Expolingua 91
Artikulua PDFn
Aurtengo Madrilgo Expolingua, apirilaren 11tik 14ra bitartean ospatu da, "IV Congreso Muestra Internacional Expolingua" zuelarik izen osoa. Ohi bezala, eta aurreko urteetan bezalaxe, Borbondar Infanta Ohorezko Lehendakaritzan, eta Ministro sail handia Ohorezko Batzordekide gisa dituen gertakari horrek, bi osagai izan ditu: erakusketa eta hitzaldiak.
1. Erakusketa
Chamartingo geltokiak horrelako eginkizunetarako dituen pabilioietan kokaturik zegoen eta elkarren gainean muntatutako stand txiki eta xumeez osaturik. Hizkuntzari dagokion guztia, oro har, bertan sar bazitekeen ere, aurtengoan bazirudien hizkuntzaren didaktika zela gai bakarra. Izan ere, hizkuntzen irakas-zentruen ugalketa neurrigabea zen mabarmen. Eta irakaskuntza horren atalik emankorrena —enpresa antolatzaileentzat emankorrena— hizkuntz egonaldien eskaintza, denetan nabarmenena. Mediterraneo aldeko estatuek eguzkia eskaintzen duten bezalaxe, herrialde ingelesdunek (Erresuma Batua, Estatu Batuak, Eire...) beren hizkuntza dutela salgai argi asko agertzen zen bertan. Esan bezala, 15-20 urteko neska-mutikoentzako hizkuntz egonaldiek osatzen zuten erakusketaren ehuneko mardula.
Hizkuntzarekin zerikusia duten gobernu zentraleko nahiz autonomi elkarteetako standek osatzen zuten beste multzoa. Pozkarioz ikusi ahal izan genituen stand berean Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hizkuntz zerbitzuen erakusketak.
Itzultzailearen ikuspuntutik laguntzazko informaziorik edo tresna berririk nekez aurki zitekeen. Izatekotan, EEEko terminologi eta itzulpen zerbitzuei buruzkoa. Joan den urtean ezagutu ahal izan genituen itzulpen automatikoari buruzko aurrerapen informatikoez eta abar, deus ere ez.
Ezer gutxi erakusten zen hizkuntzen inguruko beste mila alderdi eta gaiez. Egon ere, ez zegoen inolako standik hizkuntzalaritzari buruzko argitaletxeenik, edota liburu berriak erakusten zituenik.
2. Hitzaldiak
Itzultzaile euskaldunaren ikuspuntutik, bi hitzaldi sail ziren interesgarri: bat bete-betean, "Interpretaritza, itzulpena eta hizkuntza" izenekoa, eta bestea "Hizkuntz politikak eta ekintzak". Bigarrenean egoterik izan ez genuenez, lehenengoaren berri laburra ematera mugatuko gara.
Hitzaldi sailaren izenburuak aditzera ematen duenez, nahaste-borraste xamarra izan zen. Interpretaritzari buruzko guztiz interesgarri izan zen hitzaldi baten ondoan, hizkera militarrari buruzkoak omen ziren esaldi deslotu eta funtsgabeak jasan behar izan genituen. Interesgarrienak aipatzekotan, Miguel Sáenzek literatur itzulpengintzari buruz eta Paloma Hoffman-Veviak EEEko terminologia zerbitzuari buruz emandakoak gogoratuko nituzke. Eta beste alor batetan, Joaquín Navarro Estevan magistratuak justizi administrazioko itzulpen eta interpretaritzaz eskeinitako informazio aberatsa. Hortik kanpo, ezer gutxi salbatuko nuke, hainbat gai erudito, eta itxuraz bederen betegarri, besterik ez ziren askoren artean.
3. Beste iruzkinak
Eta antolaketari buruz, Dionisio Amundarainek, joan den urteko Expolinguari buruz orri hauetantxe idazten zuenaren hari berberetik, gure harridura, oraindik ere, bat-bateko interpretaritza sistemarik eskaintzen ez delako, eta hartaz, bi hizkuntzetan soilik, frantsesez eta espainolez, izan zirelako agerpen guztiak. "Internacional" omen zen. Antolaketaren beste alderdiak ere, eskaxak, informazio gutxi, eta komunikazioen laburpen edo eskema bat ere ez.
Euskal itzultzaile gutxi bildu ginen aurtengoan. Hurrengoan mokadu gozoren bat eskaini beharko dute bertara gaitezen.
Antton Elosegi