Euskal literaturaren itzulpengintzaz
Artikulu hau EIZIEk 2009ko irailean antolatutako Idazlea Itzultzaileen Lantegian programaren seigarren edizioan izan nuen parte-hartzearen harira idatzi dut. Aldez aurretik materiala itzultzeko prozesua deskribatzen du lehenik, eta ondoren lantegian sortu ziren zenbait arazo aztertzen ditu. Era beran, euskal literatura oro har eta bereziki poesia itzultzean aurkitu ohi diren zenbait eragozpen ikertzen ditu. Euskara oraindik ere estandarizazio-prozesuan egoteak sortzen dituen zailtasunak hartzen ditu kontuan, baita behar besteko zabaltasuna duen euskara-ingelesa hiztegirik ez egoteak sortzen dituenak ere. Azkenik, euskal idazleentzako aholku praktikoak ere biltzen ditu.
Joan zen udan e-mezu bat iritsi zitzaidan postontzira, zeharo ustekabean, Itziar Otegi delako batena: Idazlea Itzultzaileen Lantegian programaren seigarren edizioan parte hartzera gonbidatzen ninduen; EIZIEk antolatua, irailean izango zen. Ohore bat iruditu zitzaidan gonbita; eta onartzera bultzatu ninduena zera izan zen: hainbat urtez aukera izan dudala ingelesera itzultzeko euskal idazleen testu edo laginak (EIEren web gunean sartuta dauden gehienak, ez guztiak).
Hortaz, lantegia bera baino aldi bat lehenago materiala itzultzeari ekin nion: Karlos Linazasororen istorio labur batzuk ziren, Diotenez liburukoak (Erein, 2007). Normalean nik euskaratik ingelesera aldatzen dudan guztiaren lehenengo zirriborroa nire lankide eta senarrak (Iñaki Mendiguren) aztertzen du (zer gutxiago! Neuk ere ederki laguntzen diot berari beste norabidean, hau da, berak ingelesetik euskarara egiten dituen itzulpenetan: Harry Potterren zazpi liburuetan, adibidez). Ondoren, elkarren ondoan eseri eta, haserre txiki batzuk gorabehera, nire gaizki-ulertzeak eta interpretazio okerrak argitzen ditugu. Izan ere, oraindik arazoak ditut singularreko eta pluraleko formak bereizteko... edo batzuetan etsi egiten dut esaldi luzeekin: ez dut jakiten nondik hasi, edo nola aurkitu aditz nagusia perpausean. Askotan euskarazko testuari atzekoz aurrera heldu behar izaten zaio!
Horixe egin genuen Karlosen testuekin. Gero, eta hau ere ohikoa da, ingelesezko bertsioa hainbat aldiz berrikusi eta txukundu nuen, nire ustez istorioen irakurle hipotetiko natibo (English L1) edo bigarren hizkuntzadun (L2) baten ikuspegitik onargarria izateko moduko testua lortu arte. Beti iruditu izan zait itzultzailearentzat giltzarria hauxe dela, zernahi ari dela ere itzultzen: testu itzuliaren irakurle potentziala kontuan hartzea. Bradford-eko Unibertsitatean izan nuen irakasle batek esan ohi zuen testu itzuliak ingelesezko testuaren kutsu guztia izan behar duela, itzulpena denik igarri gabe. Horrek istorioetan erabat murgiltzea eskatzen du, koloreak, aurpegiak eta abar bisualizatzea. Baina azken emaitzak arrazoizko zuzentasunez islatu behar du jatorrizkoa, hobetzeko ere itzultzaileak sentitzen dituen tentazioak gorabehera!
Iraileko lantegia bera aparta izan zen, oso esperientzia aberasgarria eta gozagarria; baina horretaz nahikoa esana dago (ikus Senez, 38. zk.). Pribilegio handia izan zen idazlea hantxe aurrean izatea eta zailtasunak eztabaidatzeko talde batean egotea. Nahiz eta ez dagoen itzulpen akasgabe eta biribilik, oro har nahikoa pozik geratu nintzen azken testuekin, azterketa eta taldekideen ekarpen ezin baliotsuagoen ondoren.
Erronka handia da itzultzailearentzat idazleak hitzak edo formak asmatzen dituenean bere hizkuntzan. Horrelako kasu bat bazegoen Karlos Linazasororen "Erietxean: lagun galdutuak" istorio laburrean. Garbi dago galdutuak hitz asmatua dela. Eta nola eman hori ingelesez? Missing ala Missinged Persons? Irakurlearentzat "missing" ez da bereziki adierazgarria. "Missinged" berriz testu-zuzentzaileak azpimarratuko lukeen horietakoa da. Baina idazlearen arabera, "missinged" izan behar zuen, letra etzanez jarrita bada ere.
Eta gero, "Goiz batzuetan" istorioan, zer arraio esan nahi zuen zangalatrau hitzak? Eta nola zitekeen narratzailea horietako bat izatea? Ezin nuen jarri "I am an astride", zeren eta "astride" preposizio edo aditzlaguna baita. Azkenean, oso konbentzituta ez banengoen ere, "I am a clamp" utzi nuen. Baina lantegiko lagunek lagundu zidaten argia ikusten. Zangalatrau-ren itzulpen egokia enjambement zen. Neure ezjakintasunean entzun gabea nintzen termino hori; dudarik gabe, frantsesaren hotsa zuen, eta ikusirik Nahia Zubeldiak —testuak frantsesera itzultzeko ardura zuen taldekideak— erabilitako hitz bera zela, garbi zegoen guk, ingeles hiztunok, frantsesetik hartua zela.
Zalantza guztiak argitu zituen hiztegiko definizioak: "the running over of a sentence from one verse or couplet into another. [French enjambement encroachment, from enjamber to straddle, encroach on, from EN- + jambe leg]"[1]. Ederki! Eta horrela ikasi nuen lerro edo bertso bat "enjambed" (zangalatrau) egon daitekeela, nahiz eta "astride" ideiarekin zeharo oker ez nintzen ibili. Kontuan izanda poesia sekula ez zela nire gairik indartsuena izan eskolan, sekula entzun gabea nintzen metrikako termino hau. Espero dut istorioaren irakurle potentzialak ezagutzea poesia-baliabide hauek.
Arazo orokorrak
Euskaratik itzulpenak egiten ditudanean, beste era bateko arazoa niretzat (baina hau ez zen lantegian agertu, han zegozkigun testuetan ez zegoelako) jatorrizko gramatika-akatsen kontua izaten da. Nire euskara-mailarekin askotan ez naiz ohartzen akats horietaz; hortaz, gutxi gorabehera nire ustez beharko lukeen bezala-edo itzultzen dut esaldia, eta batzuetan asmatu egiten dut, baina beste batzuetan zeharo galduta ibiltzen naiz, alferrikako ahaleginetan. Esaldi bat ondo ulertzea edo ez ergatiboa (-ak/ek) zuzen egotearen arabera egon daiteke, funtsezkoa baita aditz iragankorraren subjektua aurkitzeko. Penagarria da batzuetan idazleak ez berrikustea bere lana Interneten sartu, edo argitaratu, edo horrelakorik gutxi espero duen itzultzaile gaixo bati bidali baino lehen!
Antzeko arazotxoak sortzen dituzte inprimategiko akatsek ere. Batzuetan uste duzu ondo itzuli duzula zerbait, baina, bai zera! Behin "Nagozir" hitza edo horrelako zerbait agertu zen poema batean. Poema ederra zen, eraikin zuri distiratsuak deskribatzen zituen nonbait Ipar Afrikan, Aljerian uste dut. Hitza lerro-hasieran zegoen, hortaz eguzkipean gori-gori basamortuko hondar artean zegoen hiri edo herri baten izena izango zela pentsatu nuen. A zer ustekabea! Euskal adizki bat zen (nagozu)... oker idatzita!
Nolanahi ere, poesia mina-landa bat izan daiteke, eta poesia itzultzeak denbora eta ahalegin handia eskatzen du. Batzuetan poema bat irakurri, eta ondo harrapatzen dut bere mamia. Beste batzuetan hitz-bilduma bat besterik ez da, eta ezin esanahi orokorra ulertu. Orduan, nire lan- eta bizi-kideari galdetzen diot. Berak agian egun batzuk emango ditu ea poematxo hori ulertzera iristen den, eta baiezko kasuan elkarrekin itzultzen dugu. Baina batzuetan berak ere ez dio antzik ematen, eta ziur asko ezta beste irakurle euskaldun askok ere. Horrelakoetan beste aukerarik ez, idazlearekin harremanetan jartzea baizik. Batzuetan berarekin aurrez aurre elkartu eta hori lagungarri gertatzen da. Baina bizpahiru kasutan gertatu zaigu poetak berak ere ez jakitea zehazki zer esan nahi izan zuen poema idatzi zuenean. Hortaz, zera pentsatzen dut: zoragarria da jendeak olerki bidez adieraztea bere sentimenduak, ideiak, etab., baina handik aldi batera idazlea bera ere ez bada gai zer esan nahi izan zuen argitzeko, ziur asko irakurleak ere ez du jakingo. Honek planteatzen duen arazoa da beharbada euskaraz idazten den guztia ez litzatekeela besterik gabe inprimatu edo Internet bidez argitara eman beharko, ez behintzat soilik euskaraz edo hizkuntza gutxitu batean dagoelako. Berriro ere azpimarratuko nuke idazle batek idazten duena argitaratu aurretik beste norbaitek irakurtzea komeni dela, ulergarria dela ziurtatzeko.
Beste arazo handi bat euskaratik ingelesera itzultzerakoan, horretarako hiztegi handi samarrik ez egotea da. Askotan ez dut beste aukerarik izaten euskara-gaztelaniaz dagoena erabiltzea baizik, eta gero lexiko zeharo ezezaguna gaztelania-ingelesa hiztegi batean begiratzea. Gainera, euskara idatzia oraindik estandarizazio-prozesuan dago eta idazleek behin baino gehiagotan beren euskalkietara jotzen dute. Horrelakoetan, eta ez gutxitan, nekez aurkitzen dut hitz baten esanahia hiztegiz hiztegi saltoka ibili arren. Orduan nire "hankabiko" hiztegi leialarengana jotzen dut, eta berak ziur asko Placido Mujikaren hiztegietara joko du... Horrek ere huts egiten badu, telefonoa astindu behar lagun edo ezagunen bati galdetzeko; eta besterik ezean egileari berari galdetu behar; zorionez Euskal Herria txikia da eta jendea ez da elkarrengandik urrutiegi bizi. Eta literatura-lan horiek irakurtzen dituzten euskaldun askok ere arazo bera izango ote dute? Eta zer egin daiteke sufrikario hori arintzeko? Idazleei ezin zaie ezer esan beren euskalkietara jo dutelako, euskararen aldaera horretan sentitzen badira idazterakoan eroso. Hortaz, zergatik ez oin-oharrak ipini hitz horiek euskara batuan emateko edo azalpentxo batzuen bidez argitzeko? Baina ez gehiegi, mesedez! Ingalaterran eskolan Shakespeare ikasi behar genuenean, gehiena oso ulertezina iruditzen zitzaigun guri, eta oin-oharrez edo azalpen-oharrez beteriko testuak erabiltzen genituen. Baina testu bat erraz samar irakurtzearen atsegina kentzen du horrek.
Zailtasun eta eragozpenak gorabehera, oso pribilegiatua sentitzen naiz, ez bakarrik (laguntza askorekin bada ere) gai naizelako euskal literatura itzultzeko, baita tarteka horretarako aukera izaten dudalako ere!
Oharra
1. The New Penguin English Dictionary, 2000. Penguin Books.