Ikus-entzunezkoen itzultzaileen abenturak eta desbenturak
Ane Garmendia Alberdi

2023ko azaroaren 15ean, «Ikus-entzunezko itzultzaileen abenturak eta desbenturak» solasaldia egin genuen, EIZIEren eskutik, Errenteriako Lekuona Fabrikan. Bertan, Ion Zubizarreta, Maider Lizoain eta Ane Garmendia itzultzaileek ikus-entzunezkoen itzultzaileon lanbidearen nondik norakoei buruz hitz egin zuten. Hasteko, bakoitzak bere ibilbidea azaldu zuen, eta nola iritsi den ikus-entzunezkoen mundura. Gero, ikus-entzunezko itzulpengintzak barne hartzen dituen diziplinak aipatu, eta bezeroez jardun zuten. Gehien jorratutako gaia ikus-entzunezkoen itzultzaileen erronka, zailtasun eta aldarrikapenena izan zen, baita euskarazko itzultzaileek dituzten abantaila eta desabantailena ere. Euskarak gaur egun alor honetan duen egoeraz ere aritu ziren, edukien kopuruei eta kalitateari erreparatuz era berean.

Sarrera

2023ko azaroaren 15ean, «Ikus-entzunezko itzultzaileen abenturak eta desbenturak» solasaldia izan genuen, EIZIEren eskutik. Errenteriako Lekuona Fabrikan bildu ginen Ion Zubizarreta, Maider Lizoain eta ni neu, Ane Garmendia, ikus-entzunezkoen itzultzaileon lanbidearen nondik norakoei buruz hitz egiteko, Mila Garmendia gidari.

Hasteko, bertan parte hartu genuen itzultzaileok geure burua aurkeztu genuen, labur-labur, bakoitzak ikus-entzunezko itzulpengintzaren munduan zer egiten dugun azaltzeko.

Maider Lizoain Cotandak (Iruñea, 1995) Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasi zuen, Gasteizen (UPV/EHU, 2013-2017). Graduaren azken urtean, ikus- entzunezko itzulpengintzarekin maitemindu zen, eta, ondoren, ikus-entzunezko itzulpengintzako master bat egin zuen, Londresen. Geroztik, ikus-entzunekoen munduan sartzen ahalegindu da, non, besteak beste, bikoizketa, azpitituluak eta irisgarritasuna lantzeko aukera izan duen. Dena den, lan munduak beste norabide baterantz eraman, eta lokalizazioan ere espezializatu zen. Lokalizazioan eta zuzenketan aritzen da gehienbat, baina azpitituluak ere egiten ditu.

Neuk, Ane Garmendia Alberdik (Zumarraga, 1980), Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nuen, Castellón. Ikus- entzunezkoetan eta literaturan espezializatu, eta Donostian egin nituen praktikak, Irusoin bikoizketa enpresan. Behin ikasketak amaituta, autonomo gisa hasi nintzen askotariko itzulpenak egiten, itzulpen agentzientzat eta abar. Baina ikus-entzunezkoen harra hozkaka neukan barruan, eta, Bartzelonako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Itzulpengintzako masterra egin ondoren, pixkanaka mundu honetan murgildu nintzen. Batez ere bikoizketan eta azpitituluetan aritzen naiz, eta normalean euskarara itzultzen dut. Telesailak, marrazki bizidunak, filmak eta dokumentalak, batez ere. Abestiak ere itzultzen eta egokitzen ditut.

Ion Zubizarreta Arturok (Oñati, 1975), 2011n Londresen Ikus-entzunezko Itzulpengintzako masterra egin zuenetik, fikziozko edukiak eta dokumentalak itzuli ditu, ingelesetik euskarara eta gaztelaniara, zenbait zinemaldi eta streaming bidezko telebista plataformarentzat. 2017az geroztik, Netflix plataformako edukien zuzentzaile dihardu. Horretaz gain, Donostiako, Gijóngo eta Sevillako zinemaldietan zuzeneko azpitituluen sinkronizatzaile lanetan aritu da 2016tik hona.

Ikus-entzunezkoen itzulpengintza: modalitateak

Hiruron artean, ikus-entzunezkoen itzulpengintzak hartzen dituen diziplinak azaldu genituen, labur-labur. Aipatu beharra dago oso alor zabala dela eta guk hirurok haietako batzuk baino ez ditugula lantzen. Dena den, saiatu ginen nolabait diziplina guztiak aipatzen.

Batetik azpitituluak dauzkagu. Diziplina horretan, adibidez, hirurok aritzen gara. Azpitituluetan, audioko ahotsek esaten dutena idatziz ematen da. Denbora-kodeak erabiltzen dira testua eta audioa une berean jasotzeko. Batetik, itzuli egin behar da, hau da, hizkuntza batean dagoen bideoaren audioa beste hizkuntza batean eman azpitituluen bidez. Bestetik, baliteke azpitituluak audioaren hizkuntza berean egin behar izatea, hau da, transkripzio azpititulu bat, nolabait esatearren. Non aurki ditzakegu azpitituluak? Filmetan, telesailetan… Horiek dira agian ezagunenak, baina beste eduki mota batzuetan ere erabiltzen dira, hala nola bideo korporatiboetan, museoetan, publizitatean… Batzuetan, bezeroak eska diezaguke azpitituluen fitxategia entregatzea, eta beste batzuetan, berriz, azpitituluak bideoan txertatzea. Hori da gutxi gorabehera azpitituluek hartzen duten eremua.

Azpitituluekin lotuta, eska diezaguketen beste lan bat izaten da azpitituluen templateak edo txantiloiak sortzea. Adibidez, Txinako itzultzaile batek euskarazko pelikula bat itzuli behar badu, azpitituluak sortuta bidaltzeaz gain, itzultzaile horri oharrak jarri behar zaizkio euskarazko terminoak, hitzak edo esamoldeak azaltzeko, testuingurua emateko, erreferentziak adierazteko eta abar. Ahal den informazio guztia, pertsona horrentzat pelikula itzultzea errazagoa izan dadin.

Bestetik, bikoizketaren diziplina daukagu. Esan genezake bikoizketak bi zati dauzkala: itzulpena batetik eta egokitzapena bestetik. Bikoizketan, jatorrizko aktoreen ahotsak xede-hizkuntzako ahotsekin ordezkatzen dira. Horretarako, sinkronia errespetatu behar da. Hainbat sinkronia mota daude: isokronia, denborarekin zerikusia duena (hizlariek ahoa irekitzen dutenetik ixten duten arte); sinkronia fonetikoa, ezpainen mugimendua, isiluneak eta halakoak kontuan hartzen dituena; sinkronia zinesikoa, gorputzaren mugimenduekin zerikusia duena (hizlariak buruarekin ezetz badio, ezin da itzulpenean «bai» jarri). Bikoizketa filmetan, marrazki bizidunetan, telesailetan, bideo korporatiboetan eta iragarkietan aurki daiteke, besteak beste.

Bikoizketarekin zerikusia duen beste diziplina bat ahots gainjarriena edo voice over delakoa da. Modalitate hori dokumentaletan erabiltzen da batez ere. Bideoaren jatorrizko ahotsa entzuten da bizpahiru segundoz, eta gainean jartzen zaio xede-hizkuntzara itzuli eta egokitutako ahotsa. Xede-hizkuntza gainjartzean, jatorrizko ahotsaren bolumena jaitsi egiten da. Teknika horrekin lortzen duguna da itzulitako produktuari sinesgarritasuna ematea.

Bikoizketaren alorraren barruan sar genezakeen beste diziplina bat abestien moldaketa edo egokitzapena da. Bikoizketarik libreena izango litzateke, eta horregatik esaten zaio moldaketa edo egokitzapena, itzulpenetik harago doalako. Diziplina horretan, badira mugak: silaba kopurua, azentuak, errimak… Baina, era berean, muga horiek errespetatzeko, beste batzuk hautsi behar dira, eta sarri itzulpen literaletik urrundu behar dugu, kantaren zentzu orokorra errespetatzeko.

Beste diziplina batzuk irisgarritasunarekin lotutakoak dira. Alde batetik, gorrentzako azpitituluak dauzkagu. Ohiko azpitituluei bideoan entzuten diren hots edo soinuen informazioa gehitzen zaie, batez ere pantailan agertzen ez direnak. Azpititulu mota horren beste ezaugarri bat da kolorez bereizten direla pertsonaiak. Bakoitzari kolore bat ezartzen zaio, gorrak jakin dezan nor ari den hizketan. Ezaugarri horien helburua zera da, entzumen-desgaitasuna duen pertsona batek eduki hori desgaitasunik ez duen pertsona batek bezala ulertu ahal izatea. Beste alde batetik, audiodeskribapena daukagu, ikusmen-desgaitasuna daukaten pertsonentzat. Bideoan hitz egiten ez duten uneak baliatzen dira tarte horietan ahots batek gertatzen ari dena deskribatzeko, bideoa entzuten ari den pertsona horrek uler dezan pertsonaiak nolakoak diren, zer testuingurutan dauden, zer egiten duten, nola mugitzen diren eta horrelakoak.

Bestalde, bideojokoen itzulpena daukagu. Diziplina horretan, orain arte aipatu ditugun modalitateak sartzen dira. Itzulpen mota horren zati bat lokalizazioarekin lotuta dago, erabiltzaileen interfazea, menuak eta horrelakoak ere itzuli behar direlako. Horrez gain, bideojokoan bertan murgilduta, hitz egiten duten pertsonaiak ere badaude, eta, halakoetan, azpitituluak edo bikoizketa erabiltzen dira. Irisgarritasuna ere aplikatzen da kasu batzuetan, gorrentzako azpitituluen edo audiodeskribapenaren bidez. Egia esan, bideojokoek aukera asko ematen dizkiete erabiltzaileei euren esperientzia pertsonalizatzeko. Horregatik nahasten dira hainbeste elementu.

Orain arte aipatutakoaz gain, diziplina horietan guztietan zuzenketa lanak egiteko enkarguak ere jasotzen ditugu ikus- entzunezko itzultzaileok. Izan daitezke zuzenketa linguistikoak edo estiloari lotutakoak. Adibidez, bezero batek azpitituluak egiteko estilo-gida bat badauka, guk zuzenketak gida hori errespetatuz egin behar ditugu, hura betetzen dela ziurtatzeko. Zuzenketen alorrean sar genezake, halaber, conforming delakoa, hots, lehendik sortuta dauden azpitituluak bezeroaren estilo- gidara moldatzea: lerro bakoitzeko karaktere kopuru jakin bat errespetatu beharko dugu, edo, agian, lerro bakarra erabili… Horrelako moldaketak barne hartzen ditu.

Ikus-entzunezko itzultzaileon bezeroak

Gure bezeroak askotarikoak dira. Batzuetan, bikoizketa edo azpitituluen estudioak izaten dira. Beste batzuetan, itzulpen-agentziak, beste bezero batzuentzat bitartekari lanak egiten dituztenak. Beste autonomo batzuk ere izan daitezke gure bezeroak. Eta zinemaldiak ere bai.

Zinemaldien kasuan, batzuetan, jaialdiak berak itzulpenetarako duen saila jartzen da gurekin harremanetan. Jaialdi handi batzuek zuzenean itzulpen agentziekin egiten dute lan, eta, goian aipatu bezala, agentzia hori itzultzailearekin jartzen da harremanetan. Lana interesatuz gero, alderantziz ere izan daiteke: gu geu jar gaitezke harremanetan zinema-jaialdiekin, eta geure burua eskaini itzultzaile gisa. Horrela ere aurkitzen dira lanak.

Ikus-entzunezko itzultzaileon zailtasunak

Zailtasunei dagokienez, diziplina bakoitzak bereak ditu. Azpitituluetan, adibidez, lana asko zailtzen du hizlariak oso azkar edo oso mantso hitz egiteak. Gure lana da azpitituluak erritmo horretara egokitzea, baina azpitituluen arauak errespetatuz. Normalean, segundo batetik beherako azpitituluak ezin dira irakurri; hori da gutxieneko iraupena. Luzeegiak ere ezin dira izan; muga sei segundokoa izan ohi da. Baina hori guztia bezeroaren estilo-gidaren araberakoa da. Lehen aipatu moduan, bakoitzak bere arauak dauzka. Etenaldiek ere arazoak sortzen dituzte, eta, askotan, euskaraz, egitura arraroei aurre egin behar diegu: informazioa aurreratuz, atzeratuz… Betiere kontuan hartuta ikusleek edukia ulertu behar dutela.

Euskararen kasuan, zailtasunetako bat izaten da ikus-entzunezkoen corpus gabezia. Azken urteotan oso eduki gutxi bikoiztu eta azpititulatu da euskarara, eta erreferentziak falta zaizkigu. Ez dugu corpus sendo baten laguntzarik izan gure itzulpenetan laguntzeko, gauzak nola egiten diren ikusteko. Euskaraz eduki dugun hutsune horrek asko zaildu digu itzultzaileoi erabakiak hartzea, ez daukagulako oinarririk. Gainera, glosario, hiztegi eta erreferentzia-lan gutxi daukagu euskaraz, frantsesarekin edo gaztelaniarekin alderatuta.

Beste zailtasunetako bat jasotzen dugun materialaren kalitatea da. Batzuetan, filmak zuri-beltzean daude, eta ur-markak izaten dituzte, inork pirateatu ez ditzan. Horrelakoek lana zailtzen digute. Jasotzen ditugun gidoiak ere ez dira beti zehatzak; hutsuneak edo akatsak izaten dituzte, eta erreferentzien azalpenak falta izaten dira.

Bestalde, bezero bakoitzak bere jarraibide edo arauak izatea ere nahiko nahasgarria da sarri. Bezeroz aldatzean, arauak ere aldatzen dira, eta txipa aldatu behar izaten dugu. Batez ere azpitituluetan, esango nuke.

Lan-baldintzekin lotutako zailtasunak ere badaude. Epeak gero eta motzagoak dira; tarifak ere, gora joan beharrean, askotan behera doaz. Komunikazio falta ere arazo bat da. Ezin izaten diogu ezer galdetu gidoia idatzi duen pertsonari. Zalantzak, askotan, ahal dugun moduan konpondu behar ditugu.

Konfidentzialtasun-hitzarmenen kontua ere hor dago. Enpresa askok sinarazten dizkigute halakoak, eta horrek esan nahi du ezin dugula proiektuaz hitz egin. Gainera, askotan, legez kanpoko klausulak izaten dituzte, egile-eskubideekin lotutakoak. Batzuetan, sinatzen dugun paperean jartzen du eskubideak enpresa horri ematen dizkiogula, eta hori, hemen behintzat, legez kanpokoa da. Nahiz eta itzultzaileak agiri hori sinatu, egile-eskubideak itzultzailearenak dira, eta ezin dizkio inork kendu. Legea hitzarmenen gainetik dago beti.

Azkenik, itzultzaileon lan bakartia aipa genezake. Itzultzailearen lana oro har oso bakartia da, baina esango nuke ikus- entzunezkoen itzultzaileona are bakartiagoa dela. Literatura-itzultzaileen lana, adibidez, gurea baino askoz gehiago ikusten da. Horrez gain, beste alor batzuetan bezala, ia denak autonomoak gara, eta bakoitzak bere etxetik egiten du lan.

Ikus-entzunezko itzultzaileon arteko giroa

Guk hirurok, adibidez, sare sozialei, EIZIEri eta ATRAEri esker ezagutu genuen elkar. Bitarteko horiek garrantzitsuak dira harremanak sortzeko eta elkarri zalantzak galdetu eta erantzuteko. Giroa, normalean, bikaina da, eta asko laguntzen diogu elkarri, batez ere elkarteen eta sareen bidez. Baina hor badago arazo bat: presaz egiten dugu lan. Sarri, zalantzak momentuan bertan konpondu behar ditugu, eta askotan ez daukagu denborarik eta ez daukagu nori galdetu. Batez ere euskaraz. Hor badago hutsune bat, bete litekeena, ikus-entzunezkoetan euskaraz lan egiten dugun itzultzaileon artean. Hor, askotan, bakarrik gaude erabaki linguistikoak eta abar hartzerakoan.

Lan-hizkuntzak

Maiderrek gaztelaniatik euskara egiten du lan gehienbat.

Nik, Anek, batez ere ingelesetik euskarara. Katalanetik eta gaztelaniatik ere bai. Nire xede-hizkuntza ia beti euskara da.

Ionek ingelesetik gaztelaniara itzultzen du normalean, bai eta ingelesetik euskarara ere, zinema-jaialdi zehatz batean eta proiektu jakin batzuetan. Baina batez ere ingelesetik gaztelaniara aritzen da.

Egia esan, gaur egun, ikus-entzunezkoen alorrean ingelesa jakitea ia funtsezkoa da. Nahiz eta pelikula bat Txinakoa izan, normalean ingelesera itzultzen dute, eta munduko itzultzaile guztiek itzultzen dute ingelesezko itzulpen horretatik. Ez da oso egokia, azkenean bi itzulpen daudelako tartean, baina ohikoa da. Hortaz, ingelesa jakiteak aukerak zabaltzen ditu.

Euskarazko ikus-entzunezkoen itzultzaileen abantailak eta desabantailak

Batetik, aipatu behar da ez garela asko. Eta hori abantaila zein desabantaila izan daiteke. Abantaila? Bada, asko ez garenez, lana badago. Eta talde-presioa ere errazago egin dezakegu. Horretarako, lotuta egon behar dugu, komunikazio ona egon behar da gure artean. Asko ez izatearen desabantaila zera da, nahiz eta sare sozialetan elkar ezagutu harreman hori izatea zaila dela. Guk Twitterren bidez, eta abar, harremana daukagu, baina jende gehiago izango gara alor honetan, eta, egia esan, nahiko sakabanatuta gaude. Ez daukagu gure sare propiorik, ez daukagu talde batu eta zehatzagorik. Tarteka, posta elektronikoz hitz egiten dugu, baina ez gaude lotuta, ez daukagu komunikazio-sare egokirik gure artean. Hori desabantaila bat da.

Gutxi izatearen beste abantaila bat zera da, tarifak ezartzea gure alde dagoela. Orain dela gutxi, plataformak pixkanaka edukiak euskaratzen hasi ziren. Gaztelaniarako, tarifa jakin bat eskaintzen zuten. Euskararako, hasieran, tarifa bera eskaintzen hasi ziren, eta itzultzaile batzuek tarifa hori bikoiztea edo hirukoiztea lortu zuten, ez dagoelako euskarara itzultzen duen jende asko. Oso garrantzitsua da, aipatu bezala, euskarazko itzultzaileok elkartzea, denok garbi esateko ezin dugula tarifa baxurik onartu. Berriki hasi direnez edukiak euskaraz eskaintzen, orain jarri behar dugu maila. Eta, maila baxua jartzen badugu, maila hori igotzea oso zaila izango da etorkizunean. Kasu horretan, oso garrantzitsua izango litzateke denok bat egitea negoziatzeko orduan.

Une honetan, euskaraz lan egitearen abantaila bat da geroz eta eduki gehiago daudela euskaratzeko, zorionez. Urte askoko hutsunea egon da hor, luzeegia. Hemendik aurrera, gero eta eduki gehiago egongo dira euskaratzeko, eta lana egongo da. Espero dut luzarorako izatea. Benetan euskararen aldeko apustua egiten bada, streaming plataformek ematen diguten aukera oso handia izango da itzultzaileontzat. Itzultzaileak beharko dira. Baina, itzultzaileoz gain, prestakuntza ere beharko da. Ez dakit nori dagokion, unibertsitateei ote dagokien… Horixe da oraingo desabantailetako bat; hain zuzen, prestakuntza zehatz baten beharra dago euskaraz lan egin nahi duten itzultzaileentzat. Gainera, lehen aipatu bezala, euskaraz ez daukagu erreferentzia handirik. Bikoizketan, adibidez, ahozkotasunak agintzen du, eta zaila da hori lortzea, ez baitago erreferentzia gisa hartzeko corpus handirik. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, lan handia egin zuten euskaraz bikoizten eta edukiak sortzen (hor daukagu Goenkale, esaterako), baina bide hori eten egin zen, eta azken urte hauetan hutsune handi eta kezkagarri bat egon da. Hori da orain bete behar dena. Horregatik, sarri, euskaraz lanean ari garenok zailtasunak ditugu erabaki linguistikoak hartzerakoan.

Gaur egungo itzultzaileak, hurrengoentzako erreferente?

Hala espero dugu. Baina guk, erreferente izateko, laguntza behar dugu. Ez dakit nori eskatu behar zaion, baina gustatuko litzaiguke hizkuntzaren aldetik, euskararen aldetik, ahozkotasunaren aldetik halako adostasun bat lortzea kalitatezko edukiak sortzeko, ikus-entzunezkoek euskararen erabileran egundoko garrantzia dutela uste dugulako. Eta, erabilera zabaltzeko, euskarak ahozkotasuna eta naturaltasuna izan behar ditu. Ondo legoke horretan eskumena dutenen artean nolabaiteko gida bateratu bat ateratzea, ahalik eta eragile gehienen artean adostua.

Euskarazko ikus-entzunezkoen gaur egungo egoera edukien kopuruari dagokionez

Baditugu datu batzuk esku artean; zehazki, Aldatu Gidoia kanpainak eman dituenak. Ez dakienarentzat, 2023ko irailean abiatu zen kanpaina bat da Aldatu Gidoia, Eusko Jaurlaritzari eta EiTBri zuzendutakoa, kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko eta euskara erdigunean jartzeko eskatzeko. Kanpaina horretan, euskalgintzako hainbat eragile daude. Datu horiek erakusten dute nolakoa den gaur egungo euskarazko ikus-entzunezkoen egoera. Gaur egun, zinema ekoizpenerako ematen diren dirulaguntzen % 70 gaztelaniazko edukietara bideratzen da (jatorrizko sorkuntzak eta bikoizketak). Beste datu esanguratsu bat da EiTBk urtean 250 ordu baino ez dituela euskarara bikoizten. Garai batean, 1.500 ordu ziren. Eta bikoizten den ia dena haurrentzako edukiak dira. Zineman, are toki txikiagoa dauka euskarak. Zinemetan, Zinema Euskaraz programako filmak baino ez dira ematen euskaraz, urtean 20 ordu inguru. Horiek ere haurrentzat baino ez. Egia da kopurua gehituz doala, Primeran plataformari edo bestelako streaming plataformei esker, baina oraindik lan asko dago egiteko.

Kanpoko plataformak eta euskara

Duela pare bat urte-edo hasi ginen Netflix, Prime Video eta halakoetatik euskarara itzultzeko lan eskaintza gehiago jasotzen. Hori seinale positiboa da. Plataformek gorakada handia eragin dute. Baina konpromiso handiagoa behar dugu erakundeen aldetik, euskara ikus-entzunezkoetan zabaldu dadin eta orain duen baino askoz ere leku handiagoa izan dezan. Beste hizkuntza batzuen egoera ikusita, inbidiaz begiratzen diogu katalanari. Gugandik argi-urteetara daude, eta gauza asko lortu dituzte. Guk ere lan handia egin behar dugu hori lortzeko, eta batez ere gure erakundeek egin behar dute euskarazko edukien aldeko apustu irmoa.

Euskarazko edukien kalitatea

Aipatu dugu edukien kopurua, baina kalitateaz ere hitz egin behar dugu. Prentsan ikusi dugu, Sustatun, Berrian, sare sozialetan eta abarretan, hautsak harrotu direla gai horren inguruan. Josu Barambones irakasle eta itzultzaileak artikulu bat argitaratu zuen 2023ko Senez aldizkarian: «Netflixeko euskarazko azpitituluen segmentazioa eta hizkuntza kalitatea». Bost telesail aztertu, eta akatsak bildu eta sailkatu zituen. Ondorio hauxe atera zuen: «Esango nuke gramatikaren erabateko kolapso baten aurrean gaudela, eta kolapso hori oso zabalduta dagoela aztertu ditudan testuetan». Hau ere esaten du: «Kalitatea bermatzen ez bada, ikusleek ez dituzte euskarazko azpitituluak ikusiko, eta aukeran nahiago izango dute ingelesezko edo gaztelaniazko azpitituluak aktibatu». Batzuetan iruditzen zaigu euskaraz egitea nahikoa dela. Ematen du askotan euskarara itzultzea konpromiso bat edo konpondu beharreko arazo bat baino ez dela, eta zenbat eta azkarrago eta merkeago egin, hobeto.

Esan beharra dago plataforma guztiek ez dutela berdin funtzionatzen. Adibidez, Prime Video-n asko arduratzen dira zuzenketa prozesuaz. Eta Netflixek, adibidez, ingelesetik gaztelaniara itzultzen diren edukiak itzultzerakoan, oro har lan handia egiten du, eta prozesu bat egoten da. Lehenik, enpresan bertan zuzentzen dira; gero, Netflixera bidaltzen dira, eta Netflixen badira eduki hori zuzentzeko zenbait modu. Zerbait gaizki badago, itzultzaileari bueltatzen zaio, zuzendu dezan, eta beste pertsona batek egiaztatzen du zuzendu den ala ez. Gaztelaniaz, hala egin izan da oro har. «Egin izan da» diot; izan ere, azken boladan, zuzenketarik ez egitea nagusitzen ari da. Itzultzaileari lana eta materiala bidaltzen dizkiote, eta ohartarazten diote bere lana ez duela inork zuzenduko. Hortaz, geroz eta gehiagotan, entregatzen dugun lana plataformara doa zuzenean. Hori, batez ere, azpitituluen kasuan. Eta gaztelaniaren joera hori euskaraz ere gertatzen ari da, antza.

Ikus-entzunezko itzulpenen zuzenketa eta zuzentzailearekiko harremana

Aipatu dugu azpitituluen kasu zehatz horretan edukiak ez dituela inork zuzentzen. Ikus-entzunezko beste diziplina batzuetan ere gerta daiteke zuzentzailerik ez egotea. Hori guztia bezeroaren araberakoa da. Denetarik dago. Eta, zuzentzailerik badago, harekiko harremana ere ez da beti berdina izaten. Batzuetan, izaten dugu zuzenketei buruz iritzia emateko aukera, zalantzak galdetzeko aukera, eztabaidatzeko aukera… Baina, beste batzuetan, zuzentzaileak egindako aldaketak zuzenean doaz pantailara. Denetarik dago: bezero bakoitza mundu bat da.

Plataformei, adibidez, normalean ez zaie gustatzen itzultzaileek eta zuzentzaileek elkarrekin harremana izatea, baina, proiektu txikiagoetan edo bezero zuzenekin, samurragoa dugu zuzentzailearekin hitz egitea. Izan ere, produktua ahalik eta hoberen irtetea interesatzen zaie. Baina plataforma handiei ez zaie kalitatea askorik inporta. Proiektuak ahalik eta azkarren amaitu nahi dituzte, eta hurrengora pasatu. Hor zaila da komunikazioa egotea.

Baina guk ozen aldarrikatzen dugu zuzentzailearen irudia. Ikus-entzunezkoen edukiak egokitzeko katearen beste begi bat dira; funtsezko begia, gainera. Egia esan, zuzentzaileak alor guztietan dira garrantzitsuak, eta ikus-entzunezkoetan ere bai, noski. Itzultzaileok beti egingo dugu akatsen bat, zalantzarik gabe. Nahiz eta guk itzulpena hamaika bider berrikusi, ziur asko egongo da akatsen bat edo beste. Gauza bat dira erratak edo akats tipografikoak, eta beste bat, akats larriagoak, gramatikalak eta horrelakoak. Netflixen ikusi ditugunak. Hor atzean beste arazo bat dago. Agian itzultzaile horrek ez dauka hor lan egiteko euskara mailarik; edo atzean itzultzaile on bat behar du.

Streaming plataformetako akatsak

Ez daukagu Netflixen kasu zehatz horiei buruzko informaziorik, baina badirudi ez dutela egiaztatu azpititulu horiek egin dituzten itzultzaileen euskara maila, ikusten baita huts horiek euskara mailarekin dutela zerikusia. Hor, «errua» norbaiti botatzekotan, itzultzaile horiek kontratatu dituztenei botako genieke. Kontratatzen duenaren ardura da itzultzaile onak lortzea. Lana eman aurretik, jakin beharra dago nola lan egiten duen. Edonor aukeratuta, ikusi dugu zer gertatu den. Gainera, eta hau oso garrantzitsua da, ez dakigu itzultzaile horiek zer baldintzatan lan egin duten, zer epe izan dituzten, zer tarifa… Hain zuzen ere, horren haritik Josu Barambonesek Senezeko artikulua osatu zuen 31 eskutik blogean. Zera dio: «Artikuluak, baina, herren egiten du ikus-entzunezko itzulpenen kalitatean eragina izan dezaketen alderdi profesionalak ez dituelako aintzat hartzen. Bereziki itzulpenak entregatzeko epe estuak eta itzultzaileek jasotzen dituzten ordainsariak». Hortaz, itzultzaileari zuzenean errua bota aurretik, testuinguru osoa ezagutu behar dugu.

Akatsei lotuta, aipatu nahi dugu badela Netflixen —eta beste plataformetan ere bai, seguru asko— akatsak adierazteko eta zehazteko modua: audioa, azpititulua… Hartara, jakin dezakete ez gaudela gustura kalitatearekin. Mundu guztiak erabili beharko luke tresna hori; ikusleak berak ere erabil dezake. Gu, itzultzaileak izateaz gain, ikusleak ere bagara, eta kalitatezko edukiak ikusi nahi ditugu. Oso ondo dago Twitterren kexatzea, nork bere iritzia ematea, baina plataformak horretarako eskaintzen duen bidea erabiltzea da ekiteko bidea. Baliatu dezagun tresna hori. Bestela, ematen du edozein eduki irensteko prest gaudela, eta bost axola zaigula edukia ondo itzulita dagoen ala ez. Ikusten badute harpidedunak gal ditzaketela, agian ikusiko dute merezi duela diru pittin bat gehiago jartzea. Haientzat ez da ezer zuzentzaile bat edo bi jartzea, gauzak ondo egin daitezen.

Egia esan, eskertzekoa da plataformek edukiak euskaratzeko emandako pausoa, baina ematen du batzuetan itxura ona eman nahi dutela, kalitateaz arduratu gabe. Batzuetan, ez beti. Badira primeran euskaratutako edukiak ere.

Itzultzaileon helburuak, borrokak eta aldarrikapenak

Gure helburu eta borroketako bat zera da, itzultzaile gisa kontuan har gaitzatela eta baldintza hobeak izan ditzagula, bai tarifetan, bai epeetan, bai materialetan, kalitatezko edukiak sor ditzagun. Helburuak lortzeko eta borroka egiteko, garrantzitsua da profesionalen elkarteetako kide izatea: EIZIE, ATRAE (Ikus-entzunezko itzulpenaren eta egokitzapenaren elkartea) eta DAMA (egile-eskubideak kudeatzen dituen elkartea) elkarteetan, adibidez. Lehen esan dugun moduan, oso lan bakartia da, beti gaude bakarrik, gure bulegoan, gure kobazuloetan. Elkartu egin behar dugu, elkarteei esker lortzen baitira gauza gehien. Adibidez, ATRAEren lanari esker, gauza asko lortu dira: itzultzaileak kredituetan agertzea, esaterako. Pantailan agertzeak itzultzaileoi ikusgarritasuna ematen digu; hor lan bat egon dela erakusten dute. Azpitituluak amaitzean, batzuetan itzultzailearen izena agertzen da. Bideojokoetan ere bai. Elkarteek bidea egiten laguntzen digute. ATRAEk egin duen beste pauso garrantzitsu bat ikus-entzunezko itzultzaileen eta lanen datu-basea izan da. Hor, itzultzaile bakoitzak bere lanak sar ditzake, eta datu-base hori DAMArenarekin lotuta dago, gainera. Bertan aurkitu daitezke espezialitate jakinetan aritzen diren itzultzaileak, EIZIEren Nor da Nor datu-basean bezala. Aipatu nahi genuke gu prest gaudela jendearen galderak edo zalantzak argitzeko. Elkarteak ere horretarako daude, baina gu, itzultzaileok ere, laguntzeko prest gaude. Ezagutzen ditugun elkarteetan giro aparta dago itzultzaileen artean, eta elkarri laguntzen diogu: jarduera apartak egiten dira, eta merezi du elkarteetan izena ematea.

Bestalde, uste dut borroka garrantzitsua dela euskaraz lan egiten dugunontzat, —bai itzultzaile, bai ikus-entzule garen aldetik—, euskaraz gero eta eduki gehiago edukitzea; kalitatezkoak, bai telebistan, bai plataformetan, bai zinemetan. Hortaz, erakundeei eskatu behar zaie, mesedez, egin dezatela borroka euskarazko ikus-entzunezkoen alde, horretarako berariazko hizkuntza-politikak sustatuz, euskarazko edukiek ere merezi duten tokia izan dezaten. Pantailek gure bizitzan hartu duten nagusitasuna ikusita, unea da gauzak ahal den ondoen egiteko.

Bestalde, esan dugu ikus-entzunezko itzultzaileen lana bakartia dela, baina oso lan polita ere bada; hori azpimarratu behar dugu. Ez da dena txarra-eta. Sormen-lan handia eskatzen du, eta hori polita eta zaila da aldi berean. Baldintza egokiak izanda, lanbide zoragarria da, eta alde horretatik aldarrikatu behar dugu ikus-entzunezko itzultzailearen irudia, ikusgarritasun apur bat emateko.

Behin eta berriz aipatu dugun moduan, borrokarik handiena gure baldintzak hobetzea da. Bezeroei ulertaraztea pelikula bat ez dela egun batetik bestera itzultzen. Hori eskatuta, denok irteten gara galtzaile: itzultzailea, bezeroa, pelikularen zuzendaria, ikusleak… Edukiaren kalitatea ez baita ona izango.

Prestakuntza

Ikusle batek galdetu zigun ea masterren bat gomendatuko genukeen edo beharrezkoa irizten ote genion master bat egiteari. Masterrak nahiko garestiak dira, eta nahiko orokorrak, beharbada. Baina, argi izanez gero zer diziplina gustatzen zaigun, gaur egun ikastaro asko antolatzen dituzte ATRAEk eta hainbat itzulpen akademiak. Hortaz, behar-beharrezkoak ere ez dira.

Itzultzaile automatikoei buruz bi hitz

Enpresa asko postedizioa sartzen ari dira; ez gauzak samurtzeko, baizik eta etekin gehiago ateratzeko. Postedizioan, itzultzaile automatiko batek egindako itzulpena ematen zaio itzultzaileari, zuzendu dezan. Zuzenketa balitz bezala ordaintzen dute, baina, askotan, itzulpena hutsetik egin behar da, ez duelako ez hanka ez buru. Itzultzaile automatikoak, adibidez, ezin ditu hitz-jokoak, txisteak, esamolde batzuk itzuli. Hor pertsona bat behar da, arazo horiei konponbidea aurkitzeko.

Kalitateaz hitz egin dugunean, esan dugu egon daitezkeela eskarmentu handirik ez duten itzultzaileak, baina itzulpen automatikoa ere egon daiteke atzean. Netflixen, adibidez, El juego del calamar telesailean, norbait ohartu zen hura postedizioarekin eginda zegoela. Polemika handia sortu zen, eta, azkenean, Netflixek azpitituluak zuzendu zituen, norbait konturatu zelako. Hortaz, erabiltzen dira, bai. Horregatik da garrantzitsua gu elkarrekin harremanetan egotea eta jakitea zeintzuk diren baldintza onak, eta txarrak baztertzea, talde-presioa egitea, jakinarazteko horrek ez dakarrela inolako kalitaterik.