1990 eta 2017 bitarteko narratiba-lanen itzultzaileen azterketa genero-ikuspegitik
Itziar Murgiondo Agirre

Artikulu honen xedea 1990. eta 2017. urteen arteko narratibako itzulpenen azterketa bat egitea da, genero-ikuspegitik. Ikergaiaren aurrekariak labur aipatu ondoren, lanaren metodologia azaldu da; lehenik, aztergaiaren aldia eta literatura-generoa mugatu dira, eta, jarraian, datu-basearen ezaugarriak aletu. Horren ondoren, Nor da Nor-etik abiatuta egindako datu-basea oinarri hartuta, besteak beste, arlo hauek aztertu dira: zenbat emakumezko aritu diren lan horiek itzultzen; zer bilakaera egon den itzultzaileen ehunekoetan; zein alde dagoen itzulpen-lehiaketa anonimoen bidez esleitutako lanen eta bestela esleitutako lanen artean emakumezkoen presentziari dagokionez, eta argitaletxe bakoitzean zenbat lan itzuli dituzten emakumezkoek.

Sarrera

Bada kezka bat zenbait (euskal) itzultzaileren artean helduentzako literatura itzultzen ari diren itzultzaileen artean emakumezkoak ez direlako itzultzaile-lanetan ari diren emakumezkoak adina. Blog bateko sarrera batean, UPV/EHUko udako ikastaro bateko hitzaldi batean zein Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko eskolaren batean adierazi izan da susmo hori, esate baterako, baina horretan gelditu izan dira. Lan[1] honen xedea arlo horretan egoera zein den aztertzea izan da, eta, horretarako, literatura-itzulpengintzako datuak bildu, eta azterketa kuantitatiboa egin dugu.

Literatura-itzulpen guztiak aztertzea ezinezkoa zaigunez, eremua mugatu dugu. Batetik, aldiari dagokionez, 1990. eta 2017. urteen artean itzuli eta argitaratu diren lanak hartu ditugu kontuan. Literatura-generoari dagokionez, berriz, narratiba-lanetara mugatu gara, eta ez dugu egin bereizketarik nobelen eta ipuin-liburuen artean.

EIZIEren Nor da Nor datu-basetik abiatuta (aurrerantzean, NdN), datu-base bat egin dugu aipatutako garai eta generoko lanekin, eta hori oinarri izanik aztertu dugu, genero-ikuspegia aintzat hartuta, zenbat itzulpen egin eta argitaratu diren urte horietan; zenbat itzultzaile aritu diren horiek itzultzen; zer bilakaera egon den emakumezko itzultzaileen kopuruetan urterik urte; zenbat itzultzaile aritu diren guztira lan horiek aztertzen eta zenbana lan itzuli dituzten; argitaletxe bakoitzean zenbat lan argitaratu diren eta zenbat emakumezko itzultzaile aritu diren, eta, biren edo gehiagoren artean egin diren itzulpenen kasuan, zenbat emakumezko egon diren eta zenbat gizonezko. Datu horiek testuinguruan jarri eta konparazioak egiteko, EIZIEko bazkideen zein UPV/EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko ikasleen datuak jaso ditugu.

Ikergai honen aurrekariak

Generoari erreparatuta euskarara literatura itzuli duten itzultzaileei buruzko aipamen zein lanak laburbilduko ditugu jarraian. Aipatutako lanen gai nagusia guk azterturikoa baino zabalagoa da, gure ikergaiari hertsiki lotzen zaion lanik ez baitugu topatu; hala ere, baliagarriak iruditzen zaizkigun zenbait datu aurkitu ditugu, genero-ikuspegia aintzat hartzen baitute. Argitaratu diren urtearen araberako hurrenkeran aurkeztuko ditugu Bakartxo Arrizabalagaren artikulu bat, Siadecok EIZIEren enkarguz egindako ikerketa bateko zenbait emaitza, Bego Montorioren aipamen eta artikulu bana, eta Ane Garcia Lopezen gradu amaierako lana.

Bakartxo Arrizabalagak, «Itzulpena eta feminismoa» (2007) artikuluaren lehen atalean, Itzulpenen subjektu agentea. Emazte itzultzaileak izenekoan, emakumezkoek itzulpengintzan zer leku duten jakin nahi baldin bada «azterketa horren beharra» adierazten du (2007: 81).

Arrizabalagak dioenez, langintzaren tasunak direla-eta, emakumezko askok erabaki du horretan jardutea, eta, hain zuzen ere, horiexek izan dira itzulpenaren alorrean emakumea hain agerian ez egotera eraman dutenak. Besteak beste, ikusezin izatea, besterentzat lan egitea eta etxetik lanean aritzea aipatzen ditu langintzaren ezaugarri gisa.

Artikulu horretan bertan, Michaela Wolf ikertzailearen 2000. urteko ikerketa bati buruz hitz egiten du, zeinetan baieztatzen den alemanaren eremuan, oro har, itzultzaile gehienak emakumezkoak direla eta etxetik aritzen direla asko. Halaber, Arrizabalagak badio ere arlo hori aztertzea falta dela, adierazten du euskal itzultzaileon artean ere «emakumeok gehiengoa osatzen dugula» (2007: 82), nahiz eta ausartzen den esatera oraindik ere «itzultzailearen irudia gizonezkoa dela» (2007: 82), batez ere itzultzaile ospedunen eta eredugarri direnen artean.

Bestalde, 2006. urtean, Siadecok Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen ikerketa soziologikoa (2006) azterlana[2] egin zuen, EIZIEren enkarguz. Ikerketa horretan, elur-bolaren teknika[3] erabiliz, 394 itzultzailez osatutako errolda bat egin zuten. Inkesta bat bidali zitzaien, eta 220 itzultzailek erantzun zieten galderei. Parte-hartzaileen datuei erreparatuz eta generoa aintzat hartuta, emakumezko eta gizonezko itzultzaileen kopurua parekoa da; emakumezkoak 111 izan ziren (% 51); gizonezkoak, aldiz, 109 (% 49).

Lagina gure aztergaikoa baino zabalagoa da, ikerketa horretan itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteek hartu baitzuten parte, eta ez da, beraz, helduen narratiba itzuli duten itzultzaileen eremu zehatzari buruzkoa soilik. Halaber, ez zituzten kontuan hartu, inondik ere, euskal itzulpengintzaren alorrean ari diren lagun guztiak, baina, datu horiei esker, izan dezakegu ideia bat langintzan ari direnei buruz.

2013an, Elearazi blogean, «Euskarazko itzulpengintza: azkenaldiko joerak (I)» izeneko postean, «Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak» UPV/EHUko udako ikastaroaren lehenengo saioko kronika jaso zuen Danele Sarriugartek, eta, postean irakur daitekeenez, Bego Montoriok «Literatura Unibertsala: bilduma bat, ekarpen ugari» izeneko hitzaldian adierazi zuen, batetik, Literatura Unibertsala bilduman itzultzaile gizonezkoak gehiago direla emakumezkoen aldean, nahiz eta alde hori «apaltzen» ari den, eta, bestetik, hori eragin dezaketen «arrazoiak argitzeko zenbait faktore aintzat hartzekoak liratekeela».

Bestalde, Bego Montoriok berak idatzitako iritzi-artikulu bat ere badago 31eskutik itzulpengintzari buruzko blogean. «Sotanak eta bestelako gonak» deritzon artikuluan aipatzen du, labur esateko, XX. mendeko itzultzaile aipagarrienak zein izan ziren aztertzen ari zela ikusi zuela EIZIEk izendatu zituen 51 ohorezko bazkideetatik bi bakarrik direla emakumezkoak. Horri kontrajarrita, berriz, gaur egungo datuak ematen ditu, Siadecok EIZIEren enkarguz egin eta jada aipatu dugun ikerketa oinarri hartuta. Esan bezala, galdetegiari erantzun zieten 220 itzultzaileetatik % 50,5 emakumezkoak ziren. Orobat, aipatzen du EIZIEko bazkideen artean % 56 direla emakumezkoak, eta Gasteizen, Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketetan ere, «gehiengo erabatekoa neskak» direla.

Montorioren artikuluan, onartzen da Mendebaldeko emakumezkoen egoera asko aldatu dela azken hamarkadetan, baina, hala ere, autoreak azpimarratzen du errealitateari begiratzeko moduak ere izango duela eragina aurretik aipatu den desberdintasunari dagokionez, eta ondorioztatzen du ondo egongo litzatekeela garai horri «beste begi batzuekin begiratzea», Montorioren ustez horrek eragingo bailuke egun ez dauden beste itzultzaile batzuk ere agertzea.

Bukatzeko, Ane Garcia Lopezen Poesia itzulpena: jarduera periferiko baten analisia (2016) izeneko gradu amaierako lanean, orain arte euskarara ekarritako poesiaren analisi bat egiten da, eta, besteak beste, emakumezkoek itzulpen horiek egiterakoan zer leku izan duten aztertzen da.

Poesiako monografiak itzuli dituztenen generoari erreparatuta, Garcia Lopezen arabera, 84 itzultzailetik lau dira emakumezkoak; horrenbestez, % 5 baino gutxiago da horretan aritu diren emakumezkoen kopurua. Datu hori harrigarritzat jotzen du autoreak; izan ere, Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketetako ikasleen artean dauden gizonezko ikasleak ez dira asko izaten. Gehien itzuli izan duten itzultzaileen artean kokatzen dituen guztiak gizonezkoak dira, gainera: Juan Angel Etxebarria, Koldo Izagirre, Josu Landa, Gerardo Markuleta, Andima Ibinagabeitia, Eduardo Gil, Joseba Sarrionandia, Juan Garzia (2016: 10).

Bestalde, 1980tik aurrera monografia ez beste euskarrietan publikatu den poesiari dagokionez, 130 itzultzaile aritu direla aipatzen du Garcia Lopezek, eta azpimarratzen du horietatik asko idazleak direla. Aldi horretan, guztira 691 poema zenbatu ditu Garcia Lopezek, eta haietatik 65 lan itzuli dituzte emakumezkoek. Itzultzaileei dagokienez, 65 lan horiek 21 emakumek itzuli dituzte, eta lan horiek itzuli dituzten itzultzaile kopuru osoaren % 16,15 da (2016: 15).

Horrenbestez, Garcia Lopezek ondorioztatzen duenez, nagusiki gizonezkoek euskaratutako poesia argitaratzen da. Hala ere, adierazten du horren arrazoia ez dela «emakumezko itzultzaileen falta», ezpada «gure gizarteari estrukturalki eragiten dioten hainbat arrazoi» (2016: 16) —esate baterako, heteropatriarkatua—, eta horrek eragiten duela gizonezkoek poesiaren itzulpenean leku gehiago izatea.

Metodologia

Aldiaren eta literatura-generoaren mugaketa

Lanean aztertuko den aldia 1990etik 2017rako tartea da, eta bi faktore hartu dira kontuan tarte hori aukeratzerakoan. Batetik, hasierako urte hori ezarri da orduan hasi zirelako Literatura Unibertsala bildumako lehen argitalpenak. Bilduma horren xedea atzerriko literatura euskarara ekarri eta argitaratzea da, eta egitasmo instituzionala eta, beraz, publikoa da. Miren Ibarluzearen «Literatura Unibertsala bildumaren bideak» (2013) artikuluan ikus daitekeenez, haren oinarrian EIZIEren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko hitzarmen bat dago, eta, besteak beste, euskara normalizatzeko egindako urrats bat da, itzulpengintzako jarduerak ezinbestekoak baitira ildo horretan. Halaber, esan daiteke baduela itzulpengintzaren alorreko jarduerak eta horretan diharduten profesionalak bultzatzeko asmoa ere, eta bildumaren xedea betetzeko plangintza bati jarraituta egina dela.

Horrenbestez, ondoriozta daiteke literatura-itzulpenak argitaratzeko politika bat ezarri zela Eusko Jaurlaritzaren eta EIZIEren arteko hitzarmenarekin, eta, beraz, pentsa liteke literatura-itzulpenen argitalpenak areagotuz joango zirela urte horretatik aurrera. Ildo horretatik, Manu López Gasenik (2009) egin zuen euskal itzulpenei buruzko azterketan adierazten duenez, 1976. eta 2008. urteen artean, 1990eko hamarraldian argitaratu ziren itzulpen gehien, eta gogorarazten digu garai horretan sortu zirela, besteak beste, itzulpen-ikasketak, EIZIE eta Literatura Unibertsala.

Amaierako urteari dagokionez, 2017a jarri dugu, artikulu honen oinarrian dagoen lana 2018ko irailean aurkeztu genuelako eta urtea osorik hartzeko aukera eman zigulako horrek.

Itzultzaileen azterketa egiteko itzulpenen euren generoari dagokionez, berriz, kanonaren erdigunean egongo liratekeen lanak hartu ditugu, hau da, helduen literaturako narratibako lanak, halakoak itzultzen dituztenak baitira, ziur asko, agerien dauden itzultzaileak, egunkarietako berri zein argitalpenetan gehien agertzen direnak. López Gaseniren azterketan ikus daitekeenez, ez dira, kopuruari dagokionez, gehien itzultzen direnak, haur- eta gazte-literaturakoak (HGL) baitira. Edonola ere, ez dirudi halako lanen itzultzaileak hainbeste aintzatesten direnik, eta, orobat, ez dute horrenbesteko ikusgarritasunik.

Joan Mari Torrealdairen (2018) 2016ko euskal liburugintzaren azterketan ikus daitekeenez, euskaraz publikatutako lanak ekoizpen tematikoaren arabera sailkatuz gero, hauek dira ehunekoak:

1taula.png

Literaturari bagagozkio, HGLko argitalpenak dira nagusi, eta ia ekoizpen horren erdia hartuko lukete helduen literaturako argitalpenek. HGLko argitalpenen artean, gainera, 489 titulutik % 68,1 itzulitako lanak dira (Torrealdai, 2018: 104); beraz, pisu handia dauka itzulpenak arlo horretan.

Helduen literaturako tituluei dagokienez, bestalde, 268 titulu aipatzen ditu Torrealdaik (2018: 108), eta horietatik % 23,6 dira itzulpenak.

Helduei zuzendutako tituluak generoka banatuz gero, Torrealdairen arabera, % 52,4 eleberriaren eta ipuinaren multzokoak dira, eta, ondoren, olerkia egongo litzateke (% 21,3). Tartea, beraz, oso nabarmena da, eta argi ikus daiteke zein den helduen literaturan nagusi den generoa. Hori dela eta, aztergaia genero horretara mugatu dugu, itzultzaileen agerikotasuna ez ezik aintzat hartuta helduen literaturako kopuru handiena genero horretakoa dela eta, beraz, azterketa ahalik eta osoena egiteko datuak genero horretatik aterako ditugulako.

Azkenik, aipatu behar dugu papereko argitalpenetan jarri dugula arreta eta, horrenbestez, kanpoan gelditu direla Interneteko argitalpenak (Elearazi, Berbaratza, Armiarma…); izan ere, guk aztertutako aldi osoa aintzat hartuz gero, fenomeno nahiko berria iruditzen zaigu. Horrez gainera, sarean argitaratutako lanak oro har laburragoak izaten direnez, jende gehiago ari da halakoak itzultzen, eta, horrenbestez, iruditzen zaigu itzultzaileen kopuruak zertxobait desitxuratzeko arriskua egon daitekeela halakoak ere kontuan hartuz gero. Nolanahi ere, etorkizunean aztertzeko gai bat iruditzen zaigu, besteak beste ikusteko ea alderik ba ote dagoen modu amateurrean eta borondatez egiten diren itzulpenetan, itzultzaileen generoari dagokionez.

Datu-basea

Lan hau egiteko, EIZIEren NdN datu-baseko datuak erabili dira, hori baita, NdNren beraren webgunean ikus daitekeen moduan, gure eremu honetan «oinarrian itzulpengintza duen datu-base bakarra» eta, gure ustez, itzultzaileei buruzko informaziorik osatuena biltzen duen katalogoa.

Gure azterketan, testu mota, xede-hizkuntza eta itzulpenaren argitalpen-data erabili ditugu datu-basea osatzeko. Hala, testu motaren atalean, narratiba aukeratu dugu; xede-hizkuntzari dagokionez, euskararenera mugatu dugu bilaketa, eta, itzulpenaren argitalpen-datan, 1990etik 2017ra bitarteko emaitzak eskatu dizkiogu. Emandako datuak txukundu ondoren (datu-basearen emaitzak bistaratzeko formatuan akats batzuk baitzeuden), berrargitalpenak zein lehenengoz guk aztergai dugun aldian argitaratu diren arren 1990a baino lehen eginak diren itzulpenak ezabatu ditugu, gure aztergaian aldi horretan jardunean aritu diren itzultzaileak aztertu nahi izan ditugulako.

Halaber, Literatura Unibertsaleko datuak ere eskuratu ditugu NdNtik, lehiaketa itsu bidez aukeratzen baita bilduma horretako lanak nork itzuliko dituen; horrek aukera emango digu alderatzeko horrelako lehiaketen bidez aukeratzen diren itzultzaileen generoari buruzko datuak eta bestela esleitzen diren itzulpenei buruzkoak. Literatura Unibertsaleko argitalpenei buruzko informazioa eskuratzeko, testu motaren atalean «narratiba» eta bilaketa orokorraren atalean «Literatura unibertsala» hitz-konbinazioarekin egin dugu bilaketa, eta emaitza horietan oinarritu gara azterketa egiteko. Jokin Zaitegi lehiaketa itsuko lanei dagokienez, Elkarren webgunetik jaso dugu informazioa.

NdNtik eskuratutako datu horiei itzultzailearen generoari buruzko informazioa gehitu diegu; itzultzailearen izenean oinarrituta adierazi dugu ea gizonezkoa ala emakumezkoa den.

Guztira, 631 lan bildu ditugu; Literatura Unibertsala bilduman argitaratutakoak dira horietarik 160, eta Jokin Zaitegikoak, berriz, 9.

Datuen analisia

Atal honetan, bildu ditugu datu-basetik abiatuta gure ustez atera ditugun daturik interesgarrienak. Literatura-lanen itzultzaileei buruzko datuei testuingurua jartzeko balio dutela-eta, EIZIEko bazkideen eta UPV/EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko ikasleen zenbait datu emango ditugu lehenengo eta behin.

EIZIEko bazkideak

Hona hemen EIZIEko bazkideak nola banatzen diren generoaren arabera. Erdiak baino zerbait gehiago dira emakumezkoak, eta % 46 osatzen dute gizonezko bazkideek. Guztira, erreferentziatzat 2018ko martxoko datuak[4] hartuz, 367 bazkide daude EIZIEn, eta haietatik 197 dira emakumezkoak.

Hiru bazkide mota daude EIZIEn: bazkide arruntak, ikasleak eta ohorezko bazkideak. Azken horiek EIZIEk izendatzen ditu, bere garaian itzultzaile aitzindari izan zirelako.

Horiek kenduz gero, emakumezkoen ehunekoa altuxeagoa da; izan ere, bazkide arruntak eta ikasleak aintzat hartuta, 342 bazkide daude elkartean, eta haietatik 197 (% 57,60) emakumezkoak dira.

1grafikoa.png

1. grafikoa. EIZIEko bazkideen ehunekoak generoaren arabera. Iturria: EIZIE

Jarraian ageri den grafikoan ikus daitezke aztergai izan ditugun urteetan EIZIEn bazkide egin diren kideei buruzko datuak, generoaren arabera. Agerian gelditzen da hasierako urteetan gizonezkoak gehiago zirela. Nabarmena da, esate baterako, 2002an zenbat gizonezko bazkide berri egin ziren; hain justu ere, urte horretan izendatu zituen EIZIEk zenbait ohorezko bazkide (32); guztiak gizonezkoak. Urte horretatik aurrera, baina, gauzak nabarmen aldatzen dira, orduz geroztik emakumezko bazkide berri gehiago baitaude urte guztietan.

2grafikoa.png

2. grafikoa. EIZIEko bazkide berriak urtez urte generoaren arabera. Iturria: EIZIE.

Pentsa liteke 2000ko hamarkadako emakumezko bazkideen igoera horretan eragina izango zuela UPV/EHUn itzulpengintzako ikasketak ezartzeak, aurreraxeago aipatuko den moduan, eskola horietan nabarmen gehiago baitira emakumezkoak.

UPV/EHUko graduko ikasleak

Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko ikasleen artean ere, emakumezkoak dira nagusi. UPV/EHUn 2001-02 ikasturtean ikasketak ezarri zirenetik 2017-18ko ikasturteetan matrikulatu direnen artean, % 80tik gora emakumezkoak izan dira.[5] Halaber, emakumezkoak izan dira gehien, besteak beste, ikasturte hauetako graduatuen artean ere: 2014-15 ikasturtean, graduatuen % 73,33; 2015-16an, % 89,09, eta 2016-17an, % 86,79.

Testuinguruan jartzeko datu horiek eman ondoren, gure aztergaiaren zenbait datu iruzkinduko ditugu jarraian. Lagina osorik hartuta, literaturan ari diren emakumezkoen ehunekoa urrun dago EIZIEko bazkideen zein UPV/EHUko ikasleen ehunekoetatik. Hain zuzen ere, 1990 eta 2017 artean itzuli eta argitaratu diren liburuen datu-basean, 631 liburu zenbatu ditugu, eta horiek itzultzen 671 itzultzaile aritu dira;[6] 170 emakumezko eta 501 gizonezko. Horrenbestez, itzultzaile horien artean, % 25,34 izan dira emakumezkoak; lau itzultzailetik bat, alegia.

Urtez urteko bilakaera

3grafikoa.png

3. grafikoa. Itzultzaileen ehunekoak urtez urte generoaren arabera.

Grafikoan ikus daitekeenez, emakumezko itzultzaileen kopurua, urtez urte, gizonezko itzultzaileena baino baxuagoa izan da, 2017an izan ezik; izan ere, urte horretan aritutako 19 itzultzailetik 12 (% 63,16) emakumezkoak izan ziren, eta 7 (% 36,84) gizonezkoak.

Batez beste, urte bakoitzean 22 argitalpen eta 23 itzultzaile egon dira; haietatik 6 izan dira emakumezkoak eta 17 gizonezkoak; horrenbestez, gizonezkoak emakumezkoak halako hiru izan dira ia. Esan bezala, emakumezkoen ehunekorik altuena 2017koa da, eta baxuena, berriz, 2001ekoa; hain justu, urte horretako itzultzaileen artean % 7,14 izan ziren emakumezkoak, eta aurreko urteko kopurua ere paretsua da (% 7,69). Bestalde, 2002tik aurrera, emakumeen ehunekoa 15etik gora egon da urte guztietan. 2002-2017 aldiko batezbestekoei erreparatuz gero, emakumezko itzultzaileak % 29,35 izan dira; hortaz, ehuneko hori aztergai izan dugun aldi osokoa baino zertxobait altuagoa da.

Lehiaketa bidez esleitutako itzulpenak eta bestela esleitutakoak

Lehiaketa bidez esleitutako lanen artean, 169 lan zenbatu ditugu; 160 Literatura Unibertsala bildumari dagozkio, eta 9 Jokin Zaitegi lehiaketari. Lehiaketa horietan esleitutako lanak egin dituzten itzultzaileak 184 izan dira guztira; haietatik 52 izan dira emakumezkoak; % 28,26, beraz. Bestela esleitutakoak, aldiz, 462 izan dira denera, eta 487 itzultzailek egin dituzte itzulpenok. Itzulpen horietan, 118 izan dira emakumezkoak —% 24,23, alegia—, eta gizonezkoak 369 (% 75,77). Hala, bada, lehiaketa bidez esleitutako lanetan, emakumezkoen ehunekoa apur bat handiagoa da bestela esleitutako lanen ehunekoaren aldean, nahiz eta zifra hori ere urrun dagoen EIZIEko bazkideen zein Itzulpengintzako ikasleen proportzioetatik.

Itzultzaileen kopuru absolutuak

4grafikoa.png

4. grafikoa. Itzultzaileen ehunekoak urtez urte generoaren arabera.

Datu-basean bildu ditugun lanetan parte hartu duten itzultzaileak guztira 227[7] izan dira; 65 emakumezkoak dira, eta 162 gizonezkoak, hau da, 10etik 7 pasatxo dira gizonezkoak eta ia 3 emakumezkoak.

Paragrafo honen ondorengo taulan ikus daitezke 227 itzultzaile horietatik argitalpen gehien dituzten lehen 30 itzultzaileak, bakoitzaren argitalpen kopuruarekin batera, eta zenbaki horren araberako hurrenkeran. Ikus daitekeenez, lehen postuan dauden emakumezkoaren, Koro Navarroren, eta gizonezkoaren, Xabier Olarraren, argitalpen kopurua nahiko antzerakoa da; 25 eta 28, hurrenez hurren. Edonola ere, bigarrenen artean, Josu Zabaletaren kopurua Miren Arratibelenaren bikoitza da, eta hortik aurrerako aldea ere nabaria da.

2taula.png

Azken hamarren datuei erreparatuz gero ere ikusten da aldea, postu horietan dauden emakumezkoen argitalpenak 2 baitira eta gizonezkoenak aldiz 6 eta 5. Taula horrekin bukatzeko, konparazio baterako, lehen 30 itzultzaileen argitalpenak guztira hartuz gero, emakumezkoenak 134 dira; gizonezkoenak, ostera, 292; bikoitza baino gehiago, beraz.

Argitaletxeka

Bi grafiko hauetan ikus daitezke, batetik, argitaletxe bakoitzak argitaratu duen liburu kopurua, eta, bestetik, liburu horiek itzultzen aritu diren emakumezko eta gizonezkoen ehunekoak. Grafikook egiteko ez dira kontuan hartu lehiaketa bidez esleitu diren lanak, ez eta liburu bakarra argitaratu duten argitaletxeak ere. Hartara, guztira, 433 argitalpen izan ditugu kontuan, eta 458 itzultzaile kontatu ditugu.[8]

5grafikoa.png

5. grafikoa. Argitaletxeen argitalpenak.

Ikus daitekeen moduan, argitalpen gehien (108) Igelak egin ditu, eta horren atzetik daude Erein (73), Alberdania (59), Txalaparta (43) eta Elkar (41). Haien ondoren dago Hiria (21), baina Elkarren argitalpen kopurua bikoitza da argitaletxe horrenaren aldean. Gainerako argitaletxeen kopuruak 20tik behera daude; Meettokek 16 ditu; Pasazaitek 12; Denonarteanek 10; Pamielak 9; Alberdaniak eta Ereinek batera 8; Infomartek 5; Susak eta Txertoak 4na; Edo!-k, Eganek eta EHUk eta ZTK ekoizpenak-ek 3na; eta 2na Berminghamek, Katakrakek eta Maiatzek.

Bigarren taula honetan ikus daiteke argitaletxe bakoitzean argitaratu diren lanetan ehuneko zenbat izan diren itzultzaileak gizonezkoak eta zenbat emakumezkoak.

6grafikoa.png

6. grafikoa. Argitaletxeetako argitalpenen itzultzaileak generoaren arabera (%).

Emakumezkoek itzulitako lanen ehunekoei erreparatuz gero, Katakraken ehunekoa da altuena; hain zuzen, argitaraturiko lan guztietan (2) aritu dira itzultzaile emakumezkoak (3). Horren ondoren leudeke Edo! argitaletxea eta Alberdania eta Ereinen artean argitaratutako itzulpenak. Hain zuzen ere, bi horiek argitaraturiko lanen % 66,67 itzuli dituzte emakumezkoek. Azkenik, Pasazaiteren lanak itzuli dituzten % 58,33 izan dira emakumezkoak. Gainerako argitaletxeen itzulpenen erdiak baino gehiago gizonezkoek egin dituzte.

Hori ikusirik, pentsa liteke zenbat eta argitaletxe berriagoa izan emakumezko itzultzaileen ehunekoa altuagoa dela, nahiz eta aipatu behar den itzulpenak ere gutxiago direla. Katakrak, Edo! eta Pasazaite 2010eko hamarkadan sortutako argitaletxeak dira guztiak, eta Alberdaniak eta Ereinek ere hamarraldi horren hasieran ekin zioten Batera saileko lanak elkarlanean argitaratzeari.

Itzulpen gehien argitaratu dituzten argitaletxeei dagokienez, emakumezko itzultzaileen ehunekorik altuena Txalapartarena da: itzultzaileen % 30,43 da emakumezkoa; horren ondoren daude Elkar (% 26,19), Alberdania (% 21,67), Igela (% 21,24) eta Erein (% 19,23).

Bukatzeko, zenbait argitaletxetan, emakumezko bat ere ez da aritu gure ikergaiari dagozkion lanak itzultzen; guztiek dituzte 5 argitalpen edo gutxiago: Infomart (5), Egan (3), ZTK ekoizpenak (3), Bermingham (2) eta Maiatz (2).

Taldean egindako itzulpenak

Bi itzultzaileren edo gehiagoren artean egin diren 31 lan daude datu-basean, eta 70 itzultzaile[9] jardun dira lan horiek itzultzen; emakumezkoak adina gizonezko. Lehiaketa bidez esleituta, 10 lan itzuli dira taldean, 25 itzultzaileren eskutik, eta haietatik % 56 dira emakumezkoak. Esan daiteke, beraz, lehiaketetan, gizonezko baino emakumezko gehiago aritu direla talde-lanean.

Bestela esleitu direnen artean, bestalde, erdiak baino gutxixeago izan dira emakumezkoak: 10etik 4,6, hain justu.

Kopuru absolutuei erreparatuz gero, 52 izan dira guztira[10] 31 lan horiek itzuli dituzten itzultzaileak; horrenbestez, batzuk behin baino gehiagotan aritu dira taldean itzultzen. Hain justu, 52 itzultzaile horietatik 27 izan dira emakumezkoak, eta 25 gizonezkoak. Horrek esan nahi du gure datu-basean agertzen diren emakumezko itzultzaileen % 41,54k noizbait taldean argitaratu duela lanen bat, eta gizonezkoen artean, berriz, % 15,43k.

Laburbilduz

Bukatzeko, ondorio gisa esan dezakegu alde nabaria dagoela EIZIEko bazkide emakumezkoen eta Itzulpengintzako ikasketetako emakumezkoen eta narratibako lanak itzuli dituzten emakumezkoen ehunekoetan. Halaber, kopuru absolutuei erreparatuz gero, langintza horretan aritu diren emakumezkoen kopurua baxuagoa da gizonezkoen kopuruaren aldean, bai eta genero bakoitzeko itzultzaileen argitalpen kopuruak ere, gizonezkoek argitaratu dituztenak bikoitza baino gehixeago baitira emakumezkoen aldean.

Lehiaketa bidez edo bestela esleitu diren lanei dagokienez ere, aipagarria da emakumezkoen ehunekoa zertxobait altuagoa dela lehiaketen kasuan. Horrek esan nahi du oraindik ere enkarguak egiterakoan gutxiago jotzen dela emakumezko itzultzaileengana, eta horixe ikusten da datuak argitaletxeen arabera erakusten dituen grafikoan ere.

Bukatzeko, taldean argitaratzeari dagokionez eta kopuru absolutuak oinarri hartuta, ondoriozta daiteke emakumezkoek gehiago jotzen dutela taldean itzultzera gizonezkoek baino.

Bibliografia

Arrizabalaga, Bakartxo (2007). Itzulpena eta feminismoa. Senez 32.

Garcia Lopez, Ane (2016). Poesia itzulpena: jarduera periferiko baten analisia. (Kontsulta: 2018-06-12).

Ibarluzea Santisteban, Miren (2013). «Literatura Unibertsala bildumaren bideak». Lapurdum 17. 

López Gaseni, Manu (2009). Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)

Montorio Uribarren, Bego (2014). Sotanak eta bestelako gonak. (Kontsulta: 2018-06-12).

Sarriugarte, Danele (2013). Euskarazko itzulpengintza: azkenaldiko joerak (I). (Kontsulta: 2018-06-12).

Siadeco (2006). Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen ikerketa soziologikoa (2006).

Torrealdai, Joan Mari (2018): «Euskal liburugintza 2016», Jakin 226, 93.-110. or.

UPV/EHU Zenbakitan. Graduko ikasketak. (Kontsulta: 2018-06-12).


Oharrak

1. Artikulu honen oinarrian, 2018ko irailean aurkeztu eta defendatutako izen bereko gradu amaierako lana dago. Horrenbestez, artikuluan agertzen diren datu guztiak garai hori baino lehenagokoak dira.

2. Ikerketa horretako datuak eskuratu ahal izateko, EIZIErekin jarri ginen harremanetan; izan ere, haien enkarguz egindako lana izan zen, eta ez zuten zabaldu. Eskerrak eman nahi dizkiegu informazioa emateko izan duten prestutasunagatik.

3. Elur-bolaren teknika laginketa-metodo bat da, lagina osatzeko subjektuak aurkitzea zaila denean erabiltzen dena. Siadecoren ikerketaren kasuan, euskal itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen errolda bat egiteko asmoz, galdetegi bat bidali zitzaien EIZIEko bazkideei (lehenengo elur-bola), eta, haiek emandako izenekin, berriz ere bigarren elur-bola bat igorri zuten, langintza horietan ari ziren ahalik eta kide gehienak bilatu eta errolda egiteko.

4. EIZIEko datuak elkartearen idazkaritzan diharduen Arantzazu Royok helarazi dizkigu.

5. Datu hauek eskuratzeko, UPV/EHUren «Zenbakitan» atalera jo dugu, baina azken urteetako daturik ez da agertzen. Ana Aguinaco Letren Fakultateko administrariak helarazi dizkigu, Artus aplikazio informatikoa oinarri hartuta.

6. Itzultzaile kopuru hori sinatze kopuruari dagokio. Ez dira 671 itzultzaile, aintzat hartu baitira itzultzaile bakoitzak egin dituen argitalpen guztiak, eta guztiak zenbatu baitira itzultzaile beregain baten lan gisa, hau da, itzultzaile batek bi itzulpen argitaratu baditu, bi aldiz egongo da zenbatuta itzultzaile bera. Besterik da itzultzaile absolutuez hitz egiten denean; kasu horretan, lan bat baino gehiago sinatu badu ere, behin bakarrik egongo da zenbatuta.

7. Kasu honetan, behin bakarrik zenbatu dira itzultzaileak.

8. Berriz ere dihardugu sinatze kopuruei buruz.

9. Sinatze kopuruei buruz ari gara hemen.

10. Kasu honetan, itzultzaileak behin bakarrik zenbatu dira, nahiz eta lan bat baino gehiago argitaratu taldean.