Itzultzailearen oharren azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa euskarazko hiru literatur itzulpenetan
Itzultzailea bere ohiko ikusezintasunetik eta anonimotasunetik ateratzeko tresna izan daitezke itzultzailearen oharrak. Hainbat ikerlan egin dira mundu zabalean gaiari buruz, baina, guk dakigunez bederen, gaurdaino euskal itzulpengintzan ez da egin halakorik. Lan honetan, euskarazko oharren gaineko hurbilketa bat egitea izan dugu xede. Horretarako, oharrei buruzko azalpen teorikoak eman ditugu lehenik, eta euskarazko hiru itzulpenen ('Besteen odola', 'Finzi-Continitarren lorategia' eta 'Robinson Crusoe') azterketa kuantitatibo zein kualitatiboa egin dugu jarraian.
Sarrera
Itzulpengintzaz hitz egitea egiaz eta gezurraz, leialtasunaz eta traizioaz hitz egitea den heinean, esan liteke itzultzailearen oharrak horren isla direla. Hainbat ikerlan osatu dira mundu zabalean gai horri buruz, eta iritziak ere beste horrenbeste daude. Batzuen ustez, oharren erabilerak itzultzailearen porrota islatzen du, xede testuan haren arrastorik ez aurkitzea baita egoki. Beste batzuentzat, ordea, itzulpen teknika bat gehiago da, eta, are, oharrak erabiltzea positibotzat jotzen dute.
Gaur egun arte, eta guk dakigunez bederen, euskal itzulpengintzan ez da itzultzailearen oharrei buruzko lanik osatu, eta aletxo hori jartzeko saiakera egin dugu. Hala ere, itzultzailearen oharrak erabiltzea egokia ala desegokia den zehazte hutsetik harago joan da gure lanaren helburua, eta oharren gaineko marko teoriko zehatz bat osatu eta, hori baliatuz, euskarazko hiru itzulpenetako oharren erabileraren azterketa osatzea izan dugu jomuga. Horretarako, itzulpenetako ohar kopuruari buruzko datuetan edota oharren ezaugarrietan sakondu dugu.
Beraz, oharrei buruzko marko teorikoa osatu dugu lehenik, eta, hasieran landutako teoria kontuan hartuta, euskarara itzulitako hiru literatur lanetako oharren azterketa egin dugu ondoren: Simone de Beauvoirren Besteen odola (Oier Alonso Etxebarriak itzulia), Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia (Koldo Biguri Otxoa de Eribek) eta Daniel Defoeren Robinson Crusoe (Aintzane Ibarzabal Esnaolak).1
Paratestuak, oharrak eta itzultzailearen oharrak
Itzultzailearen oharrez jardun garenez gero, ezin ditugu paratestuak albo batean ahantzi. Testu bat nekez aurkitu ohi dugu bere horretan soilik, autorearen izena, izenburua edota ilustrazioen gisako gehigarri jakin batzuk gabe. Izaera ugari izan ditzakeen testu osagarrien multzo hori paratestu izendatu zuen Gérard Genettek (2001). Haren arabera, liburu barnean zein kanpoan dauden baliabide eta konbentzio liminalak dira paratestuak, liburuaren eta irakurlearen arteko bitartekari funtzioa betetzen dutenak; besteak beste, izenburuak, azpitituluak, hitzaurreak, eskaintzak, oharrak, epilogoak edota laburpenak. Paratestuei esker bilakatzen da testu bat liburu, eta irakurleei, eta, orokorrago, publikoari, modu horretara erakustea ahalbidetzen dute.
Oharrak, horrenbestez, elementu paratestualtzat jotzen dira, eta testuaren edozein unetan eta kokaleku jakin batzuetan agertzen dira. Ikur zehatz batzuen bidez adierazten dira, eta iturriak aipatzeko zein argibideak emateko erabili ohi dira.
Hala ere, jakina den bezala, ohar guztiak ez dira berdinak, eta bereizpen argia egin daiteke ohiko oharren eta itzulpenetan erabiltzen diren oharren artean. Itzultzailearen oharrak itzultzailearen beraren adierazpen zuzen eta esplizituak dira, testuan zehar itzultzaileak narratzaile rola hartzen duen leku bakarrak (Donaire, 1991 apud Ribelles, 2004). Itzulpena berridazpena den heinean, itzultzailearen oharrak berridazpen horren aztarnak dira (Toledano, 2013). Azken finean, haien bidez itzultzailea bere ohiko ikusezintasunetik, anonimotasunetik ateratzen da, eta xede testuarentzat interesgarria izan daitekeen informazio zehatza ematen du. Hurtado Albirrek, esaterako, bere itzulpen tekniken sailkapenean, itzultzailearen oharrak anplifikazioaren teknikaren barnean sailkatu zituen, sorburu testuan erantsi ezin daitezkeen zehaztapenak gehitzea ahalbidetzen baitu (2001).
Metodologia
Gure lanean, EIZIEren Urrezko Biblioteka bildumako hiru itzulpenetako oharrak alderatu ditugu; hain zuzen, ingelesetik, frantsesetik eta italieratik euskaratutako hiru lanetako oharrak alderatu ditugu: Robinson Crusoe, Besteen odola eta Finzi-Continitarren lorategia, hurrenez hurren. Hiru hizkuntzatatik eta hiru itzultzailek itzulitako testuak lantzeak zenbait motatako erkaketak egitea ahalbidetu digu; esaterako, hizkuntza-konbinazioaren arabera oharrekin egon daitezkeen joerak zein liburu horien itzultzaileek oharrak nola erabiltzen dituzten alderatzea. Horrez gain, Urrezko Bibliotekako itzulpen guztiak berrargitaratuak direnez, hiru itzulpen horien papereko bi argitalpenen artean oharren erabilera zenbateraino aldatu den ere aztertu dugu. Kontuan hartu beharra dago Literatura Unibertsala bildumako lanak sarean ere argitaratuta daudela, armiarma.eus webgunean. Alta, gure lanean, papereko bertsioak soilik izan ditugu hizpide.
Gauzak horrela, oharrak kuantitatiboki eta kualitatiboki aztertu ditugu. Analisi kualitatiboa osatzeko, itzultzailearen oharrak zenbait ikuspuntutatik aztertzea ahalbidetu diguten hiru sailkapen baliatu ditugu:
Ohar kopurua eta maiztasuna (azterketa kuantitatiboa)
Hona hemen aztergai izan ditugun itzulpenen papereko bi argitalpenetan agertzen diren orri kopurua, ohar kopurua eta ohar bakoitza zenbat orririk behin topa daitekeen:
Hiru taulak aztertuta, lehenik eta behin, argi ikusi dugu hiru liburuen papereko lehen eta bigarren argitalpenen artean ez dagoela ia ezberdintasunik. Orrialdeen eta itzultzailearen oharren kopurua ia bera da kasu guztietan. Orrialde kopuruari dagokionez, Robinson Crusoek du tarterik handiena, bigarren argitalpenak 12 orrialde gutxiago baititu. Hala ere, ez dugu uste orrialde kopurua datu garrantzitsua denik, letra tamaina, liburuaren neurria eta abar aldatzea ohikoa baita edizio batetik bestera. Itzultzailearen oharren kopurua ere ez da ia aldatu lehenengo itzulpenetik bigarrenera. Finzi-Continitarren lorategia da ohar kopuru bera ez duen itzulpen bakarra, bigarren argitalpenean ohar bat gehitu baitzuen Bigurik, eta oharrak zenbat orrialderik behin agertzen diren azaltzen duen koadroan ezberdintasun oso txikiak daude lehen argitalpenetik bigarrenera. Horrenbestez, ez dago zalantzarik hiru itzulpenetako bi edizioak ia berdinak direla.
Hala ere, horrek ez du esan nahi hiru itzulpen horietako oharren erabilera ere halakoxea denik. Oier Alonso izan da ohar gutxien egin dituen itzultzailea, guztira 6 ohar egin baititu itzulpen bakoitzean, ohar bat 54 eta 54,5 orrialderik behin. Hau da, beste bi itzulpenetan baino ia bost aldiz ohar gutxiago egin ditu Besteen odolan. Hain zuzen ere, Koldo Bigurik 18 eta 19 ohar egin ditu; ohar bat 16,94 eta 15,70 orrialderik behin, hurrenez hurren. Ohar gehien egin dituena Aintzane Ibarzabal izan da, 33 ohar baitaude haren bi argitalpenetan, ohar bat 11,27 eta 10,87 orrialderik behin. Beraz, hiru itzultzaileek oso modu desberdinean erabili dituzte oharrak (batez ere Alonsok, Biguriren eta Ibarzabalen aldean).
Oharren nolakotasuna: luzera eta funtzioak (analisi kualitatiboa)
Analisi kualitatiboari helduta, lehenengo itzulpenetako oharren luzera aztertu dugu. Horretarako, lan horietako oharrek batez beste zenbat hitz dituzten kalkulatu dugu.
Datu horiek eskuartean, argi ikusten da Oier Alonsoren itzulpenetako oharrak besteetakoak baino luzeagoak direla. Koldo Biguriren eta Aintzane Ibarzabalen lanetako oharrek esaldi gutxiko luzera dute (14,16 hitz oharreko eta 9,75 hitz oharreko, hurrenez hurren), baina Besteen odolako oharrek perpaus bat baino gehiago dute, batez beste 59,16 hitzez osatuta baitaude.
Behin lanotako oharren hitz kopuruen datuak aterata, funtzioei so jarri gara.
Taulak erakusten duen moduan, Besteen odolan ildo berekoak dira ohar guztiak. Gehienak pertsonaia historikoen biografia laburrak dira; honako hau, adibidez (157. or.):
Blum: Léon Blum (Paris, 1872 - Yvelines, 1950). Jaurès-en Alderdi Sozialistako politikaria, ezkerraren batasunaren sustatzailea eta Front Populaire-ko lehen gobernuaren burua izan zen, non aurrerakuntza sozial ugari bultzatu baitzituen. Espainiako gerrari buruzko eztabaida zela-eta gobernua galdu zuen, ezkerraren banaketaren ondorioz. 1940an, Vichyko gobernuak atxilotu eta alemanen eskuetan utzi zuen. 1945ean askatu zuten.
Léon Blumen adibidea eskuartean, argi dago horrelako azalpen guztiak Newmarken sailkapeneko argibide teknikoak direla, ez baitute gai linguistiko zein kulturalik lantzen. Canteraren funtzio motetara joz gero, sei oharretatik bost izen propioak azaltzeko erabili ditu Alonsok —gotortze-sistema batena, batetik, eta pertsona izenak, bestetik—, eta beste bat siglak azaltzeko. Delisleren sailkapena hartuz gero, itzultzailearen ohar guztiak ohar esplikatiboak direla ondoriozta daiteke, izen propioak zein siglak azaltzeko erabiltzen baitira. Oharrak hain luzeak izanik, pentsa genezake adituentzako oharrak izan zitezkeela, baina elementuen deskripzio edo biografia laburrak eskaintzen dituzte.
Taulak erakusten duen bezala, denetariko ohar motak baliatu ditu Bigurik itzulpen honetan. Lehenik eta behin, Newmarken sailkapeneko hiru argibide moten adibideak aurki ditzakegu. Gehienak argibide linguistikoak dira; Bigurik itzulpenean bere horretan utzi nahi izan dituen hebreerazko terminoak, kasurako (79. or.):
Hahàm: Hahàm (hebr.), ‘jakintsua’.
Lau argibide kultural ere badaude, Italiako kulturako elementuen azalpenak eskaintzen dituztenak, eta argibide tekniko bat, nobela bateko pertsonaia baten izen propioa azaltzeko.
Canteraren zerrendara jauzi eginda, denetarik aurki dezakegu. Sei oharren funtzioa termino edo esaera bat azaltzea da, hebreerazko hitz horien euskarazko esanahia azaltzea hain zuzen. Beste seik esaera zaharrak edo lokuzioak azaltzea dute xede (Newmarken sailkapenean, argibide linguistikoetan biltzen dira ohar horiek guztiak, baina Canterak ezberdindu egiten ditu). Zehazki, italieraz itzuli gabe utzitako zenbait poesiaren itzulpenak daude Biguriren ohar horietan (268. or.):
Nò Ghittin: no sont capaz / De traditt: nò, stà pur franca, / Mettem minga insemma a mazz / Coj gingitt e cont’i s’cianca…: Ez, Margaritatxo: ez naiz gauza / zu traizionatzeko: ez, egon lasai. / Ez nazazu jar / gizon zital andrekoien pare…
Bestalde, lau oharrek izen propioak azaltzen dituzte, Italiako erakunde edo jainkoen izenak; Opera Nazionale Balilla, esaterako. Azkenik, itzuli ezin den hitz edo espresio baten edo aipu edo erreferentzia bibliografikoen adibide bakarra dago. Lehenengo ohar mota Sansepolcrista zer den azaltzeko erabili du Bigurik, terminoak ez baitu baliokiderik beste hizkuntzetan. Bigarrenak, aldiz, liburuan egiten den aipu bat nork esan zuen argitzen du.
Delisleren sailkapenera igarota, itzulpen oharrak eta ohar argitzaileak dira nagusi. Itzulpen oharretan, arestian aipatutako hebreerazko terminoak elkartzen dira gehienbat. Ohar argitzaileek, berriz, italierazko poema labur horiek pilatzen dituzte. Azkenik, ohar esplikatiboek, Besteen odola itzulpenekoen antzera, oro har izen propioen azalpenak eskaintzen dituzte, adibide honetan bezala (241. or.):
Don Abbondio: Manzoniren Ezkongaiak nobelako pertsonaia.
Alonsok ez, baina, Bigurik bezala, Ibarzabalek ere askotariko oharrak erabiltzen ditu. Hala ere, badago ezberdintasunik sailkapen batetik bestera.
Hasteko, Newmarken sailkapenari begira, homogeneotasun handia dute argibide teknikoek, ia denak horrelakoak baitira. Kasu askotan, euskarazko irakurlearentzat ezezagunak izan daitezkeen leku izenak non dauden eta zer diren azaltzeko baliatu dira, ipuinak berak toki batetik besterako mugimendu asko baititu. Hona hemen adibide bat (27. or.):
Winterton Ness: Ipar itsasoko lurmuturra, Norfolk-eko konderrian.
Moneta-ezberdintasunak, aipuak edota iruzkinak egiteko ere txertatu ditu argibide horiek Ibarzabalek. Bestalde, argibide linguistikoak gehitu ditu erdaretako hitzen esanahia argitzeko; nederlanderazko eta jatorri arabiarreko bi termino azaltzeko, zehazki.
Canteraren funtzioetara joz gero, bost ohar mota bereiz daitezke Robinson Crusoen. Maizen agertzen direnek termino edo esaera bat azaltzen dute. Euskal irakurlearentzat arrotzak edo ezezagunak izan daitezkeen terminoen azalpenak eman ditu itzultzaileak; horikai, eztai edo granada, besteak beste. Bestalde, ikus daiteke izen propioak azaltzeko ere nahikoa erabili dituela. Lehen aipatu bezala, toki izen asko agertzen dira, eta haietako batzuk azaltzeko txertatu ditu oharrak; Sale, San Augustino edo Ganbia ibaia, kasurako.
Horrez gain, hamabi ohar gehitu ditu aipu edo erreferentzia bibliografikoak egiteko eta itzulpen zalantzagarri bat justifikatzeko, sei bakoitzeko. Erreferentzia bibliografikoei dagokienez, gehienbat ipuineko aipua Bibliako zein ebanjeliotatik hartua den argitzeko baliatu ditu. Itzulpen zalantzagarriak justifikatzeko orduan, prozedura bera erabili du ohar guztietan, honako adibide hauek erakusten duten bera hain zuzen (338. eta 341. or.):
Padre: era horretan idatzia jatorrizkoan.
Hondarribira: Fontarabia jatorrizkoan.
Kasu den-denetan, sorburu testuan hitz hori nola agertzen den erakusten saiatzen da Ibarzabal. Gure ustez, itzultzeko orduan zalantzak izan zituelako jokatu zuen horrela: padre adibidean, jatorrizkoan modu horretan dagoela esaten du, berak ere hitz berarekin itzuli duela justifikatzeko; Hondarribira adibidearen kasuan, hitza euskarara ekartzen du, baina badaezpada sorburu testuan agertzen den hitza ere eskaintzen du.
Azkenik, interesgarria iruditu zaigu Ibarzabalek sorburu testuko akatsak zuzentzeko ere oharrak baliatu izana. Hona hemen adibide bat (104. or.):
Europako garagarraren mota berekoak, Ingalaterrakoak bezalakoak ez izan arren: ez dirudi desberdintasun handirik dagoenik Europako eta Ingalaterrako garagarraren artean.
Ikus dezakegunez, Daniel Defoek dio Ingalaterrako garagarra ez dela Europakoa bezalakoa, eta Ibarzabalek, ohar bidez, zuzenketa egin dio, bateko zein besteko desberdintasunik ez dagoela esanda.
Amaitzeko, Delisleren sailkapenari erreparatuta, ohar esplikatiboek dute nagusitasuna: izen propioen azalpenak, erreferentzia bibliografikoak eta terminoen azalpenak. Bestalde, itzulezintasunari lotutako bost ohar identifikatu ditugu (haietako gehienak itzulpen zalantzagarri bat justifikatzeko funtzioan sartu ditugu Canteraren sailkapenean), itzultzaileak jatorrizkoan agertzen den hitza ere eman baitu, badaezpada. Iruñera eta Hondarribira adibideekin ere gauza bera egin du, baina kasu horiek ez dugu uste itzulezintasunarekin loturiko oharrak direnik, Euskal Herriko leku izenak baitira, itzultzaileak eta irakurleak ia ziur ezagutzen dituenak. Jatorrizko lanaren zuzenketak egiteko ere baliatu dira iruzkin oharrak. Azkenik, bi ohar linguistiko erabili ditu (Newmarken argibideetan, argibide linguistiko gisa sailkatzen dira bi horiek, hain zuzen).
Ondorioak
Aztertutakoa kontuan hartuta, ez dugu uste ohar gehien Ibarzabalek erabili izanak itzuli beharreko liburuarekin edo sorburu testuaren ezaugarriekin —hizkuntza, kasurako— zerikusirik duenik, itzultzailearen hautuekin baizik. Landu ditugun hiru testuetan agertu dira atzerriko kulturetako elementuen izenak, eta hiruretan hautu ezberdinak egin dira oharren erabilerari dagokionez. Azken finean, itzultzaile bakoitzak bere ohitura eta gustuak ditu, eta batzuek ohar gehiago erabiltzen dituzte, Ibarzabalen kasuan bezala.
Bestalde, itzultzaileak buruan zuen irakurle motak ere izan dezake eraginik. Robinson Crusoe mundu mailan ezaguna den liburu bat da, inoizko irakurrienetariko bat. Horren harira, itzultzaileak pentsa dezake bere lana jende askok irakurriko duela eta testuak ahalik eta ulergarriena izan behar duela mundu guztiarentzat. Horrenbestez, irakurle arruntarentzat ulertzen zailak izan litezkeen hitz orori ohar bat txertatzea erabaki dezake.
Besteen odolaren kasuan, aldiz, kutsu askoz politikoagoko testua izanik, itzultzaileak pentsa dezake batez ere gaian interesa dutenek irakurriko dutela itzulpena, liburuan kontatzen diren gertakariei buruzko ezagutza dutenek, eta hori dela-eta ez dela beharrezkoa hainbeste ohar txertatzea. Irakurleak «adituagoak» izango direla pentsatzeak eragina izan dezake itzultzailearen hautuan.
Hala ere, gaiaren gaineko jakintza maila horrek ere ekar dezake beste itzulpenetan baino ohar gehiago gehitzea. Hau da, irakurleek gaiarekiko interesa dutela iritzita, pertsonaia historiko baten biografia azaltzen hasi eta xehetasun ugari ematea aberasgarria izan daitekeela pentsa dezake itzultzaileak. Biguriren eta Ibarzabalen oharrak laburrak eta zehatzak dira. Alonsorenak, aldiz, luzeak eta informazioz beteak.
Etorkizunera begira, uste dugu lan honen edukia hedatzeko eta sakontzeko aukera ugari daudela. Lan honek luzera muga duenez, atal teorikoan ezin izan ditugu azaldu itzultzailearen oharrei buruzko nahi beste alderdi, eta badaude lana garatzeko interesgarri izan daitezkeen ikerlanak. Bestalde, analisiari dagokionez, guk hiru lagin soilik aztertu ditugu, eta aurreragoko lanetarako aukera bat izan liteke lan gehiago aztertzea. Zenbat eta lagin gehiago aztertu, orduan eta ondorio zehatzagoak atera ahal izango dira. Gainera, itzultzailearen ohar asko bilduz gero, oharren corpus bat sor liteke. Online bertsioekin zer gertatzen den aztertzea eta alderaketak egitea ere aukera interesgarri bat izan liteke.
Bibliografia
Cantera Ortiz De Urbina, Jesús (1999). Las notas del traductor. Reivindicación de su oportunidad y conveniencia. Lengua y cultura: estudios en torno a la traducción: volumen II de las actas de los VII Encuentros Complutenses en torno a la traducción, (2), 31-50.
Delisle, Jean (2003). La traduction raisonnée. Manuel d’initiation à la traduction professionnelle de l’anglais vers le français. Ottawa: Les Presses de l’Université d’Ottawa.
Genette, Gérard (2001). Umbrales. Susana Lage (itzul.). Mexiko: Siglo XXI.
Hurtado Albir, Amparo (2001). Traducción y Traductología. Madril: Cátedra.
Landa De Marcos, Beñat (2023). Itzultzailearen oharren azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa euskarazko hiru literatur itzulpenetan. Gradu Amaierako Lana. Euskal Herriko Unibertsitatea.
Ribelles Hellín, Norma (2004). Las notas al pie de página en las versiones al español de las novelas de Patrick Modiano: «la honte du traducteur»?. Anales de Filología Francesa, (12), 385-394.
Newmark, Peter (1988). A Textbook of Translation. New York/Londres: Prentice Hall.
Toledano Buendía, Carmen (2013). Listening to the voice of the translator: A description of translator’s notes as paratextual elements. The International Journal for Translation & Interpreting Research, (5), 149-162.
Oharra
1. 2023ko uztailean Miren Ibarluzea Santisteban irakaslearen tutoretzapean UPV/EHUn aurkeztu genuen GRALaren egokitzapen bat da lan hau. Gehiago jakin nahi izanez gero, ikus bibliografia: Landa De Marcos, 2023.