Procidako Literatur Itzultzaileen Etxea, Napoli (Italia)
Artikulua PDFn
SENEZ aldizkari honen orrietan beste inoiz (1986, 2-3 zkia., 241-243 orriak; eta 1988, 1-2 zkia., 263-4 orria) eman dugu Europako itzultzaile etxeen berri, baina Italian dagoena oraingo zenbaki honetan aipatzen dugu lehen aldiz. Dena dela, etxe horietaz arduratu garenetan, haien sorreraren historia alde batera utzi genuelako edo, Italiakoaz hitz egiten hasi baino lehen, zilegi bekit itzultzaile etxeen sorreraz ohartxo batzuk ematea.
Itzultzaileentzako halako topagune edo elkartoki bat sortzeko ideia Elmar Tophoven itzultzaile eta "itzulpen gardena" deritzanaren teorilari alemanari zor zaio. Itzultzaile hau, batez ere literatura frantsesa alemaneratzen zuena, oso arduratuta zegoen itzulpenaren prozesua xeheki azaltzearekin, lehen irakurketa egiten denetik hasita, lehen zailtasuna agertu, lehen itzulpena eman, itzulpen horren lehen bariantea edo bigarren itzulpena egin, eta azken bertsiora iristen den arte. Teorikoki azaldu nahi zituen prozesu guzti horretan itzultzaileak ematen dituen pausuak, bai eta pausu horietako bakoitzaren arrazoiak ere. Horretarako, itzulpen lan batean aurkitzen zituen zailtasun guztien fitxak egiten zituen, bakoitzari emandako irtenbidea edo irtenbideak jasota. Garrantzitsua iruditzen zitzaion fitxa kopuru zabal bat prestatu, ordenagailuan bildu, eta itzultzaile guztiek aukera izan zezaten fitxategi horretaz baliatzeko; beste hitzetan esanda, normalean itzultzaile bakoitzaren golkoan baino geratzen ez den esperientzia praktikoa, azken txikitasuneraino eramanda, itzultzaile guztien «ondare» bihurtu behar zela uste zuen, horrela itzultzaile bakoitzak izandako lorpenak eta itzulpen arazoei aurkituriko konponbideak guztientzat jakingai egon, eta horren bidez gero eta itzulpen hobeak egin ahal izateko.
Fitxa corpus hori nonbait itzultzaileen eskura egoteaz gain, itzultzailea oso langile bakartia dela iruditurik, otu zitzaion fitxak erabiltzeko lekua ez ezik, itzultzaileak itzulpenak egin, elkarrekin egon, nork bere arazoak, esperientziak, aurkitutako itzul-baliabideak eta abar elkarri jakinerazteko leku bat ere atondu behar zela. Asmo horri jarraituz, pisu bat jarri zuen Straelen-en, Alemanian, bertako zein kanpoko itzultzaileentzat. Halaxe sortu zen, 1978an, Europako lehen Europäisches Übersätzerkollegium edo literatur itzultzaileen etxea, itzultzaileen topagune eta elkarren lantoki izateko. Luze gabe, erakunde politiko eta finantziero batzuen laguntza ere jaso, eta oso hornikuntza bikaineko etxea osatu zuen Tophoven, haren zuzendariak.
Geroztik, beste pertsona bakan batzuk biziki interesatu ziren Tophovenen iniziatibarekin, eta ahaleginak egiten hasi ziren Inglaterran, Frantzian, Espainian eta Italian horrelako etxeak martxan jartzeko. Ildo horretatik, 1985ean liburu itzulpenari buruzko lehen biltzar gubernatibo bat egin zen Arles-en (Frantzian), eta, ondorio bezala, Straelengo etxearen ereduari jarraituz Europako estatuetan literatur itzultzaileentzako ikas, topa eta prestagune batzuk sortzea gomendatu zuen.
Europako Elkarteak nolabait «ofizializatu» eta babestu ere egin du etxeen sorrera, eta hala sortu ziren Arleskoa Frantzian, Nordwich-koa Inglaterran, Tarazonakoa Espainian, eta Procidakoa Italian.
Italiako etxeari dagokionez, esan bezala, Procidan dago, Napoliko golkoan dagoen 4 km2ko eta 13.000 biztanle inguruko uharte eder batean, Ischia uhartetik oso hurbil, Capri-ren bistan. Bere zuzendaria Annamaria Galli andrea da, itzultzailea bera ere, nola ez. Hasiera batean, Viterbo herrian, Erromako probintzian, kokatzekoa zen, hango erakunde politikoen eta unibertsitatearen itzalpean; baina itzultzaile etxea politika kulturalaren azpian jarri eta nolabaiteko jomuga akademiko edo eskolastikoak ezarri nahi zizkiotela eta, zuzendariak nahiago izan zuen etxea erabat bere buruaren jabe izan zitekeen beste lekuren batera eramatea. Hala kokatu zen, beraz, Procidan, 1989. urtean, hango udalak utzitako Catena jauregian. Geroztik, hogei bat gara etxe hartatik pasa garen itzultzaileak.
Esan behar da, nolanahi ere, Europako beste itzultzaile etxeen aldean, Procidakoa nahiko desberdina dela antolakeraren aldetik, halabeharrak edo bultzaturik. Izan ere, etxearen egoitza den Palazzo Catena ez dago erabat itzultzaile etxearen esku, eta arazoak egoten dira itzultzaileen etxeen sorrera markatu zuen helburua betetzeko, hau da, itzultzaileak elkarren ondoan lan egiteko tokia ematea. Horregatik, handik pasa garen itzultzaileok uhartekoen etxe partikularretan jarri gaituzte bizitzen, eta nork bere etxean lan egiten, eta beste itzultzaileekin biltzen. Nabari da itzultzailearen etxea hasiberri samarra eta oraindik sendo sustraitu edo finkatu gabe dagoela Procidan, bere zuzendariaren kemena eta ahalegin sutsua gorabehera. Etxeak baditu ordenagailu batzuk, eta liburutegi bat, ez oso oparoa oraindik, baina zuzendariaren asmoaren arabera denbora igaro ahala aberasten joango dena.
Hala eta guztiz ere, Procidako uhartea guztiz leku ederra da itzulpen bat egin edo zuzentzera joan nahi duenarentzat, hango kale nagusi baten trafiko zoroa alde batera utzirik, gainerako bazter guztiak benetan lasaiak eta ederrak direlako, mahastiz, pikuondoz eta limoi arbola oparoz betea. Alderdi turistikotik ikusita, esan behar da turismorik apenas dagoela batere, turistak aldameneko uharteetara, Ischia eta Capri ederretara, joaten bait dira gehienbat.
Bestalde, interesgarria da jakitea, baita ere, itzultzaile etxe honetan, besteetan bezala, Europako Kontseiluak bekak ematen dizkiela etxeetara doazen itzultzaileei, behintzat Europako Elkarteko hizkuntza ofizialen arteko itzulpena egiten dituztenei; baina, joan den urtetik hasita, hizkuntza gutxiagotuetako itzultzaileei ere —eta hemen gu sartzen gara— ematen hasi zaie horrelako bekak, egoitzaren ordaina betetzen dutenak.
Annamaria Galli San Felicek etxea erakunde finko bihurtzeko asmoa betetzerik lortzen badu, oso aukera ederra izango da italianotik itzulpenak egitera joatera animatzen diren itzultzaileentzat. Gure aldetik, inori interesatzen bazaio Procidako etxera joatea, aski du EIZIE elkartearen bulegora deitu eta helbidea edo telefonoa eskatu.