Itzulpen lana Nazio Batuen Erakundean: New Yorkeko Espainiera Zerbitzua
Nazio Batuen Erakundeak sei hizkuntza ofizial ditu: arabiera, errusiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta txinera. Egunero testu bolumen eskerga itzuli eta interpretatzen da sei hizkuntza hauen artean erakundeko bost egoitzetan: Geneva, Viena, Santiago de Chile, Nairobi eta New Yorken, egoitza nagusian. Gainera, alemaneko atal txiki bat ere badago New Yorken, hizkuntza hori erakundean ofiziala ez izan arren. Egoitza nagusian daude erakundearen sei organismo nagusietatik bost: Idazkaritza Nagusia, Segurtasun Kontseilua, Batzar Nagusia, Gizarte eta Ekonomia Kontseilua eta Estatu Administratzaileen Kontseilua. Artikulu honetan New Yorkeko Espainierako Itzulpen Zerbitzuaren lan prozedura eta ezaugarri nagusiak azalduko ditugu labur. Azalpen honetan ez dugu interpretazio lanaren berririk emango, lan hori beste zerbitzu bati dagokio eta. NBEren web orri ofizialaren itzulpenari buruzkoak ere artikulu honetatik kanpo geratzen dira arrazoi beragatik.
Giza baliabideak
NBEko itzultzaileak lau kategoria hierarkikotan banatzen dira: P-2, P-3, P-4 eta P-5. Lehenengo biak, P-2 eta P-3, alegia, itzultzaile hutsak dira; P-4 kategoriakoak itzultzaile/zuzentzaileak dira: aurreko kategoria bietako itzultzaileen lanak zuzentzeaz gain, eurek ere itzultzen dute, baina euren lanaren zuzenketa egiten dute. Azkenik, P-5 kategoriakoak zuzentzaileak dira: zuzendu bakarrik egiten dute eta eurek dute autoritate linguistiko handiena. Itzultzaile guztiek gutxienez bi hizkuntzatatik itzultzen dute gaztelaniara. Bestalde, Nazio Batuetan hizkuntzak ikasteko zerbitzu bat dago, non erakundeko hizkuntza ofizial guztiak irakasten diren. Itzultzaileek aukera dute euren lan hizkuntza ez diren beste hizkuntza ofizialak bertan ikasteko eta, gaitasun frogak gaindituz gero, hizkuntza horietatik itzultzera heltzeko.
NBEk Terminologia Talde bat dauka, UNTerm datu base terminologikoa elikatu eta mantentzen duena erakundeko sei hizkuntzetan[1]. Alabaina, Espainierako Zerbitzuak bere barne terminologoa dauka, zerbitzuko terminologia bilduma elikatu eta mantentzen duena. Bilduma hori da zerbitzuko itzultzaileen terminologia erreferentzia nagusia; bertako sarrera guztiak UNTerm-en daude, baina UNTerm-en dauden sarrera guztiak ez daude zerbitzuko datu basean.
Itzulpen proiektuak zerbitzuko kudeatzaileak (programming officer) kudeatzen ditu. Kudeatzaileak lanak banatu eta epeak ezartzen ditu, beste zerbitzuetako kudeatzaileekin eta Dokumentuen Kontroleko Atalarekin adostu eta gero, erakundearen premien arabera. Kudeatzailea kategoria handieneko itzultzaile bat da (P-5) baina ez da beti pertsona bera: lanaren konplexutasun eta estutasuna dela eta, kargua txandaka betetzen dute pertsona desberdinek urtean zehar.
Itzultzen den dokumentazioa gehienbat administratiboa eta juridikoa da: Nazio Batuen organoei aurkezten zaizkien azterlanak (politika, ekonomia, gizarte, zuzenbide gaiez eta bestelakoez) erabaki-proposamenak, hitzarmen-proposamenak, txostenak, akta laburtuak, NBEko kide diren estatuen adierazpenak, gutuneria ofiziala, zabalkuntza orokorreko liburuak eta foiletoak, nazioarteko itunak eta abar.
Espainiera Zerbitzuan urtean 50.000 bat orri itzultzen dira, hau da, 1.650.000 berba inguru. Horri gehitu behar zaio beste % 18 bat, kanpoan itzultzen dena. Arabiera, errusiera, frantses eta txinerara pareko bolumena itzultzen da. Ingelesera, aldiz, beste hizkuntzenaren % 20 inguru. Dena dela, Ingeles Zerbitzuak bileren hitzez hitzeko aktak idazten ditu ingelesez[2].
Zerbitzu guztiak kontuan hartuta, 300 itzultzaile inguru daude plantillan New Yorkeko egoitzan. Espainierako Zerbitzuan 54 itzultzaile finko daude, jatorrizko hizkuntza desberdinetatik (ingelesa, frantsesa, errusiera, arabiera) gaztelaniara itzultzen dutenak. Horri gehitu behar zaio NBErentzat boladaka (hilabete batzuk urtean) lan egiten duen itzultzaileen kopuru aldakor bat («temporary staff»)[3].
Hizkuntz teknikari hauez gain, administrazio lanez arduratzen diren lau langile daude zerbitzuan. Guztien gainetik zerbitzuko burua dago.
Dokumentuen jarioa: jatorrizko ataletik argitalpenera
Dokumentu bat sortzen denean (hau da, lehenengoz idazten denean) bertsio hori Dokumentuen Kontrola izeneko atalera heltzen da (Docs Control). Atal honek honakoak egiten ditu:
- jasotako jatorrizko dokumentua arau tekniko jakin batzuetara egokitu
- dokumentu bakoitza signatura batez (symbol) erregistratu;
- dokumentua itzuliko den hizkuntza bakoitzeko bertsioarentzat zenbaki bat sortu (job number)
- dokumentuaren produkziorako egutegi bat ezarri, bertan parte hartuko duten lan talde guztientzat
- dokumentuaren fitxa prestatu, berari buruzko informazioarekin
- dokumentuaren kopia bana bidali, fitxarekin batera, beste bi ataletara: Erreferentzia eta Terminologia Atalera eta Edizio Atalera. Erreferentzia Atalak dokumentuaren erreferentziak prestatzen ditu eta Edizio Atalean jatorrizkoa zuzentzen da
- itzuli beharreko dokumentu editatua eta erreferentziatua itzulpen zerbitzu bakoitzera bidali, informazio fitxarekin batera.
Itzulpena eginda eta zuzenduta dagoenean, dokumentua Testu Lanketako Atalera bidaltzen da (Pool), argitaratzeko presta dezaten. Azkenik, behin betiko dokumentua Argitalpen eta Banaketa zerbitzuetara bidaltzen da.
IRUDIA: dokumentuen produkzioa
Lan prozedura
E-doc
Itzultzaileari bere zerbitzuko kudeatzaileak itzulgaiaren kopia bat ematen dio paperean, gainean kode bat idatzita daukala, job number edo lanaren zenbakia. NBEk badu dokumentuen kudeaketa elektronikorako aplikazio bat, E-doc izenekoa. Itzultzaileak zenbaki hori aplikazioko leihotxo batean idatzi, eta zenbait gauza eskuratzen ditu:
- gorago aipatutako kontrol fitxa, hainbat xehetasun biltzen dituena: dokumentuaren izenburua; itzulpena eskatu duen atalaren izena; dokumentua idatzi duen pertsonaren izena (authorizing official) eta harremanetarako datuak; dokumentuari buruzko kontsultak egiteko pertsonaren izena (consulting official) eta berarekin harremanetan jartzeko datuak; dokumentua noiz erabiliko den (zein organoren bileratan, zein lekutan eta noiztik noiz arte); dokumentuaren produkzio epearen mugarriak: noiz atera zen bere sorrera lekutik eta noiz heldu zen Dokumentuen Kontroleko Atalera, noiz bidali zen handik Erreferentzia eta Terminologia Atalera eta Edizio Atalera, eta noiz atera ziren handik testu erreferentziaduna (itzultzailearentzat baliagarri diren zenbait erreferentzia ageri dituena) eta testu editatua (jatorrizko zuzendua); noiz bidali den dokumentua itzultzera eta noizko egon behar den prest eta abar. Fitxa hori NBEren hizkuntza bakoitzerako dago eskuragarri eta zeharo lagungarria da itzultzailearentzat, bai bere lana epearen arabera antolatzeko eta bai egin behar dituen kontsultetarako ere. Bidenabar, oso eskertzekoa da NBEko langile gehienentzat (bai eta misio diplomatikoetako kideentzat ere) gauza jakina izatea argibideak eskatzea itzultzailearen lanaren partea dela: galdera bat egin behar duenean itzultzaileak normalean ez du aurkitzen pertsona guztiz harritu bat telefonoaren bestaldean.
- Itzultzaile eta zuzentzaileei buruzko informazio fitxa. Bertan daude kasuan kasuko dokumentua itzuliko duen itzultzailearen eta itzulpena zuzenduko duen zuzentzailearen izenak eta harremanetarako datuak. Lan bat itzultzaile bat baino gehiagoren artean banatu bada, itzultzaile bakoitzak horren bidez jakin dezake nork dituen lanaren beste parteak. Informazio hauek beste hizkuntzetako zerbitzuei buruz ere eskura daitezke: adibidez, testu bat ingelesetik frantsesera itzuli behar duen itzultzaileak jakin lezake testu bera nork itzuliko duen ingelesetik errusierara, eta harekin harremanetan jartzeko datuak eskuratu.
- Itzulgaiaren bertsio elektronikoa, MSWord formatuan, itzultzaileak bere disko gogorrean kopia dezakeena itzulpena egiteko. NBEko testu gehienek bertsio elektroniko prozesagarria badute ere, ehuneko txiki bat faxez heltzen da kanpotik erakundera, eta itzultzaileak pdf formatuan baino ezin ditu eskuratu.
- Erreferentzien karpeta, e-folder deritzona. Karpeta horretan testu erreferentziatua dago, NBEko Erreferentzia eta Terminologia Atalak prestatu duena. Itzuli beharreko dokumentu bera da, baina testuan agertzen diren zuzeneko edo zeharkako aipamenei edo bestelako erreferentziei buruzko iruzkinak ditu (erreferentzistaren ustez itzultzailearentzat baliagarria izan daitekeen edozeri buruzko oharrak). Iruzkin horietan estekak daude, erreferentzistak lagungarritzat jo dituen testu edo iturrietara eramaten dutenak. Adibidez, itzulgaian aipatzen baldin bada NBEko idazkari nagusiak egindako txosten bat, alboan MSWordeko iruzkin bat aurkituko dugu eta barruan signatura bat (txosten horrek NBEren dokumentazio sisteman daukan signatura). Signatura hori esteka bat da berez, eta hor sakatuta, leiho bat zabalduko zaigu MSWordeko sei ikonorekin: idazkari nagusiaren txosten hori NBEko sei hizkuntzetan, alegia. Interesatzen zaigun hizkuntzako dokumentuan klik egin eta testua zabalduko zaigu kontsultarako. Beste erreferentzia batzuk testuan aipatzen diren erakundeen edo nazioarteko biltzarren webguneen estekak izan daitezke eta abar. Erreferentzista on batek egindako lana laguntza bikaina da itzultzailearentzat; damurik, baina, testu erreferentziatuak itzultzaileak beharko lituzkeen erreferentzien % 10 baino ez ohi du eman onenean ere, hots, bide egokitik abiatzeko adinekoa besterik ez. Izan ere, NBEren dokumentuak zuzeneko edo zeharkako aipamenez josita daude (barruko nahiz kanpoko dokumentu eta gaiei buruzkoak) eta horiexek ematen diote lanik handiena itzultzaileari, testu bakoitzak izan dezakeen zailtasun linguistiko edo teknikoa alde batera utzita.
Egiaztapenak
Egiaztapenak NBEko itzultzailearen lanaren ardatza dira. Egiaztapenak dira itzultzaileak testuan txertatu behar dituen iruzkinak, zuzentzaileari frogatzeko izen edo termino jakin baten itzulpena iturri fidagarri batean dokumentatu duela. Egiaztapenaren itxura tipikoa bazterrean erantsitako honelako iruzkin bat da:
C
A/RES/61/24
...non C delakoak «egiaztatua» esan nahi duen, eta behean agertzen den signaturak adierazten duen zein dokumentutan aurkitu duen itzultzaileak eman duen ordaina. Espainiera Zerbitzuak badu iturrien barne hierarkia bat, fidagarrienetatik zalantzagarrienetara. Jakina, itzultzailea saiatu behar da beti sailkapen horretako lehen iturrietan aurkitzen ordainak, eta besterik ezinean bakarrik joko du zalantzazkoagoetara. Edozelan ere, jakinarazi beharko dio beti zuzentzaileari non aurkitu duen eman duen itzulpena. Ordainik aurkitu ezin izan badu, Not traced adierazi beharko dio iruzkinean, jakin dezan berak sortu duela emandako ordaina.
Oro har, honelakoak dira egiaztatu beharrekoak: dokumentuan azaltzen diren beste dokumentu batzuen hitzez hitzeko aipamenak, zeharkako edo ezkutuko aipamenak (birformulazioetan jatorrizko termino eta esapide berak erabili behar baitira), termino tekniko guztiak, siglak, erakunde eta organismoen izenak (NBEren barrukoak nahiz kanpokoak), nazioarteko hitzarmenen izenak, argitalpenen izenburuak...
Egiaztapenok egiteko NBEko itzultzaileak darabilen tresna nagusia DTSearch delako erreminta da. DTSearch datu base dokumental indexatua arakatzeko programa da. Datu base dokumental erraldoi honetan biltzen dira aurretik itzulitako dokumentuen jatorrizkoak, itzulpen elebakarrak hizkuntza desberdinetan, bitestuak, tritestuak, zerbitzuko datu base terminologiko osoa eta glosario espezifiko zenbait.
Jakina, DTSearch-eko indizeez gain, itzultzaileak Internet-eko baliabideak ere erabiltzen ditu gaiak ikertu eta egiaztapenak egiteko, eta paperean bakarrik aurki daitezkeen erreferentzietarako NBEko liburutegira jo dezake.
Egiaztapenak itzultzailearen lanaren oso parte garrantzitsua dira NBEn, eta haren profesionaltasuna horien arabera neurtzen da neurri handi batean. Izan ere, idatzi gabeko arau bat da itzultzaileak ahalik eta lan gutxiena eman behar diola zuzentzaileari. Ezin du espero zuzentzaileak dokumentazio edo bilaketa lan hori egitea edo bi aukera estilistikoren artean hautatzea. Ezin du espero, halaber, zuzentzaileak tipografia akatsen edo, are gutxiago, ortografia edo gramatika akatsen atzetik ibiltzea edo omisioak antzematen jardutea, itzultzaileak paragrafo edo esaldiren bat «jan» duelako. Zuzentzailea hiru gauzatan kontzentratuko da: itzultzaileak konpondu ezin izan dituen arazoen gaineko erabakiak hartzea (adibidez, maila hierarkiko bereko kontsulta iturri bi bat ez datozenean), testuan egon daitezkeen koherentzia hutsak bateratzea (hau batez ere itzultzaile bat baino gehiagoren artean egindako lanei dagokie) eta estiloa zuzentzea. Jakina, ortografia, tipografia edo gramatika akatsik edo omisiorik aurkituz gero, markatu egingo ditu, baina hori itzultzailearen hutsegite larritzat joko da. Aurrerago mintzatuko gara honetaz.
Itzulpenerako tresnak
New Yorkeko Espainiera Zerbitzuko itzultzaileen artean ez dago batasunik itzultzeko tresneria eta estrategiei dagokienez: lanabes eta prozedura desberdinak erabiltzen dituzte, preferentzia, interes eta ohituren arabera. Hasteko, bi talde handi bereiz ditzakegu:
a) Ahotsa erabiliz itzultzen dutenak. Itzultzaile hauek «diktatu» egiten diote itzulpena ordenagailuari, ez dute tekleatzen. Horretarako bi tresna hauetako bat erabiltzen dute:
a1) grabazio digitala. Mikrofono digital batez eta grabaziorako programa batez audio artxibo bat sortzen dute eta gero hori Testu Lanketako Atalari (Pool delakoari) eskuratzen diote, bertan transkribatu eta formatua eman diezaioten. Diktafono tradizionalak (magnetofoiak eta kaseteak) 2006ko irailean erretiratu ziren New Yorkeko egoitzatik horren ordez teknologia digitala ezartzeko;
a2) hizkuntza testu bihurtzeko programa bat, kasu honetan Dragon Naturally Speaking. Dragon erabiliz lan egiten duten itzultzaileek «irakatsi» egiten diote tresnari euren ahotsa eta ahoskera ezagutzen, baina, hala ere, diktatu osteko zuzenketak ezinbestekoak izaten dira beti, tresna egokia izan arren, akats «arriskutsu» ugari egiten baititu. Hauek benetako adibideak dira:
Itzultzaileak: cronograma de la migración
Dragonek: cono drama de la migración
Itzultzaileak: se vele por la coherencia
Dragonek: se vende por la coherencia
Itzultzaileak: estrategia de reducción de la pobreza
Dragonek: estrategia de reduccion japonesa
b) MSWord testu prozesatzailea erabiliz itzultzen dutenak. Hemen beste bi talde bereiz genitzake:
b1) Itzulpen memoriarik erabiltzen ez dutenak. Itzultzaile hauek tekleatu egiten dute itzulpena. DTSearch erabiliz datu base dokumentalean bilaketak egiten dituzte aurretik itzulitako dokumentuetan baliagarri gerta dakizkiekeen testuak edo zatiak eta terminologia eta bestelako erreferentziak aurkitzeko, eta gero kopiatu eta itsatsi egiten dituzte euren dokumentuan. Horretaz gain, itzultzaile batzuek erruz darabiltzate MSWord-eko autotestu eta autozuzenketa aukerak sintagmak eta esaldiak «automatikoki» itzultzeko, eta zenbaitek oso makro elaboratuak ere bai (esate baterako, ehundakako herrialdeen izenak itzuli eta gaztelaniako ordena alfabetikoaz emateko). Talde honetako zenbait itzultzailek zerbitzuko terminologia datu basea daukate SDL Trados-eko Multiterm-en sartuta eta MSWord-en txertaturik, Trados memoriarik erabili ez arren.
b2) Itzulpen memoriak darabiltzatenak: Wordfast, SDL Trados, Olifant (memorien editorea). Batzuek segmentatzaile huts modura darabiltzate tresna hauek, memoriarik elikatu gabe. Beste batzuek, aldiz, memoria pertsonal bat elikatzen dute, eurek egindako itzulpenekin edo/eta aurretik itzulita eta argitaratuta dauden dokumentuak alineatuz eta euren memorietara inportatuz. Talde honetako guztiek darabilte zerbitzuko terminologia datu basea terminologia kudeatzeko programan (adibidez Multiterm-en). Teknologia mota hau darabilten gehienek SDL Trados darabilte.
Azken aldian badirudi New Yorkeko egoitzako Espainiera Zerbitzuan bultzada ematen hasi zaiola b2) taldearen jokabideari eta ekimen bat abiatu dela joera hori zerbitzuan hedatuz joateko. Bide hori hautatzen bada, aldaketa garrantzitsuak egin beharko dira itzultze lanaren antolamendu orokorrean, geroago azalduko ditugun arrazoiengatik.
Jatorrizko testuaren bertsio zuzendua (edited text)
Lehen esandako legez, Edizio Atalean testuen jatorrizko bertsioak zuzendu eta bateratzen dira, edukiz, estiloz eta formatuz. Ez da kontu arina, Euskal Herriko erakunde publikoetan adibidez zeharo ezezaguna baita prozedura hori, modu sistematikoan bederen, argitalpenak alde batera utzita (liburuak, aldizkariak). Modu sinple eta gordinagoan esanda: gaztelaniazko editore edo zuzentzailearen figura (gurean normalean jatorrizkoa den hizkuntzaren zuzentzailea) guztiz kontzeptu exotikoa da gurean, beharbada ustez-eta gaztelaniaz sortzen dena egokia eta zuzena delako beti, eta ez daukalako konbentziorik bete beharrik edo bateratze premiarik.
Edozelan ere, NBEn betiere presente dauden denbora estutasunak direla eta, arazo bi sortzen zaizkio itzultzaileari: batetik, jatorrizko testu editatua gehienetan beranduago heltzen zaio «zirriborroa» baino. Hau da, kudeatzaileak lana ematen dion unean itzultzailea testua itzultzen hasi behar da, baina kasuen %90ean jatorrizko testu zuzendua itzulpena ondo aurreratua eta batzuetan amaituta daukanean heltzen zaio. Zuzenketetako batzuek ez diote eragingo itzulpenari (jatorrizkoaren konbentzio ortotipografikoei dagozkienek adibidez) baina beste batzuek, aldiz, bai (eduki edo formulazio aldaketek, ezabatutako edo erantsitako zatiek eta abar). Nolanahi ere, itzultzaileak berrikusi egin beharko du ordura arte itzulitako guztia jatorrizko testuari egin zaizkion aldaketei erreparatuz, behar diren doiketak egiteko.
Bestetik —eta hau bigarren arazoa da— jatorrizkoaren zuzenketak ez dira bertsio elektronikoan egiten, paperean baino. Hots, testu editatua prest dagoenean itzultzaileari abisu bat heltzen zaio (telefonoz) eta jatorrizko testu editatua gorago aipatutako E-doc delako aplikazioan eskura dezake, baina pdf formatuan. Bestela esanda: testu eskaneatu bat eskuratzen du, jatorrizkoaren editoreak eskuz egindako zuzenketak ageri dituena. Beraz, itzulpena hasita izan eta gero jatorrizkoak aldaketak izatearen atzerapen ernegagarriari, zuzenketok eskuz eginda irakurri beharraren nekea gehitzen zaio. Jakina, mekanografoek (Testu Lanketako Atalak) sartu egingo dituzte gero jatorrizkoaren aldaketa horiek testu elektronikoan, baina, denbora larritasunak direla eta, ezin daiteke itxaron lan hori eginda egon arte. Horregatik ematen zaio itzultzaileari eskuz orraztutako testua eskaneaturik editoreak lana amaitu bezain laster.
Itzulpenaren zuzenketa (revision) eta gainbegiraketa (proofreading)
Itzultzaileak lana amaitzen duenean (jatorrizko testu editatuak eragindako aldaketak itzulpenean sartu eta gero) bere itzulpenaren berrikusketa exhaustiboa egin behar du paperean, jatorrizkoarekin erkatuz esaldiz esaldi honakoak egiaztatzeko: leialtasuna, zuzentasun gramatikala, balizko omisioak, terminologia, egokitasun estilistikoa, tipografia, ortografia, erakundearen konbentzioak, egiaztapenak. Hala ere, ez dago behartuta testuaren formatuaz arduratzera. Testu Lanketako Atalak (Pool delakoak edo, laburki esateko, «mekanografoek») egingo du formateatze lan guztia itzultzaileak egin ez badu.
Itzultzaileak dokumentu elektronikoa Testu Lanketako Atalaren karpeta elektronikoan kopiatu behar du, eta gero paperezko kopia entregatu Espainiera Zerbitzuko zuzentzaileentzat. Bi bide hauetako bat hartzen dute itzultzaileek horretarako:
- Batzuek euren lana paperean zuzentzen dute, eta gero zuzenketok bertsio elektronikoan sartzen dituzte. Gero, testu txukundua inprimatzen dute errebisiorako aurkezteko eta Testu Lanketako Atalaren karpeta elektronikoan kopiatzen dute bertsio elektronikoa. Zuzentzaileak eskuz egingo ditu bere zuzenketak paperezko bertsio horretan eta gero Testu Lanketako Atalekoek sartuko dituzte testu elektronikoan.
- Beste batzuek (gehienek) lana amaitzen dutenean Testu Lanketako Atalaren karpeta elektronikoan kopiatzen dute dokumentua dagoen-dagoenean; gero bertsio horixe inprimatu eta paperean egiten dituzte euren zuzenketak, arkatzez, testu elektronikoa gehiago ukitu barik. Paperean egindako kopia hori entregatzen dute errebisiorako, arkatzez egindako zuzenketekin. Xehetasun hauek ez dira huskeria: izan ere, zuzentzaileak ere ez du bertsio elektronikoa ezertarako ukituko: boligrafoz egingo ditu zuzenketak itzultzaileak entregatu duen paperezko dokumentuan, eta gero paper hori helaraziko dio Testu Lanketako Atalari (mekanografoei). Itzultzaileak paperean egin baditu bere zuzenketak, Testu Lanketako Atalak bi motatako markak aurkituko ditu paperean: arkatzezkoak (itzultzailearenak) eta boligrafozkoak (zuzentzailearenak)[4], eta biak sartuko ditu testu elektronikoan. Itzultzaileak testu elektronikoan sartu baldin baditu bere zuzenketak itzulpena Testu Lanketako Atalaren karpeta elektronikoan kopiatu aurretik, zuzentzaileari heltzen zaion testua marka barik egongo da, eta Testu Lanketako Atalari heltzen zaion paperean zuzentzailearen markak baino ez dira agertuko.
Testu Lanketako Atalak lau lan egingo ditu: 1) paperean ageri diren zuzenketak sartu; 2) testuan ageri diren izen zerrendak, zenbakiak, datak eta halakoak gainbegiratu (proofreading); 3) behin betiko formatua eman testuari; 4) behin betiko testua Docs Control-era igorri (handik Argitalpen eta Banaketara bidal dezaten) eta Espainiera Zerbitzuko datu base dokumentalean sartu, etorkizuneko kontsultetarako.
Zuzentzaileak, bestalde, zuzenketak eskuz egin ondoren fitxa bat bete beharko du itzultzailearen lana baloratuz. Bereziki goraipagarria iruditzen zaion soluzioren bat ikusi badu, halaxe adieraziko du, baina, batez ere, larria iruditu zaion itzulpen akatsik edo arduragabekeria arrastorik ikusi badu (gorago aipatu ditugun ortotipografia akatsak, omisioak edo inkoherentzia terminologikoak, hots, zuzentzaileari heldu behar ez zaizkionak) halaxe jakinaraziko du. Fitxa horiek zerbitzuko buruak jasoko ditu eta haien edukiak eragin zuzena izango du langileari urtean bitan egiten zaion ebaluazio orokorrean (PAS: Personnel Assessment System). Ebaluazio horretan kontuan hartuko da, halaber, itzultzailearen batez besteko produktibitatea (sistema elektronikoan jasotzen dena itzultzaileak lanak jaso eta aurkeztu ahala), bai eta itzultzaileak bere prestakuntza hobetzeko burutu dituen ekintzak (egindako prestakuntza edo hizkuntza ikastaroak...) eta zerbitzuari egin dizkion ekarpen praktikoak ere (adibidez, zerbitzuarentzat onuragarriak diren teknologia edo prozedurak ikasi eta lankideei mintegietan irakastea, tresna bat egin eta konpartitzea —esaterako makro bat—, glosarioren bat prestatzea eta abar.). PAS-eko ebaluazioak kontuan hartzen dira langileak promozionatzeko.
IRUDIA: testuen produkzioa itzulpen zerbitzura heltzen denetik[5]
Etorkizuna: prozedura aldaketak?
Gorago esan dugunez, itzultzaile batzuek itzulpen memorien teknologia erabiltzen dute eta azken aspaldion badirudi erakundeak bultzada eman gura diola joera horri. Esan dugu halaber itzultzaileetako batzuek segmentatzaile huts moduan darabiltela tresna hori, hots, ez dutela memoriarik elikatzen (itzulpena amaitu eta gero testua garbitzen dute ezer biltegiratu barik); beste batzuek, berriz, memoria pertsonalak elikatzen dituzte, euren itzulpen unitateekin edo dagoeneko argitaratuta dauden testuak parekatuz eta memoriara inportatuz. Edozelan ere, itzulpen memorien defendatzaile sutsuenek ere ezinegon eta ondoezaz darabiltzate itzulpen memoriak Espainiera Zerbitzuan. Horren arrazoia gorago azaldutako lan prozeduran datza. Hitz gutxitan esateko, itzultzaileak inoiz ez dauka behin betiko testuen kontrola, ez jatorrizkoarena ez itzulpenarena: ez du eskuratzen ez jatorrizko testuaren behin betiko bertsioa formatu elektronikoan (MsWord-en eskuratu duen jatorrizkoa zuzendu gabea da; zuzenketak gero datoz, eskuz eginda, eta testu eskaneatu batean ikusten ditu), ez bere itzulpenaren behin betiko testu zuzendua. Nolabait esateko, itzultzailearen lana testu produkzioaren tarteko fasean kokatzen da, eta, jakina, hori ez da bateragarria itzulpen memoriaren filosofiarekin berarekin. Hau da, ez du merezi gogoratzea definitiboa ez den ezer. Memoriak balio behar digute egindako lana berriro ere egin behar ez izateko, baina lan hori ontzat emanda ez badago, biltegi horretako informazioa zalantzagarria izango da beti. Bestalde, memoriak, definizioz, konpartituak izan behar dira. Ez dirudi oso emankorra denik itzultzaile bakoitzak berea izatea, jakin barik lankideen memorietan zer dagoen.
Hortaz, garbi dago itzulpen memorien bidea hartuko bada —baina esan behar da NBEko itzultzaile guztiek ez daukatela hain garbi teknologiarik egokiena denik erakundeak darabilen dokumentazio motarako— lan prozedurak berrikusi egin beharko direla. Bi alternatiba dira begi bistako:
a) Itzultzaileari heltzen zaion jatorrizko dokumentuak dagoeneko sartuta izatea jatorrizkoaren zuzentzaileak egindako zuzenketak. Itzultzaileak testu hori itzuliko luke memoriarekin eta gero dokumentu «zikina» (itzulpen unitate elebidunak dituena) helaraziko lioke Testu Lanketako Atalari, han sar ditzaten zuzentzaileak itzulpenari paperean egindako zuzenketak eta gero dokumentua garbi dezaten memoriara. Horrela, biltegiratutako unitateak fidagarriak izango lirateke, bai jatorrizkoari eta bai xede testuari egindako zuzenketa guztiak sartuta izango lituzketelako. Aukera honek maila bitan eskatuko lituzke aldaketak lan prozeduran:
- batetik, denboraren kudeaketan: gaur egun itzultzailea zuzenean hasten da jatorrizko zuzendugabea itzultzen denbora aurreratzeko; jatorrizkoaren zuzenketak testu elektronikoan sartuta egon arte itxarongo balu, oso tarte baliotsua galduko luke.
- bestetik, lan tresna eta zereginenei dagokienean: lan molde honek eskatuko luke mekanografoek itzulpen memorien interfaze batekin lan egitea (MsWord dokumentu batean, edozelan ere) eta itzulpen memorien gutxieneko kudeaketa egitea.
b) Itzulpena amaitu eta gero jatorrizkoa eta xedea sistematikoki alineatzea testu alineatzaile batez eta parekatutako unitate horiekin memoria nagusi bat elikatzea. Itzultzaileak memoria erabiliz itzuliko luke baina ez luke ezer memoriaratuko (testuak garbituko lituzke gorde gabe). Jatorrizkoaren eta itzulpenaren zuzenketak mekanografoek sartuko lituzkete orain arte bezala, baina gero alineatu egingo lituzkete behin betiko testuak eta memoriara elikatuko. Aukera honek aurrekoaren antzeko aldaketak eskatzen ditu:
- batetik, denboraren antolamenduari dagozkionak: testuak alineatzeak denbora eskatzen du eta giza baliabideak ugaldu beharko lirateke lan horri aurre egiteko, edo orain dauden langileen funtzioak berrantolatu: egia da itzultzaileek zenbat eta formateatze lan gehiago hartu euren gain (hau da, itzulpena zenbat eta burutuago heldu Pool-era formatuari dagokionez), mekanografoek lan gutxiago dutela alde horretatik. Sasoi batean itzultzaile gehienek diktatu egiten zuten diktafonoak erabiliz, eta mekanografoek audio testu horiek tekleatu eta formateatu egin behar zituzten. Tekleatzen duten itzultzaileen ehunekoa igo ahala eta segmentatzaileekin lan gehiago egin ahala, era horretako lana gutxitu egin da, eta beraz, ez litzateke bideraezina izan behar Testu Lanketako Atalak funtzio berriak hartzea, adibidez, argitaratutako testuak alineatzea.
- bestetik, lan tresna eta zereginei dagozkienak: mekanografoek testu alineatzailea erabiltzen ikasi beharko lukete eta, nolabait esan, erabakiak hartu beharko lituzkete alineazioak egokiak diren ziurtatzeko (ez litzateke izango inork erabakitako eta paperean egindako zuzenketak testu elektronikoan sartze hutsa). Argudia liteke lan hori itzultzaileek egingo luketela ondoen, baina orduan giza baliabideen mugaren arazoa konpondu beharko litzateke: itzultzaileak lan orduen parte bat testu argitaratuak alineatzeari emanez gero, horrek nabarmen jaitsiko lieke produktibitatea, NBEn oso zorrotz kontrolatzen dena.
Batek pentsa lezake biderik zuzenena, bai denboraren arazoari aurre egiteko eta bai kudeaketa txukun eta dotorearen alde, tarteko fase hori kentzea litzatekeela. Bestela esanda: zuzenketak paperetik pantailara transferitzeko urrats hori desagerraraztea eta editoreek nahiz zuzentzaileek artez sartzea zuzenketak dokumentu elektronikoan, itzulpen memoriaren interfazean. Badirudi aukera hori gaur egun ez dela bideragarria, oso urrun baitago editoreen lan molde eta preferentzietatik (denbora arrazoiak ere argudiatu izan dira, ustez-eta zuzenean paperean idazteak azkartu egiten duela editatze prozesua).
Testuen sorkuntza: ereduen arrazionalizazioa eta sortze memoriak; itzulpen automatikoa
Azkenik, itzulpen memorien teknologia ahalik eta modurik emankorrenean erabiltzeko, kontuan hartu beharko litzatekeen beste gauza bat jatorrizko testuen produkzio arrazionala da, NBEn eta toki guztietan. Zalantzarik ez da testu batzuk aldakorrak direla berez (adierazten dituzten egoerak eta edukiak aldatu egiten direlako), baina badira beste batzuk aparteko arrazoirik ez dutenak urtez urte (edo are testu beraren barruan ere) aldatzeko, erredaktorearen sormen eta luma eskudantzia alde batera utzita. Ildo horretatik, oso kontuan hartzekoa litzateke memorien teknologia testuen sorkuntzari ere aplikatzea, Jost Zetzsche-k proposatutakoaren bidetik[6]. Dokumentu batean behin baino gehiagotan adierazi behar bada ideia berbera, ez dago motiborik hamaika formula desberdin erabiltzeko, eta memorien teknologia sortze prozesuan erabiltzeak halakoak galaraziko lituzke. Izan ere, ez dauka zentzurik, adibidez, testuan zehar (eta testua izan daiteke inprimaki bat, aplikazio informatiko bat edo aurrekontu bat) eduki beraren honelako aldakiak azaltzeak[7]:
Cuenta bancaria erronea
Error en la cuenta bancaria
Cuenta bancaria incorrecta
Aldaki justifikaezin horiek direla eta, jatorrizko testuak txukuntasuna galtzen du, baina horretaz gain itzultzaileak ezin dio bere memoriari behar besteko onurarik atera: berak itzulpen berbera emango lukeen arren (adibidez, «kontua oker dago»), memoriak ez daki esangurarik interpretatzen, eta oso desberdintzat joko lituzkeenez jatorrizko segmentuak, ez lioke ezer eskainiko itzultzaileari, aurretik ideia bera itzulita eduki arren. Jost Zetzshe-k dioenez, azken 10-15 urteotan itzulpen memorien erabilera ugariaren ondorioz itzulpen unitateen bilduma eskergak sortu dira (Microsoft-ek ehun milioigarren unitatea biltegiratu du) baina, hala ere, laguntza txikia izaten dira batzuetan:
«But despite this accumulated mass of existing data, the match rates we receive when using TM technologies often disappoint. Why? Because most source text authors are just «too creative». With this new TM authoring technology, however, it is possible to tailor the source text to existing entries in translation memories, resulting in (a) more consistent writing and writing that (b) is not stylistically inferior as is sometimes the complaint in «controlled» authoring, and (c) produces match rates in the translation phase that will be many times higher than those we get today»[8].
Testuak memorietan dauzkagun unitateen arabera idatziz gero, beraz, jatorrizkoak eurak koherenteagoak izateaz gain, memoriak askoz ere korrespondentzia maila handiagoak emango dizkigu itzultzen jartzen garenean. Baten batek esan lezake arrazoizko bidea kontrakoa dela, hots, teknologia gizakiaren jokabideetara moldatzea eta ez gizakia teknologiaren ezaugarrietara. Alabaina, Zetzshe-k gogoratzen digunez, bigarren aukera gertatzen da sarritan: teknologia berri batek aldatu egiten ditu gizakien ohiturak eta prozedurak, eta PCa bera horren adibidea dugu.
Sortze memoriez baliatzearekin batera, aldaki ez beharrezko horiek eragozteko beste neurria izango litzateke erakunde bakoitzaren dokumentazioaren tipologia egitea eta ereduak arrazionalizatu eta arau batzuen arabera sinplifikatzea, itzuliko direna gogoan izanda. Esaterako, modu «narratiboan» ematen diren zenbait informazio (aldakietarako ateak zabal-zabal eginez) modu enumeratiboan eman litezke, aldatzen ez diren elementuak eta aldagarriak garbiro banatuz. Adibidez, txosten batean honelako estiloaren ordez
Nine member countries directly benefited from advisory services in 2006 in the areas of sampling techniques; social statistics, e.g. labour force survey and labor market analysis, and population and housing censuses in the context of development; economic statistics, e.g. national accounts; sector statistics. By the end of 2007, more than twenty advisory services to member countries will be completed with a view to developing the capacity to produce, disseminate and use timely, reliable and comparable statistics.
Honelako zerbait proposa liteke:
Complied services: advisory
Year: 2006
Number of countries: 9
Areas: sampling techniques; social statistics, e.g. labour force survey and labor market analysis, and population and housing censuses in the context of development; economic statistics, e.g. national accounts; sector statistics.
Intended services: advisory
Year: 2007
Number: 20+
Goals: developing the capacity to produce, disseminate and use timely, reliable and comparable statistics
Izan ere, zati «narratiboa» beti berdin idatziko balitz ere testu guztietan (nahiko zalantzagarria), segun eta zenbat elementu berri gehiago dauden segmentuaren barruan, memoriak ez lituzke unitate berdintzat edo antzekotzat identifikatuko (memoriarentzat oso ehuneko txikian lirateke antzeko), eta ez lioke itzultzaileari ordainik proposatuko.
Dokumentu mota guztiak ez dira horrelako disekziorako egokiak izango, jakina, eta hizkera kontrolatua ere ezin dakieke dokumentu mota guztiei ezarri, baina bai parte handi bati. Horren aldeko ustea, gainera, ez da berria: aspalditik egon da han-hemengo idazkaritzetan erabili izan diren «txantiloi» tradizionalen atzean (txantiloiak edo «ereduak» erabiltzen direnean ustea da testuaren parte batzuk bakarrik direla aldagarriak). Lan hori sorkuntza fasean sistematikotasunez eta itzulpen teknologiak gogoan izanda egitea da kontua.
Testuen sailkapen eta moldaketa horrek aukera emango luke, gainera, itzulpen estrategia eta teknologia desberdinak konbinatzeko dokumentu moten arabera, itzulpen automatikoa barne. Itzulpen automatikoa bere adibide barregarriengatik bakarrik ezagutzen dutenek gogoan izan beharko lukete antzeko egitura daukaten hizkuntzen artean eta hizkera kontrolatua erabiltzen denean teknologia horrek oso emaitza onak ematen dituela, komunikazio helburuei dagokienez. Microsoft-ek teknologia horrekin eskaintzen ditu bere jakintza datu baseko artikuluen itzulpenak; Zetzshe-k dioenez, ez dira politak, baina komunikatzen dute. Helburu eta lehentasun kontua da guztia: zentzubakoa eta bere xedearen kontrakoa litzateke pertsuasio asmorik txikiena daukan ezein testu (literario edo publizitarioetatik hasi eta irakurleria zabalarentzat diren testuetara arte) itzulpen automatikoaz itzultzea; hala ere, hartzaileak barne erabiltzaileak direnean (hau da, ez irakurleria zabala) eta estilo eta zuzentasun akatsak onargarriak direnean (esaterako testuak edukiaren arabera sailkatzeko eta dagozkien departamentuetara bideratzeko, edota teknologia enpresa batean lan egiten duten ingeniariek erabiltzen dituzten barne dokumentuak itzultzeko), itzulpen automatikoak lan zamaren parte bat ken diezaieke itzultzaileei. Izan ere, irakurgarritasun, zuzentasun eta egokitasun estilistikoaren eskakizunak desberdinak izango dira helburu eta hartzaileen arabera, eta batzuetan ez da inondik ere beharrezkoa izango goi mailako kalitate irizpideak aplikatzea[9].
Ez luke inork pentsatu behar memorien teknologia testuen sorkuntzarako proposatzean eta itzulpen automatikoa dokumentu jakin batzuk itzultzeko onartzean atea ixten gabiltzala itzultzaile eta erredaktoreen sormenari, edo «enter» sakatzera mugatu nahiko genituzkeela euren funtzioak. Guztiz alderatziz: hain uste dugu garrantzitsua eta preziatua dela sormena, non iruditzen zaigun halako ondare baliotsua bakarrik erabili beharko litzatekeela beharrezkoa eta komenigarria den dokumentuetan, alferrik botatzen ibili gabe. (Testu batean zehar behin «error en la cuenta bancaria» eta beste baten «cuenta bancaria incorrecta» jartzeak ez dirudi, edozelan ere, sormen literarioaren uholdea denik). Horrela, bai testuen sortzaileak eta bai itzultzaileak denbora eta esfortzu asko aurreztuko lukete, euren abilezia linguistiko eta kreatibo guztiak benetan behar dituzten testuetan eman ahal izateko. Testu guztiek ez dute ez garrantzia ez funtzio bera, ezta hartzaile berak ere, eta horregatik oso zentzuzkoa da Jost Zetzsche-ren proposamena, itzulpenetarako erabileraren araberako irizpideak sortu behar ditugula dioenean, itzulpenari laguntzeko teknologia desberdinen erabileraz diharduelarik:
«So now, I, as a translator, may realize that what we need is to develope usage criteria for translation. For the majority of usage criteria, human translation is of the utmost importance. For others, it may be computerized translation with human post-editing, and for still others it may be MT only.
And would I really want this a as a translator? Sure. Who wants to waste talent on stuff that a computer can do? (...) there is plenty of interesting material that currently is not being translated because it would be too expensive»[10].
Laburbilduz
Sei hizkuntza ofizialekin eta egunero sortzen duen testu bolumen ikaragarriarekin, esan dezakegu itzulpengintza Nazio Batuen Erakundearen lanaren zutabe nagusietako bat dela. Erakundeak ehunka herrialderi zerbitzua emateak eta bere organo ugarietan lantzen diren gaien garrantzia eta premiazkotasunak oso konplexu bihurtzen dute dokumentazioaren kudeaketa eta dokumentu bakoitza ekoizteko prozesuan esku hartzen duten atalen arteko koordinazioa. Alde horretatik, goraipagarria da dokumentuen kontrol zorrotza (kontsultarako solaskideen identifikazioarekin) eta itzulpen prozesuaren euskarri eta osagarri diren Erreferentzia eta Edizio atalen lana. Itzulpenari laguntzeko teknologiei dagokienez, gaur egun nagusi den datu base dokumentalaren ordez itzulpen memorien teknologia eskema nagusi horretan txertatzea erabakiz gero, aldaketa kontuzkoak egin beharko dira lan jarioaren ereduan. Bide hori hartzen bada, jatorrizko dokumentuak ahal den neurrian tratamendu automatizatuari begira sortzea eta helburu/dokumentuen arabera itzulpen teknologia desberdinak konbinatzea iruditzen zaigu jokabiderik emankorrena.
Oharrak
2. Espainiera Zerbitzuko buru Constantine Danilevsky jaunak 2007ko azaroan emandako datuak.
3. Ikus 1. oharra.
4. Gerta liteke zuzentzaileak ez ematea ontzat itzultzailearen zuzenketaren bat, eta halakoetan boligrafoz tatxatuko ditu.
5. Eskema hau sinplifikatuta dago errazago ulertzeko. Egia esan, bai itzultzailea eta bai zuzentzailea kudeatzailearekin bakarrik erlazionatzen dira: itzultzaileak itzulpena amaitzean kudeatzaileari ematen dio paperean, hark zuzentzaileari helarazteko (itzulpenaren testu elektronikoa bai kopiatzen du zuzenean Testu Lanketako Atalaren karpetan); zuzentzaileak bere lana amaitzen duenean, kudeatzaileari ematen dio testu zuzendua, hark Testuen Lanketara bidal dezan.
6. Jost Zetzshe, «Translation memory authoring», The ATA Chronicle, January 2007, 46. or.
7. Arazo honen inguruan ikus Itziar Bernaola, Ana Isabel Morales eta Irune Payros: «Inarra txarragaz, baztarrak lohi: internazionalizatu gabeko produktu informatikoak lokalizatzearen arazoak», Uztaro 51, 45-62 or.
8. Ibid.
9. Jost Zetzsche, «The world according to Gap», The ATA Chronicle, 36/4 2007, 26-30.
10. Ibid. Azpimarra neurea da.