Itzulpena eta interpretaritza: Komunikaziorako eta normalizaziorako tresna
.

Iazko abuztuko azkeneko egunetan albiste honek duen izenburu berbera zuen ikastaroa izan zen Donostiako Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroen barruan, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak antolatuta. Ikastaro horrekin batera Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren eginkizunak betetzeko, Federazio horretako Hizkuntza Txikietako Itzultzaileen Batzordea bildu zen, Federazioaren hurrengo Mundu Batzarra bitartean (Plymouth, 1993) egitekoak zehaztu eta horretarako bideak jartzeko.

Ikastaroa

Ikastaroa osatzen duten ponentziak batzen dituen ardatza, ikastaroaren izenburuak berak aditzera ematen duen bezala, itzulpenak eta interpretaritzak hizkuntzen normalizazio prozesuan eta hedadura txikiko hizkuntzak dituzten herrialdeen arteko harremanetan duten eta izan duten eragina aztertzea zen. Gauza frogatua baitirudi historian zehar hainbat hizkuntzen normalizazio prozesuan itzulpenak berebiziko eragina izan duela, hasieran batez ere. Euskararen beraren kasua ere ez da, puntu honi dagokionez, inolako salbuespena; eta adibideak lerroak adina multiplika daitezke. Itzulpenak Hedadura txikiko hizkuntzetan duen eragina orohar, eta alde guztietatik aztertu nahi bada, badirudi beraz, gertaera hori aztertzeko oinarrizko ikuspegietako bat hauxe da hain zuzen: itzultzaileek hizkuntzaren normalizazio prozesuan duten lehen mailako protagonismoa.

Orobat, hedadura txikiko hizkuntzetan itzultzaileek duten estatusa eta onarpena ere, hizkuntza horien normalizazio prozesuan duten protagonismoari legokiokeena, aztertu nahi izan zen ikastaroetan.

Gure artean maila honetan egiten den topaketa honetan, ez zegoen nola bada? gaiak agortzeko asmorik, gai horietarako lehen hurbiltzea egitea baizik.

Ikastaroaren zuzendaria Josu Zabaleta izan zen (EIZIEko idazkari orokorra eta Hedadura Txikiko Hizkuntzetako Itzultzaileen Batzordeko lehendakaria, Itzultzaileen Nazioarteko Federazioan).

Ikastaroaren gaiak era honetara banatu ziren:

  1. Itzulpena, kultur iturburu. Irakaslea: Edwald Osers (Erresuma Batukoa, literatura itzultzailea, hedadura txikiko hainbat hizkuntzatatik ingeleserara).

  2. Itzulpen premien eta traduktologiaren garapena. Amparo Hurtado (Traduktologian doktorea, Bartzelonako E.U.T.I.ko irakaslea, PRIS III unibertsitateko irakasle ohia).

  3. Zientzi itzulpena hizkuntza txikietan normalizazioari begira. Seosamh O'Murchu (Irlandako itzultzailea).

  4. Itzulpen irakaskuntza Europako hizkuntzetan. Eva Koberski (Itzultzailea, hizkuntzaz hungariarra, jaiotzez jugoslaviarra. Mons-eko Itzultzaile Eskolan (Belgika) irakaslea).

  5. Obra itzulien eragina literaturetan. Radivoie Constantinovic (Literatur itzultzailea, Belgradoko unibertsitatean Frantses Literatura irakaslea).

  6. Hizkuntz minoritarioetatik hedatuetarako literatura itzulpena. Eva Thot (Olerkari hungariarra, literatur itzultzailea. Hungarierazko literaturaren hainbat antologiaren eragilea beste hizkuntza batzuetan).

  7. Itzulpena eta eleaniztasuna Europan. Maurice Voituriez. (Itzultzaile frantsesa. Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren ordezkaria UNESCOren aurrean).

  8. Itzultzaileak Europako hizkuntza txikietan: status profesionala. Zlata Kufnerová (Txekoslovakiako itzultzailea. Hizkuntza txikietako itzultzaileen batzordeko lehendakari ohia eta lehendakariordea).

  9. Etnozentrismoa eta exozentrismoa normalizazio bidean dauden hizkuntzetako itzulpenean. Joan Garcia Garmendia (Euskal itzultzailea. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Itzulpen Masterrean irakaslea).

  10. Itzultzaileen zeregina hizkuntza txiki eta ertainetan. (Mahaingurua). Valentín Arias (Galiziako Itzultzaileen elkartea), Josu Zabaleta (EIZIE). Mahaiburu: Lurdes Auzmendi (EIZIE).

Ikastaroan izan ziren parte hartzaileen aldetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen antolatzaileek esan zutenez, ikastaro honek izan zuen Donostian antolatu ziren ikastaro guztietan ikaslego zabalena, 115 ikaslek hartu baitzuen parte bertan.

Hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen batzordearen bilera

Goian aipatutako ikastaroak irauten zuen bitartean Hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen batzordeak zenbait bilera egin zituen arratsaldeetan Udako ikastaroak goizez baitziren. Bilera horietan Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren hurrengo mundu biltzarrera bitartean batzorde honek burutu beharreko lana finkatu eta antolatzen ahalegindu zen batzordea. Labur-laburrean adierazteko, hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen artean informazio sare bat antolatu, elkarrekiko laguntzak bilatu, eta hizkuntza horietan itzultzaileek duten estatuta eta eginkizuna aztertzu eta sistematizatu ahal izateko inkesta zabal bat egitea erabaki zen.

Nolanahi ere, Senez honen hurrengo zenbakian osorik jasoko dira aipatu uda ikastaroan emandako hitzaldiak, eta zehazki eta luze adieraziko dira hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen batzordearen bileretan hitzegindakoak. Gai horiei buruzko ale monografikoa izango da beraz.