Premio Nacional de Traducción 1991
Artikulua PDFn
1984 urtetik hasita etengabe egin denez, aurten ere Kulturako Ministraritzako Espainiar Letren Sailak Sari Nazionalak banatu ditu, Narratiba, Saiakera, Espainiar Historia eta Itzulpena alorretan.
Azken eremu honi gagozkiolarik, finalisten artean honako obra hauek geratu ziren: latinetik itzulitako Dezimo Magno Ausonioren Obrak (Antonio Alvar Ezquerra) eta Horazioren Odak eta Epodoak (Manuel Fernández Galiano); hizkuntza erromanikoetatik itzulitakoen artean Marguerite Yourcenar-en ¿Qué?La Eternidad (Emma Calatayud), Abbé Prevost-en Manon Lescaut (Anton Narbaiza) eta José Saramagoren Historia del Cerco de Lisboa (Basilio Losada); hizkuntza germaniarretatik itzulitakoen artean Lichtenbergen Aforismos (Juan del Solar) eta Jane Austenen Mansfield Park (Maria Dolors Ventós) katalunierara itzulia; beste hizkuntza batzuen sailean albanieratik itzuliriko Ismail Kadareren El Viaje Nupcial eta txekieratik itzuliriko Václav Havelen Cartas a Olga (Mónika Zgustová).
Ekainaren 7an epaimahaikoek egin zuten bigarren bileran Historia del Cerco de Lisboa obraren itzulpenagatik Basilio Losadari eta Dezimo Magno Ausonioren Obrak lehenbizikoz gaztelaniara osorik itzultzeagatik Antonio Alvar Ezquerrari erdibana ematea erabaki zuten.
Itzulpen obra osoarengatiko saria, berriz, Miguel Sáenz Sagaseta de Ilúrdozi eman zitzaion. Bederatzi hautagairen artean zegoen itzultzaile saritu hau Espezialisten Batzordeak, APETIk eta ACEk proposatua zen eta 1989an sari bera lortu zuen Juan Ramón Masoliver Ródenas eta 1990ean irabazi zuen José María Valverderena bezalako izenez osaturik dagoen zerrenda luzatzera dator.
Miguel Sáenz, itzultzaile saritua, Larachen (Marokkon) jaioa da 1932an, Zuzenbidean eta Alemaniar Filologian Lizentziatua Madrileko Konplutoar Unibertsitatean. Nazio Batuen itzultzaile izan da New York eta Vienan, 1965etik 1970era bitartean. Harez gero itzultzaile libre izan da nazioarteko organismoetan eta literatur itzulpen ugari burutu du. Madrileko Hizkuntza Moderno eta Itzultzaileen Unibertsitate-Institutuan "Itzulpen Teoriaren" irakasle izan da (1985/86). Gaur egun Auzitegi Gorenaren Bosgarren Aretoko Fiskala da.
Berrogeitamar obra baino gehiago itzuliak ditu alemanieratik eta ingelesetik eta autoreen artean Thomas Bernhard, C.A. Burger, Joseph Conrad, Robert Coover, Alfred Döblin, Günther Grass, Peter Handke, Eduard, Mörike, W.A. Mozart, Henry Roth, Salman Rushdie, Arthur Schnitzler, Christa Wolf, Bertolt Brecht, Roald Dahl, Michael Ende, Kate Greenaway, Robert Kennedy eta abar bezalako ospe handiko idazleak daude.
Narratiba, saiakera, poesia eta literatur artikuluak egunkari eta aldizkari ugaritan argitara eman izan ditu (El País, ABC, Diario 16, El Sol, Papeles de Son Armadans, Camp de l'Arpa, Revista de Occidente, Libros, estafeta Literaria, El Europeo, Quimera, El Urogallo...)
Orain arte beste zenbait sari ere irabazi ditu kalitatezko bere itzulpenengatik, hala nola: "Fray Luis de León" saria 1981ean Günther Grassen El rodaballo-ren itzulpenarengatik.
1983an Haurrentzako Obren Itzulpenarengatiko Sari Nazioala irabazi zuen Michael Enderen La Historia Interminable-rekin; eta 1986an International Board for Young People (IBBY) delakoaren Ohorezko Zerrendan agertu zen obra beraren itzulpenarengatik.
Bestalde, New Yorkeko Idazle eta Poeta Iberoamerikarren Zirkulu-Saria (1968); Ciudad de Olot (1972), Ciudad de Murcia (1973), Ciudad de Palma (1973); Almeriako «Café Colón» (1974); Ciudad de Alcalá de Henares (1980) eta Irun Hiria (1983) sariak ere baditu.
Xabier Mendiguren