Hizkuntz minoritarioetatik hedatuetarako literatur itzulpena
Eva Tóth

(Artikulu osoa hemen)

Laburpena

Hitzaldi hau, zabalkunde gutxiko hizkuntzen literatur itzulpenari buruzkoa, mansi herriaren egoera gogoratzen duen manifestu batekin hasten da, herri hori harturik gure lurbira osoan bizi diren beste hainbat herri txikiren ordezkari gisa. Hizlariak adierazten duenez, gai honetaz mintzatzean beharrezkoa da herriak ere gogoan hartzea, "ezen herri bat hiltzen bada, ez da egongo haien hizkuntza erabili edo hizkuntza horretan literatur edo itzulpen lanik egingo duenik".

"Zabalkunde gutxiko hizkuntzak" esamoldearen azpian daudekeen kontzeptu desberdinen inguruko gogoeta batzuk egin ondoren, txostengileak aipatzen du hizkuntza horietatik itzuli egin behar dela beren literaturgintza ezagutu ahal izateko, oso jende gutxi bait da zuzenean ulertzeko gauza; baina horretarako, lehen-lehenik, herri horiek zer esanik eduki behar dute, hau da, beste herriek ezagutzea merezi duen literatura bat.

Munduko literatura, Goethe-ren "Weltliteratur" delakoa, gizateria osoaren kultur altxorrera garai batean edo bestean bildu diren hainbat herriren ahaleginaz aberastuz joan da historian zehar. Herri txikiek ere aberas dezakete literatur ondare hori, eta horretarako behar da itzulpena.

Bestalde, ez da alferreko gauza izango gogoratzea,Rudi Mulleren hitzetan, itzulpena dagoela nazio literatur askoren hazkundearen oinarrian, Hungrian ere, hizlariaren herrian alegia, gertatu den bezala.

Txostenaren azken zatian, hizlariak bere herrian poesia itzultzeko nahiko zabalduta dagoen esperientzia bat aipatzen du; berau jatorrizko hizkuntzaren hiztun den "itzulkide" baten laguntzaz —itzulkideak xede hizkuntza jakin zein ez— poemak itzultzean datza. Dena dela, era honetako itzulpengintzan luze jardun bada ere, hizlariak aitortzen du zalantzak dituela metodo honen baliagarritasunaz, ezen, normalean, poesia itzuliaren irakurleari ez zaio interesatzen nolakoa den jatorrizko lana, inoiz ez bait du irakurriko. Nolanahi ere, uste du metodo honek balio handia izan dezakeela hizkuntza hartzailea eta bere baliabide estilistikoak aberasteko, eta horregatik erasten du guztiz interesgarria izan daitekeela euskararentzat eta euskal idazle eta itzultzaileentzat.