik eman ere, gaur egun traduktologian —itzulpenaren munduan, oro har— dagoen ikerketa oparotasunik. Martuteneko Eskolako liburutegian, traduktologiak apaltxo batzuk hartzen zituen; gaur egun, aldiz, milaka eta milaka liburu, tesi, ezin konta ahala ikerketa, artikulu daude itzulpenari dagozkion ikerketa alor ugariei buruz. Itzulpenari buruzko ikerketak erabateko aldakuntza izan du azkeneko hogeita hamar urte hauetan; baita Euskal Herrian ere.

Beste alde batetik, Martutenekoa eskola bezala planteatu eta proiektatu bazen eta hasi ere asmo horrekin hasi bazen ere, ez zen hori bakarrik izan. Itzultzaileen elkargune ere izatea egokitu zitzaion: lehenengo ikasturteetako ikasleen artean ez ziren bakanak itzulpengintzan esperientzia —luzea edo ez hain luzea— bazuten ikasleak, edo ikasten ari ziren bitartean, aldi berean, itzultzen ari zirenak. Horrela, eskolak itzultzaileen arteko bilera bihurtzen ziren behin baino gehiagotan. Denok bihurtzen ginen halakoetan —irakasle zein ikasle— elkarren ikasle, elkarren esperientziaren biltzaile.

Antzera gertatzen zen Martuteneko Itzultzaile Eskolak ordutegi beteko ikasle izateko betarik ez zutenentzat antolatzen zituen arratseko edo asteburuko ikastaro eta jardunaldietan. Ikastaro haiek leku askotan ematen ziren, Eskolaren egoitzan bertan edo eskolatik kanpo. Administrazioan, argitaletxeetan eta beste zenbait lekutan ari ziren itzultzaileek ez ezik, itzulpenarekin nola edo halako lotura eta kezka zuten irakasleek ere parte hartzen zuten jardunaldi horietan. Gauza bera gertatzen zen Udako Euskal Unibertsitate barruan eman ohi ziren ikastaroetan. Itzulpenaz gainera, idazketa, erredakzioa izaten zen beste gai bat, hain zuzen ere une hartako euskalgintzan idazketa beti joaten baitzen itzulpenarekin edo paraitzulpenarekin lotuta.

Martuteneko Eskolak sortu zituen zenbait ekimen erabakigarriak izan dira, bestalde, euskal itzulpenaren azken mende erdi honetako historian.

Horien artean lehenengoa Senez aldizkaria sortu eta gerora EIZIE elkartearen esku utzi zuen arte kudeatzea izan zen. Ezinbestekoa dirudi bere helburu nagusia itzulpengintza irakasteaz gainera itzulpengintzaz eta lanbide horren inguruan gertatzen den guztiaz gogoeta egitea duen eskola batek irakaskizun eta gogoeta horiek ezagutarazi nahi izatea. Asmo horrekin sortu zen Senez itzulpen eta terminologia aldizkaria, dagoeneko 49 ale mardul argitaratu dituena. Kataluniako Quaderns de traducció i interpretació hartu zuen eredutzat. Aldi batez, euskal itzultzaileen artean egin ziren inkestek erakutsi zutenez, Senez izan zuten itzultzaile horiek beren erreferentzia teoriko nagusia.

Eskolaren proiektuan bertan aipatzen den beste helburu bat, gerora euskal itzultzaile batzuen artean Senez aldizkarirako egin zen inkesta batean berretsia, euskal itzultzaileak elkarte batean antolatu eta profesionalizatzea zen, eta, era horretan, lanbide horri zor zitzaion duintasuna ematen ahalegintzea. Halaxe sortu zen 1987an EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, itzultzaile eskolaren deiari erantzunez 25 itzultzaile ezagun bildu eta elkartea antolatu eta legeztaturik.

Zalantzarik ez dago EIZIE izan dela gaur egun euskal itzultzaileek oro har duten irudi ona bultzatu duen eragile nagusietako bat. Elkarteari dagokionez, ordea, zilegi bekit une honetan aztertzen ari naizen arora mugatu gabe sortu zenetik orain artekoa hartzea begipean, EIZIEren jarduera etengabe luzatu baita gaurko eguna arte, eta luza ailedi osasun eta indarrez luzaroan.

Bere helburu nagusietako bat —itzultzaileen prestakuntzarako saioak antolatu eta sustatzea— ezin baztertuzko eginkizuna du. Izan ere, itzultzaile berrien oinarrizko prestakuntza EHUk eskaintzen du gaur egun, baina handik aurrerako eguneratzeaz ez da beste ezein erakunde arduratzen, edozein lanbidetan etengabe eguneratzea ezinbesteko eginkizuna dela behin eta berriro esaten ari garenean. Euskal Herriko itzulpen premiak, itzulpen eremuak, itzulpen motak eta itzulpenerako baliabide eta teknologiak hain bizkor aldatzen diren gaurko egunean, ezin saihestuzkoa da eguneratuz joateko aukerak eskainiko dizkien erakunde bat izatea, dagoeneko lanean ari diren itzultzaileak erabat atzeratuta geratuko ez badira. Eta erakunde hori EIZIE izan da eta da gaur egun. Horretarako antolatzen ditu ikastaroak, jardunaldiak, web zerrendak eta abar.

Beste helburu nagusietako bat «profesionalen lan baldintzei kasu egitea» zuen. Hauxe du beharbada EIZIEk bere punturik ahulena. Baliabide faltaz batez ere, agian. Baliteke EIZIE barruan soldatapeko itzultzaileak eta itzultzaile enpresen jabeak batera daudelako ere gertatzea.

«Itzultzailearen ikusgaitasuna lantzeari» dagokionez, EIZIEk ordezkatzen ditu euskal itzultzaileak Euskal Herriko hainbat erakunderen aurrean (Administrazioa eta bestelako erakundeak), eta baita estatuko eta nazioarteko itzultzaile erakundeen aurrean ere: Red Vértice, CEATL (Conséil Européen des Assotiations de Traducteurs Littéraires) eta FIT (Fédération Internationale des Traducteurs).

Martuteneko Itzultzaile Eskolak proiektatu eta gerora eragin handia izan eta itzultzailearen irudiari ospea eman dioten beste bi ekimen ere aipatu nahi nituzke: EIZIEk kudeatzen duen Literatura Unibertsala bilduma eta —honen jatorria jende gutxiagok ezagutzen badu ere— 1990-2010 bitartean 200 liburu inguru itzularazi eta argitaratu zituen Pentsamenduaren Klasikoak bilduma.

Lehenengoa Martuteneko Eskolak diseinatu eta EIZIEren izenean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailarekin hitzartu zen. Ez zen planteatu euskarazko literatur kanon itzuli bat izateko asmoz, baina antzeko zerbait atera zen lehenengo diseinuaren arabera. Zenbait literatur aldizkari eta liburutan aholkatzen ziren azken mendeetako literaturako liburu zerrendak gurutzatu eta euskal itzultzaileen artean itzultzeko gaitasuna zegoen hizkuntzak kontuan hartuta osatu ziren lehenengo itzulgai zerrendak. Geroztik, hobeto eta irizpide zehatzagoz finkatutako proiektuez osatu da bilduma hori.

Antzeko prozeduraz baliatuz zehaztu zen Pentsamenduaren Klasikoak bildumaren lehenengo proiektua. Martuteneko azkeneko uneetan aurkeztu zitzaion BBVri. Juan Jose Arbelaitz abokatua izan zen, zehazki, proiektua BBVri aurkeztu ziona. Hark proiektua onartu eta handik aurrerako urratsak ez zituen Eskolak jarraitu. Proiektua BBVA, BBK, Kutxa, Vital Kutxa eta EHUren eta Deustuko unibertsitatearen esku geratu zen.

Bi proiektu horiek eta garai bertsuan beste argitaletxe batzuek bideratu zituztenek zenbaitek arrazoi baino ausardia gehiagoz «euskal itzulpenaren urrezko aroa» deitu izan dutena ekarri zuten.

Garai horretan euskal itzulpengintzaren erreferentzia Martuteneko Itzultzaile Eskola izanagatik, horrek ez du esan nahi bestelako ekimenak, eta garrantzi handikoak, izan ez zirenik.

Batetik, beste eskola batzuk ere sortu zirelako. Lehenengoa 1986an IVAP-Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeak sortu zituen ALAIE (Administrazio Lanerako Itzulpen Eskola) eta IZO (Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala). Labayru ere itzulpen ikastaroak ematen hasi zen 1986an, eta 1989tik aurrera ikastaro iraunkorrak ere bai.

Baina, irakaskuntzaz aparte, garrantzi berezia izan zuten beste bi erreferentzia puntu Elhuyar eta UZEI izan ziren. Martuteneko Eskolaren helburua oinarrizko orotariko itzultzaileak prestatzea zen bezala, Elhuyarrek eta UZEIk alor espezifikoagoetan ziharduten, itzulpenarekin lotuta betiere, «euskara teknikoa» esaten zitzaionean.

Elhuyarrek zientzia-zabalkundearen arloan ziharduen batez ere, baina baita hiztegigintzan, itzulpenean eta eremu berezituetarako euskararen irakaskuntzan ere (enpresak euskalduntzea).

UZEIk, berriz, hiztegigintza zuen eremu nagusia, zientzia edo jakintza eremu berezietarako hiztegigintza: Natur Zientziak, Fisika, Kimika, Administrazioa, lehenengoak bakarrik aipatzeagatik. Zerrenda luze bat.

2000. urte ingururako, euskal itzulpenaren mundua gutxi-asko egituratuta dagoela iritzi daiteke; itzultzaileak profesionalizatuta daude gutxi-asko; ikasketak unibertsitatean egiten dira; itzulpenaren nolabaiteko onespen sozial bat badago; itzulpena ia hizkuntz-erabileraren eremu guztietara dago hedatuta; itzulpen teknologiak erabiltzen dira eta berriak ikertzen; web orriak, lokalizazioa aurreratuta daude eta normal egiten dira; bikoizketa eta azpitituluak aspalditik daude; geroz eta maizago egiten dira interprete lanak. Oro har, pentsa daitezkeen eremu, esparru eta modu guztietan egiten da itzulpena, batzuetan gehiago beste batzuetan gutxiago: zerbitzu publikoei dagokienez, osasun zerbitzuak eta epaitegiak dira, seguru asko, itzulpenak oraindik presentzia gutxien duten zerbitzuak.

Batez ere, esan daiteke bete direla aro honen hasierako itzulpenaren helburu nagusi batzuk. Sortuta dago euskararen erabileraren esparru askotako oinarrizko diskurtsoa, ez itzulpenaren bidez bakarrik, baina bai, neurri handi batean, itzulpenaren eta paraitzulpenaren bidez. Hori konstatatzeko, aski da esparru horietako euskarazko produkzioari erreparatzea: hedabideak, testugintza, saiakeragintza, unibertsitateen argitalpenak, argitaratzen diren tesiak. Diskurtsoa nahiko finkatua dago esparru horietan, eta itzulpenak berez dagokion betekizuna bete dezake: beste hizkuntza batean jasotako mezuak gurera ekarri edo guretik besteetara bihurtu.

Esparru ugaritan bete dira hasierako eta oinarrizko helburu haiek, baina ez guztietan.

Irakaskuntzaren eremuan, esate baterako, Batxilergo mailara arteko testuei dagokienez, esango nuke Lur Hiztegi Entziklopedikoaren garaitsuan ikusi zela oinarrizko diskurtso hori osatuta zegoela, bazegoela adostasun bat horretan —hizkuntz ereduari buruzko eztabaida garratz askoren ondoren—.

Administrazioan, ordea —euskal itzulpenaren munduan askogatik diru, lan eta langile gehiena inbertitzen den eremuan, hain zuzen—, ez dago diskurtso bat euskaraz, edo oso gutxi dago, eta komunikaziorik ia batere ez. Ez eremu horretan diharduten itzultzaileen trebezia faltaz. Aitzitik, baliteke Administrazioaren hizkuntzaren izaera korapilatsuaren, testu horien aurkezpenaren (jatorrizkoaren parez pare ia beti) eta gisako faktoreen eraginez izatea. Baina nahikoa seguru esan daiteke Administrazioaren euskarazko testuak (itzuliak ia beti) ez duela komunikazio eginkizunik betetzen, edo oso gutxi betetzen duela komunikazioaren eginkizuna (gaztelaniazkoak zenbateraino eta nola betetzen duen ere azterkizun izango litzateke).

2000. urteaz geroztik. Itzulpengintza egituraturik

Eta, bukatzeko, euskal itzulpenaren gaurko egoeraz hitz bi, euskal itzulpenaren eremu nagusietako itzulpengintzaren egoeraz, euskal itzulpengintzan izan diren lorpenez, arazoez, hutsegiteez, eztabaidez eta etorkizunerako erronkez. Eta euskararen batasun-prozesuan izan duen eta oraindik ere duen eginkizunaz; etorkizunaz, beraz. Euskal itzulpengintzaren hazkundea ia bat dator euskararen batasunaren finkatzearekin eta zabalkundearekin, euskararen erabileraren zabalkundea eta finkatzea ere, oro har, harekin bat datorren bezala.

Goiko paragrafoetan esan bezala, 2000. urte ingururako, gutxi gorabehera, euskal itzulpengintzaren egituratzea burutu samartzat eman daiteke. Hedadurari dagokionez, euskal itzulpengintza euskararen erabileraren normalizazio-prozesuan erabilera hori hartuz joan den eremu berberetara iritsi da, eta normalizazioa eginez joan den heinean euskal itzulpengintza ere sendotu eta egituratu egin da. Aro berri honetan lorpen handiak izan dira. Euskara eta euskal itzulpena alor berrietara iritsi dira: Internet, eskuko telefonoetarako aplikazioak, jolasak, audioliburuak, filmen azpitituluak, interpretazioa, testu zuzenketa, eta abar. Lehendik zetozen erakundeak eraberritu edo sendotu dira (Elhuyar, UZEI…), beren eremuan eragin erabakigarria duten itzulpen proiektu handiak jarri dira martxan (ZIO eta beste hainbat), itzultzaileentzat oso baliagarriak diren tresnak sortu dira (itzulpen eta testu corpusak, besteren artean), itzulpen automatikoaren alorrean ikerketak eta aurrerapauso handiak egin dira…

Orobat iruditzen zait itzulpenen kalitateak oro har hobera egin duela; gaur egun egiten diren itzulpenak —ez literaturan bakarrik, baita beste eremu batzuetan ere— garai batean egiten genituenak baino hobeak, doiagoak direla, hizkera aberatsagoa darabiltela. Horrek ez du ziurtatzen, besterik gabe, itzulpen hobeak direnik, baina oro har iruditzen zait —nireak irudipen hutsak ez badira— itzultzen diren jatorrizko testuak batera hartuz gero, denen artean hizkera aberatsagoa dutela behinolako itzulpenek baino, eta, horrenbestez, gaurkoek aberastasun handiagoa badute, gehiago hurbiltzen direla jatorrizko testuen aberastasunera. Badakit oso irizpide eztabaidagarria dela, eta hobetoxe arrazoitu beharko litzatekeela.

***

Beste eremu batzuetan, ordea, galerak ere izan dira: telebistarako bikoizketaren beherakada nabarmena, esate baterako. Itzulpenak, diglosia gainditzeko tresna izan daitekeen aldetik, hizkuntz ohiturak aldatzeko ere balio behar du, eta hala balio izan du, bere neurritxoan. Nola interpretatu bikoizketaren beherakada? Hain zuzen ere bikoizketari azpititulazioa kontrajartzen eta azken hori lehenesten tematzen dira batzuk. Tamalgarria eta etorkizun hurbilerako erabakigarria iruditzen zait, euskarazko telebistak garai batzuetan euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzen izan zuen eragin erabakigarria, orain galduxea, kontuan hartuz gero. Eragiten al dute azpitituluek gaur egun euskaraz behar duen hizkuntz ohituren aldaketa, edo eragiten al dute bikoizketak baino gehiago? Gogoratu nolako eragina izan zuten marrazki bizidun bikoiztuek «Doraemon belaunaldia» deitu izan denarengan.

Aitortu beharra dugu eremu batzuetan itzulpena ez dela iritsi lortua beharko zukeen estatusera: euskarazko itzulpen literarioa dut gogoan. Itzultzaile askok kexuz diotenez, oraindik ez da desegin «euskal literatura = euskaraz sortua» <-> «literatura = nork bere erdaran irakurtzen duena» kontrajartzen dituen antitesia. Badirudi «euskal literatura» esaten denean euskaraz sortutako literaturara mugatzen dela kontzeptu hori eta ez dela zabaltzen euskaraz dagoen literaturara. Literaturaz hitz egiten denean, aldiz, badirudi erdaraz (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez) irakurtzen dugun literaturaz ari garela; areago, badirudi hizkuntza horietan irakurtzen ditugun itzulpenak ere kategoria horretan sartzen direla, itzulpenak ere jatorrizko literatura balira bezala.

Horren guztiaren oinarrian, era askotako arrazoiak daude, seguru asko: literatur irakurleari dagozkionak (historikoak, soziologikoak, psikolinguistikoak) edota itzulpenezko testuari berari dagozkionak: inoiz esan izan da —Andu Lertxundik, oker ez banago— euskarara itzulitako testu literarioen hizkuntza konplexuagoa izan ohi dela euskaraz sortuena baino; itzuli, hain zuzen, adierazpen zehatz finkatua itzultzen delako eta haren konplexutasunari ihes egin ezin zaiolako; eta euskarazko sorkuntzan, berriz, idazleak aukera duelako ezintasunei ihes egiteko.

Literatur irakurlearen aldetik begiratuta, berriz, literatur irakurketa ekintza bezala hartzen bada (testua ez ezik, testua sortzea eta testua irakurtzea ere ekintza horretan sartzen badira), irakurleak asko jartzen du bere aldetik. Bere jokorako gaitasunaz, interpretatzeko gaitasunaz gainera, bere oroimena jartzen du (konnotazioak ez daude testuan; konnotazioak inspiratzeko akuiluak bai, baina loturak irakurleak egiten ditu, lehendik irakurria duenarekin). Hori horrela baldin bada, eta irakurketa gehienak bere erdaretan eginak baditu, normala da erdaraz egiten dituen irakurketek jatorrizkotasun sentsazio handiagoa eragitea euskarazko itzulpenek baino (euskaraz itzulpen gutxi irakurri badu).

Literaturan hiru kategoria horiek —euskal literatura, erdal literatura eta itzulpena— bereizten dituen kategorizazio hori oso-oso zabalduta egon da —eta dago, beharbada— euskarazko irakaskuntzan batez ere. Literaturaren azpieremutxo bat geratzen da kategorizazio horretatik kanpora: haur eta gazte literatura. Beharbada, ordea, beste era batera izendatu beharko litzateke azpieremu hori, zinez betetzen duen paperari begiratuta: literatura pedagogizatua.

Literatur sistemen ikertzaileek erakutsi dutenez, beti izaten da halako tirabira literatur sistemen barruan itzulpenean eta sorkuntzazko testu literarioen artean. Badirudi, horrela, era bateko zein besteko arrazoiak izan, euskarazko literatur itzulpenak oso bazterreko eremua hartzen duela euskarazko sistema literarioan. Berariazko kontzientziazio, azterketa eta kritika ahalegin bat beharko litzateke egoera hori irauli eta euskal sistema literarioan sorkuntza eta itzulpena modu eraginkorrago batean integratzeko.

***

Albiste pozgarriak eta nahigabeak aipatzeaz gainera, kezkak ere aipatu beharko genituzke.

Lehen, Bagdadeko itzultzaileek arabiar kulturaren garapenean eta arabiera hizkuntzan bertan izan zuten eragina aipatu dut. Behin baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari haien eraginaren ondorengo arabiera zenbateraino ote zen lehengoaren berdina. Historialariek diotenez, lehenengo itzultzaileak greziera eta batez ere arameiera (arabieraren hurbileko hizkuntza) oso ongi eta arabiera ongi ezagutzen zutenak ziren, geroztik asko eta asko ama-hizkuntzaz pertsieraz hitz egiten zutenak. Horrexegatik, beharbada, arabierarako itzulpenaren garai hori aztertu dutenek, «Erdi Aroko arabiera tekniko» deitzen dutena aztertu dutenek, hizkera ez oso dotore, ez oso zuzen, erraztu eta urritu bat eratu zela diote.

Euskarari dagokionez ere, askotan galdetu izan diot neure buruari: Itzultzaileok izan dugun eraginaren ondoren, zenbateraino izango du euskara horrek lehenagokoaren antza (batasunak eragindako aldaketez gainera)? Iruditzen baitzait batasun prozesuaren ondoren berriro euskalkien ekarpenak balioesteko dagoen joeraren atzean ez ote dagoen batasun prozesuaren ondorio gisa (izan dena izan delarik, balioespenik edo gaitzespenik gabe) egiaz erabiltzen den euskaran urritasun bat sumatzen dela («itzulpenaren unibertsal»etan aipatu ohi denaren paretsukoa: testu itzulien hizkuntz aberastasuna testu itzuli gabeena baino urriagoa izaten omen delako).

Eta horrek guztiak, lehen iragarri bezala, Japoniako itzulpenaren historiaren paralelismoa gogorarazten dit.

Japoniako idazkerak eta itzulpenak historia bitxia dute (guretzat bitxia), eta oso lotura estua, bien artean.

Hasieran ez zen idazten japonieraz. Lehenengo testuak Txinatik ekarriak ziren. Txinerazko idazkera klasikoa piktogramaz, ideogramaz eta logogramaz osatua denez, nahiz eta zeinu horietako gehienek balio fonetiko bat ere izan, estu-estuan hartuta ez dago zertan txinera jakinik testu horiek ulertzeko, trafikoko seinaleak ulertzeko edozein hizkuntza jakin beharrik ez dagoen bezala. Aski da zeinuen esanahia jakitea. Baina zeinuak esalditan artikulatzen dira, ordena jakin batean multzokatzen dira; txineraren sintaxiaren arabera. Txinera eta japoniera oso egitura desberdineko hizkuntzak izanik, japoniarrei kosta egiten zitzaien Txinatik ekarritako edo haien modura idatzitako testuak ulertzea; edota, japonierazko ordenan idazten baldin baziren, txinatarrei kostatzen zitzaien ulertzea, nahiz eta ideograma berberak izan. Oztopo hori gainditzeko, txinatar testuetako ideogramen ondoan zenbakitxoak idazten hasi ziren, japoniarrentzat irakurketa ordena zehazteko. Gerora, areago, ideogramei japonierazko atzizkiak atxikitzen hasi ziren, horretarako idazkera silabiko bat (bi) asmaturik. Eta horrela asmatu zen gaur egungo japoniar idazkera.

Horrela, bada, XVI. mendean europar hizkuntzak Japoniara iritsi zirenean, bazen aurrekari bat kanpoko hizkuntza horiek japonieran eragina izateko, erabat japonierazko konbentzioetara egokitzera behartu ordez. Eta lehen txinerazko testuak japonierazko sintaxiaren arabera irakurtzeko ohitura (kanbun-myaku) izan zen bezalatsu, Europatik iritsitako testuak antzera irakurtzeko ohitura zabaldu zen japoniar kulturako eliteen artean (europar ukitu nabarmena zuten testuak = ōbun-myaku).

Historian salto handiak eginez, itxialdi luze baten ondoren, Meiji aroan Japoniaren modernizatzea hasi eta herrialdea mendebaldeko herrialdeetara zabaltzean, herrialde horietako jakintza eta kultura bereganatzeko sekulako ahalegina egin zen; berebiziko eragina izan zuen itzulpenak, ingelesetik egiten zenak batez ere, lehengo joerari jarraituz. Hala, hainbesterainoko ospea zuten testu horien itzulpenek non estilo hori nagusitu baitzen itzulia ez zen prosan ere, hon’yakuchō edo itzulpen estiloa, translationese deitua —alegia, itzulpenetik hartutako hitz berriak, joskerak, egitura maiztasunak (interferentziak, oro har) idazkera arruntera ekarrita—, arroztasun kutsua nabarmena zuen estilo bat. Estilo horixe zen estimatuena, arroztasun ukitu hori ez zuten testuak gutxiesteraino. Idazle handiak borrokatu dira joera horren kontra, japoniera mintzatutik edo olerkigintzako japonieratik hurbilago baten alde: Junitxiro Tanizaki, Yukio Mixima, esate baterako, eta askok, azken honek adibidez, amore eman behar izan zuten.

Gideon Touryk dioenez, interferentziaren onespen hori xede kulturaren eta jatorrizkoaren arteko botere orekaren araberakoa izaten omen da: zenbat eta ospe handiagoa sorburu kulturak xede kulturaren aldean, orduan eta onespen handiagoa interferentziarako. Badirudi Japonian oraintxe ari dela joera hori baztertzen, japoniarrek beren kulturaren nagusitasun handiagoa sumatzen dutenean eta, aldi berean, herritarren artean indartu denean kontsumo zabaleko literatura, literatura xehea kontsumitzeko ohitura. Literatura mota hori ez baita aise ezkontzen elitetasuna nabarmen adierazi nahi zuen hon’yakuchō estilo harekin. (Gai horri dagokionez, guztiz irakurgai gomendagarria da Minae Mizumura idazle japoniarraren The Fall of Language in the Age of English saiakera).

Joera horiek unibertsalak direla ere esan daiteke, euskaraz ez ezik, inguruko hizkuntza zabalduagoetan ere; ingeleskeriak goresteko joera, adibidez. «Itzulpenaren unibertsal»etako bat da, hain zuzen, itzulpena aise kutsatzea, nahita ala nahi gabe, jatorrizko testuaren egiturez.

Euskaraz itzulpena izan ez dena neurri handi batean nahitaez paraitzulpena izan dela kontuan harturik, eta paraitzulpenak, lehen esan bezala, itzulpen kontzientzia urria izateko desabantaila duela jakinik, dudarik ez dago parte handi batez prozesu horren fruitua den oraingo euskara batuari dagokionez, etengabe berritu eta aztertu beharrekoa iruditzen zait interferentzien alor hau. Adi egon beharko genuke erabiltzen dugun euskara batua translationese bilaka ez dakigun.

Euskara premia berrietara egokitzeak ahalegin handi bat eskatzen zuen neologismoak sortzeko, adibidez; horretarako, hiru baliabide erabili ziren gehienbat, beste hizkuntza askotan bezala (arabieraz eta japonieraz, hemen aipatu ditugun paralelismoetan): maileguak, sorkuntza deribazioa eta semantika hedapena.

Neologismo horietako askok arrakasta izan dute, eta finkatu egin dira: azpiegitura, berreskuratu… Beste batzuk galdu egin dira, edo zalantzan daude: gerla, *birfindegi… Beste batzuetan, esanahi aldaketak gertatu dira, nekazaritzako hiztegitik zetozen hitzetan batez ere: zerrenda (= zati estu luzea: zirrindara) gaztelaniazko lista bilakatu da; jorratu (belar txarrak kendu) landu bilakatu da.

Horiek guztiak zilegi dira; ez dago zertan interferentzia edo translationese gisa harturik; hala ere, iruditzen zait horiekin batera (batez ere gaztelaniaren) maileguzko eta bestelako interferentzia asko sortu zirela, mekanismo horiek, hasierako garaietan batez ere, gaztelaniazko egitura morfosintaktikoen arabera egin zirelako. Gaztelaniazko erregistro horietako (zientzia, administrazioa, «hizkera jasoa») askotan zeuden joerak imitatzen zirelako.

  • Nominalizazio-joera, adibidez, Senez honetan behin eta berriro arrazoi handiz salatua.
  • Baina baita imitaziozko beste adierazpide asko ere, hala nola erreferentzia anaforikorik gabeko lokailuak: *ondorioz (horren ondorioz) eta beste ezkutuago asko.
  • Beharrezkoa ez zen lexiko berrikuntza handia ere ekarri zuen: bestelako ordez desberdin.

Baina badira beste sintoma batzuk ere: itzulpenetan unique items edo osagai esklusiboak deituak eskas izatea, eta ez testu itzulietan bakarrik, baizik eta baita itzuliak ez direnetan ere.

Testu itzulien eta itzuli gabeen konparaketaz detektatu beharko lirateke horrelakoak. Edota baita ustez «jatorrizkoak» diren elkarren segidako corpus diakronikoen azterketak eginez ere. Itzulpenak hizkuntzaren erabilera arautuan denboran zehar izan duen eragin geroz eta handiagoa atzemateko, ez baita batere erraza eboluzio hori izan ote den eta nolakoa izan den zehaztea. Ikerketa eremu zabala, oraindik ia ukitu gabe dagoena, nik dakidalarik behintzat.

Badago alderdi positiborik, hala ere:

  • Neologismo mordo bat desagertu izana: *birfindegi — petrolio-findegi
  • Unique items horietako batzuk gehixeago agertzen hasi izana (oso zaila da egiaztatzea, baina irudipena daukat). Iruditzen zait «nor eta zu», «zer eta…» eta gisako egitura batzuk aldi batez ahaztuta egon ondoren berriro agertzen hasi direla.

Etorkizunari begira

Eta etorkizunaz, zer? Etorkizunaz… galderak. Etorkizuna hasita dago, eta oraintxe daukagun mundua da datorkiguna. Eta mundu horretan kokatu beharko da itzulpengintza, baita gurea ere.

Baditu, denak bezala, bere arriskuak, ahulguneak, eta baita indarguneak ere.

Informazioaren gizartean eta kultura globalizatuan bizi omen gara. Euskal Herria eta euskal herritarrak mundu osoko informazioaren joan-etorrien bidegurutzean bizi izan dira, eta are gehiago biziko dira. Horrela, euskal herritarrengana iritsiko den informazioak bi iturburu izan ditzake.

Bat, Euskal Herritik bertatik. Diglosia egoera gainditzeak ez du esan nahi sorkuntza elebiduna bultzatuta ere itzulpena beharko ez denik.

Beste iturburua, bistan da, Euskal Herriaz kanpokoa da, eta hau izango da, gainera, informazio iturririk oparoena. Egia da, zentzu horretan, informazioaren munduan gaudela. Beharbada, ordea, informazioaren gehiegiak informazioa iluntzen eta ezagutza oztopatzen duen zentzuan, Norbert Wienerrek zioen bezala. Informazioaren joan-etorria eragiten duten interes ekonomikoek agintzen duten neurrian, mila modutan etorriko zaigu informazio zaparrada hori, euskaraz salbu. Informazio erauntsi hori guztia, eremu urriko hizkuntza batean —gurea bezalako komunitate kulturaniztun batean— nola kudeatzen den, nolako itzulpen baliabideak horretaratzen diren, erabaki asko hartu beharko da. Horren aurrean, zer? Itzulpen prozedurak bizkortu? Teknologian ikerketa bultzatu? Herritarrak eleaniztun izateko prestatu? Itzultzaile ez direnei ere itzulpen egoeran, nahitaez hala egongo baitira, sortzaile izaten irakatsi?

Itzulpenaren irakaskuntzak —alegia, estamentu akademikoak— oso gertu egon beharko du lanbidetik, oso bizkor aldatuz doan mundu batetik, eta hari erantzun beharko dio.

Beste alde batetik, itzulpenaren munduko ikerketa eta itzulpen prozesuaren ikerketa indartu beharko da. Azkenaldi honetan egin diren probetan, aurreramendu handiak sumatu dira. Corpusen ustiaketan eta corpusen erabileran ere aurreramenduak egin beharko dira, eta itzultzaileei tresna horiek guztiak erabiltzen irakatsi beharko zaie. Itzulpenaren antolamendua aldatzeko irizpideak finkatu eta horretara ausartu beharko dugu, zenbait alorretan batez ere. Batetik, dagoeneko euskal itzultzaileen artean —autonomoen artean batez ere—, nabarmen hasi da sumatzen kanpoko itzultzaile enpresa handien konpetentzia. Beste alde batetik, zenbait erakundetako itzulpen sailen antolamendua ez da izan daitekeen emankorrena.

Beharbada ez da hau euskal itzulpenaren etorkizunaz merezi duen gogoeta egiteko lekua eta unea. Ez dirudi euskal itzulpengintzaren «klima aldaketa» baten mehatxupean gaudenik, baina beti egon beharko genuke adi zer mundu datorkigun, zertara egokitu beharko dugun, horretarako lanbide honetan eragina dugun guztiok —itzultzaileak, administrazioak, akademia— bildurik hitz eginez. Ea Joseba Arregi jaunak behin, Kulturako sailburua zenean esan zuen bezala —Literatura Unibertsala bildumaren jendaurreko lehenengo aurkezpenean, uste dut—, egia den «itzulpenak munduan euskaraz eroso bizitzen laguntzen digula». Bai ote? Gureak ere bai? Oraingoz, hemen bertan eroso-edo bizitzen ozta-ozta laguntzen digu-eta.

1. Zaharrak: Walter Benjamin, G. Mounin, Vázquez Ayora, García Yebra, K. Chukovsky, Fedorov, R. Ladmiral, H. Meschonnic, P. Newmark, Vinay-Darbelnet, Harold Bloom.
Berriagoak: Peter Burke, Michael Cronin, Jean Delisle, Eva Hung, Gideon Toury, Mona Baker, Susan Bassnett, Antoine Berman, Umberto Eco, Itamar Even-Zohar, P. Bourdieu, Anthony Pym, Lawrence Venuti.
Eta, nola ez, Senezen argitaratu diren artikuluak eta Euskal Herriko unibertsitateetako ikasle eta irakasleek argitaratu dituzten tesiak.