Itzultzailearen etxeak Europan
Artikulua PDFn
Itzultzailearen Etxea Tarazonan
Joan den urtarrileko 9tik 10era, Tarazonako Alkateak gonbidaturik herrialde desberdinetako itzultzaile-multzo bat bildu zen Aragoeko Tarazonan, dagoeneko Europa mailan lanean ari diren "Itzultzaile Etxe" deritzatenek nola funtzionatzen duten azaltzeko eta hauen gisako bat Espainiako estatuan ere irekitzeko.
Tarazonan bertan kokatuko den espainiar estatuko lehen "Itzultzailearen Etxe" honen sustatzaile Paco Uriz izan da eta udarako funtzionatzen hasiko delakoan zeuden antolatzaileak. Tarazonako Udalak, Zaragozako Aldundi Probintzialak eta Kulturako Ministraritzak eskaintzen dute bere laguntza egitasmo hau aurrera eramateko.
Horrelako etxeen betekizun idealena itzultzaile-bikoteei egoitza lekua eskaintzea izango litzateke edota autore-itzultzaileei beren lanak orrazteko eta bertan liburutegi espezialdu bat ezezik, konputagailu, idazmakina eta gaurko teknologia klan hauetarako eskaintzen dituzten tresna baliagarri guztiak izango dira. Etxean egoteak 1.500 ptako kostu fisikoa izango luke baina gestio desberdinen ondorioz doanekoa izatea lortu nahi litzateke. Informazioa jaso nahi duten itzultzaileek Tarazonako Udalaren Turismo Bulegora idaztea dute onena.
Arlesko Itzultzailearen Etxea
Tarazonako bileran parte hartu zutenen artean Arlesko "College Internationale des Traducteurs litteraires" egoitzako kideak zeuden. Berauek eskuratu ziguten informazioaren arabera, aipaturiko ''College" hau A.T.L.A.S. Elkarteak sortua da topaketa, gogoeta eta formazio-informaziorako leku gisa, eta kolegioa zabalik dago nazionalitate guztietako itzultzaileentzat, beren itzultzaileekin lanean ari diren autoreentzat, itzulpenaren teorilarientzat, hizkuntzalari eta lexikologoentzat eta ikasle eta ikastaldietako partaideentzat.
Bertan burutzen den eskaintza era askotakoa da: lan pertsonala, mintegiak, ikastaldiak, elkarrizketak, fitxategi lexikologikoene erakuntza eta erabilera, testuen tratamendurako makinen erabilera.
Behin-behinekoz kolegioak duen kokalekua, 18, rue de la Calade da eta Arlesen erdi-erdian aurkitzen da. Ondorengo zerbitzu hauek ditu: harrera-despatxua, idazkaritza, lan gela hornitua, liburutegia, bilera-aretoa, jantokia, sukaldea eta arropa-garbitokia.
Halere, datorren urtetik aurrera, kolegio hau Arlesko hirian dagoen Espace Van Gogh-en erdian lekutuko da eta zerbitzu-gela hauek izango ditu: hamar harrera-unitate, liburutegia, hitzaldi-aretoa, egongela, bulegoak, informatika-aretoa, gimnasi-gela, terrazak eta jantokia, sukaldea, arropa-garbitokia. Ostatuko daudenei idazmakinak, testuen tratamendurako makinak eta fotokopiagailuak jartzen dizkie eskura erakundeak. Liburutegian material hauek aurkitzen dira: hiztegi espezialdu eta entziklopediak, kontsulta-liburuak, dokumentazio-obrak, aldizkariak, jatorrizko testuak eta itzulpenak, hiriaren planoak etab.
Rodanoren hegian eta Hego-Ekialdeko hiri handietatik hurbil dagoen Arlesek badu ikusteko interesgarririk: adibidez, bere ondare arkeologikoa, museoetako bildumak, atergabeko kultur ekintzak eta Alpilles eta Camargue bitartean, aberastasun turistiko handiko eskualde bat itsasotik hurbil.
Straelengo Itzultzaileen Etxea
"Europaisches Ubersetzen-Kollegium" (ltzultaileentzako Kolegio europar) hau Westfaliako Straelenen aurkitzen da (Kuhstrasse 15-17, Postfach 1232, D-4172 Tf. 02834-1068/1069) eta lehendabiziko zentru nazioartekoa da, mundu-mailan, literatur eta espiritu-zientziazko obren itzultzaileentzat.
Beronen garrantziaz jabetzeko, aski bedi esatea liburutegia 25.000 liburu eta 100 hizkuntza desberdinetako 2.000 hiztegi baino gehiago dituela; gainera, 8 testu-prozesadore, 20 apartamendu eroso eta gainerako zerbitzu guztiak behar bezala horniturik.
Elkartea 1978an eratu zen eta udal eta barruti ordezkari politikoak eta itzultzaileen ordezkari batzuek osatzen dute titulargoa. Zuzendaritza-Batzordeak hamaika kide ditu eta Elmar Tophoven da presidentea. Elkartearen helburua da "nazioarte-mailan kultur trukaketa bultzatzea, literatur eta zientzi obren itzulpenaren alorrean eta herrien arteko ulermena sendotzea".
Finantziaketa Elkarteko Kideen edo hirugarrenen borondatezko ekarpenez egiten da, batez ere Ipar-Renaniako Kultur Ministraritzak eta Straelengo Udalak ematen duen diruz.
Egoitza honetan urtean zehar baliatzen direnak 300 baino gehiago izaten dira eta mundu osotik etortzen dira erabiltzaileak.
Bertan itzulpen-lan ugari egiteaz gainera, zenbait glosario atondu eta argitaratu ere egin dira.
Bi eratako bekak daude bertara joan nahi dutenentzat: A erakoak, egoitza eta mantenua ordaintzen dutenak eta B erakoak, egoitza eta mantenuaz gainera bidaia (joan-etorria) ordaintzen dutenak. Beka eskariak kolegiora zuzendu behar dira.