Euskal poesia itzulia: Munduko Poesia Kaierak bildumaren azterketa
Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bilduma izan du aztergai artikulu honen egileak. Bildumari buruz bildutako datuak panorama orokorrean kokatzeko, poesia itzuliaren azken bi hamarkadetako bilakaerari erreparatu dio, Munduko Poesia Kaierak egitasmoak poesia itzuliaren sistemari egin dion ekarpena datutan jartzeko asmoz.
Sarrera
Senez aldizkariaren 56. zenbakiak Beñat Sarasolari eta Maialen Berasategiri egindako elkarrizketa bildu zuen, Munduko Poesia Kaierak bildumaren 10. urteurrenaren karietara egindako gradu amaierako lan1 baten aitzakian. Artikulu hau ere lan horretatik abiatzen da, eta MPK bilduma aztertzea du helburu, bai eta proiektuak euskarara itzulitako poesiaren sistemari egindako ekarpenari erreparatzea ere, oraingoan alderdi kuantitatiboari helduta.
Ildo beretik, aipatzekoak dira aurrekari izandako zenbait lan, hala nola Manu Lopez Gaseniren Euskal itzulpenen azterketa eta inbentarioa (1976-2008), 2009koa, eta Iñigo Satrustegi Andrésen Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa eta inbentarioa (2008-2018), hamarkada bat beranduago publikatua, 2019. urtean: 1976-2008 eta 2008-2018 urte bitarteetan argitaratutako literatur itzulpenak izan zituzten aztergai, hurrenez hurren, eta haien azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin zuten. Bestalde, Ane Garcia Lopezek eta Olatz Esteban Ezkatik ere heldu zioten euskarara ekarritako lanen azterketari beren gradu amaierako lanetan, alor zehatzagoak landuta oraingoan: Garciak poesia jorratu zuen, Poesia itzulpena: jarduera periferiko baten analisia lanean, eta Estebanek, saiakera, Saiakera euskal itzulpengintzan: erradiografia bat izeneko lanean.
Hortaz, orain arte egindako azterlanen nondik norakoak ikusita, Munduko Poesia Kaierak bildumak euskal literatur sistemako poesiaren itzulpenean egindako ekarpena aztertzea kate luze baten katebegi gisa ulertzen dugu.
Izenak berak aditzera ematen duenez, munduko poeten antologia euskaratuak argitaratzen ditu bildumak; egun, 4 antologia argitaratzen dira urtero. Hain zuzen ere, 2014an abiatu zen egitasmoa, eta 2024an 10 urte bete izana izan zuen abiapuntu nagusi gure gradu amaierako lanak. Hortik abiatuta, MPK bildumari, hura egin duen jendeari eta, oro har, poesia eta itzulpenari omenaldi xume bat egin nahiko lieke artikulu honek.
Metodologia
MPK bilduma aztertzeko, bi bide nagusiri jarraitu genien. Batetik, bilduma kualitatiboki hobeki ezagutzeko, Beñat Sarasola eta Maialen Berasategi zuzendariak elkarrizketatu genituen. Bestetik, alderdi kuantitatiboari heldu genion. Hala, Munduko Poesia Kaierak bilduma eta hortik kanpoko poesia itzuliaren ekoizpena aztertu genituen.
Bilduma aztertzeko, Susaren webguneko Munduko Poesia Kaierak atala eta EIZIEren Nor da Nor euskal itzulpengintzari buruzko datu-basea izan genituen tresna nagusi, eta datuok izan ziren analisiaren oinarri.
Prozedurari dagokionez, aztergai nagusia zehaztu genuen lehenik: Munduko Poesia Kaierak bilduma. Dena den, bilduma bera aztertzen hasi aurretik, panoramaren argazki orokorra egiteko, bilduma sortu baino hamarkada bat lehenagoko (2003-2013) poesia itzuliaren ekoizpena aztertzea erabaki genuen, uste baikenuen ezinbestekoa zela aurreko panoramaren berri izatea, bildumari buruzko datuak behar bezala interpretatzeko. Bestalde, bildumak garaikide izan zuen hamarkadako (2014-2024) ekoizpenaren barnean kokatu genuen MPKren azterketa, haren eragina argiago ikusiko zelakoan. Gradu amaierako lana 2024ko ekainean aurkeztu genuenez, urte hartako datuak osatu gabe zeuden; artikulu hau egiteko, soilik 2024ko datuak eguneratzea erabaki dugu, zifra borobilak mantentzeko.
Datuak aztertu eta sailkatzeko, Lopez Gaseniren eta Satrustegiren lanetako metodologian erabilitako parametroak izan genituen abiapuntu, hein handi batean:
- Jatorrizko hizkuntzak
- Jatorrizko herrialdeak
- Itzulpenen argitalpen-data
- Argitaletxeak (MPKtik kanpo)
Dena den, zenbait parametro gehitu ditugu, bildumako eta hortik kanpoko ikuspegia osatzen lagunduko zutelakoan:
- Jatorrizko kontinenteak
- Itzultzaileen lurraldeak
- Itzultzaileen jaiotze-data eta ibilbidea (MPKn)
- Idazleak eta itzultzaileak genero irizpideen arabera
Esan bezala, MPK bilduma aztertu genuen aurrena. Horretarako, MPKren web ataria eta NdN kontsultatu genituen nagusiki, baita Literaturaren Zubitegia ere. Jatorrizko hizkuntzei buruzko informazioa lortzeko, NdNen egin genituen kontsulta gehienak; hala ere, MPKren atarian eskuragarri dauden poemen jatorrizko bertsioak ere aztertu genituen, beste hizkuntzarik agertzen ote zen segurtatzeko2.
Bestalde, poesia itzuliaren ekoizpen orokorra ere izan genuen aztergai, bildumaren datuak testuinguruan jartzeko. Informazioa biltzeko, bi bilaketa egin ditugu NdNeko bilatzailean, «Itzulpenak» atalean: 2003-2013 eta 2014-2024 urte bitarteak, eta euskara (xede hizkuntza) eta poesia (testu mota).
Aipatutako parametroetako bakoitzerako, taula zehatzak egin genituen, Excelen, bildutako informazioa zenbatu eta proportzioak ateratzeko. Emaitzak emateko, askotariko baliabideak erabili ditugu artikulu honetarako (taulak, zutabe-diagramak eta diagrama zirkularrak), uste baitugu kasuan kasuko datuak ulertzea erraztuko dutela.
Datuen analisia
Datuen analisia egiteko, bilduma sortu aurreko hamarkada ezaugarritu dugu lehenik, egoerari buruzko zenbait zertzeladaren berri emateko, eta 2014-2024ko hamarkadari heldu diogu hurrena, bai MPKri, bai eta orokorrean egondako ekoizpenari ere.
MPK bildumaren aurretik (2003-2013) euskarara itzulitako poesia
Munduko Poesia Kaierak bilduma sortu aurreko hamarkadan, hots, 2003tik 2013ra bitartean, 39 poema-liburu argitaratu ziren euskarara itzulita. Haietatik, 37 dira bakarka itzulitakoak (% 94,87) eta 2 elkarlanean egindakoak (% 5,13).
Bestalde, 85 poeta bildu zituzten liburuok —liburu batean ez da adierazten nor den idazlea—, hizkuntza edo garai bati lotutako antologiak baitira zenbait argitalpen.
Jatorrizko hizkuntzei dagokienez, gaztelania da nagusi, 16 lanek izan baitzuten hura sorburu-hizkuntza, heren batek baino gehiagok (% 40). Ingelesa dugu hurrena, nahiz eta gaztelania baino hiru aldiz gutxiago itzuli zen; 5 liburu, alegia (% 12,5). Haren ondotik ditugu katalana, 4 itzulpenekin (% 10), eta galiziera, hirurekin (% 7,5). Frantsesa, alemana eta txinera datoz ondoren, maila berean, bina poema-libururekin (% 5). Azkenik, honako hizkuntza hauetatik liburu bakarra itzuli zen (% 2,5): italiera, portugesa, suediera, okzitaniera eta bengalera. Bada jatorrizko hizkuntza zein den adierazten ez den liburu bat ere. Beraz, urte bitarte horretako 39 poema-liburuak 12 hizkuntzatatik itzuli ziren.
Bestalde, 13 herrialdetatik inportatu ziren lanak. Sorburu-testu gehienek Euskal Herrian eta Espainian dute jatorria: 5 itzulpen ditugu haietako bakoitzean (% 12,8). Ondoren datoz AEB eta Katalunia, hiruna poema-libururekin (% 7,7), eta hurrenak Alemania eta Frantzia dira, bina libururekin (% 5,1). El Salvador, Galizia, India, Italia, Suedia, Txile eta Txina liburu banaren (% 2,6) jatorrizko herrialdea dira. NdNen markatu gabe ageri diren 12 lanek osatzen dute ehunekorik handiena (% 30,8).
Pertsona asko eta askotarikoak ibili ziren poema-liburuok itzultzen; 50 itzultzaile, hain zuzen ere (identifikatu gabeko hiru kontuan hartu gabe). Haietatik 30 bakarka ibili ziren, eta gainerako 20ak elkarlanean.
Bakarkako lanen artean, esan dezakegu ez dela itzultzailerik gailentzen; izan ere, gehienek poema-liburu bakarra itzuli zuten, eta soilik 4 pertsonak itzuli zituzten bina: Gerardo Markuletak, Joxemari Sestorainek, Patxi Ezkiagak eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak.
Bestalde, itzultzaileen jatorriari dagokionez, 27 pertsona, hots, erdiak baino gehiago, gipuzkoarrak dira (% 54). 7 bizkaitar dira hurrenak, tarte handiz bada ere (% 14), eta euren atzetik ditugu Arabakoak eta Nafarroa Garaikoak, 4 pertsona bakoitzetik (% 8). Alemaniako 3 itzultzailek ere parte hartu zuten (% 6), eta Lapurdiko 2k (% 4). Presentziarik baxuena dute Nafarroa Behereak eta Zuberoak: itzultzaile bana (% 2). Azkenik, bada jatorri ezezaguneko itzultzaile bat.
Generoari erreparatzeko, bakarka edo elkarlanean ibilitakoen parte-hartzea berdintzea erabaki dugu lehenik, eta ez ditugu identifikatu gabekoak kontuan hartu. Hortik abiatuta, 39 gizon (% 78) eta 11 emakume (% 22) ibili ziren; hau da, ekoizpen osoan, gizonen parte-hartzea emakumeena halako hiru izan zen. Hain zuzen, bakarka eta elkarlanean egindako itzulpenak banatzen baditugu, arrakala handitu baino ez da egiten: 29 gizonek (% 58) eta emakume bakarrak (% 2), Eukene Lizeagak, itzuli zuten bakarka. Elkarlanean itzulitako bi lanei dagokienez, ordea, emakume eta gizonen presentzia berdindurik dago. Hortaz, esan dezakegu emakumeek presentzia urria izan zutela 2003-2013ko hamarkadan, eta gizonekin batera egindako itzulpenetan agertu ohi zirela nagusiki.
Azkenik, hamarkada hartan zehar poesia-libururen bat publikatu zuten argitaletxeak aztertu ditugu. Esan dezakegu ez zegoela poesia itzultzen zuen argitaletxe espezializaturik, ekoizpena nahiko sakabanaturik baitzegoen; 27 argitaletxeren artean, zehazki. Denonartean eta Hiria argitaletxeek dituzte kopururik handienak: 4 eta 3 itzulpen, hurrenez hurren. Ondoren ditugu Arabako Foru Aldundia, Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria, EHU, Elkar, Labayru, Maiatz eta Pamiela, bina poema-libururekin. Gainerako 18 argitaletxeek argitalpen bakarra izan zuten hamarkada osoan. Argitalpen-datei buruzko aipamena egitearren, nahiz eta urtero poesia-liburu bat behintzat kaleratu, ez zegoen konstantziaz publikatzen zuen argitaletxerik, eta urtez urte aldatzen ziren kopuruak.
Poesia-liburuez gain, baina, aipatu beharra dago poesia itzuliaren ekoizpenaren zati handi bat Nor da Nor datu-baseko «Bestelakoak» atalekoak direla; Interneteko baliabide eta aldizkarietan argitaratutako poesia, alegia. 2003-2013ko hamarkadan, konkretuki, 228 sarrera daude. Hortaz, datuok aditzera ematen dute poesia itzuli gehiago argitaratzen zela sarean eta modu soltean, paperean eta liburu formatuan baino.
MPK bildumaren eta garai hartako ekoizpenaren analisia (2014-2024)
Munduko Poesia Kaierak bilduma sortu aurreko hamarkada ezaugarritu ondoren, 2014-2024 bitarteko poesia itzuliaren ekoizpen orokorrari erreparatu diogu, baita bilduma bera aztertu ere. Horretarako, lau parametro orokorretan bildu dugu analisia egiteko erabilitako informazio guztia: jatorrizko hizkuntzak, jatorrizko herrialdeak, itzultzaileak eta generoa.
Parametro zehatzei heldu baino lehenago, hamarkada bakoitzean itzulitako liburu kopuruari erreparatuko diogu.

2003tik 2013ra bitartean, aipatu bezala, 39 liburu euskaratu ziren. 2014tik 2024ra, kopuru hori ia hirukoiztu zen: 104 guztira, eta haietatik 53 izan ziren MPK-koak, erdiak baino pixka bat gehiago.
Idazleen aniztasunari dagokionez, 2014tik 2024ra bitartean 125 poeta ekarri ziren euskarara, aurreko hamarkadan baino nabarmen gehiago. MPKtik kanpo, 73 izan ziren (badago idazlea adierazten ez den liburu bakar bat), eta, MPK bilduman, kaier bakoitza poeta bakarrari eskainitako antologia bat denez gero, 523 poeta euskaratu ziren.

Jatorrizko hizkuntzak
Argazki orokorrari erreparatuta, 2014-2024 urte bitartean 21 hizkuntzatatik itzuli zen guztira, aurreko hamarkadako kopurua kasik bikoiztuta.

MPK bildumak 15 hizkuntzatatik ekarri zuen poesia euskarara.

Ingelesa izan da nabarmen hizkuntzarik itzuliena, 53 kaieretik 15ek hura baitute jatorrizko hizkuntza, herenetik gertu (% 28,3). Gainera, bigarren hizkuntza itzulienaren (gaztelaniaren) kopurua bikoizten du ia (% 15). Bildumaren urtez urteko bilakaerari dagokionez, urtero ingelesetik itzulitako kaier bat gutxienez argitaratu da (2024an salbu). Hortaz, esan dezakegu ingelesa nagusi dela bilduman kopuruari dagokionez, baina baita presentziari dagokionez ere.
Gaztelania izan da hurrena, 8 kaieren jatorrizko hizkuntza izan baita. Haren ondotik daude frantsesa eta alemana, hamarrenaren bueltan, 6 eta 5 kaierekin hurrenez hurren. Bestalde, italiera eta portugesa ere proportzio berean itzuli dira, 4 kaier bakoitzetik; baita katalana eta greziera ere, bina kaierekin. Azkenik, «Besteak» atalean bildurik, kaier bana duten 7 hizkuntza ditugu (% 1,9 bakoitza): errusiera, friuliera, galiziera, japoniera, lituaniera, persiera eta txekiera. Zerrendatu berri ditugun zazpi hizkuntzen ehunekoa, guztira, gaztelania jatorrizko hizkuntza duten kaierena baino baxuagoa da, eta, esan bezala, kopuru hori ingelesetik itzulitako kaieren erdia baino ez da.
Bildumako jatorrizko hizkuntzak aztertuta, buelta gaitezen 2014-2024ko ekoizpen orokorrera. Jarraian duzuen taulan, zenbait datu hartu dira kontuan: batetik, hizkuntza bakoitzetik itzulitako lanen kopurua guztira eta ekoizpenean dagokien ehunekoa; eta, bestetik, hizkuntza bakoitzari dagokionez MPK bildumak egindako ekarpenaren ehunekoa. Har dezagun ingelesaren kasua, esaterako: 25 lanen jatorrizko hizkuntza izan zen, itzulpen guztien (102) ia laurdena, eta 25 itzulpen horien % 60 bilduman argitaratu ziren; 15 kaier, alegia.

Ingelesaren kasua esanguratsua da, gaztelaniarekin batera presentzia handiena baitu, bai bilduman, baita ekoizpen orokorrean ere. 2003-2013ko hamarkadarekin alderatuta, antzekotasunak topa ditzakegu, baina baita aldaketak ere. Hamarkada batetik bestera, ingelesa gaztelaniaren aurretik jarri da; hizkuntza horretatik itzulitako liburuen kopurua boskoiztu da, eta gaztelaniatik ekarritakoa 16tik 21era igo. Biak ala biak handitu dira, baina ez proportzio berean. Ingelesaren igoera MPK bildumaren sorrerarekin lot daiteke, hizkuntzak bilduman duen garrantzia ikusita bistakoa baita ekoizpen orokorrean izan duen eragina.
Hala ere, gainerako hizkuntzen presentzia berdin mantendu da bi hamarkadetan, ez baitute ekoizpenaren hamarrena gainditzen.
Bestalde, agerikoa da MPK bildumak duen pisua frantsesa eta italiera itzultzeko orduan, hizkuntza horietako ekoizpenaren % 85,7 eta % 80 hartu baitu, hurrenez hurren.
Azkenik, esan beharra dago azken 20 urteetako itzulpenetan agertu ez diren zenbait hizkuntzatatik euskaratu duela bildumak, hala nola friuliera, lituaniera, persiera eta txekiera. Bildumatik kanpo ere beste hainbeste hizkuntza ekarri dira: aragoiera, daniera, esloveniera, galesera eta latina. Horrez gain, 2014-2024 bitartean, soilik MPKn itzuli da portugesetik, eta 2003-2013ko portugesezko uzta laukoiztu da.
Jatorrizko herrialdeak4
Egileen herrialdeei dagokienez, MPK bildumaren hamarkadak aurrekoaren kopurua bikoiztu du; alde nabarmenaz, gainera: 2003-2013an, 13 herrialdetako poesia itzuli zen, eta 2014-2024an, berriz, 32takoa. Kopuru horretan, MPK bildumak 26 herrialdetako poetak euskaratu zituen, eta, bildumatik kanpo, 16 euskaratu ziren. Hala ere, aipatu beharra dago NdNek ez duela bildumatik kanpoko lan batzuen jatorrizko herrialdea zehazten: 2003-2013 bitartean argitaratutako 39 itzulpenetatik 12 agertzen dira markatu gabe, eta hurrengo hamarkadako MPKtik kanpoko 49etatik 9.

Bildumari erreparatuta, beraz, jatorri askotarikoak dira itzulitako idazleak.

Amerikako Estatu Batuetatik dator gehiengoa; 9 idazle, konkretuki. Italia da hurrena, baina AEBren kopuruaren erdia baino gutxiagorekin: 4 idazle. Haren atzetik, proportzio berean ditugu Espainia, Portugal, Erresuma Batua, Frantzia eta Katalunia, 3 idazle bakoitzetik. Era berean, ehuneko bera dute Greziak, Austriak, Uruguaik, Alemaniak eta Irlandak, hots, bina idazle. Azkenik, beste 14 herrialde hauetatik datozen idazle bana dugu, «Besteak» atalean adierazita (% 1,9 bakoitza): Argentina, Brasil, Errusia, Galizia, Guadalupe, Iran, Japonia, Lituania, Martinika, Nigeria, Quebec, Suitza, Txekiar Errepublika eta Ukraina. Beraz, AEB da nagusi, beste herrialde guztien kopuruak bikoizten baititu gutxienez.
Hala ere, kontinenteei erreparatzen badiegu, aldatu egiten da paisaia.

Ikus dezakegunez, Europak du nagusitasuna: guztira, bildumaren ia bi heren hartzen ditu. Ipar Amerikak, aldiz, ia laurdena du, eta Hego Amerikak nabarmen gutxiago. Asiak eta Afrikak dute presentziarik txikiena, guztira soilik 3 kaier argitaratu baitira (% 5,7). Oraingoz, bilduman ez da Ozeaniako idazlerik itzuli.
Gainera, herrialdeei erreparatuta aniztasuna baden arren, ñabardura egin beharra dugu; izan ere, Afrikako eta Amerika osoko idazleek jatorria Europan duten hizkuntzak darabiltzate; kolonizatzaileen hizkuntzan idazten dute, alegia. Hori kontuan harturik, Europan jatorria duten hizkuntzek bildumaren % 96 inguru hartuko lukete. Salbuespen bakarrak Asiako herrialdeak dira; Japonia eta Iran, hain zuzen ere.
2014-2024ko ekoizpenari orokorki begiratuta, bilduman gehien errepikatzen diren herrialdeek ere presentzia handia izan dute ekoizpenean, oro har.

Kasu honetan ere, AEB da jatorrizko herrialde nagusia, baina aldea askoz txikiagoa da, jarraian baitago Espainia, jatorrizko hizkuntzekin gertatzen den bezala. 2003-2013ko hamarkadan ere presentzia handia izan zuten bi herrialdeek, Euskal Herriarekin batera (argitalpen eleaniztunak guztiak).
MPKren ekarpenari dagokionez, 2014-2024 bitartean bildumatik kanpoko ekoizpenean ez zeuden 16 herrialdetako idazleak ekarri ziren euskarara. Haietako batzuk, gainera, estreinakoz agertu ziren euskal poesia itzuliaren panoraman, hala nola Irlanda, Guadalupe, Iran, Lituania, Martinika, Nigeria, Quebec, Suitza, Txekiar Errepublika eta Ukraina. Gainera, MPKri esker lehen aldiz agertutako herrialdeen kopurua handia da bildumatik kanpoko datuekin alderatuta, 4 herrialdetako poesia itzuli baitzen lehenbizikoz: Australia, Danimarka, Eslovenia eta Palestina.
Ikuspegia apur bat zabaldu eta kontinenteka erreparatuz gero, bilduman gertatzen den joera bera ageri da ekoizpen orokorrean ere.

2014-2024 bitartean, Europa gailentzen da, zalantzarik gabe: bildumaren ia bi heren hartzen ditu, eta gauza bera gertatzen da ekoizpen orokorrarekin. 2003-2013ko hamarkadako proportzioa txikiagoa den arren, poema-liburu itzulien erdiak inguru izan ziren. Ipar Amerikaren presentzia handia da bilduman, eta eragin garbia du ekoizpen orokorrean ere, eta gauza bera gertatzen da Hego Amerikarekin. Azkenik, bildumak ekarritako berrikuntza da Afrika jatorri duen lan bat itzultzea.
Itzultzaileak
Aurreko aldagaien ildo beretik, itzultzaileei dagokienez ere aurreko hamarkadako kopuruak bikoiztu ziren ia 2014-2024ko hamarkadan.

MPKri erreparatuta, 46 lagunek itzuli zuten bildumarako. Beren profilaren argazki orokorra egiteko, zenbait alderdiri erreparatuko diegu: zer lurraldetakoak diren, noiz jaio ziren eta zein izana zen beren ibilbidea, kaiera itzultzeko unean batik bat.

Itzultzaileen jatorriari dagokionez, erdiak gipuzkoarrak dira. Nafarroa Garaiko 10 pertsonak itzuli dute bildumarentzat, bosten batek, eta 7 bizkaitarrek. Arabarren presentzia txikiagoa da, 3 baitira guztira. Lapurtar bakarra dago, eta Ipar Euskal Herriaren ordezkaria dugu, egundaino ez baita egon Nafarroa Behereko edo Zuberoako itzultzailerik. «Besteak» atalean bildutakoek Euskal Herritik kanpo dute jatorria; Espainian eta Japonian, hain zuzen ere.
Bilduman itzultzen ibilitako pertsonen adin-tarteari erreparaturik, proportzioa orekatuagoa dela esan genezake; itzultzaileen jaiotza-urteak 1940ko hamarkadatik 1990eko hamarkadarako tartea hartzen du, eta badaude bitarte horretako hamarkada guztietan jaiotako itzultzaileak. 1940ko hamarkadan jaiotako itzultzaile bakarra dago (Anjel Lertxundi, % 2,2), 1950eko hamarkadako 7 itzultzaile ditu bildumak (% 15,2), eta kopuru horren ia bikoitza 1960ko hamarkadan (% 28,3). Hala ere, hamarkada hartaz geroztik, kopuruak parekatu dira: 1960ko hamarkadan jaiotako 13 itzultzaile biltzen ditu bildumak (gorago aipatutako % 28,3a), 1970eko 9 (% 19,6), eta 11 dira 1980koak (% 23,9). Azkenik, itzultzaile gazteenak, 1990eko hamarkadan jaiotakoak, 5 dira guztira (% 10,9), eta haietako laurendako kaiera izan zen lehen itzulpen argitaratua (Iker Álvarez, Joannes Jauregi, Ane Garcia, Aiora Enparantza). Hortaz, bildumak bide egiten du, nolabait, itzultzaile berriak euskal itzulpen-sistema literarioan sar daitezen.
Kaierak itzuli dituztenen ibilbidea aztertzeko, zenbait kategoriatan banatu ditugu datuak: itzultzailea, idazlea, biak, ez bata eta ez bestea. Sailkapenerako, zenbait irizpide zehaztu ditugu: itzultzailetzat jotzeko, kontuan hartu dugu euskaratik edo euskarara gutxienez literatur itzulpen bat argitaratu izana MPKren aurretik. Bestalde, idazle izendatzeko, Literaturaren Zubitegia izan dugu iturri; hortaz, helduen literaturako literatur lanak hartu ditugu erreferentziatzat, eta, itzultzaileen ildo beretik, kaiera argitaratutako urterako liburu formatuan euskaratik edo euskarara egindako sorkuntza literario bat behintzat izateari erreparatu diogu.
Grafikoa ikusita, esan dezakegu bilduman parte hartu duten 46 lagunetatik 23k, hau da, erdiek, idazle eta itzultzaile jarduten zutela kaiera itzultzean. Horiez gain, 12 pertsona ziren itzultzaile baina ez idazle, laurdena baino gehiago, eta 6 idazlek itzuli zuten kaiera aurrez liburu itzulirik izan gabe: Aritz Galarragak, Xabier Montoiak, Leire Bilbaok, Xabi Bordak, Asier Sarasolak eta Josu Goikoetxeak. Azkenik, ordu arte idazle edo itzultzaile aritu ez ziren beste 5 lagunek egin zuten itzulpena estreinakoz bildumarako; hain zuzen ere, Iker Álvarezek, Joannes Jauregik, Ane Garcia Lopezek, Karmen Irizarrek eta Aiora Enparantza Armentiak.
Behin jardunari orokorrean erreparatuta, poesian konkretuki egindakoei helduko diegu. Izan ere, interesgarria iruditu zaigu poesia ardatz duen bilduma bateko partaideek lehendik poesia itzultzen edo idazten esperientziarik izan ote duten aztertzea. Poesia itzuli dutenak sailkatzeko orduan, baina, ez dugu liburu formatuaren irizpidea mantendu, esan bezala poesiarekin lotutako jarduna izan baitugu abiapuntu, izan liburu formatuan, izan testu solte gisa.

Aipatutako irizpideak kontuan harturik, orduraino poesia itzultzen soilik aritu zirenek osatzen dute ehunekorik handiena, 14 pertsona izan baitziren, hots, ia herena. Beste alde batetik, 12 lagunek poesia itzuli eta idatzia zuten kaiera itzultzeko garaian, laurdenak baino gehiagok. Neurri berean daude poesian lehendik ibili ez ziren 12 pertsona, bildumako beste laurden bat. Azkenik, poesiarekin harremana idazkuntzaren bitartez izandako 8 lagun ditugu, eta kaiera izan zuten poesia itzultzen lehen esperientzia. Oro har, proportzioak nahiko parekatuak daudela esan dezakegu, poesiarekiko loturari dagokionez bildumak hainbat profil barne hartzen dituen seinale.
Datuen analisiaren hasieran, 2003-2013 urte bitartea aztertu dugu, eta aipatu dugu Interneteko baliabide eta aldizkarietan argitaratutako poesia ekoitzi zela gehien 2003-2013 urte bitartean (228 sarrera); 2014tik 2024ra bitartean ere antzera gertatzen da, 353 sarrera baitaude. Gainera, MPK bilduman parte hartu duten itzultzaileen ibilbidea ikusita —alegia, itzultzen aritutako 46 pertsonetatik 26k jadanik poesia itzulia zutela sarean edo aldizkarietan—, argi dago poesia itzulia publikatzeko bitarteko nagusi ditugula. Bildumako itzultzaileek beren lanak non argitaratu dituzten abiapuntutzat hartuta, esan dezakegu Armiarma ataria dela nagusi, 71 sarreretatik 16 bertan ageri baitira, hots, ia laurdena. Hurrengoa Susa bera dugu, 6 sarrerarekin, eta ondoren dator Senez, 5ekin. Jarraian, 31 eskutik, Hegats, Hitzen Uberan eta Xerezaderen Artxiboa, 4 sarrerarekin bakoitza. Zerrenda luzeegia denez, gehien errepikatzen direnak emanen ditugu jarraian:

Bilduman parte hartutako itzultzaileen profilari buruzko informazioa emanda, 2014-2024ko ekoizpenaren nondik norakoei helduko diegu, baina, gradu amaierako lanaren (eta Senezen) mugak tarteko, itzultzaileen jatorriari erreparatuko diogu soilik.

Lurraldeei dagokienez, garbi ikus daiteke gipuzkoarrak nagusitzen direla, bai bilduman, bai bi hamarkadetan ere: ekoizpenaren erdia inguru hartu dute kasu guztietan, eta beste lurraldeen proportzioetatik nahiko urrundu dira.
Ondoren datoz Nafarroa Garaia eta Bizkaia: 2003-2013an, bizkaitarrek Nafarroa Garaikoen kopurua bikoiztu zuten ia bilduman, lehenak 7 eta bigarrenak 4 izanik; baina parekaturik agertzen dira 2014-2024ko hamarkadan, ekoizpenaren laurdenetik pixka bat urrun oraindik ere (% 17,3). Baliteke Nafarroa Garaiko itzultzaileek bilduman duten presentziak kopuruak berdintzen lagundu izana azken hamarkada horretan.
Jarraian, arabarrak datoz, askoz presentzia txikiagoarekin, baina 2003-2013ko balioak mantenduta 2014-2024an ere: lehen hamarkadan, 4 itzultzaile aritu ziren, eta, bigarrenean, 5. Kasu honetan ere, bildumak eragina izan duela ikus dezakegu.
Azkenik, aipagarria da Ipar Euskal Herriko itzultzaileen presentzia urria: 2 lapurtarrek itzuli zuten poesia 2003-2013 urte bitartean, eta bakarrak 2014-2024an, MPK bilduman (Itxaro Borda). Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez, presentzia are txikiagoa dute: 2003-2013an bakoitzetik bat egon zen, eta, 2014-2024 urte bitartean, Nafarroa Behereko bakarra, bildumatik kanpo.
Idazle eta itzultzaileak genero irizpideen arabera
Garrantzitsua iruditu zitzaigun MPK bilduma eta euskal poesia itzuliaren ekoizpena aztertzeko orduan generoaren irizpidea kontuan hartzea, lan honen aurrekari izandako beste askotan bezala, kasu honetan ere zenbait datu esanguratsu aterako genituelako ustea baikenuen. Horretarako, MPK bildumako idazle eta itzultzaileen generoari erreparatu diogu. Datuok ekoizpen orokorrean kokatzeko, baina, itzultzaileen generoari buruz arituko gara soilik.
Idazleei dagokienez, 53 kaier eman ditu argitara Munduko Poesia Kaierak bildumak, eta idazle baten antologia da bakoitza. Biziei ere omen kaier berezia alde batera utzita, 52 idazle bildu ditu bildumak oraingoz.

Haien artean, 33 gizon eta 19 emakume daude. Hau da, bildumako idazleen ia bi heren gizonezkoek osatzen dute, eta heren bat pasatxo emakumezkoek. Jarraian ageri den grafikoari erreparatuta, ikus daiteke idazle gizonen eta emakumeen presentzia aldakorra izan dela urtez urte.

Zenbait urtetan, parekatua izan da itzulitako idazle gizonen eta emakumeen kopurua; 2015ean, 2017an eta 2021ean, esaterako. Hala ere, 2020an salbu, gainerako urteetan gizonek izan dute presentziarik handiena, eta, kasu guztietan, emakumeek idatzitako kaier kopurua bikoiztu dute, gutxienez (batzuetan baita hirukoiztu edo laukoiztu ere). 2023an, zehazki, argitaratu ziren kaier guztiak gizonek idatzitakoak izan ziren. Beraz, kopuruan ez ezik, urtez urte ere presentzia handiagoa izan dute orain arte idazle gizonek emakumeek baino.
Itzultzaileen datuak aztertzeari ekinen diogu jarraian. Arestian esan bezala, 50 itzultzaile aritu ziren 2003-2013 urte bitartean, eta gizonak gailendu ziren, emakumeen kopurua hirukoiztu baitzuten. 2014-2024an, nabarmen handitu zen emakumeen parte-hartzea, eta, pareko izatea lortu ez bazen ere, aurreko hamarkadako kopurua laukoiztu zen ia.

MPK bilduman, konkretuki, 46 itzultzailek hartu zuten parte: 26 gizonek (% 56,5) eta 20 emakumek (% 43,5). Ondorioz, generoari dagokionez, parekatuagoa da itzultzaileen kasua idazleena baino.
Dena den, bada kaier bat baino gehiago itzuli zuen itzultzailerik. Konkretuki lauk, denak gizonak. Hori dela eta, ñabardura egin dugu itzultzaile kopuruaren eta itzulitako kaier kopuruaren artean.

Esan bezala, 52 kaierek osatzen dute bilduma. Haietatik 32 kaier gizonek itzuli dituzte, eta gainontzeko 20ak emakumeek; alegia, bildumaren ia bi heren gizonek itzuli dute, eta beste herena baino pixka bat gehiago emakumeek. Beraz, itzultzaileei dagokienez kopurua parekatuagoa bada ere, parte-hartzean, oso nabaria ez bada ere, handitu egiten da generoen arteko arrakala.
Kasu honetan ere, urtez urte aldakorra izan da gizonek edo emakumeek itzulitako kaieren kopurua.

Grafikoan argi ikus daitekeenez, lehen urteetan, gizonek kaier gehiago itzuli zituzten emakumeek baino (2014-2016). Hiru urtetan soilik egon dira parekatuak bi generoak: 2017, 2019 eta 2024. Esan dezakegu emakumeen itzulpenek indarra hartu dutela azken urteetan (2019-2024). Hala ere, idazleen kasuan bezala, 2018an eta 2022an argitaratutako kaier guztiak gizonek itzuli zituzten, eta ez da sekula alderantzizkorik gertatu.
Azkenik, gurutzaketa deitu diogu itzultzaile batek bere generokoa ez den idazle bat itzultzeari; 13 izan dira guztira. 25 itzultzaile gizonezkotik 6k idazle emakumezkoak itzuli dituzte, eta haietatik 4k kaier bat baino gehiago: 2k lehenik gizonak eta gero emakumeak, eta gainerako 2ek alderantziz.
- Josu Landa Ijurko (3): Miguel Hernández, Stéphane Mallarmé, Anna Akhmatova.
- Koldo Izagirre (3): Carlos Drummond de Andrade, Rosalía de Castro, Jacques Prévert.
- Iñigo Roque (2): Sophia de Mello, John Berger.
- Harkaitz Cano (2): Anne Sexton, Raymond Carver.
Bestalde, 20 itzultzaile emakumezkotik 7k idazle gizonezkoak itzuli dituzte, eta, aipatu bezala, batek ere ez du kaier bat baino gehiago itzuli.
Arestian esan bezala, itzultzaileen generoari lotutakoak ekoizpen orokorreko datuekin konparatu ditugu. Hori baino lehenago, ordea, bakarka eta elkarlanean egindako lanak ere kontuan izan ditugu. Garrantzitsua iruditu zaigu azken hori ekartzea; izan ere, nahiz eta bilduman pertsona bakarrak itzuli kaiera, hortik kanpoko ekoizpenean badaude elkarlanean egindako lanak, eta emakumezkoen presentzian eragina dutela uste dugu, hein batean bada ere. Dena dela, elkarlanean egindako lanek presentzia txikia dute ekoizpenean: 2003-2013 bitartean, 39 itzulpenetatik 2 egin ziren elkarlanean (% 5,1); 2014-2024an, 104tik 7 (% 6,7).
2003-2013 urte bitartea aurkeztean bezala, bakarka edo elkarlanean egindako itzulpenen datuak berdindu ditugu, eta ez ditugu identifikatu gabekoak kontabilizatu. Esan bezala, MPK sortu aurreko hamarkadan, emakumeek presentzia eskasa izan zuten, eta elkarlanean egindako itzulpenetan oinarritzen zen beren parte-hartzea.
2014-2024ko hamarkadan, 52 itzultzaile ibili ziren bildumatik kanpo, haien artean 31 gizon (% 59,6) eta 21 emakume (% 40,4): gizonen kopurua, bada, emakumeena baino handiagoa izan zen. Egindako itzulpenak banatzen baditugu, kasu honetan ere, ikusiko dugu gizonekin alderatuta emakume gutxiago aritu direla bakarka, eta kontrara elkarlanean: 24 gizonek eta 10 emakumek itzuli dute bakarka; eta 7 gizonek eta 11 emakumek elkarlanean.
Amaitzeko, bildumaren proportzioak berdinduak ez badira ere, esan dezakegu ekarpena egin zuela 2014-2024 urte bitarteko balioak parekatzeko orduan. Are gehiago, 2003-2013arekin alderatuta, aurrerapen handia egin zen emakume itzultzaileen presentziari dagokionez.
Ondorioak
Hasieran aipatu bezala, artikulu honek Munduko Poesia Kaierak bilduma aztertzea eta euskarazko poesia itzulian izandako eragina datutan jartzea izan du helburu. Horretarako, bilduma modu bakartuan aztertzetik urrun, poesia itzuliaren sistemaren bilakaera ezaugarritu eta hortik abiatuta aztertu ditugu bildumako datuak.
Lehenik eta behin, soilik poesia itzulia argitaratzen duen bilduma bakarra da MPK; gainera, argitalpen-data zehatzak ditu, eta horrek egonkortasuna ematen dio poesia itzuliaren ekoizpenari. Are gehiago, bilduman 2014-2024 bitartean argitaratutako lanen kopurua (53) bildumatik kanpokoaren antzekoa izan da (51), eta, horri esker, 2003-2013 urte bitarteko kopurua (39) halako bi publikatu zen.
Bestalde, aniztasuna ekarri du bildumak. Jatorrizko hizkuntzei dagokienez, hainbat hizkuntza inportatu ditu poesiara, nahiz eta ingelesak pisu nabarmena duen.
Askotariko herrialdeak izan dituzte jatorri hautatutako poetek. Indibidualki azterturik AEBk presentziarik handiena izan arren, argi eta garbi ikusten da ikuspegi europarra nagusi dela bilduman ere.
Itzultzaileen kasuan, gipuzkoar jatorria dute erdiek baino gehiagok, bilduman eta baita hortik kanpo ere. Oro har, Ipar Euskal Herriko itzultzaileen presentzia, txikia izanik ere, gehiago jaitsi da 2003-2013ko hamarkadatik, eta soilik lapurtar batek itzuli du bildumarako. Adin- tartea, kontrara, nahiko parekatua dago, eta bilduma izan da hainbat eta hainbat itzultzaile berriren lehen itzulpen-urratsa, baita beste askoren lehen poema-liburu itzulia ere. Izan ere, ibilbide askotariko profilak bildu ditu bildumak; idazle eta itzultzaile jarduten duen jendea nagusiki, eta poesia itzultzen edota idazten esperientzia zutenak, baina egon da oraindik inolako esperientziarik ez zuenik ere.
Genero irizpideen araberako azterketa egitean, itzultzaileen proportzioak poetenak baino parekatuagoak direla ikusi dugu, baina bietan ere gizonek presentzia handiagoa izaten jarraitzen dute. Beste alde batetik, kaier bakoitza nork itzuli duen kontuan hartzen badugu, gizonen presentzia handitu egiten da, haietako batzuek kaier bat baino gehiago itzuli baitute. Hala ere, proportzioak ikusita, nabari da genero arrakalaren jabe izanik jarduten dutela bildumako kideek, 2003-2013ko hamarkadako itzultzaile emakumeen bikoitza baitaude bilduman.
Hortaz, ikusten dugun bezala, bildumak ekarpen handia egin dio euskarara ekarritako poesiari, baina baditu oraindik heldu beharreko erronkak. Izan ere, ez dira gutxi egin ahala sortutako zailtasun eta hausnarketak. Bildumaren izenak berak aditzera ematen duenez, «munduko» poetak euskarara ekartzea du xede, eta ez da lan makala hori lortzera bidean egindakoa. Sarasolaren eta Berasategiren (2024) hitzetan, «bildumak dituen gabeziak gure gabeziak dira, Euskal Herriak eta euskal literatur sistemak dituen gabeziak islatzen dira hor ere».
Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi Susa argitaletxeak berak poesia itzuliari egiten dion ekarpen izugarria; izan ere, bildumaren euskarri izateaz gain, garbi ikusi da zer garrantzia duten Armiarmak eta halako atari digitalek poesia itzulia sustatzeko orduan.
Azterketa honek 2024an 10 urte bete zituen Munduko Poesia Kaierak bildumaren bilakaera eta ekarpena datutara ekartzea izan du helburu, momentura arte egindakoari erreparatzeak datozen urteetako jarduna norabideratzen lagunduko zuelakoan eta duelakoan oraindik ere, euskarara itzulitako poesiaren sistemari ekarpena egiten jarrai dezan.
Bibliografia
Esteban Ezkati, Olatz (2020). Saiakera euskal itzulpengintzan: erradiografia bat [Gradu amaierako lana, Euskal Herriko Unibertsitatea]. ADDI.
Garcia Lopez, Ane (2017). Poesia itzulpena: jarduera periferiko baten analisia [Gradu amaierako lana, Euskal Herriko Unibertsitatea]. ADDI.
Goldarazena Sanchez, Garazi (2025). Munduko Poesia Kaierak: hamarkada baten kontakizuna. Beñat Sarasolari eta Maialen Berasategiri elkarrizketa. Senez: itzulpen aldizkaria 56 (137.-144. or.).
Literaturaren Zubitegia. 2026ko apirilaren 2an kontsultatua.
Lopez Gaseni, Manu (2009). Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008). Senez: itzulpen aldizkaria 37 (299.-311. or.).
Nor da Nor datu-basea. 2026ko apirilaren 2an kontsultatua.
Satrustegi Andrés, Iñigo (2020). Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa eta inbentarioa (2008-2018) [Gradu amaierako lana, Euskal Herriko Unibertsitatea]. ADDI.
Susa Argitaletxea. Munduko Poesia Kaierak. 2026ko apirilaren 2an kontsultatua.
Oharrak
1. 2024ko ekainean aurkeztu genuen gradu amaierako lan hori Euskal Herriko Unibertsitatean, Isabel Etxeberriaren tutoretzapean.
2. Pier Paolo Pasoliniren kaierean, esaterako, zenbait poema friulieratik euskaratu dira. Horregatik, eta jatorriari erreparatuta hizkuntza bat baino gehiago jakin zitzaketen poetak zeudela ikusita, kaier horien jatorrizko bertsioetara jo dugu zuzenean.
3. Datuen analisian, MPKren 51. kaiera, Biziei ere omen, kontuan ez hartzea erabaki dugu. Bildumaren 10. urteurrena ospatzeko egindako kaier berezia da, eta itzultzaile aritutako bakoitzak bizirik zegoen poeta baten poema bat itzuli zuen. Hori dela eta, itzulpen-lan gisa kontabilizatu dugu, baina ez dugu parametro zehatzetan aintzat hartu.
4. Lopez Gaseni eta Satrustegiren lanak aurrekaritzat hartuta, Erresuma Batuaren barnean sartu ditugu «Ingalaterra» eta «Gales».


