Flandrieraren adibidea
Maurice Voituriez

(Artikulua, osorik, hemen)

Laburpena

Flandriera, euskara bezala, hedapen mugatuko hizkuntza bada ere, bada bien artean alde dexente, baina baita antzik ere: bai batak eta bai besteak, esaterako, luzaroko borroka baten ondorioz lortu dute orain duten ofizialtasun maila, eta, era berean, biak daude familia guztiz desberdinetakoak diren hizkuntzekin harreman estuetan.

Flandriarren hizkuntz borrokak arrakasta eskuratu badu ere, hori ez da gertatu flandrieraren eremu guztian, Frantzia aldeko zatian frantsesaren nagusitzapean dagoelako oraindik ere, eta esan daiteke elebitasun ofizialetik urrun samar dagoela.

Belgikako muga barruan, aldiz, gauzak bestela gertatu dira: Belgika estatu gisa eratu zenean, XIX. mendearen hasieran, frantsesa zen hizkuntza nagusia, baina berehala egin ziren ahalegin franko flandrierari behar zuen lekua emateko, Leopoldo I erregearen eta apaizgo txikiaren laguntzarekin egin ere. Izan ere, Flandriako Eliza hizkuntz borrokaren abangoardian egon zen, elizetan flandrieraz baino ez bait zen egiten. Bi munduko gerren artetan, lege batek hizkuntza ofizial bakartzat eman zuen flandriera, baina ez oztoporik eta istilurik gabe, eta lege hori gerora aldatu zen.

Unibertsitateari dagokionez, Lobainakoa erabat fladrierazkoa egin zen, eta Bruselakoan ere sartu zen ikasketetan, baina horretarako ere urte luzetako ahaleginak behar izan ziren, Belgikako gizarteko hainbat elementurentzat frantsesa bait zen egon zitekeen kultur hizkuntza bakarra.

Baina flandriera kultur hizkuntza bihurtzeko lana ere aspalditik dator, jadanik XVII mendean hasi bait zen zientzi eta tekniketarako flandrierazko hitz berriak sortzen, etimologiaz baliatuz nagusiki. Ahalegin horrek gaur egun ere jarraitzen du zientzia berriekin: izan ere, zailtasuna ez datza hitz berriak sortzean, hizkuntza frantses edo ingeleskadaz betez usteltzean baizik. Hala ere, hedadura mugatuko beste hizkuntzek bezala, flandrierak ere hiztegi teknikoen falta nabari du.

Dena dela, hizkuntza guztietan gerta daitekeen bezala, hizkuntzaren konzientzia zabalduz gero, horrek emaitzak emango ditu beti, eta horixe da Flandrian gertatu eta oraindik gertatzen ari dena.