Europako Hedadura Mugatuko Hizkuntzetako itzultzaileak. Estatus profesionala
(Artikulu osoa hemen)
Laburpena
Hedadura Mugatuko Hizkuntza (HMH) batetik itzultzen duenaren egoera profesionala, nahiz eta itzal handiko itzultzailea izan, gehienetan, Hedadura Handiko Hizkuntzaren (HHH) batetik ari denarena baino okerragoa izaten da. Ondorio horretara iritsi zen, duela zenbait urte, FITeko Hedadura Mugatuko Hizkuntzen Itzulpenerako Batzordea erakunde honen kideen artean egindako inkestan. Profesionari hauen arteko aldea, ordea, Europa eta beste kontinenteetako HMHetako itzultzaileen artekoa, alegia, txikia da. HMHetako itzultzaileek auzi profesional eta gizarte mailako arazo beretsuak pairatzen dituzte agi denez. Hori dela eta zilegi bide da Txekoslobakiako itzultzaile batek ikusi eta ikasia balio orokorreko esperientzia gisa azaltzea.
Bost ikuspuntutatik aztertu beharrekoa da HMHeko itzultzailearen status profesionala:
1. HMHetik HHHera itzultzen duenaren eta HMH batetik beste HMH batetara aritzen denaren arteko diferentziak.
Linguistika eta tipologia aldetik ez dago bien artean inolako alderik; gizarte eta soziologi ikuspuntuetatik, berriz, HMHetik itzuliak ez du harrera bera izaten beste HHHa erabiltzen den herrialdeetan eta HMHeko kulturetan, zeinetan errazago onartzen bait dira beste HMH batetik itzulitakoak. Badirudi, soziologi ikuspuntu honi men eginez, itzulpenari baino, itzultzaileari ukitzen diola arazoak.
2. HMHetik itzultzen dutenen eskolak eta praktika profesionala.
Batetik, ama-hizkuntza HMHa ez duen batentzat zailagoa gertatzen da hura ikastea, HHHren bat ikastea baino; eta bestetik, itzultzaile on batek, bere lanerako ezinbestekoa du itzultzen duen literatura sortu duen herriaren kulturan aditua izateaz gain, bertako egunean-egungo berrien jakitun izatea. Horiek horrela, HMHetiko itzultzaileak, lanerako behar duen informazio horren faltan, bere informazio iturri propioak izateke, isolaturik ikusten du bere burua. HHHetikako itzultzaile batek, bestela, eskura izan ohi ditu interesatzen zaion herriari buruzko informazio bide eroso eta merkeagoak. Horren truk, HMHetikako itzultzaileak izan ohi du, hala ere, nolabaiteko ordainik; gehienetan, halako itzultzaileak HHHetatik ari den edozein itzultzailek baino loria eta aintzatespen handiagoa eskuratzen bait du itzultzen duen herrialdean.
3. HMHetikako itzulpen lanetan diharduenaren baldintza profesionalak.
Europako Hedadura Handiko Hizkuntza bateko edozein itzultzailek hiztegi eta erreferentzi liburu urriak izaten ditu aukeran HHHetik ari denaren aldean. Zientzia teknikoen itzultzailea da, hala ere, eremu latz hortan behartsuen.
4. HMHetikako itzultzailearen bizibidea eta diru-baldintzak.
Normala denez, HMH eskualdearen eta XH herriaren arteko hartueman politiko, ekonomiko eta kulturalek eragiten dituzte. Halaber, HMHetik soilik ari den itzultzaileak ez du itzultzaile-staff batean lan egiteko aukera handirik, HHHetara itzultzeko ez bada, gehienbat ingelesera. Aitzitik, bere kasa ari nahi izango balu, nahiz eta HHH batetara itzuli, zaila izango litzaioke, oso, bizibidea ateratzea, ez bait luke hortarako lan nahikorik eskuratuko. Horretaz gain, halako itzultzaileek testu mota jakin batean espezializatzeko ere aukera gutxi izaten dute. Horren kariaz, itzultzaile berak hainbat gai desberdinetako testuak landu beharra izaten du; egunerokoa atera nahi badu behintzat.
5. HMHetikako itzulpenen eta itzultzaileen itzala.
HMHeko literaturak eremu kultural eta literario jakinean duen harreraren araberakoa izaten da.
HMHetan ari diren itzultzaileen auziek konponbide espezifikoak eskatzen dituzte; ez bait dira itzulpen zientziari berari dagozkion arazoak, gizarte eta kulturarekin zerikusi estuagoa dutenak baizik. Honexegatik arduratzen da FITeko Hedadura Mugatuko Hizkuntzen Itzulpenerako Batzordea gaioz bereziki; eta eutsi egin beharko lioke gogo horri.