Euskal Herriaren koronimoak, interferentzia lexiko-semantikoa eta itzultzailearen praxia
Artikulu honetan, euskal koronimoak eta jentilizio nazionalak aztertu dira, eta erakutsi horiek euskarara itzultzeko orduan nahasmen handia dagoela egun, hizkuntza hegemoniko auzoen interferentzia lexiko-semantikoen eraginez. Historia arloko testu dibulgatiboetako eta Wikimediako proiektuetako kasuistikei erreparatu zaie, eta proposamen zehatzak egin dira Euskal Herriko mendebaldeko lurraldeak garaian-garaian euskaraz izendatzeko.
Aspaldi honetan, gaztelaniatik historiari buruzko testu didaktiko luze bat itzultzeko parada izan dut. Espainiako historiari buruzko testu horretan, Euskal Herria bera azaltzen da, eta, hara, egia esateko, gure koronimoa edo lurralde/herrialde izena ez da ia existitzen. Hainbat zatiren itzultzaile eta zuzentzaile aritu naizen aldetik, aitor dut barrenak inarrosi dizkidala, eta hizpidea eman dit lerro hauexek idazteko. Bada, artikulu honetan, historia dibulgazioaren ikuspegi batez, gure herrialdearen multzo izenak eta jentilizioak adierazteko dauden askotariko problemak eta kasuistikak aztertu ditut, euskarazko itzultzaile baten begietatik, eta, bukaeran, proposamen bat egin dut Euskal Herriko mendebaldeko lurraldeak izendatzeko.
Aspaldi –1805ean– deitoratu zuen Wilhelm von Humboldtek nolako nekeak zituen euskaldunen herrialdea izendatzeko. Horren isla da, halaber, aspaldi honetan gure herrialdea izendatzeko «Baskonia» forma bakarra proposatzeko egin den ahalegina (Azkoaga, 2022). Hor, berriz, erdaraz daude katramila handienak. Euskaraz, euskaldunak eta Euskal Herria existitu dira; nahasmenik ez. Euskal izen horiek, hala ere, ez daude lausotasunetik libre, Euskal Herriak euskal hizkuntzaren eskualdeen multzoa eman baitu aditzera luzaz, eta ez hainbeste geografiaren irizpidea. Gure herri(ar)en izenen matazaz ohartuta, itzulpengintzaz kanpotik, Xabier Zabaltza historialariak gure herrien izenen hiztegi bat prestatzeko premia aipatu du jada, dibulgatiboa eta ikuspegi historikoari muzin egingo ez diona (Zabaltza, 2020).
Euskal Herriko mendebaldeko lurralde izenen bilakaera
Monarkia hispanikoaren zentralizazio prozesuan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa lurraldeen arteko loturak estutu ahala, XVII. mendearen amaieran, Provincias Vascongadas izendapena agertzen hasi zen gaztelaniaz (Mounole & Gómez-López, 2018), banaka Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aipatu beharrean. Aditzera ematen zuen ez zirela erresuma, Nafarroa ez bezala. Dena den, izendapenak Nafarroa ere biltzen zuen batzuetan, adierazi nahirik «euskaldunen probintziak» (Zabaltza, 2020). Lehen Karlistaldiaren testuinguruan, izendapen hori Gaztelako Koroako euskal lurralde guztiei ere eman zitzaien, baina luze gabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoari hasi zitzaien hala deitzen (1833ko Espainiako banaketa administratiboan jada hala finkatuta). Nahasmena agerikoa da ingelesek eman zituzten identifikazio nazionaletan (Basques) eta euskal lurraldearen izendapenean (Leoné, 2008). Gogoan izan behar da pixka bat lehenago, XVIII. mendeko hirugarren herenean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eratu zela, gaztelaniazko Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, praktikan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oinarritua («Irurac bat»), egungo EAEko autonomia estatutua gogora ekartzen duena.
XX. mendeko 80ko hamarkadatik hara, ordea, ez Provincias ez Vascongadas hitzek ez zuten konnotazio positiborik. País Vasco erosoa nagusitu zen gaztelaniaz, EAEko autonomia estatutuan izendatu bezala,1 ustez hobekuntza kontzeptual bat. País Vasco horrek, ordea, frankismoan ere, bazuen jada bere esanahia gaztelaniaz: euskal lurraldeak, «país de los vascos» parafrasi deskriptiboa, esateko moduan, Espainiako orduko zenbait entziklopedia ikuskatuz gero ohartuko garenez (Salvat, besteak beste).
País Vasco izenak, Euskal Herriak ez bezala, ez du bide historiko oso luzerik, 1917an agertu baitzen lehen aldiz, eta, gero, 1931ko estatutu aurreproiektuan. Pays Basque (edo, letra xehez, basque), berriz, oso ohikoa zen, frantsesez. 1979rako, Euskal Herri antropologikoa Navarra, Pays Basque eta País Vasco hiru errealitate administratibotan zatiturik agertzen da erdaraz (Estornés Zubizarreta), Frantziako Euskal Herria azken hamarkadetan errealitate administratibotzat hartu nahi izanez gero, Pirinio Atlantikoen barnean kokaturik.
Prozesu historiko luze baten fruitu, XIX. eta XX. mendeetan areagotua, euskal herritar asko jada ez ziren euskaldunak, eta, autonomia sistema heltzearekin batera, mataza semantikoa bihurritzen hasi zen itzultzaileontzat: atari itsusi bat ireki zen. Koldo Mitxelenak (1977) berehala erreparatu zion eratzen ari zen errealitate berriari: gaztelaniazko vasco hitza baliokiderik gabe geratu zen euskaraz. Alegia, euskarak ez zuen eskueran izenik euskaraz egiten ez zuten euskal herritarrei (Euskal Herriko biztanleei) deitzeko (Iztueta Azurmendi, 2014).
Euskadi koronimoa, jatorriz Sabin Aranak asmatu bezala, euskal nazioa politikoki adierazteko baliatu izan da («Euskadi», Euskara Batuaren Eskuliburua). XX. mendeko arrakastaren ondoren, geografia hedaduraz Euskal Herriaren baliokide, Euskadi koronimoa ugari zabaldu da azken hamarkadetan erdaraz, baina balio metonimiko murriztu batez. Ezker Abertzaleak izena abandonatu zuen duela jada 20 urte baino gehiago, eta EAJk bere kudeaketa eremura murriztu zuen, Euskal Autonomia Erkidegora. Euskadi, bada, anbiguoa zaigu egun (Bidegain, Larrañaga & Maguregi, 2021). Herri marka gisa, Euskal Herria eta, ingelesez, Basque Country izenek gero eta lotura estuagoa dute Euskal Autonomia Erkidegoarekin, turismoaren goraldiari loturik (Jauregizuria Lopategi, 2018).
Urte gutxiren buruan, zur eta lur ikusi dugu espainiar paradigma autonomiko horren goraldia: País Vasco y Navarra, eta izen horiei dagozkien eratorpen erosoak. Gauetik goizera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak vascos bihurtu ziren gaztelaniaz, eta Nafarroa Garaikoek (haietako ez gutxi euskaldunak), berriz, utzi egin zioten jentilizio horren zakuan egoteari. Haatik, XX. mendearen erdialdean eta Franco diktadorearen pean, zentzu etniko hedatu batez, nafarrak artean ere vasco-tzat hartzen ziren.
Koronimoak, jentilizioak eta interferentzia Wikimediako proiektuetan
Wikimedia ezagutzaren munduko biltegi digital handienetako bat da, hizkuntza arteko sare neuronalen eta itzulpengintzaren bidegurutze, elkarrekintza semantikoen puntu bero bat, dinamikoa. Ingelesezko Wikipediako eztabaida (nekagarrietako) batean, Basque Country gutxigatik libratu zen EAEko eremura guztiz murrizturik geratzetik: esanahia anbiguoa denean, (greater region) edo (autonomous community) gehitzen da. Wikimedia Commons multimedia fitxategien plataforman, azken urteotan aldaketak egin dira herrien, nazioen eta herritartasunen kategorizazioan. Pertsonaia historikoen herritartasuna anakronikoki eta egungo lurraldearen arabera sailkatzeko hautua egin da, egungo errealitate administratiboak iraganera proiektatuz. Ondorioz, Katalina Erauso, besteak beste, «Military people of the Basque Autonomous Community» bihurtu da (Wikimedia Commons).2
Irailaren 17an, Bernart Etxepareren omenezko oroitarria inauguratu zen Duzunaritzen, Baxenabarren. Azkenean, oroitarriz justizia egin zitzaion euskal literaturako lehen idazlan luze eta inprimatuaren autoreari. Bada, Wikimedian begiratu azkar bat emanez eta Wikidata grafo edo datu basean Bernart Etxepareren etiketak eta definizioak kontsultatuz, ohartuko gara ingelesez Spanish writer definitzen dela 2023ko data horretan, eta gaztelaniaz, berriz, escritor español (are, txantxarekin jarraituz, margolari ere bazela definitzen zen alemanez... Maler; «Bernart Etxepare», Wikidata).3
Itzultzaile begiz, horren atzeko prozesuari erreparatu diot, orri horren historiaren jarraipen labur bat eginez: gaztelaniadun erabiltzaile izen aizun (esteka gorri) batek interpretatu du «Navarrese – navarro» definizioa Nafarroako Foru Erkidegoari dagokiola, eta, hortik tiraka, gure Etxepare «Spanish – español» bihurtu da. Erabiltzaile horren lana biribiltzeko, Yemengo Mr. Ibrahem delako erabiltzaile arabiar (saritu) baten robotak munduko hainbat hizkuntzatan eman zuen definizio oker hori, eta, nolabait, gaitza hedatu («Bernart Etxepare», Wikidata).4 Mataza kontzeptual diakroniko-historiko berean kokatzen da Axular ingelesezko Wikipediako kategorizazioan, «Spanish writer» bihurtua («Pedro Agerre», Wikipedia The Free Encyclopedia).5
Konturatzerako, vasco eta navarro nominalismoa dualismo ia antitetiko batera lerratu gaituen erdal oskol bat bihurtu da: País Vasco y Navarra, vascos y navarros. Izendapenaren bidez, beste errealitate bat sortzen ariko ginateke, izenak izana sortuko luke, ikuspegi konstruktibista, antiesentzialista baten arabera (2014).6 XIX. mendean asmo kontzeptual integratzailez eraturiko vasco-navarros ezaguna ezustean bekozko beltza jartzen hasi zitzaigun. Hauxe genuke bilakaera kontzeptuala:
Kalkotik hizkuntza hegemonikoaren interferentziara
Koska da erdal bilakaerak euskal sistemari nola eragiten dion. Kalkoek hizpidea jarri berri dute EIZIEn 2023ko udazkenean, saio telematikoetan gauzatua (Lasheras, 2023-09-28).7 UPV-EHUko Kalkoen Behatokiak ere heldu dio gai horri, eta kalko motak sailkatu. Kalkoen lorratzean kokatu behar da interferentzia. Kalkoa elementu lexiko jakin bati dei diezaiokegu, baina ez lituzke beste hizkuntza elementuak aldatuko. Aldiz, interferentzia zerbait zabalagoa da: sistema berregituratzen du (Alberdi, X., Altzibar, A. et al.).8
UPV-EHUren txosten horren hitzaurrean jarraitzen denez, interferentziaren fenomenoa hiztun elebidunen gaitasun eskasari loturik dago, gure kasuan euskaldunena, erdal-euskal hiztun elebidunena. Goian aipatu koronimo eta jentilizioei erreparatuz gero, ez digu ihes egiten interferentziak baduela zerikusia lurraldetasunaz eta gutasunaz hedabide hegemonikoetan zabaltzen den iruditeriarekin eta nazio identitatearekin, tartean direla barneko eta kanpoko mugak. Legezko normaltasuna eta «babes soziala» adieraziko lukete; «Euskal Herria» kontzeptua onartzen duten egunkariak, berriz, markatuak izango lirateke (Bidegain, Larrañaga & Maguregi, 2021).9
Gauzak itsustu egiten dira gure historiari buruzko testu didaktiko eta dibulgatiboetan. Euskaldunen bizi eremua eta unitate administratiboak aldakorrak izan dira mendeen poderioz. Euskaldunak eta Euskal Herria izendatzeko moduak ere ez dira beti berdinak izan erdaraz (Bizkaia toponimoak berak ez du beti izan egungo hedadura geografikoa eta adiera; Lopez de Luzuriaga, 2022). Denboraren joanean, errealitateak aldatzen dira, eta izenak ere bai, historian gabiltzanok ongi dakigunez. Foucaulten irudiko, gauzak, gauzen esanahiak eta egia bera aldiaren eta tokiaren arabera aldatzen dira, eta testuinguru historiko baterako baliagarri den diskurtsoak beste esanahi bat du beste garai batean, eta tokiz kanpo egon daiteke (Iztueta Azurmendi, 2014).
Bada, testuen itzulpenetara atzera etorriz, itzultzailea gure nazio izenei heltzea egokitzen zaionean urduritu egiten da, eta soluzio sinple baten bila hasten. Hori are egiagoa da testuaren edukia arrotz samarra bazaio. Gainera, gaia kontuz ibiltzekoa ere bada, itzulpenaren kontratatzailea nor den. Gure historiaz ari garela, País Vasco «Euskal Herria» itzultzea ondo egon daiteke, baina besterik dira gauzak izen bereko Espainiako autonomia erkidegoaz ari garela, ezta? Bihurgunea ondo harrapatzen ez bada, zakar eta gordinik, Euskal Herria Araba, Bizkai eta Gipuzkoa izendatzeko ikusiko dugu euskaraturik. Euskal lurralde horien birformulazio bat eginez, huts-hutsean euskal lurraldeak ere bihur daitezke itzulpenean.
Jada euskaraz dakigun guztiok (esan beharko nuke, baina, badaezpada, esan dezadan askok) badakiguna Euskaltzaindiak ederki definitu du: kontzeptualki, euskalduna-k erdalduna darama uztartuta, antinomiaz.10 Paradigma semantiko berean, elkar baztertzen (eta definitzen) duten bi kontzeptu dira, nahiz eta egungo errealitatean nekez egin daitekeen translazio automatikorik, elebitasuna dela eta. Aldiz, Espainiako erkidegoen ereduan, erdal haritik tiraka, hauxe kausituko dugu, inoiz baino gehiagotan: «Euskal Herria eta Nafarroa». Itsumustuan eta egosi gabe, paradigma korapilatu harrigarri honetara hel gaitezke:
Ondorioak. Mataza askatzen
Sorgor ez dagoen edozein euskaldunek (eta itzultzailek/zuzentzailek) amesgaiztoen putzu batean ikus dezake bere burua. Euskaratzaileak testua luzera laburtzea eman dezake kalko motako konponbide batera heltzeko arrazoibidetzat, eta koska hori ere badago: maketatzeko orduan, testuan espazioa irabaztea edo testuak gainezka ez egitea.
Euskarak, ordea, sistema autonomotzat hartuz gero, bederen, baditu bere bitartekoak horretara ez heltzeko. Mendebaldeari soilik erreparatuz, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak eratzen dute Euskal Autonomia Erkidegoa. Historiari begira, berriz, labur-zurrean, mendebaldeko euskal lurraldeak / mendebaldeko lurralde euskaldunak parafrasia ederki lotzen zaio adierazi nahi den kontzeptuari Erdi Arorako eta Aro Modernorako. Aro Modernoan, oro har, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa adieraz daitezke banaka, maketazioan espaziorik balego.
XIX. eta XX. mende gehienean, berriz, Probintzia Baskongadoak edo Baskongadak erabil daitezke multzoa aipatu nahi izanez gero, erdal testuetan halaxe aipaturik egokituko baitzaigu ez gutxitan (Provincias Vascongadas). Euskal Klasikoen Corpusean, ez da agertzen hiru probintzia horien erabilera multzokari historikorik euskaraz, eta bai, ordea, singularrean, probintzia (batzuetan, Probintzia, alegia, Gipuzkoa).11 Joera bera agertzen da Corpus Historikoan, 1975 arte probintzia lemaren askotariko emaitzei erreparatuz gero.12 Zenbateraino existitu da erdarazko izendapen multzokari hori euskaraz?
Euskal Herriko mendebaldeko lurraldeak sintetikoki aditzera eman eta euskaratzeko, beraz, honelako matrize bat lor dezakegu:
Erdaren pisua handiegia zaigu, eta egungo hizkuntzaren ekonomiak eta erdal markagintzak («Euskadi», «Pays Basque», «Navarra») murrizketara, itzulpen literaletara eta kalkora bultzatzen (xaxatzen) gaitu, edo, are, interferentziara. Erdal nominalismoaren atzaparretan eroritakoan, antzu geratuko zaigu «izanak izena du» ohiko esaera, eta «izenak izana sortzen du» gargantua kontzeptualaren erdal paradigma irekitzen da.
Alde horretatik, asmo didaktikoak eta dibulgatzaileak arreta berezia eskatzen du, batez ere egungo izendapenak iraganera proiektatuz gero, euskaraz gauza asaldagarriak ikusiko ez baditugu. Itzultzaileak zor du (zilegi bekit) lokalizazioa behar bezala egitea eta itzulpenean praxi egoki batez jokatzea, areago gure hizkuntza gutxituaren egungo kinkan. Euskara oinarritzat hartuz, beharrezkoa dirudi gaiaren gaineko itzultzaileon eta historialarion irizpen adostu bat, itzultzailea bakarrik eta erdal inertziaz aritu ez dadin.
Erreferentzia bibliografikoak
Alberdi, X., Altzibar, A. et al. «Hitzaurrea. 4. Kontzeptuak: kalkoa, mailegua eta interferentzia», Kalkoen Behatokia, UPV-EHU (Kontsulta: 2023-10-20).
Azkoaga, Iñaki (2022). Baskonia. Una solución al problema del nombre del país de los baskos, Bilbo: Ediciones Beta, III Milenio.
Bidegain, Eneko, Larrañaga, Ainhoa & Maguregi, Zuriñe (2021). Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan, Andoain: Buruntzape S.L. Berria. Elkar Argitaletxeak S.L. Jakin Fundazioa.
Corpus Historikoa. UPV-EHU (Kontsulta: 2023-12-27).
Estornés Zubizarreta, Idoia. «País Vasco», Auñamendi Eusko Entziklopedia, Eusko Ikaskuntza (Kontsulta: 2023-12-05).
Euskaltzaindiaren Hiztegia, Euskaltzaindia (Kontsulta: 2023-12-23).
Euskal Klasikoen Corpusa, UPV-EHU (Kontsulta: 2023-12-27).
Euskara Batuaren Eskuliburua, Euskaltzaindia (Kontsulta: 2023-11-28).
Iztueta Azurmendi, Ibai (2014). Euskal kultura eta hizkuntzak: diskurtsoak eta hego euskal herriko liburu-ekoizpena euskal/espainol ardatzaren argitan, UPV-EHU.
Lasheras, Amaia. (2023-09-28). «Kalkoak» ikastaroa (online), EIZIE (Kontsulta: 2023-12-26).
Leoné, Santi (2008). «Before and after the First Carlist War: changing images of the Basques», Rev. int. estud. vascos. Cuad., 2, Eusko Ikaskuntza, 55-74 (Kontsulta: 2024-02-03).
Lopez De Luzuriaga, Iñaki (2022). «Euskal Herriaren historia lantzen. Oinarriak eta gogoetak», Kondaira, 19, UEU, 7-26 (Kontsulta: 2023-12-26).
Mounole, Céline & Gómez-López, Ricardo (2018). «Euskara zahar eta klasikoa», 469-541. In Joakin Gorrotxategi, Ivan Igartua & Joseba A. Lakarra (arg.), Euskararen historia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco.
Jauregizuria Lopategi, Nagore (2018). «Nazio-marka, balioa sortzeko eta tartekatzeko aukera bat». In Jauregizuria Lopategi, Naroa (arg.). Nazio-markagintza. Nola transmititu gure balioa, UEU: Bilbo.
Zabaltza, Xabier (2020). «Los nombres de Vasconia y las provincias vascas». In Fontes Linguæ Vasconum. Studia et Documenta, 130, Nafarroako Gobernua , 533-560 (Kontsulta: 2024-05-21)
Oharrak
1. LEY ORGÁNICA 3/1979, de 18 de diciembre, del Estatuto de Autonomía para el País Vasco, IVAP (IZO) / Abenduaren 18ko 3/1979 LEGE ORGANIKOA, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena. (Kontsulta: 2023-11-28). Euskadi eta Euskal Herria ere agertzen dira, sinonimo gisa. Asmoz, estatutu horretan, Nafarroa Garaiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin bat egiteko aukera ematen zen.
2. «Military people of the Basque Autonomous Community». Wikimedia Commons.
3. «Bernart Etxepare», Wikidata (Kontsulta: 2023-10-19). Kontsulta data hori baino lehenagoko datuak, geroago neuk aldatuak.
4. 2023-01-23. «Bernart Etxepare», Wikidata (Kontsulta: 2023-12-26).
5. «Pedro Agerre», Wikipedia The Free Encyclopedia (Kontsulta: 2023-12-26).
6. Iztueta Azurmendi, Ibai (2014), 275. or.
7. Lasheras, A. (2023-09-28). «Kalkoak» ikastaroa (online), EIZIE (Kontsulta: 2023-12-26).
8. Alberdi, X., Altzibar, A. et al. «Hitzaurrea. 4. Kontzeptuak: kalkoa, mailegua eta interferentzia», Kalkoen Behatokia, UPV-EHU (Kontsulta: 2023-10-20).
9. Zehazki hizkuntzari buruz izan gabe, interesgarria da Jon Azkoaga Ugalderen gogoeta erdigune sinbolikoen aldaketaz (2023-10-21): «Nortasunaz, euskalduntasunaz», Mondraberri.
10. Ikus «euskaldun» eta «erdaldun» sarrerak Euskaltzaindiaren Hiztegian: hurrenez hurren, “euskaraz dakiena, euskaraz mintzatzen dena” eta “erdaraz mintzatzen dena, euskaraz ez dakiena”.
11. «probintzia», Euskal Klasikoen Corpusa. UPV-EHU (Kontsulta: 2023-12-27). 1975 arteko aldia, bilatzaileak proposatutako bilaketa epeen arabera, 1980. urteko aldaketa instituzionala baino lehen.
12. «probintzia», Corpus Historikoa. UPV-EHU (Kontsulta: 2023-12-27).