Utzi kontatzen zer den Minaberri beka
Minaberri bekari esker izan du artikulu honen egileak Laurie Halse Anderson idazlearen 'Utzi kontatzen' eleberria itzultzeko parada. Bekaren ezaugarriak tarteko, Aiora Jaka mentorearen laguntzaz egin du gazte literaturako lan hori itzultzeko bidea, eta horrek asko erraztu du itzultzaile hasiberriek izaten dituzten hutsuneak goxatzen. Mentorea, izan ere, zuzentzailea baino zerbait gehiago izan da: eskarmentudun ahotsa, aholkularia, irakaslea, distantzia-neurgailua, kontrapisua, sostengu emozionala eta lankidea.
Ikasle baten fantasiak
Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasitako askok egin dugu inoiz amets literatur lanak itzultzearekin. Ikasketetan bertan, literatur lanen pusketatxo solteak itzuli ohi ditugu irakasgai batean eta bestean, eta hori nahikoa izaten da norberak ikusteko ea ariketa mota horrek zer ematen dion gehiago: jolasa ala buruko mina. Ea lortzen ote duen sufrigozatzea. Gerora, halako lanekin jostatzen ginenontzat ere, literatur lan bat itzultzeko aukera ez da nahi orduko iristen: ez dugu behar adinako eskarmenturik izaten literatura taxuz itzultzeko, baina aritu ezean ere nekez ikasiko dugu sekula. Gehienok ez dugu ausardiarik edo konfiantzarik gure proposamenak argitaletxeei aurkezteko —ez da ahaztu behar ikasle gehienak emakumezkoak izan ohi garela— eta urrun, oso urrun ikusten ditugu Literatura Unibertsala, Zaitegi eta (H)ilbeltza itzulpen-sarien irabazleak, hogei urteen talaiatik hogeita hamar, berrogei urteak etorkizun distopikotzat jotzen diren era berean —adin horretatik gorakoak dira irabazle gehienak—.
Ondo gogoan dut graduko 1. mailan nola esan zigun Gidor Bilbaok, artean 2015a zela, lana bilatzeko ezer gutxirako balioko zigula LinkedIn eta beste sare sozial batzuk erabiltzeak gure lanaren erakusleiho gisa: aurrez aurreko harreman-sare (informalen) bidez funtzionatzen zuela merkatuak, alajaina! Orduan, zer pauso eman behar genituen lehenengo aldiz literatur lan bat itzultzeko —eta argitaratzeko—?
Ikasketak bukatuta, nork bere bidea hartu genuen —askok irakaskuntza, gutxi batzuek itzulpengintza—, eta, pixkanaka, soldatapeko lanak eta beste zereginek ezinbestean ordezkarazi ziguten ikasletako grina hura. Makina batek harremana galdu zuen behinola irakasle eta ikaskide izandakoekin ez ezik, baita itzulpen-jardun literarioarekin ere. Gutxi batzuek orduko ikaskideekin taldeko lanean jarraitu zuten: elkarri testuak zuzentzeko bidaltzen, aholku eske, kontsultak egiten, edo, are, itzulpen-lanak esku pare ugaritara egiten. Niri, adibidez, unibertsitatean itzultzaile-lanetan aritzen nintzela eta militantzia gisa beste hamaika itzulpen egiten nuela suertatu zitzaidan parean Minaberri bekara aurkezteko parada.
Minaberri egitasmoa eta Speak eleberria
2024ko udaberrian Minaberri bekaren 1. edizioaren berri izan nuenean, pozarren hartu nuen. Beka horren helburua da nazioarteko gazte literaturako obra esanguratsu bat itzultzea 30 urtetik beherako itzultzaile batek, mentore baten laguntzaz. Obrak hautatzeko, haur eta gazte literaturako nazioarteko sarietan hautatutako lanak hartzen dira erreferentzia gisa; Astrid Lindgrenen Oroimenezko Sarian eta Hans Christian Andersen Sarian aitortu dituztenak, hain zuzen. Aurreneko edizio hartan, Aiora Jaka izendatu zuten mentore, eta itzulgaia, berriz, Laurie Halse Anderson estatubatuarraren Speak eleberria izan zen.
Askotan galdetu izan badidate ere, bekaren deialdiaren aurretik ez nuen ez obra horren ez idazlearen aditzerik, baina bilaketa pare bat nahikoa izan nuen idazlearen nazioarteko sona eta itzulgai nuen obra hark izandako eraginaren usaina hartzeko. Horren adibide da Andersoni Astrid Lindgren saria eman izana 2023an, hain zuzen, arrazoi hauengatik:
Gazteentzat idatzitako eleberri irmoetan, Laurie Halse Andersonek ahotsa ematen dio zentzuaren, identitatearen eta egiaren bilaketari, orainaldian zein iraganean. Denborak eta memoriak gazteen bizitzan duten zeregin ezinbestekoa azaleratzen du erabiltzen duen distira beltzeko errealismoak. Mina eta antsietatea, irrika eta maitasuna, klasea eta sexua zehaztasun estilistikoz eta umore hotza erabiliz aztertzen ditu. Laurie Halse Andersonek goxotasun handiko intentsitatez iradokitzen ditu aldarte eta emozioak, eta ez die inoiz muzin egiten gauza gogorrenei.1
Speak eleberria 1999an argitaratu zen aurrenekoz, ingelesez, eta hasieratik bertatik izan da best-seller bat; euskaratu dugunerako, 35 hizkuntzatara zegoen itzulita, eta filma ere egin zioten, 2004an. Eleberriak Melinda Sordinoren institutuko lehenengo urteko istorioa kontatzen du; aurreko udan, sexu-eraso bat jasan du, eta geroztik bizkarra ematen diote lehen adiskide izan zituen guztiek. Lehenengo pertsonan eta egunkari formatuan, institutuko zenbait eszenaren kontakizuna egiten du, ironia eta umore kutsuz: jangelan, klaseetan, korridoreetan… Haien bidez, Melindaren ondoeza deskribatzen du idazleak: trauma baten ostean barrenak jaten egon arren, ez da gai gertatu zaiona inori kontatzeko, eta mututu egiten da pixkanaka.
Hogeita luze urteko ibilbidea izanagatik, liburuak zeresana ematen du gaur ere, zentsuraren jopuntuan baitago AEBn: 2020an eskoletan gehien debekatu zen 4. liburua izan zen AEBn, «pornografia leuna egitea, lizuntasuna eta moral falta» egotzita, bai eta «ikuspegi politikoa izatea, ikasle mutilen kontrako diskurtsoa zabaltzea eta bortxaketak eta profanotasuna erabiltzea ere»2. Kontua da edonork inpugnatu dezakeela obra bat, gero funtzionario batek azter dezan ea zentsuratzekoa ote den. Jakina, erreakzioaren gorakadaren testuinguru honetan, AEBko kontserbadoreak kanpaina egiten ari dira eskola eta liburutegietatik kenarazi ditzaten zenbait liburu, gehienak arrazari, LGTBIQ+ komunitateari edo sexuari erreferentziaren bat egiten diotenak. Tartean, gure Speak.
Mentoretzari gorazarre
Behin deialdia aterata eta lagina itzultzen hasi aurretik, jatorrizko testua irakurri nuen hasi eta buka, bi gauza jakin nahian: ea eleberria gustuko nuen —okurritzen zitzaidan denborapasa hoberik— eta ea tamainako erronka izango zen niretzat —ezagunak zaizkit hasiberritan ur handitan sartu diren itzultzaileen istorioak—. Halako batean, bada, entregatu nuen lagina, eta uda hasieran jaso nuen notizia: niri eman zidaten saria.
Zalantzarik gabe, mentore baten laguntza izan zen niretzat bekara aurkezteko pizgarri nagusia, sentsazioa bainuen horrek bermea ematen zidala mentalki eusteko, prozesutik ikasteko, gozatzeko eta taxuzko itzulpen bat egiteko. Azken finean, banekien erortzen banintzen ere sare batek eutsiko zidala (a.k.a. Aiora Jaka), eta, zer gerta ere, hor egongo zela editorearen orrazketa. Arrisku orotako asegurua nuen.
Mentorearen figurak zuzentzailearenak baino esparru zabalagoa hartzen duela ulerturik, zenbait puntutan laburbildu ditut nire esperientzian nabarmentzekoak iruditu zaizkidanak:
Aholkulari-lana
Gauza jakina da itzultzaile onenak ere zuzentzaile baten beharra duela esaldi ilunak berrikusteko, anbiguotasunak seinalatzeko, hartu dituen erabakien kontrapisu izateko. Hori askotan esaten digute ikasketetan. Kontua da itzulpen bat argitaratzeko prozesuan sarri askotan norberak bilatu behar izaten duela zuzentzailea, normalean fabore (handi) bat eskatuz lehendik ere nahiko lan duen norbaiti, eta hori zailtasun gehigarri bat dela hasiberriontzat: zalantzaz josita egotea gutxi ez, eta ez dugu izaten norengana jo gure testuen zuzenketa/orrazketa eskatzeko.
Horrez gain, ikasketetan literatura itzultzen dugunean, ikasketek duten formatuagatik, hemengo eta hango testu solteak itzultzen ditugu, ez oso luzeak, testu-genero eta -mota desberdinekin treba gaitezen. Alabaina, eleberri oso bati ekiteko lanean badaude zenbait kontu estruktural, testu osoari eragiten diotenak: kontakizunaren erritmoa, ahotsen tonua, errepikatzen diren hautu lexikoak… Mentoretzak horien guztien trazua beranduegi izan baino lehen hartzen lagundu dezake.
Izan ere, zuzenketa-lana, normalean, behin itzulpen-lana bukatu ondoren egin ohi da; mentoretzak, berriz, prestakuntza-helburua duenez, bidean egindako akatsak egin ahala zuzendu eta bideratzeko aukera ematen du; hurrengo pausoak lur gutxi-asko egonkor baten gainean ematekoa, alegia. Oso galduta zabiltzala sentitzen duzunean, hartu dituzun erabaki guztiak zalantzan jartzeko arriskua izan dezakezu, eta hor salbazio-bide izan daiteke «honek ondo funtzionatzen du» entzutea.
Belaunaldiarteko lankidetza
Itzultzaile eskarmentatuak, bistan da, asko du testuaren alderdi ugariri buruz esateko: zuzentasuna, egokitasuna, baliokidetza, estiloa… Itzultzean, halakoez gain, garrantzitsua da kontuan hartzea zer testuingurutan kokatzen den zure xede-testua, eta, elementu horien barnean, hartzaileei eman nahi nieke arreta.
Utzi kontatzen honetan, Euskal Herriaren luze-zabaleko nerabeak (13-16 urte) irudikatu ditugu irakurle, eta, agerikoa denez, itzultzaile gazteak bazuen hor abantailatxo bat: hartzaileak adinean hurbilago zituen mentoreak baino, eta akaso gertuago izango zuen une horretako gazte-hizkeraren irudia, nahiz eta adina ez den erabakigarria norberak munduaz duen ezagutzan —inondik ere ez dut uste gazteek itzul dezaketenik ondoen gazte-literatura—.
Itzulpena egitean, oso presente nuen, adibidez, aurreko hilabete batean nola entzun nuen Donostian, nerabe batzuen ahotan, «ze ai zea, bro» esaldia; natural-natural haiek, liluratuta ni. Ez nuen ingelesezko maileguz josi nahi testua, are gehiago izatez euskaraz sortutako erabiltzeko modua nuela ikusita, baina, itzulpenak errealitatea islatzea nahi banuen, kontuan hartu behar nuen euskal nerabeek hitzetik hortzera eta leku batzuetan euskarazko egituretan erabat txertatuta erabiltzen dituztela spoiler, outfit, random, mood, red flag eta beste batzuk. Uste dut, neurri batean, horregatik bultzatu ditudala berez euskarazko ordaina bazuten ingelesezko mailegu batzuk, euskarazko hizketan normal-normal imajinatu ditudanak: eyeliner, baby (azenarioak), light (freskagarria), a.k.a…
Gainera, agerikoa da mundu globalizatu honetan ingelesaren atzaparrak neurri berdintsuan iristen direla Ipar eta Hego Euskal Herrira; beraz, zenbait mailegu erabiltzeak ez ditu bateko zein besteko irakurleak jokoz kanpo uzten. Bide horretan, adibidez, batzuetan cool mantendu dugu euskaraz, nahiz eta gaztelaniazko guay ere eman dugun tarteka, grafia egokituta: guai.
Nabarmentzekoa iruditzen zait belaunaldi desberdineko itzultzaileen talde-lan hori; izan ere, halako harremanak ez dira espontaneoki sortzen normalean, eta, itzultzaile gazteak eskarmentua hartzeko ez ezik, itzulpengintza gaurkotzeko ere balio handia dutela uste dut. Transmisio-bide horretan, jakina, aitortu beharrekoa da EIZIEren urte luzetako lana, tresna garrantzitsua baita itzultzaileen komunitatea sendotzeko Minaberri bekaren zein antolatzen dituen bestelako ekimenen bidez.
«Ahal bezain hurbil, behar bezain urrun»
Esaldi borobila eta zentzuzkoa, baina praktikara ekartzen zaila. Pentsa liteke itzultzaile hasiberrien ajeetako bat jatorrizko testuari literalegi jarraitzea dela, beste inoren hitzen edukia aldatzeko beldurrez edo lotsaz. Edo, kontrakoa: ausarkeriaz jokatzeko tentazioa izan dezake. Intuitibo eta subjektibo xamarra iruditzen zitzaidanez distantzia hori, eta batzuetan ausarkerietan gozamena hartzeko arriskua dudanez, probak eginez saiatu naiz hura neurtzen: soka tenkatzen nuen batzuetan, ausardia handiagoz, jakitun izanik gehiegi aldentzen banintzen segituan geldiaraziko ninduela Aiorak.
Utzi kontatzen itzultzen hasi nintzenean, egunerokoan Administrazioko itzultzaile aritzen den honek edukizko ñabardura guzti-guztiak jaso nahi zituen itzulpenean. Kontua da eleberriaren kontamoldean esaldi labur eta sintetiko xamarrak nagusitzen direla, eta narrazioak erritmo bizia duela. Niri, ingelesetik euskarara ekartzean eta eduki osoa zehatz-mehatz emateko teman, narrazio astun eta motela gelditu zitzaidan hasieran, eta hor segituan eman zidan alto Aiorak: beharrezkoa zen zenbait gauza erritmoaren mesedetan sakrifikatzea. Kontserbadoreegi ari nintzen jokatzen. Mentoreak, zentzu horretan, distantzia-neurgailuaren zeregin garrantzitsua bete du.
Distantzia horren beste adibide bat da liburuaren izenburuan berean hartutakoa, Speak izatetik Utzi kontatzen izatera igaro den neurrian. Egin ditudan elkarrizketa eta liburu-aurkezpen guztietan galdetu didate zerbait liburuaren izenburuan planteatu dugun ikuspegi-aldaketari buruz. Aitortu behar dut ez genuela prozesuaren azken-azken unera arte erabaki. Bide literalena hartuta, zenbait aukera genituen: Hitz egin, Kontatu, Kontatu ezazu, Esan ezazu… Agintera-forma horrekin, Melinda eleberriko protagonistari ez ezik sexu-erasoren bat jasan duten emakume guztiei egiten zaie dei beren egia konta dezaten, eta, zentzu horretan, Altxa ahotsa zen beste aukera bat. Zenbait pasartetan gaztelaniazko itzulpena erabili dugu zubi-testu; hartan, adibidez, itzultzaileak guztiz bestelako bide batetik jo zuen izenburuarekin, arreta narrazioko beste elementu batzuetara ekarriz (zuhaitzen metaforak presentzia handia du eleberrian): Cuando los árboles hablen.
Geroratu eta geroratu, bukatu genuen itzulpena, eta izenbururik ez. Buruan generabiltzan izenburu-proposamen horiek ez zitzaizkigun nahikoa borobilak iruditzen amu gisa. Halako batean, lana lehenengo irakurleari pasatu nionean, intuizioak testuko esaldi bat arrantzatzera bultzatu zuen: zergatik ez diozue Utzi kontatzen izena jartzen? Hasiberri honen erreakzioa, boteprontoan, jatorrizkotik gehiegi aldentzen zela pentsatzea izan zen. Baina egun batzuetara zentzuzko aukera iruditu zitzaidan. Liburuko azken esaldia zen, eta, narrazioaren logikarekin koherentea izateaz gainera, ondo jasotzen zuen behar genuen ideia. Izan ere, Melinda mutu gelditu izanaren errua, bistan da, ez du Melindak berak; ingurukoak dira korapiloa askatzen uzten ez diotenak. Beraz, zilegi iruditu zitzaidan inguruan duen jendea interpelatzea, ez erasotua bera.
Hala ere, soluzio horrek liburuan funtzionatzen ote zuen erreparoz, Iñigo Satrustegi Txalapartako editorearen esku utzi nuen bedeinkapen santua.
Coaching pixka bat
Lehenago haurrentzako album ilustratuez gain ez nuenez sekula literatur itzulpenik itzuli, Utzi kontatzeni heltzean beldur-punttu bat sortzen zidan itzulgaiaren luzerak eta urte oso batez buruan zeregin horren zurrumurrua izan beharrak. Nire bizitzan beste zeregin ugariren artean pertsonaia berri bati lekua egin behar banio bezala sentitu nintzen. Gehienetan pozik joaten nintzen haren bisitan, baina aitortu behar dut beste batzuetan konpromisoagatik ere joan natzaiola; ezinbestean izan behar du horrela, nik uste, epemuga bat duen sorkuntza-lan batean. Jakina, bolada batzuetan konfiantza handiagoz aritu zaitezke lanean, beste batzuetan arreta galduta, egun batzuetan sekulako etorriarekin eta beste batzuetan bi hitz idatzi eta hiru ezabatzen. Zuzenketak zuzenketa, egun horien guztien nahasketa eta emaitza da zure itzulpena, artisau-lana.
Horrez gain, prozesuan zehar, ez da beti erraza zuzenketak bueltan jasotzea: sentipena izango duzu (izan dut) ezin zenuela hobeto egin, dena eman eta goxo-goxo zaindu duzula zure umetxoa, baina, gero, mentorearen zuzenketak jasotzean, gorri gehiegi ikusten duzu zure testu maitean. Kontsolamendu gisa badakizun arren zuzenketetako batzuk proposamenak besterik ez direla, baliteke horiek denak berdintzea testu-prozesadoreetako aldaketen kontrolean. Egindako zuzenketa horien mailakatzea ulertzera begira, ikaragarri aberasgarriak iruditu zaizkit Aiorarekin aurrez aurre egindako saioak, hitz-aspertu horietan ulertu baititut behar bezala zuzenketen zergatiak eta mailaketa. Nire kasuan, coach-lanak ere egin ditu mentoreak: ahalik eta testurik onena egitera bultzatzen ninduen bitartean, bide osoan zehar esan dizkit ondo egindakoak ere. Eta beti utzi du nire esku azken erabakia. Eskerrik asko, Aiora, bidea hainbeste errazteagatik.
Azken hitz batzuk
Bukatu genituen itzulpena, zuzenketa, orrazketa, edizioa. Lan handia izan da, batzuetan gainetik kendu ezinezko eulitzarra, baina gehienetan goxoa. Elkarbizitza estua izan dugun arren, adiskide onak izan gara Utzi kontatzen eta biok. Eta, konturatzerako, utzi zuen habia, inprimatu genuen itzulpena, eta aurkeztu genuen jendaurrean.
Lehenago esan dut prozesuaz gozatzea eta hartatik ikastea zela itzulpen-prozesuan neure buruari jarri nion helburu nagusia, eta ondo baino hobeto bete dira biak ere. Mentore bat bidelagun izateak berme guztiak eman dizkit ahal nuen itzulpenik onena egiteko eta etorriko diren beste itzulpen batzuetarako konfiantza hartzeko, eta horrek asko balio du, gehienetan ez baita horrela izaten hasiberritan. Dudarik gabe, itzultzaile hasiberri guztiei opa diet hainbeste mimoz har ditzatela beren itzultzaile adiskideek.
Hemendik aurrera, datorrena datorrela, beste lagun batzuen babesean egin beharko dut bidea. Hori bai, ahal dela, beti taldean.
Oharrak
1. Hemendik hartua: https://alma.se/en/laureates/laurie-halse-anderson
2. Hemendik hartua: https://www.ala.org/bbooks/frequentlychallengedbooks/top10


