Klaudio Otaegi
Artikulua PDFn
Zegamako herriak omenaldi bikaina eskaini zion apirilaren 14ean herriko seme zen Klaudio Otaegi Gainzerain jaunari (1836 - 1890).
Olerkari zenez ospetsuago bada ere, badu beste alderdi bat, gogoz jorratu zuena, eta guri zuzenean doakiguna: itzultze lana.
Zegamako omenaldi horretan "Klaudio Otaegi Olerkaria" liburua aurkeztu zuten bi prestatzaileek, Patri Urkizu eta Xabier Azurmendik.
Bi alderdi hauek nabari erazi zituen Xabierrek Otaegirengan: olerki mundua, olerki ugaria eta ederra duela adieraziz; eta Bonaparteren laguntzailerik bikainena izatea dialektologi sailean. Bigarren alderdi honetaz ari zela, honela zioen Xabier Azurmendik: Bere itzulpenak, tamalez, artxiboetan gorderik daude argitaratu gabe.
Patri Urkizuk ere aipatu zituen olerkari honen itzultze lanak. Hala zioen: euskaraz itzulpen asko egin zuen. Autore espainolak itzultzen ditu batez ere, Fray Luis de León, Calderón de la Barca, Selgas, etab., baita Frédéric Mistral ere itzultzen du bertsotan. Patriren hitzetan, itzultzaile aparta dugu Klaudio Otaegi, eta lan handiak egina arlo honetan.
Aipatu liburuaren aitzin-solasean bada beste zenbait jakingarri ere Klaudioren itzultze lanari buruz, baina aipamenak baino jakingarriago ere bada oraindik liburuan, izan ere olerkari honek eginiko poema itzuli asko jasotzen baitira bertan: Fray Luis de León, Calderón de la Barca, Campoamor, Frédéric Mistral, Navarro Villoslada, José Roure, etabarrenak.
Hona hemen pare bat poema zatitxo Klaudio Otaegiren itzultze lanaren adierazgarri. Denontzat hain ezagunak diren Fray Luis de Leónen bi poema famaturen hasierako bertsoak dira, ez dago esan beharrik zein zeinetakoak.
Ta uzten dezu, Artzai Santua,
Bakardade ta lantuaz,
Ibar ondokai ta ilun onetan
Zure jendea emen beraz,
Ta zu, autsirik aize garbia,
Betiko bizira zoaz?
Zer bizitz ona eta atsedena
Nai duenarentzat pakea,
Mundu nasia lajatu eta
Biotzez jarraitutzea,
Izandu diran jakintsu piskak
Igaro duten bidea!
Iñaki Zubizarreta